Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2012ko azaroaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
4941

225/2012 DEKRETUA, urriaren 23koa, Laneko Arriskuak Prebenitzeko Ordezkarien Erregistroari buruzkoa.

Espainiako Konstituzioaren 40.2 artikuluak ondokoa ezartzen du, politika ekonomikoaren eta sozialaren printzipio gidari gisa: botere publikoak laneko higienea eta segurtasuna zaintzeaz arduratuko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren 12. artikuluak erkidego horri ematen dio lan arloko Estatutuaren legeria exekutatzea; eta 10.2 artikuluak honako eskumen esklusiboa ematen dio: EAEko autogobernu erakundeen antolakuntza, araubide eta funtzionamenduaren arloetakoa.

31/1995 Legeko 7.1 artikuluak lan arloan eskumenak dituzten herri-administrazioen jarduerak ordenatzen ditu, hain justu ere, laneko arriskuak prebenitzeari dagokionez; hartarako, besteak beste, prebentzioa sustatzeko funtzioak eta araudia betetzeko kontrola burutuaz.

Laneko Arriskuak Prebenitzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeko V. kapituluak honako hauek arautzen ditu: laneko higieneari eta segurtasunari eragiten dieten arazoei dagokienez, langileek, parte hartzeko eta kontsulta egiteko dituzten eskubideak. Indarreango ordezkaritza kolektiboaren sisteman oinarriturik, laneko arriskuak prebenitzeko ordezkariei, zehazki, ordezkaritza-organoen arloko langileen artean aukeratutakoei Legeak funtzio espezifikoak esleitzen dizkie, hain justu ere, laneko arriskuak prebenitzearen arlori dagokionez.

Bestalde, Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak beharrezkotzat jotzen du: Laneko Arriskuak Prebenitzeko Ordezkarien –EAEan aukeratutakoen– erregistro administratibo bat sortzea.

Arauketa berri horren xedea hauxe da: Euskal Autonomia Erkidegoan, azaroaren 8ko 31/1995 Legeko aurreikuspenak bete daitezen sustatzea, hain justu ere, laneko arriskuak prebenitzearen arloan, langileen parte-hartze eta ordezkaritza organoei dagokienez.

Hortaz, exekuzio-eskumenak integratzen dituen auto-eraketarako ahalmena baliatzearren, komenigarritzat jotzen da honako tresna hau sortzea: aipatu funtzioak garatzeko eta hartutako eskumenak egoki betetzeko dena. Laneko Arriskuak Prebenitzeko Ordezkarien Erregistro Administratiboa da aipatu tresna, zeinetan haiei buruzko informazioa jasoko den, tratamendu sistematikoa egiteko; betiere, EAEn, Laneko Arriskuak Prebenitzeari buruzko Legeko aurreikuspenak noraino betetzen diren jakiteko, batez ere, laneko arriskuak prebenitzeko ordezkarien prestakuntzari dagokionez. Tresna horretan, bestalde, arautu egiten dira, bai inskribatzeko prozedura, eta bai inskribatzen diren datuen tratamendua eta publikotasuna ere.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Lan Zuzendaritzari atxikiko zaio Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak ezartzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 12.1.a) artikuluan, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 22ko 42/2011 Dekretuaren 17.m) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Horren ondorioz, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, dagozkion txostenak eman ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko urriaren 23an eginiko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Arriskuak Prebenitzeko Ordezkarien Erregistroa sortzea eta arautzea da dekretu honen helburua.

2. artikulua.– Erregistroaren izaera, atxikipena eta antolaketa.

1.– Laneko Arriskuak Prebenitzeko Ordezkarien Erregistroa administratiboa eta publikoa da, Euskal Autonomia Erkidego osorako erregistro bakar gisa eratzen da; eta hiru lurralde-bulegoren bitartez kudeatuko da, hain justu ere, Enplegu eta Gizarte Gaietako lurralde-ordezkaritzetan kokaturikoen bitartez.

2.– Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Lan Zuzendaritzari organikoki atxikiko zaio Erregistroa; eta zuzendaritza horren ardura izango da haren kudeaketa, eta horretaz gain, erregistroaren kudeaketari eta inskripzio-prozedurari buruzko jarraibide komunak onartzeaz eta informazio- eta koordinazio-funtzioez arduratuko da.

3. artikulua.– Erregistroaren xedea eta funtzioak.

1.– Laneko arriskuak prebenitzeko ordezkarien izendapenak ordenatu, kreditatu eta haiei publikotasuna ematea dira Erregistroaren helburua, betiere Laneko Arriskuak Prebenitzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legarekin bat etorriaz. Halaber, ordezkarion prestakuntzaz ere ardura berea du. Ildo horretan, ondokoen datuak inskribatzeko helburua du Erregistroak:

a) Laneko Arriskuak Prebenitzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeko 35. artikuluko 2. paragrafoko zehaztapenekin bat etorriaz, herri-administrazioetan zein enpresa pribatuetan hautatutako ordezkariak, prebentzioaren arlokoak direnak.

b) Beharrezkoa bada, prebentzioko ordezkariak ordezten dituzten organo espezifikoetako kideak, baldin eta Langileen Estutuaren Legearen testu beteginaren –martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaz onartutakoaren– 83.3 artikuluan aipatu akordioen bitartez edo negoziazio kolektiboaren bitartez sortuak badira.

c) Kasuan bada, 35. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoarekin bat, herri-administrazioen eremuan sortutako organo espezifikoetako kideak.

d) Laneko Arriskuak Prebenitzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeko laugarren xedapen gehigarrian jasotako kasu berezietan izendatzen diren prebentzioko ordezkariak.

2.– Hona hemen Erregistroaren eginkizunak:

a) Laneko arriskuak prebenitzeko ordezkariei buruzko datuak inskribatzea, eta, orobat, artikulu honetako 1. paragrafoan aipatu organo espezifikoetako kideei buruzkok.

b) Aldaketarik badute, erregistroko datuak ere aldatzea, eta, beharrezkoa bada, ezeztatzea.

c) Hartarako interes legezkoa kreditatzen dutenek eskatuz gero, inskribatutako datuak egiaztatzeko agiriak ematea.

d) Erregistroan jasotako datuei buruzko informazioa Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde Ikuskaritzari ematea, eta, halaber, interes legezkoa kreditatzen duten pertsona fisiko edo juridikoei.

4. artikulua.– Erregistroaren edukia.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Arriskuak Prebenitzeko Ordezkarien Erregistroan, dekretu honen eranskinean ezarritako datuak jasoko dira.

2.– Dekretu honetan arautu prozedurak arindu eta erraztez gain, herritarrekiko hurbiltasuna ziurtatzen duten baliabide eta prozedura informatikoen bitartez, tratatu eta artxibatuko dira Erregistroan jasotako datuak; betiere, ondokoei dagozkien printzipioak errespetatuaz: izapideen erraztasuna eta arintasuna, doakotasuna, sarbide librea, konfidentzialtasuna, segurtasuna eta benetakotasuna, komunikazioko xedea eta egintzak identifikatzeko.

5. artikulua.– Eskumenak esleitzea.

1.– Erregistroko lurralde-bulegoetan, datuak inskribatu, aldatu eta ezeztatzeko prozedurak ebaztea Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko lurralde ordezkaritzari dagokio, zehazki, lantokia kokatuta dagoen lekukoari.

2.– Aurreko paragrafoan aipatu prozeduretan lurralde ordezkariek hartutako ebazpenak ez dute agortzen administrazio-bidea, eta Laneko zuzendariaren aurrean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.

6. artikulua.– Laneko arriskuak prebenitzeko ordezkariak eta horiek ordezten dituzten organo espezifikoetako kideak inskribatzeko eskabidea.

1.– Behin izendatuta gero, laneko arriskuak prebenitzeko ordezkariek eta horiek ordezten dituzten organo espezifikoetako kideek pertsonalki eskatu ahal izango dute Erregistroan inskribatzea; hartarako, izendapena egiaztatzeko agiria aurkeztu beharko dute.

2.– Halaber, izendatua izan den prebentzioko ordezkariak –aldez aurretik– berariaz eta idatziz emandako baimena (eskabideari erantsi beharrekoa) izanik, honako pertsona fisikoek edo juridikoek eskatu ahal izango dute Erregistroan inskribatuak izatea:

a) Lantokiko edo enpresako langileen legezko ordezkariak.

b) Prebentzioko ordezkariek errepresentatzen dituzten sindikatuak.

c) Prebentzioko ordezkariak parte direneko enpresen ordezkariak.

d) Sindikatuak.

3.– Eranskin gisa jasotako ereduarekin bat egin beharko da inskribatzeko eskabidea, zeinari aipatu dokumentazioa gehitu beharko zaion. Aipatu eskabidea eta dokumentazioa Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren lurralde ordezkaritzan aurkeztu beharko dira, zehazki, lantokia kokatua dagoenekoan.

7. artikulua.– Prebentzioko ordezkariak eta horiek ordezten dituzten organo espezifikoak inskribatzeko prozedurari doazkion instrukzioa egitea eta ebazpena ematea.

1.– Hasiera emateko eskabideak ez baditu betetzen ezarritako baldintzak edo ez baditu beharrezko agiriak, interesdun pertsonari eskatuko zaio ezen, hamar egun balioduneko epean, akatsa zuzen dezala edo beharrezko dokumentuak aurkez ditzala; eta, halaber, jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertu dela (aldez aurretik arrazoitutako ebazpena delarik).

2.– Lurralde-ordezkariak eman eta jakinaraziko du inskribatzeko prozeduraren ebazpena, hilabeteko epearen barruan, lurralde ordezkaritzak eskabide jaso duen egunetik hara zenbatuta. Epe hori igaro bada eta ez bada ebazpen adierazirik jakinarazi, eskaera onartu egin dela ulertuko da.

3.– 6.2 artikuluarekin bat, inskripzioak eragiten dioen pertsonak barik legitimatutako beste pertsona batek sustatzen badu inskripzioa, inskripzioaren gaineko ebazpena biei jakinaraziko zaie.

8. artikulua.– Laneko arriskuak prebenitzeko ordezkariei eta horiek ordezten dituzten organo espezifikoetako kideei buruzko datu inskribatuetan diren aldaketak inskribatzeko prozedura..

1.– Beherago zehaztutako kausak direla-eta, lantokian edo enpresan laneko arriskuak prebenitzeko ordezkari-kargua dutenetan edo horiek ordezten dituzten organo espezifikoetan aldaketarik jazotzen bada, 6. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan aipatu pertsona fisikoek edo juridikoek aldaketok komunikatu beharko dituzte, izendapen berriak egiten diren egunetik hara hilabeteko epearen barruan, betiere inskripzio berriak egiteko eta, kasua bada, ezeztapenak egiteko. Direlako kausak: ordezteak, errebokatzeak, dimisioak, agintaldiak amaitzea, edo beste edozein kausa, legez edo arauz aurreikusia. Eragiten dion prebentzioko ordezkariak ez badu egiten komunikazioa hori, idatziz eta berariaz emandako baimena izan beharko da.

2.– Eranskinean jasotako ereduaren eta 6. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan zehaztu dokumentazioaren bitartez egin beharko da komunikazioa, Erregistroaren aurrean.

3.– Behin prozedura izapìdetuta, lurralde ordezkaritzak eman eta jakinaraziko du ebazpena, hilabeteko epearen barruan, Erregistroaren lurralde bulegoak komunikazioa jaso duen egunetik hara zenbatuta. Epe hori igaro bada eta ez bada ebazpen adierazirik jakinarazi, eskaera onartu egin dela ulertuko da.

4.– Erregistroan inskribatutako datuei eragiten dien edozein aldaketa komunikatu egin beharko zaie datu haiek aipatu pertsona edo organoei, hain justu ere aldaketa jazotzen den egunetik harako hamabost egun balioduneko epearen barruan.

9. artikulua.– Inskripzioak ofizioz indargabetzea.

1.– Lurralde ordezkaritzetan, Erregistroaren lurralde-bulegoek, administrazio-prozedura izapidetuta, Erregistroko idatzoharra ofizioz ezeztatu ahal izango dute, baldin eta inskripzioa egiteko oinarrizko baldintzak betetzen ez badira.

2.– Inskripzioa egin zuen lurralde-bulegoak hasiko du ofizioz ezeztatzeko prozedura, hain justu ere 8. artikuluko 1. paragrafoan aipatu aldaketak inskribatzearen ondorioz, edo inskripzioa ezeztatzea dakarren edozein zirkunstantziaren berri jakitearen ondorioz.

3.– Ezeztapen-prozedura hartzeko erabakia jakinarazi beharko zaie lantokian edo enpresan laneko arriskuak prebenitzeko ordezkari gisa inskribatutakoei; eta jakinarazpen horretan honako hau jaso beharko da: Erregistroan jasota izanik, aurreko paragrafoan aurreikusi egon daitezkeen datuen zerrenda.

4.– Ezeztapen-prozedurak barne hartuko du entzunaldiaren izapidea, lantokiari edo enpresari eta horietako langileen ordezkaritza-organoei dagokiena.

5.– Ezeztapen-prozeduraren gaineko ebazpen arrazoitua emango du lurralde-ordezkariak, sei hilabeteko epearen barruan, hasiera emateko erabakiaren egunetik hara zenbatuta; eta horretaz gaian, eraginpeko pertsonari edo organoari eta enpresari edo lantokiari jakinaraziko die ebazpen hori. Epe hori igaro bada eta ez bada ebazpen adierazirik jakinarazi, prozedura iraungi egingo da.

10. artikulua.– Erregistroaren publikotasuna.

1.– Erregistroan jasotako datuen kontsulta egitea eta ziurtagiriak ematea honako hauentzako bakarrik izango da: interes legezkoa egiaztatzen duten pertsona fisikoak eta juridikoak, betiere bat etorriaz, bai Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko 30/1992 Legearen 37. artikuluan aurreikusi zehaztapenekin, eta bai Datu Pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin ere.

2.– Aldian behin, Erregistroan egindako idazpenen zerrenda Lan eta Gizarte Segurantzako Lurralde Ikuskaritzari helarazi beharko zaio.

11. artikulua.– Prozedurak elektronikoki izapidetzea.

Dekretu hau garatzeko arautegian, bertan erregulatutako prozeduren izapidetze elektronikorako era eta baldintzak arautuko dira, betiere komunikazioen intimitatea eta konfidentzialtasuna errespetatuaz, hain justu ere datuak babesteko arautegian ezarritako zehaztapenekin bat etorriaz eta bai informazioaren gizarteko zerbitzuei buruzkoan ezarritakoarekin ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko ahalmena ematen zaio Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabetera jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 23an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala