Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2013ko martxoaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1502

EBAZPENA, 2013ko otsailaren 21ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena. Honen bidez, Vitoria-Gasteizen, Buesa Arena pabilioiaren estalkian, 400 kW-ko instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektuak –Álava Agencia de Desarrollo, S.A. sozietateak sustatuak– ingurumenean duen inpaktuaren adierazpena egiten da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, haren I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

Vitoria-Gasteizko Buesa Arena pabilioiaren estalkian 400 kW-ko instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektuari administrazio-baimena emateko prozedura hasita dagoelarik, honako arau hauek aplikatu behar dira: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, eta, bestetik, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Beraz, bi arau horiek betez, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzen diren izapideak gauzatu dira, besteak beste:

– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia ezartzea. Proiektuaren sustatzaileak eta organo eskudunak eskatuta, 2012ko maiatzaren 24an, Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Izapide hori amaitu zen, hain zuzen ere, ingurumen-organoak 2012ko uztailaren 16an txostena eman zuenean proiektuak ingurumenean duen inpaktuaren azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruz.

– Jendaurreko informazioaren izapidea. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak jendaurrean jarri zuen proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana (2012ko abenduaren 28ko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala, 150. zk. eta 2012ko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 252. zk.).

– Entzunaldiaren izapidea. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gaineko kontsulta egin zien eragindako administrazioei eta interesdunei, 2012ko azaroaren 26an.

– Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatzea. 2013ko otsailaren 11n, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Energia eta Meategien Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen espedientea, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Aztertuta geratu dira agiri teknikoak eta proiektuaren espedientean dauden txostenak, eta ikusi da ingurumen-inpaktuaren azterketa egokia dela eta bat datorrela indarrean dagoen legeriarekin. Horrenbestez, zenbait xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz –Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko egitura organikoa eta zereginak finkatzen dituen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan–, Ingurumen Sailburuordetzak, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko organo eskuduna denez, hauxe

EBAZTEN DU:

1.– Vitoria-Gasteizen, Buesa Arena pabilioiaren estalkian, 400 kW-ko instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektuak ingurumenean duen inpaktuaren adierazpena egitea. Proiektu hori Álava Agencia de Desarrollo, S.A. sozietateak sustatu du.

2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz:

2.A.– Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera gauzatu beharko da, bai eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera ere.

2.B.– Proiektua aldatu edo hedatuz gero, nahitaez aplikatu beharko da urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa, arau horren beraren II. eranskineko 9.k) epigrafeari lotuta (legegintzako errege-dekretu horren bitartez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartu zen).

Proiektuan aldiro egiten diren aldaketak –hau da, aurreko idatzi-zatian adierazitakoen garrantzirik izan gabe, obrak egiteko falta diren gainerako prozeduretan sortzen diren aldaketak–, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan sartuko dira.

2.C.– Neurri babesleak eta zuzentzaileak.

Proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioan eta paragrafo honetan aurreikusitakoaren arabera burutuko dira neurri babesle eta zuzentzaileak.

2.c.1.– Instalazioaren eraikuntzan eta funtzionamenduan ezarri beharreko neurri babesle eta zuzentzaileak.

a) Instalazioa egitean, pabilioiaren kanpoaldean obra-materialak pilatzeko, garabia jartzeko eta bestelako beharrizanetarako erabiltzen diren eremuak zedarritu eta egokitu beharko ditu kontratistak, ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko. Eremu horiek obra-jardunbide egokien arabera kudeatuko dira, eta bereziki zainduko dira honako alderdi hauek: ahalik eta lursail gutxien okupatzea, makinaria egoki mantentzea, hautsa eta zarata murriztea eta hondakinak behar bezala kudeatzea.

Aipatutako eremu horretatik kanpo nahigabeko eraginak izanez gero, eragina lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira.

b) Hauts-itxurako materiala erabili edo sortuz gero, hautsa barreiatzea saihesteko neurriak hartuko dira, hala nola, halako materialak estaltzea edo, hala behar izanez gero, ureztatzea.

c) Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duenak, 22. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta soinu-igorpenei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara; eta bereziki egokitu beharko dira, hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituenak, eta arau osagarriek ezarritakora.

d) Kontratistaren instalazio-eremuetan, kanpoaldean daudenetan, hondakin-urak sortuz gero, halako efluenteak bildu eta egoki kudeatzeko sistema bat ezarriko da, lurzorua eta ura kutsatu ez dezaten.

e) Proiektuaren exekuzio eta funtzionamenduak iraun bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta araudi espezifikoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro, lehentasunez, behar bezala baimendutako balorazio-prozesu batetik igaro beharko da. Alde horretatik, honako lehentasun-hurrenkera hau ezartzen da: berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; beste balorizazio mota bat, balorizazio energetikoa barne dela.

Hondakin horien balorizazioa teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinen kudeaketa Gailu elektriko eta elektronikoei eta horien kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz gauzatuko da.

Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak, berriz, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Hondakindegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak hondakindegietan utzita deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuari eta Hondakinak hondakindegietan utzita deuseztatzea eta betelanak egitea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraituko zaie.

Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen arabera.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta horien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea.

2.c.2.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obra amaitu ondoren, garbiketa-lan zorrotza egingo da, eta proiektuaren eragina izan duen eremuan obra-soberakin guztiak kenduko dira, erabat garbi utzi arte.

2.c.3.– Eremu elektromagnetikoetarako esposizioa mugatzea.

Instalazioek eragindako eremu elektriko eta magnetikoek ezingo dituzte gainditu Europar Batasunaren Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan adierazitako erreferentziako mugak eta oinarrizko murrizketak. Gomendio hori pertsonek eremu elektromagnetikoekiko duten esposizioari buruzkoa da (0 Hz-tik 300 GHz-ra).

2.c.4.– Instalazioak bertan behera uztea.

Jarduera uzten denean, berariazko araudia aplikatuko da. Horrez gain, deuseztatzeko lanak egiteko orduan, obra-faserako ezarritako neurri babesleen zein neurri zuzentzaileen antzekoak aplikatuko dira, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Halaber, deuseztatze-lanen prozesuan okupatutako lur-azalera guztiak lehengoratu beharko dira.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan eta ebazpen honetan ezarritako moduan gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa. Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirian integratuta geratuko da, eta dagokion aurrekontua edukiko du.

Obrak amaitu ondoren, sustatzaileak obra-amaierako txostena egin beharko du, eta han jasoko du obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa, bai eta neurri babesleak, neurri zuzentzaileak eta ingurumen-zaintzakoak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere.

Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua gauzatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira, eta ingurumen-eraginaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu.

2.E.– Neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan, baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen denean.

2.F.– Obrak bukatu ondoren, sustatzaileak, ebazpen honetako beste ataletan ezarritakoaz gain, obra amaierako txosten bat igorriko dio Ingurumeneko sailburuordeari, ebazpen honetako 2D atalean ezarritako edukia duela.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 47.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen du.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, obrak hasteko epea 2 urtekoa izango da, ingurumen-inpaktuari buruzko deklarazio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo eskudunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik badago.

5.– Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, Proiektuen ingurumen-inpaktuaren eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, bere 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen organoari proiektuko lanak zein egunetan hasiko diren.

6.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko otsailaren 21a.

Ingurumeneko sailburuordea,

JOSÉ ANTONIO GALERA CARRILLO.


Azterketa dokumentala