Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2013ko maiatzaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE ANTOLAMENDU SAILA
2384

EBAZPENA, 2008ko apirilaren 30ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, altzairu moldekatuzko piezak galdatzeko, mekanizatzeko eta muntaketak egiteko lantegirako ingurumeneko baimen bateratua emateko dena, Laudioko udalerrian eta Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak sustatua.

AURREKARIAK

2007ko otsailaren 12an Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zion, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2006 Legeak xedatutakoaren arabera, Laudioko udalerrian (Arabako lurralde historikoa) altzairu moldekatuzko piezak galdatzeko, mekanizatzeko eta muntaketak egiteko jarduerarako. Eskaerarekin batera, Laudioko Udalak 2006ko ekainaren 1ean eman zuen aldeko hirigintza-txostena eta agiri tekniko hauek aurkeztu zituen:

● Agiri administratiboak (2006. urtea).

● Proiektu teknikoa (2006. urtea).

● Laburpen ez-teknikoa (2006. urtea).

Erreferentziako baimena eskatzeko unean, Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak, besteak beste, jarduerarako 2004ko uztailaren 7ko baimena zuen, metalurgia-industriarako. Era berean, enpresa sustatzaileak baimen hauek zituen: atmosfera kutsa dezakeen jarduera abian jartzeko baimena, 1997ko maiatzaren 12koa eta 2005eko irailaren 26koa; kolektorera hondakin-urak isurtzeko behin-behineko baimena, 2005eko abenduaren 14koa; industria-hondakin geldoen ekoizleen erregistroko inskripzioa, 2005eko uztailaren 6koa, isuri atmosferikoen, hondakin-uren isurketen, eta hondakinen arloan indarrean den araudian xedatutakoarekin bat etorriz.

2007ko apirilaren 17an, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak prozeduran esku-hartzea duten hainbat organori txostenak eskatu zizkion, Ingurumen Organoaren bidez proiektua jendaurrean jartzeko izapidetzea adosteari dagokionez. Zehazki Laudioko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari eskatu zien txostena.

2007ko apirilaren 12an, Ingurumen Organoak agiri osagarriak eskatu zizkion sustatzaileari; espedientea 2007ko azaroaren 2an osatu zen.

Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordeak 2007ko azaroaren 14an emandako ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak sustatutako proiektua, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2007ko abenduaren 3an. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi egunkaritan argitaratu zen 2007ko abenduaren 2an, eta ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2008ko urtarrilaren 14an Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostena eskatu zien Laudioko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, espedientean ageri den emaitza jasoz.

2008ko apirilaren 14an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresaren esku utzi zen, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak egindako ebazpen-proposamena gehituz.

2008ko apirilaren 29an sustatzailearen jakinarazpena jaso zen. Jakinarazpen horretan hainbat ohar egiten ziren Ingurumeneko Baimen Bateratuaren ebazpen-proposamenari lotuta.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta -lerro guztiak; 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusia dutenak.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumeneko baimen bateratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua aplikatzeko den instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten Herri Administrazio guztien artean koordinatuko den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen legerian aurreikusitako ingurumen-baimen guztiak administrazio-egintza bakar batean bildu nahi dira. Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresaren kasuan, baimen hauek behar ditu: saneamendu-sistema bateratura isurtzeko baimena; Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin arriskutsuen ekoizle txikien erregistroko inskripzioa, eta ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dute, aginduzko txostenak igorriz.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuak aurreikusten duen jarduera sailkatuetarako udal-baimenaren prozedura ordezkatzen du; ez du ordezkatzen, ordea, udal-agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumeneko baimen bateratua udal agintarientzat loteslea izango da baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzkoari dagokionez ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako baldintzak aplikatuz, Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak; horiez gain, espedientean sartu dira Laudioko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak.

Azkenik, instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzeko den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Zehazki, galdaketaren sektorerako 2005eko maiatzeko BREF agiriaren edukia izan da kontuan (Reference Document on Best Available Techniques in the Smitheries and Foundries Industry).

Espedienteko txostenak aztertu ondoren, ebazpen-proposamena sinatu eta Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da. Ildo horretan, kontuan hartu behar da organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek sustatzaileak izapide honetan egindako oharrak aztertu dituztela, eta guztiak kontuan hartu direla ebazpen hau lantzeko orduan.

Organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako legearen 13. artikuluan eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Ondorengo araudia ikusi da: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak 2008ko apirilaren 11n emandako ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurumena Babesteari buruzkoa; uztailaren 1eko 16/2002 Legea, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa; ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzkoa, maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak aldatu zuena; irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua, Legea burutzeko araudia onartzen duena; urriaren 25eko 340/2005 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duena; azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta aplikatzekoa den gainerako araudia,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Egoitza soziala Laudioko udalerriko (Arabako lurralde historikoa) Arantzar kaleko z./g.an, industrialdean, eta IFK: B-01159565 zenbakia duen Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresari ingurumeneko baimen bateratua ematea Laudioko udalerrian altzairu moldekatuzko piezak galdatzeko, mekanizatzeko eta muntaketak egiteko.

Jarduera Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean jasota dago. Hain zuzen ere, 2.4 kategorian, «Burdina-metalen galdaketa, eguneko 20 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena duena».

Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresa Laudioko udalerriko lursailetan kokatuta dago, Laudioko HAPNak mugatutako Z.I.7 eremuko 12414. eta 16545. finketan. Lur zati horren hegoaldean eta mendebaldean enpresarako sarbidea den errepidea dago (aldi berean lursail pribatuekin mugatzen duena); iparraldean, trenbidearekiko (Bilbo-Urduńa-Burgos) paralelo doa lur zatia, eta ekialdean, enpresak saihesbidea (autobidea herriaren erdialdearekin lotzen duena) inguratzen du, eta errepidetik bereizten du desnibela duen ezponda batek. Ipar-mendebaldean badago trenbide nagusiarekin lotzen den bide bat.

Jarduera altzairu moldekatuzko piezak (bihotzak eta bestelako piezak) galdatzea da, altzairu moldekatuzko bihotzak mekanizatzea, eta trenbiderako tresnak muntatzea (ihesbideak, desbideratzeak, bide-aldaketak, bihotzak, zeharbideak, osagarriak, etab.). Salgai dauden produktuak oso espezializatuak dira eta adierazitako 3 lerroetan banatzen dira, ekoizte-ahalmen hauekin: 1.200 pieza galdatu urteko, 1.800 pieza mekanizatu urteko (bihotzak), 300 muntaketa.

Ekoizte-prozesua etapa hauek osatzen dute: moldekatzea, galdatzea, desmoldekatzea, hareak berreskuratzea, tratamendu termikoa, granailatzea eta bizar-kentzea, zuzentzea, mekanizazioa, doitzea eta akabera, eta azken muntaketa.

Moldekatzeko prozesuan moldeak prestatzen dira, zurezko ereduak eta galdaketa-kutxak erabiliz. Erabilitako lehengaiak silize-harea, kromita edo antzeko ezaugarrietako bestelakoak dira. Hareak nahasgailuetan nahasten dira erretxinekin, katalizatzaileak erabiliz. Lortutako moldeak pintura erregogorrekin pintatzen dira, eta zubi-garabien bidez eta orga garraiatzaile baten laguntzaz garraiatzen dira.

Galdatzeko prozesuan, lehengai nagusia aleazio-elementuen eduki txikia duen altzairu-txatarra da. Prozesua bi etapatan egingo da: oxidazioa eta erredukzioa. Labe elektrikoko altzairu likidoa hondoan gas geldo bidez irabiatzeko gailu bat duen zali baten gainean isurtzen da. Lortutako altzairu likidoa duen zalia zubi-garabi baten bidez garraiatzen da moldeetara isurtzen den tokira. Altzairu likidoa moldeetan isurtzen da, eta pieza galdatuak sortzen dira. Hozte-dorre bat dago labea hozteko. Piezaren konposizioa ondoren egiaztatzeko, analisi kimikoa egiten da (isuri-espektrometro bidez), zaliko isurtzetik hartutako lagin batean.

Pieza galdatuak hozten uzten dira solidotzeko, eta hozteko denbora piezen tamainaren arabera aldatzen da. Desmoldekatzea No-Back moldeak eraisteko desmoldekatzeko makina baten laguntzaz egiten da. Kabina hosgabetu eta hermetiko baten barruan dagoen parrilla ateragarri bibratzaile bat da. Bibratzean, harea tobera bateraino erortzen da, eta berreskuratze-prozesura bultzatzen da. Horrela, harearik gabeko pieza bat lortzen da, ekoizte-prozesua jarraitzeko prest dagoena.

Jarraian isurbideak eta mazarotak ebakitzen dira, eta piezak tratamendu termikoko labean sartzen dira 1.070-1.080 şC-ra berotzeko (eskatutako ezaugarri mekanikoak lortzearren). Horretarako, bi labe daude: bat elektrikoa eta bestea gasezkoa (azkena gehiago erabiltzen da, ekonomia-arrazoiengatik). Piezen hozte azkarra labeen ondoan dagoen ur-tanga batean egiten da. Tratamendu termikoaren emaitza analisi mikrografiko eta talka-saiakuntza baten bidez ebaluatuko da.

Hurrengo urratsa granailatzea da, eta bi makina daude: bat gurutzaketetarako eta bestea pieza txikiagoetarako. Piezak kabinan sartzen dira eta altzairuzko bola txikiekin bonbardatzen dira, horrela piezaren gainazalean itsatsitako balizko harea-kaltzinatzioak ezabatzeko. Granailatu ondoren, piezei begi-bidezko ikuskapen bat egiten zaie, eta beste bat likido sarkorren bidez, aurki daitezkeen akatsak konpontzeko. Akatsak soldatu egingo dira, bezeroen zehaztapenak kontuan hartuta.

Piezak mekanizatu ahal izateko, horien zuzenketa egiaztatu behar da, eta robot programatu baten bidez egiten da hori. Zuzenketa zenbait prentsa hidraulikotan egiten da (piezak plano bertikalean eta horizontalean zuzen ditzakete).

Ondoren mekanizazioa egiten da. Horren helburua altzairuzko geruza deskarburatua eta gainazaleko edozein akats edo huts (poroa, tolestura, pitzadura txikia) ezabatzea da. Zenbait makina daude, akabera-premien arabera erabiltzen direnak (batik bat fresaketaz edota harriz landuz): fresatzeko makinak eta zenbakizko kontroleko zenbait makina. Batzuetan, soldadura bidezko konponketa piezaren mekanizazioaren ondoren egiten da.

Hurrengo etapak ertz biziak ezabatzea, piezak txantiloien bidez doitzea, dimentsio-kontrola eta kalitate-kontroleko sailak babeserako pintatzea (piezak bezeroak ikuskatzeko prest daudela ziurtatzeko) dira.

Bezeroak piezak onartu ondoren, eta azken urrats gisa, muntaketa-tailerrean muntatzen dira, trenbideko tresnek behar dituzten gainerako osagarriekin batera (enpresak fabrikatutako osagarriak edo kanpoan erosiak).

Lantegian erabilitako energia elektrikoa da, lantegiaren jardun orokorrerako; gas naturala tratamendu-laberako eta sopleteetarako; B gasolioa barne-garraioko orgatiletarako; C gasolioa berogailurako eta ur bero sanitariorako, eta propanoa molde pintatuak erretzeko.

Hauek dira atmosferara isuri zarratuak egiten dituzten instalazioak: arku elektrikoko urtzeko labea, tratamendu termikoko labea, granailatzeko makinak (gurutzaketakoak eta piezenak), desmoldekatzeko makina eta harea-berreskuratzaile mekanikoa. Denek dute arazketa-sistema (mahuka-iragazkiak), tratamendu termikoko labeak izan ezik. Gainera, isuri barreiatuak sortzen dituzten foku etenak ere badira.

Bestalde, jarduerak hondakin-uren isurketa sortzen du: ur sanitarioak (komun eta aldageletakoak), industria-urak (tratamendu termikoaren ondoren piezak hozteko zulokoak; isuri aurretik, urak dekantatu egiten dira eta iragazki bat dago tamaina handiko partikulak igarotzea eragozten duena), hozte-urak (hozte-zirkuitu itxikoak) eta estalkietako euri-ur garbiak, eta kutsadura arrasta dezaketen zeharraga-parkeko euri-urak. Korronte horiek udal-kolektorera isurtzen dira, euri-urak izan ezik; horiek Arantzar errekastora doaz.

Hozte-zirkuitutik datozen uren fluxuei hozteari buruzko 2001eko abenduko zeharkako BREF agiria aplikatzen zaie (Reference Document on the application of Best Available Techniques to Industrial Cooling Systems).

Proiektuak barne hartu ditu galdaketaren sektoreko 2005eko maiatzeko BREF agiriak (Reference Document on Best Available Techniques in the Smitheries and Foundries Industry) jasotzen dituen teknika erabilgarri onenak (TEO), horien artean hauek: txatarra estalkipean biltegiratzea; ekoizte-prozesuko eragiketa garrantzitsu edota adierazgarri guztietarako berariazko kontrol-planak izatea; sortutako zeparen analisia eta jarraipena; labearen isuriak kanpai bidez biltzea; labearen isuriak hoztu eta mahuka-iragazki bidez araztea; txatarra-itzulerak prozesuan berrerabiltzea; desmoldekatzea itxi, bildu eta araztea; nahasgailuko kontsumoen asteroko kontrola; ekoizte-prozesuan amina-erabilerarik ez egotea; granailatzean sortutako isuriak mahuka-iragazki bidez bildu eta araztea; bizar-kentzeko prozesuan sortutako isuriak bildu eta araztea (kanpora irteteko tximiniarik gabe); tratamendu termikoetan erregai garbiak erabiltzea (gas naturala eta elektrizitatea); serbibalbula bidezko kontrolak tratamendu termikoetan; tratamendu termikoko labeetan sortutako gasak xurgatu eta kanpora hustea; lana ateak itxita egingo dela zehazten duen prozedura, eta desmoldekatzeko makina isolatzea, kanpora egindako zarata murriztearren; isuri barreiatuak murrizteko neurriak hartzea (isuri barreiatuak sor ditzaketen biltegiratze estaliak, bideak aldizka xurgatzaile bidez garbitzea, hautsa xurgatu eta biltzeko sistema hauts gehien dagoen eremuetan (bizar-kentzea, soldadura, sopletea, doitzea); sortutako hondakin-urak bereizi eta identifikatzea; tratamendu termikoko hozte-ura berrerabiltzea optimizatzea (hilabete eta erdian zehar birzirkulatuz); 2005eko urtarriletik ziurtatutako ingurumena kudeatzeko ISO 14.001 sistema izatea.

Bigarrena.– Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak Laudioko udalerrian sustatutako altzairu moldekatuzko piezak galdatzeko, mekanizatzeko eta muntaketak egiteko jarduera ustiatzeko ondorengo baldintzak eta eskakizunak jartzea:

A) Administrazioarekiko harremanen arduradunari buruz emandako datuetan aldaketarik badago, Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak aldaketa horien berri emango du Ingurumen Sailburuordetzan.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

B.1.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.1.– Baldintza orokorrak.

Altzairu moldekatuzko piezak galdatzeko, mekanizatzeko eta muntaketak egiteko lantegia ustiatzean atmosferara egingo diren isuriek ez dituzte ebazpen honetan ezarritako isurtzeko muga-balioak gaindituko.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri ez-zarratuak biltzea teknikoki edota ekonomikoki bideragarria ez denean, edo ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurriak hartuko dira ustekabeko isuririk ez egiteko, eta egiten direnak giza osasunerako eta gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Efluente atmosferikoak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta zainduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

B.1.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Altzairu moldekatuzko piezak galdatzeko, mekanizatzeko eta muntaketak egiteko lantegiak ondorengo fokuak ditu, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera katalogatuta:

(Ikus .PDF)

Harea-berreskuratzaile mekanikoaren xurgapenaren fokuari buruzko datu hauek aurkeztu beharko dira: fokuaren garaiera lurzorutik tximiniaren ahoraino eta UTM koordenatuak.

Gainera, zenbait kutsatzaileren isuri barreiatu etenak sortzen dira moldekatzeko prozesuan, isurtzean, eskuzko harriz lantzean, sopletean eta urtzeko labean.

B.1.1.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isuriek ez dituzte isurtzeko muga-balio hauek gaindituko:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-eko tenperatura, 101,3 kPa-eko presioa eta gas lehorra.

Neurtutako parametroek ez dituzte isurtzeko muga-balioak gaindituko arauz egingo diren aldizkako ikuskapenetan (ordubeteko hiru neurketa gutxienez), zortzi ordutan zehar neurtuta. Neurketa-tolerantzia gisa, kasu guztien % 25ean gainditu ahal izango da muga-balioa, % 40 gainditzen ez duen zenbatekoa baldin bada. Tolerantzia hori gaindituz gero, neurketa-aldia astebetez luzatuko da, eta aldi honetako tolerantzia global gisa, kasuen % 6an gehienez onar daitezkeen mailak gainditzea onartuko da, % 25a gainditzen ez duen zenbatekoa denean. Tolerantzia horiek izanda ere, gai kutsatzaileak isurtzen dituen fokuaren eragin-eremuan ezin izango dira inoiz higienikoki onar daitezkeen balioak gainditu.

Ezarritako IMBak lortzen ez badira, beharrezko neurri zuzentzaileak hartuko dira (arazteko sistemak instalatzea, etab.) isuri atmosferikoen balio horiek betetzen direla ziurtatzeko.

B.1.1.4.– Gasak biltzeko eta husteko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo B.1.1.2 atalean ezarritako goreneko kotatik behera. Tximiniek Industria Ministerioaren 1976ko urriaren 18ko Agindua, industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzekoan ezarritako baldintzak beteko dituzte; horrela, besteak beste, laginak hartzeko puntuetara sarbide seguruak eta errazak izango dituzte.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusitako zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, gas-fluxuak laginketa-puntutik neurketa-puntura bitartean, bere norabidean zehar nahiz aurkakoan, edozein asaldu izan dezakeen gunera bitarteko distantziek (L1 eta L2 parametroak) 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean xedatutakoa beteko dute.

L1 = 8D eta L2 = 2D distantziak betetzen ez diren fokuetarako inoiz ez dira L1 < 2D eta L2 < 0,5D balioak onartuko. Kasu horietan, neurketen txostenean laginketa-planoaren baliotasuna justifikatzea eskatuko da.

Isuri barreiatuak murriztearren, biltzeko, husteko eta arazteko sistema guztien mantentze-lan zuzena burutuko da eskuzko harriz lantzea sistematikoki egiten den tokietan, probetak (sopletez) ebakitzeko lanpostuan, eta urtzeko labean. Gainera, jarduera hauek burutuko dira: instalazioak egunero eta astero garbitzea, kanpoko ateak ixtea, pabiloia orokorrean ixtea, etab., isuri horiek minimizatzea bermatzeko. Halaber, ibilgailu astunen eta/edo barne-ibilgailuen joan-etorrietarako eremu guztietan egoera oneko zoladura izango da. Aipatutako informazio guztia agiri honen D.3 ataleko prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan jaso eta erregistratuko da.

B.1.2.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

B.1.2.1.– Isurketen jatorria eta kokapena.

(Ikus .PDF)

B.1.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.

a) Tratamendu termikoaren ondoren piezak hozteko ura birzirkulatzeko zirkuituaren hustuketako industria-urak.

(Ikus .PDF)

b) Hozte-dorrearen zirkuituko industria-urak.

(Ikus .PDF)

c) Erabilera sanitarioko urak.

(Ikus .PDF)

B.1.2.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Isurketak Laudioko Udaleko alkate-buruak 2005eko abenduaren 14an udal-kolektoreko hartunerako emandako baimenean ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren bestelako substantzien isurketa onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren gai arriskutsuak. Errege Dekretu horren bidez, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua eta I, IV, V, VI eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Hidrauliko Publikoari buruzko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen da.

Hozte-zirkuituak husteko arautze egoki baten bidez kontuan hartu eta bermatu behar den protokoloa hauxe da:

1.– Husteko gutxieneko denbora: 72 ordu.

2.– Hondar-kloro askea erreaktiboak gehituz edo beharrezko denboran pausagune bidez, etab. ezabatzea, eta zuzeneko «in situ» analisi-kontrola, isuri aurretik klororik ez dagoela bermatzeko.

3.– Putzuaren hondoan metatutako lohiak kendu eta hustea, lohi horiek isurtzea derrigorrez saihestu behar baita.

B.1.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Gauzatutako jarduketak:

Tratamendu termikoaren ondoren piezak hozteko etapako industria-urek arazketa-sistema bat dute, putzu dekantatzaile batez eta iragazki batez osatua. Hozte-ur horietan birzirkulazio bat instalatu da, ur-kontsumoa gutxitzen duena. Zirkuitu itxia da, eta ura etengabe igarotzen da aire-hozkailu batean zehar, tenperatura txikitzearren. Gainera, dekantatu ez diren partikulek zirkuitua oztopatzen ez dutela ziurtatzeko, partikula handienak igarotzea eragozten duen iragazki bat instalatu da trukagailuaren hodibihurraren aurretik. Sistema horren garbiketa hilabete eta erdiro egiten da (putzuaren hondoko herdoil-azala husteko).

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Kontrolerako bi kutxeta izan beharko dira, tratamendu termikoaren ondoren piezak hozteko etapatik datorren industriako ur-fluxua eta hozte-dorrearen sistematik (ur sanitarioekin bat egin aurretik) datozen fluxuak aztertzeko laginak hartu eta banakako karakterizazioa egin ahal izateko. Kutxeta horiek beharrezko ezaugarriak izan beharko dituzte isurketen lagin esanguratsuak eskuratu ahal izateko. Kutxetak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala badagokio.

Kutxetek «Laudio motako» estalki irekigarria izango dute laginak hartzeko eta kontrolerako. Kutxetek, lotura-puntuaren sakoneraren arabera, oinak izango dituzte, behar bada.

Gauzatzeko dauden jarduketak:

Zeharraga-parkearen eremuko euri-urak biltzeko eta tratamendu egokia emateko proiektu teknikoa aurkeztu beharko da, hori burutzeko epe zehatzak jasotzen dituena.

B.1.3.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplikatzekoa den berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hala badagokio, hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta helmuga egokiena erabakitzeko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro baliotu egin behar da, autokudeatuta edo balioztagune baimendu batera eramanda. Hondakinak ezabatu ahal izango dira, baldin eta horiek baliotzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira baliotzeko beste modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Baimendutako zabortegian ezabatzea aurreikusita dagoen hondakinen karakterizazioa, 2002ko abenduaren 19ko Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz gauzatuko da. Erabaki horren bidez, hondakinak zabortegian hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dira. Bestela, erabaki hori garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako artezpideekin bat etorriz gauzatuko da.

Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ustekabeko jarioak kanpora irten ez daitezen. Hondakina hautsa bada, euri-urarekin kontakturik izan dezan edo haizeak arrasta dezan saihestuko da; behar izanez gero, estali egingo da.

Hondakinak desagertu, galdu eta ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Laudioko Udalean.

B.1.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak hauek dira:

  • 1. prozesua: «Mekanizazioa, zulatzeko makina, urtzeko labea».
  • 1. hondakina: «Taladrina agortua».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/1/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q7//R13//L9//C51//H5//A241//B3140.
  • - EHZ: 120109.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 850 kg/urte.
  • 2. hondakina: «Mekanizazioko lohiak».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/1/2.
  • - Hondakinaren kodea: Q8//D15//P27/8//C51//H5//A241//B3140.
  • - EHZ: 120114.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 3.000 kg/urte.
  • 2. prozesua: «Bizar-kentzea eta doitzea».
  • 1. hondakina: «Aerosol hutsak».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/2/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q14//R13//S36//C43/51//H3B//A241//B0019.
  • - EHZ: 160504.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 500 kg/urte.
  • 3. prozesua: «Mikrografiak lortzeko metalezko probetak prestatzea».
  • 1. hondakina: «Azido nitriko agortua».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/3/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q07//D15//L40//C23/24//H06//A241//B0019.
  • - EHZ: 060105.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 2 kg/urte.
  • 4. prozesua: «Kontsultategi medikoa».
  • 1. hondakina: «II motako hondakin biosanitarioak».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/4/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q16//D15//S01//C35//H09//A241//B0019.
  • - EHZ: 180103.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 350 g/urte.
  • 5. prozesua: «Zerbitzu orokorrak».

Prozesu honen barruan zenbait azpiprozesu daude, eta horietan hondakin arriskutsu bereziak edota hondakin arriskutsuak sortzen dira makinak eta instalazioak edota produktu-kontsumoko ontziak garbitzeko eragiketetan. Hauek dira azpiprozesuak:

  • Mantentze-lan orokorra: makinetako olioak birjartzeko, bateriak birjartzeko, lanpara fluoreszenteak birjartzeko, ekipo ofimatikoak, etab. birjartzeko lanak egiten dira bertan. Hondakin arriskutsu gisa sortzen dira «olio kutsatua», «bateria erabiliak», «hodi fluoreszenteak eta merkuriozko lanparak» eta «ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak».
  • Piezak garbitzean «disolbatzaile organiko ez-halogenatua» hondakin arriskutsua sortzen da.
  • Xurgatzaile eta ehunkiak biltzean «material xurgatzaile kutsatua» eta «isuriak arazteko sistemetako iragazkiak» hondakin arriskutsuak sortzen dira.
  • Ontzi erabiliak biltzean, «ontzi hutsak» hondakin arriskutsua sortzen da.
  • 1. hondakina: «Material xurgatzaile kutsatua».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/5/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q05//D15//S34//C51/41//H05//A241//B0019.
  • - EHZ: 150202.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 2.330 kg/urte.
  • 2. hondakina: «Metalezko eta plastikozko ontzi hutsak».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/5/2.
  • - Hondakinaren kodea: Q5//R13/D15//S36//C51/41//H5//A241//B0019.
  • - EHZ: 150110.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 1.160 kg/urte.
  • 3. hondakina: «Olio kutsatua».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/5/3.
  • - Hondakinaren kodea: Q07//R13//L8//C51//H5/6//A241//B0019.
  • - EHZ: 130205.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 500 kg/urte.
  • 4. hondakina: «Disolbatzaile organiko ez-halogenatua».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/5/4.
  • - Hondakinaren kodea: Q7//R13//L5//C41//H3B//A241//B0019.
  • - EHZ: 140603.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 105 l/urte.
  • 5. hondakina: «Hodi fluoreszenteak eta merkuriozko lanparak».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/5/5.
  • - Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H6//A241//B0019.
  • - EHZ: 200121.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 110 unitate/urte.
  • 6. hondakina: «Isuriak arazteko sistemetako iragazkiak».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/5/6.
  • - Hondakinaren kodea: Q05//D15//S34//C51/41//H05//A241//B0019.
  • - EHZ: 150202.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 140 unitate/urte.
  • 7. hondakina: «Bateria erabiliak».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/5/7.
  • - Hondakinaren kodea: Q6//R4//S37//C18/23//H8//A241//B0019.
  • - EHZ: 160601.
  • - Enpresak urtean sortutako hondakin honen kantitatea adierazi beharko du.
  • 8. hondakina: «Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak».
  • - Identifikazioa: B01159565/1171/5/8.
  • - Hondakinaren kodea: Q14//R4//S40//C6/C18//H6/14//A241//B0019.
  • - EHZ: 160213.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 27 unitate/urte (10 ordenagailu, 2 inprimagailu eta 15 telefono).

a) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, jarioren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

b) «Disolbatzaile organiko ez-halogenatua» hondakina instalazioan sortzen den andeletatik (disolbatzailea edukitzeko ekipoak) jaso behar da zuzenean, aurretik ontziratu edo biltegiratu gabe, eta kudeatzaile baimenduari eman behar zaio.

c) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

d) Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute. Etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

e) Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta biltegiratzeko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzen dituen martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuan eta hori garatzeko araudietan ezarritakoak izango dira.

f) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora biltegiratu.

g) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

h) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan. Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.

i) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

j) Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

k) Ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean aurreikusitako baimendutako kudeaketa bateraturako sistema bat ezartzen ez den bitartean, irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean begiesten diren aurreikuspenak bete beharko ditu Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak.

l) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan, tresna elektriko zein elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzkoan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

m) Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak poliklorobifeniloak eduki ditzaketen gailuak dituenez, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak eta errege dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua; gero, azken ekitaldiari dagokion poliklorobifenilo-edukia jakinarazi beharko du. Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak poliklorobifeniloak dituen artean, nahitaez aurkeztu behar du urtero Errege Dekretu horrek araututako jakinarazpena.

n) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 EE Arautegian ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen-ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehen.

o) Erregistro bat edukiko du, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, jasotzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa betez, eta uztailaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidezko aldaketan ezarritakoa betez. Sei hilean behin, Ingurumen Sailburuordetzari kontrolerako erregistro horren kopia bidaliko dio.

p) Aurreko g) eta h) (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta o) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

q) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak 108/1991 Errege Dekretuan, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.1.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) «Labeko erregogorrak», «moldekatzeko harea», «xehekiak» eta «artezarriak eta esmerilaketarako materiala» hondakinek ispilu-sarrera dute gaur egun indarrean dagoen hondakinen Europako zerrendan. Bada, horiek hondakin ez-arriskutsutzat hartuko dira, baldin eta hondakin horiek aurrez karakterizatzen badira; karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia ote den egiaztatzeko. Baldin eta hondakin hori arriskutsua dela erabakitzen bada, ebazpen honetako B.1.3.1 atalean jasotako xedapenak aplikatuko dira.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztagune baimendu batera.

c) Hondakin horiek 2 urtez biltegiratu ahal izango dira gehienez.

d) Oro har, hondakinak hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek onartzen dituela dioen agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak artxibategian erregistratu eta gorde beharko ditu onarpen-agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak direnean, bost urtean gutxienez.

e) Halaber, hondakin geldo eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.

f) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.

g) Aipatutako d), e) (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta f) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

B.1.4.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako aginduak betez lurzoruaren aurretiazko egoera-txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak lurzorua babesteko beharrezko neurri hauek hartu beharko ditu:

  • Hautsezko materialak arrastatzea murriztuko da, honelako sistema orokorrak ezarriz:
  • Hautsezko gaiak siloetan, pabiloi barruan, edo horrelakorik ezean, haizetik hobekien babestutako guneetan biltegiratu.
  • Haize gogorra dabilenean hautsezko solidoak manipulatzea saihestuko da.
  • Materialak paletatik deskargatzean, garaiera mugatu.
  • Lur zatian isurketa, jario edo ihesen eraginpean dauden gainazal guztiak zolatu eta iragazgaiztu egingo dira.
  • Isurketak, jarioak edo ihesak eragozteko moduan gordeko dira lehengaiak, erregaiak eta produktuak.

Era horretan, ontzi mugikorretan zein finkotan biltegiratutako produktu kimiko likido guztiek (batez ere gai eta prestakin arriskutsuak) eta biltegiratutako erregai likidoek jarioak biltzeko sistema izango dute.

Produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean den araudiaren mende dauden biltegi guztiek araudi horretan ezarritako babes-neurri guztiak beteko dituzte. Petrolio-instalazioei buruz indarrean den araudiaren mende dauden biltegi guztiek araudi horretan ezarritako babes-neurri guztiak beteko dituzte. Egiaztapen horiek egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

  • Lurpeko andelek ihesak edo jarioak identifikatzeko eta atxikitzeko gailuak izango dituzte. Halaber, ikuskatu eta egoera egokian zainduko dira; petrolio-instalazioei buruz indarrean den araudiaren mendeko andelek araudi horretan ezarritako aldizkako azterketa, proba eta ikuskapenen erregimena beteko dute.
  • Hondakinak B.1.3 atalean adierazitako jarraibideekin bat etorriz biltegiratuko dira.
  • Hondakin metalikoak barnealdean biltegiratuko dira, edo bestela estalita, lixibiatuak lurzorura eta uretara iragaztea murriztearren.

B.1.5.– Zaratari buruzko baldintzak.

Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak instalatuko dira:

a) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 40 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 08:00ak eta 22:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) ere gehienezko balioetan.

b) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 30 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 22:00ak eta 08:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) ere gehienezko balioetan.

c) Era berean, zarata ezin da 60 dB (A) baino handiagoa izan, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, industria-eremuaren kanpoko itxituran.

d) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Isuri atmosferikoak kontrolatzea.

a) Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak isuriak kontrolatu beharko ditu, ondorengo informazioaren arabera:

(Ikus .PDF)

b) Aurreko atalean aipatutako neurketa guztiak kontrol-erakunde baimendu batek (KEB) egin beharko ditu (ordubeteko hiru neurketa, gutxienez, zortzi orduan zehar neurtuta; eta dioxinak eta furanoak ere neurtzen direnean, 6-8 orduko neurketa bat), eta aldizkako kontrol horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek prestatutako «KEBen gutxieneko txostenean» ezarritakora egokitu beharko du. Nolanahi ere, isurtzeko kontrolek eta baldintzek Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoetan eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

c) Arestian eskatutako parametro guztien neurketen KEB txostenak bidaliko dira. Neurketa berriak egin beharko dira, baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak ebazpen honetan ezarritako kontrol-maiztasunaren aurretik egindakoak badira. Isuri atmosferikoen ondorengo kontrolak egindako azken neurketarekiko adierazitako maiztasunarekin egingo dira.

C.1.1.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egin beharko da euskarri informatikoan edo, horrelakorik ezean, paperean, agiri eguneratuak erabilita, eta industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzeari buruzko 1976ko urriaren 18ko Aginduak 33. artikuluan ezarritako edukia jaso beharko du. Erregistro horretan adieraziko dira egindako neurketen emaitzak, mantentze-lanak, garbiketa, aldizkako ikuskatzeak, matxuraren ondorioz gertatutako etenaldiak, egiaztapenak, edozein motako gorabeherak, eta abar. Agiri horiek eguneratuta egongo dira, eta ingurumen-ikuskatzaileek eskuragarri izango dute.

C.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Hozte-dorrearen zirkuituaren hustuketako fluxuak isuri aurretik, parametro hauek analizatuko dira: pH-a, oxigeno-eskari kimikoa (OEK), solido esekiak (SE), guztizko fosforoa (Pguzt), zinka (Zn), burdina (Fe), konposatu organiko halogenatuak (AOX), hondar-kloro aske baliokidea bezalako oxidatzaileak.

c) Kanpoan egiten den kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoaren 255. artikulua), edo hala badagokio, kolektorera lotzeko baimena ematen duen erakundeak, eta organo eskudunak zehaztutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira laginak hartzen direnetik hilabete bateko (1) epean.

d) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira.

e) Isurketak baimeneko baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, B.1.2.3 ataleko parametro guztiek ezarritako mugak betetzen badituzte.

f) Isurketan lehen aipatutako maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen gai arriskutsuak dauden ala ez dioen adierazpen bat igorriko du titularrak urtero. Adierazpen horretan ekoizte-prozesuan manipulatu diren substantzia guztiak adierazi behar dira, nahiz eta isurketan ez detektatu.

C.3.– Zarataren kontrola.

Jarduera garatzen den lur zatiko kanpoko baldintza akustikoak hiru urtean behin kontrolatuko dira, batez ere zarata etxe barruetara sartzeko arriskurik handiena dagoen aldeetan. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak urtero egin ala ez.

Sustatzaileak neurketen proposamen zehatz bat landu beharko du eta neurketa-metodo zehatzak adierazi bertan. Proposamena ebazpen honen C.6 atalak aipatzen duen ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginari gehituko zaio.

C.4.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:

(Ikus .PDF)

C.5.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehen, txosten batekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

Isuritako uraren kalitatearen kontrolari buruzko emaitzak, gainera, hiru hilean behin bidaliko dira Uraren Euskal Agentziara (Gipuzkoako, Bizkaiko edo Arabako Ordezkaritza).

C.6.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Programa horrek hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Ingurumena zaintzeko programan jardueraren ohiko adierazleak eta horiek analizatzeko sistematika sartuko dira, ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko enpresak berak ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatzeko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Enpresak abendurako eta abuzturako programatutako mantentze-lanei dagokienez, isuriak eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere.

D.2.– Jarduera uztea.

Jarduera, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen aplikazio-eremuan (271 epigrafea «Burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko oinarrizko produktuen fabrikazioa» (IAEE)) eta lurzorua kutsatu dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatu izendatzeko irizpide eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan dagoenez, Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari ekin beharko dio jarduera amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 17.4 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

D.3.– Ezohiko jardunean aplikatzeko prebentziozko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko jarioak biltzeko sistemak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapenerako eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Goian aipatutako prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan, atmosferaren kutsadurari aurre hartzeko eta zuzentzeko (arazketa, minimizazioa, eta abar) sistemen egoera ona gehitu behar dira.

d) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

e) Olioak, taladrinak, erregaiak, katalizatzaileak, pinturak, disolbatzaileak, bernizak, etab., eta orokorrean, lantegian sortutako hondakinak, besteak beste, maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

g) Hauts-produktuak biltegiratzeko, iragazkiak dituzten silo itxiak egongo dira.

h) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu egin beharko da biltegiratzeko instalazio horiek bete egiten dituztela produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

i) Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

j) Kubeten hustuketa-lanetarako kontrol gisa jardungo duen protokolo edo agiri bidezko prozedura igorri beharko da Ingurumen Sailburuordetza honetara.

k) Andel edo putzuen hondoan pilatutako solidoak ez dira ibilgura hustuko aldizkako garbiketa-lanetan; behar bezala kudeatuko dira edo zabortegi baimendura eramango dira.

l) Arazte-prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak aldizka aterako dira instalazioa behar bezala ibil dadin. Behar izanez gero, andel iragazgaitzetan eta hondoan hustubiderik ez dutenetan biltegiratuko dira.

m) Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko ura kutsatzeko arriskua egon daitekeen eremuetan.

n) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

o) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko. Kasu honetan, baldintza hauek azpimarratu behar dira:

● Ebazpen honen B.1.4 atalean deskribatutako jarduerez gain, gasolioa biltegiratzeko eta maneiatzeko instalazioak behar den bezala isolatuko dira, haustura, ustekabeko gainezkatze, eta abarrengatik gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko.

● Hondakin-ura ezingo da «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

p) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean (beste hainbaten artean, ihesak, jarioak, lurzorua edo urak kutsa ditzaketen hondakinak, erregaiak edo substantzien isurketa garrantzitsuak; suteak), gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari.

q) Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isurketaren bat egonez gero, SOS Deiak eta Udalari ere jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, eta bertan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

● Gertakari mota.

● Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

● Iraupena.

● Ustekabeko isurketa bada, emaria eta isuritako gaiak.

● Mugak gaindituz gero, isuriei buruzko datuak.

● Eragindako kalteen balioespena.

● Hartutako neurri zuzentzaileak.

● Prebentziozko neurriak berriro gerta ez dadin.

● Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.

r) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

E) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtean behin Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara eta uretara egindako isuriei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko, E-PRTR Araudiko eta ingurumeneko baimen bateratuetako isurketen gaineko informazioa ematea arautzen duen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuari jarraituz.

Informazio hori ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko da. Informazioa Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez gauzatuko da, hori baita kanpoko erakundeek eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak ingurumen-informazioa batak besteari elektronikoki emateko ardatza. Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-L03 Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www-eper-euskadi.net web-orrian eskuragarri): Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumen-informazioa Kudeatzeko Sistema. Datu horiek guztiek Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa osatuko dute, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) egiten diren informazio-bidalketen oinarri dena.

Halaber, ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatutako Ingurumenari buruzko Adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.

Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) Ingurumeneko baimen bateratu honen mendeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.

Hirugarrena.– Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, aurretik Ingurumen Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio ebazpen honetako bigarren ataleko puntu hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla: B.1.2.4 (Zeharraga-parkeko euri-urak egokitzeko plana), B.1.3.1.g) eta B.1.3.2.d) (Hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen onarpen-agiriak); B.1.3.1.o) eta B.1.3.2.f) (Hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen erregistro-eredua); B.1.3.2.a) (EHZen ispilu-sarrera duten hondakinen karakterizazioa); B.1.4 (Lurzoruaren kalitatea babesteko baldintzak); C.1 (Isuri atmosferikoen kontrola), behar bada; C.1.1 (Isuri atmosferikoen erregistro-eredua); C.3 (Zarata neurtzeko proposamen zehatza); C.6 (Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina); D.1 (Mantentze-lanetako isuri eta hondakinen balioespena); D.3.a), b), c) (Mantentze-lanen eskuliburua, ikuskapenerako eta kontrolerako programa), D.3.h) (Produktu kimikoak biltegiratzeko ziurtagiriak); D.3.i) (Larrialdi-kasuetarako material-zerrenda); D.3.j) (Kubetak husteko protokoloa); eta D.3.r) (Suteen aurkako babesaren ziurtagiriak).

Halaber, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskapen-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, aipatutako ikuskapen-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari aditu batek eginda.

Atal honetako baldintza guztiak betetzeko 6 hilabeteko epea ezarri da, ingurumeneko baimen bateratua eraginkorra dela adierazteko Ingurumen Sailburuordetzak emandako ebazpen hau jakinarazten den biharamunetik kontatzen hasita.

Adierazitako baldintzak betetzen direla ziurtatzean, ebazpena emango da eta, horren bitartez, ingurumeneko baimen bateratua eraginkortzat aitortuko da.

Laugarrena.– Ingurumeneko baimen bateratu hau 8 urteko epean egongo da indarrean, aurreko atalean ezarritakoaren arabera ondorioak dauzkan egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.

Ingurumeneko baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Edonola ere, ingurumeneko baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.

Seigarrena.– Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresak ebazpen honen xede den altzairu moldekatua galdatzeko jardueran titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori jakinarazi beharko du, Ingurumen Sailburuordetzak onar dezan.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du kausa hauek gertatzen direnean:

● Epearen barruan ez egiaztatzea ebazpen honetako hirugarren atalean ingurumeneko baimen bateratuak ondorioak izan ditzan ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen ez badu.

● Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

● Baimena indarrean jartzen dela adierazten duen ebazpenean xedatutakoak.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Jez Sistemas Ferroviarios SL enpresari, Laudioko Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondorengoetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 30a.

Ingurumeneko sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.


Azterketa dokumentala