Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2012ko uztailaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
3127

EBAZPENA, 2012ko ekainaren 26koa, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendariarena, Mendi-Haran Ur Partzuergoa estatuko gaikuntza duen Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako Idazkaritza-Kontuhartzailetzako lanpostu bat sortzeko eta mantentzeko beharretik salbuesten duena.

2012ko urtarrilaren 27an, Mendi-Harango Ur Partzuergoaren Gobernu Batzordeak Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu zion Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortzeko eta mantentzeko beharretik salbuestea.

Nabarmentzekoa da Jurisprudentziak, Auzitegi Gorenaren 1999ko apirilaren 30eko epaiak, besteak beste, partzuergoei toki-erakunde izaera ematen diela, baldin eta tokiko eskumenak diren zerbitzuak emateko eratuta badaude; hori dela eta, Estatuko gaikuntzako funtzionarioei gordetako lanpostuak izan behar dituzte, toki-erakunde guztietan beharrezkoak direlako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Epaiak, 2008ko urriaren 13koak (340/2007 zenbakidun administrazioarekiko auzi-errekurtsoa) erabaki zuen Ur Partzuergo batek –Araban dagoenak eta Mendi-Haran Ur Partzuergoaren antzeko ezaugarriak dituenak– elkarte bidezko eta borondatezko udalaz gaindiko erakundearen izaera duela nahitaez, zeren eta erakunde publikoa baita, udalen, erakunde txikien, koadrilen, eta Arabako Foru Aldundiaren elkartea den aldetik, eta alde batera utzita mankomunitatearen ohiko forma hartu duen edo ez (Araban, forma hori Zerbitzu Anaiarteak da, azaroaren 20ko 62/1989 Foru Arauaren, Arabako eta Kontzejuen Zerbitzu Anaiarteen Eraketa-prozedurari, Lege Erregimenari eta Funtzionamenduari buruzkoak jasoa).

Hori dela eta, eta Partzuergoaren Estatutuek bermaturik, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Epaiak gaineratzen du Partzuergoek Estatuko gaikuntza duen idazkari bat izan behar dutela; izan ere, toki-entitateen baitan jarduten badute –eta hala egiten dute–, eta udalek sortzen dituzten tipologia bereko, legezkotasun maila bereko, eta balio bereko arau juridikoak sortzen badituzte, nahitaez izan beharko dituzte toki entitateek dituzten baliabide berak, aholkularitza-funtzio berak eta fede publikoko funtzio berak; zeren, bestela, desoreka eragingo litzateke, eta horrek erakunde hibridoak sortuko lituzke, erdipribatuak eta ia-ia legez kanpoko eta legitimitaterik gabeko funtzionamendu-erregimendunak.

Laburbilduz, Toki-korporazio guztietan badira nahitaezko funtzio publikoak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen Bigarren Xedapen Osagarriaren lehenengo atalak aipatzen dituenak, eta funtzio horiexek gordetzen dira gaikuntza nazionaleko funtzionarioen administrazio-erantzukizunerako; horren ondorioz, Partzuergoan, mota horretako funtzionarioek egin behar dituzte funtzio publiko horiek.

Baina, Toki Administrazioko gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 4. artikuluak, bigarren paragrafoan, oinarrizko arau-izaeraz ezartzen du autonomia-erkidegoen organo eskudunek Mankomunitateak eta hiribilduen edo lurren komunitateak salbuetsi ditzaketela estatu-mailako gaikuntza duten funtzionarioei gordetako lanpostuak sortzeko duten beharretik, betiere zerbitzuen edo baliabideen bolumena lanpostu horiek mantentzeko nahikoa ez denean; izan ere, artikulu horrek, 2. zenbakiaren bidetik, hain zuzen, eskatzen du Partzuergoei aplikatzeko Udalen mankomunitateentzat edo hiribilduen edo lurren komunitateentzat aurreikusitakoa.

Lanpostuaren sailkapenari gagozkiola, 7/2007 Legearen Bigarren Xedapen Osagarriaren arabera, autonomia-erkidegoei dagokie Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatuta dauden lanpostuak sortzeko, sailkatzeko edo kentzeko eskumena, betiere, legez ezarrita dauden oinarrizko irizpideei jarraituz.

Ildo beretik, 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. artikuluak jasotzen du autonomia-erkidegoei dagokiela, beren lurralde-eremuaren baitan, Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak sailkatzeko arauak eta irizpideak ezartzeko eskumena, betiere biztanleriaren eta Toki Erakundeetako aurrekontuen arabera.

Gainera, Jurisprudentziak argitu du 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren lanpostuak sailkatzeko biztanleei eta aurrekontuei buruzko baldintzen interpretazioa; hain zuzen, Zaragozako Administrazioarekiko Auzien 1. zenbakiko Auzitegiak 2002ko urriaren 4an hartutako epaiak, Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiak 2003ko ekainaren 9an berretsiak, argitu du. Epaiaren arabera, legelariak 2. artikulu hori oso-osorik aplikatu nahi izan balie 6. artikuluan aurreikusten diren entitateei (eskualdeei, metropolialdeei, mankomunitateei eta landa– eta hiri-komunitateei), besterik gabe, 2. artikuluan sartuko zituzkeen. Aipatutako jurisprudentziak, ordea, ulertu du horrelako entitateak sailkatu behar direla 2. artikuluko entitate motaren batean, baina ez udalak sailkatzeko erabili diren irizpide berberei jarraiki, Udalak ez baitira Errege Dekretuaren 6. artikuluak aurreikusten dituen entitateen parekideak, eta, beraz, udaletan lanpostu horiek sailkatzeko balio duten irizpideek ez dute zertan balio izan beste erakundeetakoak sailkatzeko. Era berean, epaiak eransten du, udaletan ez bezala, erakunde horietan biztanleria ez dela osagai erabakigarria, baizik eta kudeatzen den aurrekontua eta beren gain hartzen dituzten eskumenak. Irizpide horiek Toki-Jaurbideari buruzko indarrean dauden lege xedapenak biltzen dituen Testu Bateratuak, apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuak onartuak, 159.1 artikuluan aurreikusten ditu.

Aurrekoa esanda, horretarakoxe bideratu da Mendi-Harango Ur Partzuergoaren salbuesteko eskabideari buruzko prozedura. Eskaera honako hauetan oinarrituta dago: Partzuergoak ez du behar besteko errekurtso ekonomikorik (117.676,47 euro, 2011 urterako; eta 111.828,87 euro, 2010. urterako); haren lan bolumenak ez du eskatzen halako posturik; eta maila honetako funtzionarioentzat gordetako lanpostu baten sorrerak Partzuergoaren langile-gastuak behar ez bezala kargatuko lituzke.

Esan beharrean dago espedientea bideratu dela 1732/1994 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluari jarraituz. Horri buruz, 2012ko martxoaren 12an, Arabako Foru Aldundiari eskatu zitzaion aginduzko txostena eman zezala Mendi Harango Ur Partzuergoaren eskaera zela eta; Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzak 2012ko ekainaren 20an jaso duena. Txostenean, Arabako Foru Aldundiak eskatutako salbuespenari buruz aldeko txostena eman du, baina uko egin dio Partzuergoak egindako proposamenari; alegia, salbuespena onartzen bada, Arabako Foru Aldundiak Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat legez gordetako eginkizunak bere gain hartzeari, Toki-Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 26.3 artikuluak aurreikusten duen arabera.

Azken inguruabar horri dagokionez, eta Arabako Foru Aldundiak laguntza teknikoa emateari ezetz esan ondoren, Partzuergoan lanpostuaren eginkizunak beteko dira Partzuergoa osatzen duten udalerrietako Estatuko gaikuntza duten funtzionarioez; 1732/1994 Errege Dekretuaren 4. artikuluari jarraituz.

Artikulu horren arabera, salbuesten denerako, salbuetsitako lanpostuaren eginkizunak hiru bidetatik eman ditzakete: aurrena, Erakundea osatzen duten udalerrietako Estatuko gaikuntza duten funtzionarioez; hurrena, Aldundien laguntza teknikoaz; eta, azkena, eginkizun pilaketaz, hau da, Partzuergoan sartutako udalen batean (edo horien elkarte batean) mota honetako funtzionarioentzat gordetako lanpostua betetzen ari den Estatuko gaikuntza duen funtzionario bati eginkizunak pilatuz, 1732/1994 Errege Dekretuaren 31.2 artikuluari jarraituz.

Dena den, Partzuergoak pilaketaren aukera baliatuko balu, eta baztertuko balu lehengo aukera (erantsitako eginkizunak bat egitea izendaturiko funtzionarioak elkartutako udalerriaren udalean betetzen duen lanpostu nagusiak berez dituen eginkizunekin), Foru Aldundiak eman beharko du pilaketarako baimena, 1732/1994 Errege Dekretuaren Bosgarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoari jarraituz.

Aurrekoarekin bat etorriz, eta Auzitegi Gorenaren 2012ko apirilaren 25eko epaia ikusita, zeinak esaten duen salbuespena emateko beharrezkoa dela, alde batetik, idazkaritza lanpostuari eusteko udalerrien artean elkartea sortu ezin izatea, eta, bestetik, tokiko erakundeetako zerbitzuen edo errekurtsoen bolumena nahikoa ez izatea; badago arrazoirik Estatuko gaikuntzadunentzat gordetako lanpostua mantentzetik salbuesteko, eta, hala ere, funtzionario-maila honentzat gordetako eginkizunak adierazi den bezala bete beharrari uko ez egiteko.

Mendi-Harango Ur Partzuergoak aurkeztutako eskaera aztertu ondoren; Arabako Foru Aldundiak eginiko aldeko txostenarekin bat; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen Bigarren Xedapen Osagarriari jarraituz; 1732/1994 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluarekin bat etorriz; baita Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 26. artikuluaren arabera ere, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Mendi-Haran Ur Partzuergoa salbuestea estatuko gaikuntza duen Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako Idazkaritza-Kontuhartzailetzako lanpostu bat sortzeko eta mantentzeko beharretik.

Bigarrena.– Partzuergoa osatzen duten udalerrietako funtzionario baten bitartez, betiere estatuko gaikuntza badu, beteko dira Partzuergoan Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat legez gordetako eginkizunak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honek ez du bide administratiboa agortzen eta beraren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal zaio Araubide Juridikoaren sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita, bat etorriz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin, eta uko egin barik errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bideri.

Bigarrena.– Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, ukitutako Herri Administrazioek ez dute ebazpen honen aurka administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean, 29/1998 Legearen 45. eta hurrengo artikuluen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eskatu ahalko diote ebazpen hori deuseztatu edo atzera bota dezala, 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezartzen denaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 26a.

Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendaria,

JOSÉ RAIMUNDO CUESTA GRAÑA.


Azterketa dokumentala