Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2013ko martxoaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
1510

IRAGARKIA, 2007-2013 EAEPE EGEFren Komunikazio Plana sendotzeko argazki-lehiaketaren oinarriak argitaratzen dituena.

Antolatzailea: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak (aurrerantzean «antolatzailea»), hau da, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (01010) egoitza duenak, lehiaketa hau antolatu du: 2007-2013 EAEPE EGEF argazki-lehiaketa», zeinen bidez aditzera eman nahi baitira EGEF Funtsek EAEn finantzatutako ekimenak.

Jarduera EAEn gauzatuko da. 2013ko martxoaren 18an (09:00etan) hasiko da lehiaketa, eta argazkiak jasotzeko azken eguna 2013ko apirilaren 26a izango da (23:59tan).

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) erroldatuta dauden pertsonak aurkeztu ahal izango dira, 14 eta 25 urte bitartean badituzte, biak barne (1988ko urtarrilaren 1etik 1999ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak).

Lehiaketan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da Facebook-eko EGEF Euskadi orriaren zalea izatea edo zale egitea.

Facebook-eko EGEF Euskadiren orrian Lehiaketak duen aplikazioaren bitartez kargatutako argazkiek bakarrik hartuko dute parte lehiaketan. Twitter plataforma honetarako bakarrik erabiliko da: EGEFri lotutako informazioa lortzeko eta lehiaketaren zabalkundea egiteko; eta horretaz gain, Facebook-eko EGEF Euskadiren orrirako estekak izango ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoan, EGEFk emandako finantzaketa edo Europatiko beste laguntza batzuk jasotzen dituzten proiektuak edo ekimenak, horiexek erakutsi beharko dituzte argazkiek. Argazkiarekin batera testu bat aurkeztu ahal izango da, zeinetan deskribatuko baita argazkiaren eta Europatiko laguntzen arteko erlazioa.

Parte hartzeko, parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost argazki aurkez ditzake.

Lehiaketan parte hartuko duten argazkiek originalak izan beharko dute.

Ez da onartuko egileak egindakoa ez den edo egilearen jabetzakoa ez den argazkirik.

Argazkiak formatu digitalean egongo dira.

Argazkiak kamera digitalarekin egindakoak izango dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Argazkiak JPG artxiboak izango dira.

– Artxiboak 5 Megabyte (Mb) izango ditu gehienez.

Deialdi honetan adierazitako betekizunak betetzen ez dituzten parte-hartzaileak automatikoki kanporatuko dira lehiaketatik.

Lehiaketan parte hartzeko, Facebook-eko helbide honetara sartu beharko da: «www.facebook.com/feder.ejgv», eta parte hartzeko formularioa bete, zeinari argazkiak erantsi ahal izango zaizkion. Parte-hartzaileek datu hauen berri eman beharko dute:

– Lehiatzailearen izen-abizenak.

– Jaioteguna.

– E-maila.

– Telefonoa.

– Lehiaketaren berri zein hedabidetik jaso duen.

Argazkiak jasotzeko epea martxoaren 18an (09:00etan) hasiko da eta 2012ko apirilaren 26an (23:59an) amaituko da.

Gustu txarreko argazkiak edo irudiko protagonistentzat iraingarriak izan daitezkeen argazkiak baztertu egingo dira.

Irudiak lehiaketaren kanal sozialetan ikusi ahal izango dira, eta bisitariek libreki balioetsi ahal izango dituzte.

Lehiaketan parte hartu duten argazki guztiak erakutsiko dira Facebook-eko orrian.

Parte-hartzaileak onartu egiten du bere argazkiak lehiaketaren kanal sozialetan ikusi ahal izango direla (Facebook).

Sariak ekitaldi baten emango dira, eta irabazleek bertan egon beharko dute. Ekitaldirako egun eta orduaren berri emango zaie irabazleei. Justifikatutako kausa bat dela-eta ezin bada azaldu, irabazleak pertsona bat izendatu ahal izango du, eta horrexek jasoko du saria haren izenean.

Sariak emateko ekitaldian zehar erakusketa-sala baten izango dira ikusgai argazkiak, formatu fisikoan edo digitalean. Egileei jakinaraziko zaie argazkiak zein egun eta ordutegitan erakutsiko diren.

Jasotako argazkietatik hiru hautatuko dira, eta horiei saria emango zaie.

– Argazki onenaren 1. saria, epaimahaiak emanda: Bruselarako bidaia 2 lagunentzat: hegazkin-txartela eta gau bi hotelean (ohea eta gosaria). Irabazlea adingabea izanez gero, heldu batekin joan beharko du.

– Argazki onenaren 2. saria, epaimahaiak emanda: Smartphone Iphone bat.

– Argazki onenaren 3. saria, herritarrek emanda: Facebook-en boto gehien izan duen argazkia. 2013 Bilbao BBK Live edo 2013 Azkena Rock Festival edo Heineken Jazzaldia-ra (aukera daiteke) joateko 2 sarrera.

Saritutako argazkiak Eusko Jaurlaritzaren jabetzako artxibora sartuko dira.

Parte-hartzaileak Eusko Jaurlaritzaren aurrean aitortu eta bermatu egiten du bera dela lehiaketara aurkeztu duen argazkiaren egile-eskubide guztien titular bakarra, eta erantzule bakarra izango dela aurkeztutako lanetan hirugarrenen eskubideak badaude edo hirugarrenen batek irudi-eskubideen ondoriozko erreklamaziorik ipintzen badu.

Hiru kidek osatuko dute epaimahaia:

– Europako Batzordearen ordezkari bat.

– Eusko Jaurlaritzaren bi ordezkari.

Lehiaketaren Facebook-eko orrian, zaleen boto gehien eskuratu duten 10 argazkietatik 2 hautatu beharko ditu Epaimahaiak, hain justu ere lehiaketa honen oinarrietako 6. klausulan ezarritakoa betetzen dutenen artean. Boto gehien izan duten argazkien artean, parte-hartzaile batek argazki bat baino gehiago baditu, boto gehien izan dituena hautatuko da finalerako. Boto-berdinketarik bada, antolatzaileak hautatuko du finalera joango den argazkia.

Pertsona bati ez zaio emango sari bat baino gehiago. Izan ere, sari bakarra jasotzeko eskubidea izango du, betiere Lehiaketaren oinarri hauetako 21. klausulan ezarritakoarekin bat etorriaz.

Saritutako pertsonek oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, saritutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratuko da, Lehiaketaren Facebook-eko orrian. Pertsona sarituei eurei jakinaraziko zaie saria, Lehiaketaren Facebook-eko orrian paratutako mezu baten bitartez; eta, beharrezko bada, hark emandako telefono-zenbakira dei bat eginez.

Harremanetan jartzeko lehen saiakeratik 24 ordu igaro eta ez bada lortu irabazlearekin kontaktuan jartzea edo hark uko egiten badio sariari, beste irabazle bat hautatuko da, eta lehengoak saria erreklamatzeko eskubidea galduko du.

Sarituek emandako datuetan akatsen bat baldin badago edo haiek identifikatzea ezinezkoa bada, antolatzaileak ez du izango inolako erantzukizunik.

Sustapenean parte hartzeko zerbitzuak adi batez eskuragarri ez badaude edo jarraipenik ez badute, antolatzaileak ez du izango inolako erantzukizunik jazotzen diren kalte eta galeren gainean.

Antolatzaileak badu eskubiderik sustapena laburtu, luzatu edo ezeztatzeko, baldin eta hura gauzatzeko ezinezko egiten duten inguruabarrak badira; inguruabar horiek komunikatu egin beharko ditu, Lehiaketan parte hartzen dutenei kalterik ez eragiteko.

Sariak dirauen artean jazotzen diren kalte eta galeren gaineko erantzukizunik ez du izango antolatzaileak.

Justifikatutako kausarik bada, antolatzaileak atera egin dezake Lehiaketatik edozein erabiltzaile, baldin eta funtzionamendu ona, jarraipena eta arautegia faltsutu, aldatu edo ezeztatzen badu.

Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitako ondorioetarako, irabazleek saria onartzeak zera dakar: sustapen honi lotutako edozein zabalkunde edo ekintza publikotan, haien izenak eta abizenak erabiltzeko baimen ematea antolatzaileari, baina horrek ez du sortuko sariaz besteko eskubide, ordainsari edo onurarik. Ezezkoa emateak sariari uko egin beharra ekarriko du.

Komunikazioa egiten denetik hara 24 orduko epean adierazi beharko dute saritutakoek, idatziz, eskuratutako saria onartzen dutela, eta orduan jakinaraziko zaie saria eskuratzeko jarraitu beharreko prozedura. Aipatutako epea igaro eta parte-hartzaileak ez badu idatziz adierazi saria onartzen duela, uko egiten diola ondorioztatuko da, eta ez da bestelako ordainik egongo.

Saria jasotzeari uko eginez gero, arrazoia edozein dela ere, saridunak ez du bestelako ordainik jasotzeko eskubiderik izango. Uko eginez gero, puntuen hurrenkeran hurrengo dagoen argazkiari emango zaio saria.

Eusko Jaurlaritzak saria ematean, saridunak beren-beregi adierazi beharko du ados dagoela bere izen eta irudi pertsonalak sustapenaren emaitzaren publizitatea egiteko erabiltzearekin, eta erabilera horrek ez diola inolako ordainketa- edo irabazi-eskubiderik emango.

Lehiaketa honetan parte hartzeak esan nahi du oinarri hauek eta epaimahaiaren erabaki apelaezina onartu egingo direla. Goiko horiek (batzuk edo guztiak) ez direla onartzen adierazteak parte-hartzailea kanporatzea ekarriko du; ondorioz, antolatzaileak ez du parte-hartzaile horrekiko hartutako obligazioa bete beharko.

Facebook-ek ez du babestu, abalatu edo administratzen inola ere lehiaketa hau, eta ez dago hari lotuta ere. Erabiltzailea kontzienteki askatzen da Facebook-ekiko loturetatik, eta ondorioz, jakinaren gainean izango da, informazioa antolatzaileari emango zaiola eta ez Facebook-i. Ematen duen informazioa honetarako bakarrik erabiliko da: lehiatzailearen parte-hartzea izapidetzeko eta irabazle gertatuz gero, sariaren berri emateko.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 15a.

Ekonomia eta Plangintzako zuzendaria,

JOSÉ M.Ş BARRUTIA LEGARRETA.


Azterketa dokumentala