Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2012ko urriaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
4345

AGINDUA, 2012ko irailaren 26koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako laguntzak arautzen dituena.

Kontuan izanda, batetik, gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzaren sustapenerako administrazio-egintzak diseinatzeko eta aplikatzeko pilatu den esperientzia (prestakuntza hori behar-beharrezkoa baita mota horretako erakundeek behar bezala funtziona dezaten; bereziki, kooperatiba eta lan–sozietateetan, horien kopurua handitu egin da-eta azken urteetan, eta, batik bat, aurtengo urtean), eta, bestetik, ekonomia-ekitaldi honetarako dauden aurrekontu-murrizketak, abiapuntuko bi errekerimendu horiek bata bestearekin lotzeko modu bakarra erabilgarri dauden aurrekontu-kredituak eremu horiei atxikitzea da, betiere, orain arte egindakoa alde batera utzi gabe (batik bat, unibertsitate-eremuan egindakoa, bertan egindakoa sektore horretara itzultzen baita, eta berori bultzatzen, laguntzen eta aberasten baitu).

Horrexegatik, ekitaldi honetan, onuradunak zeharkako goi-mailan bildu dira (zeina gehiago zabaldu eta eraginkorragoa izan baitaiteke), bai enpresa-sektorean –haren egitura adierazgarrien bidez–, bai hezkuntza-sektorean –zehazki, unibertsitate-eremuan–.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAzten DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen diren eta bereziki gizarte-ekonomiarekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak egiteko, Eusko Jaurlaritzak –Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez– 2012ko ekitaldian emango dituen laguntzak arautzea da agindu honen helburua.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen ekintzak.

Agindu honen ondorioetarako, diruz lagundu daitezkeen jarduerak izango dira honako hauek:

1.– Prestakuntza-jarduera hauek:

a) Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzara bideratutako jarduerak (prestakuntza espezifikoa eta desberdindua), unibertsitate-eremuan edo/eta elkarteen eremuan kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko ezagutzari hasiera emateko, edo, oro har, ezagutza horretan gaitzeko edo perfekzionatzeko.

b) Ez-ohiko jardunaldiak edo biltzarrak egitea, unibertsitate-eremuan edo Euskadiko kooperatiba edo lan-sozietateen ordezkariak diren ahalik eta erakunde-elkarte gehienen eremuan, baldin eta jarduera horiek ahalegin berezia eskatzen badute kooperatiben eta lan-sozietateen ezagutza –sozietate eta enpresa gisa– eta horien baloreak sustatzeko. Jarduera horien barruan sartu behar da nazioartekoak diren ekitaldi esanguratsuak egitea. Nolanahi ere, jarduera horiek lehentasuna izango dute, diru-laguntzaren ondorioetarako.

2.– Gizarte-ekonomiaren zabalkunderako jarduerak. Honako hauek izango dira jarduera horiek:

a) Kooperatibei eta lan-sozietateei buruzko aldizkako argitalpenak editatzea.

b) 5. artikuluan adierazten diren onuradunek antolatutako aldizkako jardunaldiak egitea.

Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen prestakuntza- eta zabalkunde-jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2013ko ekainaren 30a baino lehen amaiturik egon behar dute.

3. artikulua.– Diru- baliabideak, esleipen-prozedura eta muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, seiehun eta hogeita lau mila zortziehun eta berrogeita hamar (624.850) euroko gehienezko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: hirurehun eta hirurogeita hamalau mila bederatziehun eta hamar (374.910) euroko ordainketa-kreditua 2012ko ekitaldirako, eta berrehun eta berrogeita bederatzi mila bederatziehun eta berrogei (249.940) euroko konpromiso-kreditua 2013ko ekitaldirako.

2.– Adierazitako zenbateko orokorra igo ahal izango da, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik eta ondokoen arabera: dagoen aurrekontu-lotura, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren beste programen betearazpenetik sortzen diren aurrekontu-aukerak edo onartzen diren beste aurrekontu-aldaketak. Halakorik gertatuz gero, Laneko sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.

3.– Ezarritako epearen barruan beren eskaerak aurkezten dituzten interesdun guztiek, aurreikusitako agirien bidez agindu honetan eskatutako baldintza subjektiboak eta objektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute, 11. artikuluan ezarritako mugen eta zenbatzeko irizpideen arabera dagozkien diru-laguntzak jasoko dituzte.

4.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen hornidura nahikoa izango ez balitz aurreko paragrafoan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten eskari guztiei aurre egiteko, honela jokatuko da:

a) Lehenik eta behin, egiaztatuko da ezen, 2.1 artikuluko b) idatzi-zatian jasotzen diren jardueretarako esklusiboki aurkeztatu diren eskaera guztiei –aipatutako parametroak erabiliz kalkulatutako zenbatekoetan– erantzuteko nahikoa diru badagoela. Hala bada, dagokion zenbatekoa emango da diru-laguntza gisa. Baina, horrela ez bada, hasieran kalkulatutako kopuruak murriztu egingo dira. Horretarako, hainbanaketa bakarra egingo da 2.1.b) artikuluko jarduerei dagozkien eskabide horien artean, eta 2.1.a) eta 2.2 artikuluetako jardueretarako aurkeztutako eskabide guztiak ukatu egingo dira.

b) 2.1.b) artikuluko jardueretarako eskabideei –dagozkien zenbatekoen arabera– erantzuteak ez badu agortzen deialdirako jarritako diru-hornidura, gelditzen den zenbatekoa erabiliko da 2.1.a) eta 2.2 artikuluetako jardueretarako laguntza-eskabideei erantzuteko. Zenbateko horrekin ez bazaie erantzuten eskabide horiei, dagozkien zenbatekoen arabera, zenbatekoak murriztu egingo dira, eta, horretarako, hainbanaketa bakar bat egingo da guztientzat.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko, bide presentziala zein elektronikoa erabili ahal izango da:

2.– Eskaerak, deklarazio presentzialak eta gainerako ereduak bide presentziala nahiz elektronikoa erabiliz izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak honako egoitza elektroniko honetan egongo dira: https://www.euskadi.net/Y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/fr_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, presentziala edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik, eta nahi den bidea erabil daiteke batzuetan zein besteetan.

4.– Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak, helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten honako erakunde hauek eskuratu ahal izango dituzte:

1.– Fakultateak, Unibertsitate Eskolak, Unibertsitate Institutuak eta unibertsitatearekin lotura duen ikerketa-entitate oro.

2.– Kooperatiba Federazioak eta Konfederazioak eta Lan Sozietateen Elkarteak.

3.– Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroak, kooperatiba-egitura zein –taldeen edo lan-sozietateen menpe daudenak.

6. artikulua.– Entitate onuradunen baldintzak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea sozietatearen edo elkartearen egoitza.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea. Ekonomia eta Ogasun Sailak horretarako ezartzen duenari jarraiki.

c) Alta emanda egotea, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta egon ezean, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero:

– Bide presentziala erabiliz: http://www.euskadi.net-en ezarritako ereduaren araberako formularioa.

– Bide elektronikoaren bidez: http://www.euskadi.net-en ezarritako ereduaren araberako formularioa.

d) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.

e) Entitate eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

7. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluan adierazitako baldintzak. Eskabidean ere adierazpen hori azaldu beharko da.

2.– Herri-administrazioen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatu egingo du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

8. artikulua.– Eskaeren aurkezpena: modua eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Eskabide-eredua euskadi.net-eko egoitza elektronikoan eskura daiteke. Halaber, eskabideak bide elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira euskadi.net-eko egoitza elektronikoan, adierazitako helbideetan.

3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskaerak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako lurralde-ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

5.– Eskabidearekin batera, dagokion artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

9. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, eta aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko dira bertan. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

–Giza-baliabideak eta baliabide materialak.

– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.

– Diru-laguntza jaso dezakeen jardueraren garapenaren egutegia.

– Proiektuak finantzatzeko plana.

– Programaren Erakunde laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.

10. artikulua.– Eskaeraren akatsen konponketa.

Diru-laguntza eskaerak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko dokumentazioarekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskaerari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– 2.1 a) artikuluan aipatzen diren jarduerei dagokienez: Jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

2.– 2.1 b) artikuluan aipatzen diren jarduerei dagokienez: Jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 100.000 euro jaso ahal izango ditu.

3.– 2.2 a) artikuluan aipatzen diren jarduerei dagokienez: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

4.– 2.2 b) artikuluan aipatzen diren jarduerei dagokienez: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.

5.– Agindu honetako 2. artikuluan araututako ekintza bakoitzeko, emandako diru-laguntza ez da, inola ere, onuradunek ordaindutako kostu garbi erreala baino handiagoa izango.

6.– Agindu honetako 2.1 artikuluan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetarako laguntza publikoa kalkulatze aldera, ez dira kontuan hartuko irakasleen barruko kostuak.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek edo erakunde publikoek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa izan, ezta agindu honetako 11 artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa baino handiagoa ere.

2.– Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 11 artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen badu, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea egiteko prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, Aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari espresuki ebazteko betebeharra ezartzen dion.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Diru-laguntzak zatika ordainduko dira, modu honetan:

a) Diru-laguntzaren guztizkoaren % 60ko lehenengo ordainketa, diru-laguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere espresuki uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, % 50, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean.

2.– Diru-laguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu behar ditu:

Diruz lagundutako gastu guztiei buruzko txostena eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.

3.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko arazoaren 11ko 1/1977 Legearen 50.2 artikuluan ezarritako betebeharretan aplikagarri gertatzen direnak betetzeaz gain, diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Gizarte Ekonomiaren, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzara prestakuntza-proiektuetan erabilitako langai didaktikoen ale bat bidali behar dute, halakorik izan bada.

b) Era berean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren laguntza jaso dutela espresuki jasota utzi beharko da, baldin eta diru-laguntzaren gai izan diren jarduerak argitaratu behar badira, argitalpenaren azalean sail horren logotipoa gaineratuta.

c) Diru-laguntza zertan eta zelan erabili den ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

16. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua konplitutzat hartu delarik, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero nahiz beste edozein administrazio publikok emandako diru-laguntzak pilatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago, edo agindu honetan, edo aplika daitezkeen gainerako arauetan, edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat ez badu betetzen, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak, ebazpen baten bidez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar dizkiola, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izanen da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren, edota epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariaren ebazpenaz amaiera emango zaio itzultze-prozedurari.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, sei hilabetean ebatzi behar da.

Ebazpenean jasotzen bada arauren bat bete gabe utzi dela, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten den egunetik hasita bi hilabeteko epean dagozkion diru-kopuruak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra deklaratuko da. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

c) Borondatezko aldian ez itzultzea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraiki ekin diezaion premiamendu-bidetik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a eta 46,1. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

Bigarrena.– Ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 26a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala