Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2012ko ekainaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HERRIZAINGO SAILA
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
KULTURA SAILA
2516

76/2012 DEKRETUA, maiatzaren 22koa, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen Dekretua aldatzen duena.

4/1992 Legeak, uztailaren 17koak, Euskal Herriko Poliziari buruzkoak, lehenengo azken xedapenean Eusko Jaurlaritzari izaera eta berezitasun funtzionalei erreparatuz, Ertzaintzan hizkuntzaren normalizazio-prozesua arautzea agintzen zion. Xede horrez, 10/1982 Legeak, azaroaren 24koak, euskararen erabileraren normalizazioari buruzko oinarrizkoak, zehaztutako lege-esparruan eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko ekainaren 6ko 6/1989 Legearen bidez egituratuta; 30/1998 Dekretua, otsailaren 24koa, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen zuena, onartu zen. Helburua Ertzaintzaren kide guztiek euskaran funtzioekiko hizkuntza-gaitasun egokia lortzeko jarduera-plana arautzea da. Hala, Euskal Herriko herritar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatzen dira.

Plana arautzeko orduan, 30/1998 Dekretuak Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak V. Tituluan xedatutako arau orokorrak eta komunitaterako funtsezko zerbitzu publikoa eskaini behar duen Gorputz bezala Ertzaintzaren berezko eskeak bateratu behar izan zituen. Hala, ezin daiteke zerbitzu hori eten eta funtzionarioak beste enplegu-harreman mota duten langileekin ezin dira ordezkatu. Ondorioz, Dekretuak Ertzaintzari aplikatu beharreko hizkuntza-eskakizunen definizioa nabarmenki zehaztu zuen, postu desberdinei derrigortasun-datak atxikitzeko arau karakteristikoak finkatu zituen eta Ertzaintzaren langile funtzionarioentzat hizkuntza-gaitasunerako ikastaroak arautu zituen. Euskal Herriko Polizia Ikastegiari prestakuntza-jarduerak programatzea eskatu zion, langileek hizkuntza-gaitasun egokia lortzeko.

Dekretu honek 30/1998 Dekretuaren aurreikuspenak berraztertu eta eguneratzen ditu; halaber, Ertzaintzan euskararen normalizaziorako arau-esparrua osatzen du hizkuntza-eskakizunei dagokienean. Ildo horri jarraiki, 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen ezagutzak egiaztatzeko tituluak eta ziurtagiriak baliozkotu Hizkuntzetarako Erreferentziazko Europako Esparru Erkideari moldatzen dizkionak, xedatutakoa betetzeko, Ertzaintzan 1. eta 2. hizkuntza-eskakizunaren oinarrizko edukia zehazten da.

Horren babesean, Herrizaingo, Justizia eta Herri-Administrazio, eta Kultura sailburuek batera egindako proposamenez eta Ertzaintzaren Kontseiluak txostena egin ostean, Euskadiko Lege Batzorde Aholkulariarekin bat eta Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzaren 22an egindako saioan eztabaidatu eta onartu ondoren, honakoa

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– 30/1998 Dekretuak, otsailaren 24koak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenak, 3. artikuluaren 3. ataleko lehenengo paragrafoan xedatutakoa aldatzen da eta honako moduan idazten da:

«3.– 1. hizkuntza-eskakizunak Ertzaintzaren funtzionarioak hizkuntza-trebezia guztietan erabiltzaileak izatea bermatuko du. 1. hizkuntza-eskakizunaren edukia Dekretu honen I. eranskinean dago».

Bigarren artikulua.– 1998/24 Dekretuak, otsailaren 24koak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenak, 4. artikuluan xedatutakoa aldatzen da eta honako moduan idazten da:

«1.– 2. hizkuntza-eskakizuna jarduera-motengatik eta erabili eta sortu behar den dokumentazioarengatik euskaraz hizkuntza-trebezia handia eta aditua eskatzen duten Ertzaintzaren lanpostuei aplikatuko zaie. Edukia Dekretu honen II. eranskinean aipatzen da.

2.– 2. hizkuntza-eskakizunak honakoa bermatuko du: Ertzaintzaren funtzionarioak kultura orokorraren eremuan eta poliziaren eremuan euskaraz egindako edozein diskurtso ulertzen duela eta zuzentasunez, egoki, adierazpen aberatsez eta hitz-jarioz komunikatzeko gai dela. Era berean, testu luzeak eta horien esanahia ulertuko ditu; gai konplexuei buruz testu argiak, behar bezala egituratuak eta zehatzak idazteko gai izango da eta testuen kohesio eta koherentziarako antolaketa-mekanismoak behar bezala erabiliko ditu».

Hirugarren artikulua.– 30/1998 Dekretuak, otsailaren 24koak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenak, 14. artikuluan atal berri bat sartzen du, 1.a, hain zuzen ere, eta egungo edukia 2. atal bezala gelditzen da. 1. atal berriak honako idazkera du:

«1.– Hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa ez den bitartean, euskararen ezagutzari, bai sartzeko hautespen-prozesuetan, bai hornidura-prozesuetan, merezimendu bezala eman behar zaion balorazioa zehazteko erabiliko da».

Laugarren artikulua.– 30/1998 Dekretuak, otsailaren 24koak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenak, 15. artikuluaren 1. atalean xedatutakoa aldatzen da eta honako moduan idazten da:

«1.– Ertzaintzako praktiketako eta karreradun funtzionarioek honela egiaztatuko beharko dituzte hizkuntza eskakizunak:

a) Sartzeko aukeraketa prozesuetan edo lanpostuak betetzeko deialdietan egindako proben bidez.

b) Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak helburu horrekin egindako aldian aldiko deialdien bidez».

Bosgarren artikulua.– 30/1998 Dekretuak, otsailaren 24koak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenak, 15. artikuluaren 3. atalean xedatutakoa aldatzen da eta honako moduan idazten da:

«3.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko b) ataleko 1. paragrafoak aurrez ikusten dituen deialdiak Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuko dira. Proben emaitzak, hautagaiek egiaztatutako hizkuntza-eskakizunekin, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarkien Oholtzan eta Herrizaingo saileko intraneten argitaratuko dira».

Seigarren artikulua.– 30/1998 Dekretuak, otsailaren 24koak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenak, 17. artikuluaren 1. atalean xedatutakoa aldatzen da eta honako moduan idazten da:

«1.– Ertzaintzako karreradun eta praktiketako funtzionarioek egiaztatutako hizkuntza eskakizunak, dekretu honetan ezarritako moduren batean egiaztatutakoak, Euskal Herriko Polizia Ikastegiko Idazkaritza Nagusian dagoen Hizkuntza-eskakizunen Erregistroan inskribatuko dira».

Zazpigarren artikulua.– 30/1998 Dekretuak, otsailaren 24koak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenak, 19. artikuluan xedatutakoa aldatzen da eta honako moduan idazten da:

«Aurreko artikuluaren 1. paragrafoko a) atalaren kasuan, Euskal Herriko Polizia Ikastegiak dagokion salbuespena aitortuko du, pertsona interesatuak jaioteguna egiaztatu ostean».

Zortzigarren artikulua.– 30/1998 Dekretuak, otsailaren 24koak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenak, 20. artikuluan xedatutakoa aldatzen da eta honako moduan idazten da:

«1.– Hizkuntzak ikasteko beharrezko jarrera-trebeziak argi eta garbi eta egiaztatuta ez izateagatik espedientea pertsona interesatuak eskatuta hasten denean, 18. artikuluko 1. paragrafoaren b) atalean xedatutakoarekin bat, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak espedientea izapidetzeari buruz egokitasuna aitortuko du, baina aldez aurretik Ikastegiko zuzendariak Batzorde Teknikoa izendatu eta horrek derrigorrezko txostena egin beharko du. Batzordearen konposizioa, 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak agintzen duena betez osatuko da eta honakoa izango da:

a) Batzordeburua: Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendaria edo berak eskuordetzen duen pertsona.

b) Batzordekideak:

– Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko kide bat hizkuntza-prestakuntzan aditua; idazkari modura jardungo du.

– Herrizaingo Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzako kide bat.

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko kide bat, Erakundeko Zuzendaritzak proposatuta.

– Helduak Alfabetatu eta Berreuskalduntzeko Erakundeko kide bat, Erakundeko Zuzendaritzak proposatuta.

2.– Espedientea izapidetzen ari den bitartean, plana hasi zenetik egiaztatuko da pertsona interesatuak euskara-gaitasunaren prozesua jarraitu al duen eta honako baldintzekin egin al duen:

a) Etengabeko gaitasun-prozesua, hirurehun ikastordurekin eta horiek gutxienez ikastaro desberdinen iraupen guztiaren ehuneko laurogei izatea.

b) Gaitasun-prozesu etena, bostehun ikastordurekin eta horiek gutxienez ikastaro desberdinen iraupen guztiaren ehuneko laurogei izatea.

3.– Prozedura hasten den unetik sei hilabete igarotzen badira Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariaren berariazko ebazpenik gabe, eskaera gaitzetsitzat jo beharko da.

4.– Hala eta guztiz ere, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariak artikulu honen 2. atalean aipatzen den Batzorde Teknikoaren aurrean ofizioz eta pertsona interesatuari entzun ondoren, salbuespena aitortzeko espedientea has dezake. Proposamena aztertuko du, ikaste-prozesuan ezintasun-ustezko larria dagoenean».

Bederatzigarren artikulua.– Egungo lehenengo xedapena deuseztatzen da eta horren ordez xedapen berria sartzen da. Hitzez hitz hala dio:

«Dekretu honetan xedatutako hizkuntza-eskakizunen baliokidetasun-araubidea 297/2010 Dekretuak, azaroaren 9koak, euskararen ezagutzak egiaztatzeko tituluak eta ziurtagiriak baliozkotu eta Hizkuntzetarako Erreferentziazko Europako Esparru Erkideari moldatzen dizkionak, zehaztutakoa da».

Hamargarren artikulua.– Bigarren xedapen gehigarria deuseztatzen da eta horren ordez xedapen berria sartzen da. Hitzez hitz hala dio:

«Lanpostuek derrigortasun-data gainditua badute eta horiek ohiko hornidura-prozeduren bitartez bete ez badira, hornidura atzeraezina izanez gero, aldi baterako hornidura-formulekin beteko dira eta, horretarako, Euskal Herriko Poliziaren Legeak III. Tituluko II. Kapituluan aurrez ikusitakoari erreparatuko zaio. Azkeneko kasuan hizkuntza-eskakizunaren baldintza betetzen dela ez da egiaztatu behar».

Hamaikagarren artikulua Hirugarren eta bosgarren xedapen gehigarriak deuseztatzen dira, beraz, seigarren xedapen gehigarria orain laugarrena izango da.

Hamabigarren artikulua.– 30/1998 Dekretuak, otsailaren 24koak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenak, dituen behin-behineko xedapenak deuseztatzen dira.

Hamahirugarren artikulua.– 30/1998 Dekretuak, otsailaren 24koak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenak, duen eranskina deuseztatzen da.

Hamalaugarren artikulua.– I. eranskina (1. hizkuntza-eskakizunaren edukia) eta II. eranskina (2. hizkuntza-eskakizunaren edukia) eransten zaizkio 30/1998 Dekretuari, otsailaren 24koari, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenari. Horiek Dekretu honetan eranskin bezala agertzen dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Lehenengo plangintza-denboraldia ebaluatzea.

Herrizaingo Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzak Ertzaintzan hizkuntzaren normalizazio-prozesuaren lehenengo plangintza-denboraldiaren betetze-mailari buruz txosten orokorra egingo du. Ebaluazio orokorra aldez aurretik Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eta otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuak 24. artikuluan aipatutako sindikatuei aurkeztuko zaie aztertu eta baloratzeko. Azken emaitza Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesuan esku hartu duten organo guztiei jakinaraziko zaie.

Bigarrena.– Bigarren plangintza-denboraldia eta derrigorrezko hizkuntza-eskakizunarekin postuen ehunekoa.

30/1998 Dekretuak, otsailaren 24koak, 7. artikuluan orokorrean xedatutakoa alde batera utzi gabe, Ertzaintzan hizkuntzaren normalizazio-prozesuaren bigarren plangintza-denboraldia Dekretu hau indarrean sartzen denean hasiko da eta 2017ko abenduaren 31n amaituko da. Data horretan derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna izan behar duen Ertzaintzaren lanpostu ehunekoa ez da inolaz ere laugarren plangintza-denboraldian Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako aurrez ikusitako nahitaezko betetze-indizea baino txikiagoa izango. Indize hau aplikatzearen ondorioz sortutako derrigortasunen erdia 2012ko abenduaren 31 baino lehenagokoa izango da.

Hirugarrena.– IVAPek deitutako hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko deialdiak.

Ertzaintzaren praktiketako eta karreradun funtzionarioak IVAPek egiten dituen hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko deialdietan parte har dezakete, beti ere, deialdian Ertzaintzako langileen parte-hartzea kontuan hartzen bada.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Dekretu hau indarrean sartzen den unetik 3 hilabeteren buruan Ertzaintzan hizkuntzaren normalizazio-prozesuari dagokion lehenengo plangintza-denboraldiaren ebaluazioa, hain zuzen ere, Dekretu honek lehenengo xedapen gehigarrian zehaztutakoa argitaratuko da, horretan aurrez ikusitako moduan.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko maiatzaren 22an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Kulturako sailburua,

María Blanca Urgell Lázaro.

ERANSKINA, MAIATZAREN 22KO 76/2012 DEKRETUARENA

«1998/24 Dekretuak, otsailaren 24koak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenak, duen I. eranskina.

1. HIZKUNTZA ESKAKIZUNAREN EDUKIA

Entzumena:

Ertzaintzaren 1. HE duena gai izango da:

Konferentzia eta hitzaldi aski luzeak ulertzeko. Era berean, argudio konplexuak ulertuko ditu, gaia gutxi-asko ezaguna badu. Halaber, ikus-entzunezko berri-emankizun eta saio gehienak, hizkuntza estandarrean, ulertzeko gai izango da.

Herritarrek emandako informazioa eta egindako kexak, deskribapenak eta laguntza eskaerak ulertzeko.

Gai izango da, besteak beste, lan arloan:

Pertsona, erakunde, gertakari, gorabehera, ustekabe, etab.ei buruz herritarrek emandako informazioa ulertzeko.

Delitu edo hondamendia jasan duten biktimengandik edota, eskainitako zerbitzua dela eta, herritarrengandik oro jasotako kexak, salaketak, etab. ulertzeko.

Laguntza edo polizia-zerbitzuren baten beharrean dauden pertsonek (errepideetako sorospena, etab.) eta arrisku-egoeran daudenek (lurjausiengatik, eraikina egoera txarrean egoteagatik, intimidazioengatik...), edota delituren bat (erasoak, atrakoak...) edota hondamena (uholdeak, suteak...) jasan dutenek egindako laguntza edo polizia-zerbitzuren baten eskaera ulertzeko.

Toponimo, bide, eta pertsona, paisaia, leku, gertakari etab.ei buruzko deskribapena zehaztuta, lanen koordinazioa, aktuazioa eta aurreikuspena bideratu ahal izateko irrati bidez jasotako mezua ulertzeko.

Informazio-eskaera zein -komunikazio jakin bat ulertzeko (helbideak, etab.).

Administrazio-zerbitzu baterako eskaera ulertzeko: baimenen berritzea, lizentziak, etab.

Gertakari, gorabehera; pertsona susmagarri, biktima; prozedura, leku, zerbitzuen kalitate; aukera desberdinen abantaila edo gabeziaz beste batek egindako balorazioa ulertzeko.

Hartutako erabakia, lan bat egiteko aukeratu edo proposatutako bidea, eskaeren ezespena, etab. direla eta, edota lan bat etetea edo lan hori hasieran erabaki ez bezala egiteagatik arrazoitzerakoan beste pertsona batek emandako argudioak ulertzeko.

Nagusiek, beste polizia eta erakundeek, etab.ek egindako edo egiteko dauden lanei buruzko ezaugarriei edo zentroaren funtzionamenduari buruz egindako informazio-eskaera edota herritarrek euren eskubide eta betebeharrei buruz egindakoa ulertzeko.

Talde nahiz bakarkako lan bat egin edo zuzentzeko (ikerketaren bat, patruila-lanaren bat, interbentzioren bat) baita lan hori koordinatu eta burutzeko ere jasotako agindu, jarraibide, iradokizun eta proposamenak ulertzeko.

Aparatu eta bestelako materialak erabiltzeko moduari zein lanei buruzko ezaugarrien gaineko oinarrizko argibideak ulertzeko.

Laneko materiala eskuratzeko (antidisturbioak: pilotak, eskopetak, kartutxoak,...; kontrol baterakoa: linternak, boila argidunak, konoak,...; komunikaziorakoa: pilak, talkiak,...; ibilgailuak hornitu eta mantentzekoa, etab.) egindako eskaera ulertzeko.

Birziklapen-, hobekuntza-, sustapen-ikastaroetan eta materiala nola erabili erakusteko egiten direnetan jasotako informazioa ulertzeko.

Irakurmena:

Ertzaintzaren 1.HE duena gai izango da:

Gai zehatzei nahiz abstraktuei buruz diharduten testu konplexuetako ideia nagusiak ulertzeko, baita testu teknikoenak ere, betiere bere espezialitatearen arlokoak badira.

Gaur eguneko gaiei buruzko artikuluak eta txostenak ulertzeko, egileak jarrera jakin bat edota ikuspuntu berezia erakusten duenean.

Gai izango da, besteak beste, lan arloan:

Ohar, panfleto, kartel, graffitti, etab.en gain-irakurketa egiteko.

Nagusiei zuzenean emateko, edota formularioak, eskariak, etab. betetzeko kaleko kartel, panfleto, etab.etatik edota jakinarazpen eta agirietatik informazio zehatza (datak, lekuak, zenbakiak,...) lortzeko.

Herritar, erakunde, elkarte, kofradia, etab.ek aurkeztutako agiri edo idazkiak (karguak kentzeko orriak, udal-bandoak, etab.) ulertzeko.

Lapurtutako ibilgailu, matrikula-zerrenda, desagertutako pertsona, gaizkile arriskutsu, etab.ei buruz idatziz emandako informazioa ulertzeko.

Baimen, oporraldi, bidai gastu, etab.ei buruzko zirkular, jarraibide, administrazio-jakinarazpen eta eskaerak ulertzeko, baita iragarpen-oholetan azaltzen den informazio, jakinarazpen, zerbitzu-ohar, etab.ak ere.

Materiala, zerbitzu burokratikoak (egiaztagiriak), dirulaguntzak, lokalak, ekipamenduak, etab. Eskatuz jasotako zerrendak, inprimakiak, eskabide-orriak,etab. ulertzeko.

Mintzamena:

Ertzaintzaren 1. HE duena gai izango da:

Jariotasun eta naturaltasun nahikoaz mintzatzeko, bai eguneroko gaiei buruz bai bere lan-jarduerako gaien gainean, eztabaidetan parte hartuz eta azalpenak eta iritziak emanez, baita jatorrizko hiztunekin ere; beti ere, solaskideek elkar ulertzeko ahalegin handiegirik egin gabe.

Deskribapen eta azalpen argiak eta xeheak egiteko bere espezialitatearekin zerikusia duten hainbat gairi buruz, eta bere ideiak zabaltzeko eta aldatzeko alderdi osagarriak eta adibide esanguratsuak txertatzeko.

Halaber, gai izango da zuzentasun nahikoa onaz mintzatzeko eta diskurtso-zatiak nahiko erritmo uniformean sortzeko.

Gai izango da, besteak beste, lan arloan:

Herritar, elkarte, enpresa, etab.ei, segurtasun neurriez (bide-segurtasuna, etab.), aurreikuspen-neurriez (ekaitzen, iruzurren aurrean) edota haien eskubide eta laguntzak jasotzeko moduaz informazioa emateko.

Miaketa, bide-kontrol, garraioen ikuskatze, prebentziozko jagoletza, bulegoetako sarrera– eta irteera-kontrol, etab.etan dokumentazioa edo informazioa eskatzeko.

Administrazioko tramiteei buruzko informazio orokorra (armak erabiltzeko baimena, garraioetarakoa; herritarrei dagozkien gaiak...) edota bestelako informazioa (bideen egoera...) telefonoz zein aurrez aurre emateko.

Egoera desberdinetan legea ezartzerakoan bere jarrera defendatu eta argudioak emateko (isunak jartzerakoan, miaketetan, gatazketan, epaiketetan...).

Megafonia edo irrati bidez oharrak emateko, atxilotuei euren eskubideak irakurtzeko, etab.

Bide, hirigune eta nekazaritza-inguruneez (hondamenak, trabak, seinalizazioak, kontroletik kanpo dauden animaliak, sasi-sastraken erreketa,...); bulego, erakunde eta eraikinez (segurtasun-instalazioak, alarmak, etab.); materialez (ibilgailu, armak, etab.); (kultur zein kirol) ekitaldiez, manifestazioez, etab.ez, eta edozein gorabeherez informazioa emanez operatiboki interesgarriak diren oharrak oro har eta ekintzetan parte hartzeko eskaerak zuzenean nahiz irrati bidez bideratzeko.

Egindako, egiten ari diren edo egin nahi diren lan edota zerbitzuez (lanaren burutze-maila, arazoak, jarraibideak, epeak, bitartekoak,...) bileretan edota zuzenean informazioa emateko, baita herritarrengandik, elkarteetatik, etab.etatik jasotako datu eta informazioa ere.

Lan edo gestio bat egin ahal izateko lankideren bati laguntza eskaini edo eskatzeko.

Lan edo polizia-zerbitzu batek izan dezakeen eraginaz, azken orduko aldaketez, hasiera batean aurreikusi ez ziren egoerez, etab.ez argudioak emateko.

Lan bat egiteko jardunbideei buruz, administrazio-gestioak burutzeko moduaz jarraibideak emateko.

Idazmena:

Ertzaintzaren 1.HE duena gai izango da:

Bere intereseko gaiei buruzko testu argiak eta xeheak idazteko, eta hainbat iturritako informazioa laburtzeko eta ebaluatzeko. Gai izango da, halaber, idazlanak eta txostenak idazteko, argudio bat era sistematikoan garatuz, alderdi nagusiak nabarmenduz eta lagungarri gertatzen diren xehetasunak emanez.

Gai izango da, besteak beste, lan arloan:

Laneko gorabeherei buruzko berri emanez lan-parteak betetzeko eta barruko zein administrazio-mailako gorabeherei buruzko (istripuak, gorabeherak oro har, etab.) idatzi zehatzak idazteko.

Trafiko-edo garraio-salaketak idazteko eta tarteka seinalizazio oker, lur-jausi, alkoholemia-inprimaki, etab.ei buruzko txosten zehatzak egiteko.

Material-maileguei buruzko fitxak betetzeko, administrazio-inprimakiak osatzeko (baimenak, eskariak,...) eta agiri eta materialen sarrera eta irteeren erregistroa eramateko.

Panel mugikorrak eta antzekoak erabiliz, iragarkien oholerako matxura, arrisku, salaketa, istripu jakin, etab.ei buruzko ohar laburrak idazteko.

«1998/24 Dekretuak, otsailaren 24koak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duenak, duen II. eranskina.

2. HIZKUNTZA ESKAKIZUNAREN EDUKIA

Entzumena:

Ertzaintzaren 2. HE duena gai izango da:

Kultura orokorreko zein polizia eremuko elkarreragineko edozein testuinguru, gai eta egoeratan erraztasunez parte hartzeko, eta euskara estandarrean zein edozein euskal hizketatan emandako instrukzioak, azalpenak, narrazioak, argudioak, elkarrizketak, ... ulertu eta informazio orokorra eta zehatza jasotzeko.

Gai izango da, besteak beste, lan arloan:

Herrizaingo Saileko arduradun polizialek edota epaitegi zein bestelako erakunde pribatuetako arduradunek emandako informazioa ulertzeko.

Bere menpe daudenek edota beste unitate zein erakundeetako arduradunek egindako kexak, salaketak, iradokizunak eta ahozko jarraibideak ulertzeko.

Jasotzen duen informazioak poliziarentzat duen garrantzia neurtzeko.

Segurtasun Sailburuordetzaren aurrean bere ardurapean dituen alor, unitate, talde, etab.en ordezkari lanetan dabilenean, argudio, eskaerak, agindu eta jarraibideak ulertzeko.

Nagusiek ezarritako arau, protokolo, jarraibideak.... ulertzeko, ondoren bere menpeko langileei jakinarazteko.

Birziklatze-, hobekuntza-, sustapen-ikastaroetan, etab.etan jasotako informazioa ulertzeko.

Eta oro har, hitzaldi luzeak ulertzeko, baita argi egituratuta ez daudenean ere, eta loturak inplizituak direnean, hau da esplizituki adierazten ez direnean.

Mintzamena:

Ertzaintzaren 2. HE duena gai izango da:

Jatorrizko hiztunekiko edozein elkarrizketatan euskara estandarrean, behintzat, parte hartzeko.

Halaber, instrukzioak eta azalpenak emateko; narrazioak eta kontaketak egiteko; iritziak eta argudioak emateko; eta deskribapen argiak eta xeheak egiteko gai konplexuei buruz, baita bere espezialitatekoak ez direnean ere; eta ideien azalpen koherentea egiteko eta ondorio egokia ateratzeko. Horiek guztiak egokitasunez, zuzentasunez eta aberastasunez egingo ditu.

Gai izango da, era berean, etorriz eta bat-batekotasunez hitz egiteko, esamolde egokiak aurkitzeko ageriko ahaleginik egin gabe.

Gai izango da, besteak beste, lan arloan:

Gainerako alor, unitate, talde, edota nagusiei ekintzen (polizialak, diziplinakoak), egoeren eta giza-, ekintza- eta material-baliabideen berri emateko.

Arau, protokolo, agindu edota egoerak, gatazkak zein ekintza planak jakitera emateko.

Ikerketa eta ekintza bakoitzaren aurrean ardurak zehazteko, eta beharrezkoa denean, burutze-denborak zein aurreikusitako ekintza-baliabideak zehazteko.

Aginduak, kexak eta premiak ezagutzera eman eta bideratzeko.

Komunikabideen informazio eskaerei erantzuteko edota elkarrizketak kudeatzeko.

Gatazken konponbidea negoziatzeko; adibidez, zirkulazio-isun bidegabe baten aurrean, pisu batean eragindako kalteen ordain ekonomikoak eskatzen direnean edo istripu baten erruduntasun erantzukizuna eskatzen denean...

Eta oro har, malgutasunez eta eraginkortasunez eratutako hitzaldi argi eta ongi egituratutakoen bidez hitz egiteko, eta gizarte- eta lanbide-helburuekin loturiko iritziez luze samar aritzeko.

Irakurmena:

Ertzaintzaren 2 HE duena gai izango da:

Polizia eremuko eta kultura orokorraren mailako prosa-testuak, saiakera arruntak, erreportaje eta artikuluak, deskribapenak, barne buletinak zein zirkularrak, txostenak, iritzi-artikuluak, jarraibide teknikoak, azalpen luzeak etab. ulertzeko.

Gizarte harremanekin, lanbide polizialarekin edo ikasketekin zerikusia duten era askotako testu luze eta konplexuak ulertzeko eta jarrera edo iritzi inplizituak zein esplizituak adierazten dituzten xehetasun sotilei antzemateko, baldin eta atal zailenak berriro irakurtzeko aukera badu.

Gai izango da, era berean, edozein informazio orokor eta zehatz ulertzeko.

Gai izango da besteak beste, lan arloan:

Segurtasun Sailburuordetzatik edo bestelako erakundeetatik helarazten zaion dokumentazioa ulertzeko: ikerketei buruz organo judizialek igorritako txostenak, herritarren segurtasuna eta ordenu publikoaren aurrezaintzarako interesgarria izan daitekeen informazioa, delituari aurrea hartzeko eta zigortzeko helburua duten protokoloak eta instrukzioak, ...

Zirkularrak, barne buletinak, oinarrizko barne zirkularrak (janzkerari, ordutegiei, txandei... buruzkoak), protokoloak, jarraibide polizialak, ikerketa/informazio txostenak, materialei eta pertsonei buruzko antolaketa prozedurak, bere aginduetara duen pertsonalari buruzko errendimendu txostenak, etab. ulertzeko.

Herrizaingo Sailarekin zerikusia duten prentsako albisteak eta iritzi artikuluak aztertzeko.

Eta oro har, artikulu espezializatuak eta jarraibide teknikoen azalpen luzeak ulertzeko, bere espezialitateari lotuak izan ez arren.

Idazmena:

Ertzaintzaren 2. HE duena gai izango da:

Polizia eremuko eta kultura orokorraren mailako gaiei buruz gutunak, jakinarazpenak, jarraibide eta oinarrizko barne zirkularrak; lanarekin zerikusia duten ekintzei buruzko laburpenak, narrazioak, erreportajeak, artikuluak, azalpenak, txostenak eta antzekoak idazteko. Horiek guztiak egokitasunez, zuzentasunez eta aberastasunez egingo ditu.

Halaber, testu luzeak, ongi egituratuak, argiak eta zehatzak idazteko gai izango da, ideien azalpen luzea eginez, eta hizkuntza malgutasunez eta eraginkortasunez erabiliz. Testuaren antolaketa-, artikulazio- eta koherentzia-mekanismoak zuzen erabiliko ditu, baieztapenak zein iritziak zehatz-mehatz adieraziz.

Gai izango da, besteak beste, lan arloan:

Gutunak, jakinarazpenak, jarraibide eta oinarrizko barne zirkularrak (janzkera, lan-egonaldi, diziplina, jarrera, protokoloei buruzkoak...), lanarekin zerikusia duten artikuluak, ekintzei buruzko laburpenak eta kultura orokorreko antzeko gaiei buruzko beste hainbat testu idazteko.

Laneko edo diziplina alorreko agiriak betetzeko eta administrazio gorabeherei buruzko txostenak idazteko.

Errendimendu, segurtasun, trafiko, ikerketa eta herritarren segurtasunari buruzko txostenak egiteko bere arduradunentzat, Segurtasun Sailburuordetzako beste unitateentzat, edo bestelako erakundeentzat (eremu juridikokoak, herri-erakundeak, polizialak etab.).

Komunikabideen informazio eskaerari erantzuteko edo hedabideentzat erreportajeak ekoizteko.

Eta oro har, gai konplexuei buruzko testuak (gutunak, txostenak edo idazlanak...) idazteko, garrantzizkoak diren alderdiak nabarmenduz, eta idatziak zein irakurleri zuzenduak diren kontuan izanik, horren araberako estiloa hautatzeko.


Azterketa dokumentala