Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2013ko apirilaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2057

AGINDUA, 2013ko apirilaren 17koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, ingurumen-boluntariotzako proiektuak egiten dituzten irabazte-asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak deitu eta arautzen dituena.

Euskal Herrirako Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren indarrez, Euskal Autonomia Erkidegoak dauka eskumen hau: ingurumen eta ekologia gaietan Estatuaren oinarrizko legeria garatzeko eta oinarrizko legeria hori Autonomia Erkidegoaren lurraldean betearazteko dena.

Aipatutako eskumena Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gauzatzen du, betiere lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuko 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz; izan ere, dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 98. artikuluaren arabera, herri-administrazioek dute ingurumen-hezkuntza gizarte-arlo guztietan sustatzeko eginkizuna, hain justu ere ingurumena babestera bideratutako informazioa, jarrerak, balioak eta jokabideak herritarrengan hedatzeko eta zabaltzeko ekimenen bitartez.

Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak, batetik, boluntarioek gure erkidegoan egiten duten jarduerarako berariazko lege-esparrua ezartzen du, eta, bestetik, euskal administrazioak boluntariotza sustatzeko eta herritarrek gizartea eraikitzen parte hartzeko duten eskubidean sakontzeko konpromisoa zehazten du.

Bestalde, 2002ko ekainaren 4an, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu 2002-2020 Garapen Iraunkorreko Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020) honako kontsiderazio hau egiten da: ingurumen-politiken arloan, herritarren eta eragile sozialen lankidetza aktiboa baldintza behinenetarikoa da jasangaritasuna lortzeko bidean.

Ildo berean, aipatutako Euskal Estrategia horren arabera, gobernuz kanpoko erakunde, ekologista, kontsumitzaileen elkarte eta beste erakunde batzuen partaidetza aktiboa ere funtsezkoa izango da, zertarako-eta, batetik, ardura eta interes kolektiboen gaineko sentsibilizazioa eta zabalkundea egiteko, eta, bestetik, pertsona oro motibatu eta inplikatzeko.

Ingurumen-boluntariotza da herritarrek parte hartzeko era libre, altruista eta zuzena; eta era berean honako emaitzak eragiten ditu: ingurunea hobetzea; eta ingurumena hobetu eta kontserbatzeko motibazioari eta inplikazioari dagokienez eraldaketa pertsonal eta sozial sakona. Beraz, aipatu helburuak lortzeko lanabes eragingarrienetako bat da.

Azken urteetan, diru-laguntza lerro honen bitartez, gero eta gehiago lagundu dira ingurumen-boluntariotzako honelako proeiktuak: irabazte-asmorik gabeko erakundeek burututakoak; eta baliabide ekonomikoak optimizatu behar diren aldi honetan ere, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak delako diru-laguntza lerroa darabil aipatu jarduerak oraindik gehiago sustatzeko, izan ere, oso onuragarriak dira-eta bai hezkuntzarako, bai gizartea kontzientziatzeko eta bai ingurumena hobetzeko ere.

Hortaz, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak sustatu egiten du diru-laguntza lerro hori.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2002 Dekretuak ematen didan eskumena baliatuaz; eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzeko gainontzeko xedapenekin bat etorriaz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Lehiaren prozeduraren bitartez diru-laguntzak ematearena arautzeko helburua du agindu honek; irabazte-asmorik bako erakundeek jaso ditzakete laguntza horiek, 2013ko urtarrilaren 1etik 2014ko otsailaren 28ra arte, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte ingurumen-boluntariotzako proiektuak.

2. artikulua.– Ingurumen-boluntariotzako proiektuen deskribapena.

1.– Ondoren zehazten diren bezalako proiektuek jaso ditzakete diru-laguntza: ingurune fisikoaren gaineko ekintza zuzenak egiten dituztenak, hain justu ingurumen-boluntarioek era libre, altruista eta irabazte-asmorik gabekoan egindakoak badira ekintzok, eta horretaz gain, erakunde sozialek koordinatzen badituzte, zertarako-eta, segidan aipatutako eremuetarikoren baten, ingurunea hobetu eta babesteko.

a) Naturguneak: ekosistemak kontserbatzea (ibaiak, basoak, kobak, gailurrak, itsasertzea, hezegunak, eta beste habitat batzuk); pasaia mantentzea eta leheneratzea; flora eta faunako espeziak ikertzeko atazetan laguntzea, eta natura-ingurunearen erabilera publikoa. Ez dute diru-laguntzarik jaso honako proiektuak: espezie inbaditzaileak kentzeko direnak, salbu eta boluntariotza bidez gauzatzeko ekintzak direla jasota egon berariaz, betiere erakunde eskumendunek onartutako kontrol-egitasmo baten barruan.

b) Babestutako naturguneak: goragoko idatzi-zatian jasotakoez gain, baliabideak mantentzen laguntzea (bide-zidorrak, ekipamenduak, ...).

c) Hiriko ingurumena: hirietako ingurumen-kalitatea hobetzea, hirietako eta hiri-inguruetako berdeguneen gaineko ekintzak, hiri eta herrietako fauna eta flora ezagutzeko ikerketa-atazetan laguntzea.

d) Mintegien edo hazi-bankuen bidez landare-espezie eta -barietateak kontserbatzea.

2.– Ikerketa-atazetan laguntzearen arloan, lankidetza hau gauzatu behar da ibilbide zientifiko eta ikertzailea aitortua duten pertsona eta erakundeekin.

3.– Ez dira jotzen boluntariotzako jardueratzat: informazio- edo zabalkunde-materialen edizio hutsa, edo prestakuntza-jardueren burutze hutsa.

4.– Eskabidea egiten duten erakundeek proiektuaren koordinatzaile tekniko bat izendatu beharko dute, zeina proiektua diseinatu, exekutatu eta ebaluatzeaz arduratuko baita. 18 urtetik gorako gutxienez 10 partaide boluntario izan behako ditu proiektu bakoitzak.

5.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoak deitutako prestakuntza-jardunaldietan izan beharko dute koordinatzaileek; izan ere, haietan emango dira-eta ezagutzera erakundeetako boluntarioak prestatzeko behar diren edukiak eta metodologiak. Proiektu bakoitzak izan beharko du boluntarioak prestatzeko fase bat, non honako gai hauek landuko baitira: ingurumena kontserbatzeari buruzko alderdi orokorrak, eta, halaber, esleitutako atazak burutzeari buruzkoak eta boluntariotza-ekintzari buruzkoak.

6.– Aurreko idatzi-zatietan azaltzen diren proiektuak, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan gauzatu beharko dira.

7.– Halaber, diru-laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeko beharrezko baimenak izapidetu eta lortu beharko dira, jarduerok gauzatu aurretik hain zuzen ere.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Xede horretarako, gehienez ere, ehun eta berrogei mila (140.000) euro bideratuko dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzen onuradun izateko, irabazi-asmorik gabeko elkarte edo erakunde pribatua izan behar da, zehazki, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatutakoa, baldin eta haietan ez bada parte ezein herri-administrazio; erakunde horiek, era beran, legez eratuta egon beharko dute, eta dagozkien erregistroetan inskribaturik, agindu hau argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

2.– Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeaz eraenduko dira erakunde onuradunak.

3.– Erakunde onuradunek eguneraturik izan beharko dituzte zergekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak.

Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek ia obligaziook betetzen dituztenentz egiaztatzea automatikoki egingo du organo kudeatzaileak, eta ez da beharko haien baimenik, bat etorriaz Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.3 artikuluarekin (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 5/2010 Legeko azken xedapenetarik hirugarrenaz gehitu zen artikulu hori).

4.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak ematea, eta, hala dagokionean, horiek ordaintzea, baldintzatuta egongo da, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten xede bererako diru-laguntzen esparruan, dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko ezein espedientek bukaturik egon beharko du.

5.– Ezingo dute honako deialdi honetan parte hartu: laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dien zehapen administratiborik edo penalik jaso dutenek, ez eta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren batean daudenek ere.

5. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izango dira diru publiko zein pribatuaren kontura helburu bererako eman daitezkeen beste diru-laguntzekin, ondorengo paragrafoan xedatutakoa izan ezik.

2.– Honako agindu honetan araututako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kontura helburu bererako lor litezkeen beste diru-laguntza batzuekin.

3.– Nolanahi ere, laguntzen zenbateko osoak ezin izango du proiektuaren edo jardueraren kostuaren ehuneko ehun gainditu.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Gastu hauek lagun daitezke diruz:

a) Boluntarioen erantzukizun zibileko eta istriputako asegurua.

b) Jarduera gauzatzeko materialak, memoria teknikoan behar bezala justifika daitezenak.

c) Mantenu- eta garraio-gastuak (kilometroak) edo pertsonak eta merkantziak garraiatzeko ibilgailuak alokatzea (20 plazatik gora), jarduerak burutzeko beharrezko izanik memoria teknikoan behar bezala justifikatzen direnak. Itxiera eta aurkezpen-prestakuntzako jardunaldiaren barruko dira garraio-gastuak. Ahal delarik, ibilgailuen plaza guztiak aprobetxatuko dira.

d) Gastu orokorrak. Halakotzat hartuko dira: jarduera burutzeko, erakundearen egiturak egindakoak (telefonoa, elektrizitatea, posta, fotokopiak, paper-gauzak, material suntsikorra, etab.). Gastu horiek proiektuaren gastu osoaren % 10era arte lagundu ahal izango dira diruz. Gastu horiek justifikatzea ez da beharrezkoa.

2.– Ez dira diruz lagunduak izango ondorengo gastuak:

a) Diru-laguntza jaso duen proiektuarekin zuzenean lotuta ez dudenak; batez ere, erakunde onuradunaren ohiko funtzionamendukoak edo egiturazkoak.

b) Txostengile, irakasle, monitore, koordinazio eta kudeaketarakoak.

c) Langileen gastuak.

d) Buletinak, posterrak, kartelak edo antzeko argitarapenak editatzea.

e) Produktu ikus-entzunezkoak edo elektronikoak (bideo, CD-ROM, DVD edo antzekoak) diseinatu, muntatu, kopiatu edo banatzea.

f) Web-orriak argitaratzeari lotutako gastuak.

g) Beharrezkoak ez direnak edo behar bezala justifikatu gabeak, edota bidegabetzat edo neurrigabekotzat hartzen direnak, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun erlazioaren printzipioak kontuan izanda.

h) Zuzenekoak ez diren zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk, berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

3.– Artikulu honetan ezarritako irizpideekin bat etorriaz, Administrazioari dagokio zehaztea zeintzu gastu lagun daitezkeen diruz.

7. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Norgehiagoka bidezko diru-laguntzatzat hartuko dira laguntzak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa, 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, onartutako gastu-sailen % 100 izan daiteke, gehienez ere, eta proiektu bakoitzerako, ezingo du gainditu 10.000 euroko kopurua.

3.– Irabazi-asmorik gabeko erakunde bakoitzari, gehienez ere, proiektu baterako diru-laguntza eman ahalko zaio. Eskabide bat baino gehiago aurkezten bada, puntuaziorik handiena lortu duen proiekturako baino ez da emango diru-laguntza.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzan –Donostia kalea 1, Lakua 2, 2. solairua, 01010 Vitoria-Gasteizen (Araba)–, Zuzenean zerbitzuko Herritarren Arretarako Puntuetan eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira; eta eskabideak Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzarako zuzendariari helaraziko zaizkio.

3.– Datu pertsonalak babesteko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, eskatzaileei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta gaiarekin lotutako beste edozein administrazio-espediente ere kudeatzea. Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta aurkatzeko eskubideaz sail honetako Zerbitzuen Zuzendaritzan baliatu ahal izango da; eta horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).

9. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Erakunde eskatzaileek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

1.– Eskabide-orri normalizatua, behar bezala beteta (1. eranskina-A1, A2).

2.– Memoria tekniko detailatua, gutxienez honako hauek jasotzen dituena: lurralde-eremua; eragiten dion ingurumen-problematikaren deskripzioa, helburu orokorrak eta espezifikoak (tangibleak, neurgarriak eta lorgarriak), beharrezko baimenak, zenbat boluntariok parte hartuko duen (aurreikuspena), kaptazio-baliabideak, ekintzak, metodologia, kronograma, ebaluazio-metodoa, aurrekontu xehatua eta detailatua, formatu paperezkoan eta digitalean. 13. artikuluan jasotako balioespen-irizpideei buruzko informazio garrantzitsua ere memoria honetan zehaztu beharko da (A3 eta A4 inprimakiak eta, aukeran, memoria osagarriak).

3.– Eskabidea sinatu duenaren ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentua.

4.– Dagokion Ogasunaren egiaztagiri eguneratua, elkartea erroldatuta dagoen Balio Erantsiaren Gaineko Zergaren erregimena egiaztatzen duena.

5.– Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia.

6.– Erakundea bere nortasun juridikoari dagokion erregistroan inskribatuta izateari buruzko egiaztagiri eguneratua.

7.– Erakunde eskatzailearen ordezkariak emandako erantzukizunpeko adierazpena, jarduera bererako eskatutako edo jasotako beste diru-laguntza batzuei buruzkoa (A5 inprimakia).

8.– «Hirugarrenaren Altaren» inprimakia, behar bezala sinatua eta betea (A6 eranskina).

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.

Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza aurkeztutako eskaeran akats edo zehaztasun-ezak antzemanez gero, erakunde eskatzaileari jakinarazi eta hamar eguneko epea emango dio horiek zuzentzeko; eta ohartaraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aldez aurretik dagokion ebazpena eman ondoren. Ebazpen hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraituz emango da.

11. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.

Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Sailburuordetzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusi laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea.

12. artikulua.– Ebaluazio-organoa.

1.– Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko bi teknikarik (Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak izendatutakoek) kide anitzeko organoa osatutako dute, aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko.

2.– Ebaluazio-organoak dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen horretan zehaztuko da zein jarduerak jaso dezaketen diru-laguntza eta horren zenbatekoa, agindu honen 13. artikuluan aipatutako esleipenerako irizpideen eta aurrekontu-mugen arabera.

13. artikulua.– Balioespen-irizpideak eta esleipen-prozedura.

1.– Ondorengo baremoa kontuan harturik balioetsiko dira proiektuak:

a) Proposatu diren jarduerek ingurumenerako duten interes maila (gehienez, 20 puntu).

b) Memoria teknikoan aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa. Balioesteko kontuan hartuko dira: helburuen zehaztasuna, jardueren azalpen zehatza, metodologiaren garapena, giza baliabideak egokiak izatea, bideragarritasuna eta ebaluazioa (gehienez, 12 puntu).

c) Aurrekontuaren gardentasuna eta detaileak; ahal den neurrian, hura banakako preziotan egoki xehatua (gehienez, 10 puntu).

d) Gizarte-errentagarritasuna, hau da, kostuen eta jardueren onuren edo onuradunen arteko oreka (gehienez 12 puntu).

e) Erakundearen esperientzia, antzeko jarduerak gauzatzen (gehienez, 9 puntu). Irabazi-asmorik gabeko beste elkarte eta erakunde batzuk honako agindu honen.2 artikuluan azaldutakoen antzeko proiektuetan izan duten ibilbidea egiaztatzeko, eskabideko A eranskineko A.2 atala bete beharko da: erakundeak garatutako edo garatzen ari den ingurumen- edo boluntariotza-ekintzen laburpena; dena dela, Sailak egoki irizten dizkion agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio.

f) Proiektua beste erakunde batzuekin batera gauzatzea (gehienez, 9 puntu). Ez da lankidetza kontsideratuko: erakundeek diruzko kontraprestazio baten truke egindakoa.

g) Proiektuan parte hartuko duten boluntarioen kopurua (gehienez, 20 puntu). Memoria teknikoan kalkulu zehatza aurkeztu ezean, atal honetan 0 puntu lortuko da.

h) Euskaraz gauzatutako proiektuak (gehienez, 8 puntu).

2.– Laguntza horiek bakarrik eskuratu ahal izango dituzte: a) idatzi-zatian jasotako alderdietan 10 puntuko gutxieneko puntuazioa, b) idatzi-zatian 6koa eta aurreko paragrafoko c) idatzi-zatian 5ekoa lortzen duten eskabideek, baldin eta paragrafo horretan jasotako irizpideen arabera egiten den balioespen orokorrean gutxienez 51 puntu lortzen badituzte.

3.– Behin galdatutako eskakizun subjektibo eta objektiboak dauzkatenek aurkeztutako proiektuen balioespena egin denean, galdatutako gutxieneko puntuazioa lortu dutenak ordenatzeari ekingo zaio, beheranzko noranzkoan, lortu duten puntuazioaren arabera, eta laguntzak ordenazio horren arabera esleituko dira, agindu honen 7.2 artikuluak ahalbidetzen duen gehieneko kopuruagatik, harik eta, hala gertatzen bada, deialdiaren zuzkidura agortzen den arte.

14. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkezten diren eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Ingurumeneko sailburuordeari dagokio, betiere ebaluazio-organoaren proposamenez.

2.– Hartzen den ebazpenean, laguntza eman den edo ez zehaztuko da, hala gertatzen den kasuan, eta eman denean, zein erakundek jaso duen, zein den laguntza jaso duen proiektua, zein den onartu den aurrekontua, aurrekontuko zein kontu-sail lagunduko diren diruz, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaierarik ematen; izan ere, ebazpen horren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari; hilabeteko epea izango dute horretarako, jakinarazpena egin eta biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde onuradunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien diru-laguntza eta diruz lagundutako inbertsio-proiektua adierazita.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpenak erakunde onuradunei jakinarazteko gehieneko epea sei (6) hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epea igarotakoan, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, egindako eskaera ezetsitzat hartuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Emandako diru-laguntzaren % 50 laguntza onartu ondoren ordainduko da, 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Ordainketa aurreratu horiek eten egingo dira baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak jakin badaki, erakunde onuradunak, bahitura judiziala dela medio edo beste kausaren bat dela-eta, kitatu beharreko zorren bat duela. Kasu horretan, diru-laguntzaren zenbateko guztia ordainduko da, hala badagokio, zorra kitatu dela justifikatzen denean.

2.– Diru-laguntzaren gainerako % 50a, berriz, erakunde onuradunak 16. artikuluan adierazten diren epeetan diru-laguntzaren justifikazioa aurkeztearen mende geratuko da.

16. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea.

1.– Erakunde onuradunek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Justifikazio-inprimakia, behar bezala beteta (2. eranskina, B1 inprimakia).

b) Memoria, formatu paperezkoan eta digitalean, zeinetan honako hauek jaso beharko baitira: eskabideko memorian jasotako alderdi guztiei dagokienez proiektuaren exekuzioa; hasierako aurreikuspenei dagokienez jazotako aldaketak, eta horien justifikazioa, barne direla jardueraren argazkiak; gauzatutako jardueraren planoak edo krokisak; jarduera zenbat pertsonak egin zuten; boluntarioen zerrenda zenbakitua, eta proiektuaren exekuzioari buruzko ebaluazioa (B2 inprimakia eta, aukeran, memoria osagarria).

c) Proiektuaren balantze ekonomikoa, zeinetan jasotzen baitira haren gastu eta sarrera guztiak, nahiz eta emandako diru-laguntzak zehaztu ez gastuko kontu-sail guztiak (B3 inprimakia).

d) Diruz lagundutako aurrekontuko diru-sailetan egindako gastuen faktura originalak. Parte-hartzaileek egindako kilometroen ondoriozko gastuak honelaxe justifikatu beharko dira: B5 inprimakiarekin bat datozen gastu-konpentsazioko orrien bitartez (behar bezala sinatuak). Egiaztagirien kopia guztien ale bat entregatu beharko da. Behin zigilatuta, originalak erakunde eskatzaileari itzuliko zaizkio. Fakturetan, ordainketa transferentzia bidez egiten dela adierazten bada, faktura horiei erantsi egin beharko zaie hura egin izana egiaztatzeko agiri originala.

Dokumentu horiek guztiek zenbakia izan beharko dute, eta zerrenda bat erantsiko zaie. Zerrenda horretako dokumentuak ordenatuta agertuko dira, aurrekontuko atalen arabera. Horretaz gain, hauek ere adieraziko dira: faktura egin duen erakundea, zenbatekoa, zein den fakturako kontzeptua, zenbakia, eta proiektuarekin daukan lotura, azken hori nabarmena ez bada.

e) Erakundera sartzeko erabakien kopia, boluntarioek eta antolakundeak sinatua, betiere Boluntarioei buruzko 17/1998 Legeko 8.3 artikuluko zehaztapenekin bat etorriaz.

f) Erakunde aseguratzaileak emandako egiaztagiria. Bertan, gutxienez, erakundeak boluntarioen alde kontratatutako aseguru-polizen datuak egiaztatu beharko dira, eta, bestalde, zehaztu egin beharko dira asegurua duten pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

g) Jarduerak edo proiektuak sortutako materialen kopia, formatu paperezkoan eta digitalean.

h) Erakundearen ordezkariak emandako erantzukizunpeko deklarazioa, proiektu bererako jasotako bestelako diru-laguntzei buruzkoa (B3 inprimakia).

i) Proiektua egiteko beharrezkoak diren baimenak, jarduerak egin aurretiko data izan behar dutenak.

2.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, jardueraren amaiera-datatik zenbatzen hasita, eta, betiere, 2014ko martxoaren 31 baino lehenago.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituztenek, betiere, honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza eta, horrekin batera, agindu honetan aipatutako baldintza eta arau guztiak onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza esleitu izana jakinarazten duen ebazpena jaso eta 10 eguneko epearen barruan, diru-laguntzaren onuradunek berariaz eta idatziz hari uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Diruz lagundutako jarduerak 2014ko otsailaren 28rako amaitu beharko dira.

3.– Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen ondoriozkoak. Obligazio horiek betetzeko, erakundeek idazkaritza tekniko baten laguntza eduki ahal izango dute, zeina Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jarriko baitu haien esku; eta obligazioak dira:

a) Boluntarioentzat istriputako eta erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea, baldin eta proiektuan boluntarioek parte hartzen badute. Erantzukizun zibileko aseguruak gutxienez 300.506,05 euroko kapitala izan behar du aseguratuta, istripuko eta aseguruaren urtekorako, hain justu ere polizari atxikitako boluntario bakoitzarentzat.

b) Boluntariotzaren barneko estatutu bat izatea.

c) Boluntarioei informazioa ematea honako hauetaz: helburuak, antolaketa-egitura eta antolakundearen funtzionamendua.

d) Boluntarioekin akordioak sinatzea, zeintzuetan jasoko baitira boluntarioek erakundearekin duten erlazioari buruzko zehaztapenak, eta, halaber, parteek hartzen dituzten konpromisoak.

e) Jarduerak burutzeko habilitatu eta identifikatzen dituen akreditazio bat ematea boluntarioei, eta, halaber, parte hartzeari buruzko egiaztagiri bat.

f) Boluntarioen alta eta bajen erregistroa abiaraztea eta mantentzea.

4.– Segurtasun- eta higiene-baldintza egokietan, euren jarduera burutu ahal izatea bermatzea boluntarioei.

5.– Proiektua abiarazteko prestakuntza-jarduera beharrezkoetan parte hartzea, eta, halaber, emaitzak jendaurrean erakusteko eta itxierako jardunaldian, zeina Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak deituko baitu.

6.– Proiektuekin batera organo eskudunaren aldez aurreko txostena aurkeztu beharko da, egin beharreko ekintzarekin ados dagoela adieraziz, baldin eta proiektuko jarduerek eremu hauek ukitzen badituzte: natura-ondarea, naturagune babestuak, ibai-ibilguak, garrantzi komunitarioko lekuak, ondare historikoa osatzen duten ondasunak, eta babestutako flora eta fauna espezieak. Proiektua egiteko unean, erakundeak behar diren baimen guztiak ez baditu, diru-laguntza osoa kenduko zaio. Natura 2000 Sareko espazioen kasuan, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren nahitaezko adostasun-txostena egin beharko da, deialdi hau ebatzi aurretik egin ere.

7.– Jarduerak sorrarazten duen argitalpen, liburuxka eta, oro har, publizitate orotan, berariaz adierazi behar da hura Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diruz lagundu duela, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudian xedatutakoaren arabera (Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretua; EHAAen argitaratua, 205. zk.).

8.– Diruz lagundutako ekintzak sustatzeko sortutako kartelak, testuak eta agiriak euskaraz, edo euskaraz eta gaztelaniaz, idatziko dira.

9.– Azterlanek, egitarauek, argitalpenek eta abarrek generoaren eta berdintasunaren ikuspegiak izango dituzte, eta ez dute elementu diskriminatzailerik jasoko ez hizkuntzan ez eta irudietan ere.

10.– Aurkeztutako dokumentazioan dagoen informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku uztea, doan eta esklusibotasunik gabe, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren informazio-sistemetan erabili eta sartzeko eta zabalkunderako edo/eta argitaratzeko, eta bai honako hauetan argitaratu eta hedatzeko ere: edozein hedabide eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatikotan zein teknikak ahalbidetzen duen orotan. Erakundeak dokumentu horiek bere web-orrian argitaratzen baditu, artxibo digitala entregatu ordez, nahikoa izango da adieraztea zein url helbidetan dagoen artxiboa, bertatik eskuratu ahal izateko.

Erakundearen ustez, emandako informazioaren zati bat uztailaren 18ko 27/2006 Legearen –ingurumenaren gaian informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituenaren– 13. artikuluan aurreikusitako salbuespenei loturik badago, alde batetik, dokumentazioan bertsio osoa entregatuko da, eta bertan adieraziko da zein zati egon daitezkeen salbuespenei loturik, eta bestetik, bertsio laburtua, zati horiek kenduta. Bertsio hori izango da jendaurrean jarriko dena.

11.– Diru-laguntzen erakunde onuradunek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak beteko dituzte; batez ere, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko dituzten funtzioetan jardunez, eskatzen dien edozein informazio eman beharko dute.

12.– Diru-laguntzak zein helburutako eman diren, helburu horretarako bakarrik erabiliko dira.

18. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntzak jaso, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; kasu horretan, dena dela, diru-laguntzen onuradun izateko arau honetan jarritako oinarrizko baldintzak betetzen jarraitu beharko da.

Ondorio horietarako, Ingurumeneko sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du, zeinarekin doitu eginen baita emandako diru-laguntzaren kopurua, edo, egoki bada, lortutako gehiegizko diru-kopurua itzuli beharra aginduko baita.

19. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzeko prozedura.

Diru-laguntzaren onuradunak oinarri hauetan ezarritako edozein baldintza bete ezean, organo eskudunak, interesdunei entzun ondoren, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko dio, eta beharrezkoa izanez gero, dagokion zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra ere erabaki ahal izango du, hala ezartzen baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

Halaber, beste laguntza eta diru-laguntzekiko bateragarritasun-maila gaindituz gero, onuradunak itzuli egin beharko du diru-laguntza honen helburu den jardueraren kostutik gora jasotako dirua, agindu honetako bosgarren artikuluan adierazitakoaren arabera. Hala ere, hori guztia ez da eragozpen izango zehapenak ezartzeko, ez eta kalte-ordainak edota, dagokionean, erantzukizun penala eskatzeko ere.

Dagozkien legezko ondorioei begira, zenbateko horiek sarrera publikotzat joko dira.

20. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu den guztirako, ondorengo bi arau hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritakoa, hain zuzen ere.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 17a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala