Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

252. zk., 2012ko abenduaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
5937

AGINDUA, 2012ko azaroaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Cambridge-ko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitarientzat diru-laguntza bat deitzen da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Cambridge-ko Unibertsitateak hitzarmen bat izenpetu dute, ikertzaile bat izan dadin Unibertsitate horretako Clare Hall ikastegian.

Clare Hall 1966. urtean sortu zen, Cambridge-ko Unibertsitateko ikasketa aurreratuko ikastetxea da. Gero eta ikertzaile bisitari gehiago hartzen dituen programa eskaintzen du, hau da, munduko herrialde guztietako akademikoak biltzen ditu, eta ikertzaile horiek Cambridge-n bertan bizi eta lan egiten dute hamabi hilabetean, gehienez ere. Cambridge-k bost ikastetxe ditu gradu-ondoko ikasleentzat eta horietako bat da Clare Hall dugu. Bertan Euskal Herriko ikertzaile bisitari bat izatea, bertako gaietan espezializatua izatea hain zuzen, oso lagungarria izango da gure Herria gero eta gehiago ezagutu dadin.

Kontuan hartu da Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituena (2009ko maiatzaren 9ko EHAA).

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko den gastu espedientearen aurreratutako tramitazioa arautzen duen Ekonomia eta Herriogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua da oinarriak finkatu eta prozedura arautzea, 2013-2014 ikasturtean ikertzaile bisitariek Cambridge-ko Unibertsitateko Clare Hall-en egingo dituzten egonaldiak finantzatzeko diru-laguntzak emateko.

2.– Lanaren barruan, ikertzaile bisitariak, besteak beste, gai hauetakoren bat landu ahal izango du: fisika, biologia zelular eta molekularra eta arteak (humanitateak, gizarte-zientziak eta zientzia juridikoak).

2. artikulua.– Iraupena.

Egonaldiaren iraupena bederatzi hilabetekoa da, eta urrian hasiko da; dena den, izangaiek nahi izanez gero, sei hilabeteko egonaldi aukeratu ahal izango dituzte.

3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza hau lortzeko, bisitariek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 2012ko urtarrilaren 1erako, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez urtebete bizi izana.

b) Zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta ez egotea ere. Era berean, ezin izango da sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortua izan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

c) Doktore-titulua izatea.

d) Cambridge-ko Unibertsitateko sail edo fakultateren batek kide moduan onartzea.

e) Edonola ere, eskatzaileek lana egin ahal izateko eta lehen egunetik unibertsitate-erkidegoarekin bizitzeko adina jakin beharko dute ingelesez.

4. artikulua.– Hautagaiak aurkeztea.

1.– Eskaera-orriak eta gainerako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Deialdiaren testuak Internet-eko helbide honen bidez lortu ahal dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net

2.– Diru-laguntza hau jaso nahi dutenek eskaera bat bidaliko diote Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari. Horretarako, I. eranskineko datu-orri normalizatua erabiliko dute.

Eskaerarekin batera dokumentazio hau erantsi behar da:

a) Erantzukizunezko adierazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50. artikuluaren seigarren paragrafoan aipatzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena. Jakinarazpenak honako hauek hartuko ditu:

– Eskatzaileak ea xede bererako beste diru-laguntza, sarrera edo baliabiderik eskatu dituen edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutan, eta, behar izanez gero, halakorik eskuratu duen ere bai.

– Diru-laguntzen esparruan hasitako ea inongo itzultze- edo zehatze-prozeduratan sartuta dagoen eskatzailea.

– Eskatzaileari diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik dagoen, edo horretarako legezko inolako debekurik jaso duen.

b) Erroldatze-egiaztagiria.

c) Doktore-graduaren egiaztagiria.

d) Cambridge-ko Unibertsitateko sail edo fakultateren batek ikertzailea onartu duela adierazten duen agiria.

e) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

f) Curriculum akademiko eta zientifikoa, ingelesez idatzia.

g) Cambridge Unibertsitateko Clare Hall-en egin beharreko ikerketa-proiektua. Agindu honen 1. artikuluan aipatzen den edozein diziplinetakoa izango da eta ingelesez idatzi beharko da.

h) Cambridge Unibertsitateko Clare Hall-eko «Application for a Visiting Fellowship» delako eskabidea. Inprimakia Interneteko helbide honen bidez lortu ahal da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/r43-5552/eu/contenidos/informacion/dib4/eu_2035/basica_e.html

i) Eskatzailea unibertsitate-irakasle bada, ikastetxearen legezko ordezkariak emandako agiri bat erakutsiko du, laguntza hartzen duen aldian eskatzaileari kanpoan egoteko baimena ematen diona.

j) Ingelesaren ezagutza-maila egiaztatzeko dokumentazioa.

k) Irakaskuntza- eta ikerketa-lana dela-eta hiru ikertzaile entzutetsuren erreferentzia-gutunak izan beharko dituzte ikasgaiek, eta ikertzaileok haien lana ezagutu beharko dute. Ingelesez idatziko dira.

3.– Eskaera, behar diren dokumentuekin batera, honako leku hauetan aurkeztu ahal izango da:

– Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko erregistroan: Donostia 1. Lakua I, 3. solairua; 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitza ofizialeko erregistro lagungarrian: Kale Nagusia 85; 48001 Bilbao.

– Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitza ofizialeko erregistro lagungarrian: c/ Andia 13; 20004 Donostia.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko bestelako erregistroetan (72/2008 Dekretoa, apirilaren 29koa, 102 zbko EHAA, 2008ko maiatzaren 30ekoa).

– Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bideen bitartez (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Eskabideak Correos-eko bulegoetan aurkezten badira, gutun-azala irekita dutela aurkeztuko dira, eskutitzetarako goiburuan Correos-en zein egunetan eta ordutan jaso ziren ager dadin.

Eskabideak eta agiriak helbide honetara bidaliko dira:

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.

Zientzia Politikarako Zuzendaritza.

Erref. «Laguntza: Cambridge-ko Unibertsitateko Clare Hall».

Donostia-San Sebastián, 1

01010 Vitoria-Gasteiz.

5. artikulua.– Eskabideetan egin diren hutsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honetan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten; era berean, ohartaraziko die, agindutakoa bete ezean, eskaera bertan behera utzi dutela esan nahiko duela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).

6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzak kudeatuko ditu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko behar diren lanak.

7. artikulua.– Hautatze-batzordea. Ikertzaileak aukeratzeko irizpideak.

1.– Aukeratze-batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak eta erabakiko du nori esleitu laguntza. Kide hauek osatuko dute batzorde hori.

a) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak edo eskuordetzen duen pertsonak. Batzordeburua izango da.

b) Clare Hall-eko Fellowship Committee-ko presidenteak.

c) Bi aditu akademikok, gehienez ere, Cambridge-eko Unibertsitatekoa bata eta Euskal Autonomia Erkidegokoa bestea, akordio honen diziplina nabarmenetan esperientzia zabala izango dutenak, Clare Hall-eko Fellowship Committee-ko presidenteak eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak hurrenez hurren aukeratuak. Hautagaientzat espezialitate asko biltzen badira, alderdiek beste aditu bat proposa dezakete.

2.– Aukeratze-batzordeak baloratuko ditu aurkeztutako eskaerak bi fasetan eta irizpide hauen arabera:

1. lehiaketa-aldia:

Curriculum akademiko eta zientifikoa: 10 puntu.

– Argitalpenak, ponentziak, ezagueraren transferentzia: 4 puntu.

– Ikerketa-proiektuak eta zuzendutako tesiak: 3 puntu.

– Gradu eta gradu-ondoko irakas-jarduera: 3 puntu.

Ikerketa-proiektua: 10 puntu.

– Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.

– Emaitzek euskal gizartean duten eragina: 3 puntu.

Ikertzailearen prestutasuna: 5 puntu.

– Bederatzi hilabeteko egonaldia: 5 puntu.

2. lehiaketa-aldia:

Elkarrizketa bat egingo da eta ikerketaren memoria ingelesez azaldu beharko zaio kalifikazio-epaimahaiari: 10 puntu.

1.– Aukeratze-batzordeak galderak egin ahal izango ditu azaldutakoari edo diru-laguntzaren helburuari lotutako beste gai batzuei buruz. Aukeratze-batzordeak, gehienez ere, lehen bost izangaiak elkarrizketatuko ditu. Dena den, elkarrizketatuko diren izangaien kopurua ordena zehatzean zabaldu ahal izango da, lehen bost izangaietako baten bat elkarrizketara joaten ez bada.

2.– Eskatzaileen ebaluazioa bukatu ondoren, batzordeak onuradunak izendatuko ditu eta ordezkoen lehentasun-ordena erabakiko du, uko egiten den kasuetarako edo diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzen den beste egoera batzuetarako. Lehiaketaren bi aldien zenbaketa osoan puntuaziorik handiena lortzen duen izangaia izango da esleipenduna. Berdinketa izanez gero, elkarrizketaren fasean puntuazio handiagoa lortu duen izangaia aukeratuko da.

3.– Clare Hall-eko Gobernu Kontseiluak aztertuko ditu izangaiak eta, bere irizpideen arabera, proposatutako izangaiak onartu edo atzera botako ditu.

4.– Aukeratze-batzordeak ez du diru-laguntzarik emango, eskaerarik ez baldin badago edo izangaiek balorazio osoaren % 50 gainditzen ez badute. Halaber, egonaldi partzialetako aldietakoren bat hutsik gelditu ahal izango da.

8. artikulua.– Ebazpena eta esleipena.

1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako aukeratze-prozesua gauzatu ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpenaren bidez esleituko da diru-laguntza.

2.– Ebazpenak puntu hauek adieraziko ditu: nor den edo nortzuk diren ikertzaile onuraduna edo onuradunak, egonaldiaren hasiera- eta bukaera-data, zenbateko diru-laguntza ematen den, 9. artikuluan aurreikusitako kontzeptuen arabera xehatuta eta, behar izanez gero, nortzuk diren ordezkoak eta haien lehentasun-ordena.

3.– Hartutako ebazpena interesatuei berei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Hori guztia egin arren, eta guztiek ezagutzeko, diru-laguntza jaso duten eta ordezkoak izateko aukeratutako pertsonen zerrendak argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta horren aurka gorako helegitea jarri ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari.

5.– Diru-laguntzak esleitzeko eta jakinarazteko epean, ebazpenik eman edo jakinarazten ez bada, eskaerak atzera bota direla interpretatuko da. Kasu honetan, eta Administrazioak espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe, hiru hilabetekoa izango da gorako errekurtsoa jartzeko epea, oinarri honen 1. atalean aurreikusitako epeak bukatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

2013-2014 ikasturtean bederatzi hilabeteko egonaldirako zanbatekoa 42.478 baina proportzionalki murriztu ahal izango da, onuradunak sei hilabeteko egonaldi partziala aukeratzen badu. Kantitate hori jarraian adierazten den eran xehatzen da:

a) 30.231 libera esterlina, Clare Hall-en zeharkako gastuak estaltzeko; horren barruan sartuko dira Clare Hall-ek eskaintzen duen laguntza teknikoa barne eta ikertzaile bisitariaren mantentze-gastuak. Ostatu-gastuen barruan gastu hauek sartzen dira: pertsona batentzako estudio baten alokairua, elektrizitatea, berogailua eta udaleko tasak barne hartuta. Mantenua astelehenetik ostirala luzatzen da. Kantitate honekin beste hainbat gastu mota estaltzen dira, hala nola, ikerketa-gastuak, hastapen-gastuak eta bestelako ekitaldiak (profesionalak, harrerak, kontzertuak).

b) 3.400 libera esterlina, gehienez ere, ikertzaile bisitariak mintegi bat antolatu eta garatzeko.

c) 8.847 libera esterlina, ikertzaile bisitariari ordaintzeko.

Halaber, onuradunek istripu eta erantzukizun zibileko asegurua izango dute, eta horri bidaia-asegurua gehituko zio, atzerriko egonaldirako. Interesatuaren ezkontidea eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin, interesdunek eskatuz gero, aseguru hori eurei ere luzatu ahal izango zaie. Era berean, izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da aseguru hori, baldin eta antolamendu juridikoaren ziurtagiriren bat aurkezten bada.

10. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza ordaintzeko, arau hauek beteko dira:

a) Clare Hall-ek, diru-laguntza honen ordainketa kudeatzeko erakunde laguntzaile den aldetik, 9 hilekotan ordainduko dizkio ikertzaileari 9. artikuluaren c) idatz-zatian hitzartutako zenbatekoak. Lehenengo hileko ordainketa Cambridge-ra iristean egingo zaio.

b) Clare Hall-ek ikertzaileari ordainduko dizkio mintegiak antolatzeak dakartzan gastuak; horretarako, azalpen zehatza erakutsi eta egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

Onuradunari diru-laguntza ordaindu ahal izateko, bukatuta egon beharko du dirua itzultzeko edo zigortzeko tramitatzen ari den edozein prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek ematen dituzten diru-laguntzen prozesuaren barruan.

11. artikulua.– Bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateraezina da helburu bererako ematen den beste edozein diru-laguntza jasotzearekin.

12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, diru-laguntza eman dela jakinarazten den egunetik hamar eguneko epean onuradunak espresuki eta idatziz uko egin ezean, onartuta dagoela interpretatuko da. Diru-laguntza onartzeak esan nahiko du Agindu honetan agertzen diren arauak onartzen direla.

b) Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dioten informazioa ematea, diru-laguntzen destinoa fiskalizatzeko egiten dituzten jardueren barruan.

d) Mintegi bat antolatzea, egiten duen ikerketari buruz, eta haren emaitzak liburu, artikulu zientifikoetan eta gainontzeko komunikabideetan hedatzea. Hamabi hilabeteko zein sei hilabeteko egonaldia egiten dutenek derrigorrez egin beharko dute mintegia.

e) Clare Hall-eko Visiting Fellow estatusari dagozkion jarduera arruntetan parte hartzea; era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eskatuta, ezagutza Euskal Autonomia Erkidegoan hedatzeko jardueretan ere parte hartzea.

f) Egin duen ikerketari buruzko txosten bat bidaltzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta Clare Hall-i, baita Clare Hall-en eta Euskal Autonomia Erkidegoan egin duen beste edozein jarduerari buruzkoa ere.

g) Egindako gastuen azalpen zehatza eta jatorrizko egiaztagiriak Clare Hall-i bidaltzea, beti ere artikulu honen d) idatz-zatian jasotzen den kasuan.

h) Indarrean den antolamendu juridikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Aurrekontu Orokorren kontura jasotzen diren diru-laguntzei buruz ezartzen dituen eginbeharrak eta, bereziki, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.2 artikuluan xedatzen duena (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratua onartzen duena, diru-laguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruzkoa).

13. artikulua.– Uko egitea.

Diru-laguntzaren onuradunak uko eginez gero, eskubide guztiak galduko ditu.

Uko eginez gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak lehenengo ordezkoa izendatu ahal izango du ikertzaile, gelditzen den aldirako.

14. artikulua.– Ez betetzeak.

Diru-laguntzaren onuradunak bete ezean diru-laguntza emateko agindu honetan eta gainontzeko araudietan ezarritako edozein baldintza, ebazteko eskumena duen organoak ebatzi eta ebazpena eman ahal izango du. Ebazpen horretan, deklaratuko du interesdunak jasotzeke dituen zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu duela eta jasotakoak eta horien legezko interesak, berriz, derrigorrez itzuli beharko dizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen testu bateratua onartzen duenak) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzaren bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duenak eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak erregimena eta betebeharrak ezartzen dituenak), xedatutakoaren arabera.

15. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz,deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren 3. zenbakidun fitxategian, «Bekadunentzako diru-laguntzak» izenekoan, jasoko dira, eta deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena. Fitxategi hori arau honen xedapen-esparruan sartzeko da: 2010eko urriaren 4ko agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena (azaroaren 5eko 213 zenbakidun EHAA). Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Agindu honek prozeduraren arloan xedatzen duenari begira, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, hots, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.

Bigarrena.– Dekretu honetan aipatutako diru-laguntzak bat etorri beharko dute bertan finkatutakoarekin bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluan aurreikusitakoarekin ere; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen lege hori.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioa Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 27a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala