Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2013ko urtarrilaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
1

19/2012 LEGEA, abenduaren 28koa, aparteko ordainsarien gaineko neurriei buruzkoa.

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 28ko 19/2102 Legea, aparteko ordainsarien gaineko neurriei buruzko buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Lege honek 2013ko aurrekontu-ekitaldirako araubide berezia ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko langileek aparteko ordainsariak jasotzeko moduari dagokionez.

Ikuspegi materialetik begiratuta eta aurrekontu-izaera alde batera utzi gabe, ekimen hori guztiz legitimoa da, Autonomia Erkidegoak funtzionario publikoen erregimenean duen eskumenaz –Autonomia Estatutuaren 10.4 artikuluan aitortzen da eta sektore publikoko langileen erregimen juridikoan esku hartzeko aukera ere ematen dio– nahiz Euskadiko sektore publikoaren arloan duen eskumenaz –Estatutuaren 10.24 artikuluan aitortutako eskumen esklusiboa– baliatuta gauzatu baita.

Halaber, Autonomia Estatutuaren 10.25 artikuluak erakunde autonomikoei esleitzen dien eskumena ere kontuan izan behar da, araubide horrek Euskadiko jarduera ekonomikoa sustatzeko helburuari eragiten baitio, Euskadiko ekonomia kontsumoan jasaten ari den uzkurduraren eta horren ondorio kaltegarriak direla-eta.

Azkenik, egungo testuinguruan, finkapen fiskaleko eta kontu publikoak jasangarri egiteko prozesurako nahitaezkoak diren aparteko neurri urgenteak dira nagusi, sektore publikoko langile-gastuak arrazionalizatu eta murriztera bideratutako neurriak. Hain zuzen ere, neurri horiek eragin dute sektore publikoko langileen ordainsariak murriztea 2012an, aurrekontu-egonkortasuna bermatu eta lehiakortasuna sustatzeko ahaleginean.

Laburbilduz, helburua da 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzeak langile publikoei beren antolamendu ekonomikoaren aurreikuspenetan eragindako ondorioak arintzea, kontuan izanda aurrekari horrek aurten bakarrik aplikatuko den estatuko arau batean duela jatorria eta orain aparteko erregulazio horretatik kanpo geratu diren neurrian hartu direla 2013rako eta Langile Publikoaren Estatutuan eta Euskal Funtzio Publikoaren legean araututako aparteko ordainsariak jasotzeko modua aldatuko da, ordainsari horien funtsezko araubidea eta aldizkakotasuna aldatu gabe.

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko langileek 2013an aparteko ordainsariak jasotzeko modua aldatzea.

1.– Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko langileei aplikatuko zaie, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Erakunde Administrazioa eta sektore publikoaren baitan izaera juridiko propioa duten, atxikiak edo mendekoak diren gainerako erakundeetako langileei.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko erakundeek 2013ko urtarrileko eta uztaileko lehen egunetan ordainduko dizkiete ekitaldi horretako aparteko ordainsariak beren langileei, izendapen politikoko langileak barne. Neurri hori 2013ko ekitaldian aplikatu beharreko aurrekontuen kargura gauzatuko da, baina ez du eragingo urte horretarako ezarritako ordainsariak handitzerik edo Euskal Autonomia Erkidegoan 2013rako aurreikusitako defizit publikoko edo aurrekontu-egonkortasuneko helburuak aldatzerik.

3.– Aparteko ordainsariak langile finkoei nahiz aldi baterakoei aurreratuko zaizkie. Aurreikusitako lan-harremana urtebete baino gutxiagokoa bada, proportzioan dagokien zatia aurreratuko zaie.

4.– Aparteko ordainsaria aurreratu bada eta, edozein arrazoirengatik, aurreikusitakoa baino lehen amaitzen bada zerbitzu-harremana, langileari likidazioa egingo zaio eta, hala badagokio, gehiegi kobratu duten zenbatekoa itzuli beharko du.

AZKEN XEDAPENA

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 28a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala