Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2013ko ekainaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2643

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 20koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Euskara eta Euskal Kulturako hiru irakurle hautatzeko deialdia irekitzeko dena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat atzerriko unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuari egoki iruditu zaio hainbat unibertsitatetan Euskara eta Euskal Kulturako hiru irakurle hautatzeko lehiaketa publikoaren deialdia egitea.

Hori dela eta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da Euskara eta Euskal Kulturako hiru irakurle hautatzea, ondoko unibertsitateetan eta ikasturteetan aritzeko:

Bi Alemanian, Konstantzako unibertsitatean, 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan eta Frankfurt-eko unibertsitatean, 2013-2014 ikasturtean.

Bat Irlandan, Cork-eko unibertsitatean 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan ikasturte bakoitzera bideratutako guztizkoa hirurogeita hamahiru mila ehun eta berrogeita hamar mila (73.150) eurokoa izango da. Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Beraz, zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurleen soldatekin.

Transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da. Euroak beste monetekiko dituen aldaketek ez dute eraginik izango kopuru ekonomikoan.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia). Lehentasuna izango dute Euskal Filologiakoek, Euskal Ikasketetako lizentzia edo gradua dutenek edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoek (A Hizkuntza: euskara).

Aurreko tituluak izan ezean, graduko titulua (edo lizentzia) eta EGA edo baliokidea izatea.

4. artikulua.– Bete behar diren baldintza zehatzak tokian tokiko unibertsitatearen eta aurreikusitako zenbatekoaren arabera.

1.– Konstantzako Unibertsitatea.

Baldintza orokorrak:

Klase-orduak: astean 6-8 eskola-ordu.

Zenbatekoa: 29.250 euro irakurletzarako.

Baldintza zehatzak:

Alemaneko A2 maila ziurtatua.

2.– Irlandako Cork-eko Unibertsitatea.

Baldintza orokorrak:

Klase-orduak: 2013-2014 ikasturtean 150 ordu (50-70 eskola-ordu eta gainontzekoak, 150 ordu osatu arte, Etxepare Euskal Institutuak emandako lanak egiten). 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan gehienez 150 klase-ordu.

Zenbatekoa: 16.000 euro irakurletzarako.

Baldintza zehatzak:

Ingeleseko C2 maila ziurtatua.

3.– Frankfurt-eko Unibertsitatea.

Baldintza orokorrak:

Klase-orduak: astean 8 eskola-ordu.

Zenbatekoa: 27.900 euro irakurletzarako.

Baldintza zehatzak:

Alemaneko C1 maila ziurtatua.

5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak tokian tokiko unibertsitatean.

Hautatuak deialdi honen helburu diren tokian tokiko unibertsitateei atxikiko zaizkie, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko dute eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak tokian tokiko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Bidaiatzeko diru kopururik aurreikusita ez dagoen kasuetan, Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.

Irakurle izateak honako konpromisoak onartzea ekarriko du:

2013ko irailaren 15ean aipatutako unibertsitateetan lanean hastea, eta bertan zerbitzua ematea 2013-2014 ikasturte bukaerara arte, 2014-2015 (Konstantza) edo 2015-2016 (Cork) ikasturtearen amaierara arte luzatzeko aukerarekin.

Emandako ordutegia betetzea.

Euskara eta Euskal Kulturaren programa didaktikoa egitea ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.

Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.

Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.

Ikasturte bakoitza amaitutakoan, zerbitzuak ematen dituen departamentuaren bermea duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena behar bezala doan ebaluatzeko.

Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzea. Hurrengoa 2013ko uztailaren 4 eta 5ean izango da Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barnean.

Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.

Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.

6. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkie tokian tokiko unibertsitateei irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantziaziorako zenbatekoen ordainketak.

Tokian tokiko unibertsitateei dagokie Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– Eskabidea (I. eranskina) behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari igorri beharko zaio, lehentasunez honako helbide elektroniko honetara: etxepare@etxepare.net. Zuzenean ere aurkeztu ahal izango dira Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan (Prim kalea 7, 20006 Donostia) edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Eskabideekin batera, hautagaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

Pasaportearen fotokopia (edo bestela NANarena edo AIZerena).

II. eranskineko taula behar bezala beteta (ez da onartuko honela aurkezten ez den curriculumik).

Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinea, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere bost orrialdekoa izango da (letra Arial 12, lerro artean tarte bikoitza utziz).

Hautagaiek ez dituzte euren CVaren taulan aipatutako merituak dokumentu bidez egiaztatu beharko eskabidea egitean, baina aurkeztu egin beharko dituzte hautatuak badira. Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiek (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa....) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dute.

Eskabideak aurkezteko hilabeteko epea egongo da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko I. eta II. eranskinak Etxepare Euskal Institutuaren web orrian egongo dira eskuragarri word formatuan.

2.– Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesura eta etorkizunean ager daitezkeen irakurle beharrei erantzuteko sortuko diren poltsak kudeatzera mugatuko da. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoaren, abenduaren 13koa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko 2/2004 Legearen, otsailaren 25ekoa, aurreikuspenekin bat etorriko da.

8. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da.

Batzordearen osaketa EHAAn argitaratuko da.

Aukeratutako hautagaien zerrenda honako helbide honetan argitaratuko da: http://www.etxepareinstitutua.net.

9. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 30 puntu lortu ahal izango dira:

Unibertsitateko titulua: gehienez ere 5 puntu.

Hizkuntzak jakitea (egiaztatuta), deialdian beharrezkoak direnez gain: gehienez ere 5 puntu.

Irakaskuntzan eskarmentua eta euskara irakasteko berariazko prestakuntza: gehienez ere 10 puntu.

Aurkeztutako proiektu pedagogikoa: gehienez ere 5 puntu.

Beste meritu batzuk: gehienez ere 5 puntu.

10. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez 10 egun naturaleko epearen barnean, Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratuko da hautapen prozesuan parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz. Baztertuek 10 egun naturaleko epea izango dute, hala badagokio, baztertzearen arrazoia konpontzeko. Egiten ez badute, beren eskaerari uko egin diotela ulertuko da.

Aipatutako epea igaro ondoren, Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratuko da hautapen prozesuan parte hartzeko onartutakoen behin betiko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz.

Hautapen Batzordeak behin betiko zerrenda aztertuta, hiru hautagai proposatuko ditu unibertsitateko, eta hiru horietatik unibertsitateak berak aukeratuko du bere irakurlea.

Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, Etxepare Euskal Institutuak beretzat gordetzen du onartuak Institutuko kideekin aurrez aurreko elkarrizketa batera deitzeko eskubidea eta, hala badagokio, irakasle aritu behar duten unibertsitateetako ordezkariekin.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira ondoko kasuetan:

Eskabide bat ere aurkeztu ez bada.

Institutuak eta dagokion unibertsitateak hautagaiek deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztela uste badute.

Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dela delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

11. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, hautatutako pertsonak eta plazarik gabeko hautatuak zein diren adieraziz. Azken hauek erreserban egongo dira, hautatuek ukoa aurkeztu edo ordezkatu beharra gertatzen bada ere. Hautatu horiekin lan-poltsa osatuko da, Institutuaren beharrei erantzun ahal izateko.

Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web orrian argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.

12. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Hautatuek medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, beraien esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, tokian tokiko unibertsitateko Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.

13. artikulua.– Ukoak eta ordezkapenak.

Hautatuek ezin izango diote uko egin bere lanpostuari dagokion ikasturtea amaitu baino lehenago, ez bada, Etxepare Euskal Institutuaren iritziz, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoia dagoelako.

Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak lanposturik gabe aukeratutako lehen hautagaia proposatuko du, ordezkoaren adostasuna lortu ondoren.

14. artikulua.– Errekurtsoak.

Aukeratutako hautagaien zerrenda Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen bidez argitaratuko da Institutuaren web orrian. Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2013ko maiatzaren 20a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARÍA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala