Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2012ko ekainaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2517

EBAZPENA, 2012ko maiatzaren 17koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Akademia Antolakuntzako errektoreordearena, honako hau argitaratzekoa: Graduko eta Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako 2012-2013 ikasturteko Arautegia.

Unibertsitateak, bere ahalmenaz baliatuta, arau eta prozedurak ezarri behar ditu bere gestioaren arlo desberdinetako zereginak tramitatu ahal izateko.

Proposamen honen bidez oinarrizko arau batzuk zehaztu nahi dira Graduko eta 1. eta 2. zikloetako ikasketak kudeatzeko, erreferentzia izan daitezen Zerbitzu Zentralentzat eta ikastegi eta sailentzat, eta ikasleen eskubideak berma daitezen.

Honekin batera doan proposamena Akademia Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeak onetsi zuen 2012ko maiatzaren 3an, eta Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2012ko maiatzaren 16an.

Aipaturiko guztia kontuan hartuta, eta otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 10.2 artikuluan dioena betetzeko (2004-03-12ko EHAA), honako hau

ebazten DUT:

Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, alde batetik, Graduko eta Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako Araudia, 2012-2013 ikasturtekoa, 2011ko maiatzaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoa ordezkatzen duena, I. eranskinean jasotakoa.

Leioa, 2012ko maiatzaren 17a.

EE (2011ko otsailaren 25eko Ebazpena, 2011-03-17ko EHAA).

Akademia Antolakuntzako errektoreordea,

JAVIER GIL GOIKOURIA.

GRADUKO ETA LEHENENGO ETA BIGARREN ZIKLOKO IKASKETEN GESTIORAKO 2012-2013 IKASTURTEKO ARAUTEGIA.
I. KAPITULUA
UNIBERTSITATERA SARTZEA

Plazen erreserba

1. artikulua.– Honako kupo hauek ezartzen dira adierazitako taldeetarako gordeta:

a) Unibertsitateko titulazioa daukaten ikasleentzat: plazen % 2.

b) % 33ko ezintasun-maila edo handiagoa duten ikasleentzat: plazen % 5.

c) Goi mailako kirolarientzat: plazen % 3 (% 5 gehiago Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduaren kasuan).

d) 25 urtetatik gorakoen sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 2.

e) 45 urtetatik gorakoen sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.

f) Lan-arloko esperientzia egiaztatuz sartzeko bidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.

Sarbide motak, dokumentazioa, epeak eta aukera kopurua.

2. artikulua.– UPV/EHUn sartzeko eskaera egin nahi duten ikasleek aukera hauetakoren bat erabili beharko dute:

a) Unibertsitatera sartzeko proba UPV/EHUn egin duten ikasleak.

b) Unibertsitatera sartzeko proba UPV/EHUtik kanpo egin duten ikasleak.

c) Lanbide hezkuntzako goi mailako teknikari titulua, arte plastiko edo diseinuko goi mailako teknikari titulua, edo goi mailako kirol teknikari titulua edo baliokidea duten ikasleak.

d) Unibertsitaterako sarbidea ematen duten atzerriko ikasketak dituzten ikasleak (Hezkuntzarako 2/2006 lege organikoa, maiatzaren 3koa).

e) 25 urtetatik gorakoentzako sarrera proba gainditu duten ikasleak. Proba UPV/EHUn egin dutenek izango dute lehentasuna, eta horien ondoren joango dira proba beste unibertsitate publiko batean egin dutenak. Probak unibertsitate ez publikoetan gainditu dituzten ikasleen eskariak banan bana aztertuko dira.

f) 45 urtetatik gorakoentzako sarrera proba gainditu duten ikasleak. Proba UPV/EHUn egin dutenek izango dute lehentasuna, eta horien ondoren joango dira proba beste unibertsitate publiko batean egin dutenak. Probak unibertsitate ez publikoetan gainditu dituzten ikasleen eskariak banan bana aztertuko dira.

g) Lan esperientzia egiaztatuz sartzeko bidea aukeratu duten ikasleak.

h) Unibertsitateko titulazioa daukaten ikasleak.

3. artikulua.– Honako hauek dira sarrera eskaria egiteko aurkeztu beharreko agiriak:

a) UPV/EHUren web atariaren bidez eginiko aurretiko izen-ematearen gordekina.

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Honako agirion fotokopia konpultsatua: unibertsitatera sartzeko probako txartela; Lanbide Heziketako ikasketen ziurtagiria, deialdia eta azken nota zehaztuta; unibertsitatean egindako ikasketen ziurtagiria (titulazioa edo lehen zikloa UPV/EHUn 1990aren ostean egin duten ikasleak izan ezik).

d) Ikasle ezinduentzat eta goi mailako kirolarientzat gordetako plazen bidez sartu nahi duten ikasleek egoera hori frogatzen duen dokumentua aurkeztu behar dute, kasuan kasuko administrazioak emana.

Eskariak aurkezteko epeak eta lekuak eta aukera kopurua

4. artikulua.– Sartzeko eskariak UPV/EHUren web orriaren bidez egingo dira eta honetarako epe bakarra egongo da 2012.eko ekainaren 25etik uztailaren 2 arte, biak barne, sarbide mota guztietarako eta graduko ikasketak egiteko deialdi guztietarako, 1. eta 2. zikloko edo 2. zikloa besterik ez duten titulazioetarako sarbidea ere barne.

Hirugarren artikuluan jasotzen den dokumentazioa posta ziurtatuaren bidez igorri beharko da Sarbiderako bulegora, 1397 posta-kutxa, 48080 Bilbao, aurretiko izen emateari dagokion epearen barruan. Egindako eskariak behin-behinekoak izanen dira 3. artikuluak adierazitako dokumentazioa UPV/EHUn jaso arte.

Sarbiderako probaren ezohiko deialdikoak izateagatik edo lanbide-hezkuntzakoak izateagatik, bete beharreko baldintza akademikoak izena emateko epean betetzen ez dituzten ikasleek dokumentazioa jaso bezain pronto igorriko dute eta hurrengo onartuen zerrendan ageriko dira, dagozkien eskubideak dagozkielarik.

5. artikulua.– Unibertsitateak egoki leritzokeen dokumentazio osagarria eskatu ahal izango du, aurkeztutako eskariak behar bezala ebazteko.

6. artikulua.– Ikasleek, aurretiko izen-emate bakarrean, gehien delarik, Zortzi aukera eskatu ahal izango dituzte, matrikulatu nahiko lituzketen ikasketak hautatzeko. Behin onarpen prozedura hasita, ez da inola ere onartuko plaza lortzeko aurkeztutako eskarian eginiko aldaketarik edo gehipenik, une guztietan oro interesatuak eskarian ezarritako lehentasunezko ordena errespetatuz.

Unibertsitateko ikasketak hasita dauzkaten ikasleak

7. artikulua.– Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek, zeinek bere kasuari dagokion prozedurari jarraiki egin beharko dute eskaria:

a) Ikasketa berberak (lehenengo edo bigarren zikloa) egiten jarraitu nahi duten ikasleak, beste unibertsitate batetik edo UPV/EHUko beste ikastegi batetik datozenean (leku-aldaketak).

Ikasketa berberak egiten jarraitu nahi duten ikasleek ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko dute eskaria, 2012.eko uztailaren 2tik 6ra bitartean. UPV/EHUko ikasleak ez direnek eskariarekin batera ikasketen ziurtagiri pertsonala ere aurkeztu beharko dute. Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak –errektoreak ahalmena eskuordetuta– ebatziko ditu eskariak, gestio horren ardura duen organoak egindako proposamena ikusita, irizpide hauen arabera:

1) Lehenengo maila oso-osorik gaindituta izatea edo 60 kreditu gaindituta izatea.

2) Iraute arauak betetzea.

3) Ikastegiko zuzendaritzak onartu ahal izango ditu titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle-kopuruarekin, irakats ahalmenarekin eta titulazioa kentzeko egutegiarekin bateragarriak diren leku aldaketak. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira. Irizpideok bertako web orrian egongo dira izena emateko epea hasi baino lehen.

Ikasleek, onartuak izan ondoren, espedientea ikastegi berrira aldatzea eskatu beharko dute jatorrizko ikastegian, onarpen-gutuna aurkeztuta. Espedientearen leku aldaketa interesatuak berak eskatu beharko du jatorrizko unibertsitatean, onartua izan eta hilabeteko epean; bestela, matrikula baliogabetu egingo da.

Lehenengo ataleko baldintza betetzen ez dutenak, 1892/2008 errege-dekretuan plazak esleitzeko ezarritako sistema orokorrera bilduko dira eta, honetarako, eskaria aurkeztu beharko dute (aurretiko izen-ematea) 4. artikuluan esandako leku eta epeetan. Ikasle horiei, aurkeztutako agiriak oinarri hartuta, espediente akademiko berria egingo zaie 1. mailako ikasle gisa; espedientearen leku-aldaketa nahitaez eskatu eta honi dagozkion tasak ordainduz.

b) Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek beste ikasketa batzuk hasi nahi dituztenean.

Ikasle multzo honek aurretiko izen-emate berria egin beharko du prozedura orokorrerako ezarritako epe eta datetan eta sarrera berriko ikasleen izaera bera izango dute; hau da, sarbide-proban lortutako kalifikazioa edo baliokidea hartuko da aintzat, salbu eta, egindako ikasketen eta eskatutako ikasketen arteko antzekotasunarengatik, lehengo antolaketaren (diplomatura, lizentziatura, ingeniaritza eta beste) ikasketa-planetako lehenengo ikastarotik goragokoetara sar daitezkeen ikasleak, eskaria 2012.eko uztailaren 2tik 6 arteko epean zuzenean ikastegiko idazkaritzan, akademi ziurtagiri pertsonalarekin batera (UPV/EHUko ikasleei eskatu ez zaiena) aurkeztu beharko dutelarik, dekanotzek zein zuzendaritzek a) atalean ezarritako irizpideak baliatuz, ebatziko badituzte. Ikasle horiei, aurkeztutako agiriak oinarri hartuta, espediente akademiko berria egingo zaie 1. mailako ikasle gisa; espedientearen leku aldaketa nahitaez eskatu eta honi dagozkion tasak ordainduz.

c) Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek graduko ikasketetara sartu nahi dutenean.

Ikasleok ondoko aukerak dituzte:

1) Ikasle-multzo honek aurretiko izen-emate berria egin beharko du prozedura orokorrerako ezarritako epe eta datetan eta sarrera berriko ikasleen izaera bera izango dute; hau da, sarbide-proban lortutako kalifikazioa edo baliokidea hartuko da aintzat.

2) 1892/2008 errege-dekretuko 56. artikuluaren arabera, unibertsitateko ikasketa partzialak eginda dauzkaten ikasleek beste unibertsitate batean eta/edo unibertsitateko beste ikasketa ofizial batzuetan sartu nahi badute eta, gutxienez, lehenengo ikastaroko 30 kreditu baliokide onartuta badituzte, espedientearen leku-aldaketa eskatu beharko dute zuzenean ikastegiko idazkaritzan, 2012.eko uztailaren 2tik 6ra bitartean. Eskari horiek ikastegiko dekanoak/zuzendariak ebatziko ditu, errektoreak horretarako eskumenak eskuordetuta, irizpide hauei jarraiki:

2.1) Lehenengo maila osoa jatorrizko ikastegian gaindituta izatea, baldin eta ikasketa horietarako plaza-kopuru mugatua badago edo plaza guztiak ohiko prozeduraren bidez esleitu badira.

2.2) Iraute arauak betetzea.

2.3) Ikastegiko zuzendaritzak beste irizpide batzuk onartu ahal izango ditu, baita ere titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin, irakaskuntza ahalmenarekin eta titulazioa kentzeko egutegiarekin bateragarriak diren leku-aldaketen kopurua. Horretarako, ikastegiko Akademia Antolakuntzako Batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak onartuko dira. Irizpideok bertako web orrian egongo dira izena emateko epea hasi baino lehen.

3) Ikasleak plaza lortuz gero beste ikasketa batzuetan, espediente akademikoa lekuz aldatu beharko da. Tramite hori jatorrizko unibertsitateak egin beharko du, interesatuak beste unibertsitate batean onartu izan dela egiaztatu ondoren.

d) Unibertsitateko ikasketak atzerrian hasi dituzten ikasleak.

Ikasle multzo honek, baldin eta, gutxien dela, lehenengo ikastaroko 30 kreditu baliokide aitortu bazaizkie, egin nahi duten matrikulari dagokion ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko du eskaria, akademi ziurtagiri pertsonalarekin batera, 2012.eko uztailaren 2tik 6ra bitartean eta bertako dekanoak edo zuzendariak ebatziko ditu eskariak –errektoreak horretarako eskumenak eskuordetuta– ikastegiko baliozkotze-batzordeak 1892/2008 errege dekretuko 57. artikuluari jarraiki ezarritako irizpideak erabiliz.

Ikasleek espedientea lekuz aldatzeko eskaera egingo dute, baina izena emateko prozesuan ere parte hartzeko aukera izango dute 2. artikuluan zehaztutako modalitateren bati jarraiki.

e) Hasitako ikasketak egiten jarraitu nahi duten ikasleak.

Ikasketak beste unibertsitate batera edo UPV/EHUko beste ikastegi batera joateko utzi zituzten eta berriz ere hartu gura dituzten ikasleek ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko dituzte eskariak zuzenean 2012.eko uztailaren 2tik 6ra bitartean, dekanotza edo zuzendaritzak ebatz ditzan.

Ikastegiak Akademi antolakuntzarako errektoreordetzari jakinarazi beharko dizkio a), b), c) eta d) ataletan jasotako baldintzen arabera erabakiko liratekeen onarpenak.

Aurretiko izen-ematea berrestea, plazak esleitzea eta matrikula

8. artikulua.– Unibertsitatera sartzeko proba euskal barrutian gaindituta izanda, 2012-2013 ikasturtean UPV/EHUn sartzeko eskaria egin duten ikasleek berretsi egin beharko dute eskaria, lehengoari eusteko edo aldaketak egiteko eta berretsi, honako toki eta egunetan berretsi beharko dute:

a) Unibertsitatera sartzeko proba ohiko deialdian (2012ko ekainean) gainditu duten ikasleek ekainaren 18tik 22ra, biak barne, lehendabiziko aukeran hautatutako ikastegiko idazkaritzan, sarbiderako bulegoan edo campuseko errektoreordetzetako bulegoetan, edo Interneten bidez, unibertsitatera sartzeko web orrian (www.sarrera.es).

b) Unibertsitatera sartzeko proba ezohiko deialdian (2012ko uztailean) gainditu duten ikasleek uztailaren 16tik 20ra, biak barne, lehendabiziko aukeran hautatutako ikastegiko idazkaritzan, sarbiderako bulegoan edo campuseko errektoreordetzetako bulegoetan, edo Interneten bidez, unibertsitatera sartzeko web orrian (www.sarrera.es).

Eskabidea baieztatu ezean, baliorik gabe geratuko da eta baztertu egingo da UPV/EHUra sartzeko prozeduratik.

9. artikulua.– Plazak mugatzeko baimena duten ikasketetan plazak esleituko dira 1892/2008 errege dekretuan zehaztutako lehentasunei jarraituz, ikasleak adieraziriko hobespenak errespetatuz eta honako irizpide hauek kontutan harturik:

a) Gordetako zenbait kupotako plazak sarrera orokorreko ikasleei esleituko zaizkie aldez aurretik, salbu eta, aurreko ikasturteetako datuen arabera, plaza horiek guztiak betetzen dituzten titulazioetan. Talde horien eskaririk balego, kasuan kasu dagokion portzentajeraino onartuko dira. Gehipen hori kasuan kasuko ikastegiekin adostuko da.

b) Unibertsitateen kontseiluak baimendutako muga gehitu egingo da aurreko ikasturteko urriaren 31 baino lehen baliogabetutako matrikulen kopuru berean. Igoera hori dagokien ikastegiekin erabakiko da, eta plazak sarrera orokorreko ikasleek beteko dituzte, lehentasunen hurrenkera zehatz-mehatz gordez.

10. artikulua.– 1.– Graduko edo bigarren zikloko ikasketetara sartzeko eskaerak ikaslearen batez besteko notaren hiru hamartarrak kontutan hartuta ordenatuko dira, dagokion balorazio-irizpidea oinarri hartuta.

2.– Unibertsitateko espedienteko batez besteko nota, ikasleak unibertsitateko tituluren bat duelako ziurtagiria aurkeztuta, 1125/2003 E.D.an ezarritakoarekin bat etorrita kalkulatuko da. Aurkeztutako akademi ziurtagiria ikusita, batez besteko notarik ezin ondoriozta daitekeenean, honetara kalkulatuko da:

Sarbideko kalifikazioak homologatzearren, ondoko taulan adierazitako zenbakiak esleituko zaizkie kalifikazio kualitatiboen zenbakizko balioespen bakarra, kalifikazio kuantitatiborik ezean: baliozkotuta: 5,5 (kalifikaziorik gabeko irakasgaietan), nahikoa: 5,5, oso ongi: 7,5, bikain: 9, ohorezko matrikula: 10.

Kreditutan egituratuta ez dauden ikasketa-planetan honela kalkulatuko da batez besteko nota: irakasgaien kalifikazioa biderkatuko da taularen arabera dagokion puntuazioaz, eta gero emaitza guztiak batu egingo dira. Emaitza zati egingo da kasuan kasuko titulazioko irakasgaien kopuru osoarekin. Lauhileko edo seihileko irakasgaien kasuan, kalifikazioaren erdia hartuko da batuketarako eta irakasgaiaren erdia zatitzailean. Karrera-amaierako proiektua urte osoko irakasgaitzat hartuko da.

Espedientea kreditutan egituratuta badago, honela kalkulatuko da batez besteko nota: irakasgai bakoitzeko kredituen kopurua biderkatuko da irakasgai bakoitzari dagokion kalifikazioaz (aurreko taularen arabera) eta emaitza guztiak batu egingo dira. Gero, batura hori zatituko da gainditutako kredituen kopuru osoaz.

Batez besteko nota kalkulatzean ez dira kontuan hartuko kalifikaziorik ez daukaten kreditu onartuak.

11. artikulua.– Matrikula egiteko onarpena unibertsitatearen web orrian argitaratuko da honako data hauetan:

Lehenengo onarpena: uztailak 14.

Bigarren onarpena: uztailak 21.

Hirugarren onarpena: uztailak 25.

Laugarren onarpena: uztailak 28 (uztaileko azken onarpen honetan sartu eginen dira batxilergo eta hezkuntza zikloetako sarrera probaren ezohiko deialdiko ikasleak).

Bosgarren onarpena: irailak 12.

Seigarren onarpena: irailak 21.

Unibertsitateak, onarpen prozesuaren garapena ikusirik, onarpen zerrenda gehiago atera ahal izango ditu, behar besteko aurrekotasunaz iragarrita.

12. artikulua.– UPV/EHUn matrikula onartu delako jakinarazpen ofiziala UPV/EHUren web orrian argitaratzea izango da.

13. artikulua.– 1.– Ikasleak egingo dituen ikasketak irakasten dituen unibertsitateko ikastegian egingo da matrikula, 27. artikuluan adierazitako egunetan. Matrikula egiteko, 30. artikuluan aipatutako dokumentuak aurkeztu beharko dira.

2.– Matrikula esandako egunean eta orduan egiten ez duen ikasleak matrikula egiteko eskubideari uko egiten diola ulertuko da eta, hortaz, galdu egingo du ikasketak egiteko plaza. Ikasleak UPV/EHUn matrikula egiteko nahia adieraziko balu beranduago, eskaerak berriro ordenatu ondoren plaza hutsak dauzkan titulazioren batean sartzeko aukera izanez gero egingo luke matrikula.

Talde batetik baino gehiagotatik sartzeko eskariak

14. artikulua.– 1.– Indarrean dagoen legerian zehaztutakoari jarraituz, sarrera bide batetik baino gehiagotatik egiteko baldintzak betetzen dituzten ikasleak eskaria egitean baliatu beharko dira posibilitate horretaz.

2.– Unibertsitatean sartzeko eskaria bide batetik baino gehiagotatik egin arren, eskaria bakarra izango da.

Onarpenari buruzko errekurtsoak ebazteko irizpideak

15. artikulua.– Amaitutako onartze-prozesuen aurka jartzen diren errekurtsoak Akademia antolakuntzarako errektoreordetzak ebatziko ditu, honako irizpideon arabera:

a) Ikasleek errekurtsoan eskatutako ikasketetan plaza hutsak geratzen direnean, onartu egingo zaie eskaria, nahiz eta izena eman zutenean ikasketa horiek ez jarri eskarian.

b) Errekurtsoa jartzen duen ikasleak onartutako azkenak baino nota hobea izanda ere, eskaria ez zaio onartuko baldin eta titulazio horretako plaza guztiak beteta badaude.

c) Aparteko tratamendua emango zaie arrazoi bereziengatik egindako eskariei, agiri bidez egiaztatzen badira (gaixotasun luzeak, ezintasun fisikoak etab.). Eskariok ebazteko Akademia antolakuntzako eta doktoregorako batzordeari eskatuko zaio iritzia.

Arkitekturaren Oinarrietako Graduan, Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduan eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko proba bereziak

16. artikulua.– 1.– 1892/2008 errege-dekretuko bigarren xedapen gehigarrian zehaztutakoaren babesean, proba bereziak ezartzen dira Arkitekturaren oinarrietako gradua, Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egiten hasi baino lehenago.

2.– Proba horiek gainditzeak ez dakar graduan onartua izatea; izan ere, proba gaindituta izateaz gain, kontuan izango dira eskaria egiteko eta ikasleak hautatu eta onartzeko kapitulu honetan ezarritako gainerako irizpideak.

3.– Proba horiek gainditu arren ikasleak ez badu matrikularik egiten, hurrengo urtean matrikula egin nahi izanez gero berriro egin beharko ditu probak. Era berean, proba hori beste unibertsitate batean gaindituta izan arren, titulazioa Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nahi dutenek berriro egin beharko dute EHUn.

4.– Arkitekturako GETko zuzendariak eta Letren Fakultateko eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko dekanoek eskuordetuta dute aipatutako proba antolatu eta garatzeko eta epaimahai kalifikatzailea izendatzeko ardura, Akademia antolakuntzarako errektoreordetzarekiko koordinazioan.

5.– Proba hauetan izena emateko epea 2012.eko apirilaren 23an hasi eta maiatzaren 9an amaituko da Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako gradurako, 2012.eko maiatzaren 2tik 7ra arte Arkitekturaren oinarrietako graduko proban eta maiatzaren 17tik 24ra bitartean Itzulpengintza eta interpretazioaren graduko probarako.

II. KAPITULUA
BIGARREN ZIKLORA SARTZEA

17. artikulua.– 1.– Bigarren ziklora sartzeko gestioa I. kapituluan eta ondorengo artikuluetan zehaztutakoaren arabera egingo da.

2.– Honako hauek dira sarbide motak:

a) Unibertsitateko lehenengo zikloko ikasketak gaindituta baina unibertsitateko titulurik ez izanda eta behar diren baldintzak beteta, eskaria egiten dutenak 2. zikloa baino ez duten ikasketak hasteko edo beste titulazio bateko bigarren zikloan sartzeko.

b) Unibertsitateko titulua edo parekoa duten ikasleak.

3.– Bigarren ziklo hauetan onartua izanagatik ere, ikasleak ez du zertan utzi hasita dauzkan ikasketen bigarren zikloa; bestela esanda, titulazio biak aldi berean egiteko aukera dute.

4.– Sartzeko eskariak espediente akademikoaren arabera ordenatuko dira, 10. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

5.– Prestakuntza-osagarri diren irakasgaiak ikasturte bakoitzeko irakats eskaintzan sartuko dira, eta plaza kupo bat aukera askerako utziko dira eta beste kupo bat ikasle berrientzat.

6.– Irakasgai horiek jatorrizko ikasketetako 1. zikloan egin ahal izango dira, aukera askeko eskaintzaren bitartez; edo, bestela, 2. zikloa baino ez daukan titulazioko beste irakasgaiekin batera. Azken kasu honetan ikaslea nahitaez matrikulatu beharko da gainditu gabeko irakasgaietan, gainditu arte.

7.– 2. zikloa baino ez daukaten ikasketetako prestakuntza-osagarri guztiak edo batzuk gaindituta izan arren, ikasleak ez du izango inolako lehentasunik 2. zikloa baino ez daukaten ikasketetan onartua izateko.

8.– Unibertsitateko ikasketen 1. ziklo bat gaindituta duten eta titulazio bereko 2. zikloa egin nahi duten beste ikastegi edo beste unibertsitate bateko ikasleek espedientea lekuz aldatzeko eskaria aurkeztu beharko dute zuzenean xede-ikastegian, 2012.eko uztailaren 2tik 6ra bitartean.

Ikastegietako dekano eta zuzendariek ebatziko dituzte eskaerok, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak onartutako irizpide objektiboei jarraiki. Irizpide horiek ikastegiaren web gunean emango dira argitara, eskaerak aurkezteko epea zabaldu baino lehenago.

III. KAPITULUA
IKASKETAK ALDI BEREAN EGITEA

18. artikulua.– 1.– Ikasketa desberdinak aldi berean egiteko eskariak onartuko dira baldin eta ikasleek gaindituta badaukate hasita daukaten titulazioko lehenengo maila osoa (plan zaharretan) edo 60 kreditu (plan berrietan) eta baldin eta matrikula-epeak behin amaituta bigarren titulazioan plazarik geratzen bada. Plazak baino eskari gehiago badago, hasitako ikasketetako kalifikazioen arabera ordenatuko dira.

UPV/EHUk berak hartarako aurreikuspenik egingo lukeen plangintza edo programaziorik ezarriko balu, litekeena izango litzateke ikasketak aldi batera egitea kasuan kasuko titulazioetako lehenengo ikastarotik.

2.– Ikasketa desberdinak aldi berean egiteko eskariarekin batera, hasita dauden unibertsitateko ikasketen ziurtagiri akademiko pertsonala eta unibertsitatera sartzeko probetako txartela aurkeztu beharko dira, UPV/EHUko ikasleek ez dute dokumentazio hori aurkeztu behar izango eta 2012.eko irailaren 3tik 4ra bitartean aurkeztuko campuseko errektoreordetzetan edo sarbiderako bulegoan.

3.– Lehenengo ikastarotik gorako ikastaroetarako, ikasketak aldi berean egiteko eskaria, ikasketak berriro hartu nahi diren ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko da, 2012.eko uztailaren 2tik 6ra eta ikastegiko dekano edo zuzendariak ebatziko ditu eskariok, errektoreak eskuordetzean emandako ahalmena erabiliz.

IV. KAPITULUA
MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK

Matrikula berriko irakasgaiak

19. artikulua.– Akademi ikasturte bakoitzean, 1. eta 2. zikloko titulazioetako ikasleek muga bat izango dute irakasgai berrietan matrikulatzeko, hain zuzen, titulazioaren kreditu-kopuru osoa zati titulazioaren urteak eginik, hortik ateratzen den emaitzaren ehuneko jakin bat, ikastegi bakoitzak ezarri beharrekoa. Ikastegiek ikasturte bakoitzeko maiatzaren 15a baino lehen jakinarazi beharko diote ehuneko hori Graduko Ikasketen Zerbitzuari. Hala egin ezean, aurreko ikasturteetan erabilitako ehunekoa erabiliko da. Graduko titulazioetako ikasleek aurreko ikastaro guztietan gainditzeke dituzten irakasgai guztietako matrikula egin beharko dute, matrikula daitekeen kreditu-kopururik handietan 60 izanik. Guztira, kreditu berriak eta errepikatutako kredituak batuta, ezin izango da 90 kreditu baino gehiagotan matrikula egin.

Hautazko irakasgaiak

20. artikulua.– 1.– Ikasleek ikasturte bakoitzean hautazko irakasgaiak aldatu ahal izango dituzte, nahiz eta aurreko ikasturteetan beroriek suspenditu edo haietara aurkeztu ez. Irakasgai berrietan zerotik hasiko dira kontatzen deialdiak, eta ikasleak egin dituen baina gainditu ez dituen irakasgaietan hurrengo ikasturteetan matrikulatzea baldintzapean geratuko da, gai horiek irakaskuntza eskaintzan sartu ala ez.

2.– Matrikulan eskaintzen diren hautazko irakasgaietarako muga bat dago bai irakasgai kopuruari bai talde bakoitzarentzako plaza kopuruari dagokionean, eta muga hori ikasturte bakoitzerako irakats eskaintzan zehaztuko da. Beraz, ez da nahastu behar ikasketa-planetan ageri diren hautazko irakasgaien kopurua, eta ikasturte bakoitzerako eskainitako hautazko irakasgaiena.

3.– Ikasle bakoitzak matrikula egiteko txanda heltzen zaionean aukeratuko ditu hautazkoak, 28. artikuluan matrikulen hurrenkerarako zehaztutako irizpideak erabilita.

4.– Ikastegiek plaza bermatu beharko diete ikasle guztiei hautazko irakasgaietan, euren ikasketa-planean euren mailarako ezarrita dauden kreditu guztietan matrikulatu ahal izan daitezen; era berean, automatrikula egitean ikasleek aukeratu ahal izateko adinako kopuruan eskaini beharko dituzte.

Irakasgai osagarriak edo gehiegizko kredituak

21. artikulua.– Titulazioko kreditu guztiak eginda izan arren, ikasleek aukera izango dute, automatrikularako epea amaitu eta gero, hautazko irakasgaietan eta aukera askekoetan matrikulatzeko, 19. artikuluan zehaztutako mugaren barruan, dekanotzak/zuzendaritzak aurretik baimena emanda, eta titulua jasotzeko eskaria egin aurretik.

Eskolarik gabeko irakasgaiak.

22. artikulua.– Desagertzeko bidean dauden ikasketa planetako irakasgaiak, eskolarik gabekoak, honela gestionatuko dira:

a) Plan horietako ikasketak egiten ari diren ikasleek nahitaez egin beharko dute gainditzeke dauzkaten irakasgaietako matrikula, desagertze bidean azken urtera heldu den mailako irakasgaiak direnean.

b) Irakasgai hauetarako deialdiak, oro har, bigarren lauhileko irakasgaiei dagozkienak izango dira. Honelakorik luketen ikastegietan, lehenengo lauhileko ohiko deialdia erabili gura duten ikasleek hala adierazi beharko dute ikastegietako idazkaritzetan, ikastegiek berek adierazitako epearen barruan. Idazkaritzek kasuan kasuko ebaluazio epaimahaiei jakinaraziko diete. Deialdia aurreratu baina azterketa gainditu ez duten ikasleek ikastegiko idazkaritzan esan beharko dute, maiatzaren 15a baino lehen, beste bi deialdietatik zein erabili gura duten. Ikasleak ezer esaten ez badu, ikasturte horretako bigarren deialdi bezala bigarren lauhilekoko ezohiko deialdia erabiliko duela ulertuko da.

c) Irakasgai horien kalifikazio-orriak eta aktak beste irakasgai guztietan erabilitako prozedura berberaren bidez eskuratuko dira.

d) Irakasgai horien azterketa-egunak ikastegi bakoitzak jarriko ditu deialdi bakoitzerako, eskolak dauzkaten irakasgaietarako prozedura berbera erabiliz.

Behin betiko matrikula

23. artikulua.– Ikasleek egindako matrikulak behin-behinekoz onartuko dira. Matrikula behin betikoa izango da egiaztatzen denean ikasleak betetzen dituela eskatu duen titulazioa egiteko behar diren baldintzak. Egiaztapena egingo da ikasleak matrikula egin eta LAU hilabetetako epean. Lau hiletako epe hori igarota ikastegiko dekanoak edo zuzendariak ez badu matrikula horren kontrako erabakirik hartzen, matrikula behin betiko onartutzat emango da. Dekano edo zuzendariaren erabakiaren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari.

Irakasleen Matrikula

24. artikulua.– Unibertsitateko irakasleen araubideari buruzko apirilaren 30eko 898/1985 errege-dekretuko 12. artikuluak hauxe dio: «unibertsitateko irakasle guztiek debekatuta izango dute eurak irakasle dauden ikastegietan ikasle gisa matrikulatzea».

Hala ere, diplomatu-titulua bakarrik daukaten unibertsitate-eskoletako irakasle titularrak lizentziaturako ikastaroetan matrikulatu ahal izango dira, edo, lizentziatuak izanez gero, doktoregoko ikastaroetan. Errektoreak beren-beregi eman beharko du horretarako baimena.

Matrikula bakarra

25. artikulua.– 2012-2013 ikasturterako matrikula bakarra izango da bi lauhilekoetarako, gradu amaierako lanerako matrikula izan ezik, berori gradu amaierako lanaren arautegian ezarritakoari jarraiki arautzen baita eta matrikularako epean egin ahal izango dena edo honetarako ireki litekeen besteren batean. Hori ezertan ukitu barik, 37. artikuluan aipatzen den bigarren matirkula aldia baino ezin izango da ireki, eta hala dagokionean besterik ez.

Halaber, ikastegiak matrikula aldatzeko ezohiko epea ezarri ahal izanen du, ikasleei lepora ezin dakizkiekeen arrazoiek eragindako kasuetarako. Ikastegiak iragarri beharko du bere web gunearen bidez, ezarritako epearen berri eta ikasleek matrikula aldatzeko zeintzuk aukera izango dituzten adieraziz.

Ikasleen banaketa nahitaezko irakasgaietako taldeetan

26. artikulua.– 1.– Matrikulatutako ikasleak nahitaezko irakasgaietako taldeetan banatu ahal izango dira hurrenkera alfabetikoaren arabera, ausaz edo ikaslearen nahiari jarraituz, ikastegiko batzarrak erabakitako irizpidearekin bat etorrita.

2.– Ikaslearen nahiaren arabera egitea erabakiz gero, ikasleek matrikula egitean aukeratu beharko dute taldea, egokitu zaizkion matrikula egun eta orduan lituzkeen aukeren arabera.

3.– Maila edo irakasgai batean matrikulatu ondoren, taldez aldatzeko eskaera egin ahal izango du ikasleak irakasgai konkretu batzuetarako, hizkuntza dela eta. Eskabideok ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak ebatziko ditu, eskura diren baliabideak oinarri hartuta.

Matrikula epeak

Lehenengo ikastaroko ikasleak

27. artikulua.– 1. ikastaroko ikasleek, dagokienaren arabera, honako epe hauen arabera egingo dute matrikula:

1. onespenekoak, uztailaren 16tik 20ra.

2. onespenekoak, uztailaren 23tik 24ra.

3. onespenekoak, uztailaren 26an.

4. onespenekoak, irailaren 3tik 4ra.

5. onespenekoak, irailaren 14an.

6. onespenekoak, irailaren 24an.

Lehenengo ikastarotik gorako ikasleak

28. artikulua.– 1.– Matrikula irailaren 3tik 14ra egingo da, bi egunok barne. Ikasleak edo haren ordezkari akreditatuak matrikula egingo ez balu adierazitako egun eta orduan, espedientearen arabera daukan lehentasuna galduko luke.

Uztailean matrikularako epea ireki ahal izango da, ikastegiek eskatuta, bertako irakaskuntzaren plangintzak hala eskatu eta arrazoitzen badu. Eskaera Akademi antolakuntzarako errektoreordetzara igorriko dira eta honek ebatziko du.

2.– Ikasleek, esan bezala, automatrikula egingo dute, horretarako jarriko den ikasgelan edo beste edozein lekutan, Interneten bidez. Ikasle bakoitzak aukeratu ahal izango du bere orduan eskaintzen diren hautazko eta aukera askeko irakasgaien artean, ikastegian onartutako irakats eskaintzaren arabera betiere.

3.– Matrikula egiteko egun eta orduaren jakinarazpen ofiziala Interneten bidez egingo da, 2012.eko abuztuaren 30ean, unibertsitatearen web orrian.

4.– Ikasle bakoitzak matrikula zein egun eta ordutan egin behar duen zehazteko, 2012.eko abuztuaren 29an unibertsitateak ikasle guztiak ordenatuko ditu espedientean data horretan azaltzen diren kalifikazioetan oinarrituta eta matrikula-ordena handienak izango du lehentasuna. Ondoko formula hau erabiliko da ikasleak ordenatzeko:

Matrikula ordena MO = A-ren % 25 + M-ren % 25 + F-ren % 50, non

A = Gainditutako irakasgaien kalifikazioa baloratzen duen koefizientea den (ikasitako espedientearen batez bestekoa).

M= Matrikularen urtean izandako errendimendu akademikoa neurtzen duen faktorea den (ordenatze-egunerako ikasturte horretan gainditutako kredituak/ikasturte horretan matrikulatutako kredituak).

F = Titulazioa bukatzeko gradua definitzen duen (ordenatze-egunerako gainditu dituen kredituak/titulazioko kreditu guztiak).

Matrikula egiteko epea uztailean irekiko balitz, matrikula formalizatzeko egun eta ordua jakinarazteko komunikazio ofiziala behar besteko aurrekotasunaz egingo da, bai eta ikasleen ordenatzea ere, eguna eta ordua esleituko bazaizkio.

Ikasketei berriro ekin eta 2011-2012 ikasturtean matrikularik egin ez duten ikasleak:

29. artikulua.– Ikasketei berrekin eta 2011-2012 ikasturtean matrikulatu ez diren ikasleek, bai eta lekualdaketa eginda onartuak izan direnek ere, 2012.eko irailaren 10etik 23ra bitartean egingo dute matrikula ikastegiko idazkaritzan.

Matrikula egiteko aurkeztu behar diren agiriak

30. artikulua.– 1.– Lehenengo mailan lehendabiziko aldiz matrikulatzen diren ikasleek, edozein izanda ere titulazioa, honako agiriak aurkeztu behar dituzte:

a) Datu estatistiko eta ekonomikoen inprimakia.

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Argazki bat, atzean izena eta deiturak idatzita.

d) Matrikularen ordainketa helbideratzeko inprimakia.

e) Matrikulako prezio publikoetatik salbuetsita egoteko edo prezio murriztua ordaintzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, ikasketa zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak onartzen duen aginduaren arabera.

f) Beka eskatuz gero, eskaeraren inprimakia edo eskaeraren frogagiria.

g) Gizarte Segurantzan alta emanda egotearen agiria, eskola asegururako.

2.– Aurrekoaz gain, erabilitako sarbidearen arabera, ikasle bakoitzak honako dokumentuok aurkeztu beharko ditu:

– Unibertsitatera sartzeko probako ikasleak:

h) Unibertsitatera sartzeko probako kalifikazio behin betikoaren txartelaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa.

i) Ohorezko matrikula globala lortu duten LOGSEko ikasleek horren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

j) Espedientea lekuz aldatzeko (matrikulatuta egon den unibertsitate edo ikastegitik aldatzeko) gastuak ordaindu izanaren agiria, UPV/EHUko ikasleak izan ezik.

– Lanbide hezkuntzako ikasleak, ikasle titulatuak, 2. ziklora sartzera doazenak:

k) Ikasketen ziurtagiri pertsonalaren, kalifikazio liburuaren edo kasuan kasuko titulaziora sartzeko bidea ematen duen tituluaren fotokopia erkatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa.

l) Unibertsitatera sartzeko probaren atal espezifikoko kalifikazioa alegatuko dutenek agertu beharko dute proba horretako behin betiko kalifikazioaren txartelaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa.

3.– Lehenengo ikastarotik gorako ikastaroetan matrikulatu beharreko ikasleek eta errepikatzaileek honako agiriok aurkeztu behar dituzte, kasuan kasu:

a) Datu ekonomiko eta estatistikoen inprimakia (aurreko ikasturtean matrikulatuta egon ez diren ikasleek besterik).

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Matrikulako prezio publikoetatik salbuetsita egoteko edo prezio murriztua ordaintzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, ikasketa zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak onartzen duen aginduaren arabera.

d) Lehen matrikulatuta egon diren unibertsitate edo ikastegitik espedientea lekuz aldatzeko gastuak ordaindu izanaren gordekina (unibertsitate honetako ikastegi batetik bestera edo beste unibertsitate batetik hona aldatutako ikasleentzat besterik ez).

e) Gizarte-Segurantzako afiliazio-agiria eskola asegururako (beste unibertsitate batetik hona aldatu direnek beste inork ez).

f) Beka eskatuz gero, eskaeraren inprimakia edo eskaeraren frogagiria.

Erasmus programako edo antzeko nazioarteko programetako ikasle atzerritarrak

31. artikulua.– Ikasle hauek ez dute UPV/EHUn matrikularik ordaindu beharko, zeinek bere unibertsitatean ordainduta izango baitu.

Honako agiriok aurkeztu beharko dituzte:

a) Erasmus ikasle atzerritarrek edo antzekoek UPV/EHUn izena emateko inprimakia (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak egingo dituen irakasgaiak, espedientean alta emateko).

b) Nortasun agiriaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Argazki bat.

d) Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.

e) E-111 dokumentuaren fotokopia edo, ezinezkoa balitz, aseguru indibidualaren erreferentzia.

Sicue-Seneka edo antzeko programen bidez beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleak

32. artikulua.– Ikasle hauek ez dute UPV/EHUn matrikularik ordaindu beharko, zeinek bere unibertsitatean ordainduta izango baitu.

Honako agiriok aurkeztu beharko dituzte:

a) Sicue-Seneka edo antzeko programetako ikasleek UPV/EHUn izena emateko inprimakia (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak unibertsitate honetan dagoen bitartean egingo dituen irakasgaiak, bere espedientean alta emateko).

b) Nortasun agiriaren fotokopia.

c) Argazki bat.

d) Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.

e) Eskola aseguruaren ordainagiriaren fotokopia edo, ezinezkoa balitz, aseguru indibidualaren erreferentzia.

Behin-behineko matrikula

33. artikulua.– Beste unibertsitate batean onartua izateko zain dagoela agiri bidez frogatzen duen ikasleak behin-behineko matrikula egin ahal izango du UPV/EHUn, bertako prezio publikoak behin betiko matrikula egitean ordainduz.

Matrikula ordaintzea

34. artikulua.– 1.– Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak zehaztuko du akademi urte bakoitzerako.

2.– Prezio publiko murriztuak ordaintzeko edo preziook ordaintzetik salbuetsita egoteko eskubidea izateko, matrikula egiteko epearen barruan bete eta egiaztatu beharko dira horretarako baldintzak.

3.– Ikasle bakoitzak matrikulagatik ordaindu beharreko zenbatekoa matrikula egiteko momentuan kalkulatuko da automatikoki.

4.– Matrikula ordaintzeko erak:

a) Ikasleak unibertsitateari kontu zenbaki bat eman eta ordainketa horra helbideratzea. Matrikularen ordainketa helbideratzeko azken eguna ikasturte bakoitzeko otsailaren 28a izango da.

b) Matrikula egiten duenean ikasleari ematen zaion ordainagiri pertsonalizatuaren bidez, eta prezioen aginduan zehaztutako epeetan, ikasleak epeka ordaintzea erabakitzen badu. Matrikula orrian adierazten diren hiru aurrezki kutxetako batean sartu beharko dute dirua.

Aurrezki kutxak zigilua ipiniko du ordainagirian eta baliozkotu egingo du hala egindako ordainketa. Ikasleak ordainketa egin bezain laster, jatorrizko ordainagiria eraman beharko du ikastegiko idazkaritzara. Ikasleak ordainagiriaren bere kopia gorde beharko du, ordainketaren ziurtatzeko. Ikastegietako idazkaritzek ordainagiri pertsonalizatuaren jatorrizkoa baino ez dute onartuko ordainketa egiaztatzeko.

5.– Ikasleak epeka ordaintzea erabakiz gero, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoei buruzko aginduan zehaztutako epeak errespetatu beharko ditu.

6.– Matrikula egitean pertsona batek matrikula ordaintzen ez badu beka baten zain dagoelako, eta gero beken epaimahaiak beka behin-behinekoz ukatzen badio, matrikulako dirua ordaindu beharko du, nahiz eta beka ukatzearen kontrako alegazioak aurkeztu.

7.– Ikasketa plana desagertu egin delako egokitu diren irakasgaiek ez dute kosturik izango, prezioen aginduak bestela zehazten ez badu bederen.

8.– Matrikula hedatzeagatiko ordainketetan eta beka ukatzen denean, ezin izango da zatika ordaindu.

9.– Ezohiko ebaluazio-probaren kalifikazioen zain dauden ikasleek bi epetan ordaindu beharko dituzte beti «behin-behineko» matrikulak, salbu eta matrikulan ordaindu beharreko kopurua txikiagoa denean prezioen aginduan epeka ordaintzeko zehaztutako gutxienekoa baino. Lehenengo epea behin-behineko matrikularen arabera kalkulatuko da. Ikaslea kalifikatu eta behin betiko matrikula zein izango den jakin ondoren, automatikoki kalkulatuko da bigarren epean ordaindu beharreko diru kopurua.

Matrikula baliogabetzea

35. artikulua.– 1.– Euskal autonomia-erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko legearen testu bateratua onartu zuen irailaren 11ko 1/2007 legegintzako dekretuak 34.6 artikuluan dioenaren arabera, nahiz eta ikasleek legeak agindutako epe eta moduan eskatu matrikula baliogabetzea, ez zaio inolaz ere itzuliko ordaindutako dirua.

2.– Matrikularen prezioaren zatiren bat edo ezer ez ordaintzeak matrikula baliogabetzea ekarriko du, eta ikasleak ez du eskubiderik izango dirurik bueltan jasotzeko, hori guztia iraute arauetan ezarritakoari jarraiki.

3.– UPV/EHUk ikusiko balu ikasleak ez duela betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, ezetsi egingo du matrikula egiteko eskaria, eta ordaindutako dirua itzuliko dio ikasleari.

4.– Ikasturte bakoitzean ikasleek abenduaren 31 arteko epea izango dute matrikula baliogabetzeko. Kasu guztietan oro baliogabetzea matrikula osoarena izango da, baliogabetze partzialik edo irakasgai solteenak ezin egin daitekeelarik. Data horretatik aurrera ez da baliogabetuko matrikularik, baldin eta unibertsitateak baimena beren-beregi ematen ez badu, ikasleak eskaera egin eta gero.

5.– Tasak ez ordaintzeagatik matrikula baliogabetzen zaien ikasleek ez dute bueltan jasoko ordaindutako dirua eta ordaintzeke dituztenak unibertsitatearen aldeko zortzat hartuko dira, interesatuari jakinaraziko zaion erabaki batean jasoko dena.

6.– UPV/EHUrekin zorrak dituztenek ezin izango dute aurrerantzean beste matrikularik egin. Halaber, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ez eta espediente akademikoari buruzko informaziorik ere. Era berean, ezin izango dituzte UPV/EHUren zerbitzuak erabili.

7.– Unean uneko ikasturteko matrikula berreskuratu nahi duten ikasleek maiatzaren 1a baino lehen ordaindu beharko dute zor duten dirua.

8.– Egun horretatik aurrerako ordainketek ez dute inolaz ere eskubiderik emango indarrean dagoen ikasturteko matrikula berreskuratzeko eta 6. puntuan aipatutako eskubideak berreskuratzeko besterik ez dute balioko.

9.– Matrikula baliogabetu duten ikasle berriek berriro eman beharko dute izena unibertsitatean ikasketak egiten hasi nahi badute.

10.– Ikasle bekadun moduan matrikulatzeko, bekaren deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak matrikula egiterakoan bete beharko ditu ikasleak, eta aurretik beka-eskaera egina eduki beharko du. Matrikulatzerakoan beka-eskaeraren agiria aurkeztu beharko du, matrikulatzeko behar diren beste dokumentuekin batera. Bestela, matrikulako prezioak ordaindu beharko ditu, nahiz eta horrek ez duen eragotziko beka eskatzea.

Hala ere, ikasle batek eskakizun akademikoak betetzeagatik bekadun moduan egin badu matrikula eta ondoren beka ukatu egin bazaio eta ukoa jakin ondoren matrikula baliogabetzea eskatzen badu, ikasle hori ez da zorduntzat hartuko.

Matrikula lehenengo epean egiten duten ikasleak berriak badira eta matrikula egiterakoan bekaren gordekinik ez badute, ikasle ez bekadun gisa matrikulatuko dira. Behin beka eskaria eskuratuta, matrikula egin den ikastegiko idazkaritzan aurkeztu behar dute, matrikula eguneratzeko bekadun gisa.

Ohorezko matrikulak

36. artikulua.– Ohorezko matrikulak prozedura honen arabera gestionatuko dira:

a) Irakasgaietan ohorezko matrikulak eman ahal izango dira, matrikula bat hogei ikasletako multzo bakoitzeko edo hogei ikasletatik beherako ikasle multzo bakoitzeko, irakasgai bateko ikasle guztiak zenbatzeko, akta bakarra aintzat hartuz, leudekeen taldeak egonda ere.

b) Ohorezko matrikulak eskubidea ematen du matrikulan deskontua izateko, baina hori aplikatzen da ikasketa berberetan egiten den hurrengo matrikulan, edo lehenengo zikloa egin ondoren bigarren zikloko ikasketak hastean.

Murrizketa horiek UPV/EHUko ikasleei aplikatuko zaizkie, ez beste inori, ez eta beste unibertsitateetatik datozenei ere, izan publikoa zein pribatua.

c) Plan zaharretik plan berrirako egokitzapenen kasuan, deskontua egingo da zenbat kredituren parekoa den ohorezko matrikulaz gaindituriko plan zaharreko irakasgaia.

d) Batxilergoko irakasgaietan lorturiko ohorezko matrikulek ez dute murrizketarako eskubiderik ematen. Kalifikazio orokorra ohorezko matrikula denean baino ez dute izango ikasleek matrikula ez ordaintzeko eskubidea unibertsitatean lehenengo aldiz matrikulatzean.

Bigarren matrikulaldia

37. artikulua.– Bigarren lauhilekorako bigarren matrikulaldia zabaltzen duten ikastegiek ikastegiko batzarrean onartu beharko dute horretarako erabakia. Matrikula berri hori idazkaritzetan egingo da, 2013ko otsailaren 15 baino lehenago. Bigarren matrikulaldia irakasgai hauetarako baino ez da zabalduko:

a) Aldez aurreko baldintzak dauzkaten irakasgai edo ikastaroak.

b) Hautazko irakasgaiak eta aukera askekoak, plaza hutsik baldin badago.

c) Enborreko irakasgaiak eta nahitaezkoak, ikastegiko batzarrak hala onartu badu.

V. KAPITULUA.
IRAKASKUNTZA-IKASKUNTZAREN PLANGINTZA ETA EBALUAZIOA

Irakaskuntza-ikaskuntzaren plangintza

38. artikulua.– Berdintasuna, irakaskuntzaren baldintzetan eta irakaskuntzaren gestioan.

Ikastegiko zuzendaritza arduratuko da ikastegian ematen diren titulu eta espezialitateen ikasketak berdintasunez gestionatu eta pareko baldintzetan irakats daitezen.

39. artikulua.– Hezkuntza-programa eta irakaskuntza-gidak.

1.– Akademi ikasturterako matrikula epea ireki aurretik, ikastegiak argitaratuko du bere web gunean titulazioen plangintzari buruzko informazioa eta, honen barruan, ikasleak ikasketa eta ikaskuntzan egin beharreko arduraldiaz arituko da ECTS kredituetan, aurreikusitako irakasleak eta irakasgai bakoitzerako eskaini beharreko ordu banaketa zehaztuz. Halaber, ikasleen esku jarri beharko du, sailek ikastegiko titulazioetan irakasten diren irakasgaiei buruz onartutako irakaskuntza gida, bai eta ebaluazio proben egutegia eta bestelako irakaskuntza jarduerak ere.

2.– Irakasgaien irakaskuntza gidetan, gutxien dela, hezkuntza helburuak, programa bera, programatutako jarduerak eta ebaluaziorako irizpideak agertuko dira, azken hauen kasuan, hala behar izanez gero, proba bakoitzaren haztapena ere. Hezkuntza helburuek, programatutako jarduerek eta ebaluaziorako irizpideek elkarrekiko koherentzia agertu beharko dute. Irakasgaiaren oinarrizko programa talde ezberdinetako ardura duten irakasleek adostu beharko dute. Ados jartzen ez badira, Saileko Kontseiluak, irakasgaia ematen duten irakasle guztiei entzun ondoren, denek eman beharreko gaiei buruzko erabaki arrazoitua hartuko du, bai eta onartuko diren salbuespenei buruzkoa ere.

3.– Ikastegiak behar besteko aurrekotasunez jasoko dute sailetatik jaso beharreko informazioa.

4.– Ikastegiak ikasgelako jardueraren ordutegia argitaratu beharko du (eskola magistralak, mintegia, ikasgelako praktikak edo ikasgelan egin beharreko beste edozein jarduera) eskola-astetan antolaturik. Behar-beharrezkoa izango da, nolanahi ere, irakaskuntza magistralerako ordutegia ezartzea. Irakaskuntzaren beste mota batzuen programazio zehatza aurreikusi ezin balitz, gutxienez, hauen inguruko aurreikuspenak finkatu beharko dira.

5.– Eskoletako zuzendariek eta fakultateko dekanoek, bertako baliabideen heinean, talde bidaiak eta ikasketa bidaiak egitea erraztu eta bultzatuko dute. Bidaiok behar besteko aurrekotasunaz programatuko dira, behar bezala antolatzeko eta beharrezko baimen akademikoak eta balizko laguntzak eskuratzeko.

6.– Argitaratutako programazioaren barruan, programatutako jarduera bakoitzaren ardura izanen duen irakaslearen izena agertuko da.

7.– Matrikulaturiko ikasleek talde jakin batean sartzeko eskaria egin ahal izango dute, ikastegi bakoitzak horretarako zehaztutako epean. Eskarien kopurua taldeko plazen kopurua baino handiagoa izango balitz, ikasleak irizpide objektiboen arabera banatuko dira taldeetan. Irizpideok argitara emango dira taldez aldatzeko eskariak egiteko epea hasi baino lehen. Edozelan ere, 5. eta 6. deialdietako ikasleek izango dute lehentasuna.

8.– Sail edo ikastegiek ikasleak ezagutzeko bana ditzaketen identifikazio fitxak betetzea borondatezkoa izango da ikasleentzat. Edozein kasutan, fitxa honek ikaslea identifikatzeko ezinbesteko datuak besterik ez du jasoko, hau da: argazkia, izen-deiturak, ikastaroa, irakasgaia eta telefonoa.

40. artikulua.– Irakaskuntzaren antolaketarako plana.

1.– Ikastegiko dekanotza edo zuzendaritzak hurrengo ikasturterako irakaslana antolatzeko plana jakinaraziko die zerikusia duten sail guztiei. Sailek, berriz, ikastegi bakoitzean eskolak ematen dituzten irakasle guztien irakaslanen behin betiko esleipena jakinaraziko dio ikastegi bakoitzari, tutoretza-orduak barne. Azken informazio hau lauhileko bakoitza hasi baino lehen argitaratuko da ikastegiaren web gunean.

2.– Ikastegi eta sailaren arteko harremanak errazteko, sailak ordezkari bat izendatuko du irakaskuntza eskaintzen duen ikastegi bakoitzean, ahal bada arduraldi osokoa. Sailak pertsona horren izena jakinaraziko dio ikastegiko zuzendaritzari. Ikastegi bakarrean irakasten duten sailen kasuan, ordezkaria saileko zuzendaria bera izango da. Ikastegi batean baino gehiagotan irakasten duten sailen kasuan, berriz, ordezkari hori sailaren barne arauei jarraiki izendatuko da, baina, betiere, ikastegian eskolak eman eta ikastegiari atxikitakoa izango da.

3.– Ikasleek eskubidea dute akademia ikasturtean zehar laguntza eta orientazioa jasotzeko ikasketa prozesuan barrena, xede honetarako tutoretzen bidez.

Ezarritako tutoretza erregimena ikasturte osoan mantendu beharko da, azken deialdia egin eta burutu arte. Tutoretza ordutegiak lauhileko bakoitza hasi baino lehen argitaratuko dira eta, beroriek aldatu ahal izateko, ikastegiko zuzendaritzaren edo dekanotzaren baimena beharko da eta, gutxien dela, aldaketak indarrean jarri baino 3 eskola egun lehenago argitaratu beharko dira.

4.– Irakats eskaintza egitean talde bakoitzeko irakasleen izenak eta NAN zenbakiak sartu beharko dira akademia antolakuntzako datu basean, kalifikazio orrietan eta aktetan datu horiek ager daitezen, nahiz eta horrek ez duen eragotziko 45.4 artikuluaren arabera beharrezkoak izan daitezkeen aldaketak.

41. artikulua.– Koordinazio erregimena.

1.– Graduko tituluetan, titulazioaren koordinazioa eta jarraipena bermatu ahal izateko, ikastegiko batzarrak titulazioko koordinatzailea izendatuko du, bai eta ikastaro edo moduluko koordinatzaileak ere. Ikastaro edo moduluko koordinatzaileak ikastaro edo moduluko gaitasunen garapenaz arduratuko dira eta ikasketa taldeen koordinazioa, ikaslearen lanaren banaketa orekatua eta hezkuntza prozesuaren hobekuntza jarraiturako proposamena ere, ikastaro edo moduluan zehar jasotako datu eta segurantzetan oinarri hartuta.

2.– Ikastegiak ahaleginduko dira, ordutegiak zehazterakoan, gutxienez, astean bi ordutako tartea beste jarduera mota batzuetan taldeka jardun ahal izateko.

Ikaskuntzaren ebaluazioa

42. artikulua.– Ebaluazioaren printzipio nagusiak.

Ikasleek berdintasuna eta justizia bermatuko dituen ebaluazioa izateko eskubidea dute, jasotako irakaskuntza-mailaren arabera.

43. artikulua.– Ebaluatzeko metodoak.

1.– Ikasleen gaitasunak eta jakintzak ebaluatzeko, ebaluazio etengabearen prozesua, azken ebaluazioaren bidezkoa edo balioespen mistoaren bidezkoa (azken bion konbinazioa) baliatu ahal da, nahiz eta balioespen jarraituranzko joera lehenetsiko den.

Gardentasuna eta ekitatea bermatzearren, sistema bakoitzean edo ebaluazio-tresna bakoitzean erabilitako balioespenerako irizpideek agerikoak eta argitaratuak beharko dute izan.

Edozelan ere, ebaluazioa beti izan beharko da aurretik ezarritako eta akademi ikasturte bakoitza hasi baino lehen argitaratutako irizpideen araberakoa.

a) Etengabeko ebaluazioa.

Etengabeko ebaluazioa da, irakaskuntza-gidetan definitutako prozesu, tresna eta estrategia didaktikoen multzoa, irakaskuntza-ikaskuntzaren prozesuan zehar modu progresiboan aplikatu beharrekoak. Ebaluazio sistema eta tresna hauek askotarikoak izan daitezke oso: jardueretan parte hartzea, praktikak, ahozko eta idatzitako lanak, kasuei buruzko txostenak, proiektuen garapena, problema ireki eta praktikoen ebazpena, irakaskuntza karpeta bat eta bestelako ebaluazio proba; eta, edonola ere, gaitasun espezifiko eta zeharkako guztien garapena bermatu behar da eta irakasgaiaren irakaskuntza gidak agertu beharko ditu.

b) Ebaluazio mistoa.

Irakasgai bat ebaluazio mistoaren bidez kalifikatuko da, baldin eta gutxien dela programaren % 30 etengabeko ebaluazioaren sistemaren bidez balioesten bada. Etengabeko balioespen hau azken proba batek osatuko du, unibertsitatearen akademi egutegian ezarritako epearen barruan egin beharrekoa. Balioesteko mota bakoitza balioesten duen programaren portzentajearen araberakoa izango da.

c) Azken ebaluazioa.

Ikasleari, justifikatutako arrazoiengatik (lanari lotutako arrazoiak, genero indarkeriaren biktimak, erditzea, adopzioa, ume harrera edo hiru urtetatik beherako seme-alaba edo minusbaliatutako pertsonak izatea bere kargura; % 33ko ezintasun maila edo handiagoa duten ikasleak; goi-mailako kirolaria; bidaiak edo denbora asko eskatzen duten kultur eta arte-jarduerak; goi mailako beste ikasketa batzuekiko bateragarritasuna; eta mota desberdinetako karguekiko bateragarritasuna: kargu politikoak, sindikalak, ikasleen ordezkaritza, elkarteetakoak, GKEkoak edo beste batzuk) ezin bazaio egin etengabeko ebaluazioa, bukaerako proba bakarra egingo zaio, irakasgaiko jakintzak eta gaitasunak bereganatu dituela egiazta dezan. Proba horrek, egiten den moduan egiten dela, irakasgaiko notaren % 100 balio beharko du.

Irakasgaiaren ezaugarri eta edukiengatik etsaminaz gain irakasgaiaren beste alderdi batzuk gainditu behar badira, praktikak esaterako, bukaerako probaz gain kontuan hartuko beharko da beste alderdiak gainditu diren ala ez.

2.– Berdintasuna bermatzearren, irakasgai bereko irakaskuntza gidek balioespenerako irizpide komunak ezarriko dituzte ikasle talde ezberdinetan baliatzekoak, urteroko irakaskuntza gidalibururako programazio eta ebaluazio irizpideen onartzea saileko kontseiluaren eginkizuna izanik.

Ezin izango da irakasgaiaren ebaluazioa egin irakasleek behar beste landu ez dituzten gaien inguruan, nahiz eta gaiok irakasgaiaren programan agertu.

3.– Ebaluazio-probak, bai eta UPV/EHUra sartzeko probak ere, egokitu beharko dira minusbaliotasunik duten ikasleen premietara, sailek eta ikastegiek metodologian, egutegian eta eremuetan egin beharreko egokitzapenak egin beharko dituztelarik.

Egoera hauek aintzat hartzeak ez du inolaz ere probaren edukia aldatzea ekarriko eta eguna ere berbera izan beharko da.

4.– Ebaluazio proben programazioa ezin izango da aldatu, ez bada, proba behar bezala egitea ezinezko bihurtuko lukeen ustekabeko ezintasuna gertatzen. Salbuespenezko egoera hauen aurrean, titulazioetako arduradunek egin beharreko kontsultak eginen dituzte ukitutako irakasle eta ikasleekin, zuzenean edo ordezkarien bitartez, gehien dela, 5 egunen epean programazio berri bat proposatzeko.

5.– Ebaluazio proba egiteko ordu ofiziala iritsita, lehendabiziko hamabost minututan zehar, dei egindako ikasleei sartzen utziko zaie baldin eta berandu iritsia ezinbesteko arrazoiengatik justifikatzen badute (garraio greba, baldintza meteorologikoa edo bestelakoa). Alegatutako kausa orduan egiaztatu ezin bada, gerora eskatu ahal izango zaie ikasleoi berori egiaztatzea. Halaber, hamabost minutu hauetan zehar ez da ikaslerik aterako etsaminako ikasgelatik.

Ebaluazio probak egin bitartean, irakasleak edozein unetan eskatu ahal izango die identifikazioa bertaratutako ikasleei eta hauek, ikaslearen txartela, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo, hauen ezean, ebaluatzailearen iritziz, akreditazio nahikoa erakutsi beharko dute.

Ikasleek, eskatuz gero, ebaluazio probara joan izanaren ziurtagiria jasoko dute.

6.– Nahitaez egin beharreko praktikak dauzkaten graduetan, ikasleak urtean deialdi bakarra izango du praktiketako irakasgaia gainditzeko, baldin eta eskola horiek ematen dituzten ikastegiek euren deialdi-sistema ezartzen ez badute. Bestelako deialdiok, beti ere, helburu akademikoak bete izana bermatu beharko dute.

7.– Unibertsitate ordezkaritzarako organo bilduen bileretara joateagatik edo unibertsitateko arautegietan aurreikusitako arrazoiengatik, programatutako ebaluazio probetara joan ezin diren ikasleek eskubidea izango dute proba hauek egin ahal izateko beste egun eta ordu bat jar dakizkien.

Unibertsitateak ahaleginak egingo ditu, beren arautegiari eta autonomia erkidegokoari jarraituz, etsaminen garaian eta etsaminen aurreko egunetan bilerarik ez jartzea.

44. artikulua.– Ahozko probak eta probak egiteko erregimena.

1.– Programa litezkeen ahozko ebaluazio probak publikoak izango dira eta ikasleek, zeinek berea, balioespen proba grabatzeko eskatu ahal izango du.

2.– Ariketaren batean ikasleak iruzurrik egingo balu, horrek «gutxiegi» kalifikazioa ekarriko lioke ariketa horretan, izan litzakeen bestelako erantzukizunez gain.

45. artikulua.– 1.1.– Kalifikazioen argitarapena.

Irakasleek azken proben kalifikazioak argitaratuko dituzte ariketa egin eta 10 egun naturalen epean. Horretarako, unibertsitateak beren esku jartzen dituen baliabide informatikoak erabiliko dituzte. Dena dela, nahi izanez gero, iragarki-oholetan ere argitaratu ahal izango dituzte. Hala egitera, ikasleak NAN zenbakiaz identifikatuko dira, huts-hutsean. Era batera zein bestera, argi agertu beharko da argitaratze-data, kalifikazioak berrikustea eskatzeko epea ezartzeari begira.

Berrikusketa pertsonala eta banakakoa izango da eta irakasle kalifikatzaileak edo irakasgaiko koordinatzaileak eman beharreko ahozko azalpen guztiak emango ditu, betiere ikasle minusbaliatuen premia espezifikoetara moldatuta. Ebaluazioa epaimahai bidez egin bada, ikasle ebaluatuak eskubidea izango du ariketak bere aurrean berrikus daitezen.

Edonola ere, uztaileko deialdiko kalifikazio prozesu osoa hilabete horren barruan egin behar da.

1.2.– Aktak.

Irakasgaiaren aktetan ikasleak lorturiko kalifikazioak agertuko dira. Akta hauek, behar bezala beteta, ikastegiko zuzendaritzara bidaliko ditu irakasleak. Orduan idazkari akademikoak irakaslearen sinadura egiaztatuko du eta kalifikazioak berehala argitaratuko dira UPV/EHUko web orrian, ikasleek ikus ditzaten. Dena dela, nahi izanez gero, iragarki oholetan ere argitaratuko dituzte. Hala eginez gero, ikasleak NAN zenbakiaz bakarrik identifikatuko dira. Aktetan akatsik antzemango balitz, beroriek zuzentzeko diligentziak erantsiko litzaizkioke aktari behealdean.

Sinadura elektronikoa erabili nahi bada eta aktan irakasle arduradun bat baino gehiago badago, bide hori erabiltzeko beharrezkoa izango da akta sinatu behar duten irakasle guztiak ados jartzea.

1.3.– Irakasleen arau haustea kalifikazioak ez bidaltzearengatik.

Akademia antolakuntzarako errektoreordetzak epe hauek bete ez dituzten irakasleen zerrenda bidaliko die dagokien sailei. Kalifikazioak dagokion datan argitaratzen ez badira, unibertsitateak hartu beharreko zenbait neurri har litzake, UPV/EHUko Estatutuei jarraiki. Hori alde batera utzita, ikastegietako zuzendaritzak edo dekanotzak oharra bidali ahalko die eginbehar hori bete ez duten irakasleei. Akta sinatu behar duen irakasleak dena delako arrazoiengatik sinatu ezin balu, irakasgaiaren ardura daukan sailak ordezko irakasle bat izendatuko luke akta sinatzeko, aurreko puntua betetzeari begira.

2.– Ikasle guztiek kalifikazioen doaneko ziurtagiria jaso ahal izango dute, eskatuz gero. Dokumentu horretan jasoko dira ikaslea ikasturte horretan matrikulatuta egon den irakasgaien kalifikazioak, informaziorako baino ez da izango eta ikastegiko idazkaritzak emango du, administratzaileak edo idazkaritzaren buruak sinatuta.

46. artikulua.– Kalifikazio sistema bateratua edo epaimahai bidezkoa.

1.– 47. artikuluan aurreikusitakoa eragotzi barik, 1. deialditik 4. deialdira bitartean, irakasgai bateko taldeek irakasle desberdinak dauzkatenean, irakasleok kalifikazio-sistema bateratua erabili ahal izango dute. Kasuotan irakasle bakoitzak bere taldeenak sinatuko ditu. Kasuotan irakasle bakoitzak bere taldeenak sinatuko ditu.

2.– Aurreko zenbakian aurreikusitakoa gorabehera, eta kasu berberetarako, ikastegietako arautegiek ebaluazio bateratua ezarri ahal izango dute 1., 2., 3. eta 4. deialdietarako. Ebaluazio bateratu hori kasuan kasuko irakasgaiko hiru irakaslek, edo guztiek, osatutako epaimahaiaren bidez egingo da. Epaimahaiok baldintza hauek bete beharko dituzte:

Epaimahaiak irakasgai bereko taldeetako irakasleek osatuko dituzte. Taldeetako irakasleak epaimahaia osatzeko behar diren kideak baino gutxiago direnean, epaimahaia osatuko da ikastegian jakintza arlo horretan kategoria handiena eta antzinatasun handiena duen irakaslearekin.

Epaimahaian talde bakoitzeko irakaslea egon beharko da nahitaez.

Irakasgaia ematen duten irakasleak epaimahaia osatzeko behar diren kideak baino gehiago direnean, honakoek osatuko dute epaimahaia: taldeko irakasle arduradunak, ikastegian kategoria altuena daukaten irakasleek eta, horien artetik, antzinatasun handiena duten irakasleek, epaimahaiko kide guztiak osatu arte.

Kategoria handiena eta arloan (edo bestela, administrazioan) antzinatasun handiena daukan irakaslea izango da epaimahaiaren buru. Epaimahaiaren osaera ikasturteko lehen hiruhilekoan argitaratuko da.

Kasu hauetan, bai kalifikazioak (sailetako iragarki oholetan argitaratuko direnak) bai aktak, talde bakoitzeko irakasleak eta epaimahaiaren buruak sinatuko dituzte.

3.– Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdietako epaimahaiak ikastegiko batzarrak izendatuko ditu ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan, sailei entzun eta gero. Hauek saileko hiru irakaslek osatuko dituzte, ahal dela irakasgaiari dagokion jakintza arlokoak eta kontuan izanda irakasgaia zein hizkuntzatan ematen den; probaz gain, epaimahaikideek ikaslearen historiala eta gainerako gorabehera akademikoak hartuko dituzte kontutan. Epaimahaia osatuko duten pertsonen zerrenda ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan jarriko da jendaurrean.

4.– Lehenengo eta laugarren deialdien artean diren UPV/EHUko ikasleek epaimahai aurreko ebaluazioa eskatu ahal izango dute. Ondoriotarako, epaimahaia 5. eta 6. deialdietarako osatutakoa izango da edo, hala balegokio, 1. eta 4. deialdietarako osaturikoa, ikastegiko arautegian halakorik osatzeko aukera aurreikusten denean. Epaimahai bera arituko da aplikatu beharreko arautegian abstentziorako eta arbuiatzerako aurreikusten diren kasuetan.

5.– Iraungitze bidean ari diren ikasketa planetako irakasgaiak epaimahai bidez ebaluatuko dira, irakaskuntzarik ez badute. Bosgarren edo seigarren deialdiko ikasleentzako epaimahaia izendatuta balego, irakaskuntzaren plangintza eta ikasleen ebaluaziorako arauei jarraiki, epaimahai horrexek berak kalifikatuko ditu desagertuta dauden irakasgai horien probak, ikaslea edozein deialditan egonda ere.

Epaimahai hau osaturik ez balego, balioespen probak ikastegiko batzarrak izendatutako epaimahaiek epaituko dituzte, irakasgaia irakasten zuten sailaren edo sailen iritzia entzunda. Epaimahaiok saileko hiru irakasleek osatuko dituzte, betiere irakasgaiaren izaera elebiduna aintzat hartuta.

6.– Epaimahaien erabakien kontra erreklamazioak jarri ahal izango dira, 47.2 artikuluan zehaztutako prozedurari jarraiki. Ebaluazio proba epaimahaiak berrikusiko du halakoetan.

Berrikusketarako prozedura

47. artikulua.– 1.– Azken azterketen zuzenketa eta berrikusketei buruzko erreklamazioak ebazteko, sail bakoitzak batzorde bat izendatuko du. Batzordea osatuko dute, gutxienez, hiru irakaslek eta ikasle batek jakintza-arlo bakoitzeko. Batzordekide hauen ordezkoak ere izendatuko ditu sailak. Sailak neurriak hartuko ditu batzordeko irakasleak erreklamazioaren helburuko etsaminak lehendabizikoz zuzendu duten berberak izan ez daitezen. Epaimahai horren buruak irakasle iraunkor bat izan beharko du. Kalifikazioa aldatu behar izanez gero, aldaketa batzordeko irakasleek egingo dute, dela bozketa bidez dela batez besteko nota kalkulatuta.

2.– Honako prozedura hau beteko da:

a) Kalifikazioak argitaratzea.

Kalifikazioa argitaratzean, probak berrikusteko tokia, eguna eta ordua zehaztu beharko da; berrikuspenerako epea, bestalde, gutxienez hiru lanegunekoa eta gehienez seikoa izango da, kalifikazioak argitaratu eta gero. Kalifikazioa berrikusten denean ikasleak bertan egoteko eskubidea izango du eta pertsonala eta banakakoa izango da. Ikaslea ezin bada joan berrikuspenera arrazoi akademikoengatik edo behar bezala justifikatutako arrazoi pertsonal larriengatik, beste egun batean egiteko eskubidea izango du. Egun hori irakaslearekin adostu beharko du, gorago aipatu den epearen barruan. Etsaminak berrikusteko epea amaituta, irakasleak akta ofizialak sinatuko ditu hiru egun naturalen epean eta ikastegiak berehala argitaratuko ditu.

b) Sailari erreklamazioa aurkezteko era.

Ikaslea ados ez badago berrikusketarekin, kexa idatzia aurkeztu ahal izango dio saileko zuzendariari sei egun naturalen epean, aktak argitaratu zireneko egunetik hasita.

Xede honetara izendatutako batzordeak, aurreko ebaluazio prozesuan esku hartu duten irakasleak kide ezin izan daitezkeelarik, erreklamazioa aztertuko du eta, taldeko irakaslearen iritzia entzun ondoren eta egoki deritzen ekintzak burutu ostean, ikasleari entzun eta gero, erabaki arrazoitua hartuko du erreklamazioaz. Erabakia gehienez ere zortzi egun naturalen epean hartu beharko du batzordeak, erreklamazioa jarri zen egunetik zenbatzen hasita. Ikasleari eta taldeko irakasleari eta ikastegiko Idazkaritzari jakinaraziko zaie erabakia, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak sor ditzan eta, hala behar izanez gero, akta aldatuko da, ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez.

c) Ikastegiari erreklamazioa aurkezteko era.

Ikaslea sailari aurkeztutako erreklamazioaren ebazpenarekin ados ez balego, idatziz, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio ikastegiko dekano edo zuzendariari, lau egun naturalen epean.

Ikastegi bakoitzean batzorde bat eratuko da, gutxienez batzordearen buruak, idazkariak eta beste irakasle batek osatuko dutena. Epaimahai honen bileretara ikastegiko ikasleen kontseiluko burua edo berau ordezka dezakeen pertsona joango da.

Batzorde horrek, hamar egun naturalen epean gehienez ere eta behar diren txostenak eskatu ondoren, kasua aztertuko du, eta erabaki arrazoitua hartuko du. Ikasleari eta saileko zuzendariari jakinaraziko zaie erabakia, eta zuzendariak, berriz, taldeko irakasleari eta ikastegiko idazkariari helaraziko die, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak sor ditzan. Hala behar izanez gero, akta aldatuko da, ikastegiko idazkariaren diligentziaren bidez. Batzordeko kideak ezin izango dira izan ikasleak erreklamatutako kalifikazioan esku hartutakoak.

Irakasgaitzat hartzen diren karrera-amaierako proiektuen kasuan berrikuspena 47.2 artikuluan zehaztutako prozedurari jarraiki egingo da.

Edozelan ere, karrera amaierako proiektuak aztertzen dituzten epaimahaiak sail bateko baino gehiagoko kideek osatzen dituztenez, berrikuspena epaimahaiak egingo du, eta erreklamazioa, lehendabizi, ikastegi batzarraren batzorde eskudunari aurkeztuko zaio.

d) Gorako errekurtsoa.

Ikastegiko batzarraren erabakiaren aurka interesatuak, hilabeteko epean, gorako errekurtsoa jarri ahal izango dio errektoreari. Honek, sailean hartarako osaturiko batzordearen eta ikastegiko batzarraren txostenak ikusirik eta beharko liratekeen aholkuak jasorik, erabakia emango du, honela administrazio bideari amaiera emanik.

e) Proba berriro egitea.

Ikasleak azterketa berriro egiteko eskubidea izango du honakoetan:

1) Azken kalifikazioa jartzeko proba edo probaren zati bat programan ageri ez ziren gaien ingurukoa izan bada edo, programan agertu arren, irakasleak landu ez zituen gaien ingurukoa.

2) Ezinbestez, baldintza fisiko edo bestelakoengatik ezinezkoa izan denean ikasleentzat proba normaltasunez egitea. Horrelakoetan, irakasleak, atxikita dagoen sailaren oniritziarekin eta ikastegiarekin koordinatuta, egoera aztertuko du eta, behar izanez gero, probak egiteko beste egun bat izendatuko du, har ditzakeen bestelako neurri bereziak baztertu gabe.

3) Irakasleak venia docendi-rik ez badu.

4) Probak egin aurretik ikasleek ezagutzen ez zuten ebaluazio-sistema erabili badu irakasleak.

5) Ikastegiko Erreklamazio Batzordeak hala erabakitzen duenean, azterketaren emaitzak anormalak iruditzen zaizkiolako, suspentsoen kopuru askoz ere handiagoa egon delako arrazoiz espero zitekeena baino irizpide akademikoak kontuan hartuta, hots, titulazioaren testuingurua eta kasuan kasuko irakasgaiak aintzat izanik.

48. artikulua.– 1.– Ikastegiko zuzendaritza edo dekanotzak balioespen-ariketa bakoitza egiteko ordua eta ikasgelaren berri eman beharko du, gutxienik, ariketak hasi baino hilabetea lehenago.

Proben datak arrazoi justifikatuengatik aldatzeko proposamenak sailak egingo ditu, eta dekanoak edo zuzendariak onartu beharko ditu, ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren iritzia entzun ondoren. Aldaketak berehala argitaratuko dira ikastegiko web gunean eta bertako iragarki oholean, betiere aldatutako ebaluazio proba egin baino 15 egun natural lehenago, gutxien dela.

2.– Enborreko edo nahitaezko irakasgai biren ebaluazio proben datak batera gertatuz gero, irakasgairen bat errepikatzen ari diren ikasleei kalterik ez egiteko, bien artean maila goragokoa den irakasgaiko irakasleek jarriko dute data.

3.– Nahitaezko irakasgai baten eta hautazko irakasgai baten ebaluazio ariketaren datak batera gertatuz gero, hautazko irakasgaiaren eguna aldatu beharko da, baldin eta ikasleak hala eskatuko balu.

4.– Etsamina bat baino gehiago egun berean suertatuz gero, ikasleak ebaluazio-proba eguna baino gutxienez 15 egun natural lehenago eskatu beharko dio irakasleari data aldatzeko.

5.– Bi balioespen ariketa batera direla esango da baldin eta biak egun berean egiten badira eta hauen arteko ordu aldea lau ordutatik beherakoa bada.

49. artikulua.– 1.– Praktiken memoriak eta lanak aurkezteko data ikasleekin hitzartuko dute irakasleek lanok agintzeko momentuan. Edozelan ere, lanok ebaluatzeko ezarritako datak behar besteko aurretiaz jarri beharko dira, ikasleak berme guztiekin erabili ahal izan dezan ebaluazio-proba egiteko eskubidea.

2.– Euskarri material bakarra duten praktika lan eta memoriak irakasleak gordeko ditu hurrengo ikasturtea amaitu arte. Lanok ikasleei itzuliko zaizkie, beraiek eskatuz gero, kalifikazioa jarri eta hurrengo bi hilabeteetan. Epe hau itzultzeko eskatu barik iraganez gero edo lana edo memoria bera jaso gabe iraganez gero, ezereztatuko dira lanok.

Lanok berriz argitaratu edo erreproduzitzeko, osorik edo zati batean, edo beste edozertarako erabiltzeko, ezinbestekoa izango da egilearen baimen ageria.

3.– Ikastegi bakoitzak karrera amaierako proiektu edo ariketak egiteko indarrean daukan arautegia ikastegiko web gunearen bidez iragarriko da.

50. artikulua.– Ebaluazioa hezkuntzara begirakoa izango da eta ikasleari informazio eta orientazio egokia eskaini beharko dio gaitasunen jabetze mailaren inguruan eta ikaskuntza prozesua hobetzeko iradokitzen diren hobekuntzak adieraziko. Ebaluazio proba egin ondoren, saileko irakasleek ebaluazio probako galderen erantzun zuzenak jakinaraziko dituzte, ikasleek ahalik eta etekin handiena atera dezaten egindako probetatik.

51. artikulua.– 1.– Ikasketen egitura, garapen edo ebaluazioaren inguruan jar litezkeen gorabeherak eta arau hausteak ikastegiko zuzendari edo dekanoen aurrean aurkeztuko dira eta haiek organo eskudunei bideratuko dizkiete, hartu beharreko neurriak har ditzaten.

2.– Akademia antolakuntzako errektoreordetzak modu sistematikoan aztertuko ditu UPV/EHUko titulazioetako irakasgaietan ikasleek lortutako emaitza akademikoak. Horrela, kalifikazio hauek ikusita, behar diren neurriak hartuko dira ikasleen emaitzak emaitza orokorretatik desbideratzen direnean. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluari emango zaio hartzen diren neurrien berri.

3.– Zuzendari edo dekanoaren eta ikastegiko batzarraren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio errektoreari eta bere erabakiek agortu egingo dute administrazio bidea.

52. artikulua.– Balioespen probak, halakorik egonez gero, egindako ahozko proben grabazioak barne, gutxien dela, hurrengo ikasturtea amaitu arte gorde beharko dira, salbu eta ebazteke dagoen errekurtsoa egonez gero, honelakoetan errekurtsoa ebatzi arte gorde beharko direlarik. Ikastegiak ezarriko ditu proba horiek gordetzeari buruzko arauak.

53. artikulua.– Abuztua baliorik gabea izango da epeak zenbatzeko.

Epaimahai bereziak

54. artikulua.– 1.– UPV/EHUko ikastegi guztiek izango dituzte epaimahai bereziak. Epaimahaiburua ikastegiko dekanoa edo zuzendaria izango da, baina dekanotza edo zuzendaritza-taldeko edozein kideri eskuordetu ahal izango dio eginkizun hori.

2.– Epaimahaiaren buruaz gain, epaimahaiko idazkaria egongo da, hitz egin ahal izango duena baina ez botoa eman. Ikastegiko idazkariak hartuko du bere gain eginkizun hori. Epaimahaian, epaimahaiburu eta idazkariarekin batera, ikastegiko sei irakaslek jardungo dute. Irakasle horiek jakintza-arlo desberdinetakoak izango dira, eta Ikastegi Batzarrak izendatuko ditu ikasturte bakoitzeko lehen hiruhilekoan. Epaimahai honen bileretara ikastegiko ikasleen kontseiluko burua edo berau ordezka dezakeen pertsona joango da, ahotsaz baina botorik gabe. Jakintza-arlo bateko ordezkaria joan ezin bada epaimahai bereziaren bilerara, beste arlo bateko irakasle batek ordezkatu ahalko du, baina ikastegiko dekano edo zuzendariak horren berri jaso beharko du epaimahaiaren aktari erantsiko zaion agiri baten bitartez.

3.– Titulazio bat baino gehiago irakasten duten ikastegiek epaimahai bana eratu ahal izango dute ikasketa bakoitzerako, baldin eta Ikastegiko Batzarrak hori erabakitzen badu.

4.– Era berean, epaimahai berezi zentral bat ere egongo da, errektoreak izendatutako pertsona buru izanik eta bost irakaslek osatutakoa, gobernu kontseiluak berak ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan proposatu eta berretsiko dituenak, bana arlo zientifiko bakoitzeko.

Epaimahai bereziak ikasturtez ikasturte irizpide berberei eusten diela bermatzeko, gutxien dela, kideetako bik epaimahaian jarraituko dute hurrengo ikasturtean. Gainerakoek ikasturtea amaitzean utziko dute kargua.

Akademia antolakuntzarako eskumena duen errektoreordetzako legelaria edo haren ordezkoa epaimahaiko idazkaria izango da. Hitz egiteko eskubidea izango du, baina ezin izango du botorik eman. Gobernu kontseiluaren epaimahai bereziko kideren batek kasuan kasuko ikastegiko epaimahai berezian jardun badu, ordezkoa izendatuko da. Epaimahai honen bileretara ikastegiko ikasleen kontseiluko burua edo berau ordezka dezakeen pertsona joango da, ahotsaz baina botorik gabe.

5.– Epaimahai horrek ebatziko ditu ikastegietako epaimahai berezien erabakien kontra jarritako erreklamazioak.

6.– Epaimahai berezi zentralaren erabakiaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da ikasleen arloko eskumena duen errektoreordetzaren aurrean hilabetearen epean.

55. artikulua.– 1.– Ikasleek ebaluazio berezia eskatu ahal izango dute ikasturte bakoitzeko urrian eta martxoan. Eskaria egiteko azken eguna hilaren 15a izango da kasu bietan. Ikastegietako epaimahai bereziek martxoaren edo urriaren 31 baino lehen hartu beharko dute erabakia, hurrenez hurren.

2.– Erreklamazioak urte bakoitzeko apirilaren edo azaroaren 10a baino lehen (deialdiaren arabera) aurkeztu beharko zaizkio gobernu kontseiluko epaimahai bereziari, eta hil beraren 30a baino lehen ebatziko dira. Erreklamazioa behin ebatzita, eta ikaslea ados ez badago, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio errektoreari, hilabetearen epean, gobernu kontseiluko epaimahai bereziak bere erabakia jakinarazten duenetik hasita.

56. artikulua.– 1.– Irakasgaiak ebaluazio bereziaren bidez gainditzeko, ikasleek 2012-2013 ikasturtean matrikulatuta egon behar dute nahitaez.

2.– Ikasleek ebaluazio berezia eskatu ahal izango dute, egokitzat hartzen dituzten alegazioetan oinarrituta, baldin eta ez badituzte agortu irakasgaiaren deialdi guztiak, honako kasuotan:

Titulazioko kreditu guztien % 6ri dagozkion irakasgaien ebaluazio berezia eskatu ahal izango du ikasleak, gehienera, baldin eta egin beharreko kredituen % 85 gainditu badu.

Ebaluazio berezia eskatzen duten ikasleek hiru deialdi behintzat erabilita izan beharko dituzte irakasgai horietan, eta baten batean gutxienez 3 puntu lortuta izan.

Inola ere ezingo da eskatu ebaluazio berezia karrera-amaierako proiektu edo lanerako eta practicumerako.

57. artikulua.– 1.– Epaimahai bereziak balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen erdiak bertan egotea. Dena dela, epaimahaiburua eta idazkaria, edo ordezkoak, beti egon beharko dira.

2.– Erabakia ez bada hartu aho batez eta berdinketa gertatu bada, epaimahaiburuaren kalitateko botoak izango du lehentasuna.

3.– Idazkariak bileraren akta egingo du, kasu bakoitzean hartutako erabaki arrazoitua jasota. Erabakia eskariaren aldekoa edo kontrakoa besterik ezin izango da izan.

4.– Akta helaraziko zaie prozeduran interesatuak diren guztiei.

58. artikulua.– 1.– Eskaera aztertu baino lehenago, iritzia emateko eskatuko dio ikastegiko epaimahai bereziko buruak irakasgaiaren ardura duen sailari. Iritzi hori idatziz bidali beharko du sailak, arrazoiak emanda, hamar eguneko epean. Epaimahaiko kideren batek irakasten duen irakasgaia agertzen bada eskaeran, ikastegiko dekano edo zuzendariak ordezkoa izendatuko du.

2.– Erabakia hartzerakoan epaimahaiak ikaslearen espediente osoa hartu beharko du kontuan.

59. artikulua.– 1.– Epaimahai bereziak irakasgaia gainditutzat ematea erabaki badu, epaimahaiko idazkariak jakinaren gainean jarriko du ikaslea matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaria. Idazkariak «5. Ebaluazio bereziaz gaindituta» nota sartuko du ikaslearen espedientean.

2.– Epaimahai bereziak irakasgaia gainditutzat ematen badu, ikasleak deialdi bat gastatuko du. Epaimahai bereziak ez badu ematen irakasgaia gainditutzat, ikasleak ez du deialdi hori agortuko.

3.– Ebaluazio bereziaz gainditutako irakasgaiaren balioa 5,0 izango da, espedientea barematzerakoan.

4.– Ikaslearen espediente akademikoan ebaluazio bereziaz gainditutako irakasgaia jasoko da, epaimahaiak erabakia eman zuen datarekin.

VI. KAPITULUA
AUKERA ASKEA

(1393/2007 errege dekretua baino lehenagoko ikasketa planetan)

Definizioa

60. artikulua.– Aukera askea da, titulu bat eskuratu ahal izateko, ikasleak nahitaez amortizatu (curriculumean sartu) behar duen eta kasuan kasuko ikasketa-planean horrela definituta agertzen den kreditu kopurua. Kreditu hauen lortzea (amortizatzea) bi modutara egin daiteke: bata, izaera berean eskainitako irakasgaiak gaindituz eta, bestea, prestakuntzaren jarduera osagarriak eginez.

Irakaskuntza eskaintzaren eta aukera askekoen gestioa koordinatzeko, UPV/EHUren irakats eskaintza egiteko jarraibideek ikasturte bakoitzean beren-beregi jaso beharko dute arautegi honetatik aukera askeari dagokiona.

Ezin izango dira inolaz ere aukera askean hartu norberaren titulazioan egindako gaien eduki bera edo antzekoa daukaten gai edo ekintza akademikoak, ez eta aurretiko baldintzen edo bateraezintasunen menpe daudenak ere.

Ezinezkoa izango da ikasketa-planak orotara eskatzen dituen aukera askeko kredituak baino gehiago egitea, salbu eta honelako irakasgai berri batean matrikulatzean kopuru hori gainditzen denean.

Kredituak irakasgaien bidez amortizatzea.

61. artikulua.– 1.– Titulazioaren beraren hautazko irakasgaiak.

Ikasleak bere titulazioko hautazko irakasgai guztiak burutu ahal izango ditu kreditu horiek aukera askeko gisa konta daitezen, irakasgaiok ikasturte horretarako onartu den irakaskuntza eskaintzan azalduz gero. Hautazko kredituen soberakina aukera askeko kreditu gisa sartuko da automatikoki ikaslearen espedientean. Ikasleak aukera askeko moduan egin duen irakasgaia bere titulazioko hautazko irakasgaia bada, aukera askeko irakasgaia espedientean hautazko irakasgai gisa agertzeko eskaria egin dezake ikasleak. Aipatutako kreditu horien aitorpena ziklo bakoitzaren amaieran baino ezin da egin.

2.– Beste titulazio bateko enborreko, nahitaezko edo hautazko irakasgaiak.

Titulazio hori egiten ari ez diren ikasleei aukera askeko gisa eskainiko zaizkie irakasgai horiek.

Lehenengo zikloa bukatu ondoren bigarren ziklo batera sartzean (dela zuzenean dela prestakuntza-osagarriak gaindituta) ezin izango dira bigarren ziklo horretako irakasgaiak aukera askeko gisa egin.

Aukera askeko eskaintzan ezin izango dira eskaini plaza mugatuak dauzkaten titulazioen lehen mailako irakasgaiak, salbu eta ikastegiak eskatutako oso irakasgai berezituak direnean eta unibertsitateko irakaskuntza eskaintzan hala baimenduta daudenean.

Jakintza arlo artekoak izateagatik beste karrera batzuetako ikasleentzat gomendagarriagoak izan daitezkeen irakasgaiak eskainiko dituzte sailek lehendabizi, eta zehaztuko dute zenbat plaza eskaintzen dituzten horretarako eta zein titulaziotako ikasleentzat.

Bigarren ziklo bateko aukera askeko kredituak ezin izango dira amortizatu ikasleari bigarren ziklo horretara sartzeko bidea eman dion lehenengo zikloan egindako kredituekin.

Edozein titulaziotako lehenengo ikastaroan sartuko diren ikasleek, aldez aurretik unibertsitate honetako edo beste bateko titulazio batean matrikulaturik, 2. Zikloa besterik ez duten titulazioen kasuan izan ezik, aukera askeko kredituak amortizatu ahal izango dituzte gainditutako irakasgaiengatik, baldin eta beste irakasgai batzuk baliozkotzeko erabili ez badira, betiere ondoko muga hauek gainditu barik: 18 kreditu, ziklo bakarreko titulaziora sartzen diren ikasleentzat eta 24 kreditu bi ziklotako titulaziora sartutako ikasleentzat.

3.– Aukera askeko irakasgai «bereziak».

Aukera askeko irakasgai «bereziak» deritze inongo ikasketa-plani atxikita ez dauden gaiei eta sailek eskaintzen dituzte aukera askeko kredituak amortizatzeko ondoko prozedura honen bidez:

a) Sailek aukera askeko irakasgai «bereziak» ikastegien bidez eskainiko dituzte. Ikastegiek kontuan hartu beharko dute horretarako leku egokiak (ikasgelak, mintegiak edo laborategiak) eduki beharko dituztela, ezer berriren beharrik gabe. Irakasgai horiek ikasturte bakoitzerako onartuko dira, irakats eskaintza onartzeko prozedura orokorraren arabera.

b) Eskaintza horiek honako datuak jaso beharko dituzte: irakasgaiaren izena, irakasle arduraduna, saila, irakasgaiaren justifikazioa eta edukien laburpena, kreditu kopurua, ikasleen gehienezko kopurua, zelako jakintzak eskatzen zaizkien ikasleei aldez aurretik eta, hala dagokionean, zein titulaziori zuzenduta dagoen.

c) Irakasle arduradunaren erantzukizuna izango da gaia bere osoan irakastea eta ikasleen ebaluazioa egitea. Horretarako, gaian interesa daukaten irakasleen laguntza izango du.

d) Irakasle guztiek hartu ahal izango dituzte bere gain horrelako irakaskizunak, baldin eta horrek irakasle gehiago kontratatu beharra ez badakar.

4.– Matrikula.

a) Aukera askekotzat egingo diren irakasgaien matrikula gainerako irakasgaien matrikularekin batera egingo da. Aukera askeko irakasgaietan matrikulatzeak ez dakar berez irakasgai horien ordutegia bateragarria izatea ikaslea matrikulatu den gainerako irakasgaien ordutegiekin.

b) Prezio publikoen aginduan ezarriko da aukera askeko irakasgaien kredituen prezioa.

5.– Ebaluazio-probaren datak.

Aukera askeko irakasgaien ebaluazio-probak ikaslea egiten dagoen titulazioko hautazko edo nahitaezko irakasgaien azterketekin batera suertatzen badira, ikasleak eskubidea izango du aukera askeko irakasgaiaren proba beste egun batean izateko, aukera askeko irakasgaiaren ardura daraman irakasleak proposatuta.

6.– Aktak.

Aukera askeko irakasgaietan matrikulatzen diren ikasleak eskolak hartu dituzten taldearen kalifikazio orrietan azalduko dira. Titulazio horretako gainerako ikasleei legez kalifikatuko zaie irakasgaia. Talde horretako ikasle guztiekin akta bat egingo da, eta gero beste akta bat erantsiko da beste titulazio bateko ikasle multzo bakoitzerako. Azken horiek behin sinatuz gero, dagozkien ikastegietako idazkaritzetara bidaliko dira.

Aukera askeko irakasgai berezien kasuan prozedura bera jarraituko da. Izan ere, nahiz eta irakasgai horiek inongo ikasketa planetan ez egon, ikastegi jakin bati atxikita azalduko dira.

Kredituak prestakuntza osagarriaren bidez amortizatzea.

62. artikulua.– 1.– Ikastegi eta sailekiko lankidetza.

Ikasleak aukera askeko kredituen amortizazioa eska lezake bibliografi berrikusketak egitera bideraturiko lanengatik; laboratorio, biblioteka edo bestelako tokiren bateko ikerkuntza-tekniken oinarrizko ikaskuntza prozesuei buruzko lanengatik edo/eta gure unibertsitateko irakasle baten gidaritzapean, betiere ikasleak egiten diharduen titulazioan irakaskuntzarik atxikita duen jakintza-arlo batekoa bada, burututako oinarrizko lanak egiteagatik.

Hala eta guztiz ere, titulazioko irakasgaiak gainditzeko ikasleak egin beharreko lanetik apartekoak izango dira goian aipaturiko lanak. Lan horiek egiteagatik ikasleak ez du dirurik jasoko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko baino ez dute balioko, 30 orduri kreditu 1 emanez.

Ziklo bateko titulazioetan ezingo dira 20 kreditu baino gehiago amortizatu. Bi zikloko titulazioetan 30 kreditu amortizatuko dira gehienez.

Jarduera horien arduradunek ziurtagiri bat emango diote ikasleari. Ziurtagiria ikastegiko dekano edo zuzendariak edo saileko zuzendariak bermatuko du, eta bertan jasoko dira ikaslearen lanari buruzko memoria eta horregatik aitortuko zaizkion kredituen kopurua.

Ikasleak, 63. artikuluan aipaturiko epeetan, ziurtagiri hori aurkeztuko du matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaritzan, kreditu horiek espedientean sar diezazkioten, prezio publikoak (tasak) ordaindu ondoren.

2.– Praktikak enpresa, entitate eta erakundeetan.

Aukera askeko kredituak enpresa, entitate eta erakundeetan egindako praktiken bidez amortizatu nahi direnean, praktika horiek ez badira nahitaezkoak ikaslea egiten ari den ikasketa-planean, ondoko era honetara jokatuko da:

a) Praktikak komenio baten babesean egiten badira, praktiken arduraduna gure unibertsitateko irakasle bat izango da eta berak erabakiko du zenbat kreditu aitortuko zaizkion ikasleari praktika horiengatik. Irakasle horrek egingo die jarraipena ikasleei eta ziurtagiri bat emango die, non azalduko duen ikasleak praktiketan zer egin duen eta horren truke zenbat kreditu aitortzen zaizkion.

Ikaslea, ziurtagiri hori hartuta, bere ikastegiko idazkaritzara joango da 63. artikuluan aipaturiko epeen barruan, kreditu horiek espedientean sar diezazkioten. Horretarako, prezio publikoak (tasak) ordaindu beharko ditu.

b) Praktikak ez badira komenio baten babesean egiten, ikastegietako baliozkotze-batzordeek onartu beharko dituzte kredituak amortizatzeko eskariak. Batzorde horiek erabaki beharko dute ikasleari amortizatuko zaion kreditu-kopurua; gero, ikastegiko idazkari akademikoaren erabakiaren bidez ikaslearen espedientean sartuko dira kreditu horiek, ikasleak prezio publikoak ordaindu ondoren.

Kasu bietan, kreditu bat emango da 30 ordurengatik, baldin eta ikasketa-planean bestelakorik adierazten ez bada; gehien dela, ziklo bakarreko titulazioetan 20 kreditu, eta ziklo bitako titulazioetan 30 kreditu.

3.– Nazioarteko komenioen babesean egindako ikasketak.

Aukera askeko kredituak nazioarteko hitzarmenen barruan egindako ekintzen bidez amortizatzeko, jarraitu egin beharko zaie Nazioarteko hedakuntzarako errektoreordetzak ikasturte bakoitzerako markatuko dituen irizpideei. Errektoreordetza horrek eskaini eta plazaratuko ditu aukera askeko kredituak amortizatzeko baliagarri izango diren ekintzak, ekintza horietan parte hartzen duten ikasleen jarraipena egingo du eta ziurtagiria emango die ikasleei, burutu den ekintza zein izan den adieraziz, bai eta zenbat kreditu amortizatzeko balio duen ere.

Era berean, ikastegi bakoitzeko Erasmus koordinatzaileak aukera askeko kreditu moduan ziurtatu ahal izango ditu Sokrates-Erasmus ikasleen mugikortasunerako Europako Programaren barruan egindako jarduerak (baliozkotzea onartzeko aurretiko konpromisoan agertzen ez direnak), baldin eta hizkuntza ikastaroak ez badira.

Ikaslea, ziurtagiri hori hartuta, bere ikastegiko idazkaritzara joango da 63. artikuluan aipaturiko epeen barruan, kreditu horiek espedientean sar diezazkioten. Horretarako, prezio publikoak (tasak) ordaindu beharko ditu.

Jarduera horiengatik gehienez ere 20 kreditu onartuko dira ziklo bakarreko titulazioetan eta 30 kreditu ziklo biko titulazioetan.

4.– Ikasleen ordezkaritzarako organoak eta ikasleen elkarteak.

Ordezkatze-organo batean edo batean baino gehiagotan egoteagatik ikasleen ordezkariek ezingo dituzte aukera askeko 20 kreditu baino gehiago amortizatu ziklo bakarreko titulazioetan eta 30 kreditu baino gehiago ziklo biko titulazioetan. Hauexek dira aplikatu beharreko irizpideak:

a) Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluko buruak 20 kreditu jasoko ditu urteko.

b) Ikasleen Kontseiluko beste kideek 15 kreditu urteko.

c) Ordezkarien batzarreko kideek 3 kreditu urteko.

d) Ikastegiko ikasleen kontseiluko buruak 10 kreditu urteko.

e) Ikastegiko ikasleen kontseiluko gainerako kideek 6 kreditu urteko.

f) Ikastegiko ordezkarien batzarreko kide ere diren ikastaldeetako ordezkariek 3 kreditu urteko.

g) Saileko kontseilu bateko kide diren ikasleek 2 kreditu jasoko dituzte urteko.

h) Ikastegiko batzarrean dauden ikasleek 4 kreditu jasoko dituzte urteko.

i) Campuseko batzarreko ikasleei 2 kreditu emango zaizkie urteko.

j) Klaustrokideak diren ikasleek 2 kreditu jasoko dituzte urteko.

k) Gobernu kontseiluko ikasleei 6 kreditu aitortuko zaizkie urteko.

l) Ikasleen elkarteetako buruek kreditu 2 jasoko dituzte gehienez ere, baldin eta gutxienez urte batean izan badira elkarteko kide eta kargua beste urte batean bete badute.

m) UPV/EHUren jarduera instituzionaletan parte hartzeagatik, errektoreak horretarako izendatuak izan badira.

Ikastegiko dekano edo zuzendariak ziurtagiri bana egingo die aurreko pasarteko d), e), f) eta h) ataletan aipaturiko ikastegiko ordezkaritza-organoetan parte hartu duten ikasleei, hala eskatzen badute. Ziurtagirian adieraziko da zenbat kreditu amortizatu behar zaizkion.

Ikasleen errektoreordeak, Ikasleen Kontseilu Nagusiaren bitartez, ziurtagiri bana egingo die lehen pasarteko a), b), c), i), j), k), l) eta m) ataletan aipaturiko ordezkaritza-organo orokorretan parte hartu duten ikasleei, hala eskatzen badute. Ziurtagirian adieraziko da zenbat kreditu amortizatu behar zaizkien.

Saileko zuzendariak ziurtagiri bana egingo die Saileko Kontseiluan parte hartu duten ikasleei, hala eskatzen badute. Ziurtagirian adieraziko da zenbat kreditu amortizatu behar zaizkien.

Ikaslea, ziurtagiri hori hartuta, bere ikastegiko idazkaritzara joango da 63. artikuluan aipaturiko epeen barruan, kreditu horiek espedientean sar diezazkioten. Horretarako, prezio publikoak (tasak) ordaindu beharko ditu.

5.– Kultur ekintzak.

Aukera askeko kredituak amortizatzeko bidea ematen duten kultur ekintzak gure unibertsitateko kultur gestiorako bulegoek eta ikastegiek antolatutakoak izango dira. Azken kasuan beharrezkoa izango da kasuan kasuko Ikastegiko Batzarraren edo horren ordezko izango den batzordearen onespena, eta eskaintzak UPV/EHUko ikasle guztientzat balioko du.

Ekintza horietan kreditu bat emango da 15 ordurengatik, oro har; edozelan ere, gehienez 8 kreditu emango dira ekintza eta ikasturteko. Ekintzaren arduradunak bermatuko du onartzen diren aukera askeko kredituen kopurua. Arduradun hori UPV/EHUko irakaslea izan beharko da. Irakasle horrek egingo die jarraipena ikasleei eta berak emango dio dagokionari ziurtagiri bat, non azalduko duen ikasleak zer egin duen eta horren truke zenbat kreditu aitortzen zaizkion.

Ziurtagiri horrekin, ikaslea, 63. artikuluan aipaturiko epeetan, matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko da, kreditu horiek espedientean sar diezazkioten. Horretarako, prezio publikoak (tasak) ordaindu beharko ditu.

Jarduera horiengatik gehienez 20 kreditu onartuko dira ziklo bakarreko titulazioetan, eta 30 kreditu, gehienez, bi ziklotako titulazioetan.

6.– Kirol ekintzak.

Kirol ekintzen bidez aukera askeko kredituak amortiza daitezke, Kirol Zerbitzuaren eskaintzan hala zehaztuta ageri den kasuetan.

Eskaintza hori 2011.eko urriaren batean emango da argitara, eta 2012.eko otsailean argitaratuko denarekin osatuko.

Kirol praktikari buruzko ikastaroak.

a) Kirol Zerbitzuak antolatutako edo zerbitzu honen aldeko txostena jaso duten ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek lau kreditu amortizatu ahal izango dituzte, gehienez, ikasturtean. Kreditu 1 emango zaie 15 orduko praktikagatik.

Kirol ikastarotzat hartuko dira kirol baten teknikei buruzko ezagutza teoriko eta praktikoak irakasteko programatzen direnak.

Gutxienez astean bi egunetan egin beharko da jarduera, eta egunean ordubete iraun; edozelan ere, astean bi ordu hartuko dira kontuan gehienez.

Eskaerak. Kredituak eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da izena ematerakoan kredituak eskatzeko orria betetzea, bestela ikasleak ezin izango baitu bukaeran jaso 1) atalean aipatutako ziurtagiria. Inprimakiok UPV/EHUko Kirol Zerbitzuan jaso eta aurkeztu beharko dira.

Jarduerak naturan.

b) Ingurugiroa zaindu eta ezagutzearekin zerikusia duten jardueretan eta hari lotutako kiroletan parte hartzeagatik ikasleak lau kreditu lortu ahal izango ditu, gehienera, ikasturte bakoitzean. Kreditu bat lortu ahal izateko gutxienez hiru saio oso egin beharko dira eta bi kirol modalitatetan, gutxienez. Saio osoak dira goizez eta arratsaldez egiten direnak. Goizez soilik edo arratsaldez soilik egiten direnak, ordea, saio erdiak izango dira. Saio-erdiak pilatu ahal izango dira eta, beraz, bi saio-erdik saio oso bat egingo dute.

Eskaerak. Kredituak eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da izena ematerakoan kredituak eskatzeko orria betetzea, bestela ikasleak ezin izango baitu bukaeran jaso 1) atalean aipatutako ziurtagiria. Inprimakiok UPV/EHUko Kirol Zerbitzuan jaso eta aurkeztu beharko dira.

Lehiaketak.

c) Campusetako txapelketetan parte hartzen duten ikasleek kreditu bat lortuko dute lau egun edo gehiagotako txapelketetan parte hartzen badute. Kirol modalitate bakoitzeko talde txapelduneko kidea izateagatik edo banakako txapelketetan txapelduna izateagatik, ikasleak kreditu bat gehiago lortuko du, txapelketan gutxienez lau taldek edo lau lehiakidek hartu badute parte. Izena emandakoak hogei baino gehiago badira, txapeldunak bi kreditu gehiago lortuko ditu, eta bigarrenak bat gehiago. Izena emandakoak hogeita hamar baino gehiago izanez gero, txapeldunak hiru kreditu gehiago lortuko ditu, bigarrenak bi gehiago eta hirugarrenak bat gehiago.

d) Kirol modalitate bateko talde txapeldunekoa izateagatik, edo banakako lehiaketetan txapelduna izateagatik UPV/EHUko txapelketetan kreditu bat eskuratuko da. Kreditu hori campusetako txapelketetan lorturikoei gehitu ahal izango zaie.

e) Unibertsitate arteko estatuko txapelketetako finaletan parte hartzeagatik hiru kreditu lortuko dira. Gainera, urrezko domina lortuz gero, ikasleak bost kreditu eskuratuko ditu, zilarrezko dominagatik lau kreditu, eta brontzezko dominagatik, berriz, hiru. Kreditu horiek ezin zaizkie gaineratu UPV/EHUko barne txapelketetan lorturikoei.

f) Nazioarteko unibertsitate-txapelketetan parte hartzeko Kirol Kontseilu Gorenak aukeratzen dituen ikasleek zortzi kreditu eskuratuko dituzte.

g) UPV/EHUk antolatu edo gestionatutako taldeetako ikasleek eta unibertsitatearekin lankidetza-hitzarmena izenpetuta duten klubetakoek hurren aipatzen diren kredituak lortu ahal izango dituzte ikasturte bakoitzean liga federatuetan parte hartzeagatik:

(Ikus .PDF)

h) UPV/EHUk antolatu eta gestionatzen ez dituen taldeak badira, ikasleak behartuta egongo dira UPV/EHUrekin parte hartzera campuseko edota UPV/EHUko txapelketetan, bai eta estatuko edo nazioarteko txapelketetan ere.

i) Kirol Kontseilu Gorenak, Eusko Jaurlaritzak edo autonomietako gobernuek goi-mailako kirolaritzat hartzen dituzten ikasleek zortzi kreditu amortizatu ahal izango dituzte, gehienera, ikasturte bakoitzean, bildutako merezimenduen arabera. Federazio ofizialek egiaztatutako kirol merezimenduak aurkezten dituzten ikasleek ere kreditu kopuru bera lortu ahal izango dute, bai eta eliteko kirola bultzatzen duten Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Fundazioek proposatutakoek ere. Atal honetan sartuko dira Kirol Kontseilu Gorenak unibertsitate kirolerako urtero argitaratzen duen deialdian agertzen ez diren kirol modalitateak egiten dituzten kirolariak, ez beste inor.

Prestakuntza-ikastaroak.

j) Kirol bateko teknika ezberdinekin erlazionaturiko ikastaroetan, kirol zerbitzuak antolatu edo Euskal Gobernuak eta/edo Kirol Kontseilu Gorenak erregistratutako kirol federazioekin komeniatutako, abalatutako edo informatutako ikastaro, mintegi edo hitzaldietan parte hartutako ikasleek, gehien dela, 4 kreditu lortu ahal izango dituzte urteko, prestakuntzako 15 orduko kreditu bateko baliokidetza baliatuta.

Laguntzaileak.

k) Kirol Zerbitzuaren jardueretan aritzen diren ikasleek zortzi kreditu amortizatu ahal izango dituzte, gehienera. Kreditu bat amortizatuko zaie hogeita hamar ordutako lankidetzagatik.

Ziurtagiriak.

l) 6. puntu honi jarraiki egindako kirol jarduerei buruzko ziurtagiriak eskatzeko epea, 2012.eko irailaren 30ean amaituko da eta ikasleek data hori baino lehen jo beharko dute kirol zerbitzura. Aipaturiko jardueretan parte hartzen duten ikasleen jarraipena egingo du Kirol Zerbitzuak, eta ziurtagiria emango die, burututako jarduera eta horregatik lortutako kredituak adierazita. Ikaslea, ziurtagiri hori hartuta, bere ikastegiko idazkaritzara joango da 63. artikuluan aipaturiko epeen barruan, kreditu horiek espedientean sar diezazkioten. Horretarako, prezio publikoak (tasak) ordaindu beharko ditu.

m) Jarduera hauen bidez 8 kreditu amortizatuko dira gehienera ikasturte bakoitzean; ziklo bakarreko ikasketetan, guztira, hogei kreditu amortizatuko dira gehienez ere, eta bi ziklotakoetan, berriz, hogeita hamar.

7.– Komenioaren barruko unibertsitateek eskaintzen dituzten aukera askeko ekintzak.

9U komenioko unibertsitateetan egindako aukera askeko ekintza guztiak baliodunak izango dira UPV/EHUn, eta kreditu kopuru bera amortizatuko dute.

Hauek dira komenioko unibertsitateak:

– Kantabriako Unibertsitatea.

– Gaztela-Mantxako Unibertsitatea.

– Extremadurako Unibertsitatea.

– Errioxako Unibertsitatea.

– Illes Balearsko Unibertsitatea.

– Oviedoko Unibertsitatea.

– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea.

– Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

– Zaragozako Unibertsitatea.

8.– Hizkuntzak.

1.– Ikasleek aukera askeko kredituak amortizatu ahal izango dituzte euskara eta atzerriko hizkuntzak jakiteagatik. Hizkuntza bereko ziurtagiri bat baino gehiago izateagatik ezin izango dira kredituak pilatu.

2.– Erreferentziako Europako Esparru Komunaren arabera sailkatutako ziurtagirietarako, kredituak honela baliokidetuko dira:

A1 oinarrizko mailaren ziurtagiria: 2 kreditu.

A2 oinarrizko mailaren ziurtagiria: 4 kreditu.

B1 tarteko mailaren ziurtagiria: 10 kreditu.

B2 tarteko mailaren ziurtagiria: 14 kreditu.

C1 maila aurreratuaren ziurtagiria: 18 kreditu.

3.– Erreferentziako Europako Esparru Komunaren sailkapena baino lehenago lortutako hizkuntza-eskola ofizialetako tituluak honela baliokidetuko dira:

Lehenengo ikastaroa: 2 kreditu.

Bigarren ikastaroa: 4 kreditu.

Hirugarren ikastaroa: 10 kreditu.

Laugarren ikastaroa: 14 kreditu.

Bosgarren ikastaroa: 18 kreditu.

4.– Era berean, hurren aipatzen diren ziurtagiriekin aukera askeko kredituak amortizatu ahal izango dira, honako baliokidetza honen arabera:

4.– 1.– Ingeles hizkuntza.

a) University of Cambridge

Key English Test (KET): 4 kreditu.

Preliminary English Test (PET): 10 kreditu.

First Certificate in English (FCE): 14 kreditu.

Certificate in Advanced English (CAE): 18 kreditu.

b) Trinity College

2. gradua: 2 kreditu.

4. gradua: 4 kreditu.

6. gradua: 10 kreditu.

9. gradua: 14 kreditu.

11. gradua: 18 kreditu.

c) IELTS (International English Language Testing System)

3 puntu: 4 kreditu.

3,5 – 4,5 puntu: 10 kreditu.

5 – 6 puntu: 14 kreditu.

6,5 – 7 puntu: 18 kreditu.

d) LTE (London Tests of English)

Level A1: 2 kreditu.

Level 1: 4 kreditu.

Level 2: 10 kreditu.

Level 3: 14 kreditu.

Level 4: 18 kreditu.

4.– 2.– Frantses hizkuntza.

a) Alliance Française

DELF A1: 2 kreditu.

DELF A2: 4 kreditu.

DELF B1: 10 kreditu.

DELF B2: 14 kreditu.

DALF C1: 18 kreditu.

b) Alliance Française-k emandako ziurtagiriok, horiek ere Hizkuntzen Balioespenerako Europar Erreferentziazko Eremu Bateratuaren sailkapena baino lehenagokoak, onartuak izango dira aukera askeko kredituak amortizatzeko, honako baliokidetza honen arabera:

DELF. 1. gradua: 10 kreditu.

DELF. 2. gradua: 14 kreditu.

DALF: 18 kreditu.

4.-3.– Aleman hizkuntza.

a) Oinarrizkoa:

Zertifikat: 10 kreditu.

b) Erdiko maila:

Zentrale Mittelstufenprüfung: 14 kreditu.

Deutsches Sprachdiplom. Stufe I: 14 kreditu.

c) Goi maila:

Kleines Deutsches Sprachdiplom: 18 kreditu.

Zentrale Oberstufenprüfung: 18 kreditu.

Grosses Deutsches Sprachdiplom: 18 kreditu.

Deutsches Sprachdiplom Stufe II: 18 kreditu.

Deutsche Sprachprüfung: 18 kreditu.

4.– 4.– Euskara.

a) Administrazio publikoetako 1. hizkuntza-eskakizuna: 10 kreditu.

Administrazio publikoetako 2. hizkuntza-eskakizuna: 14 kreditu.

EGA, irakaskuntzako 2. hizkuntza-eskakizuna/administrazioko 3. hizkuntza-eskakizuna, baliokidea edo goragokoa: 18 kreditu.

b) Alfabetatzea.

1. maila gaindituta: 10 kreditu.

2. maila gaindituta: 16 kreditu.

c) Euskalduntzea.

5. maila gaindituta: 4 kreditu.

9. maila gaindituta: 12 kreditu.

12. maila gaindituta: 16 kreditu.

5.– Hizkuntzak irakasten dituen beste edozein ikastegi ofizial, beti ere mailatan antolatuta dagoenean, aurreko baliokidetzak aplikatuko dira zuzenean edo, bestela, ikasleak aurkeztutako dokumentazioaren arabera gehien hurbiltzen dena.

6.– Bestelako hizkuntzen kasuan, adibidez zeinu-hizkuntzarenean, ikastegiko baliozkotze-batzordeak egingo du balorazioa, edo, bestela akademia antolakuntzako azpibatzordeak.

7.– Hala ere, hizkuntzak jakiteagatik ezin izango da aukera askeko krediturik amortizatu,ondoko kasu hauetan:

Hispaniar Filologiako ikasleek ezingo dute krediturik amortizatu hautatutako bigarren hizkuntza jakiteagatik.

Frantses Filologiako ikasleek ezingo dute krediturik amortizatu hautatutako bigarren hizkuntza jakiteagatik.

Ingeles Filologiako ikasleek ezingo dute krediturik amortizatu hautatutako bigarren hizkuntza jakiteagatik.

Euskal Filologiako ikasleek ezingo dute krediturik amortizatu hautatutako bigarren hizkuntza jakiteagatik.

Aleman Filologiako ikasleek ezingo dute krediturik amortizatu hautatutako bigarren hizkuntza jakiteagatik.

Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasleek ezingo dute krediturik amortizatu aukeratu duten A, B edo C hizkuntza jakiteagatik.

Atzerriko hizkuntza: frantsesa espezialitateko irakasleen titulazioko ikasleek ezingo dute krediturik amortizatu frantsesa jakiteagatik.

Atzerriko hizkuntza: ingelesa espezialitateko irakasleen titulazioko ikasleek ezingo dute krediturik amortizatu ingelesa jakiteagatik.

Ekintza hauen bidez 20 kreditu amortizatu ahal izango dira gehienera ziklo bakarreko titulazioetan eta 30 kreditu gehienera bi ziklotako titulazioetan. Horretarako, jatorrizko dokumentuak eta kopiak aurkeztu beharko dira ikastegiko idazkaritzan, 63. artikuluan aipaturiko epearen barruan, eta kasuan kasuko prezio publikoak (tasak) ordaindu.

9.– Ikaskuntza artistikoak (musika eta dantza).

Musika eta dantza-ikasketen bidez ere amortizatu ahal izango dira aukera askeko kredituak, irizpide eta balio hauek aplikatuko direlarik:

3 kreditu ikasketa hauengatik:

– Oinarrizko graduaren ziurtagiria (1/1990 LOGSEko planaren edo 2/2006 LOEko planaren arabera).

9 kreditu ikasketa hauengatik:

– Tarteko graduaren ziurtagiria (1/1990 LOGSEko plana) edo lanbide-irakaskuntzen ziurtagiria (2/2006 LOEko plana).

15 kreditu ikasketa hauengatik:

– Goi mailaren ziurtagiria (1/1990 LOGSEko plana) edo musikaren graduko goi mailako ikasketen ziurtagiria (2/2006 LOEko plana).

Adierazitakoez gain, honako titulu ofizialen bidez ere amortizatu ahal izango dira aukera askeko kredituak, pilatu ezin izango badira ere:

6 kreditu irakasle-titulua izateagatik honako espezialitateetan: solfeoa edo musika-tresna, talde korala, harmonia, talde instrumentala, bat-bateko saio instrumentala eta transposizioa, ganbera-musika, estetika, konposizioa eta instrumentazioa, orkestra eta koro zuzendaria etab.

9 kreditu goi-mailako irakasle-titulua izateagatik honako espezialitateetan: solfeoa edo musika-tresna, talde korala, harmonia, talde instrumentala, bat-bateko saio instrumentala eta transposizioa, ganbera-musika, estetika, konposizioa eta instrumentazioa, orkestra eta koro zuzendaria etab.

Ikastetxe hauetan egindako musika-ikasketak onartuko dira: kontserbatorio ofizialetan, udal kontserbatorioetan, eta musika-ikastetxe eta eskola baimenduetan, hau da, indarrean dagoen legeriaren araberako musika-ikasketak irakasten dituztenetan.

Euskal Dantzarien Biltzarraren eta elkarte diren dantza-taldeen irakaskuntza eta ekintzei dagokienez, hiru kreditu amortizatzeko balioko dute, baina urte osoko jarduna frogatu beharko du ikasleak. Horretarako, elkarteak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

Ekintza hauen bidez 18 kreditu amortizatu ahal izango dira gehienera ziklo bakarreko titulazioetan, eta 24 kreditu gehienera ziklo biko titulazioetan. Ikaslearen mailaren arabera emango dira kredituok, eta ezingo dira pilatu mailaka. Horretarako, jatorrizko dokumentuak eta kopiak aurkeztu beharko dira ikastegiko idazkaritzan, 63. artikuluan aipaturiko epearen barruan, eta kasuan kasuko prezio publikoak (tasak) ordaindu.

10.– Erakunde humanitarioak eta jarduera sozialak.

Autonomia erkidegoetako erregistro ofizialetan izena emanda dauden gobernuz kanpoko erakundeekin (GKE), Gurutze Gorriarekin eta Errepideetako Laguntzarako Elkartearekin aritu diren ikasleek aukera askeko kredituak amortizatzea eskatu ahal izango dute.

Gizarte-zerbitzuetako erakundeetan laguntzen duten ikasleek ere aukera askeko kredituak amortizatu ahal izango dituzte, betiere erakundeok autonomia-erkidegoetako erregistro ofizialetan alta emanda badaude.

Ekintza horiek burutuz gero, gehienez 8 kreditu emango dira ikasturte bakoitzeko. Edozelan ere, ziklo bakarreko titulazioetan gehienez 20 kreditu amortizatu ahal izango dira bide honetatik, eta bi zikloko titulazioetan, berriz, 30 kreditu gehienez. Kreditu bat lortzeko ikasleak 30 ordu egin beharko ditu dagokion ekintzan, eta bere parte hartzea egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du, erakundeak egina eta ikasleak burutu duen lankidetza mota, izan beharreko erregistro ofizialetan esleitutako erregistro zenbakiak eta ekintza horretan ikasleak emandako ordu kopurua bertan adieraziz. Ikastegiko idazkari akademikoaren erabakiaren bidez, kreditu horiek ikaslearen espedientean sartuko dira, baina aurretik ikasleak prezio publikoak ordaindu beharko ditu.

Bestalde, UPV/EHUko Ezgaitasunak dituzten Ikasleei Lagun Egiteko Programan parte hartzen duten ikasleei ere aukera askeko kredituak emango zaizkie. Kasuak oso desberdinak izaten direnez, kreditu-kopuruak ere aldatu egingo dira ekintza batetik bestera. Edozelan ere, ikasturteko gehienez ere 8 kreditu emango dira, eta ziklo bakarreko titulazioetan gehienez 20 kreditu eta bi zikloko titulazioetan gehienez 30 kreditu.

Ikasleen errektoreordeak, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren bidez, programa horretan parte hartzen duten ikasleen jarraipena egingo du, eta ikasle bakoitzari, aurretik eskatuz gero, ziurtagiri bat egingo dio, amortizatu beharreko kreditu kopurua jasoko duena.

11.– Udako ikastaroak.

Bai UPV/EHUko udako ikastaroengatik eta bai beste unibertsitate batzuetakoengatik ere, aukera askeko kredituak aitortuko dira. Kreditu bat emango da 15 ordurengatik, 7. atalean aipatutako jardueretako bat denean izan ezik.

Ikastaroak ematen dituzten erakundeek jarraipena egingo diete ikasleei, eta irakasle arduradunak ziurtagiri bat emango dio dagokionari, non adieraziko duen zein jarduera burutu duen ikasleak eta zenbat ordu egin dituen. Ziurtagiri horrekin, ikaslea, 63. artikuluan aipaturiko epeetan, matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaritzara joango da, prezio publikoak (tasak) ordaindu ondoren aipaturiko kredituak bere espedientean sar ditzaten.

12.– Ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, jardunaldiak eta biltzarrak.

Ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, jardunaldiak eta biltzarrak egiteagatik aukera askeko kredituak amortizatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Ikastaro, mintegi, hitzaldi, jardunaldi eta biltzarrak ekintza osagarritzat joko dira eta aukera askeko kredituak lortzeko bide, baldin eta erakunde hauetakoren batek edo gehiagok antolatuak badira:

– Errektoreordetzak.

– Unibertsitateko ikastegiak.

– Unibertsitateko sailak.

– Unibertsitateko institutuak.

– Ikastetxe nagusiak.

b) Era berean, ikastaro, mintegi, hitzaldi, jardunaldi eta biltzarrak ekintza osagarritzat joko dira, eta aukera askeko kredituak lortzeko bide, baldin eta erakunde hauetakoren baten edo gehiagoren bermea badute:

– Unibertsitateko ikastegiak.

– Errektoreordetzak.

– Sailak.

c) Berez emango dira aukera askeko kredituak, baldin eta jardueren antolatzaileak hurrengo zerrendakoak badira. Dena dela, kredituak aitortu ahal izateko, lehenago eskaria aurkeztu beharko zaio akademia antolakuntzako errektoreordeari:

– Eusko Ikaskuntza.

– Udako Euskal Unibertsitatea.

– Euskal Herriko Adiskideen Elkartea.

– Euskaltzaindia.

Gorago aipatutako jarduerengatik unibertsitateko edozein ikasleri aitortuko zaizkio aukera askeko kredituak, alde batera utzita zein titulaziotakoa den.

Erakunde antolatzaileek ikasleen jarraipena egingo dute eta irakasle arduradunak ziurtagiri bat emango die ikasleei, honakoak zehaztuta: ikasleak zein jarduera egin duen, zenbat ordu iraun duen jarduerak, nork baimendu duen eta noiz egin den.

Ziurtagiri horrekin, ikaslea, 63. artikuluan aipaturiko epeetan, matrikulatuta dagoen ikastegiko idazkaritzara joango da, prezio publikoak (tasak) ordaindu ondoren aipaturiko kredituak bere espedientean sar ditzaten. Kasuan kasuko saileko idazkariak sinatuko ditu ziurtagiri horiek, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak.

Jarduera horiek egiten dituzten ikasleei kreditu bat emango zaie 15 ordurengatik; gehienez ere 20 kreditu emango dira ziklo bakarreko titulazioetan, eta gehienez ere 30 kreditu ziklo bitako titulazioetan.

Kredituak onartzea

63. artikulua.– 1.– Prestakuntza osagarriaren bidez lortutako kredituak onartzeko, nahitaezkoa izango da ekintza horiek titulazioak dirauen eskolaldiaren barruan egin izana. 2. zikloa besterik ez daukaten titulazioetan eskolaldiaren barruan sartzen da titulazio horretara sartzeko bidea eman duen titulazioko lehen zikloa ere.

2.– Hizkuntza, musika eta dantzako titulazio ofizialetan ez da aplikatuko 1. atalean adierazitako baldintza.

3.– Prestakuntza osagarriaren truke aukera askeko kredituak eskatzeko epea, oro har, urriaren lehen hamabostaldia izango da. Salbuespen moduan, ziklo edo titulazio bat bukatzen duten ikasleen kasuan edo oso justifikazio handia daukaten beste kasu batzuetan, ikastegi bakoitzak zehaztuko du epea.

4.– Ikasleak kredituok bere espedientean sartzea eskatu beharko du adierazitako epeetan. Horretarako, eskaera orria eta ziurtagiria aurkeztu beharko ditu bere ikastegiko idazkaritzan.

5.– Ikastegiko idazkari akademikoak, ikasleak aurkeztutako dokumentazioa ikusita, kredituak onartzeko erabakia emango du, kreditu horiek ikaslearen espedientean sar daitezen. Horretarako, prezio publikoak ordaindu beharko ditu aurretik ikasleak.

6.– Erabaki horiei buruzko errekurtsoak UPV/EHUko errektoreari aurkeztu zaizkio, berak ebatz ditzan.

VII. KAPITULUA
EGOKITZAPENAK ETA BALIOZKOTZEAK

Egokitzapenak (plan zaharretik plan berrira aldatzea)

64. artikulua.– 1.– Espedienteak ikasketa plan betetik bestera egokitzeko, taula batzuen bidez egingo da. Taulotan jasota egongo dira aurreko ikasketa-planean gainditutakoengatik ikasketa-plan berrian ikasleak egokiturik (gainditurik) izango dituen irakasgaiak. Taula hori automatikoki aplikatuko da ikaslea plan berrira sartzean

2.– Egokitzapenak irakasgaika, irakasgai multzoka edo zikloka egin behar dira. Ezin izango da inola ere irakasgaien zatirik egokitu.

3.– Desagertuko den plan batetik ezarriko den plan berrira egokitzeak ez du ikaslearentzat kosturik sortuko.

4.– Plan berrira sartzean ikaslea deialdi guztiekin hasiko da egokitu gabeko irakasgaietan, kontuan hartu barik zenbat deialdi erabili zituen aurreko planean irakasgai horien baliokideetan. Edozelan ere, iraute arauetan jasotakoari jarraituz ikasleak ezin badu plan zaharreko ikasketetan jarraitu, ezin izango ditu bere ikasketak plan berrira egokitu.

5.– Aurreko planetik plan berrirako egokitzapena ikasketa berberen artean egingo da beti. Hala ere, gerta liteke plan zahar batetik titulazio bat baino gehiago sortzea. Matrikula egitean ikasleak erabaki beharko du titulazio berri horietatik zeinetara nahi duen egin egokitzapena.

6.– Egokitzapenak prozedura honen arabera egingo dira:

a) Aurreko ikasturtean matrikulatutako ikasleentzat.

1) Titulazioa irakasten duen ikastegiak egutegia jarriko du.

2) Ikasle hauek ordenatuko dira 28.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Matrikula zein egun eta ordutan egin behar duten jakiteko, unibertsitateko web orrian begiratu beharko dute.

3) Egokitzapena prozesu lantsua da, ikaslearen espediente osoa egiaztatu behar baita; beraz, behin eskatuz gero egokitzapena egitea, ikasleak ezin izango du atzera egin.

4) Askotan, automatrikula egiteko egunean ikasleak kalifikatu barik izango ditu artean irakasgai batzuk. Beraz, une horretan egiten den egokitzapena behin-behinekoa izango da, eta modu automatikoan eguneratuko da ikasleak irakasgai guztiak kalifikatuta dituenean.

5) Aurreko planean kredituak baliokidetzen bidez onartuta dauzkaten ikasleek berriro onartzea eskatu beharko dute egokitzapena egiten dutenean. Onarpen hori ikasketa-plan berrian ezartzen denaren arabera eta ikastegiko Baliozkotze Batzordeak ebazten duenaren arabera egingo da.

b) Aurreko ikasturtean matrikulatuta egon ez diren ikasleentzat.

Ikasleok matrikularako hitzordurik izango ez dutenez, ikastegiko idazkaritzara joan beharko dira 29. artikuluan adierazitako datetan eta ikasketa-plan berrira egokitzeko eskaria egin.

Egokitzapena eskatu ahal edo behar duten ikasleak.

65. artikulua.– Gobernu kontseiluak 2012-05-16ko bileran onetsitako graduko Ikasketetan kredituak transferitu eta onartzeko arautegiak, bere 2. xedapen gehigarrian 1393/2007 EDren aurreko ikasketa-planen egokitzapenaz dioenaren arabera, graduko ikasketen aurreko planak indarrean dauden bitartean, aurretik araututako ikasketak egiten ari diren ikasleek, ikasketa horiek desagertu aurretik eta matrikula egiterakoan, ikasten ari diren titulazioa ordezkatuko duen graduko titulaziora aldatzea eska dezakete, egokitzapen automatikorako prozedurari helduz. Prozedura horretan jaso beharko dira egungo UPV/EHUko titulazioak ordezkatuko dituzten graduko ikasketa-plan berrien proposamenak, 1393/2007 EDko I. eranskineko 10. atalean ezarritakoarekin bat.

Oro har, 1393/2007 EDren aurreko ikasketa-planak ikastaroz ikastaro desagertuko dira. Behin maila guztiak desagertuta, hurrengo bi ikasturteetan ebaluazio probarako lau deialdi egingo dira. Ikasleek goian aipatutako deialdiak etsaminak gainditu gabe agortu badituzte (deialdirik izan badute iraute arauei jarraiki), ikasketekin jarraitu nahi dutenek ikasketa-plan berrian sartu beharko dute, dagokien egokitzapenaren edo kasuan kasuko onarpenaren ondotik.

1393/2007 errege dekretuaren aurreko ikasketa planetako baliozkotzeak

66. artikulua.– 1.– Baliozkotze eskariak ikastegietako idazkaritzetan egingo dira, horretarako zehaztutako epeetan eta onartuko den prozedurari jarraiki. Ikastegi bakoitzeko Baliozkotze Batzordeak edo haren baliokideak ebatziko ditu abenduaren 1a baino lehen, arrazoiak azalduta.

2.– Erabaki horiei buruzko errekurtsoak UPV/EHUko errektoreari aurkeztu zaizkio, berak ebatz ditzan.

3.– Titulazio bat bertan behera utzi eta gero beste bide batetik titulazio berberera sartzen diren ikasleek baliozkotuta izango dituzte lehen aldiz sartzean gainditu zituzten gaiak.

4.– Ikasleek beste unibertsitate batean egindako aukera askeko kredituak baliozkotu edo egokituko zaizkie, jatorrizko titulazioa desberdina edo berbera den.

1393/2007 errege dekretuaren aurreko ikasketa planetako kredituak baliokidetzaz onartzea.

67. artikulua.– 1.– Ikasketa-planean zehaztuta badago, kreditutzat hartu ahal izango dira titulazioko ikasketak egin bitartean enpresetan egindako praktikak, irakasle batek zuzendutako lan profesionalak, nazioarteko hitzarmen babesean egindako ikasketak, hizkuntzak eta beste jarduera batzuk. Kredituok balio akademikoa izan dezaten, ikastegi bakoitzeko Baliozkotze Batzordeak baimena eman beharko du, eta irakasle arduradun bat izendatu; horrez gain, ikasleak kreditu horietarako matrikula egin beharko du, eta dagokiona ordaindu.

2.– Enpresetan egindako praktikekin kredituak amortizatu ahal izateko, Baliozkotze Batzordeak ez ezik, irakasle arduradunak ere onartu beharko ditu aldez aurretik.

3.– Ikasleak ikastegiko dekano/zuzendariari zuzenduko dio kredituak onartzeko eskaria.

4.– Eskariei buruzko erabakia ikastegiko baliozkotze batzordeak emango du, gehienez ere hilabeteko epean; erabakia eman aurretik irakasle arduradunaren iritzia entzungo du. Erabakian honakoak zehaztu beharko ditu:

a) Aitortutako kreditu kopurua.

b) Kreditu motak: enborrekoa, nahitaezkoa, hautazkoa edo aukera askekoa

c) Zein ziklo eta ikasturteri esleituko zaizkion.

d) Enborreko edo nahitaezko kredituak onartuz gero, ikasketa planeko zein irakasgai amortizatuko diren erabaki beharko da.

5.– Kreditu hauek ez dira kreditu teoriko eta praktikoetan banatuko: denak batera aitortuko dira.

6.– Ikasleari erabakiaren berri emango zaio, eta hark onartu zaizkion kreditu edo irakasgaietan matrikulatu eta beroriek ordaindu beharko ditu.

7.– Ikasleak aukera askeko kredituengatik ordaindu beharreko zenbateko bera ordaindu beharko du titulazioko kredituengatik, prezio publikoei buruzko Aginduan bestelakorik zehaztu ezean.

8.– Aitortutako kredituek ez dute kalifikaziorik izango, ez eta izenik ere.

Graduko ikasketa planetako kredituak transferitu eta onartzea

68. artikulua.– Graduko ikasketa-planetako kredituak transferitu eta onartzeko kontuan hartuko da Graduko ikasketetan kredituak transferitu eta onartzeko arautegian xedatutakoa (Gobernu Kontseiluak onartua 2012ko maiatzaren 16an), edo, halakorik gertatuz gero, arautegi hori ordezkatuko duenean xedatutakoa.

VIII. KAPITULUA
PRACTICUMA, PRAKTIKA GIDATUAK ETA KARRERA-AMAIERAKO PROIEKTUAK

Karrera amaierako proiektuetarako eta gradu amaierako lanetarako ebaluazio probarako matrikula eta deialdiak.

69. artikulua.– Practicuma, praktika gidatu edo integratuak, egonaldiak edo karrera-amaierako proiektuak dira ikasleek lan-mundua ezagutzeko unibertsitateko ikastegietan edo unibertsitatearekin hitzarmena duten guneetan egiten dituzten praktiken multzoa. Praktika horiek enborrekoak edo nahitaezkoak dira, hau da, ikasleak ezinbestez egin behar dituenak titulazioa lortzeko. Hori dela eta, unibertsitateak bermatu egin behar du ikasle guztiek horrelakoak egiteko aukera izatea.

Honako arautegi honetan xedaturikoa izan ezik, jardun hauek UPV/EHUko Praktiketarako arautegian eta gradu amaierako lanerako arautegian xedaturikoari lotuko zaizkio.

70. artikulua.– Ikastegi bakoitzak zehaztuko du zein epetan egin beharko den karrera amaierako proiekturako matrikula, bai eta proiektua aurkeztu eta defendatzeko datak ere. Era berean, ikastegi bakoitzak ezarriko du, barruko arautegiaren bidez, karrera amaierako epaimahaiaren (gradu amaierako lanerakoaren) osaera, betiere bi hizkuntza ofizialetako ebaluazio epaimahaiak direla bermatuz eta gradu amaierako lana osatu eta defentsarako arautegian ezarritakoa ezertan ukitu barik.

«Azken» kalifikazioa karrera amaierako proiektua daukaten titulazioetan

71.– 1. artikulua.– Ikasketa planaren arabera titulazioa lortzeko nahitaezkoa bada karrera amaierako proiektua egitea, planean zehaztuta egon beharko dira «karrera amaierako nota» lortzeko irizpideak. Izan ere, titulu ofizialaren atzeko aldean nota hori jarri beharko da.

2.– Titulazio bat ikastegi batean baino gehiagotan ematen bada, irizpide berak erabili beharko dituzte guztiek karrera amaierako nota kalkulatzeko.

IX. KAPITULUA
TESINAK, GRADU AZTERKETAK ETA LIZENTZIATURAKO SARI BEREZIAK

72. artikulua.– Lizentziatura-graduarekin lortzea unibertsitateko titulu ofizialean ageri den merezimendu akademikoa da. Gradua bi modutara eskura daiteke: edo graduko ebaluazio-ariketa eginez eta bertako ariketa idatziak, ahozkoak edo praktikoak gaindituz, edo tesina bat eginez, doktore baten zuzendaritzapean. Tesina ekitaldi publikoan defendatu behar du ikasleak, fakultateko batzarrak dekanoaren proposamenez izendatu eta hiru irakasle doktorek osatutako epaimahaiaren aurrean.

73. artikulua.– Lehenengo eta bigarren zikloko edo graduko ikasketa ofizialetako sari bereziak.

1. atala.– UPV/EHUko gobernu kontseiluak (akademia antolakuntza eta doktoregoko batzordeak, eskuordetzeaz), gehienez sari berezi bi eman ahal izango ditu ikasturte bakoitzean eta unibertsitateko ikastegietan ematen den titulazio bakoitzeko, espediente akademikorik onena daukaten ikasleentzat.

2. atala.– Karrera-amaierako sari berezia jasotzeko kandidatu izan daitezke sariak ematen diren ikasturtearen aurrekoan titulu ofizialeko ikasketak amaitu dituzten lehen eta bigarren zikloko edo graduko ikasleak.

3. atala.– Sari berezirako proposamena ofizioz egingo du ikastegi bakoitzeko dekanoak/zuzendariak, ikasturte bakoitzerako legez ezarritako azken deialdia amaitu eta gero.

4. atala.– Ikastegi bakoitzeko Batzarrak zehaztuko du sari berezia proposatzeko egoki deritzon prozedura. Prozedura espezifikorik ezean, ikastegi bakoitzak batzorde bat izendatuko du. Gutxienez unibertsitateko hiru irakaslek osatuko dute, ikastegi horretan ematen diren titulazioei lotutako sailetakoek. Batzordeak espediente akademikoa egiaztatu eta baloratuko du, hurrengo artikuluan zehazten den legez.

5. atala.– Irizpide hauek erabiliko dira espediente onena zein den erabakitzeko:

1.– Titulazioko irakasgaietako kalifikazioak baino ez dira kontuan hartuko. Beraz, ez dira aintzat hartuko ikasleak egindako bestelako ikasketa edo lanak, eta bigarren zikloa besterik ez duten titulazioen kasuan, ez da hartuko kontuan jatorrizko lehen zikloko espediente akademikoa. Ikastegiko Batzarrak egoki deritzen irizpideak ezarri ahal izango ditu puntu hau garatzeko.

2.– Ikasketa-planean karrera amaierako proiektua daukaten titulazioetan, ikastegiko batzarrak erabakiko du zelan baloratzen duen. Era berean, ikastegiak erabaki ahal izango du noiz jotzen duen bukatutzat aurreko ikasturtea, baina arautegi honetako 2. atalean esaten denari dagokionez, ez bestela.

3.– Espediente akademikoa baloratzeko, ekainaren 10eko 1267/94 errege dekretuko (ekainaren 11ko EBO) I. eranskineko irizpide eta baliokidetzak aplikatuko dira, edo une horretan indarrean dagoen arautegia.

4.– Sari berezirako proposamena hutsik geratuko da titulazio batean baldin eta Ikastegiko Batzarrak ezarritako irizpideei jarraiki, horretarako merezimendurik daukan ikaslerik ez badago. Edozein kasutan, eman gabe geratzen diren sariak ezin izango dira eman ikastegiko beste titulazio batzuetan.

6. atala.– Saridun bakoitzari egiaztagiria emango zaio, eta sariaren aipamena espediente akademikoan geratuko da jasota. Era berean, titulu ofizialean ere horren aipamena jasoko da, eta ikasle sarituak ez du prezio publikorik ordaindu beharko titulua jasotzeko.

7. atala.– Interesatuak titulua baldin bazeukan eskatuta sari berezia jaso baino lehen, berak eskaria eginez gero sariaren aipua jasoko da tituluan eta titulu ofiziala eskuratzeko ordaindutako dirua itzuliko zaio.

X. KAPITULUA
SALBUESPENEZKO DEIALDIA

Salbuespenezko deialdia (graziakoa)

74. artikulua.– Salbuespenezko deialdietarako eskariak honako irizpide hauen arabera ebatziko dira:

a) Salbuespenezko deialdi bat emango da, gehien dela, ziklo bakarreko titulazioetarako, eta bi deialdi bi zikloetako titulazioetan, ziklo bakoitzeko bana eta inoiz ere ziklo berean.

b) Ikasleak gehienez hiru irakasgai izan ditzake gainditzeke salbuespenezko deialdiaz gainditu nahi duen irakasgaiaren zikloan. Kreditutan egituraturiko ikasketa-planetan, berriz, ziklo bakoitzean gehienez 36 kreditu izan ditzake gainditzeke.

c) Akademia antolakuntzako errektoreordeak —UPV/EHUko errektoreak eskumenak eskuordetuta— salbuespenezko deialdi bat eman ahal izango dio ikasleari, haren espedientea eta goiko ataletan sartzen ez diren bestelako xehetasunak kontuan hartuta, betiere behar bezala justifikatuta egonez gero.

d) Ziklo bakoitzean gainditu gabeko irakasgaiak zenbatzerakoan, lau hilabeteko irakasgaiak irakasgai erditzat hartuko dira.

e) Ikasleak aukera dezake salbuespenezko deialdia zein deialditan erabiliko duen, eta ikastegiko Idazkaritzari jakinarazi beharko dio matrikula egiterakoan.

XI. KAPITULUA.
AKADEMI EGUTEGIA

75. artikulua.– 1.– Honako hau izango da 2012-2013 ikasturterako eskola egutegia UPV/EHUn:

Gradu eta Lehenengo eta Bigarren Zikloa

– Ikasturtearen hasiera: 2012.eko irailaren 10ean.

– Lehenengo lauhilekoa: 2012.eko irailaren 10etik 2012.eko abenduaren 21era (biak barne).

– Neguko oporrak: 2012.eko abenduaren 22tik 2013.eko urtarrilaren 6ra (biak barne).

– Lehenengo lauhilekoko ohiko deialdia: 2013.eko abenduaren 9tik 25era (biak barne).

– Bigarren lauhilekoa 2012.eko urtarrilaren 28tik 2013.eko maiatzaren 17ra (biak barne).

– Udaberriko oporrak: 2013.eko martxoaren 28tik, ostegunez, apirilaren 7ra, igandez (biak barne).

– Bigarren lauhilekoko ohiko deialdia: 2013.eko maiatzaren 20tik ekainaren 6ra (biak barne).

– Ezohiko deialdia: 2013.eko ekainaren 20tik uztailaren 10era (biak barne).

Bestelako jaiegunak

Horrez gain, honakoak ere jaiegun izango dira: ikastegi bakoitzeko zaindariaren eguna, udalerriko jaieguna, Eusko Jaurlaritzak autonomia erkidegorako zehaztutakoak eta UPV/EHUren lan-egutegian zehaztutakoak.

Ikastegiek oinarrizko egutegi honen arabera onartu beharko dute beren egutegi akademikoa, salbu eta Ikastegiko Batzarrak hortik aldentzen den zerbait onartzen duenean dekanoak/zuzendariak hala proposatuta, edo Campuseko Batzarrak hala onartzen duenean, errektoreordeak proposatuta. Hala ere, halako aldaketarik eginez gero, horren berri eman beharko zaio Akademia antolakuntzarako errektoreordetzari, ontzat eman beharko baitu akademia antolakuntza eta doktoregoko batzordeak.

XII. KAPITULUA
INDARRALDIA ETA ESKUMENAK ESKUORDETZEA

76. artikulua.– 1.– Akademia antolakuntza eta doktoregoko batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatzeko arau osagarriak eman ditzan eta ikasturtero datak, egutegiak eta eranskinak egunera ditzan, Akademia antolakuntzarako errektoreordearen proposamenaz.

2.– Arautegi hau 2012-2013 ikasturtean jarriko da indarrean, ikasturte hori barne.

3.– Arautegi hau nahitaez bete beharko dute UPV/EHUri atxikitako ikastegi guztiek.

4.– Akademia antolakuntzarako errektoreordearen gain uzten da arautegi hau ezartzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira arautegi honekin bat ez datozen gainerako xedapen guztiak.


Azterketa dokumentala