Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2013ko maiatzaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
2442

351/2013 DEKRETUA, maiatzaren 21ekoa, 2007., 2008. eta 2009. urteetarako Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duen Dekretua aldatzen duena.

Dekretu honen bidez egin nahi den aldaketa martxoaren 5eko 173/2013 Dekretua onartzearen ondorio da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionario, estatutupeko eta lan-kontratuko langileek 2013ko ekitaldian izango duten urteko lanaldia ezartzen da.

Aplikazio-esparruan sartzen diren langileen urteko lanaldia 1614 eta 30 minutukoa izango da 2013an.

Halaber, ezartzen da ezen, langileek 3 egun hartu ahal izango dituztela norberaren gauzetarako baimen gisa (22 ordu eta 30 minutu); denbora hori benetako lanaldi gisa zenbatuko da, eta aurreko paragrafoan ezarritako urteko lanaldiari kenduko zaio. Beraz, urteko benetako lanaldia 1592 ordukoa izango da.

Kontuan hartuta ezen, martxoaren 5eko 173/2013 Dekretua 2013ko martxoaren 13an jarri zela indarrean, 2013ko lanorduen kopurua 1610 ordukoa izango da, eta 2013. urteko benetako lanaldia 1587 ordu eta 30 minutukoa izango da.

Lanaldi hori ezartzearen ondorioz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen lanaldia arautzen duen abenduaren 18ko 235/2007 Dekretuaren edukia egokitu egin behar da 173/2013 Dekretuan ezarritakora.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 37.1.m) artikuluan eta martxoaren 5eko 173/2013 Dekretuaren 2.4 artikuluan xedatutakoa betez, Osasuneko Mahai Sektorialaren barruan, lanaldia banatzeko eta ordutegiak zehazteko negoziazio kolektiboa egin da, ente publikoko langileen ordezkaritzarekin.

Negoziazioa inolako akordiorik lortu gabe amaitu denez, Euskadiko Ordenamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko bederatzigarren arauari jarraikiz, Jaurlaritzaren Kontseilua izango da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren lan-baldintzak zehaztuko dituena.

Horregatik, Osasuneko sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko maiatzaren 21eko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATzen DUT:

Artikulu bakarra.– Abenduaren 18ko 235/2007 Dekretuaren eranskina aldatzea onartzea, dekretu honen eranskinean ezarritako moduan (235/2007 Dekretua, 2007., 2008. eta 2009. urteetarako Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duena).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Zuzendaritza Nagusiari eskumena ematen zaio dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren jarraibideak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko maiatzaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

MAIATZAREN 21EKO 351/2013 DEKRETUAREN ERANSKINA
2007., 2008. eta 2009. urteetarako Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duen abenduaren 18ko 235/2007 dekretuaren eranskinaren aldaketa partziala

Lehenengo artikulua.– Idazketa berria ematen zaio 2007., 2008. eta 2009. urteetarako Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duen abenduaren 18ko 235/2007 Dekretuaren Eranskinaren 27. artikuluaren (Urteko ohiko lanaldia) 1. paragrafoari.

Adierazitako Eranskinaren 27. artikuluaren 1. paragrafoa honela gelditzen da idatzita:

«1.– Martxoaren 5eko 173/2013 Dekretuaren bidez onartutako urteko lanaldiaren arabera (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionario, estatutupeko eta lan-kontratuko langileek 2013ko ekitaldian izango duten urteko lanaldia ezartzen da), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen 2013. urteko lanaldia –gaueko txanden kasuan izan ezik– 1610 ordukoa izango da, betiere, hargatik eragotzi gabe 50.1 artikuluan –idazketa berriaren arabera– xedatutakoa; izan ere, artikulu hori aplikatzearen ondorioz, lanaldi-mota guztietan, urteko benetako lanaldia izango da 1587 ordu eta 30 minutukoa. Nolanahi ere, salbuespen izango dira gaueko txandak eta Instituzio Irekietako langileentzat ezarritakoa. Urteko gainerako lanaldietarako, benetako lanaldiak izango dira 50.1 artikulu horretan ezarritako 22 ordu eta 30 minutuak kendu ostean ateratzen direnak.

Etengabe gaueko txandetan dabiltzanentzat, urteko lanaldia izango da 1463 ordu eta 22 minutukoa.

Gaueko eta eguneko txandetan ari diren langileek bi ordutegi horien arteko aplikazio proportzionala eginez doitu beharko dute euren gehienezko dedikazioa; alegia, gaueko orduei 1,10eko faktore biderkatzailea aplikatuz, eguneko txandetarako ezarritako ordu-kopuru berbera izango da urte amaieran (1587 ordu eta 30 minutuko benetako lan-denbora).

Aurreko paragrafoko araua gorabehera, txandakako erregimenean lan egiten duten 55 urtetik gorako langileei, gaueko orduan, honako faktore biderkatzaile hau aplikatuko zaie, adinaren arabera:

  • 55 urtetik gorakoak: 1,15
  • 60 urtetik gorakoak: 1,20

Era berean, 55 urtetik gorako langileak, nahi badu, gauez lan egitetik salbuesteko aukera dauka. Dena dela, neurri hori zerbitzu-erakundeko zuzendaritza-gerentziarekin negoziatu beharko da, eta salbuesteko aukera hori baliatzeko beharrezkoa bada, eskatzailea beste unitate batera aldatu ahal izango da.

Gaueko eta eguneko txandetan ari diren langileek bi ordutegi horien arteko aplikazio proportzionala eginez doitu beharko dute euren gehienezko dedikazioa; alegia, gaueko orduei 1,10eko faktore biderkatzailea edo langilearen adinaren araberakoa aplikatuz, eguneko txandetarako ezarritako ordu-kopuru berbera izango da urte amaieran (1587 ordu eta 30 minutuko benetako lan-denbora).»

Bigarren artikulua.– Idazketa berria ematen zaio 2007., 2008. eta 2009. urteetarako Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duen abenduaren 18ko 235/2007 Dekretuaren Eranskinaren 27. artikuluaren (Urteko ohiko lanaldia) 2. paragrafoari.

Adierazitako Eranskinaren 27. artikuluaren 2. paragrafoa honela gelditzen da idatzita:

«2.– 2012. urtean 1433 orduko lanaldia egin zuten Erakunde Irekietako langileentzako urteko lanaldia 1449 ordu eta 12 minutukoa izango da 2013ko ekitaldian.

Hala ere, langile horiek beren lanaldia luzatzea eska dezakete, dekretu honetan ezarritako arauzko lanaldia betetzeko. Horretarako baimena dagokion zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak eman beharko du, zentroak dituen aurrekontuak kontuan hartuta. Eskariari ezezkoa emanez gero, arrazoia azaldu beharko da.»

Hirugarren artikulua.– Idazketa berria ematen zaio 2007., 2008. eta 2009. urteetarako Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duen abenduaren 18ko 235/2007 Dekretuaren Eranskinaren 27. artikuluaren (Urteko ohiko lanaldia) 9. paragrafoari.

Adierazitako Eranskinaren 27. artikuluaren 9. paragrafoa honela gelditzen da idatzita:

«9.– 2013ko ekitaldian, prestakuntzan dauden langile egoiliarren urteko benetako lanaldia 1610 ordukoa izango da.

Guardiak egiten dituzten langile egoiliarrek 7 orduko lanaldi normalizatua izango dute, astelehenetik ostiralera, betiere, horrek eragozten ez badu dagokion prestakuntza-programa osatzea.

Laugarren artikulua.– Idazketa berria ematen zaio 2007., 2008. eta 2009. urteetarako Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duen abenduaren 18ko 235/2007 Dekretuaren eranskinaren 50. artikuluari (Norberaren eginkizunetarako lizentzia).

Eranskin horren 50. artikulua honela geratzen da idatzita:

«1.– Langileek eskubidea izango dute 3 egun hartzeko, norberaren gauzetarako baimen gisa (22 ordu eta 30 minutu), baldin eta egutegiko 20 egun lehenago egiten badute eskaera; denbora hori benetako lanaldi gisa zenbatuko da, eta dagokion lanaldiari kenduko zaio, betiere, dauden lan-erregimenen arabera. Lanean urtebete ez daramatenek egun horiek hartuko dituzte lanean hasitako edo lanera itzulitako egunetik abenduaren 31ra bitartean lan egindako egunen arabera.

Dena dela, lizentzia hori ezingo dute batera baliatu unitateko txanda bakoitzean, dagokion kategorian, lan egiten duten ohiko langileen % 50ek baino gehiagok.

2.– Horretaz gain, langile bakoitzak, nahi badu, beste 3 egun hartu ahal izango ditu baimen ordaindu gisa (22 ordu eta 30 minutu), urteko benetako lanaldia gainditzen duen denbora osagarri moduan, eta dagokion lan-karteldegian sartuko da hori.»


Azterketa dokumentala