Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2013ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2132

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2013an Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena (IKT deialdia).

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 10. artikuluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 193/2013 Dekretuak, apirilaren 9koak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 21.1.h artikuluan (EHAA, apirilaren 24koa, 78. zk.): azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten funtzioak.

Euskararen Aholku Batzordeak 2012ko uztailaren 18an onartutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planean IKT alorrean, etorkizunerako erronka era honetan zehazten du: Kultura digitalaren garai hauetan, ahalegin bereziak bideratu behar dira sareko eduki eta aplikazioetara, ahalik eta esparru gehienetako eskaintza euskaraz izan dadin. Hizkuntza batek IKT alorrean etorkizuna izan nahi badu, oinarrizko baliabideak eta tresnak behar ditu. Horiek euskaraz garatzeko eta eguneratuak izateko ekimen eraginkorrak bultzatuko dira.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, oraingo Agindu honen bitartez, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko 2013ko diru-laguntza deialdia arautzen du.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak arautzea eta deialdia egitea.

2. artikulua.– Programak edo jarduerak egikaritzeko epea.

Laguntza deialdi honek 2013an burutuko diren egitasmoak baino ez ditu gogoan hartuko. Hori dela-eta, deialdi honetara biltzen diren egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edota gizarteratu beharreko jardunak, zerbitzuak eta produktuak 2013ko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek bide elektronikoa erabili beharko dute prozeduraren izapideak egiteko, eskatzeko eta kontsultatzeko.

2.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak eta bestelako dokumentu ereduak bide elektronikoa erabiliz nola izapidetu erakusten duten zehaztapenak, euskadi.net-eko gune elektroniko honetan daude eskuragarri: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/ikt/eu/

Eskaera elektronikoaren ondorengo izapideak honako gunearen bitartez egingo dira https:// www.euskadi.net/nirekudeaketak.

4. artikulua.– Onuradunak.

Hauek dira laguntza-modalitate honen hartzaileak: jarduera ekonomikoren bat garatzen duten enpresa guztiak, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta legalki eratuta badaude indarrean dagoen araudiaren arabera, beti ere Agindu honen 7. artikuluan aipaturiko egitasmoak burutzen badituzte.

Diru-laguntza deialdi honen ondorioei dagokienez, honako hau da enpresaren definizioa: jarduera ekonomikoa gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridiko pribatua.

5. artikulua.– Enpresa eskatzaileen baldintzak eta betebeharrak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50..artikuluan zehaztutako betebeharrak:

a) Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortutakoa izan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko.

c) Erakundeak egunean edukitzea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak, arauz zehaztu den bezala.

d) Erakundeak egunean edukitzea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, arauz zehaztu den bezala.

e) Diru-laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen legedian ezarritako baldintzak betetzea.

2.– Horiez gain, deialdi honetarako hauek:

a) Bere kapital gehiena publikoa duten entitate pribatuen eskabideak eta fundazio-ondarea edota gobernu -edo zuzendaritza- partaidetza nagusiki publikoa duten entitatea ez izatea.

b) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren 2013ko diru-laguntzen deialdiaren onuraduna ez izatea.

c) Laguntza-deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoren adierazten diren estatu laguntza erregimenaren bidez legez kanpoko eta bateraezinak diren diru-laguntzak jaso dituzten erakundeak: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II eta Bizkaia III ( CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00) baldin eta jasotako diru-laguntza eta dagozkion interesak blokeatutako diru-kontu batera itzuli ez badituzte.

d) Enpresa, burutu nahi den egitasmoa burutu ahal izateko jabego intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabe izatea.

6. artikulua.– Enpresa eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa berez egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina aplikatuz. Estatu Espainiarreko Ogasunean zergak ordaintzen dituztenekin berdin jokatuko da. Aldiz, interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, edo helbide fiskala Estatu Espainiarretik kanpo baldin badute, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar dute, genienik ere sei (6) hilabete lehenago egindakoa eta organo eskumendunak emana, horrelakoetan elkarreraginkortasun-zerbitzuak ez bait daude erabilgarri.

2.– Eskabideek honako aukera hau jasoko dute: diru-laguntzaren eskatzaileak, berariaz baimena ematen dio organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortzeko edo egiaztatzeko. Hau guztia, Herri Administrazioari dagozkion egiaztatzeko eta ikuskatzeko eskumenak kaltetu gabe.

Enpresak ez ditu aurkeztu behar izango legalki eratuta dagoela eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duten agiriak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroan dagoen fundazioa, kooperatiba edo elkartea bada. Izan ere, kasu honetan Administrazioak ofizioz egiaztatu ahal izango du Erregistroan dagoela, eta nahikoa izango da eskatzaileak hori adieraztea eskabide-orrian.

Baldin eta eskatzailea pertsona juridiko pribatua bada eta enpresa legalki eratuta dagoela eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duten agiriak Administrazio honetan lehenago ere aurkeztuak izan badira eta indarrean jarraitzen badute, eskatzaileak ez ditu aurkeztu behar izango. Edozein modutan ere, eskatzaileak eskabide-orrian adierazi beharko du agiri horiek noiz eta zein Sail edo Zuzendaritzatan aurkeztu zituen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea betez, Agindu honetako 5. artikuluan zehaztutako betebeharrak egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez.

7. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen egitasmoak eta kopuruak.

1.– Honako hauek dira laguntza-mota honetara bil daitezkeen egitasmoak eta multzo bakoitzerako aurreikusitako diru-laguntza kopurua:

1.1. A multzoa (504.000 euro): Euskarazko atari edo webguneak. Honako helburu hauek dituzten egitasmoak izango dira diru-laguntza gai:

– Euskarazko atari edo webgune berriak sortzea.

– Aurretik sortutako euskarazko webguneak zerbitzu, funtzionalitate edota eduki berriz hornitzea.

1.2.– B multzoa (303.500 euro): Softwarea euskaraz sortzea edo eta euskarara lokalizatzea. Honako helburu hauek dituzten egitasmoak izango dira diru-laguntza gai:

– Erabilera orokorreko eta aisialdiko euskarazko Internet aplikazioak garatzea, gailu mugikorretan erabiltzeko direnak barne.

– Dagoeneko merkaturatuta dauden erabilera orokorreko eta aisialdiko Internet aplikazioak euskarara lokalizatzea, gailu mugikorretan erabiltzeko direnak barne.

2.– Nolanahi ere, aurreko puntuan zehaztutakoari dagokionez, honako egitasmo hauek ez dute sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira:

a) Alderdi politikoen, hauteskundeetarako koalizioen eta sindikatuen egitasmoak.

b) Atari eta webgune pertsonalak.

c) Atari eta webgune puntualak (gertakizun, ekitaldi edo jardunaldi jakin baten inguruan propio antolatutakoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).

d) Demoak eta prototipoak.

e) Produktu eta helburu zabalago baten osagai diren egitasmoak, baldin eta publikoarentzat erabilgarriak ez badira.

f) Enpresa-kudeaketarako softwarea euskaraz sortzea edota euskarara lokalizatzea helburu duten egitasmoak.

g) Lan mundurako euskarazko edukiak.

h) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatzen ez dituzten egitasmoak eta, ondorioz, herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementuak jasotzen dituztenak; halaber, herritarren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementuak jasotzen dituztenak.

i) Sexu bien arteko trataera-berdintasuna bermatzen ez duten egitasmoak.

j) Laguntza-mota honetan sarbiderik izan arren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2013an diruz lagundutako egitasmoak.

k) Araubide orokorretan zein berezikoetan erabiltzekoak izanik, ikasketa-plan edo curriculumarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten ikasmaterial inprimatu, ikus-entzunezko edo elektronikoak gauzatzeko asmoz aurreikusitako egitasmoak.

l) Euskararen kalitatea bermatzen ez duten atari edo webguneetan egindako berrikuntza edo horietan kokatuko diren euskarazko eduki berriak.Hau da, lehendik abian dagoen atarian edo webgunean berrikuntzak egin behar direnean, edo euskarazko eduki berriak sartu behar direnean, ezinbestekoa izango da atari edo webgune horrek euskararen kalitatea bermatzea, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartuz eta betez.

m) Deialdiaren epealdia bete aurretik, hau da, 2013ko abenduaren 31rako, diruz lagundutako egitasmoek guztiz bukatuta eta publikoari zabalduta egon beharko dute, edozeinek erabiltzeko moduan. Osorik bukatutzat jo ezin diren egitasmoei emandako laguntza osoa erreklamatuko zaio diru-laguntzaren onuradunari, eta ez da betetako zatiaren araberako likidaziorik bideratuko. Beraz, 25. artikuluari jarraikiz, diru-laguntza itzultzeko espedientea bideratuko da.

8. artikulua.– Baldintza bereziak.

Laguntza-mota honetan parte hartu ahal izateko honako baldintza berezi hauek behar dira:

1.– A multzoari dagokionez:

a) Euskarazko atari edo webguneek etengabe eguneratzeko plangintza eduki beharko dute, bai eta gunea ezagutarazteko plana ere.

b) Euskarazko eduki berrien kasuan, horiek zabaltzeko edo ezagutarazteko plangintza zehaztuko da.

c) Webguneek agerian edo ezkutuan egongo den bisita-neurgailua eduki behar dute. Ezkutuan bada, entitate eskatzaileak izandako bisita-kopurua ikusi ahal izateko beharrezkoa den aukera teknikoa emango dio Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari.

2.– B multzoari dagokionez egitasmoen zabalkunde plan zehatza aurkeztu beharko da. Plan horretan egitasmoa ezagutzera emateko egingo diren ekintzak jasoko dira: ekintzen deskripzioa, egutegia eta bitartekoak txertatuko dira, bai eta Internet bidezko sustapen plana ere.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren nondik norakoa, zertarakoa eta zenbatekoa.

1.– Laguntza-mota hau egitasmoen gauzatze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuei partzialki aurre egitera dator. Nolanahi ere, aurreko urteetan diruz lagundutako egitasmoen kasuan, berrikuntzak baino ez dira diruz lagunduko.

Honako gastu hauek ere kanpoan geldituko dira:

a) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.

b) Aurretiaz euskara ez den beste hizkuntza batean garatutako atari edo webguneari eta softwareari dagozkion gastuak.

c) Sortzen diren atari edo webgune edota eduki berriak euskaraz gain beste hizkuntza batean edo gehiagotan garatzeko asmoa baldin badago, aurkezten den egitasmoari kostuaren parte bat bakarrik egotziko zaio, euskarazko bertsioari dagokion kostua hain zuzen ere.

d) Halaber, dagoeneko sortutako edukia sarean ipintzeko eskatzen denean diru-laguntza, egokitzapen kostua soilik hartuko da kontuan.

e) Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion entitate eskatzailearen jardun orokorreko gastuak.

f) Sareko hedabideen kasuan, laguntza honen bitartez soilik diruz lagunduko dira aldaketa edota hobekuntza teknologikoak, hau da, sistema berriak egitea edo diren sistemak egokitzea. Hedabideetako edukiak, berriz, ez dira diruz lagunduko. Alegia, ez dira diruz lagunduko testu-eduki periodistikoei dagozkien erredakzio-lanak.

g) Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) dagokion gastua ez da kontuan hartuko. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastutzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.

2.– Egitasmo orok gastu- eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du ezinbestean. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen egitasmoa kanpoan utziko da. Gastu-aurrekontuari dagokionez, honako atal hauek izango ditu:

a) Langile-gastuak. Honen barruan sartzen dira egitasmoa egiteko behar izan diren giza-baliabideak, bai enpresa barrukoak (soldata gordinak, zergak kontuan hartu gabe, eta legez beharrezkoak diren kotizazioak), bai eta kanpokoak ere (kanpoko zerbitzuen kontratazioa). Atal honetan, egitasmoaren kudeaketa-gastuetarako gehienez ere gainontzeko langile-gastuen guztirakoaren % 10a hartuko da kontuan.

b) Bestelako gastuak (funtzionamendu-gastuak barne). Atal honetan, gehienez ere, langile-gastuaren % 10 hartuko da kontuan, eta bestelako gastu horiek zein kontzepturi dagozkion zehaztuko da.

3.– Egitasmo orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du ezinbestean, % 40koa hain zuzen ere. Ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den egitasmoa lehiaketatik kanpo utziko da.

4.– Aurreko puntuan aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da:

a) Entitate-eskatzailearen diru-ekarpenak.

b) Zerbitzu-salmentatik eskuratutakoak.

c) Produktu-salmentatik eskuratutakoak.

d) Publizitatetik eskuratutakoak.

e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.

5.– Defizitarioak diren egitasmoei bakarrik eman ahal izango zaie diru-laguntza. Hots, begiz jotako gastuak, eskatzailearen finantzaketa propioarekin estali ezin dituzten egitasmoei. Ondorioz, defizitarioak ez diren egitasmoak lehiaketatik kanpo utziko dira.

6.– Egitasmo bakoitzari esleitutako diru-laguntza, ez da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa baino handiagoa izango. Gehienez ere, hogeita hamar mila (30.000) euro izango da eta, gutxienez, bi mila (2.000) euro.

7.– Egitasmo bakoitzaren gastu-aurrekontua ezin izango da 50.000 euro baino gehiagokoa izan. Edozein modutan ere, aurrekontua egituratzerakoan, honako beste bi muga hauek ere gordeko dira:

– diru-laguntza eduki-sorkuntzarako eskatzen denean, atal horretarako gehienez ere 20.000 euroko gastua hartuko da kontuan.

– diru-laguntza produktu baten lokalizaziorako eskatzen denean, itzulpenetarako gehienez ere 10.000 euroko gastua hartuko da kontuan.

8.– Entitate bakoitzak ezingo ditu deialdi honetara bost egitasmo baino gehiago aurkeztu.

9.– Entitate bakoitzak ezingo ditu Agindu honetatik 90.000 euro baino gehiago eskuratu.

10.– Diru-laguntza bateragarria da edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berberaz eman ditzakeenekin, beti ere, lagundutako egitasmoak gain-finantzaketarik ez badu. Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 24. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gain-finantzaketarik gertatu dela ikusten bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 25. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gain-finantzaketaren bestekoa izango da.

11.– Webgune edo atari berriak zein aplikazio berriak izanik, euskaraz soilik sortutakoak baldin badira, webgune, atari edota aplikazioak euskaraz soilik mantenduko dira gutxienez hurrengo bi urteetan, hau da, denbora-tarte horretan ezin izango dira beste hizkuntza batzuetara itzuli.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren organo-kudeatzailea.

Deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari dagokio.

11. artikulua.– Eskabideak eta formularioak aurkeztea.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira euskadi.net egoitza elektronikoan: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/ikt/eu/

2.– Enpresa eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Era berean, enpresa eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

3.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok gehienez ere 5 eskaera aurkezteko aukera izango du. Eskabide bat baino gehiago aurkezten denean, erantsi beharreko dokumentazioa bakarra izan daiteke eskabide-orri guztientzat.

12. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epea izango da.

13. artikulua- Diru-laguntza eskaera egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabide-orriarekin batera honako hauek ere aurkeztu beharko ditu eskatzaileak:

  • Egitasmoaren deskripzioa.
  • Aurrekontua.
  • Enpresa legalki eratuta dagoela eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duten agiriak.

14. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar (10) egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

15. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatze aldera, honako urrats hauek emango ditu, hurrenez hurren:

1.1.– Adierazitako aurrekontuari eta eskatutako diru-laguntzari dagokienean,

a) Aurrekontu-fitxan (II. eranskina) adierazitako gastu-aurrekontua eta eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa hartuko ditu abiapuntutzat.

b) 9. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari zuzenean eta bakarrik egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan. Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion entitate eskatzailearen jardun orokorreko gastuak. Halaber, aurreko urteetan diruz lagundutako egitasmoak direnean, berrikuntzak baino ez dira diruz lagunduko.

c) Horrez gain, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua egokitu ahal izango du, lanen merkatuko kostu estimatua kontuan hartuta. Kostu estimatua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira, bereziki, Eusko Jaurlaritzako erakundeetako prezio publikoak (adibidez, honako tarifa hauek hartuko dira kontuan: itzulpenetarako IVAPek dituenak, eta lan informatikoetarako Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak dituenak).

d) Aurreko bi puntuetan (b eta c) adierazitakoa aintzat hartuta, eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izatekotan, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuan zehaztutako finantzaketa propioaren kopuruari eta eskatutako diru-laguntzari, beti ere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Modu horretan, aurrekontu onartua finkatuko da. Horrelakoetan, diru-laguntza kalkulatzeko orduan, aurrekontu onartua eta eskatutako diru-laguntza onartua hartuko dira erreferentzia-oinarritzat, baita eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa ere.

1.2.– Puntuei dagokienean,

a) Esleipen-prozedurari ekin aurretik, balorazio-fasera pasatako egitasmoak baloratuko dira, Agindu honen 16. artikuluan finkatutako irizpideen arabera.

b) Egitasmoek, aurrera egitekotan, jaso litezkeen puntuetatik hirurogeita hamar (70) puntu edo hortik gora lortu beharko dituzte. Ondorioz, esandako gutxieneko puntuazio horretatik beherako puntuazioa lortzen duten egitasmoek ez dute diru-laguntzaren banaketan sartzerik izango eta, ondorioz, ez dute diru-laguntzarik hartuko.

c) Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute. Estalpen-indize hori balorazio-batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero. Horretarako honako gutxieneko eta gehienezko mugak kontuan izango dira: 70 puntu dituen egitasmoari onartutako gastu-aurrekontuaren % 40ko estalpen indizea legokioke eta 91 puntu edo gehiago dituenari, berriz, gastu-aurrekontuaren % 60koa. Proportzionaltasunaren irizpidea erabiliko da gainerakoak kalkulatzeko.

2.– Egitasmo bakoitzari esleitu beharreko laguntza-kopurua zehazteko orduan, 9.6, 9.7 eta 9.9 artikuluetan finkatutako mugak gordeko dira.

16.– artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, betiere, ezarritako mugak errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz. Ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:

1.1.– A multzoa (euskarazko atariak edo webguneak):

a) Egitasmoaren bideragarritasuna: gehienez ere hogei (20) puntu.

Honako hauek neurtuko dira:

– egitasmoaren bideragarritasun teknikoa: aurkeztutako helburuen, epeen eta bitartekoen egokitasuna eta haien arteko koherentzia.

– egitasmoaren bideragarritasun ekonomikoa: aurrekontuaren egokitasuna eta koherentzia, eta autofinantzaketa-maila.

– enpresaren eskarmentua: eskatzaileak IKTen alorrean eta euskarazko IKT produktuen sorkuntzan daukan esperientzia.

b) Eguneratze plangintzaren eta webgunea edota edukiak ezagutarazteko proposamenaren zehaztasun- eta egokitasun-maila: gehienez ere hamar (10) puntu.

Honako hauek neurtuko dira:

– Webgunea bada: ezagutarazteko proposamena, eta eguneratze maiaztasuna.

– Edukiak badira: kokatuta dagoen webgunea edota ataria ezagutarazteko proposamena.

c) Jasotzaileen izaera: gehienez ere hogei (20) puntu.

Honako hau neurtuko da: egitasmoa nori zuzendua dagoen (haur eta gazteei, publiko orokorrari, publiko jakinari -sektoriala-).

d) Egitasmoaren eragin maila: gehienez ere hamabost (15) puntu.

Honako hau neurtuko da: egitasmoak euskararen sustapenean izan dezakeen eragin maila, produktuaren izaeraren, helburuen eta jasotzaile potentzialen arabera.

e) Lizentzia libre edo kode irekiko edukiak: gehienez ere bost (5) puntu.

Honako hau neurtuko da: kodea/edukia zabaldu, ikusi, aztertu, aldatu eta komerzializatzeko aukera dagoen ala ez.

f) Egitasmoaren kalitatea: gehienez ere hogeita hamar (30) puntu.

Honako hauek neurtuko dira: edukiak, diseinua, berrikuntza edota antzekoekiko balio erantsia, eta ezaugarri teknikoak (erabilitako teknologia, eskainitako zerbitzuak eta web 2.0 teknologia).

1.2 - B multzoa (softwarea euskaraz sortzea edo eta euskarara lokalizatzea):

a) Egitasmoaren bideragarritasuna: gehienez ere hogei (20) puntu.

Honako hauek neurtuko dira:

– egitasmoaren bideragarritasun teknikoa: aurkeztutako helburuen, epeen eta bitartekoen egokitasuna eta haien arteko koherentzia.

– egitasmoaren bideragarritasun ekonomikoa: aurrekontuaren egokitasuna eta koherentzia, eta autofinantzaketa-maila.

– enpresaren eskarmentua: eskatzaileak IKTen alorrean eta euskarazko IKT produktuen sorkuntzan daukan esperientzia.

b) Merkaturatzea eta banaketa: gehienez ere hamabost (15) puntu.

Honako hauek neurtuko dira: produktua merkaturatzeko edo zabaltzeko planaren zehaztasuna eta egokitasuna.

c) Jasotzaileen izaera: gehienez ere hamabost (15) puntu.

Honako hau neurtuko da: egitasmoa nori zuzendua dagoen (haur eta gazteei, publiko orokorrari, publiko jakinari –sektoriala-).

d) Egitasmoaren eragin maila: gehienez ere hamabost (15) puntu.

Honako hau neurtuko da: egitasmoak euskararen sustapenean izan dezakeen eragin maila, produktuaren izaeraren, helburuen eta jasotzaile potentzialen arabera.

e) Lizentzia libre edo kode irekiko edukiak: gehienez ere bost (5 puntu).

Honako hau neurtuko da: kodea/edukia zabaldu, ikusi, aztertu, aldatu eta komertzializatzeko aukera dagoen ala ez.

f) Kalitatea: gehienez ere hogeita hamar (30) puntu.

Honako hauek neurtuko dira: erabilitako teknologia, egitasmoaren izaera, erabilgarritasuna eta hizkuntza-baliabideak, berrikuntza edota antzekoekiko balio erantsia.

2.– Aurreko puntuan finkatutako irizpideetako bakoitzari dagozkion puntuen zehaztapena, Balorazio-batzordeak multzo bakoitzerako berariaz prestatutako ponderazio-taula batean jasoko da. Taula hori Balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egin beharreko ebazpen-proposamenari erantsiko zaio.

3.– Egitasmoak baloratzeko informazioa «Egitasmoaren azalpen teknikoa» izeneko eranskinean (I. eranskina) emandako informazioan oinarrituko da. Irizpideren bat baloratzeko informaziorik (edo informazio nahikorik) ez badago, egitasmoak ez du punturik jasoko irizpide horretan.

17. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, berariazko Balorazio-batzorde bat osatuko da.

2.– Balorazio-batzordea honako kide hauek osatuko dute:

a) Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria edo bere ordezkoa, batzordearen buru izango dena.

b) Foru administrazioetako hizkuntza politikaren ardura duten sailetako teknikari bat, gutxieneko maila zerbitzu buruarena delarik, edo bere ordezkoa.

c) Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako EBPNren jarraipenerako arduraduna, edo bere ordezkoa.

d) Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Estandarizazio Zerbitzuko arduraduna edo bere ordezkoa.

e) Euskararen Aholku Batzordeko kide bat.

f) IKT alorreko aditu bat.

g) Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikari bat. Horrek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.

3.– Balorazio-batzordea osatzeko orduan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, bere 3.7 artikuluan dioena beteko da.

4.– Balorazio-batzordearen osaeraren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

5.– Balorazio-batzordeak, laguntza-mota honetan finkaturiko irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landuko du eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztuko dio, honek, zuzen eta bidezkoa joz gero, behin betiko ebazpena har dezan. Aipaturiko proposamenak, honako atal hauek izango ditu gutxienez:

a) Deialdian finkaturiko baldintzak bete ez izateagatik baztertuak izan diren eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertu izanaren zioa.

b) Diruz lagundutako egitasmoak; onartutako gastu-aurrekontua; lortutako puntuak, osotara eta atalkakoa; eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

c) Gutxieneko puntuak lortu ez izateagatik diru-laguntzarik gabe utzitako egitasmoak eta horiek lortutako puntuazioa, osotara eta atalkakoa.

18. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik sei hilabeteko epean interesdunei jakinaraziko die.

2.– Diruz lagundutako egitasmoen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da bai eta Eusko Jaurlaritzako webgunean ere (www.euskadi.net) herritar orok jakin dezan. Zerrenda horretan zehaztuko dira diruz lagundutako egitasmo bakoitzak jasotako puntu kopurua eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.– Sei hilabeteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez bada eta gora jo nahi badu, eskatzaile horrek aukera izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

Diru-laguntza esleitzeko ebazpenaren jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik hamar (10) egun balioduneko epean diru-laguntzaren onuradunak berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartutzat emango da.

20. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua) finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Diru-laguntza eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.

b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte.

e) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

f) Laguntza-gai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementurik ere.

g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

i) Laguntza-mota honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerrarazi behar dute. Nolanahi ere, diru-laguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.

21. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Agindu honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketak bi zatitan egingo dira, era honetara:

a) Lehenengo ordainketan diru-laguntza osoaren ehuneko hirurogeita bost (% 65) ordainduko da, diru-laguntza jasotzea onartzen den egunetik hasi eta bi (2) hilabeteko epean.

b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako ehuneko hogeita hamabosta (% 35) ordainduko da, diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren. Edozein modutan ere, bigarren ordainketa hau 2014an burutuko da kasu guztietan.

22. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen denean, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokituko da. Horretarako, honako Dekretu honetan ezarritako prozedura aplikatuko da: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

23. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko epea eta tokia.

2014ko urtarrilaren 31ra arteko epea dago justifikazioak aurkezteko.

Justifikazioak bide elektronikoak erabiliz aurkez daitezke honako helbide honetan: https://www. euskadi.net/nirekudeaketak

24. artikulua.– Justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du, ezinbestean, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzaren aurrean. Justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

2.– Aipaturiko justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egingo da. Justifikazio-kontu erraztuak, zinpeko aitorpenaren izaera izango duenak, honako informazio hau jasoko du:

a) Burututako jardunari eta emaitzei buruzko txostena (III. eranskina_Emaitzei buruzko txostena). Beste datu batzuen artean, honako hauek jasoko dira bertan:

– A multzoko egitasmoen kasuan, dagokion helbide elektronikoa zehaztuko da III. eranskina_Emaitzei buruzko txostena izeneko eranskinean.

– B multzoko egitasmoen kasuan, egitasmorako sarbide-kodea bidali behar da (beti ere, izaera publikoa ez duten egitasmoen kasuan), III. eranskina_Emaitzei buruzko txostena izeneko eranskinean.

– Zabalkundea: egitasmoa zabaltzeko egindakoari buruzko azalpen zehatza idatzi beharko da, eta azalpena laguntzeko pantaila inprimatuak bidaliko dira, pdf dokumentu batean edo beste euskarriren batean.

– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesa (ikus Agindu honetako 20. artikuluan xedatutakoa): Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko da egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan, eta babes hori non eta nola agertzen den azaldu beharko da III. eranskina_Emaitzei buruzko txostena izeneko eranskinean.

b) Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua (IV. eranskina_Gastuak eta balantzea).

c) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion behin betiko balantze ekonomikoa (IV. eranskina_Gastuak eta balantzea).

3.– B multzoko egitasmoek IKTen inbentarioan alta emateko orria bete beharko dute, eta euskarri informatikoan aurkeztu beharko dute.

4.– Diru-laguntza ematen duen organoak behar adina frogagiri eskatuko dio onuradunari, diru-laguntza behar bezala erabili dela egiaztatzeko. Horretarako, unitate moneta laginketa teknika erabiliko du.

5.– Justifikazioari dagokionez, anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, Agindu honetako 22. eta 25. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio automatikoki.

6.– Eskaera aurkezteko zein justifikazioak egiteko jarraibideak eta eredu normalizatuak euskadi.net egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.net

25. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko ebazpena.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

b) Diru-laguntza eskatu zen helburu jakinetarako erabili dela ez justifikatzea.

c) Honako Agindu honen 20. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.

d) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

e) Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

Honako Agindu honen pentzutan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli egin beharko ditu, aurreko pasartean jasotakoak gertatuz gero edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan edo honako Agindu honetan ezartzen diren eginbeharrak betetzen ez badira. Aurreko hori Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, esandakoaren arabera egingo da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Deialdi honetako 7. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Bigarrena.– Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, deialdi honen izapidetzan jasotzako datu pertsonalak «Euskara sustatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, deialdi hau eta berarekin loturiko beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzeko helburuz, bai eta bertan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza izango da fitxategi horren arduraduna. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek, halaber, beren onespena ematen dute fitxategiko datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publikoei lagatzeko, deialdiaren helburuekin bat datozen xedeetarako baldin bada, eta baimena ematen diote Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari beste erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuen egiazkotasuna.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Honako Agindu honetan aurre ikusitako diru-laguntzen eraginkortasuna Europako Batzordeak baimendua izan edo baimendutzat ematearen menpe dago.

Hirugarrena.– Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskarazkoa hartuko da aintzat.

Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 2a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala