Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2013ko apirilaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
1958

IRAGARKIA «Ondorengotza mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainetan» Programaren araudia onartzeko dena. Programa horren bitartez, ondorengotzaren prozesuan eta plangintzan enpresei laguntzeko neurriak ezartzen dira, edozein dela ere haien jarduera-sektorea.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A.ren Administrazio Kontseiluak, 2013ko martxoaren 22an egindako bileran, «Ondorengotza mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainetan» Programan jasotako laguntzak emateko araudia onartu zuen. Honen ondoren ematen da, osorik, programaren testua.

Egun, Europar Batasunean 17 milioi enpresa ingururen jabetza eta kudeaketa eremu sozial bereko, gehienetan familia bereko, pertsonei dagokie, eta 100 bat milioi pertsonari ematen diete lana. Enpresa horiek datozen urteetan ondorengotza-prozesuan egongo dira nolabait eta egoera horrek kolokan jartzen du haien jarraipena.

Egun, Euskadin ezaugarri horiek dituzten 100.000 enpresa baino gehiago daude, eta horietatik 55.000 inguru ondorengotza-prozesuan egon daitezke eta prozesua ez gainditzeko arriskuan. Egoera horrek 200.000 langile baino gehiagori eragin ahal dio hurrengo 10 urteetan.

Enpresa bat sortzen denean, bi lanpostu sortzen dira bataz beste; enpresaren jarraipena bermatzen denean, ordea, 5 lanposturi eusten zaie.

Ondorengotza-prozesua ez da gainditzen, askotan, arrazoi hauengatik: enpresa-jarraipenaren plangintzarik ez dagoelako, ondorengo lehiakorrik ez dagoelako, negozioak porrot egin duelako, edota familia-arazoak daudelako eta dirua falta delako.

Programa honen helburua enpresen ondorengotza modu ordenatuan eta planifikatuan egiten laguntzea da, enpresaren garapena eta jarraipena ziurtatzeko. Hori dela eta, programa honek babesten duen hausnarketa estrategikoaren bitartez, ondorengoen profilak, haien profesionaltasuna, langileen partaidetza, HAZak, itunak eta abar balioetsi ahalko dira.

Europako Batzordeak hainbat gomendio egin die Europar Batasuneko estatuei ondorengotza-planak errazteko neurriak har ditzaten, enpresa-transmisioa ahalbidetze aldera.

Horrenbestez, enpresa-mota horien artean ondorengotza-prozesuan itxiera-tasa handia dela egiaztatu denez, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k fenomeno horren garrantzia eta berezitasuna kontuan izanik, 2006. urtean martxan jarri zuen mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainean ondorengotza izeneko Programa, enpresa-ondorengotza era ordenatuan egiteko eta ahalik eta lanpostu gehien mantendu eta iraunarazteko.

Euskal Autonomia Erkidegoan «enpresa txiki eta ertainean ondorengotza» izeneko Programa urteetan aplikatu ondoren lortu diren emaitza onak aintzat hartuta, egokia da programa hori indarrean mantentzea, eguneratuta, Garapen Ekonomikoaren eta Lehiakortasunaren Sailaren eremuan.

1. artikulua.– Laguntzen ezaugarriak eta xedea.

1.– Programa honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainetan (ETEak) hausnarketa-prozesuak babestea da, enpresen kudeaketaren eta/edo jabetzaren ondorengotza planifikatzen laguntzeko, ondorengotza era ordenatuan egiteko, enpresen jarraipena ziurtatu eta ahalik eta lanpostu gehien mantendu eta iraunarazteko.

2.– Laguntzen ezaugarriak:

– Diru-laguntza programa hau publikotasun, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera gauzatu eta ebatziko da.

– Programa honek arautzen dituen diru-laguntzak ematerakoan ez da aintzat hartuko lehiaketaren printzipioa.

– Programa honen barruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.

2. artikulua.– Aplikatzeko araudi nagusia.

Programa honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:

1.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

2.– 232/2007 Dekretua, prozedura administratiboetan bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeari buruzkoa.

3.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra. 13. artikulua eta aplikatu daitezkeen guztiak.

4.– Europako Batzordearen 1998/2006 (EE) Erregelamendua, Minimis laguntzak aplikatzeari buruzkoa (EBAO 2006 L 379/5).

5.– Batzordearen 800/2008 (EE) Erregelamendua, kategoriakako salbuespenen Erregelamendu Orokorrari buruzkoa. I. eranskina.

6.– Europar Batasunaren Funtzionamendu Ituna. 101. eta 102. artikuluak.

7.– 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Kartari buruzkoa.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honi dagokionez, definizio hauek finkatzen dira:

1.– SPRI. Sociedad para la Transformación Competitiva - Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren izen komertziala, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako erakunde publikoa.

2.– Enpresa. Jarduera ekonomikoa gauzatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa.

3.– Mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak (ETEak).

a) 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

b) Langile kopurua, finantza-zenbatekoak eta erreferentziazko epea zehazteko, Batzordearen 800/2008 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa izan beharko da kontuan.

4.– Laguntza gardena. Aldez aurretik diru-laguntza gordin baliokidea (DLGB) zehazki kalkulatzeko aukera ematen duena, arriskuaren ebaluazioa egiteko beharrik gabe.

5.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, diruz laguntzeko moduko gastuen ehunekoetan adierazia.

6.– Memoria: erakundearen legezko ordezkariak egindako txostena, laguntza-eskabidean eskatutako informazioa jasoko duena.

7.– Erantzukizunpeko aitorpena: Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, hauek egiaztatzen dituena:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak, Nortasun Agiri Nazionaleko zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena: Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea, baltzuaren helbide fiskala eta eraketa-eguna.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez jarduera ekonomikoko zentro bat edukitzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, kasu bakoitzari dagokion epigrafean, alta emanda egotea.

e) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea, bai eta SPRI Taldeko edozein enpresarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.

f) Jasotadko minimis laguntzak.

g) Proiektu bera egiteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzak.

h) Enpresaren neurria.

i) Araudi honen 5.2.d artikuluan adierazitako egoeretakoren batean ez egotea.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa hau gauzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak SPRIko Enpresak Sustatzeko Sailak horretarako ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira.

2.– Programa honen babespean 2013. urtean emango diren diru-laguntzak, guztira, SPRI SAren urteko aurrekontuetan horretarako esleituriko aurrekontu-kredituaren edo kopuru hori eguneratu ondoren sortzen den zenbatekoaren mugarainokoak izango dira gehienez ere. Hori egiten bada, SPRIko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez egingo da, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

3.– Programa honen bitartez, lortu nahi da laguntza eskatzen denetik ematen den arte ahalik eta denbora-tarte txikiena egotea, eta horrenbestez, espedientea osorik den unearen arabera eta era ordenatuan egingo da esleipena, eta eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie ebazpen bidez.

4.– Aipatutako zenbatekoa agortzen bada, SPRIko zuzendari nagusiak hori jakinaraziko duen ebazpena emango du, non zenbateko hori zein egunetan agortu den adieraziko duen. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta SPRIren web-gunean emango da argitara, eta egun horretatik aurrera ez da eskabide berririk onartuko.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Programa honen arabera emango diren laguntzen erakunde onuradun izango dira honako baldintzak betetzen dituzten Euskadiko mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainak (ETEak): gutxienez sei pertsona lanean izan eta ondorengotza-prozesu batean daudenak edo epe motz edo ertain batean egoera horretan egongo direla aurreikusten dutenak.

2.– Erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomia-jarduerarako zentro bat edukitzea, eta, bertan, gutxienez 6 langile izatea.

b) Diruz lagun daitekeen jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan burutzea.

c) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea, bai eta SPRI taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.

d) Honako egoeraren batean ez egotea:

Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoarekin kontratuak egiteko debekua edo gaitasungabetzea izatea.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, baldin eta Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko eta 13/2003 Legearen 13. artikuluko kasuetan egotearen ondorioz, onuradun izatea ezinezkoa suertatzea.

Laugarrena.– Krisi-egoeran den enpresaren egoeran, krisian dauden enpresak egoera horretatik ateratzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideen arabera.

Bosgarrena.– Eskumena duen agintaritzak egiaztatu izana konkurrentziaren jokoa galarazi, murriztu edo faltsutu dezakeen praktikak garatzen dituela.

Seigarrena.– Armak ekoitzi, merkaturatu eta finantzatzen jardutea.

3.– Ezingo dira enpresa onuradun izan akzioetan partaidetza publikoa dutenak, edozein dela ere partaidetza-portzentajea.

4.– Onuradun izateko baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza- eta likidazio-eskabideak aurkezteko unean, enpresaren neurriari dagokionez izan ezik, hori laguntza-eskabidea aurkezteko unean soilik egiaztatu beharko baita.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Jarduera diruz lagungarriak izango dira enpresa-ondorengotzaren prozesua osatzen duten hiru faseetan burututako ekintzak.

a) Enpresaren kudeaketaren, gobernuaren eta jabetzaren aurretiko diagnosia egin beharko da, enpresaburuari eta ondorengotza-prozesuan barne dauden gainerako pertsonei aholkularitza pertsonalizatua emanez.

b) Enpresaren gehiengo kapital soziala ordezkatzen duten pertsonek ondorengotza-protokoloa egitea eta fede-emaile publiko baten aurrean formalizatzea,

c) Ondorengotza-protokoloa praktikan jartzeko kanpoko laguntza, eta, hala badagokio, laguntza hori ikuskatzea, laguntza formalizatu eta gehienez ere sei hilabetez.

2.– Fase bakoitza diruz laguntzeko jardueratzat hartzeko, aurreko fasea aurretik burutu izana justifikatu beharko da.

3.– Fase bakoitza burutzeko gehienezko epeak:

a) Aurretiko diagnosia: hiru hilabete, laguntza-eskabidea ebazten den egunetik aurrera.

b) Ondorengotza-protokoloa: hamabi hilabete, aurretiko diagnosia egitea amaitzen den egunetik aurrera edo fase hau ebazten den egunetik aurrera, eskaera independentea bada.

c) Kanpoko laguntza: sei hilabete, ondorengotza-protokoloa izenpetzen den egunetik edo fase hori ebazten den egunetik aurrera, eskaera independentea bada.

4.– Aurretiko diagnosiak eta ondorengotza-protokoloak enpresaren kudeaketari, gobernuari, jabetzari eta ondorengoei buruzko gutxieneko edukia jaso beharko dute, edozein direla ere enpresa bakoitzaren berezitasunak. Gutxieneko eduki horiek laguntza-eskabidean zehaztuko dira.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak.

Gastu hautagarri kontsideratuko dira enpresa-ondorengotzan espezialistak diren kanpoko aholkulariak kontratatzeko gastuak, 6.1 artikuluan zehaztu jarduerak –diruz lagun daitezkeenak– gauzatzeko.

8. artikulua.– Gastu hautagarriei aplika dakizkieken baldintzak.

1.– Gastu hautagarriak balioztatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Programa honen helburu den jarduera diruz lagungarriari artez loturik egon beharko dute gastu hautagarriek.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxa-irizpidearen araberakoa izango da.

d) Fakturari aplikatzen zaion Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarri izango. Hala ere, Balio Erantsiaren gaineko Zerga berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastu hautagarritzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.

e) Ez dira inoiz ere gastu hautagarritzat hartuko honako hauek: emandako zerbitzuaren hedapena, horren publizitatea egiteko materialak, aretoak alokatzearen kostua, bidaia-gastuak edo onuradunak berak edo taldeko enpresek emandako zerbitzuak.

9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Diru-laguntzen bidez gauzatuko dira deialdi honen helburu diren laguntzak, betiere gastu hautagarritzat jotzen direnen kostuen % 30eko zenbatekoarekin, baina egintza bakoitzerako ezarritako gehieneko mugekin.

2.– Enpresa bati fase desberdinetan eman dakizkiokeen laguntzen gehienezko muga honako hau izango da:

a) Aurretiko diagnostikoa eta aholkularitza pertsonalizatua: 1.000 euro.

b) Ondorengotza-protokoloa prestatu eta formalizatzea: 10.000 euro.

c) Praktikan jartzeko eta ikusketak egiteko kanpoko laguntza: 4.000 euro.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzia txikiko laguntzak edo minimis laguntzak dira.

2.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen gehienezko minimis laguntza ezin izango da 200.000 eurotik gorakoa izan, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Onuraduna errepideko garraio-sektorean jardunean diharduen enpresa bada, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Hori dela eta, programa honetan xedatutako laguntzarik ez da emango baldin eta emandako laguntza, onuradunak aurreko ekitaldi horietan lortu dituen beste minimis laguntza batzuei gehituta –laguntza eman duen administrazioa edozein izanik ere–, muga horietatik gorakoa bada.

3.– Aurreko paragrafoan zehazten direnez gain, programa honetako beste edozein muga gaindituz gero, programa hau betez emandako laguntzatik gehiegizko zenbatekoa murriztuko da.

4.– Programa honetako laguntzak eskuratzen dituzten entitateek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako beste finantzabide batzuk eskuratu ahal izango dituzte, betiere, metaketa horren bidez, gastu hautakor berberetarako gehienezko laguntza-mugak gainditzen ez badira.

11. artikulua.– Laguntzak eskatzea.

1.– Baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntzak jaso nahi badituzte, laguntza-eskabidea bete beharko dute, zehazki, SPRIren web-gunean eskuragarri dagoena: http://www.spri.es, eta bide telematikoz bidali

2.– Bidalketa telematikoa egin ondoren, erakundea ordezkatzeko nahikoa botere duen pertsonak SPRI SAren Zuzendaritzari helarazi beharko dio laguntza-eskabidea, sinaturik eta zigilaturik (SPRI. Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao).

Laguntza-eskabidea eta gainerako agiri osagarriak noiz jaso SPRIn, egun horixe izango da aurkezpenarena.

3.– Erakunde eskatzailearen eta beraren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskabidean.

4.– Laguntza-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia.

c) Erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez ere hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.

d) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, kontu korrontearen titularitatea erakunde onuradunari dagokiola eta zenbaki hori duela egiaztatzen duena.

e) Proiektuaren memoria, non proiektua noiz hasi eta amaitu den adieraziko baita.

f) Kanpoko aholkulariari degokionez:

Lehenengoa.– Hasierako proiektua egiteko bi eskaintza.

Bigarrena.– Aukeratutako eskaintza, aholkulariak izenpetuta.

Hirugarrena. Hautatutako aholkulariaren identifikazio-datuak.

5.– Laguntza-eskaera eskabide-orri bakarrean edo bat baino gehiagotan aurkeztu ahalko da, betiere 6.1 artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkera errespetatuta.

12. artikulua.– Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.

1.– Programa hau indarrean dagoen bitartean, laguntza-eskabideak aurkezteko epea, urtero, urtarrilaren 1ean zabaldu eta urte bereko urriaren 31n amaituko da. Salbuespen gisa, 2013an, eskabideak aurkezteko epea araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

2.– Proiektua hasi baino lehenago aurkeztu behar dira eskabideak. Salbuespen gisa, programa hau indarrean jartzen den unean proiektua gauzatzen hasiak direnek –2013ko urtarrilaren 1a baino lehenago ez bada– gehienez hilabete izango dute eskabidea aurkezteko, programa hau indarrean jartzen den egunetik aurrera.

13. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskabideak ebaluatu eta ebazteko, SPRIren Administrazio Kontseiluak izendatutako lau pertsonek osatutako batzorde betearazle bat sortuko da; eta batzorde horren erabakiak batzar-aktetan jasoko dira.

2.– Laguntza-eskabideak ebaluatzea. Banan-banan eta eskabideak aurkeztu diren hurrenkeraren arabera egingo da. Aurkezpen-hurrenkerari dagokionez, espedientea osatu deneko eguna hartuko da kontuan.

3.– Onuradunek bete beharreko eskakizunak. Aurkeztutako laguntza-eskabidea onartzeko bete beharreko baldintzak programa honetan jasotakoak dira, betiere SPRIko Enpresa Sustatzeko Sailetik egindako txosten-proposamenei jarraituz.

4.– Programaren Batzorde Betearazleak zuzeneko esleipenaren bitartez ebatziko ditu laguntza-eskabideak.

5.– Ebazteko epea. Laguntza-eskabidea aurkezten den egunetik 90 eguneko epea ezartzen da ebazteko. Aipatutako epea zenbatzeko, abuztua ez da kontuan hartuko.

Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ukatu egin dela ulertuko da.

6.– Ebazpenak Batzorde Betearazleko idazkariak jakinaraziko dizkio eskabidea egiten duen erakundeari, posta elektronikoz, eta bertan honakoak jasoko dira: proiektua zein araudiri atxikitzen zaion, laguntzaren helburua, zenbateko diru-laguntza ematen den, forma, baldintzak, eta diruz lagungarri den jarduera egiteko epeak, justifikazioak egiteko epeak eta ordainketa-epeak, eta beharrezko den beste edozein baldintza.

7.– Aipatu ebazpena erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, ebazpena emateko Batzorde Betearazleak batzarra egin eta, gehienez ere, 15 eguneko epean.

8.– Aurrekoa eragotzi gabe, ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, eman diren laguntzen berri denek izan dezaten.

14. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

1.– Diruz lagungarri den ekimena amaitu eta gero, erakunde onuradunek ekimena bera justifikatu beharko dute 60 eguneko epean, SPRIren webgunean (http://www.spri.es/sucesiones), horretarako ezarri diren likidazio-eskabideko inprimakiak betez.

2.– Bidalketa telematikoa egin ondoren, erakundea ordezkatzeko nahikoa botere duen pertsonak SPRI SAren Zuzendaritzari helarazi beharko dio likidazio-eskabidea, paperean, sinaturik eta zigilaturik (SPRI. Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao).

Likidazio-eskabidea eta gainerako agiri osagarriak noiz jaso, egun horixe izango da aurkezpenarena.

3.– Erakunde eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskabidean.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Egindako lana behar beste egiaztatzen duen txostena.

b) Ondorengotza-protokoloa biltzen duen agiri publikoa, kapitalaren gehiengoa ordezkatzen duten akziodunek sinatua, bai eta, hala badagokio, akziodunen edo parte-hartzaileen batzarrak egindako ziurtagiria ere, jakinaren gainean daudela eta protokoloa ezagutzen dutela dioena.

c) Aholkulariaren fakturak, eta fakturok ordaindu izanaren egiaztagiriak.

d) Erakundeak dagozkion zerga-administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.

15. artikulua.– Laguntzaren ordainketa.

1.– Diru-laguntzak SPRIk emango ditu, laguntzaren erakunde onuradunari ordainketa bakarra eginez proiektu amaieran, edo zati bat ordainduz fase bakoitzaren amaieran, betiere likidazio-eskabidea eta aurreko idatzi-zatian adierazi diren justifikazio-agiriak aurkeztu ondoren.

2.– Gastu hautagarria Programaren Batzorde Betearazleak laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua baino txikiagoa baldin bada, diru-laguntza proportzionalki doituko da.

3.– Likidazio-eskabidean eskatutako egiaztagiriak aurkeztu eta, gehienez ere, 30 eguneko epean, SPRIk ordainketak egingo dizkie erakunde onuradunei, betiere SPRIko Enpresak Sustatzeko Sailak egiaztagiri horiek ebaluatu eta oniritzia eman ondoren.

SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea –17.1.c) idatzi-zatian aipatzen dena– ez da zenbatuko, ez eta abuztuko hilabetea ere, ez baita kontsideratzen hilabete balioduna.

16. artikulua.– Laguntza- edo/eta likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo programa honetan eskatutako dokumentazio osoa aurkezten ez bada, 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko eskatuko zaio enpresaren legezko ordezkariari, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, gertatutakoaren berri emango zaio erakunde eskatzaileari.

2.– Aipatu epea igarota, zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Betearazleak eskaerari uko egin zaiola adierazteko ebazpena emango du.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek honako hauek ere bete beharko dituzte, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaz gain:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Erakunde onuradunak, laguntza esleitu zaiola adierazten dion jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean ez badio SPRIri jakinarazten laguntzari uko egiten diola, laguntza onartu duela ulertuko da.

b) Eman den diru-laguntza, ondorengotza-plana garatzeko erabiltzea, horretarakoxe eman baita.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea, eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, betiere laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.

f) SPRIri lehenbailehen jakinaraztea honako hauek: xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzak eta diru laguntzak, edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide.

g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, SPRIri horren berri ematea.

h) Programaren Batzorde Betearazleari aldez aurretik baimena eskatzea, akziodunen egituran aldaketaren bat badago eta horrek erakundearen kontrolean aldaketa badakar, diru-laguntzaren gaineko ebazpena ematen den egunetik hiru urteko epean.

18. artikulua.– Laguntzen baldintzen aldaketa.

1.– Diru-laguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso bada, diru-laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen badira.

2.– Halaber, Programaren Batzorde Betearazleak jarduerak gauzatzeko luzapena eman dezake, baldin eta erakunde onuradunek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; eta, hala izanez gero, laguntzaren ordainketa ere atzeratu egin ahal izango da, emandako arrazoiek hala justifikatzen badute.

3.– Jarduerek laguntza-eskaerarekin batera aurkeztutako memorian jasotakoak izan beharko dute ezinbestean; hala ere, Programaren Batzorde Betearazleak jarduera horietan aldaketak egiteko baimena eman dezake, baldin eta erakunde onuradunak, jarduerak amaitu aurretik, aldaketak erabat justifikatzen baditu eta jarduera horien izaera eta helburuak –programa honetan hasieratik ezarritakoak– aldatzen ez badira.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek ez badute betetzen araudi honetan eta aplikagarriak zaizkien gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo laguntzak emateko ebazpenean ezar daitekeen baldintzaren bat, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute. Halakorik gertatuz gero, SPRIri itzuli beharko dizkiote une horretara arte jasotako zenbatekoak eta legezko interesak. Beharrezkoa izanez gero, legezko ekintzak bideratu ahal izango dira, zenbateko horiek itzularazteko.

2.– Dena den, artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea, edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatzen diren baldintzak ez betetzea.

b) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

c) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– SPRIko Enpresa Sustatzeko Sailari dagozkio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasarazi eta izapidetzea, eta dagokion txostena ematea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi batera aurkeztu eta deialdi horretan ezarritako muga gainditzeagatik laguntzarik lortu ez duten proiektuak, eta arrazoi horrengatik laguntza ukatu zaien proiektuak hurrengo deialdirako aurreikusitako aurrekontuetara atxiki ahalko dira, betiere baldin eta aipatu proiektuak laguntzak lortzeko araudi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte; horretarako, laguntza-eskabide berria aurkeztu beharko dute, baina, lehentasunari begira, ezezkoa eman zaion lehenengo eskariaren sarrera-eguna hartuko da sarrera-egun bezala.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Baliogabetuta eta ondoriorik gabe geratzen da Enpresa txikien eta ertainen ondorengotza programaren araudia, iragarki bidez 2006ko ekainaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zena, eta hari egindako ondorengo aldaketak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Programa honi dagokionez, erakunde onuradunek argitalpen- eta sustapen-jarduera orotan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

Bigarrena.– Laguntza-programa hau indarrean egongo da EHAAn argitaratu eta biharamunean hasi eta 2015eko urriaren 31 arte. Hala ere, adierazten da ezen, aurkezten diren eskabideei ekitaldi bakoitzean erantzungo zaiela, helburu horretarako gaitu den urteko kreditua agortu arte.

Hirugarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, helarazten dizkiguten izaera pertsonaleko datuak «LAGUNTZAK» izeneko fitxategian bilduko dira. Guzti horren arduraduna SPRI da (Urkixo zumardia 36, 4. solairua, Plaza Bizkaia eraikina, 48011 Bilbao).

Fitxategi horren helburua SPRIk diseinatu eta/edo kudeatutako laguntza/diru-laguntzako espedienteak kudeatzea da. Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, arlo horretan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei eman ahal izango zaie, hala behar izanez gero.

Fitxategi hori, Datuak Babesteko Espainiako Agentziari jakinarazi zaio eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko segurtasun-neurriak dauzka.

Gogorarazten dizugu datu horiek eskuratzeko aukera duzula, eta hala behar izanez gero, datuok zuzentzeko, aurka egiteko edo baliogabetzeko, aipatu legean xedatzen den moduan. Horretarako, idatzizko komunikazioa helarazi beharko zaio SPRIko Segurtasuneko arduradunari, helbide honetara: lopd@spri.es

Laugarrena.– SPRIren erabakia merkataritza-izaerakoa da, eta beraz, jurisdikzio-eskumena epaile eta epaitegi zibilena da. Erakunde onuradunak, dagokien edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan –zuzenean edo zeharka– sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko, Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskumena dutenak.

Bosgarrena.– SPRIren zuzendari nagusiari eskumena ematen zaio araudi hau gauzatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Bilbao, 2013ko martxoaren 22a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.


Azterketa dokumentala