Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2012ko urriaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
4338

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2012ko maiatzaren 31ko bilkuran hartua, Erandioko Udalaren 2009ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostena behin betiko onesten duena.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak, 2012ko maiatzaren 31n egindako bilkuran, hau

erabaki du:

Erandioko Udalaren 2009ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostena, Erabaki honen eranskin modura ageri dena, behin betiko onestea.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 31.

HKEEren lehendakaria,

JOSÉ IGNACIO MARTÍNEZ CHURIAQUE.

HKEEren idazkari nagusia,

TERESA CRESPO DEL CAMPO.

ERANSKINA
ERANDIOKO Udalaren 2009ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostena.

0.– Laburdurak.

BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.

BOE: Estatuko Aldizkari Ofiziala.

DOUE: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.

HILBIZ: Hiri izaerako Lursailen Balio Igoeraren gaineko Zerga.

INEM: Enplegu Institutu Nazionala, egungo Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa.

SPKL: 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.

EFPL: 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.

DLO: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

TAOAL: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.

LZ: Lanpostuen Zerrenda.

APKLEO: 1098/2001 Errege Dekretua, Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra.

APKLTB: 2/2000 Legegintzako Errege-Dekretua, ekainaren 16koa, Herri Administrazioen Kontratu Legearen Testu Bategina.

UDALHITZ: Tokiko euskal erakundeen lanerako baldintzak arautzen dituen akordioa.

EEP: Enpleguaren Eskaintza Publikoa.

I.– Sarrera.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (aurrerantzean HKEE) otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraiki, Erandioko Udalaren 2009ko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.

Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:

– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida.

– Kontabilitatea: kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: udalaren egoeraren balantzea, galera-irabazien kontua eta memoria; baita udalaren aurrekontuen likidazioa ere.

– Bestelako alderdiak: lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, Udalaren kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.

– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.

Erandioko udalerriak 2009ko urtarrilaren 1ko biztanleen udal erroldaren arabera 24.262 biztanle ditu eta Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoaren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren partaide da.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea Betetzeari Buruzko Iritzia.

Langileria.

1.– Udalak indarrean ditu 2003an gauzatutako iraupen mugatuko bi lan kontratu. Funtzio publikoaren arautegiak (EFPLren 23. artikulua) agintzen du langileen etengabeko beharrizanak LZn islatu behar direla, gerora dagokion enplegu publikoaren eskaintza deitzeko.

2.– Otsailaren 27ko 370/2009 Alkatetzaren Dekretu bitartez, zerbitzu eginkizunetan Erandioko Udaltzaingoaren ofizialorde modura aldi baterako atxikitzeko baimena eman zaio beste administrazio publiko batekoa den funtzionario bati, borondatezko aldi baterako hornidura prozeduran berdintasun eta publizitate printzipioak batere gorde gabe, prozesu hori ez delako ez iragarri, ezta deitu ere. Dekretu hori baliogabe izendatu du Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako 2 zenbakiko Auzitegiak, 2011ko martxoaren 17an ebatzitako epai bidez. Epai hori Udalak ere errekurritu du.

Kontratazioa.

3.– Guztira 1.051 mila euroren zenbatekoan esleitutako bi kontratutan, esleipen prezioa hurrenez hurren % 75ean eta % 43an gainditzen duten aldaketak onetsi dira, prezio izanik kontratuaren baldintza oinarrizkoa; honek kontratazio arautegiaren lehia printzipioak urratu ditu, kontratuaren xedea ez ezik, kontratuaren bolumen ekonomikoa ere desitxuratu baitu. Horietako batean (13 zenbakiko espedientea) nahiz aldaketa obrari ekin aurretik sortu den (2009ko martxoa), 2010eko abenduan onetsi da, prezio kontrajarriak ezarrita eta arrazoia ustekabekoa dela justifikatu gabe; horrek guztiak SPKLren 202 artikulua urratzen du. Bestean (5 zenbakiko espedientea) kontratazio atalak onetsi gabeko 123 mila euroren beste aldaketa bat egin da.

4.– Argiteria publikoaren mantentze lanak xede dituen kontratua 2005ean esleitu zen 2 urtetarako, beste bitara luzagarri; kontratu horren indarraldia 2009ko otsailean amaitu zen. Espediente berriaren izapideari 2009ko azaroan ekin zitzaion, baina 2010eko maiatzean behin-betiko esleitu arte zerbitzua enpresa berari esleitu zaio, 109 mila euroren kontratu txikiak elkarri kateatuz.

5.– Udalak zuzenean kontratatu ditu telefonia eta Internet zerbitzua eta prentsan iragarkien argitalpena, hurrenez hurren, 143 eta 123 mila euroren zenbatekoan, dagokion kontratazio prozedura izapidetu gabe.

Bestelakoak.

6.– Erandioko Udalak eta Bilboko Gotzaindegiak aldez aurretik 545 m2-ko azalera okupatzeko hirigintza kudeaketako hitzarmena izenpetu zuten, lagatzaileei eraikitzeko eskubideak gordeko ziena eta sistema orokor bat exekutatzeko helburua zuena; hitzarmenak jasotzen du Udalak obligazioa duela 20 mila euroan baloratutako aparkalekuaren exekuzioa finantzatzekoa eta 25 mila euroren ordainketa egitekoa, udalerriko Andra Mari elizan gai elektronikoak zaharberritzeko dena. Prestazio horiek kontrajarri egiten zaizkio okupazioak berak duen doako izaerari eta 2/2006 Legearen 188. artikuluari, ekainaren 30ekoa, Euskal Herriko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa.

Epaitegi honen ustetan, Erandioko Udalak, 1etik 6ra bitarteko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete du 2009ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

Honekin baterako likidazioaren sarreren 4. kapituluak itunpeko zergetan parte-hartzeagatik kitatutako eskubideak (Udalkutxa) barne hartzen ditu; eskubide horiek 13.619 mila eurokoak dira eta 2009ko ekitaldiaren azken kitapenaren kontura egindako emakidei eta 2008ko ekitaldiaren kitapen negatiboari dagozkio; hor jasotzeko dago 2009ko ekitaldiaren kitapen negatiboa, 3.259 mila eurokoa. Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak 2010eko otsailaren 19an erabakitakoari jarraiki, kopuru horren itzulera hilero egingo da 2011ko urtarriletik 2013ko abendura arte, Udalkutxaren konturako dagozkion emakidekin berdinkatuz.

1.– Hona hemen 2009ko abenduaren 31n gastu orokorretarako Diruzaintza Geldikinak, data horretan itxitako Egoera Balantzeak eta Funts Propioak eragiten dituzten doiketak:

(Ikus .PDF)

Epaitegi honen iritzira, 1. paragrafoan xehatutako ez-betetzea salbu, Erandioko Udalaren Kontu Orokorrak alderdi esanguratsu guztietan, adierazi dituzte ekitaldi horretako ekonomia jarduera, ondarearen irudi fidela, finantza egoera ekitaldiaren amaieran eta ekitaldian bere eragiketen emaitzak.

III.– Barne Kontrolerako Sistemei eta Kudeaketa Prozedurei Buruzko Irizpenak.

Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.

III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.

– Udalaren 2009ko aurrekontu plantillak ez ditu ordaingarri diren ordainsari kontzeptuen arabera antolatutako kreditu zuzkidurak jasotzen, EFPLren 21. artikuluak agintzen duen moduan.

– Kontularitzan erregistratzeari dagokionez, hona hemen azaleratu diren hutsak::

• Osoko bilkura eta batzordeetara joateagatiko diru-kopuruak eta kalte ordainak «Langile gastuak» kapituluan kontabilizatu dira; ordea, izaera aintzat hartuta, «Ondasun erosketa eta zerbitzuak» atalean jaso behar ziratekeen.

• Udalak 2009ko abenduaren 31ko egoera balantzearen «Diruzaintza» idazpuruan, 9.375 mila euroren zenbatekoa du erregistratua, epe laburrerako ezarpenetan jarritako diruzaintzako soberakinei dagokiena; horiek, ordea, «Aldi baterako inbertsio finantzarioak» idazpuruan erregistratu behar lirateke.

• Udalak gastuen aurrekontuaren 2. kapituluan 499 mila euro erregistratu ditu eta izaerari erreparatuta, ondarean ibilgetuko balio handi modura kontabilizatu ditu; aurrekontuan zuzen erregistratzeko, baina, gastu horiek gastuen aurrekontuko 6. kapituluan kontabilizatu behar lirateke.

• Oker erregistratu da sarreren 7. kapituluan Visesa, S.A.tik jasotako kontraprestazio ekonomikoa, emandako ondasunen eta jasotakoen arteko balio aldea aintzat hartuta, elkarte horrekin izenpetutako hitzarmena betez. Horiek egoki erregistratzeko sarrera hauek 282 mila euroren zenbatekoarekin sarreren 6. kapituluan kontabilizatu behar lirateke.

• Udalak ibilgetuarekin lotutako hainbat eragiketa erregistratu ditu kontrakontu modura «Ondarea» kontua baliatuta; horrek kontu honen saldoa 1.215 mila euroan gehitzea ekarri du. Eragiketa hauek egoki erregistratzeko kontu honen saldoa murriztu behar litzateke eta «Galera-irabaziak» kontuarena, kopuru berean gehitu.

III.2.– Langileria.

– Udalak ez ditu Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) argitaratu alkatearen eta zinegotzi baten ordainsariak eta dedikazio esklusiboa aitortzen zituen udalbatzaren erabakia; ez eta, beste bi zinegotziri dedikazio partziala eta zinegotzientzat asistentziagatiko kopuruak eta kalte-ordainak erabakitzen zituena ere; honek TAOLen 75.5 artikulua urratzen du.

– Udalaren LZn 5 lanpostu barne hartu dira, lanpostuak betetzeko sistema izendapen librekoa dutenak; ordea, ez da lanpostu horien apartekotasuna eta EFPLren 46.3 artikuluak aipagai duen erantzukizun berezia justifikatu.

– Aldi baterako beharrizanei eta/edo aldian behingoei aurre egiteko lan poltsak sortzeko irizpideak 2009ko otsailaren 25eko Osoko bilkuran onetsi ziren; baloratu beharreko merezimenduetan Erandioko Udalerrian erroldatua eta langabezian egotea jasotzen dira eta horrek EFPLren 33.1 artikulua urratzen du.

– Plaza hutsen kontura aurreko urteetan izendatutako 4 zerbitzu eginkizunen iraupen aldiek 2 urteko gehienezko epea gainditzen dute, EFPLren 54.5 artikuluan aurreikusitako egoeretarik batere bete ez dela.

– Udalak ez ditu 2009ko EEPn barne hartu titularrak plaza erretserbarik gabe borondatezko eszedentzia egoeran dauden bost plaza (2 udaltzain, 1 musika irakasle, 1 teknikari eta 1 ingurumeneko teknikari). Horietako lau bitarteko funtzionarioek betetzen dituzte eta bosgarrena hutsik dago, nahiz aurrekontuan diru-izendapena duen; honek EFPLren 23 eta 92.2 artikuluak urratzen ditu.

– Udalak bitarteko funtzionario bat izendatzeko gauzatutako hautaketa prozesuan, merezimendu modura balioztatu dira, besteak beste, txosten jakin oso berariazkoak egitea; egokiagoa da, baina, izaera objektibo eta orokorragoa duten merezimenduak bereiztea, merezimendu eta gaitasun printzipioei dagozkienak.

III.3.– Diru-Laguntzak.

– Udalak 2003ko abenduaren 24ko Osokoak onetsitako Ordenantza Arautzailea du, kultura, kirol eta aisialdiaren esparruan diru-laguntzak izapidetu eta emateko dena; ordenantza honek bi diru-laguntza mota arautzen ditu, unean-uneko ekintzak finantzatzen dituen hura eta jardueren urteko programa finantzatzen dutenak. Ordenantza horren baitan eman diren diru-laguntzak aztertzerakoan, honako akats hauek azaleratu dira:

• Ez dira Ordenantzan aurreikusitako urteko deialdiak argitaratzen.

• Kirol, kultura eta gazteriaren jarduerak sustatzeko elkarteen urteko programa diruz laguntzeko irizpideak (95, 75 eta 31 mila euroren zenbatekoak, hurrenez hurren) ez dira objektiboak, ez daude haztatuak eta ez daude jasota onuradunei azkenean ematen zaizkien zenbatekoak justifikatuko dituzten arrazoiak, nahiz oro har, aurreko ekitaldiko kopuru berarekin ematen diren.

• Unean uneko izaera duten kirol eta kultura jarduerak diruz laguntzeko diru-laguntzetan eskabide epeak urte osoa besarkatzen du eta onartutako aurrekontua du muga, diru-laguntzen zenbatekoa finkatzeko modua zehazten ez dela eta azkenean ematen den zenbatekoa ere justifikatu gabe. Diruz lagundutako jardueretako batzuk azken urteetan errepikatzen dira eta honenbestez, dena delako elkartearen programa orokorrean barne hartu behar lirateke. 2009ko ekitaldian zehar, Erandioko Udalak helburu hauetarako, hurrenez hurren, 99 eta 84 mila euroren diru-laguntzak eman ditu.

2010eko abenduaren 2an Erandioko Udalaren Osokoak Diru-laguntzak arautzen dituen Ordenantza Orokorra eta Udalaren Ongizate, Kirol, Kultura, Hezkuntza, Euskara, Berdintasun eta Merkataritza dinamizatzeko gaietan diru-laguntzentzat berariazko arauak onetsi zituen; baita, Nazioarteko Kooperazio gaietan laguntzak edo diru-laguntzak emateko Berariazko Oinarri arauak ere, Diru-laguntzen Lege Orokorrari egokituz.

– 2009ko ekitaldian Alkatetza dekretu bitartez hainbat diru-laguntza eman dira modu zuzenean; horien izaera errepikaria aintzat hartuta, gomendagarria litzateke Udalaren Aurrekontuetan izenez jasotzea. Honako hauek dira zehazki:

• Festak ospatzeko auzoetako batzordeei eta udalerriko eskola eta gurasoen elkarteei hainbat jarduera egiteko diru-laguntzak (bi diru-laguntzak biztanle kopuru eta ikasle kopuruaren arabera zati-banatuak), hurrenez hurren, 180 eta 62 mila eurorenak.

• Deustuko Unibertsitateari udalerrian hezkuntza proiektu bat aurrera ateratzeko emandako diru-laguntza, 28 milioi euroren zenbatekoan eta aurreko urteetan izenpetutako hitzarmen batean babestua, baina 2009an indarra zuena; eta irabazi asmorik gabeko elkarte bati «berbalagun» programa garatzeko emandako diru-laguntza, 14 mila euroren zenbatekoan.

– Diru-laguntza izenduna eman zaio Erandioko Musika Banda taldeari, 106 mila eurorena; ez dute, ordea, Udalarekin 2007ko ekitaldian 4 urtetarako izenpetutako hitzarmenaren hamargarren klausulan jasotako dokumentazioa igorri, 2009ko ekitaldian emandako zenbatekoaren justifikazio modura.

– Zuzenean 89 mila euroren diru-laguntzak eman dira, garapen bidean dauden herrialdeetan bederatzi kooperazio proiektu garatzeko. Diru-laguntza mota hau dagokion deialdia deituta ematea komeniko litzateke.

– Aztertutako diru-laguntza guztietan diruz lagundutako jardueren justifikazioa ez da aurkeztutako aurrekontu osoarekin egiten, emandako zenbatekoarekin baizik.

– Diru-laguntzak arautzen dituen Ordenantza Arautzaileak ez du emandako diru-laguntza itzularaztea aurreikusten justifikatzen ez den kasuetan, baizik eta hurrengo urtekoan onuradun ez izatea ezartzen du.

– Elkarte bati helburu bera betetzeko gazteria eta euskara sailek diru-laguntza bana eman diote (Gazte Txoko Programa); justifikazioa, baina, bi sailek guztira diruz lagundutakoa (17 mila euro) baino kopuru txikiagoa izan da (12 mila euro) eta ez zaio jasotako soberakina itzultzeko eskatu. Bestetik, elkarte berak «berbalagun» programarako eman zaion 14 mila euroren diru-laguntza justifikatzeko aurkeztu duen dokumentazioak Udalak emandako beste diru-laguntza batzuk justifikatzeko aurkeztu diren agiriak jasotzen ditu, guztira 9 mila euro egiten dutenak.

– Udalak ez du BAOn emandako diru-laguntzen emakida ebazpenaren laburpenik argitara ematen, kopuruak banaka hartuta 3.000 euroren zenbatekoa gainditzen dutenean, edukia osorik zein tokitan dagoen eskuragarri adieraziaz, DLOren 18.2 artikuluak agintzen duenari jarraiki.

– Udalak ez die diru-laguntzen onuradunei zerga edo Gizarte Segurantzarekiko obligazioetan gaurkotuta egoteko betekizuna egiaztatzeko eskatzen (DLOren 14. artikulua).

III.4.– Kontratazioa.

Udalaren kontratazio administratiboa aztertu dugu eta iritziaren atalean aipatu ditugun ez betetzeak alde batera, honako alderdi hauek bereizi behar ditugu:

– Espedientea.

Guztira 18.186 mila euroren zenbatekoan esleitutako kontratu batean (1 zenbakiko espedientea) prozedura berean kale garbiketa eta zabor bilketa zerbitzuen kontratazioa lehiatu da, bien artean guztien intereseko beharrezkoa edo komenigarria den osagarritasun loturarik dagoela justifikatu gabe (SPKLren 25.2 artikulua).

– Administrazio klausula partikularren pleguak.

Guztira 31.132 mila euroan esleitutako bederatzi kontraturi dagozkien pleguek (1etik 9ra bitarteko espedienteak), besteak beste, esleipen irizpide zehaztugabeak, ez objektiboak edo lehiatzaileen esperientzian eta/edo kaudimenean oinarritutakoak barne hartzen dituzte eta ez eskaintzaren ezaugarri teknikoetan oinarritutakoak, APKLTBren 86. artikuluak edo SPKLren 134. artikuluak agintzen duten moduan.

Guztira 5.395 mila euroren zenbatekoan esleitutako kontratu baten pleguek (8 zenbakiko espedientea) eskaintza merkeenak zigortzen dituzten formula aritmetikoak barne hartzen dituzte (SPKLren 134 eta 135 artikuluak).

Udal kiroldegietan kirol jarduerak antolatzea xede duen kontratuaren oinarri-arau teknikoen pleguetan, 1.094 mila euroren zenbatekoan esleitutakoa (3 zenbakiko espedientea), ez dira kontratua betetzeko baldintza teknikoak zehazten; gainera, helburu anitzeko kontratua da eta ez da prestazio bakoitza besteekiko askatasunez definitu, kontratugilearen prestazioa kontratua gauzatu osteko ebazpen edo administrazioko adierazpenetara baldintzapetua utziz (APKLTBren 51. artikulua eta APKLEOren 2. artikulua).

Guztira 10.382 mila euroren zenbatekoan esleitutako sei kontraturi dagozkien pleguetan eskatzen den kaudimen teknikoaren betekizuna (3, 4, 8, 9, 12 eta 13 zenbakiko espedienteak) lizitazio aurrekontuaren arabera finkatzen da eta ez SPKLren 63 eta hurrengo artikulua, APKLTBren 17 eta hurrengoetan eta APKLEOren 26, 36, 38 eta 46 artikuluetan ezarritakoari jarraiki.

Aurreko urteetan 3.345 mila euroren zenbatekoan esleitutako bi kontraturi dagozkien pleguek (3 eta 7 zenbakiko espedienteak) kontratuak APKLTBren 198. artikuluan ezarritako epea gainditzeko aukera jasotzen dute, esleipenduna zerbitzu ematen jarraitzera behartzen baitute harik eta esleipendun berriak horiek bere gain har ditzan arte.

Bi kontraturen pleguetan jasotako prezioen balioetsitako balioak, 2009ko ekitaldian 6.207 mila euroren zenbatekoan esleitu zirenak (6 eta 8 zenbakiko espedienteak),ez du kontratuaren balizko luzapenik barne hartzen, SPKLren 76. artikuluan agintzen den moduan. Beste espediente batean (7 zenbakiko espedientea), lehenagoko urteetan 2.251 mila euroan esleitutakoa, pleguak lehenengo urtekoaren prezioa soilik jasotzen du (APKLEOren 195. artikulua).

Guztira 18.186 mila euroren zenbatekoan esleitutako espediente batean (1 zenbakiko espedientea) ez dago egiaztatuta lehiatzaile bati kanporatu aurretik entzutea eman zitzaionetik, APKLEOren 81 artikuluak agindutako terminoetan.

Publizitaterik gabeko prozedura negoziatu bidez esleitutako obren hiru espedienteetan, 1.784 mila eurokoak (12, 13 eta 14 zenbakiko espedienteak) ez da espedientean egiaztatu negoziazio horren emaitza esleipena egin den unean (SPKLren 160 artikulua).

– Esleipena.

Guztira 4.558 mila euroren zenbatekoan esleitutako lau kontratutan (2, 3, 6 eta 7 zenbakiko espedienteak) kontratazio mahaiaren osaera ez zaio SPKLren Xedapen Gehigarri 2.ean edo APKLTBren 9.ean adierazitakoari egokitzen, izan ere Udalaren Idazkaria aritu da mahaiaren idazkari lanetan.

Guztira 24.435 mila euroren zenbatekoan esleitutako bost espedientetan, aurkeztutako eskaintzak balioztatzen dituen txosten teknikoak pleguan irizpide eta azpi-irizpide bakoitzari emandako puntuazioak zehazten ditu, baina ez ditu emandako puntuazio horiek justifikatzen (1, 3, 4, 5 eta 7 espedienteak).

Guztira 20.181 mila euroren zenbatekoan esleitutako lau kontraturen eskaintzak aztertzen dituen txosten teknikoan (1, 3, 6 eta 9 zenbakiko espedienteak) pleguetan finkatutako irizpideak azpi-irizpideetan garatu dira eta horiek bertan zehaztu behar ziratekeen, APKLTBren 88 artikuluak eta SPKLren 135 artikuluak agintzen duten moduan.

Guztira 26.644 mila euroan esleitutako lau kontratutan (1, 6, 7 eta 8 zenbakiko espedienteak) eratutako behin-betiko bermea SPKLren 83. artikuluan ezarritakoa baino txikiagoa da, izan ere, lehenengo urtekoari dagokion zenbatekoari soilik ezarri zaio ehunekoa.

Guztira 18.587 mila euroren zenbatekoan esleitutako bi kontratutan (1 eta 2 zenbakiko espedienteak) ez da esleipena kontratugilearen profilean argitaratu, SPKLren 42. artikuluan agintzen den modura. Beste lau kontratutan, 7.891 mila euroren zenbatekoan esleitutakoak, (3, 5, 6 eta 8 zenbakiko espedienteak) esleipena ez da dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratu (DOUE, BOE) APKLTBren 93.2 artikuluan adierazitakoa urratuz.

Guztira 2.904 mila euroren zenbatekoan esleitutako bi espedientetan (4 eta 5 espedienteak) ez dago erasota esleipen hartzaile den enpresak giza eta zerga obligazioak bete dituela edota iraungita aurkeztu dute (APKLEOren 13. artikulua eta hurrengoak).

– Exekuzioa eta harrera.

Altxagan metroaren zabalgunea urbanizatzea xede duen obra kontratua (10 zenbakiko espedientea) 3.392 mila euroan esleitu zen 2009an; kontratu horretan obra gauzatzeko epea luzatuz joan da esleipendunari ezargarriak zaizkion arrazoiengatik; ez da, ordea, erantzukizunik eskatu eta ez da luzapenak eskatzeko epea gorde, APKLEOren 100. artikuluak agintzen duenaren arabera.

Guztira 19.280 mila euroan esleitutako bi kontraturen exekuzioan zehar (1 eta 3 zenbakiko espedienteak), hainbat aldaketa txiki egin dira eta ez ditu horiek kontratazio atalak onartu, SPKLren 202.3 artikuluak eta APKLTBren 101.2 artikuluak agindutakoaren aurka.

2.314 mila euroren zenbatekoan esleitutako kontratu batean (4 zenbakiko espedientea) ez da egokitu onartutako aldaketatik eratorritako bermea. Beste kontratu batean, berriz, 911 mila euroan esleitutakoa (13 zenbakiko espedientea), aldaketari dagokion bermea kalkulatu da SPKLren 83 artikuluak agindutakoa baino ehuneko txikiagoa aplikatuta.

Aztertutako hornidura kontratu batean, 89 mila euroren zenbatekoan esleitutakoa (9 zenbakiko espedientea), harrera akta finkatua dagoen 7 eguneko epearekiko 2 hilabetetik gorako atzerapenez gauzatu da (SPKLren 268 artikulua). Berebat, 2009an 911 mila euroren zenbatekoarekin esleitutako obra kontratu batean (13 zenbakiko espedientea) ez dago erasota harrera akta gauzatu dela, ez eta obra likidazioaren azken ziurtagiria ere, SPKLren 218 artikuluan ezarritakoari jarraiki.

Guztira 3.392 mila euroren zenbatekoan esleitutako obra kontratu batean (10 zenbakiko espedientea) ez da egiaztatu ez esleipenean, ez egikaritzan ere, obra egiten ari den langileriaren izatea, nahiz lan kontratazioa sustatzeko kontratua den eta esleipena egiteko aintzat hartu den irizpideetako bat izan (192 eta 193 artikuluak, SPKLren 53.2 artikuluarekin loturik).

IV.– Finantza Analisia.

Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua. Konparazio ondorioetarako, 20.001 eta 50.000 biztanle bitarteko (geruza honetan baitago udala) Bizkaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalen batez bestekoen 2009ko ekitaldiari buruzko datuak barne hartu dira (eskuragarri dauden azken datuak).

(Ikus .PDF)

Sarrera arruntak: 2008an % 6 egin dute behera eta % 3 egin dute gora 2009an, aurreko ekitaldietako bakoitzarekiko. Aldakuntza nagusiak honako hauek izan dira:

– Zerga zuzenak, zeharkakoak eta tasak: sarrera hauek % 7 egin dute behera 2008an eta % 18 gehitu dira 2009an. Bariazio hau, nagusiki, Eraikuntza, Instalakuntza eta Obren Zergak eragindako diru-sarrerak gora egin izanari dagokio, izan ere, ekitaldi bakoitzean onartzen diren eraikuntza proiektu eta lizentziei meneratzen zaizkie eta honenbestez, merkatuko fluktuazioen baitako dira. 2009ko ekitaldian zehar lizentziak eman dira etxebizitzak eraikitzeko bi obratarako eta pabiloiak eraikitzeko beste baterako, hurrenez hurren, 405 mila eta 196 mila euroren zenbatekoan. Gainerako sarrerek goranzko joera izan dute; hona hemen azpimarragarriena:

• Zerga zuzenek eragindako diru-sarrerek % 2 egin zuten gora 2009an.

• Tasa eta bestelako sarrerek eragindako diru-sarrerak % 26 gehitu dira 2009an. Igoera hau bi arrazoik eragin dute nagusiki: batetik «Bestelako itzultzeak» kontu-sailak izan dituen sarrera handiagoek, 2008an 38 mila euro izatetik 2009an 789 mila euro izatera pasa dena, izan ere Altzagako Ibarra, 7 eta 9an eta San Agustin Plaza, 4an dauden etxeen jabeei Udalak ordaindutako kopuruak eragin zaizkie, eraikinaren egoerak eragindako berehalako arriskuak aurreikusteko gauzatutako hasierako irtenaraztearen eta hormak eusteko lanen ondorioz; eta bestetik, kiroldegiak erabiltzeagatiko tasa kontzeptuan bi aldiz erregistratutako kontularitzako ohar batek, 213 mila eurokoa eta HKEEk doitutakoa.

– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: transferentzia eta diru-laguntza arruntek eragindako sarrerak % 6 murriztu ziren 2008an eta 2009an. Osagairik garrantzitsuena Udalkutxa da eta horren likidazioak onartzen diren ekitaldian erregistratzen ditu Udalak, zorpetzen diren urteari egotzi beharrean; horregatik, 2008ko likidazio negatiboak 2009an du eragina. Alabaina, 2009ko likidazio negatiboa, 3.259 mila eurokoa, itzulketak egin ahala erregistratuko da, 2011ko urtarrilean hasi eta 2013ko abenduan amaituta. Kontzeptu honen izenean hirurtekoan erregistratu diren diru-sarrerak, hurrenez hurren, 14.016, 15.104 eta 13.619 mila eurokoak izan dira.

– Ondare sarrerak: % 25 egin zuten gora 2008an eta % 38 murriztu ziren 2009an. 2009ko beheraldia banketxeetan interes baxuen ondorioz gordailuen interes kontzeptuan erregistratutako diru-sarrerek behera egin izanak eragin du.

Funtzionamendu gastuak: aztergai izan dugun aldian % 12 egin dute gora eta 2009an igoera 2008ko ekitaldiarekiko % 3koa izan da; bada, langile gastuek % 3 egin dute gora, ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketak, % 2 eta transferentzia arruntek eragindako gastuak, berriz, % 4.

– Langile gastuak: % 9 egin zuten gora 2008an eta % 3, 2009an. 2009an izandako igoera nagusiki 2009ko urtean izan den ordainsari igoerari zor zaio, % 2,4koa izan dena.

– Ondasun arrunten erosketa eta zerbitzuak: % 10 egin zuten gora 2008an eta % 2, berriz, 2009an.

– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: gastu hauek % 5 gehitu ziren 2008an eta % 4, berriz, 2009an. 2009ko ekitaldiko aldaketa nagusiak gizarte larrialdietarako laguntzetan familiei egindako transferentzien igoera azpimarratu behar da, 2008an 665 mila euro izatetik 2009an 890 mila izatera aldatu dena; baita kirol eta kultura jardueretarako laguntzetan izan den murrizketa ere.

Aurrezki gordina: magnitude honek % 51 egin du behera 2008ko ekitaldian 2007ko ekitaldiarekiko, funtzionamendu gastuek % 9 egin baitute gora eta sarrera arruntak, berriz, % 6 jaitsi baitira. 2009ko ekitaldian % 7ko igoera izan da, sarrera arrunten igoera gastu arruntena baino handiagoa izan delako.

Aurrezki garbia eta zorpetzea: aurrezki garbiak finantza zamaren ordainketari aurre egin ondoren erabilgarri geratzen den aurrezki gordinaren atala islatzen du (interesak eta zorraren amortizazioa) eta Udalak baliabide arrunten bidez inbertsioak finantzatzeko duen gaitasuna erakusten du. Udalak 2008 eta 2009an aurrezki garbi positiboa izan du eta ez du zorpetzea baliatu beharrik izan. Magnitude honek 2009an 2008koarekiko izan duen goraldia 2009ko ekitaldiko Udalkutxaren behin-betiko likidazioa barne hartu izanak eragin du, 3.259 mila eurokoa; horren itzulketa 2011, 2012 eta 2013an gauzatuko da.

Kapitalezko eragiketen emaitza: aztergai izan dugun aldian, inbertsioak besterentzeak eta kapitalezko diru-laguntzek eragindako sarrerak egin diren inbertsioak baino askoz txikiagoak izan dira; eta horrek eragin du magnitude honek saldo negatiboa izatea (6.964, 887 eta 3.587 mila eurokoa izan da 2007, 2008 eta 2009an, hurrenez hurren). 2009an gastu handia egin zen inbertsio errealetan (9.496 mila euro), 2008an egin zenaren aldean (6.312 mila euro); besteak beste, Altzagako metroaren zabalgunea urbanizatzeko egin ziren inbertsioak gailentzen dira, 2.768 mila eurokoak. Gastu hauen aurrean, 2009an jasotako diru-laguntzek eragindako diru-sarrerak (5.183 mila eurokoak), nahiz 2008ko ekitaldikoak baino zertxobait txikiagoak diren (5.425 mila euro), inbertsio errealak besterentzetik eratorritako diru-sarrerekin berdinkatzen dira, 776 mila euro gehitu baitira; igoera honen arrazoia da Fatima 15 zenbakiko bizitegi-lurzoruaren jarduera unitatearen hirigintzako aprobetxamendua dirutan emateari zor zaio; horrek eragin du magnitude hau negatiboa izateaz gain, 2009an izugarri jaitsi izana 2008ko ekitaldiarekiko.

Eragiketa ez finantzarioen emaitza: 2008 eta 2009ko ekitaldiek, hurrenez hurren, 3.168 eta 756 mila euroren saldo positiboa dute eta eskuratutako baliabide horiek baliatu ditu Udalak gastu arruntak, finantzarioak eta inbertsio errealak finantzatzeko. Nolanahi den ere, magnitude honek nabarmen egin du behera 2009ko ekitaldian 2008ko ekitaldiarekiko, batik bat Kapitalezko Eragiketen Emaitzak izan duen saldo negatiboak gora egin izanaren ondorioz.

Diruzaintza geldikina: aztergai izan dugun aldian magnitude honek % 45 egin du gora eta 2007an 4.515 mila eurokoa izatetik 2008an eta 2009an, hurrenez hurren, 6.699 eta 6.544 mila eurokoa izatera aldatu da. Epaitegi honek proposatu dituen 296 mila euroren doiketak eta 2009ko ekitaldiko itunpeko zergetan (Udalkutxan) parte hartzeagatiko 3.259 mila euroren likidazio negatiboa aintzat hartuta –udalak kontabilizatu ez duena–, Diruzaintza Geldikina 3.581 mila eurokoa izango litzateke.

Biztanleko ratioak-beste udal batzuekiko alderaketa: informazio modura, 20.001 eta 50.000 biztanle bitarteko (geruza honetan baitago udala) Bizkaia eta EAEko udalen batez bestekoaren 2007ko ekitaldiari buruzko datuak barne hartu ditugu (eskuragarri dauden azken datuak). Udalaren datuekiko alderaketak egin ahal izateko, gogoan hartu behar dira zerbitzuak ematean dauden aldeak, izan ere, zenbaitetan zerbitzuak zuzenean ematen baitira udal administraziotik bertatik, eta beste zenbaitetan, erakunde autonomo, merkataritza sozietate publikoen bidez edo zeharka, mankomunitate, partzuergo edo merkataritzako beste sozietate batzuen bidez.

Ondorioa: udal Administrazioek egiten dituzten inbertsioen balizko finantzaketa iturriak honako hauek dira: ekitaldi bakoitzean sortzeko gai diren aurrezki garbia, diruzaintza geldikina eta diru-laguntza bidez edo zorpetze berri baten bidez eskura dezaten kanpoko finantzaketa.

Aztergai izan dugun aldian, Erandioko Udalak inbertsio-ahalegin handia egin du eta hori finantzatzeko baliatu ditu jasotako diru-laguntzek eragindako sarrerak, urte hauetan lortu duen aurrezki garbi positiboa eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2009ko ekitaldiaren Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazio negatiboaren ordainketa geroratzearekin emandako finantzaketa.

Udalak 2010eko ekitaldiaren aurrekontu likidazioa onartu du (Epaitegi honek fiskalizatu gabeko ekitaldia); bertan, kitatutako sarrera arruntak aurreko ekitaldian kitatutako diru-sarrerak baino % 5 txikiagoak dira, batik bat itunpeko zergen diru-bilketa (zeinetan toki administrazio guztiek esku hartzen duten) txikiagoa izan delako; honen aldean, funtzionamendu gastuek % 2 egin dute gora 2009ko ekitaldiarekiko. Honen guztiaren ondorioz, 2010eko ekitaldiko aurrekontu likidazioaren aurrezki gordinak eta garbiak, hurrenez hurren, % 50 eta % 56ko beherapena izan dute 2009ko ekitaldikoarekiko. 2010eko aurrekontuaren likidazioan kapital eragiketen emaitzak negatiboa izaten jarraitzen du (3.122 mila euro), nahiz 2009ko aurrekontuen likidazioaren emaitza baino % 13 txikiagoa den. Honez gain, eragiketa ez finantzarioen emaitza negatiboa denez gero (954 mila euro), inbertsioen guztizkotik (7.292 mila euro) 2010ean gehitutako Diruzaintza Geldikinarekin finantzatu ez den zatia (6.011 mila euro) aurrezki garbi bidez finantzatu da, ez baita 2010eko ekitaldian zorpetzeko bestelako inongo eragiketarik itundu.

V.– Urteko Kontuak.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

ALEGAZIOAK.

II.– Legea Betetzeari Buruzko Iritzia. Langileak.

«Epaitegiak egindako txostenean honakoa dio: otsailaren 27ko 370/2009 alkatearen dekretua. Dekretu horren bidez, beste administrazio publiko bateko funtzionario bat izendatu da Erandioko Udalean ofizial ondoko lanpostuan aritzeko, aldi baterako borondatezko zerbitzu eginkizunetan. Lanpostua aldi baterako betetzeko egin den prozeduran ez dira bete berdintasun eta publizitate printzipioak, ez baita prozesu horren argitalpenik egin».

Alegazioa.

Kasu hau ez da hautaketa prozesu, edo lanpostu betetze arrunta izan; kasu honetan Administrazioa ez da izan prozesua bideratzeko ekimena hartu duena. Jatorrizkoa ez den beste administrazio batean zerbitzuak ematea izan da ekimen horren xedea. Ondoren azalduko diren legeetan arautzen da prozedura hori bideratzeko ahalmena:

– Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legea, 57. artikulua, 3. atala: funtzionarioek lanpostuz aldatzeko duten eskubidea aitortzen du. Era berean, administrazio publikoek lanpostuak beste administrazio batzuetako funtzionarioez betetzeko aukera jasotzen du.

– Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legea, 54.6 artikulua. Xedapen horretan jasoa dago funtzionarioek zerbitzuak beste herri administrazio batzuetan emateko legezko baimena.

– Euskadiko Polizia Legea, 72. artikulua: xedapen horretan jasota dago aparteko kasu hau. Izan ere, ohiz kanpoko kasuetan, eta lanpostuak gordetzen zaizkiela, funtzionarioak zerbitzu-eginkizunetarako izendatu daitezke beren eskala edo kategoriako beste lanpostuetan jarduteko.

– 190/2004 Dekretua, Euskal Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanpostuak betetzeko Arautegia onartzen duena: 51. artikulua.

– Arautegi horretako 51. artikuluko 2. atala. Bete egiten da xedapen horretan ezarritako betebeharra: oro har, zerbitzu-eginkizunak beste herri administrazio batzuetako funtzionarioei eman ahal zaizkie, baldin eta jatorrizko administrazioaren funtzionarioei ematerik ez bada.

Barne-kontroleko Sistemei eta Kudeaketa-Prozedurei Buruzko Kontsiderazioak.

III.1.– Aurrekontua eta Kontabilitatea.

Kontabilitate-erregistroari dagokionez, ondokoak dira antzemandako akatsak:

Udalbatza Osoaren bilkuretara eta batzordeetara bertaratzeagatik emandako kalte-ordainak eta sariak, 211.000 eurokoak, «Pertsonal gastuak» kapituluan kontabilizatu dira, eta «Ondasun arrunten eta zerbitzuen erosketa» kapituluan jaso beharko lirateke, beren izaera aintzat hartuta.

Alegazioa.

2004ko abenduaren 15eko 235/2004 Foru Dekretuak, Bizkaiko toki erakundeetako aurrekontuen egitura eta kontabilitate publikoko plan nagusia onetsi dituenak, toki erakundeen gastuen sailkapen ekonomikoa egiten duen atalean, hau da, Pertsonal gastuei buruzko I. Kapituluan, 10. artikuluan, goi-karguen ordainketa-kontzeptuetan, 100. kontzeptuak hautapenezko karguei edozein kontzepturengatik ematen zaizkien ordainsari guztiak biltzen ditu.

Beraz, era egokian kontabilizatuta daude esandako atal horretan, eta ez «Ondasun arrunten eta zerbitzuen erosketa» atalean, Kontuen Epaitegiak adierazi bezala.

III.2.– Langileak.

Erabateko dedikazioa duten alkatearen eta zinegotziaren soldatak, dedikazio partzialeko beste bi zinegotzien soldatak eta udalbatza osatzen duten kideei batzarretara bertaratzeagatik ordainduko zaizkien ordain-sariak udaletxeko iragarki oholean argitaratu dira, ondoko legean ezarritakoa betetzeko: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 75.5 artikulua.

Alegazioa.

Hemen agindutakoa beteko dugu: bidezko den argitalpena egingo dugu.

III.4.– Kontratazioa.

Kale garbiketa eta hondakinen bilketa (1. espedientea).

Antzemandako hutsuneak:

– Lehiaketara aurkeztutako enpresa bazter uztea entzunaldirako aukerarik gabe.

Kontratazio Mahaiak, 2008ko uztailaren 14an izandako bilkuran, Garbialdi, S.A.L. enpresa bazter uzteko erabakia hartu zuen ez zuelako inolako agiririk aurkeztu kaudimen teknikoa justifikatzeko. Horrela, Administrazio Kontratuetarako Kontsulta Batzordearen txostenetan ezarritako irizpideak betetzen dira.

– Bi zerbitzuren bat-egitea.

Kontratuaren xedean kale garbiketa eta hiri hondakin solidoen bilketa zerbitzuak sartu dira osagarriak izan daitezkeelakoan, interes publikoarentzat komenigarri izan daitekeen osagarritasuna. Horrela, eskala-ekonomia maila hobeak lortzea dugu helburu, batez ere zeharkako kostuei dagokienez, gastuak partekatu daitezkeelako: administrazio, instalazio, ekipamendu mekaniko eta bestelako gastuak. Gainera, giza baliabideen eta bitarteko materialen kudeaketan malgutasun handiagoa ere lor daiteke, zeregin batzuk partekatuak izan daitezkeelako.

Bestalde, zerbitzu bakoitza behar bezala zehaztuta agertzen da baldintza teknikoen orrietan; eta enpresen kaudimena ere bermatzen da, zerbitzu bakoitzarekiko bermatu ere. Hortaz, zerbitzu biak kontratu berean bateratzeak ez du bataren ez bestearen kalitatea mugatu, ez eta esleipendunaren egokitasuna murriztu.

– Irizpide ez kuantifikagarriak behar bezala justifikatu barik.

Honako hauek dira balorazio puntuak lortzeko formularik aplikatu ez zaizkien balorazio irizpideak: «zerbitzuaren kudeaketa plana» eta «zerbitzuaren antolaketa: informatika bidezko jarraipena eta kontrola, giza baliabideen kudeaketa, lan-arriskuen prebentzio-plana, ibilgailu, makina eta lanabesen garbiketa eta iraunarazte plana.»

Irizpide horien balorazio egoki eta nahikoa egin zen. Izan ere, aipatutako alor bakoitza modu independentean aztertzen zuten 6 txosten jaso ziren. Aurkeztutako eskaintzen deskripzio zehatza azaltzen dute txostenek, bakoitzaren ezaugarri teknikoak adierazi eta baldintza orrietan ezarritako irizpideen araberako balorazioa eginez.

Egindako txosten tekniko horiek aho batez onartu zituzten Kontratazio Mahaiko kideek.

Udal eraikinen garbiketa (4. espedientea).

Antzemandako hutsuneak:

– Akatsak adjudikazio irizpideetan.

Baldintza teknikoen orrietan ez dira zehazten erabili beharreko baliabide pertsonalak (baina bai adierazten dira zeintzuk diren subrogatu beharreko lanpostuak) eta baliabide materialak; ez da zehazten, ezta, lanak antolatzeko eta egiteko modua. Zerbitzua betetzeko gutxieneko baldintza orokorrak adierazten dira: eremua, langileak, maiztasun batzuk, eskaintzak aurkezteko orduan erantsi beharreko dokumentazioa eta abar. Aldi berean, egoitza bakoitzean bete beharreko gutxieneko baldintza tekniko zehatzak azaltzen dira. Eta hori horrela da udalaren zerbitzu teknikoek ez dutelako behar besteko espezializaziorik zerbitzua desiragarri litzatekeen zehaztasunarekin definitzeko.

Benetako egoera hori dela aintzat hartuta, administrazio-baldintzen orrian eta baldintza teknikoen orrian jasota dago lehiatzaileek Zerbitzuaren Kudeaketa Plana aurkeztu behar dutela, ezarritako gutxienekoetatik abiatuta. Plan horrek definitu behar du nola gauzatu zerbitzua. Planak egiterakoan zehaztu beharreko gaien zerrenda oso bat ezartzen da, eta Udalak zerbitzuaren antolaketa zehatz-mehatz definitzerik ez badu ere, bai adierazten duela zein izango diren alorrik nabarmenenak, gehien baloratuko direnak, eta horrela azaltzen da baldintza teknikoen orriko hainbat ataletan.

Adierazitakoaren harira, prezioaz gain, baldintza orrietan ezarritakoaren gainera egiten diren hobekuntzak sartzen dira balorazio-irizpideen artean. Honako hauek: garbitzaileen ordu kopurua, zerbitzuan erabiliko diren makina eta lanabesak, baldintza orrietan aurreikusitakoa baino egokitzapen hobea, laneko protokoloa, produktuen katalogoa, makinak, eta abar.

Irizpide horiek guztiak baldintza orrietan jasota daude; bera, lizitatzaile guztien ezagutzen dituzte, kontratuaren helburu eta xederako egokiak dira eta aproposak lizitatzaile bakoitzak eskaintzen duen zerbitzua baloratzeko; izan ere, zerbitzuaren ezaugarri funtzionalak baloratzeko funtsezko informazioa ematen dute.

Bestalde, ez da bidezkoa lizitatzaileek kudeaketa planean azaltzen dituzten zehaztasunak, langileei, makinei eta produktuei buruzkoak, kaudimena erakusteko baldintzatzat hartzea eta ez balorazio irizpidetzat. Atal honetan baloratzen dena ez da lizitatzaileak Udalari erakustea kontratua betetzeko gaitasun orokorra duena. Hemen baloratzen dena da lizitatzaileak duen gaitasuna nola antolatuko duen zerbitzua emateko orduan, garbiketaren kalitatea ahalik eta hoberena izan eta Udalaren beharretara ahalik eta ondoen egokitu dadin.

– Irizpide ez kuantifikagarriak behar bezala justifikatu barik.

Txostenean azaltzen den modura, Udalaren erabakia izan da baldintza orrietan ezarritako gutxieneko ordu kopurutik gora ordurik gehien eskainiko dituen lehiatzaileari esleitzea atal honetan, «eskainitako lanorduak» atalean lortu daitekeen punturik gehien: % 35. Ez dute punturik eskuratzen baldintza orrietan ezarritako ordu kopurua hobetzen ez duten eskaintzek. Orduei dagokienez, atalez atal hobekuntzarik egiten den ala ez bereizteko informazio nahikorik aurkezten ez zuten eskaintzen kasuan, puntuak eskuratu dituzte, soil-soilik, baldintza orrietan ezarritakoaren arabera aurkeztu dituzten ataletan.

Lorategien garbiketa, mantentze eta zaintza (5. espedientea).

Antzemandako hutsuneak:

– Akatsak adjudikazio irizpideetan.

Baldintza teknikoen orrietan ez dira zehazten erabili beharreko baliabide pertsonalak (baina bai adierazten dira zeintzuk diren subrogatu beharreko lanpostuak) eta baliabide materialak; ez da zehazten ezta, lanak antolatzeko eta egiteko modua ere. Zehazten da, bai, egin beharreko lanen zerrenda bat, lan horien deskripzioa eta langileei, instalazioei eta informatikako prestazioei dagokienez betebeharreko gutxieneko baldintzak. Eta hori horrela da udalaren zerbitzu teknikoek ez dutelako behar besteko espezializaziorik zerbitzua desiragarri litzatekeen zehaztasunarekin definitzeko.

Benetako egoera hori dela aintzat hartuta, administrazio-baldintzen orrian eta baldintza teknikoen orrian jasota dago lehiatzaileek Zerbitzuaren Kudeaketa Plana aurkeztu behar dutela, ezarritako gutxienekoetatik abiatuta. Plan horrek definitu behar du nola gauzatu zerbitzua. Planak egiterakoan zehaztu beharreko gaien zerrenda oso bat ezartzen da, eta Udalak zerbitzuaren antolaketa zehatz-mehatz definitzerik ez badu ere, bai adierazten duela zein izango diren alorrik nabarmenenak, gehien baloratuko direnak, eta horrela azaltzen da baldintza teknikoen orriko hainbat ataletan.

Adierazitakoaren harira, prezioaz gain, balorazio-irizpideen artean sartzen da, baita, preskripzio teknikoen orrietan eta eranskinetan definitutako zerbitzuarekiko egokitasuna 3. gutunazalean aurkeztutako agiriaren arabera, hau da: «Zerbitzuaren Kudeaketa Plana eta zerbitzuaren kudeaketa informatizatuaren proposamena»

Irizpide horiek guztiak baldintza orrietan jasota daude; bera, lizitatzaile guztien ezagutzen dituzte, kontratuaren helburu eta xederako egokiak dira eta aproposak lizitatzaile bakoitzak eskaintzen duen zerbitzua baloratzeko; izan ere, zerbitzuaren ezaugarri funtzionalak baloratzeko funtsezko informazioa ematen dute.

– Kontratuen funtsezko aldaketak, lizitazio printzipioak urratzen dituztenak eta kontratazio organoak berariaz onartu gabeak.

Kontratua aldatzea eta batez ere eremu berriak gehitzearen ondorioz enpresa esleipendunak egin ohi zituen lanak kontratuaren kanonean sartzea erabaki zuen kontratazio organoak 2007ko maiatzaren 31n, alkatetzak emandako 1380/2007 zenbakidun dekretuaren bidez.

Baldintza teknikoen agiriak, 29.3 artikuluan, honako hau ezarri zuen: esleipendun enpresaren esku lagatako eremuan sortuko diren edo birmoldatu eta handituko diren parke eta berdeguneak gehituko ditu Erandio Elizateko Udalak. Horrela, urteko kanona ere handitu egingo da, aurretiaz Erandioko Udalak egindako balorazio ekonomikoaren arabera eta administrazio baldintza zehatzen agirian ezarritako mugak aintzat hartuta.

Bestalde, administrazio baldintzen agiriko 23.5.c) klausulak, honakoa ezartzen du: egindako gehikuntzak kontratuaren prezioa % 5etik gora gainditzen badu, urteko kanona aldatu eta adierazitako unitateko prezioen arabera finkatuko da.

Goian aipatutako aurrekariak aintzat hartuta, eta aurreikusitako gehikuntzak kontratuaren prezioa % 5 baino gehiago igoko zuenez, baldintza orrietan araututakoaren arabera jokatu zuen Udalak: kanona aldatu eta zonalde berrietan egin beharreko lanen kanona gehitu, kontratuan hitzartutako unitateko prezioetan oinarrituta. Gehikuntza erabaki aurretik egindako txosten teknikoarekin batera erantsi zen esandako kalkulu hori.

Esan bezala, aldaketa hori alkatetzaren dekretu bidez egin zen, eta organo horrek badu horretarako eskumenik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legeak hala aitortuta. Egindako gehikuntzak ez du egoera hori aldatu.

– Irizpide ez kuantifikagarriak behar bezala justifikatu barik.

Honako hauek dira balorazio puntuak lortzeko formularik aplikatu ez zaizkien balorazio irizpideak: baldintza teknikoen agirian eta eranskinetan definitutako zerbitzuarekiko egokitasuna 3. gutunazalean aurkeztutako agiriaren arabera, hau da, zerbitzuaren kudeaketa plana eta zerbitzuaren kudeaketa informatizatuaren proposamena.

Kirol materialak hornitzea eta jartzea (9. espedientea).

Antzemandako akatsa:

89 mila euroan esleitutako hornidura-kontratua aztertu da (9 zenbakidun espedientea). Hornidura-kontratua hartzeko aktaren sinadura bi hilabetetik gora atzeratu da ezarritako zazpi eguneko epearekin alderatuta (SPKL, 268 artikulua).

Alegazioa.

Hornidura-kontratua hartzeko akta sinatzeko egintza atzeratu egin zen Udalak berrikuntza obrak egin zituelako udal kiroldegian, eta obra horiek bi hilabete inguru iraun zutelako. Atzerapena ez zen enpresaren erruz gertatu. Enpresak epe barruan egin zuen hornidura, baina hartzeko akta beranduago sinatu behar izan zen, eskuratutako kirol materiala baldintza egokietan eta martxan jarrita zegoela egiaztatu ondoren.

Altzagako metro geltokiaren ingurua urbanizatzea (10. espedientea).

Antzemandako hutsuneak:

– Egikaritzapen-epeak luzatzea legez ezarritako epeak bete barik.

Obra egikaritzeari hasiera eman dion zuinketa-egiaztapenaren akta 2009ko maiatzaren 15ean sinatu da. Obra burutzeko aurreikusitako epea 24 astekoa da; hortaz, 2009ko urriaren 30ean amaitu behar zituzten obrak.

Obra kontratua handitzea eta obra burutzeko epea 8 astez luzatzeko erabakia hartu zuen Udalbatza Osoak 2009ko urriaren 29an. Edonola ere, 2009ko abenduaren 31 baino lehen amaitzeko epemuga ezarri zuen Udalbatzak.

2009ko abenduaren 22an, kontratatutako enpresak obra zibila amaitzeko epea bost astebetez luzatzeko eskaria egin zuen, eta hiri-altzariak eta ekipamenduen horniketa egiteko beste bost asteko luzapena eskatu zuen. Udalbatza Osoak, 2010eko urtarrilaren 5ean hartutako erabakiaren bidez, onartu egin zuen jasotako eskaria, obraren zuzendaritzak egindako aldeko txostena aintzat hartuta. Obrak hartzea 2010eko martxoaren 31n izan zen.

Kontratua burutzeko epea amaitu aurretik aurkeztu zuten kontratua luzatzeko eskaria; hortaz, bete egin da Kontratazio Araudiaren 100. artikuluan ezarritakoa.

– Obrako langileen lan-kontratuak ziurtatzea.

Lizitaziorako izapideak egitean, eta administrazio baldintza agiriaren 4, 5 eta 6. eranskinetan eskatutakoari jarraituz, kontratistak erantzukizunezko adierazpena aurkeztu zuen, ondorengoa adieraziz: obren egikaritzan 120.980 ordu erabiliko zirela esklusiban, eta horri gehituta 2.880 ordu gizarte bazterketako arriskua duten pertsonena. Une hartan lizitatzaileak aurkeztu beharreko dokumentu bakarra horixe zen: erantzukizunezko adierazpena. Adjudikazio izapidea 2009ko apirilaren 20an egin zen, eta une horretan ere ez zen bidezkoa esleipendunak agindutako kontratuen agiriak erakustea, adjudikazio eguna ez baitzen nahitaez obrei hasiera emateko eguna. Izan ere, esleipendunak 15 laneguneko epea zuen adjudikazioaren jakinarazpena jaso eta lanei ekiteko. Horrela, 2009ko maiatzaren 15ean eman zien hitzartutako lanei hasiera.

Kontratuaren egikaritzeak iraun duen bitartean obrarako zenbat langile eta zenbat denborarako kontratatu diren egiaztatzeari dagokionez, horren kontrola eginkizun izan duen obra-zuzendaritzak egindako txostena dago jasota espedientean. Txostenak adierazten duenez, guztira egindako ordu kopurua hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa izan da, eta askoz ordu gehiago behar izan da lanak amaitzeko. Horrela, kontratua burutzeko lanean aritu diren langileen izenak eta bakoitzak egindako lanordu kopurua jasotzen ditu txostenarekin batera doan III zenbakiko eranskinak.


Azterketa dokumentala