Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2012ko urriaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
4344

AGINDUA, 2012ko irailaren 26koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko diru-laguntzak arautzen dituena.

Bi hamarkadatik gora joan dira Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila gizarte-ekonomiako erakundeetan zenbait kudeaketa-tresna ezartzeko ekimenari bultzada ematen eta diruz laguntzen hasi zenetik; urte hauetan guztietan ekimenaren erabilgarritasuna eta eraginkortasuna agerian geratu dira. Eta, azken urteetan, laguntza mota horien onuradun izan daitezkeen pertsonen eskaria ere nabarmen hazi da, zenbait ekitalditan eskari horri erantzuteko behar adinako baliabiderik egon ez delarik.

Ondorioz, diru-laguntzei buruzko arauak urterik urte hartu dituen kudeaketa-tresnak oso heterogeneoak izan dira, gaurko egoera ekonomikoarekin batere zerikusirik ez duten testuinguru ekonomikoetan kokatu direlako, gaur egun oinarrizko enpresa-kudeaketaren beharrizanei erantzutea baita lehentasuna.

Gainera, diru-laguntzen programak 2012ko ekitaldian izan duen aurrekontu-mugatzea ere kontuan hartzen badugu, programa hori oinarrizko kudeaketaren tresnetara egokitu behar da. Enpresa-finantzaketa –gaur egungo egoera ekonomikoaren gabezia nabarmenetako bat– eskuratzen laguntzen duten neurriak ere egokitu behar dira tresna horietara, gizarte-ekonomiatik eta gizarte-ekonomiarentzat bultzatutako elkarrenganako bermedun sozietateen bidez.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAzten DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez, kooperatiba eta lan-sozietate anonimoen kudeaketa hobetzeko egiten diren laguntza teknikorako 2012ko ekitaldian emango dituen laguntzak arautzea da.

2. artikulua.– Diru-laguntza zein jarduerak jaso dezakeen.

1.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek jotzen dira laguntza teknikoko ekintzatzat:

a) Urteko kudeaketaren plangintza eta planaren ezarpena.

b) Ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek aldez aurreko derrigorrezko azterlan ekonomiko eta finantzarioa egitea, haien erakunde bazkidetuei bermeak emateko.

2.– Ekintzek 2012. urtean izan beharko dute hasiera. Aurreko paragrafoko b) idatzi-zatiko ekintzei dagokienez, honako hau hartuko da ekintzaren hasiera-datatzat: ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek beren erakunde bazkidetuei bermeen prestazioa egingo duen erakundearekin hitzarmena sinatzen duten eguna.

3.– Ekintzak beranduenez 2013ko lehenengo seihilekoan bukatu beharko dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko gehienezko kopurua erabiliko da, honela banatuta: laurogeita hamar mila (90.000) euroko ordainketa-kreditua 2012ko ekitaldirako eta hirurogei mila (60.000) euroko konpromiso-kreditua 2013ko ekitaldirako. Zenbateko horiek eguneratu ahal izango dira aurrekontu-aldaketarik izanez gero, indarreko legeen arabera. Aldaketa horiek egin egiten badira, horren berri emango da, Laneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Agindu hau betearazteko dauden baliabideetatik 100.000 euro 2.1.a) artikuluaren ekintzak direla-eta onuradun gertatzen diren eskaerei erantzuteko erabiliko dira; eta gainerako 50.000 euroak 2.1.b) artikuluarekin zerikusia duten onuradunei erantzuteko.

3.– Bi ataletan baliabide ekonomikoak onuradun guztiei erantzuteko behar bestekoak ez badira, kalkulatutako diru-laguntzak hainbanatuko dira, atal bakoitzerako zein bere aldetik.

4.– 2.1 artikuluan zehaztutako bi ataletako bakoitzean eman beharreko diru-laguntza kalkulatu ondoren, bietakoren batek soberako saldoa badu, soberakin hori beste atalari erantsiko zaio.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honen laguntzak jasotzeko aurkeztutako eskarietarako, bide presentziala nahiz elektronikoa erabili ahal izango da.

2.– Egoitza elektronikoan aurki ditzakezue izapideak egiteko argibideak, modu presentziala edo elektronikoan, bai eta eskariak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eredu guztiak ere, honako helbide honetan zehazki:

– https://www.euskadi.net/Y22-izapide/es/contenidos/ayuda_subvencion/at_2012/es_ayuda/ficha_procedimiento.html

3.– Eskaria izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, presentziala edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik, eta nahi den bidea erabil daiteke batzuetan zein besteetan.

4.– Eskaria aurkeztu ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira: http://www.http://www.euskadi.net/misgestiones.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetako 2.1.a) artikuluan bildutako jarduerak egiteko laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten kooperatiba eta lan-sozietateek lor ditzakete (azken urteotan sortu edo eraldatu badituzte), baldin eta erakunde aholku-emaile edo ordezkaritza duen gizarte-ekonomiako erakunde baten aholkularitza badute eta kudeaketarako tresna horiek ezartzeko laguntza publikorik jaso ez badute lehendik.

2.– Agindu honetako 2.1.b) artikuluan bildutako jardueretarako laguntzak gizarte-ekonomiako enpresen elkartze-entitateek lor ditzakete.

6. artikulua.– Aholkularitza-entitateak.

