Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2012ko martxoaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
1229

AGINDUA, 2012ko otsailaren 29koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, 2009ko abenduaren 11ko zor publikoaren jaulkipenaren zenbatekoa beste zortzi milioi eta seiehun mila (8.600.000) eurorekin handitzeko dena.

Otsailaren 8ko 13/2011 Dekretuak, Euskadiko Zor Publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egiteko edo zorpetze-eragiketak hitzartzeko baimena ematen du, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, eta gehienez 1.187.309.799 euroko baliokidea izango den zenbatekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legeak, 16. artikuluko 1. atalean, Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren arabera.

Arestiko Dekretuaren Xedapen gehigarriak ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 30. artikuluko 3. paragrafoan agindutakoren arabera, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari dagokiola, balore gisako zor publikoa jaulkiz gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko agindu bidez, bertan onetsitako zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak zehaztea, bai eta finantza-baldintzak eta, orobat, arau horretan eragiketei buruz aipatu ez diren gainerako ezaugarriak zehaztea ere, betiere bertako aurreikuspenen barruan.

2009ko abenduaren 11ko Zor Publikoaren jaulkipena handitu egingo dela erabaki da, merkatuaren baldintzak aprobetxatzearren eta, halaber, etorkizuneko kudeaketa-kostuak erraztearren, zenbatekoak aurretiaz zeuden zor-erreferentzietan taldekatzearen bitartez.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Beste zortzi milioi eta seiehun mila (8.600.000) euro emango dira 2009ko abenduaren 11ko Zor Publikoa jaulkitzeko zenbatekorako. Zor publiko hori Euskadik 186.000.000 euroko zor publikoa jaulkitzeko erabakiari buruzko abenduaren 1eko 613/2009 Dekretuaren (2009-12-09ko EHAA) eta horren zenbait ezaugarri ezartzen dituen Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2009ko abenduaren 14ko Aginduaren (2010-01-05eko EHAA) bitartez baimendu zen. Hori guztia otsailaren 8ko 13/2011 Dekretuan adierazitako baimenei jarraituz egin da.

2. artikulua.– Honako ezaugarri hauek izango ditu handitze horrek:

a) Zenbateko nominala: 8.600.000 euro.

b) Jaulkitze-prozedura: kokapen pribatua.

c) Ordainketa-data: 2012ko martxoaren 14a.

d) Ordainketa-prezioa: balio nominalaren % 83,470160.

e) Interesak eta amortizazio-data: 2009ko abenduaren 11ko Euskadiko Zor Publikoaren jaulkipenaren zenbait ezaugarri ezartzen dituen Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2009ko abenduaren 14ko Aginduan ezarritakoak (2010-01-05eko EHAA).

Handitze honetako bonuek jatorrizko eragiketan jaulkitako bonuen eskubide berberak izango dituzte.

f) Baloreen adierazpidea: kontuan eginiko oharrak.

3. artikulua.– Harpidetza.

Jaulki beharreko jaulkipen-balioen harpidetza jaulkipena egiteko mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez bideratuko du Ekonomia eta Ogasun Sailak. Erakunde horiek horretarako gaituta daude, baloreen merkatuaren indarreko araudiaren arabera.

4. artikulua.– Gaikuntza.

Finantzetako zuzendaria baimendu da zorpetze-eragiketa hau burutu ahal izateko beharrezkoak diren kontratuak eta gainerako eranskinak eta dokumentu osagarriak sinatzeko.

5. artikulua.– Harpidetzaren, interesen eta jaulkipenaren amortizazioaren ordainketa Bilboko Burtsako Elkarte Kudeatzailearen Konturako Ohartarazpenen Zerbitzuaren bidez egingo da, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuko 37. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 29a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.


Azterketa dokumentala