Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2013ko maiatzaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2440

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 27koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinen bidez bermatzen baita Justiziako Administrazioan mantendu egingo direla datorren maiatzaren 30erako deitutako greba-egunean Erkidegoari eman beharreko funtsezko zerbitzuak.

ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS, CNT eta CGT erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute 2013ko maiatzaren 30erako. Deialdi horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu geografikoaren barnean dauden enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu guztiek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztiak barne hartuko ditu, kontuan izan gabe zein enpresa edo administrazioren mende dauden.

Deitutako greba 2013ko maiatzaren 30ean egingo da, 00:00etatik 24:00etara. Txandaka lan egiten duten enpresetan, greba lehenengo txandan hasiko da, maiatzaren 30a baino lehen izan arren, eta azken txanda amaitutakoan amaituko da, nahiz eta maiatzaren 30eko 24:00ak baino geroago izan. Eguneroko prentsako enpresetan (erredakzioa eta errotatibak) maiatzaren 29ko 06:00etatik maiatzaren 30eko 06:00etara egingo da greba; eta eguneroko garbiketa-zerbitzuko eta zabor-bilketako enpresetan maiatzaren 29ko 22:00etatik maiatzaren 30eko 22:00etara.

Grebaren helburuak honako hauek dira: «1) Krisiaren egungo kudeaketa, aurrekontu publikoen bitartez egindako egiturazko murrizketa etengabeak eta Gobernu eta Administrazioek krisiari lotuta hartu dituzten neurri eta politikak gaitzesten direla adieraztea, eta haien eraginkortasunik eza eta izaera antisoziala salatzea; 2) Europako erakundeek exijitutako politikak betetzen dituztenek eragin eta gauzatu duten enplegu-suntsiketa masiboa eta enplegu-ezegonkortasunaren gehikuntza gaitzestea eta salatzea; Europako erakunde horiek, gainera, erreforma gehiago exijitzen dituzte, neurri guztiz bidegabe eta eraginkortasunik gabekoekin; 3) Politika publiko, ekonomiko eta soziolaboraletan muturreko aldaketa bat bultzatzea, eta politika horiek Euskal Herrian erabaki daitezela exijitzea».

Grebaren esparrua kontuan izanik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bertako gobernu-agintaritzari dagokio Euskal Administrazio Publikoak eta gainerako erakunde, entitate edo enpresek ematen dituzten ezinbesteko zerbitzuak ematen direla ziurtatzeko bermeak ezartzea zerbitzu publikoetan edo behar-beharrezkoak eta atzeraezinak direnetan, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki.

Espainiako Konstituzioaren 28.2. artikuluak langileen greba egiteko eskubidea onartzen du, langileek haien interesak defenda ditzaten, horixe baita egungo zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoak oinarri dituen funtsezko eskubideetako bat. Konstituzioak, beraz, berdin babesten du greba-eskubidea eta beste zenbait eskubide garrantzitsu: besteak beste, bizitza, osotasun fisikoa eta benetako babes judizialerako eskubidea. Hain zuzen, Konstituzioak bete-betean babesten ditu, bai eskubide horiek guztiak, bai eta greba egiteko eskubidea ere. Beraz, greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, Erkidegoarentzako ezinbesteko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin. Zehazki, dagokigun kasu honetan, Konstituzioaren 24. artikuluak ezartzen du ezen, gizabanako guztiek daukatela eskubidea epaile eta auzitegien benetako babesa izateko, euren eskubide eta interes legitimoez baliatzerakoan, eta ezingo direla inoiz defentsarik gabe gelditu.

Hala ere, aurreko premisa gorabehera, begien bistakoa da proportzionaltasunaren printzipioa zorroztasunez aplikatuz hartu behar dela funtsezko eskubideak mugatzeko edozein neurri, eta horretarako, hiru baldintza bete behar ditu horrelako neurri batek: hori aplikatuz proposatutako helburua lortu ahal izatea, edo «egokitasun-judizioa»; egitatea aztertuta, ondorioztatu izana ez dagoela neurri apalagoren bat helburu hori eraginkortasun berarekin lortzeko, edo «beharrizan-judizioa»; eta, azkenik, neurria edo konponbidea orekatua edo neurtua izatea, haren aplikazioaren ondorioz guztion intereserako onura edo abantaila gehiago eragiten direlako auzian dauden beste ondasun edo balioetarako eragiten diren kalteak baino, hau da, «proportzionaltasun-judizioa, zehazki ulertuta». Konstituzio Auzitegiak zenbait alditan adierazi du haren iritzia gai horren inguruan, honako epai hauen bitartez, besteak beste: 122/1990, 123/1990, 8/1992 eta 126/2003.

Erabaki horietatik ondorioztatu behar dugu erkidegoarentzat ezinbesteko zerbitzuak emango direla ziurtatzeak mugatu egiten duela grebarako eskubidea baliatzeko aukera, eta horretarako nahitaezkoa dela interes desberdinak kontuan hartuta zuhurtasunez jokatzea. Hori guztia dela-eta, ziurtatzeak berme gisa balio behar du, eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatuta; betiere ulertuta grebalarien eskubidea mugatu beharko dela, –etsi, Auzitegi Konstituzionalaren hitzetan– haien eskubideak grebaren bidez babesteak erkidegoari, alegia, funtsezko zerbitzuaren hartzaileari zein zerbitzua jasotzeko eskubidearen titularrari eragiten dion edo eragin liezaiokeen kaltea larriagoa bada grebalarien errebindikazio edo eskakizunen arrakastarik ez izateak eragingo lukeena baino. Hori guztia dela-eta, greba-deialdi honen aurrean, haren garapenak dituen ezaugarri zehatzak hartu beharko dira kontuan; eta kasu honetan lanegun bateko lanaldia izango da.

Horregatik guztiagatik, Konstituzioaren 24. artikuluan bildutako benetako babes judiziala izateko konstituzio-eskubideak ezin daitezke dagokien babesik gabe geratu, ezta greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eta herri-agintariei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernu-agintaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri behar ditu, agindu honetan zehaztu direnak, erkidegoan ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko, Erkidego honen eskumenekoa den Justizia Administrazioaren eremuan.

Organo Jurisdikzionalen jarduerak, konstituzioaren lehen mailakoak izaki, bermatu beharrekoak diren funtsezko eskubide garrantzitsu jakin batzuei eragiten die. Ondorioz, grebarik denean aipatu jarduera funtsezko kontsideratu behar da, ez bakarrik oinarrizko eskubideei –hala nola askatasunari– eragiten dielako; baita –EAEko Auzitegi Gorenaren 2006ko urriaren 25eko 771 Epaiak ezartzen duenaren arabera– Jurisdikziora sartzea edo babes judiziala izatea oztopa dezakeelako ere.

2006ko urriaren 25eko epai horrek finkatzen ditu greba izanez gero ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak –langile-hornidurarekin zerikusia dutenak barne– zehazteko irizpideak. Besteak beste, honako hauek dira: epaitegietan eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundean guardia-eginkizunetan diharduten langileen % 100eko hornidura; dokumentuak jaso eta erregistratzea; premiazkotzat jotako jardunak edo Legeak aldez aurretik ezarritako epemuga egun horretan dutenak, baldin eta ez-betetze horrek eskubideak galdu edo kaltetzea ekar badezake; kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriei eragiten dietenak, baldin eta, ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal badezakete edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzera badezakete; eta greba-egunerako ezarritako epaiketa, agerraldi eta antzekoak, baldin eta, etenez gero, kalte larriak eragin baditzakete, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta, edota etenaldi horrek eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta. Hori guztia ikusita, agindu honetan zehazten diren gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu gobernu-agintaritzak, auzitan dauden eskubideen funtsezko edukia bateragarri egiten saiatzeko.

Zerbitzu jakin batzuk ezinbestekoak dira funtsezko eskubide batzuk betetzen dituztelako, eta zerbitzu horiek mantendu ahal izateko, greba-eskubideari muga batzuk jarri behar zaizkio. Eta alor horretan eskumen esklusiboa gobernu-agintaritzak edukitzeak zera bermatzen du: muga horiek zuzenbidearen arabera ezarriko direla, eta, ezarri ere, gobernatzeko erantzukizuna eta ahalmena duenak baino ez dituela ezarriko.

Izan ere, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretu-Legearen 10.2 artikuluak honako hau xedatzen du: «Greba egiten denean edozein zerbitzu publiko edo onartuta dagoen eta geroraezina den beharrizaneko edozein zerbitzu eskaintzeko enpresetan, eta larritasun bereziko egoerak daudenean, gobernu-agintaritzak beharrezko neurriak hartu ahal izango ditu zerbitzuen funtzionamendua ziurtatzeko» eta «Gobernuak, era berean, horretarako beharrezkoak diren esku-hartze neurriak har ditzake».

Arau horretan –zeina konstituzionala den (Konstituzio Auzitegiaren 11/1981 Epaia, apirilaren 8koa [RTC 1981\11])–, Konstituzioaren greba-eskubideari buruzko 28.2 artikuluarekin bat etorriz (bertan honako hau ezartzen da: «Eskubide horren erabilera arautzen duen legeak beharrezko bermeak ezarriko ditu erkidegoarentzako funtsezko zerbitzuen mantentzea ziurtatzeko»), azken batean, gobernu-agintaritzari ematen zaio edozein motatako berme-neurri hartzeko aukera, greba kasuan ezinbesteko zerbitzuei eusteko, eta hori egiteko neurrietako bat da administrazio-ebazpenaren bidez jarduerari eusteko ezinbesteko gutxieneko zerbitzuak ezartzea, eta lan-prestazioa eskaini behar duten langileei haiek bete ditzaten eskatzea.

Horretarako, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuko 10.2. artikuluan aipatzen den prozedura bideratu da, eta, horrenbestez, deialdia egin duten sindikatuei eta Justiziako Sailburuordetzari entzunaldia eman zaie, gobernuaren erabakiaren eraginpean dauden zerbitzuei eta langileei buruzko proposamenak egin ditzaten.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 4.1 b) artikuluak eskumena eman dio sail horren titularrari Erkidegoarentzako ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko neurriak ezartzeko, zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate edo erakundeetan eragina duten greba-eskubidea gauzatzen denean; eskumen hori eskuordetuta baliatzen da, –Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuko 10. artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz– ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Eusko Jaurlaritzak eskuordetuta, honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– 2013ko maiatzaren 30ean –Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei egin zaien deialdiaren arabera– Justizia Administrazioan greba egiteko eskubideaz baliatzeko baldintza izango da jarraian adierazten diren funtsezko prestazioak eta horiei dagozkien gutxieneko zerbitzuak mantentzea:

  • Guardia Zerbitzuaren berezko jardunak.
  • Dokumentuak jaso eta erregistratzea.
  • Premiazko gaiak organo judizialen artean banatzea.
  • Legeak aldez aurretik ezarritako epea amaitzen zaien jardun guztiak, baldin eta ez-betetzeak eskubideen galera edo eskubideak kaltetzea ekar badezake.
  • Ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal dezaketen edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzeratzea ekar dezaketen kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriak.
  • Instrukzioko edo prozesua bultzatzeko jarduera, baldin eta aurreko idatzi-zatian aipatutako inguruabarretakoren bat gertatzen bada.
  • 2013ko maiatzaren 30erako deitutako ekitaldiak (epaiketak, agerraldiak eta abar), baldin eta etenez gero kalte larriak ekar baditzakete, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta edo etenaldiak eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta, besteak beste:
  • Zigor arloan, epaiketak edo apelazio-ikustaldiak, baldin eta tartean askatasunik gabeko pertsonak badaude edo urtebetetik gorako espetxealdia eskatzen bada.
  • Arlo zibilean, hartzekodunen batzarrak konkurtso-prozeduretan, eta oso behin-behineko neurriak.
  • Arlo sozialean, kaleratzeengatiko epaiketak.
  • Arlo guztietan, funtsezko eskubideen babes-prozesuetan deitutako ekitaldiak, baldin eta etenaldiak azken ebazpena berandutzen badu.
  • Epea amaitzen zaien lurperatze-lizentziak eta erregistro-inskripzioak.
  • Itsasontzi-matxurekin, itsas protestekin eta pertsona errekisitorialen egoera legeztatzearekin zerikusia duten jarduerak.
  • Pertsonak barneratzea.

Bigarrena.– 1.– Arestian aipatutako zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ezarritako gutxieneko zerbitzuak langile haiekin bete ezin direnean izan ezik (agindu honen Eranskinean zehaztuta daude gutxieneko zerbitzu horiek).

2.– Kasu horretan, idazkari judizialei, fiskalburuei edo dagokion erakundeko buruari dagokie ezinbesteko zerbitzuak bete behar dituztenak izendatzea, baita gutxieneko zerbitzuak bete behar dituen funtzionarioak zer kidegotakoa izan behar duen zehaztea ere (halakorik zehaztu ez den kasuetan), dagokion organoaren berezko zereginaren barnean bildutako ezinbesteko zerbitzuak betez.

Hirugarrena.– Agindu honen aurreko idatzi-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu haiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira, eta haiek eragin dituzten langileak izango dira erantzule, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

Laugarrena.– Aurreko artikuluetan xedatutakoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.

Bosgarrena.– Agindu hau indarrean jarriko da jakinarazten den egunean bertan.

Seigarrena.– Ebazpen honen berri eman behar zaie interesdunei, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan xedatutako moduan; halaber, ebazpenak administrazio-bidea agortzen duela jakinarazi behar zaie, eta horren aurka administrazioarekiko auzietarako errekurtsoa jarri ahal izango dela Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren dagokion Salan, ebazpena jakinarazten denetik aurrera, 2 hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedaturikoaren arabera.

Era berean, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoari jarraiki, honako hau ere jakinarazi behar zaie: agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daitekeela Lan Administrazioko Agintaritzan, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 27a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala