Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2013ko ekainaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2886

AGINDUA, 2013ko ekainaren 12koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Legutioko udalerriko Burdinola kalean 16 (8+8) etxebizitza sozial esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

GERTAKARIAK

1.– Babes ofizialeko etxebizitza horiek esleitzeko prozedura Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren bidez dago araututa, hala ezarrita baitago Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan (2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa).

2.– Etxebizitzako Arabako lurralde-ordezkariaren 2011ko apirilaren 18ko Ebazpenen bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu dute babes ofizialeko 8 etxebizitzako sustapenak EB1-0717/10-EP-000 espediente-zenbakiarekin eta babes ofizialeko 8 etxebizitzako sustapenak EB1-0718/10-EP-000 espediente-zenbakiarekin. Sustapenak Legutioko Burdinola kalean kokatuta daude, eta Construcciones Amenabar, S.A.k sustatzen ditu. Etxebizitza horietako 2, bi logelakoak, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude. Gainontzeko 14 etxebizitzak hiru logelakoak dira. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio agindu hau ematea, hala xedatuta baitago Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 48. artikuluan, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoan.

2.– Lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko, bizikidetza-unitatea osatuko duten titularretako batek gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon beharko du, kasuan kasuko araudian ezarritako gutxieneko antzinatasuna duela, betiere Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denarekin bat etorriz.

3.– Babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko irailaren 14ko Aginduan ezarritakoak izango dira.

4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honako hau izango da: esleipen-prozedurari hasiera ematen dion aginduaren argitalpen-dataren aurreko zergaldia; betiere, amaituta egon behar du zergaldi horri dagokion aitorpena egiteko epeak, hau da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egitekoak.

5.– Lehenago aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenez, pertsonek edo bizikidetza-unitateek, babes ofizialeko etxebizitzen esleipen-prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute. Baldintza hori betez gero, parte hartzea izango dute Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan, non eta hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik ematen ez den.

Alokairu-araubidean egokitutako etxebizitza bat eskatzen duten mugikortasun mugatuko desgaituek aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan egindako esleitze-prozeduretan parte hartzeko.

6.– Agindu horretan bertan zehazten denez, prozeduran parte hartzea borondatezko izango da, eta prozedurari hasiera emateko aginduan finkatutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko da. Halaber, prozeduran sartzen direnek beren bizikidetza-unitatearen premietarako egokia ez den etxebizitza bat eskuratzeko interesa ere adierazi ahal izango dute, betiere horrek gainokupazioa eragiten ez badu. Egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa ere adierazi ahal izango dute, era horretako etxebizitzak esleitu gabe geldituz gero.

Kasu horretan, epea 15 egun naturalekoa izango da.

7.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluari jarraituz, etxebizitzak, esleitzeko prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira, betiere Agindu bereko 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikaturik.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Legutioko udalerrian 16 etxebizitza sozial esleitzeko prozedurari hasiera ematea. Udalerri hori Araba erdialdeko eremu funtzionalean dago.

Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsona edo bizikidetza-unitate hauek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairu-araubidean izena emanda daudenek, betiere hurrengo paragrafoetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Izena emateko eskabidean aukeratutako udalerrietako bat Legutio izan beharko da.

Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango direnetako batek Legution erroldatuta egon beharko du, prozedurari hasiera emateko agindu hau argitaratzen den eguna baino bi urte lehenagotik, gutxienez, hala jasotzen baita Sailak eta Legutioko Udalak 2007ko azaroaren 19an sinatutako hitzarmenean.

Seigarrena.– Egiaztatu beharko da 2011. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ez direla 3.000 euro baino txikiagoak, ez eta 25.000 euro baino handiagoak ere. Mugikortasun mugatua edo desgaitasun psikikoa izanez gero, ez da eskatuko gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatzea.

Zazpigarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute Arabako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzan, 2013ko irailaren 30etik urriaren 14ra bitartean (biak barne).

Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, Araba erdialdeko eskualde egiturako udalerriren batean erroldatutako pertsona edo bizikidetza unitateen artean esleituko dira. Pertsona edo bizikidetza unitate horiek ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta esleipen prozeduran parte hartzeko interesa adierazi beharko dute. Horretarako, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute Arabako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzan 2013ko irailaren 30etik urriaren 14ra bitartean (biak barne).

Zortzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik 2 mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude. Bi etxebizitza horiek bi logelakoak dira. Etxebizitzok, hasiera batean, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat duten bizikidetza-unitateen artean esleituko dira.

Etxebizitza horiek hurrenkera honi jarraituz esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie; gero, bi makulu nahitaez erabili beharra duten pertsonei; eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.

Esleitu gabe geratzen diren etxebizitza egokituak, halakorik baldin bada, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsonarik ez duten bizikidetza-unitateen artean esleituko dira, baldin eta egokitutako etxebizitza bat eskuratzeko interesa adierazia badute.

Bederatzigarrena.– Egokitu gabeko 14 etxebizitzak hiru logelakoak dira.

Hamargarrena.– Esleitzeko prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira etxebizitzak, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluan jasotzen denaren arabera, betiere Agindu bereko 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikaturik. Artikulu horretan jasotzen diren barematzeko irizpideak, lehentasun-ordenaren arabera, honako hauek dira:

a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko alokairu-araubideko inskripzioaren antzinatasuna: 5 puntu emango dira antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen alokairu-araubideko inskripzio-urte bakoitzeko. Gehienez 40 puntu 8 urte edo gehiagoko antzinatasuna duten eskaerentzat, eta gutxienez 5 gutxienez urtebete eta gehienez bi urteko antzinatasuna duten eskaerentzat.

b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: Bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko 5 puntu emango dira; horretarako, hauek baino ez dira kontuan hartuko: titularrak, horien seme-alabak eta etxean erroldatuta dauden edo bisita-araubidea judizialki onartuta duten horien legezko tutoretzapeko edo familia-harrerapeko pertsonak. Gehienez 30 puntu 6 kide baino gehiagoko eskaerentzat eta gutxienez 5 puntu kide bakarreko eskaerentzat.

c) Diru-sarrerak: gehienez 20 puntu emango zaizkie 3.000 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, 15 puntu 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei, 10 puntu 15.001 eta 25.000 euro bitartekoei eta gutxienez 5 puntu 25.001 eta 30.000 euro bitartekoei.

d) Erroldatzea: 10 puntu emango zaizkie sustapenaren udalerrian erroldaturiko titular bat gutxienez duten espedienteei eta 5 puntu horren eremu funtzionalean erroldaturiko titular bat gutxienez duten espedienteei.

e) Etxebizitza-premia berezia: 10 puntu emango zaizkio etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularraren bat duten espedienteei. Adimen- eta garapen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonei dagokienez, 10 puntu emango zaizkie hori egiazta dezakeen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko kide direnei 10 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko, gehienez 30.

Eskaerak Etxebizitza Eskatzaile Erregistroan alokairu-araubidean sartzeko dataren bidez hautsiko dira berdinketak.

Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxarote-zerrendak honako toki hauetan argitaratuko dira: Zuzenean-Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan.

Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 12a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIKE.


Azterketa dokumentala