Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2012ko ekainaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2547

EBAZPENA, 2012ko maiatzaren 16koa, Ingurumeneko sailburuordearena. Honen bidez, Ikea Ibérica, S.A.ren industria-nabean 800 MWko eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten da (proiektua Barakaldoko udalerrian garatzekoa da, Bizkaian).

Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko, edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

Barakaldoko udalerrian 800 Mwko eguzki-instalazio fotovoltaiko bat Ikea Ibérica, S.A.ren industria-nabean jartzeko proiektua baimentzeko prozedura hasi denez, eta nahitaez aplikatu beharrekoa denez Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan (Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen Testu Bategina onartzen duena) xedatutakoa, ondoren aipatzen diren izapideak egin dira proiektu horri dagokionez:

– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia ezartzea. Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak hala eskatuta, 2011ko abuztuaren 8an, Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2011ko urriaren 14an proiektuak ingurumen- inpaktuaren azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruzko txostena bidali eta gero, izapidetzea bukatu zen.

– Jendaurreko informazioaren izapidea. Organo substantiboak jendaurrean jarri zituen proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana (2011ko abenduaren 29ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 247. zenbakia, eta 2012ko urtarrilaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 16. zenbakia).

– Espedientea bidali eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatzea. 2012ko apirilaren 24an, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak espedientea Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Aipatutako proiektuaren espedientean ageri diren txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertuta, ikusi da ingurumen-inpaktuaren azterlana zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian ezarritakoari egokitzen zaiola. Ingurumen Sailburuordetza da ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena emateko eskumena duen organoa, xedapen hauen arabera: alde batetik, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, eta, bestetik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua. Eta, hortaz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Barakaldoko udalerrian, Ikea Ibérica, S.A.ren industria-nabean, 800 MWko eguzki-instalazio fotovoltaiko bat ezartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egitea.

2.– Proiektua gauzatzeko baldintzak finkatzea. Baldintzak lotesleak dira, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea Orokorraren 47.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hona hemen baldintzok:

2.A.– Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako Ingurumen Sailburuordetzara bidalitako dokumentazioaren arabera egingo da, eta, zehazki, ebazpen honetan ezarritako zehaztapenen arabera.

2.B.– Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Horren bidez onartu zen proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina.

Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak, aurreko paragrafoan adierazitakoen garrantzirik izan ez eta lanak burutzeko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta proiektuan sartu beharko dira aldaketok: proiektuaren neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan.

2.C.– Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioan eta paragrafo honetan aurreikusitakoaren arabera burutuko dira.

2.c.1.– Jarduketa-eremua mugatzea.

Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Horretarako, obra-eremu bat mugatuko da. Eremu horretatik kanpo ezin izango dira obrako materialak utzi, eta handik ezin izango dira obrako makinak igaro.

Aipatutako eremu horretatik kanpo halabeharrezko eraginak izanez gero, eragina lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira.

2.c.2.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

Obrak dirauen bitartean, hautsak zabaltzea ekidingo da. Behar izanez gero, lanek eragindako azalerak ureztatzeko sistema bat jarriko da.

2.c.3.– Zaraten ondorioak gutxitzeko neurriak.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

2.c.4.– Azaleko urak eta lurzorua babesteko neurriak.

Berariaz debekatuta izango da makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, zeregin horretarako berariaz ezarritako eremuetatik kanpora. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak ez kutsatzeko.

2.c.5.– Hondakinen kudeaketa.

2.c.5.1.– Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen kudeatzaile batengana eraman behar dira.

Teknikoki, ekonomikoki edo ingurumen-ikuspegitik balioztatzea bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

2.c.5.2.– Eraikuntza- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan jasotakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza– eta eraiste-hondakinak. Horren haritik, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko azterlan bat bildu beharko da eraikuntza-proiektura, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretu horren 4.1.a) artikuluan ezarritako edukiarekin.

2.c.5.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira. Hondakin horiek karakterizatu egin beharko dira 2001eko otsailaren 19an Kontseiluak hartutako 2003/33/EE Erabakiaren arabera; erabaki horrek hondakinak zabortegietan onartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen ditu, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluari eta II. eranskinari jarraituz.

2.c.5.4.– Lur-beteketetan kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean daude jasota.

2.c.5.5.– Hondakin arriskutsuentzako ontzietan uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen arabera.

2.c.5.6.– Olio erabilia kudatzeko honakoak hartuko dira kontuan: industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta olio erabiliaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

2.c.5.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemak, langileek sistemak zuzen erabiltzen dituztela ziurtatzeko ardura izango baitute.

2.c.6.– Obrek erasandako aldeak lehengoratzea.

Lanek erasandako alde guztiak lehengoratuko dira; baita ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertzen ez zirenak baina azkenean proiektuaren ondorioz kaltetu direnak ere.

2.c.7.– Obra garbitzea eta amaitzea.

Obra amaitu ondoren, garbiketa-lan zorrotza egingo da, eta proiektuaren eragina izan duen eremuan obra-soberakin guztiak kenduko dira, erabat garbi utzi arte.

2.c.8.– Eremu elektromagnetikoetarako esposizioa mugatzea.

Instalazioek eragindako eremu elektriko eta magnetikoek ezingo dituzte Europar Batasunaren Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan –pertsonek eremu elektromagnetikoekiko (0 Hz-tik 300 GHz-ra) duten esposizioari buruzkoa– adierazitako erreferentziako mugak eta oinarrizko mugaketak gainditu.

2.c.9.– Instalazioak bertan behera uztea.

Jarduera uzten denean, berariazko araudia aplikatuko da. Horrez gain, deuseztatzeko lanak egiteko orduan, obra-faserako ezarritako neurri babesleen zein neurri zuzentzaileen antzekoak aplikatuko dira, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Instalazioek okupatu dituzten azalera guztiak lehengoratu beharko dira, behin instalazioen erabilpena amaitu eta gero.

2.D.– Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusi bezala egingo da. Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirian integratuta geratuko da, eta dagokion aurrekontua edukiko du.

Praktika onak kontrolatu egingo dira obrak egiten diren bitartean, hau da, proiektuaren ekintzek duten eragina egiaztatuko da eta arreta berezia jarriko da eragindako azaleran, hondakinen kudeaketan (indusketako hondakinak, hautsa eta zarata barne), eta Ingurumen-Inpaktuaren Adierazpenean adierazitako beste alderdi batzuetan.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak zein neurri zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, betiere, Sailburuordetzari igorri beharko zaio hori.

Proiektua garatu bitartean sartutako aldaketa puntualak xehetasunez dokumentatu beharko dira, ingurumenean duten eragina kontuan hartuta.

2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, ingurumen-organoak, jardueraren sustatzailearen eskariz edo bere kabuz, neurri babesle eta zuzentzaileak edota ingurumena zaintzeko programa aldatzea erabaki dezake, baldin eta egoki baderitzo ingurumena zaintzeko programaren ondorioak ikusita edo neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileek gerta daitezkeen ingurumen-inpaktuen inguruan erakusten dituzten gabeziak kontuan hartuta.

2.F.– Ebazpen honetako aurreko idatzi-zatietan ezarritakoaren kaltetan joan gabe, sustatzaileak obrak egin diren bitartean izandako gorabeherak eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jaso eta, ebazpen honen 2.D puntuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko du, datu horiek espedientean sartzeko, obrak amaitutakoan.

3.– Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 47.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen duela jakinaraztea.

4.– Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, 2 urteko iraupena duen proiektua martxan jartzeko epea ezartzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau argitaratzen den unetik hasita. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

5.– Proiektuen ingurumen-inpaktuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoa betez, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko diren proiektuari dagozkion lanak.

6.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 16a.

Ingurumeneko sailburuordea,

M.ª ARANZAZU LETURIONDO ARANZAMENDI.


Azterketa dokumentala