Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2012ko uztailaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
3126

EBAZPENA, 2012ko ekainaren 14koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako laguntzen deialdia egiten duena.

Azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartu zuen. Akordio horren arabera, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.

Uztailaren 27ko 16/1983 Legeak, «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzkoak», haren xedeen artean honako hau ezartzen du: «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta beste edozein administrazio publikok edo antolamendu juridikok bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza». Orobat haren xedeen artean ezartzen du «lurralde historikoekin, udalekin eta Euskadiko toki-administrazioko gainontzeko erakundeekin elkarlana sustatzea, langileei prestakuntza eta hobekuntza emateko».

Prestakuntza, egunetik egunera, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da gure gizartean eta enpresetan, bai eta administrazio publikoetan ere.

Gizartean aldaketak etengabe gertatzen dira, eta gero eta azkarrago lehentasunak aldatu zaizkigu; teknologian eta lan egiteko moduan ere asko aldatu dira gauzak, eta, azkenean, etengabe ahaleginean jardun behar dugu, sortzen diren errealitate berrietara egokituko bagara.

Aldaketak ez dira, izan, azkarragoak bakarrik; gero eta ugariagoak ere bai, eta ahalegin handiagoa egin behar da egokitzeko, eta, egokituko bagara, ahalegin handiagoa egin beharko dugu garai berrirako prestatzen, enplegatuak ez ezik administrazioak berak ere bai.

Prestakuntzako beharrizan handiagoak egokitu zaizkigun honetan, zer eta baliabide ekonomikoak oro har oso murriztuta daude administrazio guztietan, gastuak eta inbertsioak gutxitu beharrean baikaude.

Gure gaitasuna beharrizan berrien arabera egokitzeko etengabe egin beharreko ahalegin horretan prestakuntza funtsezkoa dela sinetsirik, prestakuntzari beste ezeri baino gehiago erreparatu behar diogula konturatzen hasita gaude.

Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten langileen prestakuntza etengabeko garapenean eta egokitzapenean dauden kalitatezko zerbitzu publiko batzuk eskaintzeko ezinbesteko elementutzat hartzeak, eta, bestetik, EAEko administrazio guztiek aurrean dituzten aurrekontu-zailtasunak aintzat hartzeak, horiexek bultzatzen gaituzte honako programa hau abian jartzera: «Euskal administrazio publikoetako lanbide-garapenerako prestakuntza-programa».

Eusko Jaurlaritzaren 2012. urterako aurrekontu orokorretan hainbat partida aurreikusi dira, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntzarako. Partida horiek, hain zuzen ere, isla izan dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aurrekontuan ere.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzeko laguntzen deialdia egitea, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honen aurka, ezin da errekurtsorik jarri administrazio-bidean, hala ezarrita baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan.

Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiari aurkez dakioke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, aipaturiko 29/1998 Legearen 46. artikuluak ezarri bezala.

Hala ere, aldez aurretik, erakunde honi errekerimendua egin ahal izango zaio, egintza ezeztatu dezan. Errekeritzeko epea bi hilabetekoa izango da ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekerimendua IVAPeko zuzendariari zuzendu beharko zaio, idazki arrazoitu baten bidez. Errekerimendua jaso eta hilabeteko epean erantzunik ematen ez bazaio, ukatutzat joko da (29/1998 Legearen 44. artikulua). Aurretik errekerimendua izan bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea, berariazko akordioa jasotzen den edo presuntzioz ezeztatuta jotzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko da.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunenetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 14a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARIA ENCARNACIÓN ECHAZARRA HUGUET.

I. ERANSKINA
oinarriak

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO ENPLEGATUEN PRESTAKUNTZA FINANTZATZERA BIDERATUTAKO LAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTUKO DUTENAK.

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da hirugarren oinarrian adierazitako euskal administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako laguntzak ematea, 2012ko ekitaldian.

Honako hauek izango dira deialdi honetan diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak:

a) Euskal administrazio publikoek beren langileentzat onartzen dituzten 2012ko ekitaldirako prestakuntza-plan edo -programa korporatiboak.

Prestakuntza-plan edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, honako ekintza hauetakoren bat edo batzuk jaso ahal izango dituzte:

– Prestakuntza-edukiak diseinatzea edo prestatzea.

– Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.

– Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.

– 2012. urteko edo hurrengo urteetako prestakuntza-planak oinarri izango dituen prestakuntza-beharrizanen diagnostikoa egitea.

– Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, erakundeak garatutako prestakuntzari buruzkoak.

b) 2012ko ekitaldian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea. Parte-hartzeak, betiere, berekin dakar kasuan kasuko matrikulen zenbatekoa ordaintzea. Laguntza izango da ordaindutako matrikulen zati bat itzultzea. Kontzeptu honen bidezko finantzaketara, EAEko toki-administrazioak atxiki daitezke, baldin eta oinarri horren a) idatzi-zatian ezartzen diren laguntzen onuradun izan ez badira.

Inola ere ez dira finantzatuko joan-etorri, mantenu eta egonaldien gastuak, ez eta oinarri hauetako a) edo b) idatzi-zatietatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenak ordezkatzearen gastuak ere.

Bigarrena.– Definizioak.

Deialdi honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, betiere kontuan izango dira honako definizio hauek:

a) Prestakuntza-plan edo programatzat hartzen da prestakuntza-ekintzen multzo ordenatu bat; multzo horretan zehaztuta geratzen dira helburuak, helburu horiek lortzeko edukiak, edukien garapenerako erabiliko den metodologia edo metodologiak eta ekintzen hartzaileak, bai eta ekintza bakoitzean parte hartuko dutenen gehienezko kopurua eta helburuen lorpenari buruzko ebaluazioa ere, hori egitea aurreikusita dagoenean.

b) Prestakuntza-ekintzatzat, oro har, langileei alderdi, eremu edo ezagutza-eremu jakin bati buruzko prestakuntza ematera bideratutako eragiketen multzoa hartzen da.

c) Erakundearen langile-kopurua: erakundearen guztizko plaza-kopurua, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.

Hirugarrena.– Laguntzen onuradun diren erakundeak.

1.– Deialdi honetan ezartzen diren laguntzen onuradun izan ahal izango dira ondoren zerrendatzen diren administrazio publikoak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udal-administrazioak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak.

c) Euskal Herriko Unibertsitatea, administrazio eta zerbitzuetako langileen prestakuntzari buruz.

2.– Erakunde hauek prestakuntza-plan edo -programa bakar bat aurkeztu ahal izango dute deialdi honetarako. Plan edo programa horrek erakunde bakoitzaren mendeko erakunde autonomoetako enplegatuen prestakuntza ere sartu dezake.

3.– Ezingo dira izan ebazpen honetan deitzen diren laguntzen onuradun diru-laguntza bat itzultzeko edo hargatik zehapena ezartzeko prozedura batean sartuta daudenak, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den halako prozedura batean sartuta daudenak.

Laugarrena.– Laguntzen zuzkidura.

Laguntza hauen zuzkidurak, gehienez, zenbateko hauek izango dituzte, erakunde motaka banatuak:

(Ikus .PDF)

Bosgarrena.– Prozeduraren hasiera.

Deialdi honetako lehenengo oinarriaren a) idatzi-zatian zerrendatutako kontzeptuengatik laguntzak lortzeko, erakunde interesdunek eskabide-orria aurkeztu beharko dute, han zehaztutako eran.

Deialdi honetako lehenengo oinarriaren b) idatzi-zatian zerrendatutako kontzeptuengatik laguntzak lortzeko, aldiz, ez dago aldez aurretik eskabide-orririk eskatu beharrik, erakunde interesdunaren aldetik; prozedura bere kabuz hasiko du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak.

Seigarrena.– Eskabideak aurkeztea.

Eskaerak aurkezteko epea irailaren 10ean amaituko da, gaueko 12:00etan.

Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Hortaz, eskabideak ivap-euskadi.net-en helbide honetan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoz:

http://www.ivap.euskadi.net/r61-2347/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ayuda_formacion_2012/eu_ayud_for/prestakuntzarako_laguntzak.html

Eskabidearen ondoko izapideak, kanal elektronikoaren bidezkoak, helbide honen bidez egingo dira: http://www. euskadi.net/misgestiones.

Erakunde eskatzaileek erakunde-ziurtagiriaren bitartez identifikatu beharko dute beren burua, edo espediente hori izapidetzeko erakundearen ordezkari gisa jarduten duen pertsona fisikoaren NAN, ONA edo herritar-ziurtagiriaren bitartez.

Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa.

a) Laguntzak eskatzeko aurkezten diren prestakuntza-plan edo programek, gutxienez, honako eduki hau izango dute:

– 2012. urteko prestakuntza-planaren helburu nagusia(k).

– 2012. urteko prestakuntza-planaren edukien hartzaile diren taldeen deskribapena.

– Planean jasotako prestakuntza-ekintzen deskribapena (ekintzen deskribapenerako, aipatutako helbide elektronikoan ageri den fitxa teknikoa erabili ahal izango da).

– Prestakuntza-eskaintzaren egutegia edo plangintza.

– Eskaintza zabaltzeko bitartekoak.

b) Eskaintza aurreikusitako ekintzaren bati edo batzuei badagokie, prestakuntza-eskaintzarekin batera, lehenengo oinarriaren a) idatzi-zatian, hau erantsi behar da gutxienez:

– Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.

– Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.

– Ekintzaren edo ekintzen kostua.

c) Eskabide-eremuan biltzen diren erantzukizunpeko adierazpenak, honako hauei buruzkoak: itzulketa-prozedura edo zehapen-prozedura batean sartuta ez egotea, aurkeztutako datuen ziurtasuna, eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzea.

Eskabideak edo harekin batera aurkeztu behar diren dokumentuek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo haien edukia nahikoa izango ez balitz, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar egun dituela eskabidea osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta Administrazioa behartuta dagoela eskaera horri buruzko ebazpen adierazia ematera, bai eta jakinaraztera ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita.

Zortzigarrena.– Balorazio-batzordea.

Laguntzen banaketa egiteko balorazio-batzordea, honako kide hauek osatuko dute:

Batzordeburua:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Giza Baliabideetako zuzendariordea edo hark eskuordetzen duena.

Batzordekideak:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Prestakuntza Zerbitzuko arduraduna edo hark eskuordetzen duena.

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko arduraduna edo hark eskuordetzen duena.

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari atxikitako Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolako arduraduna edo hark eskuordetzen duena.

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Euskalduntze Zerbitzuko arduraduna edo hark eskuordetzen duena.

Idazkaria:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Giza Baliabideetako teknikari bat, hitzarekin eta botoarekin jardungo duena.

Ahaleginak egingo dira balorazio-batzordean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin. Ondorio hauetarako, sexu bakoitza gutxienez % 40 ordezkatuta dagoenean ordezkaritza orekatua dagoela esango da.

Aurreko portzentaje hori betetzea ezinezko edo oso zaila bada, sexuetako zernahiri buruz, berariaz arrazoituko da ezintasun edo zailtasun hori espedientean.

Balorazio-batzordeak, era berean, aholkulari espezialista batzuk eduki ahal izango ditu, bere kideei laguntza emateko, batzordeak egoki baderitzo horri. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartzen baitute parte balorazio-organo horretan.

Erabakiak, botoen gehiengoarekin hartuko dira.

Bederatzigarrena.– Laguntzen esleipena.

Prestakuntza-plan edo –programei buruzko laguntzen esleipena, betiere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako erakundeen zerrenda bilduko du, bai eta erakunde horietako bakoitzari dagozkion diru-kopuruak ere, eta dagozkien diruz lagundutako kontzeptuak ere adieraziko dira. Ebazpen hori, ematen den datan, honako helbide elektroniko honetan argitaratuko da:

http://www.ivap.euskadi.net/r61-2347/es/contenidos/ayuda_subvencion/ prestakuntza_lagun_2012/es_2012_1/ 2012_subvencion.html

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari prestakuntza-jarduerengatik ordaindutako matrikulen zati bat itzultzeko diren laguntzen esleipena ere erakunde horretako zuzendariaren ebazpen baten edo batzuen bitartez egingo da. Ebazpen horiek diruz lagundutako erakundeen zerrenda bilduko dute, eta erakunde bakoitzari egokitu zaion guztizko zenbatekoa ere adieraziko da. Ebazpen horiek aurreko paragrafoan adierazten den helbide elektronikoan argitaratuko dira, ematen diren datan.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ebazpenetatik:

– Lehenengoak 2012an sortutako eta urtarrilaren 1aren eta ekainaren 30aren artean ordainduko matrikulengatik esleitzen diren laguntzak jasoko ditu.

– Bigarrenak 2012an sortutako eta uztailaren 1aren eta urriaren 31ren artean ordainduko matrikulengatik esleitzen diren laguntzak jasoko ditu.

– Hirugarrenak 2012an sortutako eta azaroaren 1aren eta abenduaren 31ren artean ordainduko matrikulengatik esleitzen diren laguntzak jasoko ditu.

Erakunde mota bakoitzaren inguruko ebazpen hauek onartzea eta argitaratzea, betiere, ebazpena ematen den datan erakunde mota horretarako aurrekontu-kreditua egotearen mende egongo da.

Honako deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak, ondorengo printzipio eta arauen arabera emango dira:

a) Lehenik eta behin, aurkezten dien prestakuntza-plan edo -programengatik eman daitezkeen laguntzak esleitzea, erakunde bakoitzari eman dakiokeen gehienezko zenbatekoari buruzko muga honekin:

– Kontzeptu horiengatik erakunde bati esleitzen zaion laguntzak ez du gainditu ahal izango laguntza horiek erakunde horrentzat duten kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

– Kontzeptu horiengatik erakunde bati esleitzen zaion laguntzak ez du gainditu ahal izango erakundeko langile-kopuruak mota bereko erakundeen guztizkoaren langile-kopuruaren aldean hartzen duen portzentajea, betiere deialdi honetako laugarren oinarrian egiten den erakundeen motakako banaketari jarraituz.

Ondorio horietarako, toki– eta foru-erakundeen guztizkoaren langile-kopurutzat hartuko da EUSTATen serie historikoen datu-bankuan erabilgarri dauden azkeneko datuetatik ateratzen dena:

http://www.eustat.es/elementos/ele0006100/ti_Evolucion_del_personal_al_servicio_de_las_Administraciones_Vascas_por_tipo_de_administracion_2005-2009/tbl0006145_c.html#axzz1kUAHOibA

b) Bigarrenik, eta urteko hainbat unetan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik eman daitezkeen laguntzak esleitzea, onartutako planik edo programarik ez dagoen kasuetan, hau da, deialdi honen babesean laguntzarik jaso ez denean, honako arau hauen arabera:

– Laguntza hori izango da matrikularen zati bat itzultzea, kasuan kasuko prestakuntza-ekintzagatik 2012an sortua bada eta erakundeak ordaindua izan bada.

– Matrikula bakoitzarengatik esleitzen den laguntzak ez du gainditu ahal izango laguntzaren kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

– Ordaindutako matrikula bakoitzarengatik, gehienezko diru-laguntza esleituko da, hau da, kostuaren ehuneko berrogeita hamar; ahal den neurrian hala jokatuko da ebazpen berean jaso behar diren diruz lagundu beharreko matrikula guztiekin, baldin eta ebazpen berean eman behar badira, ebazpena ematen den datagatik nahiz laugarren oinarrian horrelako erakundeetarako aurreikusten diren gehienezko zenbatekoagatik. Erakunde mota jakin baterako hori posible ez denean, eman daitezkeen gehienezko zenbatekoak modu zuzenki proportzionalean murriztuko dira.

Euskal Herriko Unibertsitaterako laguntza, administrazio eta zerbitzuetako langileentzakoa, lehenengo oinarriko a) atalean ezarritako kontzeptuengatik bakarrik eman ahal izango da.

Hamargarrena.– Erakunde esleipendunen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezartzen duenaren arabera, laguntza horien onuradun diren erakundeen betebeharrak izango dira:

a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.

b) Laguntza eman dien erakundeari behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiko neurrien mende ere egon beharko du.

d) Diru-laguntza ematen duen erakundeari aditzera ematea beste administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman dizkien.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, gerta liteke horren ondorioz diru-laguntza emateko ebazpena ere aldatzea. Era berean, ebazpen hori eraldatzea eragin dezake diru-laguntza horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatu batzuen diru-laguntzak eskuratzeak eta, edozein kasutan, xede bera betetzeko beste zernahi diru-sarrera edo baliabide jasotzeak; baldin eta, ebazpen honen babesean emandako laguntzarekin batera, diruz lagundu daitekeen edozein kontzepturen finantzaketan, kostuaren guztizkoaren gainetik dagoen zenbatekoa hartzen badute.

Hamaikagarrena.– Laguntzak justifikatzea eta ordaintzea.

Planaren betearazpena justifikatzeko epea 2012ko azaroaren 30ean amaituko da.

Prestakuntza-plan edo programak betearazteagatiko laguntzak esleitzeko den ebazpena argitaratzen denean, esleitutako laguntzaren ehuneko laurogeiren ordainketa izapidetuko da. Ordainketa hori planaren edo programaren kontura emandako entregatzat hartuko da.

Planaren edo programaren betearazpen-maila justifikatzeko, laguntzaren esleipendun diren erakundeek hau aurkeztu beharko dute:

– Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko txostena.

– Erakundeak betetako prestakuntza-plan edo -programaren betearazpenari buruzko ziurtapena. Ziurtapen hori erakundeko kontu-hartzaileak edo barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetuta egon behar da.

– Erantzukizunpeko adierazpena, planak edo programak inongo erakunde edo pertsonatik laguntzarik, deialdi honetan esleitutako laguntzak barne direla, jasotzen ez duelakoa, haien finantzaketa gehiegizkoa badakarte, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zati baten kostuaren gainetik dagoen zenbateko batean.

Laguntzaren justifikazioa honako egoitza elektroniko honetan dago: www.ivap.euskadi.net, «Nire Gestioak» izeneko atal berezi baten bidez.

Planaren edo programaren betearazpena justifikatu ondoren, laguntzaren gainerako ehuneko hogeiaren ordainketa izapidetuko da.

Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo –programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, ondorio den likidazioa egingo da, planaren betearazpen-maila eta kontura jasotako diru-kopurua kontuan hartuta. Gertatuko balitz erakundeak azkenean egokituko zaion zenbatekoen gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, itzuli egin beharko dira behar ez den bezala jaso diren kopuru horiek.

Laguntzen ordainketa, hau da, ordaindutako matrikulen zati bat itzultzeari buruzkoa, berriz, laguntza horiek esleitzeko ebazpena argitaratzen denean izapidetuko da.

Hamabigarrena.– Behin-behinekoz edo behin betiko esleitutako diru-laguntzari uko egitea.

Erakunde esleipendunek uko egin diezaiokete, osorik edo partez, esleitu zaien laguntzari. Laguntzaren uko-egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko-egiteari dagokion laguntzaren zati bati dagozkion eskubideen galtzea ekarriko du. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, betiere, onartu egingo du aurkeztutako uko-egitea.

Hamahirugarrena.– Laguntza itzultzea.

Ez da galdagarria izango laguntza ordaintzea, eta itzuli egin beharko dira, osorik edo partez, jaso diren diru-kopuruak, aplikaziokoak diren lege-interesekin, honako kasu hauetan:

a) Gastuak justifikatzeko eginbeharra ez betetzea.

b) Laguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Emandako helbururako gabe, laguntza beste zerbaiterako erabiltzea.

d) Laguntzaren edo diru-laguntzaren emate-erabakian ezartzen diren baldintzak ez betetzea.

e) Legean ezartzen diren kontrol-jardunei ezezkoa ematea edo oztopoak jartzea.

f) Laguntza edo diru-laguntza bakoitzaren berariazko arauetan aurreikusitako gainerako kasuak.

Emandako diru-laguntzaren berrikuspena, hori egitea bidezko den kasuetan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera egingo da; dekretu horrek, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen du, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.

Hamalaugarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdiaren ebazpena indarrean sartzen denetik sei hilabete igarotzen direlarik, eta epe horretan deialdiaren Interneteko helbidean laguntzak esleitzeko inolako ebazpenik argitaratu ez delarik, erakunde interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute beren eskaera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Hamabosgarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Prozesu honetan jasotzen den edozein datu pertsonal fitxategi automatizatu batean biltegiratuko da, eta haren erabilera prozesu horren kudeaketara mugatuko da. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua, betiere, izaera pertsonaleko datuen babesari eta titulartasun publikoko izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzko legediko aurreikuspenetara egokituko da (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, izaera pertsonaleko datu pertsonalak babesteari buruzkoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonalak Babesteko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa eta garapeneko araudia). Fitxategi horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria izango da. Datuetara iristeko, zuzentzeko edo ezeztatzeko eskubideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean baliatu ahal izango dira.


Azterketa dokumentala