Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2012ko urriaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
4346

AGINDUA, 2012ko irailaren 26koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkartze-egiturak finkatzeko laguntzak ezartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkartze-egiturak finkatzeko laguntzak emateko, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak egindako deialdia denboran zehar mantentzen da; izan ere, gizartearen kohesioa lortzen laguntzen duten balioetan oinarritutako enpresa-ehun lehiakorra eta iraunkorra garatzeko eta horri eusteko beharrezkoa dela ikusi da; gainera, gizarte-ekonomiako enpresa berriak sustatzeko eta bultzatzeko giltzarria da, bai eta dagoeneko funtzionamenduan dauden enpresak sendotzeko ere. Horrek guztiak izugarrizko garrantzia eta esanahia du egun bizi dugun egoera ekonomikoan, zeinek enpresa-ekintzailetza bultzatuko duen administrazio-jarduera eskatzen baitu.

Aurreko urteetako eskakizun berberak eskatzen zaizkie diru-laguntzen onuradunei, baina, betiere diru-laguntzak ematen dituen sektore publikoan ere dagoen aurrekontu-murrizketa egoerari egokituta, noski.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAzten DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Gizarte-ekonomiako entitateen elkarte-egiturak finkatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez, 2012ko ekitaldian emango dituen laguntzak arautzea da agindu honen helburua. Entitate horiek berezko nortasun juridikoa izan behar dute, interes komunak ordezkatu eta babesteko elkartu behar dira, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrukoak izan behar dute. Honelako entitateek jaso dezakete laguntza:

a) Lan-sozietateek eta lan elkartuko kooperatibek.

b) Lan elkartukoak ez diren kooperatibek eta elkarte konfederalek.

c) Ekonomia solidarioko entitateek, enplegu-zentro berezien elkarteek eta gutxienez bi urteko antzinatasuna duten langile autonomoen sektorearteko erakundeek.

2. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak 1. artikuluan aurreikusitako elkarteak mantendu eta finkatzeko egitura-gastuak finantzatzera bideratuko dira, lege eta estatutuek bakoitzari esleitutako helburuak betetzeko.

2.– Honakoak joko dira egitura-gastutzat:

a) Elkarteei zerbitzu ematen dieten langileen gastuak, lanpostuarekin eta hortik eratorritako jarduerekin zerikusia duten gastu guztiak barne.

b) Funtzionamendu-gastuak, artezkaritza-kontseilu eta batzordeetara joan izana konpentsatzekoak barne; eta partaide direneko erakunde ordezkariei ordaindutako kuotak.

c) Egituraren ohiko jarduerekin zerikusia duten kanpoko gastuak; besteak beste: txosten juridikoak, auditoriak, eta marken defentsa eta babesa.

d) Entitatearen ibilgetuari dagozkion amortizazioen zenbatekoa.

3.– Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak entitate eskatzaile bakoitzak aurreikusitako gastuen planifikazioa baliozkotu eta onartuko du, eta berariaz mugatuko du zein gastu jotzen den egitura-gastutzat, aurreko atalean ezarritakoari jarraiki. Aurreikusitako gastuak entitate bakoitzak 2012ko ekitaldirako duen Kudeaketa Planeko sarreren eta gastuen aurrekontuan jasoko dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, seiehun eta berrogei mila (640.000) euroko gehienezko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: laurehun eta laurogei mila (480.000) euroko ordainketa-kreditua 2012ko ekitaldirako, eta ehun eta hirurogei mila (160.000) euroko konpromiso-kreditua 2013ko ekitaldirako.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako zenbateko globala handitu ahal izango da, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik eta honako hauen arabera: dagoen aurrekontu-lotura, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren beste programak betetzetik sortzen diren aurrekontu-aukerak edo onartzen diren bestelako aurrekontu-aldaketak. Halakorik gertatuz gero, Laneko sailburuordearen ebazpen bidez emango da horren berri.

3.– Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek jasoko dute diru-laguntza. Agindu honetako 16., 17. eta 18. artikuluetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako diru-laguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-horniduraren gehieneko zenbatekoa gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, kalkulatutako diru-laguntzei hainbanaketa bakarra aplikatuz.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honen babesean hasitako espedienteak izapidetze elektronikoko bidea erabiliz kudeatuko dira nahitaez.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako eskariak eta ereduak izapidetzeko jarraibideak Euskadi.net-eko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, honako helbide hauetan:

– II. kapitulua: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/eu_capitulo2_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

– III. kapitulua: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/eu_capitulo3_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

– IV. kapitulua: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/eu_capitulo4_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

3.– Eskaeraren ondoko izapideak http://www.http://www.euskadi.net/misgestiones bide elektronikoaren bitartez egingo dira.

5. artikulua.– Eskaeren aurkezpena: modua eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Eskabide-eredua euskadi.net egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da. Egoitza elektroniko horretako helbideetan aurkeztu beharko dira eskabideok.

3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkezteko aukera izango dute. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Entitate onuradunen baldintzak.

1.– Entitate onuradunek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute betebehar guztiak betetzen dituztela.

2.– Entitate onuradunek, eskabide-orrian jasota dagoen erantzukizunpeko aitorpen bidez, honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:

– Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, betiere Ekonomia eta Ogasun Sailak horiei dagokienez ezarritakoaren arabera.

– Gainera, alta emanda egon beharko dute Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta egon ezean, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero:

– Aurrez aurreko bidea erabiliz: http://www.euskadi.net helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

– Bide elektronikoa erabiliz: http://www.euskadi.net helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.

– Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) zein egoeratan dagoen adieraztekoa.

7. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak oso-osorik bete behar dira, eta, eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira nahitaez:

a) 2012. urterako Kudeaketa Plana, aurreikusitako jardueren txostena eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza barne.

b) Honako hauen inguruko egiaztagiriak:

– Enpresa bazkidetuen kopurua eta haien 2012ko kuotak; eta enpresa horien zerrenda.

– Ordezkatutako bazkide langileen kopurua.

8. artikulua.– Eskabidearen hutsak zuzentzea.

Diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean, edo dagokien artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar egunetan akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Hori egin ezean eskabideari uko egiten diola ulertuko dugu. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1. eta 42.1. artikuluetan ezarritakoaren arabera (Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

9. artikulua.– Bateragarritasuna, beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste herri-administrazio edo erakundek xede eta helburu bererako emandakoekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu elkarte onuradunen egitura-gastuek osatzen duten kostu osoaren zenbatekoa.

2.– Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunek arrazoi eta xede bererako jasotzen dituzten bestelako diru-laguntzak pilatzen badira, eta diru-laguntza horien batuketak egitura-gastuen kostu osoa gainditzen badu, gehiegizko kopuruaren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ematen duen diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

2.– Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko sailburuordeari, jakinarazpen-egunaren biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, Aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik eta jakinarazpenik ematen ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko betebeharra ezartzen dion.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena esanbidez eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Arazoaren 11ko 1/1977 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betekizun aplikagarriak betetzeaz gain, diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Egindako jarduerak egiaztatzen dituen memoria eta diruz lagundutako egitura-gastu guztien egiaztagiriak bidali beharko dituzte Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzara, 2012ko ekitaldiko kontabilitateko egoera-orriak onartzen direnetik hiru hilabeteko epean.

b) Diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute konpromisozko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

c) Diru-laguntza emateko kontuan izan den edozein baldintza objektibo zein subjektibo aldatzen bada, horren berri ematea laguntza ematen duen entitateari, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin lankidetzan jardutea konprobazio-, ikuskatze-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

12. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

Diru-laguntzak zatika ordainduko dira: diru-laguntza eman dela jakinarazten den egunetik zenbatzen hasi eta 15 egun igarotakoan, % 75 ordainduko da, esanbidezko ukorik ematen ez bada. Gainontzeko % 25, berriz, erakunde onuradunaren jardueren urteko memoria aurkezterakoan ordainduko da. Organo eskudunak onartu beharko du memoria hori, eta, memoriarekin batera, egindako egitura-gastuak egiaztatzen dituzten kontabilitate-agiriak aurkeztuko dira.

Aipatutako azken memoria aurkezteko epea, onartzen denetik hasita hiru hilabeteko emango da gehienez ere.

13. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzetakoren bat aldatzen bada –betiere diru-laguntzaren xedea betetzat joz gero–, edo laguntza horiekin batera, administrazio honek edo beste batek edo beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntzak ere jaso badira. Baina, betiere, beharrezkoa izango da agindu honetan diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzea. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte jasotako gehiegizko zenbatekoak.

14. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Diru-laguntzaren onuradun den erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1. artikuluan ezarritako egoeraren batean badago, edo agindu honetan eta aplika daitezkeen arauetan eta diru-laguntza ematearen aldeko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe uzten baditu, Gizarte Ekonomiako zuzendariak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: erakunde onuradunak ordaintzeko falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala behar izanez gero, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrera dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra daukala, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoarekin bat etorriz bidezko beste zenbait ekintza bazter utzi gabe. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izanen da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak erakunde onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren edota epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariaren ebazpenaz amaiera emango zaio itzultze-prozedurari.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetean ebatzi behar da.

Ebazpenean arauren bat bete gabe utzi dela joz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epean dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra deklaratuko da. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

c) Borondatezko aldian ez itzultzea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraiki ekin diezaion premiamendu-bidetik.

II. KAPITULUA
LAN SOZIETATEEN ETA LAN ELKARTUKO KOOPERATIBEN ELKARTEENTZAKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak garrantziaren araberako laguntzak emango ditu; hau da, 50.000 euro emango ditu erakunde onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen eta enpresa kopuruaren arabera, baremo honekin bat etorriz:

a) Eskala honen arabera erakunde onuradun bakoitzak ordezkatzen duen bazkide langileen kopurua:

1) Lehenengo bazkide langiletik hasi eta 5.000. bazkide langilera, sei (6) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

2) 5.001. bazkide langiletik 10.001. bazkide langilera, bost (5) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

3) 10.001. bazkide langiletik aurrera, lau (4) euro emango dira bazkide langile bakoitzeko.

b) Eskala honen arabera erakunde onuradun bakoitzak ordezkatzen dituen enpresen kopurua:

1) Ordezkatutako lehenengo enpresatik 250. enpresara, laurogei (80) euro emango dira enpresa bakoitzeko.

2) Ordezkatutako 251. enpresatik aurrera hirurogeita hamar euro (70) emango dira enpresa bakoitzeko.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, erakunde onuradun eskatzaileek, ordezkatzen duten bazkide langileen kopurua eta enpresa bazkidetuen kopurua egiaztatu beharko dute.

3.– Entitate eskatzaile onuradun bakoitzak, gehienez, 150.000 euro jaso ahal izango ditu, eta zenbatekoak ezin izango du inola ere gainditu Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusten diren gastuen % 50.

III. KAPITULUA
LAN ELKARTUKOAK EZ DIREN KOOPERATIBA ELKARTEENTZAKO ETA ELKARTE KONFEDERALENTZAKO LAGUNTZAK

17. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 50 finantzatuko du, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez. Baina horretarako, baliabide propioak izateko behar objektiboa dagoela egiaztatu beharko da eta inola ere ezingo da berrogeita hamar mila (50.000) euro baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.

IV. KAPITULUA
EKONOMIA SOLIDARIOKO ELKARTEENTZAKO, ENPLEGU-ZENTRO BEREZIEN ELKARTEENTZAKO ETA AUTONOMOEN SEKTOREARTEKO ERAKUNDEENTZAKO LAGUNTZAK.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak onartutako plangintzan aurreikusitako gastuaren % 75 finantzatuko du, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez. Baina horretarako, baliabide propioak izateko behar objektiboa dagoela egiaztatu beharko da eta inola ere ezingo da hirurogeita hamabost mila (75.000) euro baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erregimen osagarria.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; bi hilabeteko epean izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46.1. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

Hirugarrena.– Ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 26a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala