Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2013ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2135

EBAZPENA, 2013ko apirilaren 19koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, arte plastiko eta ikusizkoak, musika eta arte eszenikoak 2013. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu honek bere 19. artikuluaren 2. paragrafoan dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) idatzi-zatiak Institutuaren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskararen eremu geografikotik kanpo arte plastiko eta ikusizkoen, musikaren eta arte eszenikoen inguruan antolatzen diren jardueretan parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da arte plastikoak eta ikusizkoak, musika eta arte eszenikoak 2013. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo sustatu eta zabaltzeko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.

2. artikulua.– Deialdiko modalitateak:

II. Kapitulua: Arte plastikoak eta ikusizkoak.

III. Kapitulua: Musika.

IV. Kapitulua: Arte Eszenikoak: antzerkia eta dantza.

3. artikulua.– Diru baliabideak.

1.– Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hirurehun eta hirurogeita hamabi mila (372.000) eurokoa izango da, eta modalitate bakoitzari dagokion zenbatekoa honakoa izango da:

a) Arte plastiko eta ikusizkoetarako berrogeita hamabost mila (55.000) euro.

b) Musika biretarako ehun eta berrogeita bost mila (145.000) euro.

c) Arte eszenikoetarako ehun eta hirurogeita hamabi mila (172.000) euro, honela banatuta:

– Antzerkirako ehun eta berrogeita bi mila (142.000) euro.

– Dantzarako hogeita hamar mila (30.000) euro.

2.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako, ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, modalitate baterako diru-laguntzen zenbatekoa handitu ahal izango da beste modalitatearen soberakinaren bitartez, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago.

4. artikulua.– Diru-laguntzak emateko modua, zenbatekoa eta mugak.

1.– Ebazpen honen bidez emango diren diru-laguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Diru-laguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 10. artikuluan finkatutako aukeraketa eta balorazio-irizpideen arabera hurrenkera jakin batean jartzeko.

Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte.

2.– Diru-laguntza esleitzeko orduan, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan EEIk diruz laguntzen dituen gastuen atala soilik hartuko da kontuan.

3.– EEIk diruz laguntzen dituen gastuak:

Dagokion jaialdi edo jardueran parte hartzekoak: joan-etorria, ikuskizuna jendaurreko egingo den tokiko muntaia-gastuak, eszenografia edo materialaren garraioa, ostatua eta dietak. Artisten katxetak eta nominak ez dira diruz lagunduko. Ez da gastu amortizagarririk diruz lagunduko.

Antzerki denboraldietan, promozio gastuak ere diruz lagunduko dira.

4.– Laguntzen zenbatekoak:

a) Ostatu eta otorduetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamabost (75) euro ostaturako eta berrogeita bi (42) euro dietarako. Espainiatik kanpora, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogeita hiru (63) euro dietarako.

b) Ondorengo dietak onartuko dira: emanaldi egunetakoak, eta joan-etorrietarako beste egun bat.

Arte plastiko eta ikusizkoen erakusketen kasuan, soilik joan-etorrietako, eta muntaia eta inauguraziorako dietak onartuko dira. Astebeteko dietak onartuko dira gehienez ere.

c) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bederatzi (0,29) euro km-ko gehi autopista eta parking-a. Furgoneta erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km-ko gehi autopista eta parking-a. Kilometro kopurua kalkulatzeko, diru-laguntza eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.

d) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren faktura, erregaia, autopista eta parking-a.

e) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, soilik maila arrunteko txartela onartuko da.

5.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

5. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta sozietate-egoitza edo helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, sozietate-egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, egingo den jarduerari dagokion epigrafean, arte plastiko eta ikusizkoak modalitatean salbu.

2.– Eskaera onartua izateko, dagokion jaialdi, feria edo birako emanaldiak hartuko dituzten areto guztien kontratua, gonbidapena edo ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

3.– Ez da onartuko nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, «Ondasunen erkidego» izaerakoen eta dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.

4.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzetara aurkeztu laguntza publikoak eskuratzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku hori dutenak barne direla.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren bat eman badiote eta hori itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bateko izapideak egiten ari badira, ezinbestekoa izango da prozedura hori amaitzea diru-laguntza esleitu eta ordaindu ahal izateko.

6. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Etxepare Euskal Institutuari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak eta modua.

1.– Bira edo proiektuko eskabide bana aurkeztuko da. Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko badu, nahikoa izango da eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

2.– Modalitate guztietan, eskabideak ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira.

a) Arte plastiko eta ikusizkoen modalitatean eta musika biren modalitatean eskabideak aurkezteko epea uztailaren 15ean amaituko da.

b) Antzerkia modalitatean, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

c) Dantza modalitatean aurkezteko epea irailaren 6a artekoa izango da.

3.– Aurkez daitekeena honakoa izango da: 2013ko urtarriletik abenduaren 31ra arte egitekoak diren jarduerak.

4.– Ebazpen honen babesean aurkeztuko diren eskabideak eranskinetan ezarritakoari jarraituz egingo dira (I-Arte plastiko eta ikusizkoak, II-Musika, III-Arte eszenikoak). Eranskinak Etxepare Euskal Institutuaren web orrialdean eskuragarri egongo dira:

http://www.etxepareinstitutua.net

5.– Laguntzaren eskabidea ondorengo helbidean aurkeztu beharko da: Etxepare Euskal Institutua. Prim kalea 7. 20006 Donostia. 30/1992 Legean ezarritako beste edozein bide ere erabil daiteke eskabideak aurkezteko (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

8. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egitea galduko duela.

9. artikulua.– Balorazio-batzordeak.

1.– Modalitate bakoitzerako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzordeak osatuko dira. Batzordeak honela osatuko dira:

a) Lehendakaria: EEIko zuzendaria edo eskuordetzen duen pertsona.

b) Bokalak: 3-5 kide, EEIko zuzendariak izendatuko ditu, modalitate bakoitzean adituak diren gizon-emakumeak eta administrazioko teknikarien artetik.

c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.

2.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– Balorazio-batzordeen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo da azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.

10. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatzea eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.

2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak honako hauek izango dira:

a) Eskatzailearen ibilbide profesionala: kidea/k, egonkortasuna, azken urteetako ekoizpena. Puntuazioaren % 20ra arte.

b) Jarduera garatuko den espazioaren ezaugarriak, nazioarteko oihartzuna edo biraren garrantzia. Emanaldi kopurua ere baloratuko da (musika-biren modalitatean gehienez 15 emanaldi hartuko dira kontuan). Puntuazioaren % 50ra arte.

c) Proiektuak arte eta kultura aldetik duen garrantzia: lanaren kalitatea, euskara, autore edo taldearen proiekzioa. Puntuazioaren % 30era arte.

3.– Balorazioan lor daitezkeen puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak ez dira diru-laguntza esleitzeko zerrendan sartuko.

11. artikulua.– Ebazpenak.

1.– EEIko zuzendariari dagokio balorazio-batzordeek aurkeztutako ebazpen-proposamenak aztertu eta ebazpenak ematea.

2.– Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web orrialdean argitaratuko da, herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.5.b) artikuluaren ondorioetarako.

3.– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita, gehienez lau hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira modalitateetako ebazpenak. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web orrialdean argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2013. urtean burutzea.

2.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren eta gastuen gauzatzea justifikatu behar du. Justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

3.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan edo aurrekontuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

4.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

5.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, EEIren logoaren bitartez babesa jaso dutela adieraztea.

6.– Onuradunak, diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

14. artikulua.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Ebazpen honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek lagundutako jarduera amaitu edota ebazpena jaso eta bi hilabeteko epearen barruan aurkeztu beharko dituzte jarraian zerrendatzen diren agiriak. Abenduan egindako jardueren kasuan, betiere 2014ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztuko dituzte agiriak.

a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.

b) Eranskinetan jasotzen den justifikaziorako eredu-orria jarraituz zehaztuko dira egindako gastuak, eta halakorik balego, jasotako beste diru-laguntzak.

c) Gastuen justifikaziorako, aurrekontu onartuan Etxepare Euskal Institutuak diruz laguntzen dituen gastuen atala soilik hartuko da kontuan. Salbuespenez, emandako diru-laguntzak atal horren % 50 gainditzen ez badu, emandako diru-laguntzaren zenbatekoari dagozkion egiaztagiriak aurkeztuko dira, eta horrekin batera gastu eta diru-sarreren balantzeari buruzko zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Hala ere, EEIk hala eskatzen badu, onuradunak aurkezturiko aurrekontuaren arabera guztirako diru-zenbatekoa osatzeko falta diren egiaztagiriak EEIren esku jarri beharko ditu.

d) Diruz lagundutako gastuen egiaztagirien zerrenda ordenatua (fakturak, ticketak...). Fakturek eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudi fiskalaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetatan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa adieraziz.

e) Gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak edo horien fotokopiak, EEIk edo Eusko Jaurlaritzak konpultsatuak. Ez dira onartuko konpultsatzeko fakturak haien fotokopiak aurkezten ez direnean.

f) Dietak justifikatzeko, aski izango da dagokion eranskinean jasotzen den taula bete eta sinatzearekin. Ostatu gastuak fakturekin justifikatuko dira.

g) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak dagokion eranskineko kilometraje taula bete eta sinatzearekin. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan etorriko distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Bidesari eta parking gastuen ticketak edo fakturak aurkeztu beharko dira.

h) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinudunen ale bana.

i) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du, onuradunak izenpetua.

j) Dagokion modalitatearen eranskinetan justifikaziorako dokumentazio zerrendan eskatutako beste edozein agiri.

2.– Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazioebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean. Hala badagokio, bi hilabeteko epea izango da itzultzeko, xedapena jasotzen denetik.

3.– Ebazpen honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da honako prozedurari jarraituz:

% 75 onuradunaren onarpena jasotzen den egunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean

% 25 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean.

15. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

II. KAPITULUA
ARTE PLASTIKOAK ETA IKUSIZKOAK

16. artikulua.– Xedea.

2013. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzea eta/edo beraietan parte hartzea (lehiaketak, jaialdiak, erakusketak, egoiliar gisako proiektuak...), betiere horietan EAEn bizi diren egileen lanak erakusten direnean.

Xede honetarako, ez dira aintzat hartuko urteko programazioak, ezta ohiko jarduntzat hartzen direnak ere. Hortaz, ohiz kanpokotzat jo daitezkeen proiektu edo ekimen zehatzak onartuko dira soilik.

17. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura berrogeita hamabost mila (55.000) eurokoa izango da.

2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabi mila bostehun (12.500) euro baino handiagoa.

a) Ez da inbertsio amortizagarririk onartuko.

b) Joan-etorri bati dagozkion gastuez gain, egoiliar proiektu bakoitzeko eman daitekeen gehienezko zenbatekoa lau mila eta berrehun (4.200) eurokoa izango da eta hilabeteko gehienez ere 700 eurokoa.

18. artikulua.– Egoiliar proiektuak.

Egoiliar proiektutzat honakoa hartuko da: gutxienez bi asteko iraupena izango duen prestakuntza artistikoa hobetzeko egonaldia. Egoiliar zentroak helburu horretarako prestatutako tokia izan beharko du, eta egonaldiaren helburuak, baldintzak, zerbitzuak, ikasgaiak, arduradunak eta gainerako zehaztasunak egoiliar zentroko arduradunak sinatutako ziurtagiri edo dokumentu batean jasoko dira.

Eskatzaileak dagokion agiri edo ziurtagiri hori aurkeztu beharko du dirulaguntzaren eskabidearekin batera. Agiri horretan jasotako baldintzen arabera, hala badagokio, balorazio batzordeak doitu egingo du emango den laguntza.

III. KAPITULUA
MUSIKA

19. artikulua.– Diru-baliabideak.

Honakoa izango da diru-laguntza hauetarako aintzat hartuko den modalitatea: musika-birak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura ehun eta berrogeita bost mila (145.000) eurokoa izango da.

2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango ondoko kopurua baino handiagoa: hamabi mila bostehun (12.500) euro taldeko.

3.– Musika-birako jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa honakoa izango da:

– 5.000 km arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.

4.– Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitzara zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzi hori neurtzeko, ondorengo, web orrialdea erabiliko da:

http://www.distancefromto.net/

20. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honen ondorioetarako honakoa hartuko da musika-biratzat: euskararen eremu geografikotik kanpo, urte osoan, gutxienez 5 kontzertu jotzea 3 plazatan.

2.– Ondokoetarako ez da diru-laguntzarik emango:

a) Guztira 15 partaide baino gehiago dituzten taldeek egindako bira nahiz kontzertuak.

b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.

c) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako.

IV. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOAK: ANTZERKIA ETA DANTZA

21. artikulua.– Onuradunen berariazko baldintzak.

Nahitaezkoa izango da profesional gisa aritzea antzerkigintzan edo dantzagintzan.

Antzerkiaren modalitatean, kultura elkarte edo fundazioaren izaera duten eskatzaileek ezingo dituzte diru-laguntzak jaso.

22. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura ehun eta hirurogeita hamabi mila (172.000) eurokoa izango da:

a) Antzerkirako ehun eta berrogeita bi mila (142.000) euro.

b) Dantzarako hogeita hamar mila (30.000) euro.

2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabi mila bostehun (12.500) euro baino handiagoa.

3.– Distantziaren arabera, honakoa izango da antzerki-bira edo dantza-bira bakoitzeko jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa:

– 5.000 km arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.

4.– Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitza edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzi hori neurtzeko, ondorengo, web orrialdea erabiliko da:

http://www.distancefromto.net/

5.– Gehienezko zenbatekoa antzerki-denboraldi bakoitzeko zortzi mila (8.000) eurokoa izango da.

23. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Aintzat hartuko diren formatuak honakoak izango dira: antzerki-bira, antzerki-denboraldia eta dantza-bira.

a) Antzerki-biratzat: gutxienez 2 emanaldi egitea; betiere, 24. artikuluan aipatutako baldintzak betez gero.

b) Antzerki-denboralditzat:

Antzoki berean gutxienez 8 emanaldi egitea jarraian. Antzokiak gutxienez 150 eserleku izan beharko ditu.

Antzokiaren webguneak ondorengoak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta konpainiei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak erosteko on-line zerbitzua.

Ez da diru-laguntzarik emango eskola-emanaldietarako.

c) Dantza-biratzat: urte osoan 3 emanaldi egitea beste horrenbeste plazatan.

d) Salbuespen modura, antzerki- edo dantza-azoka profesional batean parte hartzea biratzat onartuko da.

2.– Ez da diru-laguntzarik emango ondokoetarako:

a) Izaera amateurra duten erakustaldi edo jaialdietarako.

b) Guztira 15 partaide baino gehiago dituzten taldeek egindako biretarako.

c) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.

d) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako.

24. artikulua.– Antzerki biretarako diru-laguntza jasotzeko baldintzak:

1.– Hiru baldintza hauetako bat bete beharko du:

a) III-XI. eranskinean zerrendatzen diren jaialdi edo azoketan parte hartzea.

Zerrenda horretatik kanpoko jaialdi edo azoketan parte hartzeko proposamenak ere aztertuko dira, betiere profesionalak badira. Arte diziplina askotariko azoka edo jaialdien kasuan, antzerki programazio lerro osoa izan beharko dute. Azoka edo jaialdiaren webguneak ondorengoak izan beharko ditu gutxienez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa eta jaialdiari buruzko informazioa.

b) Espainiatik kanpo, arte eszenikoen alorrean programazio egonkorra duten antzokietan aritzea. Antzokiak 150 eserleku izan beharko ditu, edo bestela, prestigio handikoa izan beharko du. Antzokiaren prestigioa baloratzeko, ondorengoak hartuko dira kontuan: programazioaren antzinatasuna, prestigiozko sariak jasotako taldeak programatzea, antzoki sare pribatu edo publikoen partaide izatea, erresidentzia erregimenean garatutako sorkuntza programak, publiko berriak sortzeko ekintza paraleloak, antzokiak jasotako sari edo errekonozimenduak.

Antzokiak kaleko emanaldiak antolatzen dituenean, ez da antzokiaren edukiera kontuan hartuko.

Antzokiaren webguneak ondorengoak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak on-line erosteko zerbitzua.

c) Eusko Jaurlaritzak zuzenki edo zeharka babestutako honako erakustaldi-plataforma hauetako batean parte hartu izanaren ondorioz sortutakoa izatea: Leioako Antzerki Azoka, Donostiako Antzerki Azoka, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, Tarregako Antzerki Azokako Euskal Teatroa espazioa, Valladolideko Antzerki eta Kale Artearen Nazioarteko Jaialdiko Kaleartean programa edo Lleidako Txotxongiloen Azoka.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa aldatu egin ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da.

Bigarrena.– Deialdi honetako dirulaguntzak ebatzi eta ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan kreditu egokia eta nahikoa izatera baldintzatuta daude.

Hirugarrena.– Ebazpen honetako laguntzak Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako «minimis» arauaren mende daude. Araudi hori Ituneko 87. eta 88. artikuluak minimis –L 379/5, 2006-12-28– laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (egun Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107 eta 108 artikuluak). Arau horiei jarraiki, enpresa jakin bati emandako laguntza osoak ezin du izan berrehun mila (200.000) eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

Laugarrena.– Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, ebazpen honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Prim kalea 7, 20.006 Donostia.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2013ko apirilaren 19a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARÍA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala