Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2012ko ekainaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
2526

EBAZPENA, 2012ko maiatzaren 2koa, Energia eta Meategien zuzendariarena, Bergarako udalerrian (Gipuzkoa) Ubera nukleoan PGLa Biltegiratzeko Zentroa eta gas propano kanalizatua Banatzeko Sarea eraikitzeko Administrazio Baimenari buruzkoa.

Erref.: RI.12.127-CGF. 2012-1

Jordi Sagués Costa jaunak, Repsol Butano, S.A.ren izenean eta hura ordezkatuz, eta jakinarazpenetarako helbidea Pilotegi Bidea 2, 103. bulegoa, Donostia-San Sebastián dela, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan administrazio-baimena eskatu zuen 2011-11-25ean PGLa Biltegiratzeko Zentro bat eta MOP = 2 bar-ko gas propano kanalizatua Banatzeko Sarea eraikitzeko, Bergarako (Gipuzkoa) Ubera nukleoan. Eskabide horrekin batera, eraikuntza-proiektua aurkeztu zen, eskumeneko teknikariak idatzia eta behar bezala ikus-onetsia.

Era berean, Repsol Butano, S.A. sozietateak Naturgas Energía Distribución, S.A.U. enpresaren idazki bat aurkeztu zuen, eta idazi horretan, Naturgas Energía enpresak Ubera Nukleorako Repsol Butano, S.A.k eskatutako obra egikaritzearekiko adostasuna adierazi zuen, betiere instalazioak diseinatzen eta eraikitzen badira gas naturala banatzeko erabiltzearekin bateragarriak izateko moduan, Hidrokarburoen Legearen 77. artikuluari jarraiki, eta adostasun horrek inola ere ez badakarkio Naturgas Energía enpresari titularra den baimenari uko egitea, erabat edo partzialki.

2012-01-17an, informazio gehiago aurkezteko eskatu zitzaion Repsol Butano, S.A.ri, eraikuntza-proiektuan aurkeztutakoaren osagarri.

2012-01-17an eta 2012-01-25ean, Repsol Butano, S.A.k idazki argigarriak aurkeztu zituen aurkeztutako Proiektuari loturik.

AURREKARIAK

Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Merkataritza Sailaren 1988-05-26ko Aginduaren bitartez (106. EHAA, 1988-06-1ekoa), Gipuzkoako Lurralde Historikoko Bergarako udalerrian etxeetan eta merkataritzan erabiltzeko gas naturalaren horniduraren zerbitzu publikoa eskaintzeko administrazio-emakida Gasdoc, S.A.ri (geroago, Naturgas Energía Distribución SAU) eman zitzaion.

Ebazpen honek jarraian azaltzen diren oinarri juridikoak ditu:

OINARRI JURIDIKOAK

1.– Energia eta Meategien Zuzendaritza da espediente hau ebazteko eskumena duen organoa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan (2009-09-24ko EHAA) ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeak (1998-10-08ko BOE) eta gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak, eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuak (2002-12-31ko BOE) administrazio-baimenaren betebeharra ezartzen dute gasa banatzeko sareak zabaldu aurretik.

3.– Gas-erregaiak banatzeko eta erabiltzeko Arautegi teknikoa eta horren ICG (1-11) jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuak (2006-09-04ko BOE) administrazio-baimenaren betebeharra ezartzen du gasa banatzeko sareak zabaldu aurretik, baita sare horiei loturiko Biltegiratzeko Zentroak eraiki aurretik ere.

4.– Kanalizatutako gasaren zerbitzu publikoaren instalazioei baimena eman eta horiek jardunean jartzeari buruzko ekainaren 9ko 107/1998 Dekretuak (1998-06-26ko EHAA) B Presio Ertainean garatutako hiriko eta hiri arteko sareen eta industrialdeen izapidetze-prozedura ezartzen du, besteak beste.

5.– Eusko Jaurlaritzaren Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sail desagertuaren Industria, Energia eta Meategien Administrazio Zuzendaritzaren 1998-01-12ko Instrukzioa, kanalizatutako Gasaren Sare eta Harguneen Administrazio Baimenei buruzko Espedienteen izapidetzeari buruzkoa.

Hori jendaurrean jarri da, eta, horretarako, 2012-02-14ko El Diario Vasco egunkarian, 2012-02-10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren 28. zenbakian eta 2012-03-12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 51. zenbakian argitaratu da, eta 20 egunez jendaurrean ikusgai jarri da Bergarako Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurreko informazioaldia 2012-04-4an amaitu zen, eta aldi horretan ez da proiektuaren aurkako alegazio bat bera ere aurkeztu Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan, ezta eskabiderik edo proiekturik ere, Repsol Butano, S.A.k aurkeztutakoekiko lehia askean.

Aurreko legezko arauak eta ezarri beharreko gainerako xedapen orokorrak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Repsol Butano, S.A. enpresari Bergarako udalerrian (Gipuzkoa) Ubera nukleoan PGLa biltegiratzeko zentroa eta gas propano kanalizatua (2 bar-eko Operazioko Presio Maximoan) banatzeko Sarea eraikitzeko baimena ematea.

PGLa Biltegiratzeko Zentroaren eta Banaketa Sarearen ezaugarriak aurkeztutako proiektuaren memorian eta planoetan zehaztu dira, eta honako hauek dira:

Biltegiratzeko Zentroa

– Oinarrizko ezaugarriak: PGLko lurperaturiko andel 1, 13 m3-ko edukierarekin.

– Kokapena: Udal-jabetzako partzela batean, Bergarako Ubera Auzoko (Bentakoa Baserria) 31.aren alboan kokatuta dagoena. Bergarako Udalaren ziurtagiria, lurzati hori udal-jabetzakoa dela ziurtatzen duena, espedientean jasota dago.

– Aurrekontua: 21.386,55 euro.

Banaketa Sarea

– Trazadura: Banaketa Sarea Biltegiratzeko Zentroaren irteera-balbulan hasiko da. Puntu horretatik hasita, sarea –DN40 mm-rekin egikarituko dena– ipar-ekialderantz joango da 10 bat metrotan; puntu horretan, sarea bi adarretan banatuko da, lehena ipar-mendebalderantz joango da 30 bat metrotan, Ubera Auzoko 31. zenbakiko eraikinari zerbitzua emateko. Bigarrena, berriz, hegoalderantz joango da 115 bat metrotan, eta Ubera Auzoko 40. zenbakiko eraikinaren parera iritsiko da. Puntu horretan berriz ere banatuko da beste bi adarretan; lehenak aurrera jarraituko du 140 bat metrotan hego-ekialderantz, Ubera Auzoko 42.zenbakiko eraikinera iritsi arte, eta bigarrenak, aldiz, ipar-mendebalderantz jarraituko du 200 bat metrotan, Ubera Auzoko 27. zenbakikol higiezinera iritsi arte. Era berean, azken adar horretatik, bigarren mailako hainbat adar aterako dira.

Hori guztia zehatz-mehatz adierazita dago 10. planoan (Kanalizazio Oinplanoa); plano hori Danagas-ek egin zuen 2011ko azaroan, eta aurkeztutako Proiektuan sartuta dago.

– Banaketa-sarearen luzera: 896 m DN40 mm-rekin.

– Harguneak: 30 adar DN32 mm-rekin, eta horiei dagozkien hargune-balbulak.

– Sareko balbulak: Sareko 6 sekzionamendu-balbula, DN40 mm-tan.

– Hodien materiala: Polietileno PE80, SDR11, 40 eta 32 mm-ko Diametro Normalizatua.

– Aurrekontua: 100.452,11 euro.

– Eragiteko presio maximoa: MOP = 2 bar izango da (sarearen diseinua gas naturalarekiko bateragarria).

2.– Ebazpen honen bitartez baimendutako instalazioak honako proiektu honen arabera gauzatu beharko dira: Administrazio-baimenaren eta Bergarako udalerriko (Gipuzkoa) Ubera auzoan PGLa biltegiratzeko estazioa eta gasa kanalizazio bidez hornitzeko instalazio osagarriak ezartzeko proiektua. Proiektua Erregai eta Lehergaien ingeniari tekniko Jesús Ruiz Ferreiro jaunak egin zuen (Bilboko Meatzeetako Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialean 1211. elkargokide-zenbakia), eta Euskadi, Nafarroa, Errioxa eta Soriako Meatzeetako Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialak eman zion oniritzia 2011-11-16an, 1122 bisatu-zenbakiarekin.

3.– Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, Repsol Butano, S.A.k 2.436,77 euroko fidantza eman beharko du 2 hilabeteko epean, bere betebeharrak beteko dituela bermatzeko. Fidantza hori EAEko Gordailu Kontu Nagusian egin beharko da, eskudirutan, estatuko baloreetan edo banku-abalen bitartez, uztailaren 21eko 1775/1967 Dekretuaren 11.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Instalazioak baimendu eta eraiki ondoren, eskumeneko Lurralde Organoak instalazioak abian jartzeko akta egingo du, eta une horretan itzuliko zaio fidantza Repsol Butano, S.A.ri.

4.– Baimendutako instalazioak abian jartzeko hogeita lau (24) hilabeteko epea izango da, baimen-egunetik zenbatzen hasita.

5.– Repsol Butano, S.A. enpresak hornidura egokia eta instalazioak mantentzeko, matxurak konpontzeko, erreklamazioetarako eta, oro har, bezeroentzako arretarako zerbitzu eraginkorra eta egokia eman beharko du, eta bere gain izango du baimentzen diren instalazioak zaintzeko eta horiek behar bezala ibiltzeko ardura.

6.– Baimen hau obrak gauzatzeko beharrezkoak diren udal, probintzia edo bestelakoen eskumeneko baimen edo lizentziak alde batera utzita eta horiek kontuan hartu gabe eman da; era berean, honek ez dio eskatzaileari horiek lortzeko betebeharra kentzen.

7.– Indarrean dauden xedapenen arabera instalazioetan egin beharreko azterketak, saiakerak eta probak –orokorrak nahiz partzialak– baimena eskuratu duen enpresak aldez aurretik Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza honi jakinarazi beharko dizkio idazki bidez, behar den aurrerapenarekin.

8.– Sarea eta Biltegiratzeko Zentroa abian jartzeko, Repsol Butano, S.A.k dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan, Obra Zuzendaritzari eta Probei buruzko ziurtagiriak barnean hartuta.

9.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen; ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzan, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraiki.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 2a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

JORGE JUAN LETAMENDIA BELZUNCE.


Azterketa dokumentala