Gai horretan bere balioagatik ezagunak diren aholkularitza-erakundeek, pertsona fisikoek edo juridikoek, aurreko artikuluan aipatzen direnek, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea edo lantegiren bat bertan edukitzea.

b) Bere jarduera enpresa-aholkularitza izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako zentroetan goi-mailako tituludunak izatea, aurreko idatzi-zatietan aipatutako gaietan gizarte ekonomiako enpresetan ziurtatutako esperientzia dutenak.

d) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

e) Aholkulariek edo haiek partaide diren aholkularitza-enpresek ezin izango dute inolako loturarik izan, ez zuzenean ez zeharka, laguntzak eskatzen dituzten erakundeekin, ez akzioen ez partizipazioen bidez.

7. artikulua.– Entitate onuradunen baldintzak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

b) Lantokia(k) eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, arlo horretan Ekonomia eta Ogasun Sailak xedatzen duenarekin bat etorriz.

d) Alta emanda egon beharko dute Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta egon ezean, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero:

– Bide presentziala erabiliz: http://www.euskadi.net webguneko ereduaren araberako inprimakia

– Bide elektronikoa erabiliz: http://www.euskadi.net webguneko ereduaren araberako inprimakia

e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.

f) Lan-segurtasun eta osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritakoa betez.

g) Entitate eskatzailearen erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

8. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluko baldintzak; eskarian ere azaldu beharko da adierazpen hori.

2.– Herri-administrazioen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskariek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatu egingo du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

9. artikulua.– Eskaeren aurkezpena: modua eta epea.

1.– Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera.

2.– Eskari-eredua uneoro eskuragarri izango da euskadi.net-en egoitza elektronikoan. Eskariak, orobat, bide elektronikoak erabiliz aurkeztu ahal izango dira euskadi.net-en egoitza elektronikoan, aipatutako helbideetan.

3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskaria eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskariak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako lurralde-ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

5.– Eskariari dagokion artikuluan agertzen diren dokumentuak erantsi behar zaizkio.

10. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Diru-laguntza jasotzeko eskariarekin batera, justifikazioko memoria aurkeztu behar da, bai eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako lan-plana ere. Plan horretan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.

2.– Gainera, 2.1.a) artikuluko jarduerei buruzko eskariekin batera, beste dokumentu hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Agindu honen 6. artikuluan adierazitako aholkularitza-erakunde baten laguntza eta lankidetzako konpromisoa dagoela agertzen duen agiria, hau da, harekin egindako kontratua edo eskaera irmoaren agiria, erakunde horrek agindu honetako 4. artikuluko baldintzak betetzen dituela agertzen duten frogagiriekin batera.

b) 2011ko ekitaldiko balantze ekonomikoa eta emaitzen kontua.

c) Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.

d) Erakunde eskatzailearen erantzukizun-deklarazioa, ez zuzenean ez zeharka, aholkularitzarekin edo pertsona fisiko aholkulariarekin ez akzioen ez partizipazioen bidez inolako loturarik ez duela adieraztekoa.

11. artikulua.– Eskaeraren akatsen konponketa.

Diru-laguntza eskaerak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskariari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskariari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan.

12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Baldintzak betetzen dituzten eskariei ondorengo zenbatekoak egokituko zaizkie:

a) Agindu honetako 2.1 artikuluko a) idatzi-zatian aipatutako ekintzetarako: aholkularitza-enpresaren % 75, sei mila (60.000) euroko gehienezko kopuruarekin, zuzeneko onuradun den entitatearentzat.

b) Agindu honetako 2.1 artikuluko a) idatzi-zatian aipatutako ekintzetarako: entitate bazkidetu bakoitzerako azterlanaren % 75, hogeita bost mila (25.000) euroko gehienezko kopuruarekin, zuzeneko onuradun den entitatearentzat.

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko da baliabide ekonomikoen premia objektiboa, eta behar handienak egiaztatzen dituzten enpresak lehenetsiko dira. Ildo horretan, erakunde onuradunek lortutako mozkinek 150.000 euroko muga gainditzen badute aurreko ekitaldian, % 25 murriztuko dira aurreko paragrafoen adierazitako ehunekoak.

13. artikulua.– Bateragarritasuna, beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin.

1.– Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek edo erakunde publikoek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa izan, ezta agindu honetako 12 artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa baino handiagoa ere.

2.– Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 12 artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen badu, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea egiteko prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskariei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena esanbidez eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren guztizkoaren % 60ko lehenengo ordainketa, diru-laguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 40, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean. Bigarren ordainketa egiteko, erakunde onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

– Diruz lagundutako gastu guztiei buruzko txostena eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.

2.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita.

3.– 2.1.a) artikuluko jarduera dela-eta diru-laguntza jaso dezaketen eta egiaztatzen diren gastuak bat etorriko dira onuradunek egiaz ordaindutako gastu errealekin, eta ordaindutako faktura originalen edo froga-balio bera duten kontularitza-agirien bidez egiaztatu beharko dira.

16. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua konplitutzat jo delarik, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero nahiz beste edozein administrazio publikok emandako diru-laguntzak pilatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak likidazioa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago, edo agindu honetan, edo aplika daitezkeen gainerako arauetan, edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat ez badu betetzen, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak, Ebazpen baten bidez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar dizkiola, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izanen da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzen itzultze-prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren edo epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, amaiera emango zaio prozedurari.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, sei hilabetean ebatzi behar da.

Ebazpenak ez-betetzea izan dela baiesten badu, diru-laguntza jasotzeko eskubidearen galera deklaratuko du eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli beharra, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabeteko gehieneko epean. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, hark, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekiteko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

Bigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 26a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

maría GEMMA aránzazu ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala