Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2012ko azaroaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5056

213/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa.

Hots-kutsadura beste modu batean ulertzen da Europar Batasunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua, giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzkoa, onartu zuenetik; horrela, giro-zaratak garrantzia berezia hartu du. Hona hemen giro-zarataren egungo definizioa: giza jarduerek (garraiobideek eta ibilgailu-, tren- zein hegazkin-trafikoak sortutako zarata barne) eta industria-jardueretarako eremuek sortutako kanpoko hotsen multzoa, nahi ez dena edota osasunari kalte egiten diona.

Hots-kutsadura ulertzeko modu berri hori barne-antolamendu juridikoan barneratu da honako lege hauen bidez: 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, Zaratari buruzkoa; 1513/2005 Errege dekretua, abenduaren 16koa, Zaratari buruzko 37/2003 Legea garatzen duena, giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokienez, eta 1367/2007 Errege dekretua, urriaren 19koa, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena, zonakatze akustikoari, kalitate akustikoko helburuei eta zarata-igorpenei dagokienez.

Dekretu honen asmoa da estatuko araudian xedatutakoa Euskal Autonomia Erkidegoan gara­tzea eta, besteak beste, zarataren kalitatea arautzea Autonomia Estatutuko 11.1.a) artikuluaren arabera EAEren eskumenekoak diren azpiegiturei dagokienez. Hain zuzen ere, hots-kutsaduraren alorrean Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenen esparru juridikoa sortu nahi da. Horretarako, estatuko legeak eta arau autonomikoak osatzeko aukera ematen duten prozedurak zehaztu eta alderdiak garatuko dira. Osatu nahi da, esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen II. tituluko Airearen Babesa, Zaratak eta Dardarak izeneko IV. kapitulua eta, batez ere, kapitulu horretako 32 artikulua. Azken artikulu horretan, zehazki, honako ekintza hauek garatzeko beharra jaso da:

a) Inguruko airearen kalitate-helburuak definitzea eta ezartzea, zarata eta dardarengatik giza osasunarentzat, jendearen lasaitasunarentzat eta, oro har, ingurumenarentzat kaltegarriak diren eraginak saihestu, prebenitu edo murrizteko.

b) Zarata- edo dardara-maila maximo onargarriak finkatzea garraiobide, industria, jarduera, instalazio, makina, aparatu eta elementuetarako eta, oro har, eragozpen-bide izan edo pertsonentzat, ondasunentzat edo ingurumenarentzat edozer eratako arrisku-bide gerta daitezkeen zaratak edo dardarak eragiten dituen edozein egoeratarako.

c) Hirigintzako planetan zarata edo dardarak dauden zonetan mugak edo zehaztapenak finkatzea.

d) Zarata eta dardarekiko sentikor diren jardueretarako erabiltzen diren eraikinek bete beharreko isolamendu-baldintzak eta beste baldintza akustikoak definitzea.

e) Zarata eta dardaren mailak ebaluatzea.

Era berean, 35 eta 37 artikuluetan jasotako betebeharra osatu da. Aipatu bi artikulu horietan xedatutakoaren arabera, airea kutsatzen duen (zarata eta dardarazko poluzioa barne) edozer iturbururen titularrek maila onargarriak mantentzeko behar diren neurriak hartzeko obligazioa dute. Horretarako, alabaina, ez da beharrezkoa izango banakako errekerimendu edo loturako ekintzarik gauzatzea. Aipatu artikuluetan xedatutakoari atzera helduz, zarata edo dardara sortu edo jaso dezakeen obra edo jardueraren edozein proiektuk eragin horien azterketa eduki beharko du, eta geroko erabilpenean aplika daitezkeen hots-kutsaduraren mailak errespetatzeko behar diren zuzenketa-neurriak eduki behar dituzte obra guztiek. Hori dela eta, edozein jarduera ezartzen den lokaletan hots-kutsaduraren eragina murrizteko neurriak zorrotz ezarri behar dituzte udal-ordenantzek.

Hala eta guztiz ere, estatuko legediarekin bat etorri beharko dute azpiegiturentzat eta udalerrientzat egingo diren zarata-mapa estrategikoek.

Hots-kutsadura arautzea zeregin konplexua eta dinamikoa da, goiko paragrafoetan aipatutako estatuko arauetan ez ezik, beste arlo batzuetan ere zeresana duena. Hala bada, dekretu hau eraikuntzaren alorreko hots-kutsadurari buruz xedatutakoarekin osatzen eta koordinatzen dela aintzat hartu behar da, zehazki, Eraikuntzaren Kode Teknikoan ezarritakoarekin. Kode hori Eraikuntzaren Kode Teknikoaren «DB-HR Zarataren aurreko babesa» oinarrizko dokumentua onartzen duen urriaren 19ko 1371/2007 Errege dekretuan aurreikusi zen, eta Eraikuntzaren Kode Teknikoa onartzen duen martxoaren 17ko 314/2006 Errege dekretuan onartu zen.

Dokumentu honen eskemak estatuko legediak proposatutako erreferentziazko egitura biltzen du. Lehenik, kutsadura mota horren kudeaketa errazten duten alderdi batzuk garatzen eta nabarmentzen ditu; bigarrenik, aurre-hartzea lehenesten du, eta, azkenik, etorkizuneko garapen eta zarata-fokuetarako zein hots-kutsadurarik ez duten eremuak begiratzeko eskakizunak egituratzen ditu.

Horrela, kalitate akustikoko helburuak mailaz maila betez joan daitezkeen arren, ekintza-planak indarrean jarri beharko dira, betiere, horiek egin dituen pertsonak edo erakundeak zehaztu gisa eta hark emandako lehentasunen arabera.

Atariko tituluan ezarri dira dekretu honen helburua eta aplikazio-eremua, hots, erkidegoaren edo aldundien eskumeneko zarata-fokuak (estatuaren eskumeneko azpiegiturak eta lan-jarduera kanpoan utzita, besteak beste). Era berean, dauden azpiegiturentzat erregulazio bat xedatu da eta azpiegitura berrientzat beste bat (azken horiek 2. artikuluan definituta daude).

Atariko Tituluaren bukaeran eskumen-banaketari buruzko xedapenak jaso eta hiritarrek zarataren arloan informazioa eskuratzeko duten eskubidea arautu da, berariaz.

Garrantzi berezia du dekretu honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Zarata Ebaluatzeko Batzorde Teknikoa sortzeak. Batzorde Tekniko horren asmoa da administrazioen arteko koordinazio-foroa izatea, dekretu hau aplikatzeko orduan eragingarritasun-irizpideak ezarri ahal izateko eta, aldi berean, dekretuak xedatutako arauak aplikatzetik sor daitezkeen ezadostasunak konpontzeko.

I. tituluan, ebaluazio akustikoari buruzkoan, zarata-mapak egitera behartuta dauden subjektuak zehaztu dira, dekretu honen aplikazio-eremuari dagokionez, betiere. Udalerriei, zehazki, hainbat betebehar ezarri zaizkie, daukaten biztanleriaren eta biztanleria horri lotutako zerbitzuen arabera.

Era berean, zarata-mapak eta ekintza-planak egiteko prozedura zehaztu da, bai eta horien gutxieneko edukia ere. Kalitate akustikoko helburuak bete ez direla hauteman delako babes akustiko bereziko eremutzat jotako tokietan, eremuko plan bat garatzeko beharra izango dela xedatu da, arrazoizko epe baten barruan helburu horiek betetzeko adina jarduera eta neurri diseinatuko dituena.

II. tituluko I. kapituluan, berriz, zonakatze akustikoari lotutako aginduak jaso dira; zehazki, g) motako eremuak definitu dira, bai eta mota bakoitzari dagozkion zarataren kalitateari lotutako helburuak zerrendatu ere. Gainera, zonakatzearen kudeaketa-tresna jakin batzuk mugatzeko irizpideak ezarri dira, adibidez, etorki naturaleko soinuen erreserbak, trantsizio-eremuak eta eremu lasaiak mugatzekoak. Lurraren egungo erabilera nagusien edota udalerriko hiri-plangintzan aurreikusitako erabileren arabera bereiziko dira zona akustikoak. II. kapituluan hainbat irizpide ezarri dira erkidego- edo foru-eskumeneko azpiegituretarako zortasun akustikoko eremuak mugatzeko, bai eta mugaketa horren ondorio juridikoak ere. Horrek esan nahi du, beren eremuetan kalitate akustikoko helburuak betetze aldera, zortasun-eremuaren pertsona edo erakunde titularrari jakinarazi beharko zaizkiola etorkizunean gauzatuko diren hirigintza-garapenak. Horrez gainera, lurraldearen sektore bat eremu mota jakin batekotzat jotzeko irizpideak xedatu dira III. eranskinean.

Kalitate akustikoko helburuak eta immisioaren muga-balioak ezarri dira III. tituluan, bai eta horiek egiaztatzeko prozedurak ere. Egiaztapen-prozedurak, beren aldetik, I. eta II. eranskinetan erregulatu dira.

Azkenik, dekretuak sei xedapen gehigarri ditu, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat, eta hiru azken xedapen.

Ondorioz, manuzko txostenak eginda, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartu ondoren, eta Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko urriaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
ATARIKO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Dekretu honen xedea da, batetik, hots-kutsadurari aurre hartzeko, hura murrizteko eta zaintzeko arauak ezartzea, hots-kutsadurak pertsonen osasunean, ondasunetan eta ingurumenean eragin ditzakeen kalteak saihesteko eta urritzeko eta, bestetik, mekanismoak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumeneko kalitate akustikoa hobetzeko. Dekretu honetan arautzen dira orobat eraikin berriak akustikoki babesteko eskakizunak.

2.– Dekretu honen xedapenen mende egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden zarata-foku publiko nahiz pribatu hauek:

a) erkidego- edo foru-eskumeneko errepide-, trenbide- eta portu-azpiegiturak;

b) lizentzia, baimena, aurretiazko jakinarazpena edo erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera eta lanak;

c) hiri-kaleak;

d) bide publikoko lanak.

3.– Dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo daude honako zarata-foku hauek:

a) Jarduera militarrak, arloko lege bereziei men egin beharko baitiete.

b) Lan-jarduera, lantokian sortutako hots-kutsadurari dagokionez, lanaren arloko legedian ezarritakoari men egingo baitzaio.

c) Estatuaren eskumeneko errepide-, trenbide-, portu- eta aireportu-azpiegiturak, berariazko beste arau batzuek aurkakoa xedatzen ez badute.

d) Etxeko jarduera eta lanak eta auzoetako jarduerak.

2. artikulua.– Azpiegitura eta jarduera berriak.

1.– Dekretu honen ondorioetarako, azpiegitura berritzat joko da dekretu hau indarrean jartzean proiektua onartu gabe duen errepide- edo trenbide-azpiegitura edo azpiegituraren zatia, betiere, honako baldintzetako bat betetzen bada:

– trazatu berri bat egitea,

– ingurumen-eraginari buruzko adierazpena behar duen trazatu independente bat egitearen bidez zerbitzuan den azpiegitura bat funtzionalki aldatzea.

– eraikita dagoen bide-azpiegitura edo trenbide batean haien zarata-maila 3 dezibeliotan handitzea dakarren jardueraren bat egitea, baldin eta dekretu hau indarrean jartzen denean jarduera horren eraikuntza-proiektua onartu gabe badago.

2.– Erkidegoaren eskumeneko portu-azpiegiturei dagokienez, berritzat joko dira dekretu hau indarrean jarri ondoren hasten diren guztiak. Orobat azpiegitura berritzat joko da dagoen azpiegituraren gaitasuna bikoiztu edo hortik gora areagotzea dakarren aldaketa egitea.

3.– Dagoen azpiegiturak dira artikulu honen lehen eta bigarren ataletako baldintzen arabera berritzat jo ezin diren azpiegiturak edo azpiegitura-zatiak.

4.– Dekretu honen ondorioetarako, honako baldintza hauetakoren bat betetzen duten jarduerak berritzat joko dira:

a) Dekretu hau indarrean jarri ondoren aginduzko lizentzia, baimena, aurretiazko jakinarazpena edo erantzukizunpeko adierazpena eskatzen dutenak.

b) bizitegi-erabilerako hiri-lurzoruan egindakoak, lokal edo egoitzaren bat zaharberritu edo aldatzeko xedea dutenean, baldin eta egoitzaren paramentu bat edo gehiagori eragiten badie, eta horrek inguruko egoitzetan zarata edo bibrazioak sortzeko gaitasuna areagotu badezake.

5.– Ez dira jarduera berritzat joko dekretu hau indarrean jartzean abian direnak, nahiz eta zarata-foku berriak eratzen dituzten aldaketak gauzatu. 51. artikulua xedatutakoa betez, jarduerei aplika dakizkiekeen mugak bete beharko dituzte bizitegi-lurzoruan gauzatutako jarduerak izan ezik gainerako beste zarata-foku berri guztiek.

3. artikulua.– Definizioak.

a) Udalaz gaindiko aglomerazioak: 100.000 biztanletik gora dituen lurralde-eremua, bi udalerri edo gehiagorena, administrazio eskudunak mugatua (abenduaren 16ko 1513/2005 Errege dekretuak, azaroaren 17ko Zaratari buruzko 37/2003 Legea giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokionez garatzen duenak, bere VII. eranskinean ezarritako oinarrizko irizpideak aplikatuz), eta administrazio horrek berak urbanizatutako eremutzat jotzen duena.

b) Eremu akustikoa: eskumeneko administrazioak mugatutako lurralde-esparrua, azalera osoan kalitate akustikoko helburu bera daukana.

c) Hots-kutsaduraren eraginpeko eraikina: babes akustikoa behar duen eraikina, kanpoaldean zein barruan kalitate akustikoko helburuak bete behar dituelako.

d) Etorkizuneko garapena: hirigintzako edozein jarduera, baldin eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak, ekainaren 30ekoak, bere 207. artikuluko b) idatz-zatian aurreikusitako lizentzia beharko duen lan edo eraikuntzaren bat egitea aurreikusten bada.

e) Igorpen-indizea: zarata-foku batek sortutako hots-kutsadurari dagokion indize akustikoa.

f) Immisio-indizea: toki batean eta ebaluazio-aldi jakin batean dagoen hots-kutsadurari dagokion indize akustikoa.

g) Isofona: hots-maila bera duen azalera bat irudikatzen duen lerroa.

h) Zarata-mapa: aldez aurretik existitzen den edota zarata-indize bat oinarri harturik iragarritako zarata-egoera bati buruzko datuen aurkezpena da zarata-mapa. Bertan, besteak beste, honako hauek zehaztuko dira: indarreko mugarik gainditu den; eremu zehatz batean zarata jasaten duten pertsonen kopurua; edota eremu jakin batean zarata-adierazle baten maila jakin batzuk jasan ditzaketen etxebizitzen kopurua.

i) Neurri osagarriak: aurreikusitako neurriei gaineratzen zaizkienak, lehenengoek kanpoko inguruneetan kalitate akustikoko helburuak betetzea lortzen ez dutenean, helburu horiek bete daitezen.

j) Eraikuntza berria: dekretu hau indarrean jartzen den unean udalaren aginduzko lan-baimena ez duen eraikuntza.

k) Ekintza-plana: administrazio batek bere eskumenen esparruan hots-kutsadura orokorki kudeatzeko hartzen duen estrategia eta ekintza zuzentzaile, aurre-hartzaile eta zaintzaileen multzoa. Ekintza-plan hori lurralde baten ebaluazio orokorrera atxikita egon daiteke edo, bestela, eremu bateko zarata-iturri jakin batek dakarren eragin orokorrari aurre egin diezaioke.

l) Lehentasunezko ekintza-plana: lehentasunezko ekintza-eremu batean igorpen akustikoen foku batek edo gehiagok sortutako hots-kutsadura murrizte aldera gauzatu beharreko jarduera-multzoa; jarduera horiek eremu horren pertsona edo erakunde titularrak zehaztuko ditu, eremuko area akustikoetan aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak bete daitezen.

m) Akustika zaintzeko plana: xede nagusia eremu baten kalitate akustikoa zaintzea denean hartu beharreko jardueren multzoa.

n) Jarraipen-plana: Ekintza Planetan edota Zonako Planetan ezarritako helburuen betetze-maila ebaluatzeko asmoz administrazio eskumendunak zehaztutako jardueren multzoa.

o) Zonako plan akustikoa: lurraldeko administrazio publiko batek babes akustiko bereziko eremu batean gauzatu beharreko jardueren multzoa, hots-kutsadura murriztu eta eremu horretan aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak bete daitezen.

p) Etorki naturaleko soinuen erreserba: g) motako eremuen multzoan sailkatutako espazioak; espazio horietako soinuak hots-kutsaduraren aurrean zaindu beharrekoak dira, bai beren kultura- edo natura-balio berdingabea dela medio, bai beste zarata-iturri batzuen aurrean duten garbitasuna edo gardentasuna dela bide.

q) Hots erasotzailea: etxebizitza baten fatxadan islatutako hotsa kontuan hartzen ez denean hotsa ebaluatzeko orduan.

r) Dardara iraunkorra: denboran barrena modu bertsuan gertatzen den edota egoera berean mantentzen den dardara.

s) Dardara iragankorra: aldi baterako dardara, denboran barrena errepika daitekeen edo errepikatuko ez den gertakari jakin bati atxikia.

t) Lehentasunezko ekintza-eremua (LEE): zarata-foku batek edo gehiagok sortutako hots-mailaren ondorioz kalitate akustikoko helburu aplikagarriak betetzen ez diren eremu akustikoak. Azken horien pertsona edo erakunde titularrak dagokion lehentasunezko ekintza-plana zehaztu beharko du.

u) Babes akustiko bereziaren eremua (BABE): kalitate akustikoko helburu aplikagarriak betetzen ez diren area akustikoak. Administrazioak halakotzat jo beharko ditu eta dagokien eremuko plan akustikoa zehaztu beharko zaie.

v) Azpiegitura autonomikoaren zortasun akustikoaren eremua: erkidego- edo foru-eskumeneko garraiobide-azpiegitura bati lotutako lurralde-zerrenda, azpiegitura horren inpaktu akustikoaren gehienezko maila irudikatzen duena eta azpiegituraren funtzionamendua lurzoruaren erabilerekin bateratzen laguntzeko balio duena.

w) Egoera akustiko bereziko eremua (EABE): eskumeneko administrazioak babes akustiko bereziko gisa sailkatutako esparru bati dagozkion eremu akustikoak; esparru horietan dagokien eremuko planean ezarritakoaren araberako neurri zuzentzaileek ezin izan dute eragotzi kalitate akustikoko helburuak ez betetzea eta, horrenbestez, epe luzerako neurri osagarriak zehaztu behar dira, barneko espazioei lotutako kalitate akustikoko helburuak betetzea lortzeko.

x) Trantsizio akustikoko eremua: bi eremu akustiko mugakide elkartzen diren lurren zonakatzea kudeatzeko zedarriztatu den lur-zerrenda, baldin eta eremu horietako kalitate akustikoko helburuen artean 5 dBA (A dezibelio) baino gehiagoko aldea badago. Trantsizio-eremuek 100 metroko esparrua hartzen dute, bi eremu akustikoek bat egiten duten mugaren alde banatara. Egoera akustikoaren kudeaketak hala eskatzen badu, administrazio eskumendunak trantsizio akustikoko eremuaren mugarriztapen geografikoa zabal dezake.

y) Hiriko eremu lasaia: a) edo e) motako eremu akustikoko esparrua, bere kalitate akustikoko helburuak betetzen dituena eta bere ezaugarri edo erabilerarengatik hots-kutsaduraren aurreko babes gehiago behar duena.

4. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidego osorako organoen eskumenak.

Eskumen hauek dagozkie Euskal Autonomia Erkidego osorako organoei:

a) Lurraldeko antolamendu-tresnetan sartzea hirigintza-planeamenduan zehaztutako eremu akustikoen mugak.

b) Lurralde historiko bat baino gehiago hartzen dituzten udalaz gaindiko aglomerazioak zedarriztatzea.

c) g motako area akustikoak eta etorki naturaleko soinuen erreserbak mugarriztatzea, bai eta horietako baldintza akustikoak gordetzeko edo hobetzeko neurriak prestatzea eta ezartzea ere, foru-organoekin batera.

d) Kalitate akustikoko helburuak zehaztea, estatuko legedian eta dekretu honetan ezarritako irizpideen arabera, g motako nahiz etorki naturaleko soinuen erreserbei dagokienez, bereziki.

e) Interes publikoko lanak direla-eta, area akustiko batean aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak behin-behinean etetea, edo Autonomia Erkidegoaren eskumeneko bestelako ekintza sozialak, politikoak, edo kultura-, kirol-, erlijio- edo antzeko ekintzak direla medio.

f) Beheko zarata-mapa hauek egitea, onartzea, berrikustea eta jendaurrean jartzea:

1.– Autonomia Erkidegoaren eskumeneko garraio- eta portu-azpiegiturei dagozkienak.

2.– g motako area akustikotzat edota etorki naturaleko soinu-erreserbatzat jotako Euskal Autonomia Erkidegoaren zenbait lurralde-eremu.

g) Zortasun akustikoko eremuak mugarriztatzea eskumeneko garraio- eta portu-azpiegituretarako; bai eta lan horri dagokion kudeaketa ere.

h) Hots-kutsaduraren alorreko ekintza-planak prestatu, onartu, berrikusi eta gauzatzea artikulu honetako f) idatz-zatian aipatzen den zarata-mapa bakoitzeko, eta horri guztiari buruzko informazioa nahiz parte-hartzeko aukera ematea herritarrei.

i) Eremu akustikoak lehentasunezko ekintza-eremutzat jotzea, bai eta dagozkien berariazko neurri zuzentzaileak prestatu, onartu eta gauzatzea ere beren eskumeneko zarata-fokuetarako lehentasunezko ekintza-planari dagokion esparruan.

j) Area akustikoak babes akustiko bereziko eremutzat edo egoera akustiko bereziko eremutzat jotzea, bai eta dagozkien berariazko neurri zuzentzaileak prestatu, onartu eta gauzatzea ere, eremu haiei lotutako eremuko planaren edo hobekuntzako planaren esparruan, baldin eta g) motako eremu akustikoak edo etorki naturaleko soinuen erreserbak badira, eta horien gaineko kudeaketa-ahalmena badute.

k) Ingurumeneko baimen bateratuaren araubidearen mendeko jarduerak gainbegiratu, ikuskatu eta zehatzea.

l) Beren ekintza-esparruaren barruan hots-kutsaduraren arloko araudia betetzen dela kontrolatzea, beharrezko neurri zuzentzaileak har daitezen eskatzea, beharrezko neurriak betetzen ez direnean dagozkion mugak adieraztea eta egindako arau-hausteetatik eratorritako zehapen administratiboak xedatzea.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko beharrezko informazioa ematea herritarrei.

n) Erakundeen arteko koordinazioa erraztea, informazioa zein esperientziak trukatzeko foro egokiak sortuz.

5. artikulua.– Foru-aldundien eskumenak.

Eskumen hauek dagozkie foru-aldundiei:

a) Bere eskumeneko lurralde-antolamendu tresnetan sartzea hirigintza-planeamenduan zehaztutako eremu akustikoen mugak.

b) Lurralde historiko bakarrean dauden udalaz gaindiko aglomerazioak zedarriztatzea.

c) Babestutako eremu naturalen gain eragina duten g) motako areen nahiz etorki naturaleko beren soinu-erreserben mugak proposatzea eta baldintza akustikoak zaintzeko nahiz hobetzeko neurriak ezar daitezela proposatzea, betiere, Eusko Jaurlaritzarekin koordinazioan.

d) Interes publikoko lanak direla-eta, kalitate akustikoko helburuak behin-behinean etetea, edo aldundiaren eskumeneko bestelako ekintza sozial, politiko, edo kultura-, kirol-, erlijio- edo antzeko ekintzak direla medio.

e) Beren eskumeneko garraio-azpiegituren zarata-mapa egitea, onartzea eta berrikustea, bai eta beren lurraldearen barruko udalaz gaindiko aglomerazioenak ere.

f) Zortasun akustikoko eremuak mugarriztatzea beren eskumeneko garraio-azpiegiturentzat, bai eta lan horretatik eratorritako kudeaketa ere.

g) Hots-kutsaduraren alorreko ekintza-planak prestatu, onartu, berrikusi eta gauzatzea artikulu honetako e) idatz-zatian aipatutako zarata-mapa bakoitzeko, eta herritarrei horri guztiari dagokion informazioa eta parte-hartzeko aukera jakinaraztea.

h) Lehentasunezko ekintza-eremutzat jotzea eremu akustikoak, bai eta dagozkien berariazko neurri zuzentzaileak prestatzea, onartzea eta gauzatzea ere beren eskumeneko zarata-fokuetarako lehentasunezko ekintza-planari dagokion esparruan.

i) Tokiko administrazioei laguntzea beren eskumenak gauzatzeko orduan, bereziki baimena behar duten jarduerak ikuskatu eta kontrolatzetik eratorritako eskumenei dagokienez.

6. artikulua.– Udalen eskumenak.

Eskumen hauek udalerriei dagozkie:

a) Udalaren lurralde-eremuaren barruko area akustikoa edota area akustikoak zedarriztatzea eta onartzea, betiere, udalaren planeamenduan aurreikusitako egungo erabilerak oinarri harturik.

b) Udalaren eskumeneko area akustikoetan aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak behin-behinean etetea interes publikoko lanak direla medio, edo udalaren eskumeneko bestelako ekintza sozialak, politikoak, edo kultura-, kirol-, erlijio- edo antzeko ekintzak direla medio.

c) Hots-kutsadurari buruzko udal-ordenantzak prestatzea eta onartzea, bai eta daudenak araudi berrira moldatzea ere.

d) Udalerriko hiri-eremu lasaiak izendatzea eta dagozkien akustika zaintzeko planak zehaztea.

e) Beren lurralde-esparruari dagozkion zarata-mapak egin, onartu, berrikusi eta jendaurrean jartzea.

f) Hots-kutsaduraren alorreko ekintza-planak prestatu, onartu, berrikusi eta gauzatzea artikulu honetako e) idatz-zatian aipatutako zarata-mapa bakoitzeko, eta horri guztiari dagokion informazioa eta parte-hartzeko aukera ematea herritarrei.

g) Eremu akustikoak lehentasunezko ekintza-eremutzat jotzea eta lehentasunezko ekintza-planak zehaztea beren eskumeneko zarata-fokuentzat.

h) Eremu akustikoak babes akustiko bereziko eremutzat edota egoera akustiko bereziko eremutzat jotzea, bai eta dagozkien berariazko neurri zuzentzaileak prestatu, onartu eta gauzatzea ere, eremu horiei lotutako eremuko planaren esparruan, 4.i) eta 5.h) idatz-zatietan aurreikusitako egoeretan izan ezik.

i) Eraikin eta etxebizitzetan kalitate akustikoa betetzen dela egiaztatzea, eraikin horiek erabiltzeko lizentzia edo baimena eman aurretik aplikagarria den araudi autonomikoaren arabera.

j) Koordinazioa bultzatzea udalaren esparruko zarata-fokuen pertsona edo erakunde titularrek abian dituzten eremuko plan akustiko guztien artean.

k) Beren ekintza-esparruaren barruan hots-kutsaduraren arloko araudia betetzen dela kontrolatzea, beharrezko neurri zuzentzaileak har daitezen eskatzea, beharrezko neurriak betetzen ez direnean dagozkion mugak adieraztea eta, azkenik, egindako arau-hausteetatik eratorritako zehapen administratiboak jartzea.

l) Udalaren jarduera-lizentzia, baimena, aldez aurretiko jakinarazpena edota hura erabiltzeko baimena ematen duen erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerek dekretu honetan zehaztutako aginduak betetzen dituztela egiaztatzea; horretarako, foru-aldundien lankidetza eskatu ahalko dute beren eskumenak egikaritzean.

7. artikulua.– Administrazio-koordinazioa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Zarata Ebaluatzeko Batzorde Teknikoa sortzen da, ingurumen-arloan eskumena duen departamentuari atxikiko zaiona. Batzorde horren xedea izango da plangintza eta kudeaketa akustikoak prestatzeko eskumenak dituzten administrazioen artean sor daitezkeen desadostasunak konpontzea.

2.– Batzordea osatzen duten kideak hauexek dira:

a) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko bi kide.

b) Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko kide bat.

c) Arabako Foru Aldundiko kide bat.

d) Bizkaiko Foru Aldundiko kide bat.

e) Gipuzkoako Foru Aldundiko kide bat.

f) EUDELen ordezkari bat edo, bestela ere, euskal udalerrien ordezkari egoki bat.

g) Erasandako udalerriaren edota udalerrien ordezkari bat.

Estatuaren, erkidegoaren edo aldundiaren jabetzako azpiegiturekin lotutako gaiak jorratzen direnetan, azpiegitura horretako ordezkari batek ere parte hartu ahal izango du.

3.– Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek zein udalek ahaleginak egingo dituzte dute dekretu honetako xedapenak koordinazioz aplikatu ez ezik, horiek betetzetik eratorritako neurriak ahalik eta modu eraginkorrenean diseina eta gauza daitezen ere.

4.– Barne-funtzionamenduko arauak onartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Zarata Ebaluatzeko Batzorde Teknikoak. Barne-funtzionamenduko arauak onartu bitartean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 22.etik 29.era bitarteko artikuluetan xedatutakoa izango du jarraibide Batzordeak.

8. artikulua.– Herritarren informaziorako eskubidea.

1.– Administrazio publikoek une oro bermatuko dituzte hots-kutsadurari buruzko informazioa eskuratzeko eta parte hartzeko herritarren eskubideak, aplikazio-araudian aurreikusitako moduan.

2.– Dekretu honen araberako plangintza eta kudeaketa akustikoa ahal bezain beste barreiatuko eta jakinaraziko da, herritar guztiek jaso eta uler dezaten.

9. artikulua.– Herritarren lankidetza-eskubidea eta -betebeharra.

Instalazio, jarduera eta lokalen titular, jabe edo arduradun guztiek izan beharko dute dekretu honen esparruan egindako ikuskapen edo neurketen emaitzaren berri; titularrak haien lekuko izan ahalko dira, eta, indarrean dagoen legediaren arabera, instalazioetara zein zarata edo horri lotutako bibrazioak sortzen dituzten fokuetara sartzen lagundu beharko diete teknikariei.

I. TITULUA
EBALUAZIO AKUSTIKOA: ZARATA-MAPAK ETA EKINTZA-PLANAK
I. KAPITULUA
ZARATA-MAPAK

10. artikulua.– Zarata-mapak egitera behartuta dauden subjektuak.

1.– 10.000 biztanletik gorako udal guztiek egin beharko dituzte zarata-mapak. Zarata-mapa horri esker gauzatu ahalko da, ondoren, udal-lurrei eragiten dieten eta tokiko administrazioak garrantzizkotzat jotako fokuek dekretu honen aplikazio-eremuan sortzen duten zarata-mailaren ebaluazio orokorra. Beste alderdi batzuen artean, dauden eta etorkizunean eraikiko diren hiriguneen gaineko inpaktua aztertu beharko dute zarata-mapek.

2.– Garraio-azpiegituren pertsona edo erakunde titularrek zarata-mapa egin beharko dute inguruko lurraldeari eragiten dieten zarata-mailen ebaluazio orokorra egiteko, baldin eta beheko baldintza hauek betetzen badira:

a) 6.000 ibilgailu baino gehiagoko eguneko batez besteko intentsitatea (EBBI) duten errepide-azpiegiturak badira.

b) Trenbide-azpiegiturak, salgai-garraiodunak direnean.

3.– Beren eskumenpeko lurralde-esparruaren barruko trantsizio akustikoko eremuetako zarata-mapak egin beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiek.

4.– Kalitate akustikoko helburuak betetzen ez direla egiaztatzen bada, administrazio eskumen­dunek eremu akustiko horietako zarata-mapak egin beharko dituzte.

11. artikulua.– Zarata-mapen irismena.

1.– Zarata-mapek dekretu honen II. eranskinean bildutako metodologia-irizpideak bete beharko dituzte, gutxienez. Hala ere, metodologia osagarriak aplikatu ahalko dira zarata-maparekin lortu nahi den irismenaren eta helburuen arabera.

Aurrekoari eragin gabe, ingurune bateko soinu-iturri guztiak aintzat hartu ahalko dira zarata-mapak egiteko edo, bestela, bereziki aztertu beharrekoak. Zarata-mapak informazio osagarria jaso dezake, halaber, hots-kutsadurak herritarrengan eragiten duen kalteari buruz, herritarrei egindako kontsulta edo galdeketetan oinarrituta. Sexuaren arabera bereiziko dira datuak aipatu ebaluazio hori egitean. Horrela, emakumezkoen eta gizonezkoen gain hots-kutsadurak eragin desberdina duen jakingo dugu.

2.– Nolanahi ere, dekretu honen II. eranskinean zehaztutako kalkulu-metodoak baliatuz egin beharko dira 10.1, 10.2 eta 10.4 artikuluetan araututako zarata-mapak, kalkulu-erreferentziatzat lurzorutik 4 metroko altuera hartuta.

3.– Zarata-mapa egin aurretik akustikari buruzko ekintza-planik badago, plan horren eraginkor­tasuna aztertuko du zarata-mapak. Hots-kutsadurari dagozkion neurri zuzentzaile, aurre-hartzaile edo zaintzaileak diseinatzeko xedea duten zarata-mapak lurzorutik 2 metroko altueran egindako neurketetan oinarrituko dira, dekretu honen 46, 47 eta 54 artikuluetan xedatutakoan oinarrituta.

4.– Hots-kutsadurari dagozkion neurri zuzentzaile, aurre-hartzaile edo zaintzaileak diseinatzeko xedea duten zarata-mapak lurzorutik 2 metroko altueran egindako neurketetan oinarrituko dira, dekretu honen 46, 47 eta 54 artikuluetan xedatutakoan oinarrituta.

12. artikulua.– Zarata-mapak onartzeko prozedura.

1.– Hala, 10. artikuluko 2. paragrafoan aipatzen diren zarata-fokuen pertsona edo erakunde titularrek zarata-mapak egiten badituzte, azken horiek aztergai hartutako lurraldeen udaletara igorri beharko dituzte, informazioa jendaurrean jartzeko izapideak egin baino lehen, ebaluazio akustikoaren emaitzak. Udalek 30 egun balioduneko epea izango dute egokitzat jotako irizpenak jasotzen dituen txosten bat prestatzeko.

2.– Zarata-mapak egiteko orduan, jarduerarekin lotutako beste administrazio batzuek eskuragarri duten informazioa aintzat hartu beharko du tokiko administrazioak eta, akustikaren alorreko ekintza-planak edo neurriak ezartzen badira, azken horien eraginkortasuna aztertu beharko du.

13. artikulua.– Zarata-mapen publizitatea.

1.– Hortaz, 10. artikuluan aipatutako zarata-mapak hilabetez atera beharko dira jendaurrera, gutxienez ere.

Hala, bada, horren berri eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dago­kion lurralde historikoko aldizkarian, pertsona fisiko edo juridiko orok dagoen dokumentazioa eta erabilitako prozedurak aztertzeko aukera izan dezan. Agiriak non erakutsiko diren eta alegazioak egiteko epea zein den zehaztu beharko da iragarkian.

2.– Administrazio eskumendunak bi hilabeteko epea izango du zarata-mapa onartzeko, alegazioak aintzat hartuta, azken horiek aurkezteko epemuga bukatzen den egunetik zenbatzen hasita.

3.– Zarata-mapa onartzen duen erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagokion lurralde historikoko aldizkarian edota dagozkion lurralde historikoetako aldizkarietan argitaratuko da.

4.– Azkenik, 10. artikuluko 1, 2 eta 3 paragrafoetan aipatutako zarata-mapak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzara edota dagokion ala dagozkion lurralde historikoetako Foru Aldundietara bidali behar dira beti, formatu digitalean, haiei atxikitako analisi-agiri eta dokumentazio grafikoarekin batera.

14. artikulua.– Zarata-mapen gaineko lankidetza eta desadostasunen konponketa.

1.– Beren lurraldearen zarata-mapa egiteko, udalerriek beharrezko lankidetza eta laguntza teknikoa eska diezaiokete dagokien foru-aldundiko ingurumen-organoari.

2.– Administrazio, pertsona edo erakunde kudeatzaile edo titular bakoitzak egindako zarata-mapen emaitzetan bat ez datorren alderdirik badago, eragile horiek onetsitako emaitzen gaineko adostasuna iristen saiatuko dira.

3.– Ez bada adostasunik lortzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Zarata Ebaluatzeko Batzorde Teknikoak erabakiko du, aldeetako batek edo bat baino gehiagok hala eskatu ondoren, zer emaitza jasoko diren onartu beharreko zarata-mapan.

15. artikulua.– Zarata-mapen berrikuspena.

1.– 10. artikuluan aipatutako zarata-mapa horiek egiteko eskumena duen administrazioak egokitzat jotako unean eta maiztasunez berrikusiko dira. Hala eta guztiz ere, ezingo da 5 urte baino gehiago igaro zarata-mapa onartzeko eta berrikusteko dataren artean.

2.– Mapa horiek berrikusteko prozedura 12. eta 13. artikuluetan zehaztutakoa izango da.

II. KAPITULUA
EKINTZA-PLANAK

16. artikulua.– Ekintza-planak egitera behartuta dauden subjektuak.

1.– Zarata-mapa onartu duten egunetik zenbatzen hasita, urtebeteko epea izango dute zarata-mapa egin behar duten subjektuek ekintza-planak onartzeko. Horrez gain, ekintza plana egiteko eskumena duen Administrazioak egoki deritzon egunean eta maiztasunez eguneratuko dira ekintza-planak. Hala eta guztiz ere, ezingo da 5 urte baino gehiago igaro ekintza-plana onartu denetik hura berrikusi arte.

2.– Batera ala bestera izan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzara edota dagokion ala dagozkion lurralde historikoetako Foru Aldundietara bidali behar dira ekintza-planak, formatu digitalean, baita analisi-agiriak, mapak eta haiekin lotura duten agiri grafikoak ere.

17. artikulua.– Ekintza-planen irismena.

Ekintza-planek alderdi hauek bildu beharko dituzte, gutxienez:

a) Erreferentziazko legedia.

b) Ekintza-plana egiteko oinarritzat hartutako zarata-maparen emaitzen laburpena.

c) Ekintza-planaren eraginpeko lurraldearekin lotutako beste plan eta programa batzuk.

d) Batetik, kalitate-helburuak gainditzeko eremuen zerrenda eta haiei dagozkien lehentasunak, baldin eta eremuok Babes Akustiko Bereziko Eremu edo Lehentasunezko Ekintza Eremu gisa aitortzea aurreikusita badago; eta, bestetik, dagokien eremuko plana edo lehentasunezko ekintza-plana egiteko oinarrizko irizpideak. Orobat zerrendatu beharko dira neurri zuzentzaile, aurre-hartzaile edo zaintzaileak behar dituzten beste eremu batzuk, bai eta haiei dagozkien lehentasunak ezarri ere.

e) Erreferentziazko hots-kalitatearen helburuetan zehaztutakoa baino hots-maila handiagoak jasaten dituzten pertsonen kopurua zenbat murriztuko den jotzea.

f) Epe luzerako estrategia, jarduera-ildoak lehenestea eta hurrengo 5 urteetarako jarduerak zehaztea.

g) Ezarri beharreko neurrien kostua eta horiek betearazteko plana zehaztea.

h) Plana abiarazteko ardura duten eragileen zerrenda, bai eta zonako planak prestatzeko ardura duten pertsona edo erakundeena ere.

i) Ekintza-planean ezarritako helburuen betetze-maila neurtuko duen jarraipen-plana.

j) Informazioa jendaurrera ateratzeko izapidean jasotako alegazio eta oharren zerrenda.

18. artikulua.– Ekintza-planak onartzeko prozedura.

1.– Ekintza-plan bat onartu aurretik, egoki deritzoten alderdiei buruz txosten bat egin dezatela eskatuko zaie zarata-fokuen pertsona edo erakunde titularrei nahiz gaiarekin lotura duten gainerako administrazioei. 30 egun balioduneko epea izango dute aipatu txostena egiteko, betiere, dekretu honetan jasotako eskumenen arabera. Ekintza-plana idatziko duen pertsonak edo erakundeak kontuan izan beharko du aipatu txosten hori.

2.– Ekintza-planak egiteko prozesuan, herritarrek parte-hartzeko prozedura bermatu beharko da, informazioa eskuratzeko, jendearen partaidetzarako eta justizia eskuratzeko eskubideak erregulatzen dituen ingurumen arloko araudiaren arabera. Prozedura horren bidez, oharrak egin eta gaiari buruzko beren iritzia emateko aukera izango dute.

3.– Azkenik, administrazio eskudunak bi hilabeteko epea izango du, gehienez ere, aurkeztutako alegazioak aintzat hartuta ekintza-plana onartzeko. Ekintza-plana onartzen duen erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bai dagozkion lurralde historikoetako aldizkarietan ere.

19. artikulua.– Ekintza-planen publizitatea.

1.– Ekintza-plana egin ondoren, hura hilabetez jarri beharko du jendaurrean administrazio eskumendunak.

2.– Hala, bada, horren berri eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagozkion lurralde historikoetako aldizkarietan, pertsona fisiko edo juridiko orok dagoen dokumentazioa eta erabilitako prozedurak aztertzeko aukera izan dezan. Agiriak non erakutsiko diren eta alegazioak egiteko epea zein den zehaztu beharko da iragarkian.

II. TITULUA
ZONAKATZE AKUSTIKOA ETA ZORTASUN AKUSTIKOA
I. KAPITULUA
ZONAKATZE AKUSTIKOA

20. artikulua.– Hots-eremuen tipologia.

Dekretu honen ondorioetarako, eremu akustikoak lurzoruaren erabilera nagusia kontuan hartuta sailkatuko dira, modu honetan:

a) bizitegi-erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-esparru edo -sektoreak,

b) industria-erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-esparru edo -sektoreak,

c) jolaserako eta ikuskizunetarako lurzoruak nagusi diren lurralde-esparru edo -sektoreak,

d) aurreko paragrafoan jasotakoa ez bestelako hirugarren sektoreko erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-esparru edo –sektoreak,

e) osasun-, hezkuntza- eta kultura-erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-esparru edo -sektoreak, hots-kutsaduraren aurkako babes berezia behar dutenak,

f) garraio-azpiegiturako sistema orokorrek edo haiek behar dituzten beste ekipamendu publiko batzuek eragindako lurralde-esparru edo -sektoreak,

g) gaia arautzen duten legeetan babespekotzat jotako eremu natural diren lurralde-esparru edo -sektoreak eta hots-kutsaduraren kontra modu berezian babestu behar diren eremu naturalak.

21. artikulua.– Zona akustikoak banatzeko irizpideak.

1.– Eremu akustikoak zedarriztatzeko eta sailkatzeko lurzoruaren egungo edo etorkizuneko erabilerak hartuko dira oinarritzat. Horrenbestez, udalerri bateko zonakatze akustikoak eremu urbanizatuei eta etorkizuneko hirigintza-garapenei bakarrik eragingo die, f) eta g) motako eremu akustikoak albo batera utzita.

2.– Dekretu honen III. eranskinean jasotako irizpide eta jarraibideak hartuko dira kontuan lurralde-esparru bat eremu akustikotzat jotzeko eta zedarriztatzeko.

3.– Lurralde-esparru bat ezin izango da aldi berean izan bi eremu akustiko mota ezberdinen parte.

4.– Eremu akustikoaren zabalera geografikoa zein den adierazi beharra dago. Horretarako, eremu akustikoaren muga geografikoak marraztu beharko dira zonaren 1/5.000 eskalako mapa batean edo, bestela ere, bertize guztien UTM (Universal Transverse Mercator) koordenatu geografikoak eman. Baliozko trukatze-formatu geokodifikatuan emango dira aipatu datu horiek guztiak.

22. artikulua.– Lurraldeko beste eremu batzuk.

1.– Zortasun akustikoko eremuak, eremu lasaiak, trantsizio-eremuak eta etorki naturaleko soinuen erreserbak ez dira eremu akustikoak beren horretan, zonakatzearen kudeaketa errazten duten tresnak baizik.

2.– Etorki naturaleko soinuen erreserbak, eremu lasaiak eta zortasun akustikoko eremuak zonakatze akustikoko tresnetan sartu behar dira.

23. artikulua.– Zonakatzea berrikustea eta aldatzea.

1.– Plangintza orokorrean aldaketak, berrikusketak edo moldaketak egiten direnean eta horren ondorioz erabilera aldatzen baldin bada, egoki diren aldaketak egin beharko dira eremu akustikoetan. Erabilera xehatuek plangintza orokorrean zehaztutako eremu akustikoak errespetatu beharko dituzte, oro har.

2.– Aldian aldiro berraztertu beharko dira eremu akustikoen mugak. Berraztertuko dira, adibidez, udalaren planeamendu orokorrean aldaketak egiten direnean edota hura berraztertzen denean. Gehienez ere, onartu diren egunetik hamar urte igaro baino lehen berraztertu beharko dira eremu akustikoen mugak.

24. artikulua.– Zonakatzearen bateragarritasuna.

1.– Kalitate akustikoko helburuak betetze aldera, eremu akustikoetan lurraldea zatitzean bateragarritasuna zaindu beharra dago, bai eremu akustiko horien artean, bai eta eremuon nahiz haien kudeaketa-tresnen artean ere (artikulu honen 22. artikuluan aipatzen direnak. Gainera, egoki izanez gero, aipatu bateragarritasuna lortzeko asmoz egoki diren neurriak hartuko dira.

2.– Eremu akustiko berean lurzoruaren bi erabilera edo gehiago badaude edo onar badaitezke, hura erabilera nagusiaren arabera sailkatuko da. Erabilera nagusia erabakitzeko, berriz, dekretu honen III. eranskinean finkatutako irizpideak aplikatuko dira.

25. artikulua.– Landa-guneen zonakatze akustikoa.

Landa-guneak, hau da, izaera ematen dion eremu publiko baten inguruan bildutako seitik hogeita bostera arteko baserri-multzoak, a) motakotzat joko dira akustikari dagokionez.

26. artikulua.– g) tipologiako eremu akustikoen sailkapena.

1.– Honako hauek joko dira g) motako eremutzat: Euskal Autonomia Erkidegoko natura-guneen zerrendan jasotako lurralde-eremu edo -sektoreetatik legeen arabera babestu behar diren elementu naturalak dituzten horiek; natura-guneak; eta zarataren kontrako babes bereziaren beharra duten eremuak, betiere, ingurumenaz arduratzen den Autonomia Erkidegoko erakundeak halakotzat jo baditu.

2.– Hala eta guztiz ere, udalek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari eska diezaiokete udalerriko geografia-eremuaren barruko lurzoru ez-urbanizagarri bat g) motako eremu akustikotzat jotzeko, eremu horrek zarataren aurreko babes berezia behar badu eta eskaera hori argudiatzen duten ebaluazio eta irizpen nahikoak badaude.

27. artikulua.– g) motako eremu akustikoak eta etorki naturaleko soinuen erreserbak izendatzeko prozedura.

1.– g) motako eremua edo etorki naturaleko soinuen erreserba Euskal Autonomia Erkidegoko natura babesteko araudian jasotako figura bati dagokionez, eremu horien izendapena eta izendapen horrekin lotutako zehaztapenak jaso beharko dira dagozkien baliabide naturalen antolamendu planetan eta erabileraren zein kudeaketaren plan zuzentzaileetan edo, bestela ere, natura-guneak kudeatzeko eta planeatzeko tresnetatik indarreko legeen arabera izapideturiko edozeinetan.

2.– Aurreko paragrafoan aipatu ez diren kasuei dagokienez, g) motako eremuen edo etorki naturaleko soinuen erreserben izendapenak eskakizun hauek izango ditu:

a) Izendapenerako proposatutako lurralde-esparrua.

b) Izendapen horretarako arrazoiak, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Etorki naturaleko soinuen erreserbei dagokienez, horiei dagozkien kalitate akustikoko helburuen proposamena, behar bezala arrazoituta.

d) Izendapenari lotutako akustika zaintzeko plana.

3.– Hilabetez jendaurrean izan beharko da aurreko paragrafoan aipatutako eskaera, gutxienez ere, eta behin betiko ebazpena eman aurretik hamabost eguneko entzunaldia emango zaie, gutxienez, eragindako administrazioei eta pertsona edo erakunde interesdunei. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da aipatu ebazpen hori, bai eta dagokion lurralde historikoaren aldizkarian ere.

II. KAPITULUA
AZPIEGITURA AUTONOMIKOEN ZORTASUN AKUSTIKOKO EREMUAK

28. artikulua.– Zortasun akustikoko eremuak zedarriztatzea.

1.– Autonomiaren eskumenpeko errepide-, trenbide- eta portu-azpiegituretarako zortasun akustikoko eremua izango da, hain zuzen ere, lurzorutik 4 metroko altueran neurtutako lerro isofonoak bildutako eremu kaltetuena (hau da, lurralde-azalerarik handiena hartzen duena), bizitegi erabilera nagusi den lurzoruetarako balioei dagozkien eremu guztiak aintzat hartuta (balio horiek dekretu honen I. eranskineko D taulan xehatuta daude).

2.– Zortasun akustikoko eremuen azalera kalkulatzeko, zarata-mapa bat egiteko erabiltzen diren irizpide metodologiko berberak baliatu behar dira, betiere, dekretu honen II. eranskinean zarataren igorpena eta barreiapenari aplikatzen zaizkion zenbaketa-metodoei dagokienez jasotako zehaztapenen arabera, eta zarataren eragin zuzenena jasotzen duten hartzaileen egoera aintzat hartuta. Oro har, lurretik 4 metroko altueran egindako neurketak hartuko dira erreferentziatzat kalkulua egiteko.

3.– Azpiegituraren gehienezko funtzionamenduaren bestekoa, hau da, inguruaren gain eragin akustikorik handiena duen funtzionamenduaren bestekoa izango da zortasun akustikoko eremuari dagokion funtzionamendu-kokagunea.

4.– Artikulu honen 1, 2 eta 3 paragrafoetan zehaztutakoaz bestelako prozedura bat baliatu ahalko da zortasun-eremu bat zedarriztatzeko, baldin eta zedarriztatzea onartu aurretik erabilitako metodologiaren berri ematen bazaie erasandako udalei. Gainera, artikulu honetako 1, 2, eta 3 paragrafoetan zehaztutako prozeduraren bitartez mugatutako zortasun akustikoko eremua barne hartu beharko du mugarriztapen horrek, gutxienez ere.

5.– Oro har, zortasun akustikoko eremuak esparru bakar bat hartuko du bere baitan, zarata-fokuaren alde banatan marraztutako bi lerrok mugatutakoa. Hala ere, zortasun akustikoko eremua mugatzean aintzat hartzeko moduko beste eremu batzuk aurkitzen badira, azken horiek ere sartu ahalko dira zortasun-eremuan, argudio tekniko egokiak direla medio.

29. artikulua.– Zortasun akustikoko eremuak onartzea.

1.– Behin betiko onartu aurretik, zortasun akustikoko eremuaren proposatutako mugarriztapenaren eta hori mugatzeko aplikatutako prozeduraren berri eman beharko die administrazio eskumendunak erasandako udalei/udalari eta, hala badagokio, foru-aldundiari , hilabeteko epean nahitaezko txosten bat presta dezaten.

2.– Azpiegituraren pertsona edo erakunde titularrak zortasun akustikoko eremua behin betiko onartutakoan, artean diren udalei bidali beharko zaie 20 eguneko epean, formatu digitalean, udalek beren plangintzatan sar dezaten.

3.– Zortasun akustikoko eremuaren zedarriztatzearen indarraldia mugagabea izango da. Nolanahi ere, azpiegituraren pertsona edo erakunde titularrak hura alda dezake, azpiegituraren zarata sortzeko gaitasuna handitu edo txikitu dela arrazoituz gero.

4.– Azpiegitura berri guztiek zehaztu beharko dute dagokien zortasun akustikoko eremua beren gauzatze-proiektuetan; era berean, proposatutako neurri zuzentzaileen eragin leungarria aintzat hartu beharko da proiektua zehazteko orduan.

30. artikulua.– Azpiegitura autonomikoen zortasun akustikoko eremuaren ondorioak.

1.– Azpiegitura baten zarata-mapan eremu urbanizatu batean kalitate akustikoko helburuak betetzen ez direla hautematen bada, azpiegituraren titularrak zehaztu beharko ditu helburuok betetzera bideratutako neurri zuzentzaileak, bai eta haien lehentasunak ere, I. tituluko II. kapituluan jasotako eran.

2.– Zortasun akustikoko eremu baten barruan etorkizuneko garapen bat sustatuko duten pertsonek edo erakundeek 37. artikuluan aipatutako eragin akustikoari buruzko ikerketa egin beharko dute. Horrelakoetan, administrazio sustatzaileari dagokio hiri-garapenaren eremuko prebentzio akustikoko neurriak zehaztea. Azpiegitura guztitik 20 urteren buruan trafiko-baldintzarik okerrenak izango dituen lekuan egingo dira ebaluazioak. Trafikoaren egungo baldintzak hartuko dira kontuan. Horretarako, informazioa eskatuko zaio azpiegituraren titular den pertsonari edo erakundeari.

3.– Zortasun akustikoko eremuan hiri-garapen bat egiten baldin bada, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutako ikerketa akustikoari buruzko agiriak bidali beharko dizkio toki administrazioak hiri-garapenaren titular den pertsonari edo erakundeari, betiere, dagokion hirigintza-tresna hasiera batez onartu aurretik. Aipatu agiri horiek jaso ondoren, dekretu honetan aurreikusitako hots-kutsaduraren erregulazioari buruzko nahitaezko txostena egingo du hiri-garapenaren titularrak.

4.– Hirigintza-plangintzako tresnetan sartuko dira zortasun akustikoko eremuak.

III. TITULUA
KALITATE AKUSTIKOKO HELBURUAK ETA GEHIENEZKO IMMISIO-BALIOAK
I. KAPITULUA
KALITATE AKUSTIKOKO HELBURUAK

31. artikulua.– Hiritartutako eremuetarako nahiz etorkizuneko garapenetarako kalitateko helburu-balioak.

1.– Dekretu honen I. eranskineko 1. atalean zehaztu dira (A taulan) aldez aurretik existitzen diren urbanizatutako eremuetan atari zabalean bete beharreko kalitateko helburu-balioak.

2.– Etorkizunean, dauden eremu urbanizatuek baino 5 dBA gutxiagoko helburu-balioak izango dituzte hirigintza-garapena izango dutela aurreikusten den eremu akustikoek, erabilera urbanistikoen kalifikazio berriak barne.

Etxebizitzetara edo bizitegi-, osasun-, hezkuntza- edo kultura-erabileretara bideratutako eraikuntzen barneko kalitateko helburu-balioak dekretu honen I. eranskineko 1. atalean xehatuta daude, B eta C tauletan.

32. artikulua.– G motako eremuetarako kalitateko helburu-balioak.

g) motako eremuetan aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak bat etorriko dira e) motako eremuetarako finkatutakoekin, hots, osasun-, hezkuntza- eta kultura-erabilerako lurzoruak nagusi diren eta hots-kutsaduraren aurkako babes berezia behar lurralde-esparru edo -sektoreetarako zehaztutakoekin.

33. artikulua.– Etorki naturaleko soinuen erreserbetarako kalitateko helburu-balioak.

Etorki naturaleko soinuen erreserbetan aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak finkatuko ditu, eremu horiek hots-kutsaduraren aurrean behar duten babesarekin bat etorrita.

34. artikulua.– Hiriko eremu lasaietarako kalitateko helburu-balioak.

Eremu lasaiek dekretu honen I. eranskineko 1. atalaren barnean, A taulan, aurreikusitako kalitateko helburu-balioak baino 5 dBA baxuagoak izango dituzte, gutxienez ere. Eremuko garapen iraunkorrarekin bateragarria den kalitate akustikorik onena zaindu beharko dute kalitateko helburuek.

35. artikulua.– Helburuak betetzen direla egiaztatzeko prozedura.

Egiaztapena dekretu honen II. eranskinean finkatutako ebaluazio-prozeduren arabera ez ezik, irizpen hauei jarraituz gauzatuko da:

1.– 31. artikuluko 1 eta 2 paragrafoetan nahiz 32, 33 eta 34 artikuluetan ezarritako kalitate akustikoko helburuak errespetatu direla iritziko zaio, baldin eta:

– Urteko batez besteko balioek ez badituzte gainditzen dekretu honen I. eranskineko A taulan finkatutakoak.

– Eguneko balio guztien % 97k ez badituzte 3 dBA-tan gainditzen dekretu honen I. eranskineko A taulan finkatutako balioak.

2.– 31. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako kalitate akustikoko helburuak errespetatzen direla iritziko zaio, baldin eta:

– Urteko batez besteko balioek ez badituzte gainditzen dekretu honen I. eranskineko B taulan finkatutakoak.

– Eguneko balio guztien % 97k ez badituzte 3 dBA-tan gainditzen dekretu honen I. eranskineko B taulan finkatutako balioak.

3.– Dardara iraunkorrei dagokienez, 31. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako kalitate akustikoko helburuak bete direla iritziko zaio baldin eta indizeko datu guztiak baldin badaude I. eranskineko C taulan finkatutako balioen azpitik.

4.– Dardara iragankorrei dagokienez, dekretu honen I. eranskineko C taulan finkatutako balioak gainditu ahalko dira gertakari-kopuru jakin batean; horrelakoetan, prozedura honi men egin beharko zaio:

1) Ebaluazio-aldi hauek aintzat hartu beharko dira: eguneko aldia, 07:00etatik 23:00etara, eta gaueko aldia, 23:00etatik 07:00etara.

2) Gaueko aldian ezin dira balioak gainditu inolaz ere.

3) Ezin dira 5 dB baino gehiagoko gainditzeak izan inolaz ere.

4) Ezingo dira balioak 9 aldiz baino gehiago gainditu. Zenbaketarako, 3 dB edo gutxiagoko gainditzeak banaka zenbatuko dira, eta hortik gorakoak, berriz, hirunaka.

II. KAPITULUA
ETORKIZUNEKO HIRIGINTZA-GARAPENA

36. artikulua.– Etorkizuneko hirigintza-garapena.

43 eta 45 artikuluetan xedatutakoa bazter, etorkizunean ezingo da hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez dituzten eremuetan.

37. artikulua.– Etorkizunean hirigintza-garapenak izango dituzten eremuetarako eskakizunak.

Etorkizunean hirigintza-garapenak egitea aurreikusita dagoen eremuei, erabilera urbanistikoen kalifikazio berriak barne, Eragin Akustikoari buruzko Ikerketa erantsi beharko zaie dagozkien hirigintza- eta ingurumen-izapideetan. Ikerketa horiek eremuak jasango duen eragin akustikoa aurreikusten duten zarata-mapak eta ebaluazio akustikoak barne hartu beharko dituzte. Ikerketan honako alderdi hauek jasoko dira gutxienez:

a) soinu-iturrien analisia, 38 artikuluan xedatutakoaren arabera,

b) hautabideei buruzko azterlana, 39 artikuluan xedatutakoa betez. Eta

c) neurrien definizioa, 40 artikuluan xedatutakoaren arabera.

38. artikulua.– Soinu-iturrien analisia.

Aurreko artikuluan aipatutako soinu-iturrien analisia, ez bakarrik daudenena (datozen 20 urteetarako funtzionamendu-baldintzak aintzat hartuta), baizik eta etorkizunekoena (plangintzak barne hartutako hiri-bideena, bereziki) eta eremuari eragingo dioten industrien edo jardueren garapen-aurreikuspena ere.

39. artikulua.– Hautabideei buruzko azterlana.

Eremu horretarako edo haietarako diseinu-hautabideen azterlana egingo da (eraikuntza-partzelen kokaleku ezberdinak eta erabileren orientazioa zarata-fokuak aintzat hartuta), udaleko plangintza aplikagarriaren antolamendu xehatua onartu aurretiko pauso gisara. Etorkizuneko garapen horri lotutako planik badago, horien aurreikuspenak ere aintzat hartu beharko dira artikulu honetako ikerketa akustikoa egiteko orduan.

40. artikulua.– Neurriak zehaztea.

1.–?31.etik 34.era arteko artikuluetan jasotako kalitate akustikoko helburuak lortzeko beharrezkoak diren neurrien zerrenda. Neurri horiek teknikoki zein ekonomikoki egokiak izan beharko dute eremu akustikoen kanpoaldea babesteko. Horrez gain, helburu-balioak bete direla zainduko da. Horretarako, hain zuzen, zarata bertara arte iristen den leihodun eraikuntzako fatxada nahiz garaiera guztietan egingo dira neurketak. Eraiki gabeko lurzoruetan ere egingo dira neurketak, atari zabalean, lurretik 2 metroko altueran. Neurri horiek zehaztean gauzatze-aldiak eta haien arduraduna adierazi beharko dira.

2.– Kalitate akustikoko helburuak iristeko ezarri beharreko neurriak teknikoki edo ekonomikoki gehiegizkoak izateagatik kanpoaldea ezin badaiteke babestu eta horretarako nahikoa arrazoi badago, orduan, neurri gehigarriak hartuko dira eraikuntzen barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzeko. Hori guztia 43 artikuluan jasotakoa bazter utzita.

3.– Ikerketa akustikoan modu arrazoituan ondorioztatzen bada kalitate helburuak betetzeko neurri zuzentzaile osagarriak hainbat alditan ezarri behar direla, aldi horietan guztietan bermatu beharko da, aurreko paragrafoan ezarritakoari men eginez, eraikuntzen barruko kalitate akustikoko helburuak betetzen direla.

41. artikulua.– Arau-hauste partziala etorkizuneko hirigintza-garapenean.

Etorkizuneko garapenak eraikitzearen ondorioz eta, lanak bukatutakoan, kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak partzialki bete ez direla egiaztatzen bada, beharrezko neurri zuzentzaileak ezarri beharko ditu administrazio sustatzaileak, harik eta arau-haustea konpondu arte, 45. eta 46. artikuluan xedatutako baldintzetan.

42. artikulua.– Etorkizuneko hirigintza-garapenean dardarak ebaluatzea.

Etorkizuneko hirigintza-garapen batean trenbidetik 75 metro baino gutxiagora eraikin bat egiten baldin bada, dardara-mailen ebaluazioa jasoko da eragin akustikoari buruzko azterlanean. Atal horrek balio izango du, hain zuzen ere, aipatu garapenak kalitate akustikoaren helburuak betetzen dituela egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, egoki diren neurri zuzentzaileak ezartzeko.

43. artikulua.– Eraikuntza berrietarako eskakizun aplikagarriak.

1.– Ezingo da eraikuntza-baimenik eman etxebizitzak edo osasun-, hezkuntza- zein kultura-erabilerara bideratutako eraikinetarako, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez badira, salbu eta:

a) interes publikoko ohiz kanpoko arrazoiak badaude, behar bezala justifikatuak,

b) babes akustiko bereziko eremu badira, dekretu honen 45. artikuluan zehaztutako egoeretan.

2.– Edonola ere, eraikinen barnealdeko kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira; horretarako, eraikuntza-baimena eman aurretik egin beharko dute udalek dagokion txosten justifikatzailea, bai eta kanpoaldea babesteko neurri zuzentzaileak ezarri ere.

44. artikulua.– Ohiz kanpoko baimenak.

1.– Administrazio publikoek aldi baterako baimenak eman ditzakete kapitulu honetan aurreikusitakoa behin-behinean ez betetzeko, gizarte-, politika-, kultura-, kirol-, erlijio- edo antzeko gaiekin lotutako gertakizunak antolatzea edo horietarako lanak egitea argudiatzen badute. Hala eta guztiz ere, eragin akustikoa balioetsi ondoren, baimena ematen duen administrazioak neurriak aurreikusi beharko ditu herritarrei eragin diezazkieketen kalteak ahal bezain beste murrizteko; era berean, ez ohiko egoera horren sorburuaren nahiz iraupenaren berri eman beharko die herritar horiei.

2.– Hala, 6 hilabete baino gehiagoko iraupena izango dutela aurreikusten den lanetan, eragin akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko.

3.– Eragin akustikoari buruzko ikerketa horretan aztertu beharko dira neurri zuzentzaile horietatik itxaroten diren onura akustikoak, zarata jasaten duten eremu akustiko edota etxebizitzetan zarata-maila murrizteari dagozkionak; gainera, ikerketaren berri eman beharko zaio erasandako udalerriari.

III. KAPITULUA
BABES AKUSTIKO BEREZIKO EREMUAK, EGOERA AKUSTIKO BEREZIKO EREMUA, LEHENTASUNEZKO EKINTZA-EREMUAK, ETA HAIEI LOTUTAKO PLANAK

45. artikulua.– Babes Akustiko Bereziko Eremuen (BABE) izendapena.

Zarata-fokuek muga-balio aplikagarriak errespetatu arren, gerta daiteke kalitate akustikoaren helburuak ez betetzea eremu akustiko jakin batean. Babes Akustiko Bereziko Eremutzat (BABE) joko dira aipatu eremu horiek, honako zehaztapen hauek betez:

a) Etorkizuneko hirigintza-garapenak Babes Akustiko Bereziko Eremu izendatu ahalko dira, hirigintza-garapen horren eragin akustikoari buruzko ikerketak neurri-zuzentzaileak jasotzen dituen heinean, titulu honetako II. kapituluan jasotako moduan eta egoera hauetakoren batean:

– dekretu hau indarrean jartzean antolamendu xehatuari hasierako onarpena eman bazaio,

– hiri-lurra berritu bada.

b) Honako eduki hauek izango ditu, gutxienez ere, BABEen izendapen-agiriak:

– dremuaren zedarriztapena,

– zarata-fokuen zerrenda eta haien ekarpen akustikoa,

– eremuko plana, 46 artikuluan aurreikusi bezala.

c) Kalitate akustikoko helburuak lortzean etengo da babes akustiko bereziko eremuei aplikatzen zaien araudia.

46. artikulua.– Eremuko planen irismena.

1.– Administrazio eskumendunak zehaztuko ditu hots-kutsadura murrizteko ikerketei dagozkien eta babes akustiko bereziko eremu bakoitzean gauzatuko diren eremuko planak.

2.– Bideragarritasun ekonomikoari buruzko ikerketa izango dute, proposatutako neurri bakoitzerako nahikoa izango dena, eta horiek gauzatzeaz arduratuko diren pertsonak nahiz erakundeak aipatuko dira. Aztertuko da, baita ere, akustikaren aldetik zer onura ekarriko dituen planak, eta hura garatzearen kostuak nahiz onurak. Hartutako konponbideetarako gauzatze-proiektu bat prestatuko da, ezarriko diren neurri zehatzak jasotzen dituena.

3.– Eremuko planean zerrendatutako neurri zuzentzaile bakoitzaren egutegia zehaztu beharko da.

4.– Zarata-mapa xehatuak eta ebaluazio akustikoak egin beharko dira eremuko plana zehazteko orduan, eremuari dagozkion neurri zuzentzaileak diseinatu eta eragin akustiko globalaren ikerketa egin ahal izateko.

47. artikulua.– Eremuko planen xedea.

1.– Eremuko planaren helburua da teknikoki zein ekonomikoki egokiak diren neurriak gauzatzea eremu akustikoen kanpoaldea babesteko, lehenik eta behin. Horretarako, kalitate akustikoko helburu-balioak betetzen direla begiratuko da zarata iristen den leihodun eraikuntzen fatxada eta garaiera guztietan, bai eta eraiki gabeko lurzoruetako kanpoaldean ere, non lurretik 2 metrora iristen den zarata neurtuko den.

2.– Kanpoaldean kalitate akustikoko helburu aplikagarriak bete ezin badira neurri osagarriak ezarriko dira, eraikinen barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzeko asmoz, gutxienez.

3.– Aurreko ataletan jasotakoa betetze aldera eremuko planean jasotako neurriak ezarri ondoren kalitate akustikoko helburuak bete gabe jarraitzen badute, eremu hori babes akustiko bereziko eremutzat joko du tokiko administrazioak; horren ondorioz, epe luzera kalitate akustikoa hobetzeko neurri osagarriak zehaztu beharko dira, kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutakoak, hain zuzen ere.

48. artikulua.– Eremuko planen koordinazioa.

1.– Eremuko plan baten garapen-esparruan hainbat zarata-foku badaude, eremuan eragina duten zarata-foku horien pertsona edo erakunde titularrei informazioa eskatu beharko die tokiko administrazioak, eta informazio hori aintzat hartu beharko du bere eremuko planean jaso beharreko neurriak diseinatzeko orduan.

2.– Eskatutako informazioa hilabeteko epean eman beharko dute zarata-fokuen pertsona edo erakunde titularrek.

49. artikulua.– Lehentasunezko Ekintza Eremua eta Lehentasunezko Ekintza Plana.

1.– Zarata-fokuen titular diren administrazioek, pertsonek edo erakundeek dagokion ekintza-planean zehaztuko dituzte lehentasunezko eremuak eta haiei lotutako lehentasunezko ekintza-planak; agiri horiek guztiek zarata-fokuek eragindako udaletara bidali beharko dituzte.

2.– Lehentasunezko ekintza-plana zehazteko zarata-mapa xehatuak eta ebaluazio akustikoak egin beharko dira, eremuari dagozkion neurri zuzentzaileak diseinatzeko eta lehentasunak ezartzeko; neurri horien eraginkortasuna 10 urteko eperako aurreikusi beharko da, eta titular bakar baten eraginari lotutako hots-kutsadura murrizteko eta eremuan aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak betetzeko xedea izango dute.

3.– Plana idatzi duen pertsonak edo erakundeak erabakiko du lehentasunezko ekintza-planean aurreikusitako neurriak gauzatzeko hurrenkera; beste administrazio batzuek hurrenkera hori aldatzeko eska badezakete ere, plana idatzi duen pertsonak edo erakundeak hartuko du lehentasunen aldaketari buruzko azken erabakia.

50. artikulua.– Lehentasunezko Ekintza Planaren edukia.

1.– Lehentasunezko ekintza-planek bideragarritasun ekonomikoari buruzko ikerketa izango dute, proposatutako neurri bakoitzerako aski izango dena, eta neurrien onurak aztertuko dituena, akustika-arazoei eta plana ezartzearen kostua/irabazia harremanari dagokionez. Hartutako konponbideetarako gauzatze-proiektu bat prestatuko da, ezarriko diren neurri zehatzak jasoko dituena.

2.– lehenik eta behin, eremu akustikoen kanpoaldea babesteko asmoz teknikoki zein ekonomikoki egokiak diren neurriak gauzatzea da lehentasunezko ekintza-planaren helburua. Horretarako, kalitate akustikoko helburu-balioak betetzen direla begiratuko da zarata iristen den leihodun eraikuntzen fatxada eta garaiera guztietan, bai eta eraiki gabeko lurzoruetako kanpoaldean ere, non lurretik 2 metrora iristen den zarata neurtuko den.

3.– Kalitate akustikoko helburuak bete arte kanpoaldea babestu ezin bada, neurri osagarriak hartuko dira, gutxienez, eraikinen barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzeko.

IV. KAPITULUA
ZARATA-FOKU BERRIAK

51. artikulua.– Zarata-foku berriei aplikatzeko muga-balioak.

Zarata-foku berriei aplika dakizkiekeen muga-balioak dekretu honen I. eranskineko 2. atalean zehatuta daude zonakatze akustikoari, kalitateko helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez; I. eranskineko 1. atalean, berriz, B eta C tauletan, etxebizitzak eta bizitegi-, osasun-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikuntzen barnealdeko kalitate akustikoko helburuei dagozkien muga-balioak ageri dira.

52. artikulua.– Muga-balioak betetzen direla egiaztatzeko prozedura.

1.– Dekretu honen II. eranskinean finkatutako ebaluazio-prozeduren arabera ez ezik, irizpen hauei jarraituz gauzatuko d egiaztapena:

2.– Etxebizitzetara edo bizitegi-, ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabileretara bideratutako eraikuntzen barruko aldeko kalitateko helburu-balioak dekretu honen I. eranskineko 1. atalean xehatuta daude, B eta C tauletan. Horrez gain, 35. artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– I. eranskineko 2. atalean zehaztutako zarata-foku berrien muga-balioei dagokienez, honako hauek beteko dira:

a) Errepide-, trenbide- eta aireportu-azpiegitura berrien kasuan:

1) Urteko batez besteko balio batek ere ezingo ditu gainditu dekretu honen I. eranskineko D taulan finkatutakoak.

2) Urte betean, eguneko balio batek ere ezingo ditu 3 dBA-tan gainditu dekretu honen I. eranskineko D taulan finkatutakoak.

3) Eguneko balio guztien % 97k ezingo ditu gainditu dekretu honen I. eranskineko E taulan finkatutako balioak.

b) Portu-azpiegitura eta jarduera berrien kasuan:

1) Eguneko balio guztien % 97k ezingo ditu gainditu dekretu honen I. eranskineko E taulan finkatutako balioak.

2) Urteko batez besteko balio batek ere ezingo ditu gainditu dekretu honen I. eranskineko F taulan finkatutakoak.

3) Urte betean, eguneko balio batek ere ezingo ditu 3 dBA-tan gainditu dekretu honen I. eranskineko F taulan finkatutakoak.

4) Ebaluazio-indizearen lagin adierazgarriak ateratzeko denboran neurtutako balio batek ere ezingo ditu 5 dBA-tan gainditu dekretu honen I. eranskineko F taulan finkatutako balioak.

5) Portu-azpiegiturak eta jarduera berriak ikuskatzeko orduan, lanean diharduen zarata-foku batek dagozkion muga-balioak betetzen dituela joko da baldin eta dekretu honen II. eranskinaren arabera ebaluatutako indize akustikoen balioek b) idatz-zati honetako 3. eta 4. paragrafoetan ezarritakoa betetzen badute.

53. artikulua.– Ondoz ondoko lokaletara zarata igortzen duten jardueretarako muga-balioak betetzen direla egiaztatzea.

1.– Ebaluazio-indizearen lagin adierazgarriak ateratzeko denboran neurtutako balio batek ere ezingo ditu 5 dBA-tan gainditu dekretu honen I. eranskineko H taulan finkatutako balioak.

2.– Urteko batez besteko balio batek ere ezingo ditu gainditu dekretu honen I. eranskineko G taulan finkatutakoak.

3.– Urte betean, eguneko balio batek ere ezingo ditu 3 dBA-tan gainditu dekretu honen I. eranskineko G taulan finkatutakoak.

4.– Ebaluazio-indizearen lagin adierazgarriak ateratzeko denboran neurtutako balio batek ere ezingo ditu 5 dBA-tan gainditu dekretu honen I. eranskineko G taulan finkatutako balioak.

5.– Jarduerak ikuskatzeko orduan, abian den jarduera berri batek dagozkion muga-balioak betetzen dituela joko da baldin eta dekretu honen II. eranskinaren arabera ebaluatutako indize akustikoen balioek artikulu honetako 1, 3 eta 4 paragrafoetan ezarritakoa betetzen badute.

6.– Kasuan kasuko lizentzia eta baimena lortu eta aurretiko jakinarazpenari edo erantzukizunezko adierazpenari lotutako jarduerak betetzen diren ala ez egiaztatze aldera, I. eranskinaren 2. zatiko I taularen jarduerak sustatzen dituzten pertsonek edo erakundeek dekretu honen I. eranskinaren G eta I taulen balioak betetzen direla egiaztatzen duen erakunde egiaztatzaileak emandako txostena aurkeztu beharko dute. I taulakoak mugako gutxieneko balioak dira. Hala ere, isolamenduei eta emisioei buruz udal ordenantzan jasotakoa hartu behar da kontuan, zarata globalari eta maiztasunei dagokienez.

7.– Honako arau hauek bete beharko dituzte aurreko paragrafoan aipatutako egiaztagiridun erakundeek. UNE EN ISO 140-4:1999, eraikinetako nahiz eraikuntza-elementuetako isolamendu akustikoaren neurketa. 4. zatia: Lokal batetik bestera zarata airetik igarotzearen kontrako isolamendu akustikoa «in situ» neurtzea; UNE EN ISO 140-7:1999: Eraikinetan eta eraikuntza-elementuetan isolamendu akustikoa neurtzea. 7. partea: Kolpeen zarataren kontrako lurraren isolamendu akustikoa in situ neurtzea; urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko IV. eranskina, edo horiek ordezkatzen dituzten arauak.

54. artikulua.– Zarata-foku berrietarako neurri zuzentzaile aplikagarriak zehazteko irizpideak.

1.– Errepide-, trenbide-, portu- eta aireportu-azpiegiturei eta jarduerei dagokienez, neurri zuzentzaile aplikagarrien xedea, lehenik, dekretu honen I. eranskineko 2. atalean kanpoalderako finkatutako muga-balio akustikoak betetzea izango da:

a) hots-kutsaduraren eraginpeko eraikinak daudenean, leihodun eraikuntza sentikorren fatxada eta garaiera guztietara iristen den zarata neurtuko da.

b) eraikinik ez dagoenean, lurretik 2 metroko altuerara egingo dira neurketak.

2.– Neurri aplikagarriak nahikoak ez direnean, beharrezko neurri osagarriak zehaztuko dira eremu akustikoen kanpoaldean aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak lortze aldera. Horretarako, zarata iristen den leihodun eraikuntzen fatxada guztietan egingo dira neurketak, garaiera guztietan, bai eta eraiki gabeko lurzoruetako kanpoaldean ere, lurretik 2 metroko garaieran.

3.– Kanpoaldea babesteko neurriak aplikatzeko orduan proportzionaltasun tekniko eta ekonomikoko hatsarreak beteko dira.

4.– Beharrezko neurri osagarriak zehaztuko dira, betiere, eraikuntzen garaiera guztietan barnealderako kalitate akustikoko helburuak bete daitezen.

55. artikulua.– Hiri-bide berrietarako eskakizun aplikagarriak.

1.– Dekretu hau indarrean jarri ondoren gauzatuko diren hiri-bideak berritzat joko dira, bai eta aurretik eraikita egon arren beren eragin akustikoa handitzea ekar dezakeen aldaketaren bat egin zaien bideak ere; horren ondorioz, neurri zuzentzaileak ezarri beharko dira mugakide dituzten eremu akustikoei aplikatzen zaizkien kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak bete daitezen.

2.– Kanpoaldea babesteko neurriak aplikatzeko orduan proportzionaltasun tekniko eta ekonomikoko hatsarreak beteko dira.

3.– Neurri aplikagarriak nahikoak ez direnean, beharrezko neurri osagarriak zehaztuko dira eraikinen barruko aldeko solairu guztietan aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak lortze aldera. Horrez gain, kontuan hartuko da, baita ere, kasuan kasuko errepidearen ekarpen isolatua.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Dekretu hau indarrean jartzeko unean udal batek zaratari buruzko udal-ordenantza bereziak baditu edo, berariazkoak izan gabe, zarata arautzen duten xedapenak barne hartzen badituzte, 2 urteko epea izango dute ordenantza horiek dekretu honetan xedatu diren eta aplikagarriak zaizkien aginduetara moldatzeko.

Bigarrena.– Dekretu hau indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita, 10.000 biztanle baino gehiagoko udal guztiek 4 urteko epea izango dute 10. artikuluko 1. paragrafoan adierazitako zarata-mapa egiteko.

Garraio-azpiegituren titular diren pertsonek edo erakundeek, beren aldetik, dekretu hau indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita 4 urteko epea izango dute 10. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako zarata-mapa egiteko.

Horrela, dekretu hau indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiek 4 urteko epea izango dute 10. artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoa betetzeko.

Hirugarrena.– G motako eremuak eta etorki naturaleko soinu-erreserbak zedarriztatu beharko ditu administrazio eskumendunak dekretu hau indarrean sartzen denetik 4 urte igaro aurretik. Horretarako, hizpide dugun gaia arautzen duten legeek babestutako natura-guneen barruan kokatu behar dira aipatu eremu nahiz erreserba horiek.

Laugarrena.– Hala, 10. artikuluan zehaztu gisa zarata-mapa egiteko eskakizunak betetzen dituzten azpiegiturei dagokienez, zortasun akustikoko eremua mugatzeko epea 2 urtekoa izango da, dekretu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasita. Epe bera dagokie abenduaren 16ko 1513/2005 Errege dekretuak, Zaratari buruzko 37/2003 Legea hots-kutsaduraren ebaluazioari eta kudeaketari dagokienez garatzen duenak, bere 8. artikuluan araututako mapa estrategikoak egin behar dituzten azpiegiturei ere.

Bosgarrena.– Udalak eta ingurumen-eskumenak dituzten beste administrazio batzuk Ingurumen Lankidetzako Erakundeez baliatu daitezke eragin akustikoa egiaztatzeko, baliozkotzeko eta kontrolatzeko beren eskuduntza-esparruan.

Seigarrena.– Tokiko administrazioek ahalmena izango dute, bizitegi-lurzoruan kokatutako jarduerei dagokienez, dekretu honen II. eranskinean zehaztutako ebaluaziorako indize akustikoak zehazten dituzten eguneko aldien ordutegiak eta iraupena aldatzeko, baldin eta gaueko aldiak, gutxienez ere, 23:00etatik 07:00etarako tartea barne hartzen badu, eta erantsitako denbora 2 ordu edo gutxiagokoa bada.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Udal-ordenantzak eta lurralde- zein hirigintza-antolamendurako tresnak dekretu honen xedapenetara moldatu artean edo, dekretu honetako bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako epea bukatu ondoren, moldaketa horiek gauzatu ez badira, orduan, zuzenean aplikatuko dira dekretu honetan ezarritako eskakizunak, baldin eta azken horiek udal-ordenantzetan jasotakoak baino handiagoak edo zorrotzagoak badira.

Bigarrena.– Udalerriko zonakatze akustikoa zehaztu arte, lurzoruaren ohiko erabileraren arabera mugatuko dira eremu akustikoak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Dekretu honek indar gabe uzten ditu ekainaren 11ko 171/1985 Dekretutik, hots, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei oro har aplikagarri zaizkien arau teknikoak onesten dituen dekretutik dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten atal guztiak.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 16an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

URRIAREN 16KO 213/2012 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
KALITATE AKUSTIKOAREN HELBURUAK ETA ZARATA-FOKU BERRIENTZAKO MUGA-BALIOAK
1. ATALA
KALITATE AKUSTIKOKO HELBURUAK

A taula. Dauden eremu urbanizatuetarako zarataren kalitate akustikoko helburu aplikagarriak.

(Ikus .PDF)

(1) Beren eremuaren mugan, mugakide dituen eremuen zonakatze motari dagozkionak izango dira.

Oharra: kanpoaldean aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak lurretik 2 metroko garaiera neurtuko dira; leihodun fatxaden kanpoko aldean, berriz, eraikinaren altuera guztietan neurtuko dira.

10. artikuluko 1 eta 2 paragrafoek aipatzen dituzten zarata-mapak egiteari dagokionez, ebaluazio akustikoa taula honetako balioak aintzat hartuta egingo da, baina lurretik erreferentzia gisa 4 metroko garaiera hartuta.

B taula. Etxebizitza-, bizitegi-, osasun-, hezkuntza- edo kultura-erabileretara bideratutako eraikinen barruko aldeko esparru bizigarriei aplikatzeko zarataren kalitate akustikoko helburuak. (1)

(Ikus .PDF)

(1) Eremuaren barruko aldera iristen diren zarata-foku guztien (hots, eraikin beraren edota ondoko eraikinetako instalazioen, barruko aldera heltzen den inguru-zarataren) immisio-indizeari dagozkio B taulako balioak.

(2) Eraikinaren erabilera benetako erabilerari dagokio, hau da, ezarritako ordutegietako baten barruan eraikina erabilera horietarako baliatzen ez bada ez zaio dagokion kalitate akustikoko helburua aplikatzen.

Oharra: barnealdean aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuek 1,2 eta 2,5 metro arteko garaierara neurtuko dira.

C taula. Etxebizitza-, bizitegi-, osasun-, hezkuntza- edo kultura-erabileretara bideratutako eraikinetako barnealde bizigarriei aplikatzeko bibrazioen kalitate akustikoko helburuak.

(Ikus .PDF)
2. ATALA
ZARATA-FOKU BERRIETARAKO MUGA-BALIOAK

D taula. Errepide-, trenbide- eta aireportu-azpiegitura berriei aplikatzeko zarata-immisioaren muga-balioak.

(Ikus .PDF)

Oharra: kanpoaldeko muga-balioak lurretik 2 metroko garaiera dute erreferentziatzat, eta eraikuntzaren garaiera guztiak, berriz, leihodun fatxaden kanpoaldeari dagokionez.

E taula. Jarduera eta trenbide-, aireportu- eta portu-azpiegitura berriei aplikatzeko zarata-immisioaren muga-balioak.

(Ikus .PDF)

Oharra: kanpoaldeko muga-balioak lurretik 2 metroko garaiera dute erreferentziatzat, eta eraikuntzaren garaiera guztiak, berriz, leihodun fatxaden kanpoaldeari dagokionez.

F taula. Jarduera eta portu-azpiegitura berriei aplikatzeko zarata-immisioaren muga-balioak.

(Ikus .PDF)

(1): Muga-balio horiek aplikagarriak dira orobat ezein eremu akustikotan kokatuta ez dauden bizitegi-erabilerako eraikinetarako; balioak eraikinaren garaiera orotan leihodun fatxada guztietara iristen den soinuari dagozkio.

Oharra: kanpoaldeko muga-balioak lurretik 2 metroko garaiera dute erreferentziatzat, eta eraikuntzaren garaiera guztiak, berriz, leihodun fatxaden kanpoaldeari dagokionez.

G taula. Jarduera berriek mugakide diren lokaletara(*) igortzen duten zarataren muga-balioak.

(Ikus .PDF)

(*)Bi lokal mugakide diren lokaltzat joko dira sortzailearen eta hartzailearen arteko zarata-igorpena kanpoaldetik gauzatzen ez denean.

H taula: Jarduera berriek mugakide diren lokaletara(*) igortzen duten zarataren gehieneko muga-balioak.

(Ikus .PDF)

(*) Bi lokal mugakide diren lokaltzat joko dira sortzailearen eta hartzailearen arteko zarata-igorpena kanpoaldetik gauzatzen ez denean.

I. taula: Hiriko bizitegi-lurrean gauzatutakoetatik G taulan adierazitako erabileretako bat duten ondoko lokaletara(*) zarata igortzen duten eta eragin akustikoa sor dezaketen(**) jarduera berriei aplikatu beharreko gutxieneko eskakizunak.

(Ikus .PDF)

(*) Bi lokal mugakide diren lokaltzat joko dira sortzailearen eta hartzailearen arteko zarata-igorpena kanpoaldetik gauzatzen ez denean.

(**) Jarduera batek talka-zaratak sor ditzakeela joko da baldin eta udalak hala jo baldin badu dagokion lizentzia edo baimena izapidetzeko orduan.

URRIAREN 16KO 213/2012 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
INDIZE AKUSTIKOAK EBALUATZEKO PROZEDURAK
1. ATALA
INDIZE AKUSTIKOEN DEFINIZIOA

1.– Denborazko ebaluazio-aldiak.

a) Denborazko hiru ebaluazio-aldi ezarri dira egun bakoitzeko:

1) Eguneko aldia (d): eguneko aldia 12 ordukoa da.

2) Arratsaldeko aldia (e): arratsaldeko aldia 4 ordukoa da.

3) Gaueko aldia (n): gaueko aldia 8 ordukoa da.

b) Hauek dira denborazko ebaluazio-aldien hasierako eta bukaerako ordutegiak: eguneko aldia 07:00etatik 19:00etara; arratsaldeko aldia 19:00etatik 23:00etara, eta gaueko aldia 23:00etatik 07:00etara (tokiko orduak).

c) Epe luzerako batez bestekoak kalkulatzeko orduan, zarata-igorpenei dagokienez urte bat zenbatuko da urtebete gisa, eta baldintza meteorologikoei dagokienez, berriz, urte eta erdi zenbatuko da urtebete gisa.

2.– Zarata-indizeen definizioa.

a) Zarata jarraitu baliokidearen LAeq,T indizea.

Soinu-presioaren A maila jarraitu baliokide eta haztatua da LAeq,T zarata-indizea, dezibeliotan emana eta T segundoko denbora-tarte batean neurtua. «Ingurune-zarataren deskribapena, neurketa eta ebaluazioa. 1. atala: Oinarrizko magnitudeak eta ebaluazio-metodoak» izeneko ISO 1996-1:2005 arauan zehaztuta dago zarata-indize hori, baita hura ordezkatzen edo osatzen duten arauetan ere.

Non:

– T = d bada, LAeq,d soinu-presioaren A maila jarraitu baliokide eta haztatua den, eguneko aldian zehaztua; Ld esaten zaiona ere.

– T = e bada, LAeq,e soinu-presioaren A maila jarraitu baliokide eta haztatua den, arratsaldeko aldian zehaztua; Le esaten zaiona ere.

– T = n bada, LAeq,n soinu-presioaren A maila jarraitu baliokide eta haztatua den, gaueko aldian zehaztua; Ln esaten zaiona ere.

b) Gehieneko zarataren LAmax indizearen definizioa.

LAmax zarata-indizea da soinu-presioaren gehienezko A maila haztatua, dezibeliotan emana eta fast integrazio-konstanteduna (LAFmax). Soinu-presio hori ISO 1996-1:2005 arauan zehaztuta dago, eta denborazko ebaluazio-aldian erregistratzen da.

c) LKeq ,T zarata-indize jarraitu baliokide eta zuzenduaren definizioa.

LKeq,T zarata-indizea da osagai tonal emergenteen, behe-frekuentziako osagaien eta zarata oldarkorren presentziak zuzendutako soinu-presioaren A maila jarraitu baliokide haztatua (LAeq,T). Zuzenketa hori beheko adierazpen honen arabera egiten da betiere:

Non:

– Kt den LKeq ,T indizeari atxikitako zuzenketa-parametroa, osagai tonal emergenteen presentziagatik zarataren eragin kaltegarriak ebaluatzeko balio duena, eranskin honetan deskribatutako metodologia aplikatuz kalkulatua.

– Kf den LKeq ,T indizeari atxikitako zuzenketa-parametroa, behe-frekuentziako osagaien presentziagatik zarataren eragin kaltegarriak ebaluatzeko balio duena, eranskin honetan deskribatutako metodologia aplikatuz kalkulatua.

– Ki den LKeq ,T indizeari atxikitako zuzenketa-parametroa, zarata oldarkorraren presentziagatik zarataren eragin kaltegarriak ebaluatzeko balio duena, eranskin honetan deskribatutako metodologia aplikatuz kalkulatua.

– T = d bada, LKeq,d da soinu-presioaren A maila jarraitu baliokide eta haztatua, eguneko aldian zehaztua;

– T = e bada, LKeq,e den soinu-presioaren A maila jarraitu baliokide eta haztatua, arratsaldeko aldian zehaztua;

– T = n bada, LKeq,n den soinu-presioaren A maila jarraitu baliokide eta haztatua, gaueko aldian zehaztua;

d) LK x epe luzeko batez besteko zarata-indize jarraitu baliokide eta zuzenduaren definizioa.

LK x zarata-indizea da epe luzeko batez besteko zarata-maila, beheko adierazpenaren bidez kalkulatzen dena, eta urtebeteko denborazko ebaluazio-aldi guztiak (x) aintzat hartuta zehazten dena.

(Ikus .PDF)

Non: n den «x» urte batean zehar denborazko ebaluazio-aldietan atera diren laginen kopurua, eta (LKeq,x)i den zarata-maila zuzendua, i-garren laginaren «x» denborazko ebaluazio-aldian zehaztua.

3.– Dekretu honen I. eranskineko I. taula aplikatzeko orduan, definizio hauek hartu behar dira oinarritzat:

a) Zarata-igorpenaren muga: haren barruan dauden soinu-iturri eta jarduera guztiak kontuan harturik, jardunean aritzearen ondorioz lokal batek gehienez ere igor dezakeen soinuaren A maila jarraitu baliokide eta haztatua.

b) Airetiko zarataren kontrako gutxieneko isolamendua: barnealdeko esparruen arteko haztatutako A mailen arteko D nt,A diferentzia estandarizatua (dBA-tan ematen da), DB-HR Zarataren aurreko babesa oinarrizko dokumentuko A eranskinean, A.7 formulan, zehazki, definitzen den gisara.

c) Talka-zarataren kontrako soinu-isolamendua: jarduera batek bete beharreko talka-zaratari dagokion presio-mailaren L`nTW balio global estandarizatua (dB-tan).

4. Law bibrazio-indizearen definizioa.

Law dardara-indizea (dB-tan ematen da) beheko formula hau aplikatuta kalkulatzen da:

Osagaiak ondokoak izanik:

– aw: denborazko a(t) azelerazio-zeinuaren gehieneko balio eraginkorra (RMS) da, wm frekuentzian haztatua, hau da, aw(t)-ren balio maximoa m/s2-ko abiaduran.

– a0: erreferentziazko azelerazioa (a0 = 10-6 m/s2). Non:

– Frekuentziako haztapena honako arau honetan edota hura ordezkatzen edo osatzen duen beste arau batean definitutako wm ahuldura-kurbaren arabera egiten da: UNE EN ISO 8041:2006: «Gizakiek dardaren aurrean duten erantzuna. Neurketa-tresnak» (1 - 80 Hz).

– aw (t) balio eraginkorra 1 s (slow) denbora-konstanteko batez besteko esponentzialaren bidez lortzen da. aw neurketako baliorik altuena hartuko da aintzat. «Gizakiek gorputz osoko dardarak jasateko arriskuaren ebaluazioa. 1. atala: Baldintza orokorrak» izeneko UNE ISO 2631-1:2008 arauan definitu da aipatu parametro hori, MTVV (Maximum Transient Vibration Value) gisa, «running» izeneko ebaluazio-metodoaren barruan, hain zuzen.

2. ATALA
INDIZE AKUSTIKOAK EBALUATZEKO PROZEDURAK

A.– Zarata-indizeetarako ebaluazio-metodoak.

1.– Hauek dira zarata-indizeen ebaluazio-prozedurak:

Dekretu honetan ezarritako indize akustikoen balioak kalkuluen edo neurketen (ebaluazio-gunean) bidez lor daitezke. Aurreikuspenak, berriz, kalkuluen bidez besterik ezin dira lortu.

Administrazio eskumendunek jarduerak ikuskatzeko orduan, neurketen bidez zehaztuko dituzte indize akustikoak.

1.1.– Ld, Le eta Ln indizeak kalkulatzeko metodoak:

Hauek dira Ld, Le eta Ln indizeak ebaluatzeko kalkulu-mota gomendatuak:

a) Industria-zarata: ISO 9613-2: «Akustika - Zarata leuntzea kanpoaldera barreiatzen denean, 2. atala: Kalkulatzeko metodo orokorra».

Arau horretan ezarritako metodoa aplikatzeko zarata-igorpenari buruzko datu egokiak (sarrerako datuak) lortu behar dira, beheko arau hauetan azaldutako metodoetako baten bidez neurketak eginez:

1.– ISO 8297: 1994 «Akustika - Iturri anitzeko industria-planen ahalmen akustikoko mailak ezartzea ingurumeneko soinu-presioaren mailak ebaluatzeko - Ingeniaritza-metodoa».

2.– UNE EN ISO 3744: 2011 «Akustika - Zarata-iturrien ahalmen akustikoko mailak ezartzea soinu-presioa erabilita. Ingeniaritza-metodoa plano islatzaile baten gaineko landa askeko baldintzetarako».

3.– UNE EN ISO 3746: 2011 «Akustika - Zarata-iturrien ahalmen akustikoko mailak ezartzea soinu-presioa erabilita. Kontrol-metodoa plano islatzaile baten gaineko neurketa-azalera inguratzaile batean».

Edo nazioartean aitortutako beste arau batzuk.

b) Aireontzien zarata: ECAC.CEAC 29. dok. «Aireportu zibilen inguruan zarata-mailak kalkulatzeko metodologia estandarrari buruzko txostena» 1997. Hegaldi-ibilbideak modernizatzeko hainbat metodo erabiliko dira, besteak beste, ECAC.CEAC-en 29. dokumentuaren 7.5. atalean aipatutako segmentazio teknikoa.

c) Ibilgailuen trafikoaren zarata: «NMPB-Routes-96 (SETRA-CERTULCPCCSTB)» Frantziako kalkulu-metodo nazionala da soinu-indizeak ebaluatzeko gomendatutako kalkulu-metodoa, «Bideko azpiegiturek egiten duten zaratari buruzko 1995eko maiatzaren 5eko Ebazpeneko 6. artikuluak (1995eko maiatzaren 10eko Aldizkari Ofizialak)» eta «XPS 31-133» Frantziako arauak aipatzen dutena. Igorpenari buruzko sarrera-datuei dagokienez, arau horiek agiri hau aipatzen dute: «Lurreko garraioen zarata-gida, maila akustikoei aurre hartzeari buruzko atala, CETUR 1980».

d) Trenen zarata: Herbehereetako kalkulu-metodo nazionala: «Reken-en Meetvoorschrift Railverkeerslawaai’96» («Trenbidezko garraioaren zarata kalkulatzeko eta neurtzeko gidak, 1996»), Etxebizitza eta Lurralde Plangintzako Ministerioak 1996ko azaroaren 20ean argitaratua.

1.2.– Zarata neurtzeko metodo eta prozedurak.

1.2.1.– Neurketen bidezko ebaluazioetarako jarraibide hauei men egin beharko zaie, oro har:

1.2.1.1.– Zarata-indizeen ebaluazio-gunearen altuera.

a) Ebaluazio-gunearentzat hainbat altuera aukeratu ahalko dira, beheko erabilera hauetarako, ordea, 1,5 metro edo gehiagora egon beharko dute:

1) plangintza akustikoa egiteko,

2) eremu zaratatsuak izendatzeko,

3) solairu bakarreko eraikinak dituzten landa-eremuetako ebaluazio akustikoa egiteko,

4) etxebizitza jakin batzuetan eragin akustikoa murrizteko tokiko neurriak prestatzeko; eta

5) eremu mugatu bateko zarata-mapa egiteko, etxebizitza bakoitzaren esposizio-maila irudikatuko duena.

b) Eraikinen barruan neurketak egiten direnean, ebaluazio-gunearen lehentasunezko koka-lekuek horma edo bestelako azaletatik metro batera egon beharko dira, gutxienez ere, eta lurzorutik 1,2 eta 1,5 metro bitarteko distantziara, eta leihoetatik 1,5 metrora. Kokaleku horietan egin ez badira, esparruaren erdian egingo dira.

1.2.1.2.– Zarataren ebaluazio kanpoaldean.

Zarata-indizeen bidez kanpoaldeko zarata-mailak ebaluatzen direnean zarata erasotzailea hartzen da aintzat, hau da, ez da kontuan hartzen parametro bertikalean islatutako zarata.

1.2.2.– Neurketa-prozeduretara moldatzea: zarata-indizeak in situ neurtuta ebaluatzea erabaki duten administrazio eskumendunek eranskin honetako zarata-indizeetan erabilitako definizioetara moldatu beharko dituzte baliatutako neurketa-metodoak, bai eta neurketei aplika dakizkiekeen printzipioak bete eta denborazko ebaluazio-aldi jakinetan zarata-mailak ebaluatzeko eta epe luzeko batez bestekoak ateratzeko ere, dagokion arabera. Printzipio horiek honako bi arau hauetan ezarrita daude: «Ingurune-zarataren deskribapena, neurketa eta ebaluazioa. 2. atala: ingurune-zarataren mailak zehaztea» izeneko UNE ISO 1996-2:2009 arauan; «Ingurune-zarataren deskribapena, neurketa eta ebaluazioa. 1. zatia: Oinarrizko magnitudeak eta ebaluazio-metodoak» izeneko ISO 1996-2005 arauan; eta horiek ordezkatzen nahiz osatzen dituzten arauetan ere.

1.2.3.– Islapenengatiko zuzenketa: Fatxada baten edo bestelako osagai islatzaile baten aurrean egindako neurketan lortutako zarata-mailak zuzendu beharko dira, haien eragin islatzaileak ondoriorik izan ez dezan.

1.2.4.– Osagai tonal (Kt) zein oldarkorrengatiko (Ki) eta frekuentzia baxuengatiko (Kf) zuzenketa. Zuzenketa hori egiteko honako hau hartu beharko da oinarritzat:

Zarata baten neurketa-prozesuan hautematen bada osagai tonal emergenteak, behe-frekuentziako osagaiak edo soinu-presio handiko eta iraupen gutxiko hotsak daudela (edo osagai horien arteko edozein konbinaketa), osagai oldarkorren presentzia dela medio, zarataren ebaluazio xehatua egin beharko da, dagozkion zuzenketak erantsita.

Kt + Kf + Ki batzetik eratorritako zuzenketaren gehienezko balioa ez da 9 dB baino handiagoa izango.

Zarataren ebaluazio xehatuan, bestetik, honako prozedura hauek hartuko dira ereduzkotzat:

Osagai tonal emergenteen presentzia:

Osagai tonal emergenteen presentziagatiko zarataren ebaluazio xehatua egiteko prozedura hau hartuko da erreferentzia gisa:

a) Zarataren espektro-analisia zortzidun herenaren frekuentzia-bandatan egingo da, haztapen-iragazkirik gabe.

b) Tartea honela kalkulatuko da:

Lt = Lf - Ls

Non:

Lf den f bandaren soinu-presioaren maila, tonu emergentea duena.

Ls den hurrengo bi mailen batez besteko aritmetikoa, hots, f-ren gainean kokatutako lehen bandarena eta f-ren azpian kokatutako lehen bandarena.

c) Osagai tonalik dagoen edo ez dagoen aztertu beharko da, bai eta Kt zuzenketa-parametroaren balioa kalkulatu ere, beheko taula hau aplikatuz.

(Ikus .PDF)

d) Osagai tonal emergente bat baino gehiago badaude, horiei dagokien baliorik altuena hartuko da Kt parametroaren baliotzat.

Nolanahi ere, zehapena aplikatzeko, tonu emergenteak justu aurreko eta justu ondorengo banden ondoan nabarmentzen dena izan behar du, eta entzungarria izan beharko du ISO 226:2003 arauan finkatutako gizakiaren aire zabaleko entzumen-atalasearen arabera (Tf).

Beharrezkoa balitz zortzidun herenarena baino banda estuagoan egin daitezke analisiak, nazioartean horren ebaluaziorako aitortutako arauak betez, betiere.

Behe-frekuentziako osagaien presentzia:

Behe-frekuentziako osagaien presentziagatiko zarataren ebaluazio xehatua egiteko prozedura hau hartuko da erreferentzia gisa:

a) Ahal dela, aldi berean neurtuko dira soinu-presioaren mailak, A eta C frekuentzia-haztapenekin eta 20 eta 160 Hz bitarteko zortzidun herenaren bandak oinarri harturik.

b) Lortutako balioen arteko aldea kalkulatuko da, balio horietan hondo-zarataren araberako zuzenketa egokiak eginda:

Lf = LCeq,Ti - LAeq,Ti.

LCeq, Ti eta LAeq,Ti -ren arteko aldea 20 dB baino txikiagoa baldin bada, behe-frekuentziako osagai nabarmenik ez dagoela joko da. 20 dB baino handiagoa bada, behe-frekuentziaren garrantzia zehaztasun handiz aztertu beharko da. Zehazki, honako alderdi hauek egin dira:

1) Entzun daitekeen behe-frekuentziaren maila zehaztu.

Penalizazioa aplikatzeko, ISO 226:2003 arauan aipatutako gizakiaren entzumen-ataria (Tf) kendu behar zaio haztatu gabe neurtutako mailari frekuentzia-banda hauetan:

(Ikus .PDF)

2) Behe-frekuentziako LB energia-edukia ezagutzea.

LB lortzeko, batu egin beharra dago aurreko atalean zero baino alde handiagoa izan duten banden energia.

c) Behe-frekuentziako osagairik dagoen edo ez dagoen aztertu beharko da, bai eta Kf zuzenketa-parametroaren balioa kalkulatu ere, beheko taula hau aplikatuz:

(Ikus .PDF)

Osagai oldarkorren presentzia:

Osagai oldarkorren presentziagatiko zarataren ebaluazio xehatua egiteko, prozedura hau hartuko da erreferentzia gisa:

a) Ahal bada, aldi berean neurtuko dira A soinu-presioaren maila jarraitu baliokide eta haztatua, Ti segundoko zarata-aldi jakin batean (aldi horretan LAeq,Ti zarata oldarkorra hauteman daiteke), eta LAIeq,Ti neurketa-ekipamenduaren denborazko oldarkortasun (I) konstantea.

b) Lortutako balioen arteko aldea kalkulatuko da, balio horietan hondo-zarataren araberako zuzenketa egokiak eginda:

Li = LAIeq,Ti - LAeq,Ti.

c) Osagai oldarkorrik dagoen edo ez dagoen aztertu beharko da, bai eta Ki zuzenketa-parametroaren balioa kalkulatu ere, beheko taula hau aplikatuz:

(Ikus .PDF)

1.2.5.– Neurketa-prozedurak:

Nondik norako hauek bete beharko dituzte dekretu honetan ezarritako zarata-indizeak in situ ebaluatzeko erabilitako prozedurek:

a) Neurketak modu jarraituan egin daitezke, ebaluaziorako denborazko aldi osoan zehar, edo ebaluazio-aldiaren barruan hautatutako denbora-tarteetan, soinu-presioaren maila neurtzeko laginketa-metodoak aplikatuz.

b) Neurketan soinu-presioaren maila neurtzeko laginketa-metodoak aplikatzen direnean, Ti neurri bakoitzaren denborazko aldiak hautatuko dira, ebaluatzen ari diren zarataren ezaugarriak aintzat hartuta, eguneko, arratsaldeko edo gaueko ebaluazio-aldi bakoitzerako; orobat hautatu beharko dira neurketen kopurua (n) eta neurketen arteko denbora-tarteak. Horrela, neurketaren emaitzak behar bezala adieraziko du ebaluazioaren denborazko aldian aztertzen ari diren indizearen balioa.

c) Epe luzeko batez besteko soinu-mailaren zenbatespen adierazgarri bat lortze aldera, lagin independente nahikoa lortu behar dira epe luzerako batez bestekoak kalkulatzeko orduan.

d) Eraikinen barnealdeko neurketak ateak eta lehiak itxita daudela egingo dira, eta ebaluazio-gunearen lehentasunezko kokalekuek II. eranskin honen 1.2.1 paragrafoan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte. Gainera, hiru kokalekutan egingo dira neurketak, gutxienez ere. Kokaleku horietan egin ez badira, esparruaren erdian egingo dira.

e) Ebaluazioaren xedea betetze aldera, dekretu honetan ezartzen diren zarata-indizeen neurketa-bidezko ebaluazioak men egin beharko dio, aurreko ataletan adierazitakoari ez ezik, beheko atal honetan zehaztutakoari ere:

1.2.5.1.– Kalitate akustikoko helburuei dagozkien zarata-indizeen ebaluazioa eremu akustikoetan.

a) Hasierako ebaluazio bat egingo da neurketa jarraituen bidez, 24 orduz, gutxienez. Akustikoki adierazgarrienak diren gertaerak hartuko dira aztergai, eremu akustikoko soinu-giroetan eragin handiena duen zarata-iturriari erreparatuta.

b) Eremuaren sailkapen akustikoa egiteko beharrezko puntuen kopurua erabaki beharko da eremu akustikoaren neurriak eta soinu-mailen espazio-aldaketa aintzat hartuta.

c) Mikrofonoa neurketa adierazgarria lortzeko moduan jarriko da, analisia egiten den eremu akustikoaren barruan babestu beharreko ingurunea modu egokian ebaluatzeko.

Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskinean xedatutakoa betez egingo da aipatu ebaluazio hori, bai eta «Ingurune-zarataren deskribapena, neurketa eta ebaluazioa. 2. atala: ingurune-zarataren mailak zehaztea» izeneko UNE ISO 1996-2:2009 arauan eta hura ordezkatu nahiz osatzen dutenetan ere.

1.2.5.2.– Zarata-fokuek sortutako soinu-mailei dagozkien zarata-indizeen ebaluazioa.

a) Errepide-, trenbide- eta aireportu-azpiegitura berrien kasuan.

– LAeq,Ti-ren hiru neurketa egin beharko dira, gutxienez ere, ebaluatzen ari diren zarata-fokuak sortutako soinu-mailaren adierazgarriak izango direnak. LAeq,Ti-aren emaitza izango da batez besteko energia-emaitza.

– LAmax-a neurtzeko 3 saio egin beharko dira gutxienez. Neurtutako mailarik altuena hartuko da emaitzatzat.

– Neurketekin batera aurkeztu beharko da zarata-fokuaren funtzionamendu-baldintzen deskribapena ere, aplikatutako neurketa-metodologia (lagin-kopurua, haien arteko denbora-tartea, zuzenketak, etab.) eta lortutako azken emaitzaren adierazgarritasuna arrazoitzen duena.

– Azken emaitzan zenbaki osoak aurkeztu beharko dira.

b) Portu-azpiegiturak eta jarduerak.

– Neurketen xedea jarduerak ikuskatzea denean, aire librean zein establezimendu edo lokaletan zarata sortzen duten aparatuen pertsona edo erakunde titularrek edo erabiltzaileek lagundu beharko diete teknikariei beren instalazioetara edo zarata-fokuetara iristen; era berean, aparatuak ikuskatzaileek agindutako abiadura, karga edo martxa ezberdinetan jarri beharko dituzte. Titularrek eskubidea izango dute ikuskapen-prozesu osoaren lekuko izateko.

– Ebaluazio-gunean egingo da zarata-fokuek eremu akustikoen kanpoaldera zein eraikinen barrualdera igorritako zaraten neurketa. Gune hori izango da babestu beharreko eremuaren barruan zarata gehien dagoena eta gune sentikorrena.

– Zarata-fokuaren ezaugarriak direla medio ebaluazio-aldian zehar aldaketa adierazgarriak hautematen badira zarataren igorpen-mailan, aldi hori denbora-tarteetan (Ti) edo zarata-faseetan (i) zatituko da; azken horietan modu uniformean hautemango da ebaluazio-guneko soinu-presioaren maila.

– Zarata-fokuaren funtzionamendu-baldintzek hala uzten dutenean, LKeq,Ti-ren hori neurketa egingo dira zarata-fase bakoitzean. Neurketen iraupena eta haien arteko denbora-tartea zarata akustikoaren funtzionamendu-baldintzetara moldatuko da, azken emaitzak horrek irudikatzen duen funtzionamendu-fasea ahal bezain ongien adieraz dezan. Arrazoiketa horiek behar bezala argudiatu eta dokumentatu beharko dira neurketaren emaitzak aurkezteko unean.

– Neurketen emaitzak baliozkoak izango dira muturren arteko aldea 6 dBA edo gutxiagokoa bada, jarduera eten edo ausazkoez osatutako funtzionamendu-faseei dagokienez, eta 3 dBA edo gutxiagokoa, berriz, funtzionamendu-fase jarraituei dagokienez.

– Emaitza guztien batez besteko energetikoa hartuko da LKeq,Ti-ren neurketako emaitza gisa.

– LKeq,Ti zehazteko orduan aintzat hartu beharko da hondoko zarataren araberako zuzenketa.

– Denborazko ebaluazio-aldiaren LKeq,Ti zehazteko neurketa-fase ezberdinetan lotutako LKeq,Ti-ak eta haien iraupena (ebaluazio-aldiaren barruan) hartuko dira kontuan.

– Zarata-fokuaren funtzionamendu-baldintzek hala uzten dutenean, LAmx-aren hiru neurketa egingo dira, gutxienez. Neurtutako mailarik altuena hartuko da emaitzatzat.

– LKeq, T eta LAmax-en azken emaitzetarako zenbaki osoak aurkeztuko dira.

Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskinean xedatutakoa betez egingo da aipatu ebaluazio hori, bai eta «Ingurune-zarataren deskribapena, neurketa eta ebaluazioa. 2. atala: ingurune-zarataren mailak zehaztea» izeneko UNE ISO 1996-2:2009 arauan eta hura ordezkatu nahiz osatzen dutenetan ere.

1.2.6.– Neurketa-baldintzak:

Soinu-mailak ebaluatzeko neurketetan arreta berezia jarri beharko zaie alderdi hauei:

a) Hezetasun- eta tenperatura-baldintzak bateragarriak izan beharko dira neurketa-ekipamenduaren fabrikatzaileak emandako gomendioekin.

b) Neurketa ororen aurretik eta ondoren neurketa-katearen egiaztapen bat egin beharko da nahitaez, soinu kalibratzaile baten bidez, hasierako erreferentzia-balioarekiko desbideratze-tartea 0,3 dB edo gutxiagokoa dela bermatze aldera.

c) Kanpoaldeko neurketak haizearen aurkako pantailadun neurketa-ekipamenduekin egin beharko dira. Gainera, ebaluazio-gunean haizearen abiadura 5 m/s baino altuagoa denean, neurketa etengo da.

1.2.7.– Eranskin honen I ataleko 3. lerrokadan deskribatutako indizeetarako ebaluazio-prozedurak.

I. eranskineko 1. taulan adierazitako zarata-igorpenaren muga ebaluatzeko orduan, «Eraikinetan eta eraikuntza-elementuetan isolamendu akustikoa neurtzea. 4. atala: Lokal batetik bestera zarata airetik igarotzearen kontrako isolamendua «in situ» neurtzea» izeneko UNE EN ISO 140-4:1999 arauaren 6. atalean, edo hura ordezkatzen edota osatzen duen arauan xedatutako ebaluazio-prozedura beteko da. A haztapenean neurtutako balioen batez besteko energiaren bestekoa izango da ebaluazioaren emaitza.

Aireko zarataren kontrako gutxieneko isolamendua ebaluatzeko orduan, «Eraikinetan eta eraikuntza-elementuetan isolamendu akustikoa neurtzea. 4. atala: Lokal batetik bestera zarata airetik igarotzearen kontrako isolamendua «in situ» neurtzea» izeneko UNE EN ISO 140-4:1999 arauan edota hura ordezkatzen edo osatzen duen arauan xedatutako ebaluazio-prozedura beteko da. Ebaluazioaren emaitza bat etorriko da DB-HR Zarataren aurreko babesa oinarrizko dokumentuko A eranskinean jasotako A.7 formularekin. Horretarako, DB-HR Zarataren aurreko babesa oinarrizko dokumentuko A.5 taulan xehatutako zaratara normalizatutako espektro arrosa erabili beharko da.

Kolpe-zarataren kontrako gutxieneko isolamendu akustikoa ebaluatzeko orduan, «Eraikinetan eta eraikuntza-elementuetan isolamendu akustikoa neurtzea. 7. atala: Kolpeen zarataren kontrako lurraren isolamendu akustikoa in situ neurtzea» izeneko UNE EN ISO 140-7:1999 arauan edota hura ordezkatzen edo osatzen duen arauan xedatutako ebaluazio-prozedura beteko da. Ebaluazioaren emaitza kalkulatzeko, «Akustika.Eraikinetan eta eraikuntza-elementuetan isolamendu akustikoa neurtzea. 2. atala: Kolpeen zarataren kontrako isolamendua» izeneko UNE EN ISO 717-2:1997 arauan edota hura ordezkatzen edo osatzen duen arauan xedatutakoa beteko da. Aipatu arau horretako A eranskinaren arabera normalizatutako kolpe-makina erabiliko da kolpe-zaratak sortzeko.

B.– Dardara-indizeetarako ebaluazio-metodoak.

1.– Dardarak neurtzeko metodoak.

Hona hemen Law bibrazio-indizeak ebaluatzeko gomendatutako neurketa-metodoak:

a) wm frekuentzia-haztapendun tresnekin.

Metodo hori erabiliko da doitasunezko ebaluazioetarako. Horretarako, wm frekuentzia-haztapendun tresna bat behar da, «Gizakiek dardaren aurrean duten erantzuna. Neurketa-tresnak» izeneko UNE EN ISO 8041: 2006 arauko definizioaren edo hura ordezkatzen edota osatzen duen arauaren araberakoa.

Neurketan zehar 1s (slow) denbora konstanteko neurri esponentzialaren detektagailu batekin lortutako gehienezko balio eraginkorra neurtuko da. aw, Maximum Transient Vibration Value (MTVV) izeneko parametroarekin bat etorriko da aipatu balio hori, «Gizakiek gorputz osoko dardarak jasateko arriskuaren ebaluazioa. 1. zatia: Baldintza orokorrak» izeneko UNE ISO 2631-1:2008 arauan edo hura ordezkatzen edota osatzen duen arauan xedatu bezala.

b) Law adierazlea lortzeko zenbakizko metodoa.

Soinuak haztapen gabe grabatu ahalko dira neurketa-tresnek frekuentzia-haztapenik edota neurri esponentzialaren detektagailurik ez dutenean, edo a) eta c) idatz-zatietan azaldutako prozeduren ordezko gisa, ondoren datuak a) idatz-zatian aipatutako ISO arauen arabera tratatzen badira.

c) wm frekuentzia-haztapena kalkulatzea.

Bibrazio iragankorrak neurtzen direnean prozedura hori egokia ez dela kontuan hartuta (frekuentzia baxuagoko zortzidun herenaren iragazkiak «slow» erantzuna baino erantzun geldoagoa dutelako), prozedura hori bibrazio geldikorrekin erabili beharko da soilik.

Tresnek wm frekuentzia-haztapenik ez dutenean espektro-analisi bat egin ahalko da, zortzidun herenaren bandako gutxieneko bereizmenduna, behean azaldutako metodologiari jarraituz.

Azelerazioaren balio eraginkorrek denboran izan dute bilakaera zehaztu beharra dago azterketa egitean. Horretarako, 1s (slow) denbora konstanteko neurri esponentzialaren detektagailua erabiliko da, hain zuzen ere, «Dardarak eta talka mekanikoak. Gizakiek gorputz osoko dardarak jasateko arriskuaren ebaluazioa. 2. atala: Dardarak eraikinetan» izeneko UNE ISO 2631-2:2011 arauan edo hura ordezkatzen edota osatzen duen arauan zehaztutako zortzidun herenaren banda bakoitzean. Neurketak iraun bitartean, gutxienez segundo bateko maiztasunaz hartuko dira datuak.

Ondoren, lortutako espektro bakoitza wm frekuentzia-haztapenaren balioaz biderkatuko da (Gizakiek dardaren aurrean duten erantzuna. Neurketa-tresnak» izeneko UNE EN ISO 8041:2006 araua edota hura ordezkatzen edo osatzen duten arauak). Beheko taulan adierazita daude 1 eta 80 Hz bitarteko zortzidun herenaren banden erdiko frekuentzietarako wm haztapenaren balioak.

(Ikus .PDF)

Jarraian, une bakoitzerako (espektro bakoitzerako) azelerazio global haztatuko balioak atera beharko dira, formula honen bidez:

(Ikus .PDF)

Non:

– aw,i,j: m/s˛-tan adierazitako azelerazio-zeinuaren balio eraginkorra (RMS, slow) zortzidun herenaren banda bakoitzarentzat (j) eta neurketako une bakoitzarentzat (i).

– wm,j: wm frekuentzia-haztapenaren balioa zortzidun herenaren banda bakoitzarentzat (j).

– aw,i: azelerazio-zeinu global eta haztatuaren balio eraginkorra (RMS, slow) neurketako une bakoitzarentzat.

Azkenik, aw-ren balioa (MTVV) ateratzeko, azelerazio global eta haztatuen gehienezko balioa hautatu beharko da, neurketako une bakoitzarentzat.

(Ikus .PDF)

2.– Dardarak neurtzeko prozedurak.

Dekretu honek ezarritako bibrazio-indizeak ebaluatzeko erabilitako neurketa-prozedurak agindu hauetara moldatuko dira:

a) Neurketak egin aurretik balizko bibrazio-fokuak, norabide nagusiak eta haien denborazko ezaugarriak zerrendatu behar dira.

b) Neurketak kalte handieneko tokian eta unean egingo dira, bibrazioaren norabide nagusian (halakorik badago eta argiro hauteman badaiteke). Norabide nagusia zehaztu gabe badago hiru norabide ortogonaletan neurtuko da aldi berean; haietako bakoitzean aw,i(t) balio eraginkorra eta ebaluazio-indizea atera beharko dira batura koadratiko gisa, t denbora-tartean, beheko formula hau erabilita:

(Ikus .PDF)

c) Jarduerek sortutako bibrazioak neurtzeko orduan, iragankorrak eta geldikorrak bereizi beharko dira.

i) Dardara geldikorrak: funtzionamenduaren aldaerarik kaltegarriena ezartzen den denbora-tartean egingo da neurketa, minutu batez gutxienez; denbora-tarte hori zein den erabaki ezin bada funtzionamendu-aldaera guztiak neurtu beharko dira, minutu batez, gutxienez.

ii) Bibrazio iragankorrak: bibrazioa hautemateko moduan eragin dezaketen egoera guztiak hartu beharko dira aintzat (zarata-fokua, intentsitatea eta kokapena, besteak beste).

Eguneko eta gaueko aldiak bereizi beharko ditu neurketak, eta izan daitezkeen gertakarien kopuru maximoa zenbatu beharra dago.

d) Azpiegiturek sortutako bibrazioak neurtzeko orduan bibrazio geldikorrak eta iragankorrak ere bereizi beharko dira. Horretarako, zirkulazio handiko bideetako ibilgailuen trafikoa geldikortzat har daiteke.

i) Bibrazio geldikorrak: zirkulazio-intentsitate handieneko (ibilgailu astunei dagokienez, batez ere) denbora-tartean egingo da neurketa, bost minutuz, gutxienez ere. Bideko trafikoari buruzko datuak ezagutzen ez badira, egun osoan zehar egingo dira neurketak, aw balio eraginkorra ebaluatuz.

ii) Bibrazio iragankorrak: dardara hautemateko moduan eragin dezaketen egoera guztiak hartu beharko dira aintzat (trenen kasuan, esaterako, bide bakoitzetik doazen ibilgailuen motak eta haien abiadura hartuko dira kontuan, betiere, haien arteko aldea nabarmena bada).

Eguneko eta gaueko aldiak bereizi beharko ditu neurketak, eta izan daitezkeen gertakarien kopuru maximoa zenbatu beharra dago.

e) Gertaera errepikakorrak badira, hiru aldiz neurtu beharko dira, eta baliorik altuena hartu emaitza gisa; neurketa sei gertaera edo gehiagorekin errepikatuz gero, batez bestekoari desbideratze tipikoa batuta ateratzen den balioa eman dakioke bibrazioari.

f) Dekretu honetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko zarata-foku berri batek sortutako bibrazioa neurtzeko orduan, hondoko bibrazioa (fokua geldi dela dagoen bibrazioa) aintzat hartuta zuzenduko dira emaitzak.

g) Neurketa ororen aurretik eta ondoren neurketa-katearen egiaztapen bat egin beharko da nahitaez, soinu kalibratzaile baten bidez, ongi dabilela bermatzeko.

URRIAREN 16KO 213/2012 DEKRETUAREN III. ERANSKINA
LURRALDEAREN SEKTORE BAT EREMU MOTA JAKIN BATEKOTZAT JOTZEKO IRIZPIDEAK

1.– Eremu akustikoak esleitzea.

1.– Lurralde-sektore bat Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legeak 7. artikuluan aurreikusitako eremu akustikoren batean sailkatzea sektore horren erabilera nagusiaren mende dago, edo lurralde-plangintza orokorrean zein hiri-plangintzan aurreikusi zaion erabileraren mende.

2.– Eremu batean urbanistikoki bateragarriak diren erabilerak daudenean edo egongo direla aurreikusita dagoenean, dekretu honetan ezarritakoaren ondorioetarako erabilera nagusia zein den erabaki beharko da, irizpide hauen arabera:

a) Bateragarriak ez diren erabilera guztiak hartzen duten edo hartuko duten azaleraren ehunekoa.

b) Lurzoru beraren gainean daudenean, bata bestearen gainean daudelako edo zoru berean baina oso nahastuta, erabilera bakoitzera bideratutako eraikitako azaleraren ehunekoa kalkulatuko da.

c) Erabilera nagusia zehazten duena azalera izan ordez erabiltzaileen kopurua dela pentsatzeko arrazoizko zalantza dagoenean, irizpide hori baliatu ahalko da b) idatz-zatian azaldutako azaleraren irizpidearen ordez.

d) Esleipen-irizpidea argi ez badago hartzaile sentikorrak babesteko printzipioa hartuko da aintzat.

e) Eremu akustiko baten barruan babes akustikoko eskakizun handiagoak dituzten erabilerak egon ahalko dira, baldin eta bermatzen bada dekretu honetan haientzat aurreikusitako kalitate akustikoko helburuak betetzen direla.

f) Eremu bati mota akustiko jakin bat esleitzean inolaz ere ezingo da erabakigarria izan eremuan dauden edo egongo direla aurreikusten den zarata-mailak eta eremu akustiko mota horri aplikatzen zaizkionak bat etortzea.

2.– Eremu akustikoak mugatzeko jarraibideak.

Eremu akustikoak mugatzeko jarraibide orokor hauei men egingo zaie:

a) Eremu akustikoen mugak erraz identifikatu ahalko dira lurrazalean, artifizialki eraikitakoak (kaleak, errepide-azpiegitura edo trenbideak, adibidez) zein naturalak direla ere (ibaien ibilguak, itsaso edo lakuen ertzak edo udalerrien mugak, esate baterako).

b) Mugatutako eremuaren edukia homogeneoa izango da eta, horrenbestez, zatiketa egokia egin beharko zaie, «erabilera nagusia» kontzeptua ez dadin modu okerrean aplikatu, hau da, eduki orokorrak ez dezan errealitatea faltsutu.

c) Mugatutako eremuak ez dira txikiegiak izango, ahal den neurrian lurraldea gehiegi zatitzea eta, horren ondorioz, trantsizio-kopurua areagotzea saihesteko.

3.– Eremu akustikoei atxikitako erabilera nagusiak zehazteko irizpideak.

Eremu akustikoei dagozkien erabilera nagusiak zehazteko orduan irizpide hauek erabiliko dira:

a) motako eremu akustikoak. etxebizitza-erabilera duten lurralde-sektoreak:

Horrela sailkatuko dira lehentasunez erabilera horietara bideratutako lurralde-sektoreak, eraikitako lurrak eta lorategi pribatuak, bai eta haien bizigarritasunaren osagarri direnak, hala nola, hiri-parkeak, lorategiak, jendea hartzera bideratutako gune berdeak eta kirol zehatz batzuk praktikatzera bideratutako eremuak.

b) motako eremu akustikoak. erabilera industrialeko lurralde-sektoreak:

Horrela sailkatuko dira industria- eta portu-jarduerekin lotutako erabileretara bideratutako edo erabilera horiek izan ditzaketen lurralde-sektore guztiak. Jarduera horietan sartzen dira, besteak beste: ekoizpen-prozesuak, materialak biltzeko parkeak, biltegiak eta logistika-jarduerak (ustiapen jakin bati atxikita daudelarik zein ez), industria-jarduerarako espazio osagarriak eta transformazio elektrikoko azpi-estazioak.

c) motako eremu akustikoak. Batez ere jolaserako eta ikuskizunetarako erabiltzen den lurralde-sektoreak:

Horrelakotzat joko dira, besteak beste: jolas egonkor zein iragankordun azokak, parke tematikoak edo jolas-parkeak hartzera bideratutako eremuak, aire librean topaketak egiteko tokiak, antzeztoki edo musika-areto irekiak, mota guztietako ikuskizun zein erakusketak eta kirol-jarduerak (ikusleak dituzten lehiaketak, bereziki).

d) motako eremu akustikoak. c) epigrafean sartu ez diren hirugarren sektoreko jarduerak:

Horrelakotzat joko dira, besteak beste: merkataritza-jarduera eta bulego publiko zein pribatue­tara bideratutako espazioak, ostalaritza- zein ostatu-erabileretara edo jatetxeetara bideratutako espazioak eta teknologia-parkeak (ekoizpen handiko jardueradunak salbu), haien jabetzeko autoetarako aparkalekuak barne.

e) motako eremu akustikoak. Osasun-, hezkuntza- eta kultura-erabilerara bideratutako lurralde-esparruak, hots-kutsaduraren aurkako babes berezia behar dutenak.

Horrelakotzat joko dira kanpoaldean hots-kutsaduraren aurkako babes berezia behar duten eta osasun-, hezkuntza- eta kultura-erabileretara bideratutako lurralde-esparruak, hala nola atsedenerako edo adinekoetarako bizitegi-eremuak, gaixoak ospitaleratuta dauzkaten osasun-eremu handiak, hezkuntza-eremuak (unibertsitate-campusak, ikasketa-guneak eta liburutegiak), ikerketa-zentroak, aire libreko museoak, museo-guneak edo kultura-adierazpenerako eremuak.

f) motako eremu akustikoak. Garraio-azpiegiturako sistema orokorrek edo haiek behar dituzten beste ekipamendu publiko batzuek eragindako lurralde-esparru edo -sektoreak.

Sailkapen hori emango zaie errepide-, trenbide- eta aireportu-azpiegituren sistema orokorrak hartzen dituzten jabari publikoko eremuei.

g) motako eremu akustikoak. Babes bereziko natura-guneak.

Hots-kutsaduraren kontrako babes bereziaren beharra duten eta dekretu honetan finkatutako baldintzak betetzen dituzten natura-guneak barne hartuko dira. Gune natural horietan babesteko gomendioa dakarren baldintzaren bat egon beharko da, hala nola fauna ugaltzeko guneak edo babestu nahi diren espezieren batzuen habitatak.


Azterketa dokumentala