Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2012ko urriaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
4347

AGINDUA, 2012ko irailaren 26koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzak arautzen dituena.

Diru-laguntzen gaur egungo ildoari eustea lehentasunezko helburutzat dauka Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak Deialdia egin den 15 urte baino gehiagoko aldi honetan erakutsi duen eraginkortasunak bere helburu nagusia betetzen dela bermatzen du: kalitatezko enpleguaren sorrera eta mantentzea babestu eta bultzatzea, hor bazkidea langilea ez ezik parte hartzen duen sozietate demokratikoaren jabea ere bada eta.

Sailaren aurrekontuetan izan diren berealdiko murrizketak direla-eta, joandako urteetan baino askoz ere baliabide ekonomiko txikiagoak ditu laguntza-ildo horrek. Hala ere, deialdiari eustea komenigarritzat jo da, sailak gaur egun dituen ahalmen eta posibilitateen neurrian.

Aurreko ekitaldiei dagokienez, eta baliabide ekonomikoen eskuragarritasun horretan oinarrituta, nekazaritza eta elikagaigintzako kooperatiben taldean sartzen ziren ustiapenen titularren kolektiboari ez zaio laguntzari emango, uste baita gainerako kolektiboek (langabeenak, desgaituenak eta besteren kontrako langileenak) gehiago behar dutela laguntza publikoa, gizarte-ekonomiako enpresetan lanean ari direnen kopurua areagotu ahal izateko.

Laguntzen prozesu osoa bide telematikoak erabiliz izapidetzeko aukera ematen da, Administrazioaren jokabide osoa informazioaren teknologia berrien bilakaera orokorraren ondorioz sortutako baliabide berrietara egokitzeko egin den egokitzapenarekin bat etorriz, baliabide horiek azkartasuna ekarriko baitiote laguntza publikoak emateko prozesuari.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAzten DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bidez, 2012ko ekitaldirako eman ahal izango dituen diru-laguntzak arautzea da. Laguntza horiek honako helburuak izango dituzte:

a) Langabetuak enpresaratzea kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa.

b) Besteen konturako lan-kontratua duten eta bazkideak ez diren jarduneko langileak enpresaratzea kooperatiba-sozietateko edo lan-sozietateko forma juridikoa duten enpresetara, bazkide langile edo lan-bazkide gisa.

c) Desgaituak bazkide langile edo lan-bazkide gisa enpresaratzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun mila euro (100.000) erabiliko dira. Nolanahi ere, kopuru hori aldatu ahal izango da, aurrekontuetan indarrean dauden legeen arabera aldaketak eginez gero. Aldaketa horiek egin egiten badira, horren berri emango da, Laneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek diru-laguntza jasoko dute. Agindu honetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako diru-laguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-atala gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hainbanaketa bakarra aplikatuz kalkulatutako diru-laguntzei.

3. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Nahi dutenek bide presentziala nahiz elektronikoa erabili ahal izango dute prozedura horretako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

2.– Euskadi.net-eko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira izapideak - modu presentzialean edo elektronikoan- egiteko jarraibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako gorabehera eta ereduak.

– Bazkide egitea: https://www.euskadi.net/Y22-izapide/es/contenidos/ayuda_subvencion/id_2012/es_ayuda/ficha_procedimiento.html

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik, eta nahi den bidea erabil daiteke batzuetan zein besteetan.

Eskaria egin ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/misgestiones.

4. artikulua.– Onuradunak eta horiek bete beharreko baldintzak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:

– Eskubide osoarekin bazkide langile nahiz lan-bazkide finko moduan 2011ko uztailaren 1etik eta 2012ko abuztuaren 31ra bitartean sartzea, bi egun horiek ere barne direla.

– Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada, eta oraindik tramiteak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

– Dagokion zehapenak ezartzen duen aldian, zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean dauden pertsonak ezin izango dira aurkeztu Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara.

– Gainera, alta emanda egon beharko dute Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta egon ezean, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero.

– Bide presentziala erabiliz: http://www.euskadi.net helbidean ezarritako ereduari jarraikiz.

– Bide elektronikoa erabiliz: http://www.euskadi.net helbidean ezarritako ereduari jarraikiz.

2.– Berariazko eskakizunak:

a) Langabetuen kasuan:

– Langabe gisa erregistratuta egotea dagokio enpleguko zerbitzu publikoan, gutxienez hiru hilabeteko antzinatasunarekin. Antzinatasunak etenik gabekoa beharko du izan, eta bazkide gisa sartu aurrekoa, bi egoeren arteko etenik gabe. Baldintza hori Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legean arautzen den probaldiaren hasiera-datan bete beharko da, halakorik badago.

