Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2012ko azaroaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
5192

EBAZPENA, 2012ko urriaren 10ekoa, Lanbide Heziketako zuzendariarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan sartzeko 2012-2013 ikasturteko proba-deialdia egiten duena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko apirilaren 13ko Aginduak arautzen du nola sartu Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan. Agindu horren 2.1 artikuluak, berriz, ezartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtean behin, gutxienez, deialdia egingo duela heziketa-zikloetarako sarrera-probak egiteko.

Horren ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Dei egiten da Lanbide Heziketako goi-mailako eta erdi-mailako heziketa-zikloetan sartzeko probak egiteko 2012-2013 ikasturtean. Izan ere, proba horiek aipatzen dira Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako sarbidea arautzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2008ko apirilaren 13an eman zuen Aginduaren 2.1 artikuluan.

2. artikulua.– Izen-emateak eta informazioa.

1.– Proba egiteko, izangaiek 2013ko urtarrilaren 14tik 23ra bitartean –egun biak barne– eman beharko dute izena Euskal Autonomia Erkidegoan heziketa-zikloak ematen dituen ikastetxeren batean, horretarako Hezkuntza Sailak diseinatu duen aplikazio informatikoaren bitartez. Matrikula egiten dutenean, sarrera-proba egiteko azterketa-eskubideak ordaindu beharko dituzte izangaiek. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu betegina onartzeko irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak aipatzen dituen modalitateen bitartez ordaindu ahal izango da. Kreditu-erakunde kolaboratzaileek lagunduko dute horretan. 2013ko urtarrilaren 25a izango da azterketa-eskubideak ordaintzeko azken eguna.

2.– Probarako izena ematen denean, salbuespenak eskatuko dira, halakorik eskatu behar bada, eta horien gaineko agiriak aurkeztu beharko dira. Era berean, izangaiek adierazi beharko dute zein lurralde aukeratzen duten ziurtagiriak jasotzeko eta espedientea artxibatzeko. Izena emateko aldia amaituta, ezin izango da ezer aldatu proban eragiten duten datuetan.

3.– Izena emateko aldia amaitu eta bi eguneko epearen barruan, izena eman duten ikasleen sarrera-probari buruzko agiriak helaraziko dizkio ikastetxeak Lanbide Heziketako lurralde-unitateari.

4.– Izen-emateak jaso dituen ikastetxeak eta Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek informazioa emango diete interesdunei: heziketa-zikloetan sartzeko baldintzak, salbuespen-eskaerak, eskaerak egiteko egunak, proben edukia eta abar.

5.– Pertsona berak ezin izango du ikasturte berean sarrera-probak egiteko izena eman autonomia-erkidego batean baino gehiagotan. Baldintza hori ez betetzeak izen-ematea deuseztatzea ekarriko du berekin. Egoera hori egiaztatzeko, I. eranskinean jasotzen den aitorpena bete beharko da.

3. artikulua.– Salbuespenak ebaztea, eta onartu eta baztertutakoen zerrenda.

2013ko martxoaren 15ean, salbuespenen behin-behineko ebazpena, eta proba egiteko onartu eta baztertutakoen zerrenda argitaratuko dira ikastetxe hauetako iragarki-tauletan:

Araba: IEFPS Mendizabala GLHBI, Lasarteko errepidea, z/g (Vitoria-Gasteiz).

Bizkaia: IES Emilio Campuzano BHI, Santos Juanes kalea, 7 (Bilbao).

Gipuzkoa: Easo GMLHI, Felipe IV etorbidea, 1 (Donostia).

Eta web orri hauetan: www.hezkuntza.net edo www.euskadi.net/lanbidez

Martxoaren 18an eta 19an, salbuespenei buruzko ebazpenarekin eta onartu eta baztertutakoen zerrendarekin lotutako erreklamazioak egin ahal izango dira artikulu honetan aipatutako ikastetxeetako idazkaritzetan. Era berean, salbuespenen behin-behineko zerrendan adierazitako agiriak osatu ahal izango dira.

Apirilaren 12ko 12:00etan argitaratuko dira proba egiteko onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrendak, baita salbuespenenak ere.

4. artikulua.– Heziketa-zikloetan sartzeko izena eman duten ikasleek salbuesteko aurkeztu beharreko agiriak, baldin eta izena emateko orduan erdi-mailako zikloren edo hasierako lanbide-kualifikazioko programaren batean matrikulatuta badaude.

2013ko ekainaren 3tik 5eko 12:00etara bitartean, dagokion aldian heziketa-zikloetan sartzeko proban izena emanda duten ikasleek izena emanda badute erdi-mailako zikloren batean edo hasierako lanbide-kualifikazioko programaren batean matrikulatuta badaude, eskatutako salbuespenei buruzko agiriak aurkeztu ahal izango dituzte proban izena emateko epean, betiere Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2008ko apirilaren 13an emandako Aginduaren xedapen gehigarrietatik bigarrena betetzeko (agindu horren bidez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan sartzeko modua arautzen da, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko azaroaren 15eko aginduak aldatzen du).

Dokumentazio hori 3. artikuluan aipatutako ikastetxeetako idazkaritzetan aurkeztu beharko dute Heziketa-zikloa edo HLPP Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikastetxeren batean ikasten duten ikasleek. Horretarako, II. eranskinean adierazten den eredua erabili beharko da.

Heziketa-zikloa edo HLPP Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeren batean ikasten duten ikasleen kasuan, zein ikastetxetan dauden matrikulatuta, ikastetxe horrek helaraziko dizkio datu horiek epaimahaiari, horretarako daukaten aplikazioaren bitartez. Horretarako, ikastetxeak jakinarazpen bat jasoko du ikastetxeko helbide elektroniko ofizialaren bitartez, eta bertan jakinaraziko zaio atal horrek eragindako ikasleak dituela.

Ekainaren 6ko 12:00etan argitaratuko da artikulu honek aipatzen dituen ikasleen zerrenda, hain zuzen ere salbuetsita geratzen diren ikasleena.

5. artikulua.– Probak egitea.

1.– Egin beharreko proben egutegia.

(Ikus .PDF)

2.– Probak non egingo diren.

Bilbao Exhibition Centre, Euskadi hiribidea z/g (Ansio, Barakaldo). Oraindik ez da zehaztu zein pabiloitan.

3. artikuluan adierazitako ikastetxeetako idazkaritzek zaindu egin beharko dituzte lurralde bakoitzeko ariketak, kalifikazioak eta ikasleen espedienteak.

Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak egingo ditu prozesuaren gaineko ikuskaritza- eta aholkularitza-lanak.

6. artikulua.– Probaren emaitzak eta erreklamazioak.

Proben emaitzak 2013ko ekainaren 20ko 12:00etan argitaratuko dira ebazpen honen 3. artikuluan adierazitako tokietan. Une horretatik aurrera eta ekainaren 21eko 13:00ak arte, erreklamazioak egiteko epea irekiko da; erreklamazioak, berriz, ebazpen honetako 3. artikuluan aipatutako ikastetxeetako idazkaritzan egingo dira.

Erreklamazioen ebazpena ere aipatutako tokietan jarriko da 2013ko ekainaren 27ko 11:00etan.

7. artikulua.– Proben ziurtagiriak.

Proba guztiak gainditzen duten ikasleek egiaztagiriak eskuratu ahal izango dituzte 2013ko ekainaren 20tik aurrera. Horretarako, eskabidean hautatutako lurraldeko ikastetxeko idazkaritzara, emaitzak argitaratu dituenera, jo beharko dute. Proben zatiren bat bakarrik gainditu dutenek, berriz, ekainaren 25etik aurrera eskuratu ahal izango dituzte gainditutako zatiaren edo zatien egiaztagiriak.

8. artikulua.– Plazak gordetzea.

Sarrera-probatik datozen ikasleei heziketa-zikloko plaza guztien % 25 gordeko zaie. Plaza horiek guztiak ez badira betetzen probatik datozen ikasleekin, soberan direnak gehitu egingo zaizkie zuzenean sartzen direnei eskainitakoei.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honetan prozedura-gaietarako arautzen ez denerako, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da, ordezko modura (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 10a.

Lanbide Heziketako zuzendaria,

María José Madariaga Rola.


Azterketa dokumentala