Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2013ko maiatzaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2454

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 13koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Vitoria-Gasteizko (Araba) Barnekale Berriko 21 eta 23an diren higiezinak partzialki desafektatzeko espedienteari hasiera emateko, interesdunei entzunaldia emateko eta jendaurrean jartzeko dena.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera (abuztuaren 6ko EHAA, 157. zk.), ez dago sailkatutako edo zerrendatutako kultura-ondasunik eraisterik, baldin eta aldez aurretik euren aurri-egoera adierazi ez bada eta dagokion foru-aldundiak eraisteko baimenik eman ez badu. Era berean, derrigorrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzak sailkatutako kultura-ondasun izatetik kentzeari buruzko baimena aldez aurretik ematea.

Aipatutako araudia garatzeko, azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua eman zen, alegia, Sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko ebazpenaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa (azaroaren 26ko EHAA, 226. zk.).

Aipaturiko 306/1998 Dekretuari jarraituz, Vitoria-Gasteizko Udalak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari igorri zion Vitoria-Gasteizko hirigune historikoan diren Barnekale Berriko 21 eta 23ko higiezinak desafektatzeko eskaera, eraikinak aurri-egoeran zeudelakoan.

Abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuak Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa, kultura-ondasun gisa, monumentu-multzo izendapenaz kalifikatu zuen, eta hura zaintzeko babes arauak ezarri zituen (1998ko urtarrilaren 15eko EHAA, 9. zk.). Horren arabera, higiezin horiek oinarrizko babesa dute.

Zerbitzu teknikoen txostenak kontuan harturik, eta aurri-egoeraren espedientea eta izan diren ekintzak ikusirik, Euskadiko Monumentu-Ondarearen Aholku Batzordeak, 2012ko azaroaren 28an egindako saioan, Vitoria-Gasteizko (Araba) Barnekale Berriko 21 eta 23ko eraikinak partzialki desafektatzea erabaki zuen, partzelaren afekzioari eutsiz.

Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aztertu ondoren, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluari jarraituz eta azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoarekin bat (dekretu hori kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa da), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko (Araba) Barnekale Berriko 21 eta 23ko eraikinen desafekzio partzialaren prozedurari hasiera ematea (abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuaren arabera –1998ko urtarrilaren 15eko EHAA, 9. zk.–, higiezin horiek oinarrizko babesa dute, zeren Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa, kultura-ondasun gisa, monumentu-multzo izendapenaz kalifikatu eta hura zaintzeko babes arauak ezarri baitziren), partzelaren afekzioari eusten zaiolako. Horrezkero, eraikin berriak 312/1997 Dekretuan aurreikusten diren ordezkatzeko arauak bete beharko ditu.

Bigarrena.– Vitoria-Gasteizko (Araba) Barnekale Berriko 21 eta 23ko eraikinak partzialki desafektatzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epea irekitzea eta interesdunei entzuteko izapideari ekitea. Alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkezteko, 20 eguneko epea izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Vitoria-Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailari eta Euskara, Kultura eta Kirol Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 13a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

JOXEAN MUÑOZ OTAEGI.


Azterketa dokumentala