– Lan-sozietate edo kooperatiba batean sartzea, betiere dagokion erakundea eratu denetik edo gizarte-ekonomiako erakunde bihurtu denetik eskatzailea sartu arte 5 urte baino gehiago igaro ez badira eta bazkidea erakundera sartzen denean erakunde horretako 100 bazkide langile edo lan-bazkide finko baino gehiago ez badira. Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen lantokiren batean enpresaratu beharko dira langabetu horiek.

b) Besteren kontura lan egiten duten langileak bazkide gisa sartzen diren kasuan:

– Onuradunak izango dira besteren konturako langileak, betiere bazkide langile edo lan-bazkide gisa gizarte-ekonomiako erakundean sartu aurreko lan-kontratu hurrena sei hilabetetik gorako antzinatasuneko kontratua bada enpresan bertan. Ez da diru-laguntzarik emango lan-kontratu mugagabea goi-zuzendarien lan-harreman berezia arautzen duen 1382/1985 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuaren barnean hartuta baldin badago.

– Legezko subrogazio baten haritik eta gizarte-ekonomiako erakundea esleipendun suertatzen den zerbitzu-kontrata edo administrazio-emakida baten ondorioz, langileak bazkide langile edo lan-bazkide gisa gizarte-ekonomiako erakunde batean sartzen diren kasuan, ezinbesteko baldintza izango da sartutako bazkideak jatorrizko erakundean kontratu mugagabea izan duten besteren konturako langileak izatea.

c) Desgaituak bazkide gisa sartzen diren kasuan:

– Desgaituak izanda, enplegu-zentro berezietatik badatoz eta gizarte-ekonomiako erakunde batean era iraunkorrean sartzen badira, betiere kontuan hartuta gizarte-ekonomiako erakunde hori beren zerbitzuak ematen zituzten enpleguko zentro berezia izan daitekeela. Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen lantokiren batean enpresaratu beharko dira langabetu horiek.

– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, desgaituak izango dira gutxienez % 33ko baliaezintasuna onartuta duten gutxitu fisiko, psikiko edo/eta sentsorialak.

5. artikulua.– Pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Eskarietan jasoko da laguntza eskatzen duen pertsonak berariaz onar dezakeela organo kudeatzaileak gainerako datuak edo agiriak lortu edo egiaztatzea, bide presentziala nahiz bide elektronikoa erabiltzen duenean, eta Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

2.– Azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, eskabidean txertatuko den erantzukizunezko adierazpen baten bidez:

– Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak egiztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio- edo zigor-arloko zehapen baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

– Halaber, pertsona nahiz erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskarian eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

3.– Erregistratuta egon ezean, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero:

– Bide presentziala erabiliz: inprimakia, http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html helbidean ezarritako ereduari jarraikiz egina.

– Bide elektronikoa erabiliz: http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/r01hRedirectCont/contenidos/informacion/regtelter_infor/es_rtt/infor_rtt.html

6. artikulua.– Eskariak eta inprimakiak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Eskariak bide presentziala erabiliz aurkeztu ahal izango dira Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak duen lurralde-ordezkaritzan edo eskatzailea bazkide gisa sartzen den sozietatearen egoitza edo lantokia dagoen lurralde historikoan, edo, hala badagokio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako organoren batean. Eskari-eredua euskadi.net egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, agindu honen 3. artikuluan aipatutako helbidean.

Orobat, eskariak bide elektronikoen bidez aurkeztu ahalko dira https://www.euskadi.net egoitza elektronikoan.

3.– Pertsona eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak hautatutako hizkuntza erabiliko da, hala xedatuta baitago Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan.

7. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Oro har, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak honako diru-laguntza hauek emango ditu:

a) 1.a) artikuluan aurreikusitako kasuengatik: 2.500 euro.

b) 1.b) artikuluan aurreikusitako kasuengatik: 1.500 euro.

c) 1.c) artikuluan aurreikusitako kasuengatik: 2.000 euro.

2.– Kopuru horrek hirurehun (300) eurora arteko igoera izango du aurreko ataletan aipatutako kontzeptu bakoitzarengatik, eta metatu ahal izango da:

a) Emakumea izatea.

b) Ezindua izatea, hau da, gutxitu fisiko, psikiko edo/eta sentsoriala izatea eta, gutxienez, % 45eko ezintasuna onartuta edukitzea.

c) Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena gogoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate kooperatibo edo lan-sozietateetan bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.

d) Guraso bakarreko aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten seme edo alaba bat edo batzuk haren mende izatea.

e) Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonak, eta egoera horretan daudela kontuan hartuko da haiek eta haien seme-alabek indarkeria fisiko edo psikikoaren biktima izan badira, ezkontideak edo antzeko afektibitate-harremana dela medio modu egonkorrean harekin lotuta egon den edo lotuta dagoen pertsonak eragindakoa bada, betiere gertakari horiek genero-indarkeriaren biktimak babesteko aginduarekin egiaztatu badira, edo Ministerio Fiskalaren txostenaren bidez, non jasota dagoen zantzuen arabera salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela genero-indarkeriako gertakariek eragindako babesteko agindua edo kondena-epaia ematen den bitartean.

f) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan araututako laneratze-enpresa batean bukatu dutenak. Dekretu horren arabera laneratze-enpresen kalifikazioa arautzen da, horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen da eta laneratze-enpresen erregistroa sortzen da, sozietate kooperatibo edo lan-sozietaterako sartze hori prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteen barruan gertatzen bada.

g) Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak, irailaren 24ko 214/2002 Dekretuko III. kapituluko II. tituluak horien laneratzea sustatzeko ezarritakoaren arabera —dekretu horrek arautzen du terrorismoaren biktimei laguntzeko programa—, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasuna badu.

h) Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak), hau da, agindu honetan aurreikusten diren laguntzen ondorioetarako, lan-talde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.

3.– Ematen den diru-laguntza ezin izango da, inola ere, handiagoa izan onuradunak, dagokion kooperatiba-sozietatean edo lan-sozietatean bazkide gisa sartzerakoan egindako kapital-ekarpena baino, gehi sarrera-kuota edo jaulkipen-prima.

4.– Edonola ere, kapital-ekarpen hori benetako diru-ekarpena izan behar da eskatzailearen aldetik, eta ez da kontuan hartuko lagapen, dohaintza edo doaneko bestelako formularen bidez egindako ekarpena edo ekarpen zatia.

8. artikulua.– Bateragarritasuna, beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin.

1.– Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzak bateragarri dira, xede eta helburu berarentzako, beste edozein herri-administrazio edo entitate publikok emandakoekin. Edonola ere, diru-laguntzen zenbatekoa ez da agindu honetako 7. artikuluko 3. atalean aurreikusitako gehienezko zenbatekoa baino handiagoa izango.

2.– Agindu honen bidez lortutako laguntzak beste administrazio edo erakunde publiko batek xede eta helburu berarekin emandakoekin batera jasotzen baditu onuradunak, eta laguntza horiek guztiak batuta Agindu honetako 7.3 artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa, gainditzen bada, gaindikin hori bateraezina dela adieraziko da, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko laguntza gutxitu egingo da.

3.– Agindu honek ematen dituen laguntzak eta ordainketa bakarreko langabeziako prestazioa (langabeziaren kapitalizazioa) batera jasotzen direnean, eta bien artean metatutako zenbatekoa agindu honetako 7.3 artikuluan aurreikusitako gehienekoa baino handiagoa denean, gaindikin hori bateraezina dela adieraziko da, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko laguntza gutxitu egingo da.

9. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1977 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharretan aplikagarri gertatzen direnak betetzeaz gain, diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete behar dituzte:

1.– Bazkide denetik hiru urte igarotakoan, diru-laguntzaren onuradunak sartu zen Erakundeko bazkide izaten jarraitzen duela justifikatu beharko du, salbu eta onuradunaren borondatearen aurkako arrazoiak egiaztatzen badira, edo justifikatzen bada hark sozietatearen kapitalerako ekarpena (diruz lagundutako zenbatekoa gutxienez) egiten jarraitzen duela. Horretarako, izaera hori lortu eta ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan enpresan segitzen duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

2.– Aldi berean, onuradunak hasiera batean egindako ekarpenari eusten diola egiaztatu beharko du, eta aurreko idatzi-zatian ezarrita dagoen epearen barruan hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du. Egin beharreko ekarriaren zenbatekoa onuradunak berak nahita gutxituz gero, diru-laguntza ematearen aldeko ebazpena aldatu egingo da.

3.– Diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute konpromisozko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

10. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskariak Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren lurralde-ordezkaritzetan eskura daitezke, eta eskari-orri normalizatuan egin behar dira. Era berean, Interneteko www.gizartelan.ejgv.euskadi.net helbidetik ere deskarga daitezke eskariak. Eskariekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Kasu guztietan:

– Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, behin-betiko eskubide osoko bazkide-izaera zein datatan hartzen duen zehaztuz.

– Sozietatearen ziurtagiria, bazkide berria sartzerakoan erakunde hori osatzen duten langile bazkideen edo lan-bazkideen kopurua egiaztatzen duena.

– Enpresaratzen den sozietateak emandako ziurtagiria, eskatzaileak harpidetutako kapitalari buruzkoa enpresa bazkide gisa sartu den unean. Ziurtagiri horrek sarrera-kuotari eta hasierako ekarpenari buruzko diru-kopuruak banakatu beharko ditu, hala badagokio.

a) Langabetuen kasuan:

– Langabezian inskribatuta egondako aldiei buruzko ziurtagiria, Enplegu-Zerbitzu Publikoak emandakoa.

– Dagokion enplegu-zerbitzu publikoaren ziurtagiria, ordainketa bakarreko langabeziarako diru-laguntzatzat aitortutako zenbatekoa egiaztatzen duen, hala badagokio.

c) Besteren kontura lan egiten duten langileak bazkide gisa sartzen diren kasuan:

– Lan Bizitzaren Txostena, lan-kontratua hasi den egunetik aurrerakoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, kontratu horrek sei hilabetetik gorako antzinatasuna duela islatzen duena.

– Legezko subrogazio baten ondorioz sartzearen kasuan, zerbitzu-kontrata edo administrazio-emakida, zeinean legezko subrogazioa egiaztatzen den.

d) Desgaituak bazkide gisa sartzen diren kasuan.

– Minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion Foru Aldundiak emango duena, minusbaliotasun-maila adieraziz.

e) Beharrezkoa den kasuetan:

– Hala dagokionean, espetxe-egoera egiaztatzen duen agiria: Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena / Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa / Espetxeak emandako ziurtagiria.

– Bizikidetza-ziurtagiria, familia-liburuaren kopia eta ordaindutako jarduerarik ez duen seme edo alaba bat edo zenbait seme edo alaba bere kargura dituela adierazten duen erantzukizun-aitorpena, ordaindutako jarduerarik ez duten ondorengo bat edo batzuk haien kargura dituztenak enpresaratzen badira.

– Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, haien aurreko lanpostuari dagozkion lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.

– Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonen kasuan, genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren kopia, ministerio fiskalaren txostena, non jasota dagoen zantzuen arabera salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela, edo genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia.

– Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu dutenen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.

– Toxikomano ohien kasuan, kontratatutako pertsona errehabilitazio-programara sartzea onartzen duen Enplegu eta Prestakuntza zuzendariaren jakinarazpenaren kopia.

11. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskabideen termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezan edo beharrezko dokumentuak gainera ditzan, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskabidea, eta administrazioak eskabide horri buruzko esanbidezko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak.

2.– Diru-laguntzak Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak eman edo ukatuko ditu, berariazko erabaki baten bitartez.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpen-egunaren biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean laguntza zein pertsonak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena esanbidez eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

13. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak ordainketa bakar batean emango dira, diru-laguntza ematen den unean.

14. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntza ematerakoan zeuden baldintzetakoren bat aldatzen bada —betiere laguntzaren xedea betetzat joz gero—, edo laguntza horrekin batera, administrazio honek edo beste batek edo beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntza edo laguntzak ere jaso badira. Baina, betiere, beharrezkoa izango da Agindu honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzea. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte jasotako gehiegizko zenbatekoak.

15. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna, edo ebazpenean, hitzarmenean nahiz aplika daitekeen gainerako araudian ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak ebazpen bat emango du; horren bitartez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izanen da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa.

2.– Ez-betetze partzialaren kasuan, beti ere bazkideak 18 hilabetez iraun badu, jasotako diru-laguntza itzuli beharko da, 3 urtera iristeko falta den denboraren proportzioan. Ez-betetzea 17 hilabete edo gutxiago irauteagatik bada, diru-laguntza osoa itzuli beharko da.

16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeetan, diru-laguntzak itzultzeko prozedura hauek beteko dira:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren edota epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariaren ebazpenaz amaiera emango zaio itzultze-prozedurari.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, sei hilabetean ebatzi behar da.

Ebazpenean arauren bat bete gabe utzi dela joz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epean dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra deklaratuko da. Epe hori izango da borondatezko aldiaren epea.

c) Borondatezko aldian ez itzultzea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraiki ekin diezaion premiamendu-bidetik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erregimen osagarria.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka badago berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; bi hilabeteko epean izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

Hirugarrena.– Ondorioak izatea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 26a

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala