Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2012ko ekainaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
2548

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 16koa, Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko antzerkietan egoitza-proiektuetarako 2012. urtean laguntzak emateko araubidea ezartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren 4/2009 Dekretuak ezartzen duenez, Kultura Sailari dagozkio arte eta kultura mailako jardunekin eta horien hedapenarekin loturiko eginkizunak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio martxoaren 22ko 45/2011 Dekretuak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Kultura Sailak egoki deritzo arte eszenikoak ikuspegi global batetik sustatzeko asmoz arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana bultzatuko duen bide bat antolatzeari, horrela, bertan inplikaturik dauden elementu guztietan eragin ahal izateko: prestakuntzan, sorkuntzan, ekoizpenean, erakusketan eta sentsibilizazioan.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko konpainia egoiliarren eta udal titulartasun publikoa duten harrerako gune eszenikoen arteko lankidetza-programak 2012. urtean garatzeko gastuak partez ordaintzeko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Agindu honetan ezartzen diren bestelako berariazko eskakizunez gain, laguntza hauek eskatu ditzaketen udal edo udalen mendeko erakundeek nahitaezkoa izango dute honako baldintza hauek betetzen dituen ekipamendu eszeniko egonkor baten titular izatea:

a) Programatzen diren ikuskizunetarako indarreko legediak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak betetzea, bai eta erantzukizun zibileko aseguru bat izatea ere.

b) Arte eszenikoen programazio egonkor profesionala eskaintzeko behar diren baliabide ekonomikoak, teknikoak eta giza baliabideak edukitzea.

c) Konpainia profesional bat izatea barnean, zeinarekin gutxienez 4. artikuluan aipaturiko puntuak jasoko dituen lankidetza-programa bat sinatu baita.

2.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

3.– Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

3. artikulua.– Diru-baliabideak eta laguntza hauen muga.

1.– Diru-laguntza hauetarako, guztira, 72.600 euro erabiliko dira, baina kopuru hori handitu ahal izango da, beharrezkoa izanez gero, lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako eran.

2.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da.

3.– Deialdi honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere, proiektuen dimentsioari begira.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen programak.

1.– Laguntza hauek zuzenduta daude jarraian aipatzen diren baldintzak bete eta gune eszenikoaren titularrak eta konpainia egoiliarrak batera aurkezten dituzten proiektuetara:

a) Proiektua bururatzeko behar diren instalazio administratiboak, gune eszenikoa, makinaria eta material eszenikoa eta zerbitzu profesionalak erabiltzeko lagatzea, aurrez hitzartutako baldintzen arabera.

b) Ekoitzitako ikuskizunaren emanaldia(k) edo ekoizpena egitea harrerako antzokian.

c) Bere ingurune hurbilean antzerkia sustatzeko programa bat aurkeztea (sentsibilizazioa, ikuslegoa sustatzea, prestakuntza, dinamizatzea...), proposatzen diren helburu, jarduerak eta egutegia zehatz-mehatz azalduko dituena.

d) Aurreko puntuan adierazitako kontzeptuak eta eskatzen den diru-kopurua jasoko dituen aurrekontu zehatza.

2.- Gune eszenikoa programatzearen ondoriozko gastuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

5. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabiliko dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

2.– Tramitazio elektronikoa honako lege-arau hauetan dago araututa: 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa, eta e-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/12antzoki_egoitza/eu_lagun/info.html

4.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http:// www.euskadi.net/nirekudeaketak.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, euskadi-net-en, honako helbide honetan: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/12antzoki_egoitza/eu_lagun/info.html

3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

4.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren nortasun-datuen egiaztagiria.

b) Aurreko urteetan entitate eskatzaileak eta konpainia egoiliarrak elkarrekin, edo horietako bakoitzak beste entitate batzuekin, egindako antzeko egoitza-programen edo lankidetza-programen memoria.

c) Proiektuaren diru-sarrerei eta gastuei buruzko aurrekontu zehatza eta banakatua (II. eranskina).

d) Aurkeztutako proiektuari buruzko txosten zehatza.

e) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi diren agiri gehigarriak.

f) Laguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Euskadi.net atarian eskuragarri duen Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko orria aurkeztu beharko du.

5.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

9. artikulua.– Akatsen zuzentzea.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, aurkeztutako dokumentazioa osatu gabea dela edo akatsak dituela ikusten badu, horren berri emango dio eskabidea egin duenari eta hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatuta, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan. Gainera, jakinaraziko dio hori egin ezean bere eskaera baztertua izango dela ebazpen baten bidez.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria edo horrek izendatutako pertsona bat.

– Bokalak: Arte eszenikoen alorreko profesionalen eta agindu honetako xedean aditu diren pertsonen artean aukeratutako 2 edo 3 kide, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak.

– Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

2.– Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

3.– Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

11. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:

a) Aurkeztutako proiektuaren garrantzia eta interesa. Irizpide hau erabiltzerakoan proiektua bere osotasunean hartuko da eta honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: erabiliko diren baliabideak, proposatutako jarduerak edo jarduera horien destinatzaileak nortzuk diren (puntuazio osoaren % 50).

b) Arte eszenikoak sustatzeko helburuarekin (zabalkundea, sentsibilizazioa, prestakuntza, ikuslegoa sustatzea...) entitate eskatzaileak edo konpainia egoiliarrak aurreko urtealdietan egindako lankidetza-programak, erakusketa soiletik harago. Kontuan hartuko dira bai entitate eskatzaileak eta konpainia egoiliarrak elkarrekin egindako programak, bai horietako bakoitzak beste entitate batzuekin egindakoak ere (puntuazio osoaren % 25).

c) Aurkeztutako proiektuari entitate eskatzaileak egiten dion diru-ekarpena (puntuazio osoaren % 25).

2.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren % 65 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

3.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz. Nolanahi ere den, bai laguntza jasoko duten proiektuen kopurua bai ematen zaien diru-zenbatekoa ere agindu honetako 3. artikuluan xedatutakoaren mendean egongo dira.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, eta interesdunei jakinaraziko, Balorazio Batzordeen proposamena ikusita, sei hilabeteko epean deialdi-agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikulua betez.

2.– Proposamen horretan ordezko pertsona onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek deialdi honetan zehaztutako baldintzei uko egitea edo horiek ez bete edo ez onartzea. Gorabehera horietako bat suertatuz gero, ordezkoak jasoko duen diru-laguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari ordaindu gabe geratzen dena izango da. Deialdiko baldintzei uko egin edo horiek onartu ez edo betetzen ez dituen onuradunak ordaindu zaion diru-laguntzaren zatia itzuli beharko dio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari.

3.– Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat jo daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

13. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan ezarritako mugei kalterik egin gabe, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabili daitezke helburu berbererako; betiere, horrek gainfinantzatzea ez badakar. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

14. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea

Diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren % 50, kopuru horri dagozkion gastuak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu eta gero.

b) Diru-laguntzaren gainerako % 50a, diru-laguntza osoa hurrengo artikuluan zehaztutako eran justifikatu ondoren.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean eta, betiere, 2012ko abenduaren 31 baino lehen, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako jardueraren gaineko memoria, ahalik eta zehatzena, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.

b) Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, erantzukizunpeko aitorpen bidez.

Diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:

– Entitate onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo entitateen ekarpenak, publikoenak eta pribatuenak. Entitate onuradunak Kultura Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

– Kultura Sailak emandako diru-laguntza.

c) Diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzioa dela-eta ordaindutako nomina guztiak edota sortarazitako gastuen faktura edo ordainagiri guztiak jasotzen dituen zerrenda, IV. eranskineko ereduari jarraituta.

Proiektuari egotzitako erakunde onuraduneko langileen kostua ezingo du kostu osoaren % 30a gainditu.

Proiektuan parte hartzen duten berezko langileen kostua erabakitzeko, kasu bakoitzean orduaren kostua kalkulatuko da eta aurkeztutako proiektuari eskainitako ordu kopuruari dagokion zatia egotzikoz aio.

d) Diru-laguntza jaso duen jarduerak sorturiko gastuen ziurtagiriak, aurkeztutako gastu-aurrekontuaren kopuru osoaren adinakoak.

e) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinen aleak, Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

2.– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, http:// www.euskadi.net/nirekudeaketak gunean.

Justifikazioak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en egongo dira honako helbide honetan: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/12antzoki_egoitza/eu_lagun/info.html

17. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak aldaketa-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– 3.1. artikuluan jaso diren guztirako zenbatekoak aldatu egin ahal izango dira, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Gorabehera horren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Bigarrena.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako sariak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 16a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.


Azterketa dokumentala