Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2013ko maiatzaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2529

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 8koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiarena, zeinen bidez argitara ematen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakia, 1994ko apirilaren 13ko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren Aginduan aurreikusitako diru-laguntzak 2013ko ekitaldian finantzatzeko baliabide ekonomikoak esleitzeari buruzkoa. Agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako diru-laguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2013ko apirilaren 22an egindako bilkuran hartutako Erabakiaren bitartez, 1994ko apirilaren 13ko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren Aginduan aurreikusitako diru-laguntzak 2013ko ekitaldian finantzatzeko baliabide ekonomikoak esleitzeari ekin dio (agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako diru-laguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz). Eta Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian ezarritakoarekin bat etorriz (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutuak), erakunde horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitara ematea.

Adierazitako guztiarengatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2013ko apirilaren 22ko bilkuran hartutako Erabakia, 1994ko apirilaren 13ko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren Aginduan aurreikusitako diru-laguntzak 2013ko ekitaldian finantzatzeko baliabide ekonomikoak esleitzeari buruzkoa. Agindu horrek oinarri arautzaileak ezartzen ditu, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako diru-laguntzak emateko, 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (ebazpen honen eranskin gisa dator Erabakia).

Bigarrena.– Jakinaraztea ezen, argitara ematen den Erabakiak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak hartutakoak, ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Jakinaraztea ezen, deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela, zuzenean, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 8a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNANDEZ.

ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN ERABAKIA, 1994KO APIRILAREN 13KO LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA MINISTERIOAREN AGINDUAN AURREIKUSITAKO DIRU-LAGUNTZAK 2013KO EKITALDIAN FINANTZATZEKO BALIABIDE EKONOMIKOAK ESLEITZEARI BURUZKOA. AGINDU HORREK OINARRI ARAUTZAILEAK EZARTZEN DITU, LANGABEZIA-PRESTAZIOA ORDAINKETA BAKARREKO MODALITATEAN JASOTZEN DUTENEI GIZARTE SEGURANTZAKO KUOTEN ORDAINKETAN OINARRITUTAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO, 1044/1985 ERREGE DEKRETUAREN 4.2. ARTIKULUAN EZARRITAKOARI JARRAIKIZ

Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduak oinarri arautzaileak ezarri zituen Gizarte Segurantzako kuoten diru-laguntzak emateko, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 4.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Bada, agindu horren helburua da kotizaziopeko langabezia-prestazioa jasotzen dutenen autoenplegua erraztera bideratutako diru-laguntzak arautzea. Diru-laguntza horien bidez, langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzeko eskubidea baliatu dutenei Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa egiten zaie, kuota horien egungo balioaren arabera, betiere, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuak (geroagoko arauen bidez sartutako aldaketak ere kontutan hartuta) ahalmena ematen dio erakunde kudeatzaileari langabezia-prestazioaren zenbatekoa aldi bakarrean ordaintzeko, egun duen balioaren arabera. Prestazioen onuradun hauei egin ahal izango zaie ordainketa hori: batetik, kooperatibetan edo lan-sozietateetan bazkide-langile edo lan-bazkide gisa –modu egonkorrean– sartu nahi dutenei, eta, bestetik, % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna izanik, langile autonomo bihurtu nahi dutenei.

Egun, lan-merkatuaren erreformarako premiazko neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretua eta ekintzaileari laguntzeko eta enpleguaren hazkundea eta sorrera estimulatzeko neurriei buruzko otsailaren 22ko 4/2013 Errege Lege Dekretua onartu ondoren, beste bi talde sartu dira langabezia-prestazioaren % 100eko kapitalizazioaren onuradunen artean: batetik, langile autonomo egin diren gazteak (30 urtera bitarteko gizonezkoak eta 35 urtera bitarteko emakumezkoak), eta, bestetik, hogeita hamar urtez azpiko gazteak, euren zenbatekoa erabili dutenak ekarpen bat egiteko merkataritza-erakunde baten kapital sozialean, betiere merkataritza erakunde hori sortu berria edo ekarpena egin aurreko hamabi hilabeteen barruan sortua bada, eta erakunde horretan egiten duten jarduera profesionala mugagabea bada. Berdin izango dio Gizarte Segurantzako zein erregimenetan dauden.

Eskubide hori baliatzen duten langileek jasoko duten diru-laguntza hauxe izango da: langile autonomo gisa Gizarte Segurantzako dagokion erregimenean duten kuotaren % 50aren ordainketa (gutxieneko kotizazio-mailaren arabera kalkulatuko da), edo, langileak – langabezia-prestazioa jaso duen bitartean– Gizarte Segurantzako dagokion erregimenaren kotizazioetan egin duen ekarpenaren % 100aren ordainketa, baldin eta langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jaso ez bada.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak –lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-prestakuntzaren eremuan– lan-arloko legeria betearazteko dituen funtzioak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatu direnez geroztik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio enpleguko, enplegu-prestakuntzako eta autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzeko programak kudeatzea.

Ez dago autonomia-erkidegoko araudi bat, kotizaziopeko langabezia-prestazioaren % 100 ordainketa bakarrean jaso dutenei autoenpleguko ekimenak martxan jartzea erraztuko dieten laguntzak arautuko dituena; horregatik, horrelako araudi bat landu eta indarrean jarri bitartean, diru-laguntzen programa hau gauzatu behar da, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuan ezarritakoa betez.

Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduaren indarraldia mugagabea da, eta laguntza horiek ez dira ematen lehiaketaren teknikaren bidez. Izendatzen den aurrekontu-kreditua –edo horren eguneratzetik sortzen dena– izango da laguntzak emateko gehienez erabili ahal izango dena, berariaz halaxe ezarrita baitago aginduaren beraren lehenengo xedapen iragankorrean.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan ezarritakoari jarraikiz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori), diru-laguntzaren jarduerak jarraitu behar duen publizitate-printzipioa bete egin behar da, eta, beraz, jakinarazi egin behar da zein den aipatutako aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko izendatu diren kredituen guztizko zenbatekoa, baita horren eguneratzetik sortzen dena ere.

Bestalde, diru-laguntza horiek kudeatzen dituen Administrazioa aldatu egin dela kontuan hartuta, publizitatearen eta segurtasun juridikoaren printzipioak errespetatzeko, komeni da laguntzen onuradun izan daitezkeenei informazioa ematea, diru-laguntzen prozedurarekin eta aplikatu beharreko erregimen juridikoarekin zerikusia duten alderdi jakin batzuei buruz.

Adierazitako horretan guztian oinarrituta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2013ko apirilaren 22ko bilkuran gaiari buruz eztabaidatu ondoren, honako Erabakia hartu zuen:

ERABAKIA

Lehenengoa.– 1994ko apirilaren 13ko Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak esleitzea. Izan ere, aipatu aginduak arautu zuen Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan oinarritutako diru-laguntzak ematea, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritako eskubidea baliatzen dutenei, betiere, Errege Dekretu horren 4.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Bada, 500.000 euro esleituko dira, 3211-Enplegua programaren kargura.

Guztira emango diren laguntzek ez dute gaindituko zenbateko hori, ezta hori eguneratu ondoren sortzen den zenbatekoa ere. Azken kasu horri dagokionez, zenbatekoa eguneratu egin daiteke, aurrekontu-aldaketak onartzen badira, indarreko legeria betez. Nolanahi ere, gertaera hori argitara eman behar da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariaren ebazpen baten bidez.

Bigarrena.– Diru-laguntza horien kudeaketari buruzko alderdi hauen gaineko informazioa ematea (alderdi horietan eragina izango du Euskal Autonomia Erkidegoko diru-laguntzen antolakuntzako eta erregimen juridikoko araudiak zuzenean aplikatzeak):

– Ebazpen honetan adierazten diren diru-laguntzak lortzeko eskaerak I. eranskinean ageri den ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori eskuragarri egongo da http://www.lanbide.net helbidean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Atxortegi kalea 1, Gasteiz 01009) eta Lanbideren Enpleguko Lurralde Bulegoetan.

Horretaz gain, eskaerak aurkeztu ahal izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lan Aktibazioko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskaerak kudeatzeko eta tramitatzeko ardura, eta erakunde autonomo horren zuzendari nagusiak izango du horiek ebazteko eskumena.

–. Ebazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, diru-laguntzarako eskaera aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori igaro eta ebazpenik eman ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela ulertuko da.

– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da organo horretan, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.

– Diru-laguntzen programa honen kudeaketan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. Tituluan eta VII. Tituluaren III. Kapituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako diru-laguntzen erregimen juridikoa izango da aplikagarri (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen erregimen orokorra arautzen duena, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

Hirugarrena.– Zuzendari nagusiari agintzea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala