Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2013ko ekainaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2919

EBAZPENA, 2013ko ekainaren 6koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, nazioarteko arte-azoketan stand-ak alokatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko arte-galeriei diru-laguntzak emateko erregimena arautzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (EEI aurrerantzean) sortzeko eta arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako EEIrentzat: «Euskal kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du EEIren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak EEIren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskararen eremu geografikotik kanpo arte plastiko eta ikusizkoen inguruan antolatzen diren merkatu izaerako nazioarteko azoketan parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko arte-galeriek euskal artisten lana bultzatzeko 2013an zehar nazioarteko arte azoketan parte hartu ahal izateko stand-ak alokatzeko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra berrogeita bi mila eurokoa (42.000) izango da.

3. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta sozietate-egoitza edo helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako alta izatea jarduera ekonomikoetarako zergaren baitan arte-lanen salerosketaren jarduerari dagokion epigrafean.

2.– Ez da onartuko nagusiki kapital-ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, «Ondasunen erkidego» izaerakoen eta arte-lanen salerosketa sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.

3.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzetara aurkeztu laguntza publikoak eskuratzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko edo juridikoek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapen seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku hori dutenak barne direla.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren bat eman badiote eta hori itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bateko izapideak egiten ari badira, ezinbestekoa izango da prozedura hori amaitzea diru-laguntza esleitu eta ordaindu ahal izateko.

4. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

EEIri dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartua egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak.

a) Ebazpen honen 8.1.a) artikuluan aipatzen den ARCO azokarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

b) Ebazpen honen 8.1.b) eta 8.1.c) artikuluetan aipatzen diren azoketan parte hartzeko, irailaren 4a arte. Eskabideak ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua.

a) Ebazpen honen babesean aurkeztuko diren eskabideak eranskinetan ezarritakoari jarraituz egingo dira. eranskinak Etxepare Euskal Institutuaren web-orrialdean eskuragarri egongo dira: http://www.etxepareinstitutua.net

b) Azoka bakoitzeko eskabide bana aurkeztu beharko da. Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko badu, nahikoa izango da eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

c) Laguntzaren eskabidea ondorengo helbidean aurkeztu beharko da: Etxepare Euskal Institutua. Prim kalea 7, 20006 Donostia. 30/1992 Legean ezarritako beste edozein bide ere erabil daiteke eskabideak aurkezteko (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

7. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den agiriren bat falta dela edo forma-akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

8. artikulua.– Dirulaguntzak emateko modua, beren zenbatekoa eta mugak

1.– Ebazpen honen bidetik emango diren laguntzak jarraian zehaztuko diren azoketara joanez gero stand-aren alokairu gastuen arabera zehaztuko dira eta bakarrik horien finantzaketarako erabili ahal izango dira.

a) Nazioarteko ARCO azokan parte hartzeko (Madril. Espainia) gehienez ere hamasei mila (16.000) euroko guztirako kopurua zuzenduko da.

Galeria bakoitzeko emango den diru-kopurua standaren alokairuaren kostuaren gastuen ehuneko ehunekoa izango da (% 100) eta gehienez ere zortzi mila euro (8.000) izango da.

b) Espainiako Estatutik at antolatzen diren eta jarraian zerrendatzen diren nazioarteko azoketan parte hartzeko diru-laguntzetarako: hogeita sei mila (26.000) euro.

– Ameriketako azokak: Art Chicago (Chicago, AEB), Art Basel (Miami, AEB), The Armory Show (New York, AEB), Zona MACO (Mexiko Hiria), SP-Arte (Sao Paulo, Brasil) eta ARTBO (Bogota, Kolonbia).

– Europako azokak: Art Basel (Basilea, Suitza), FIAC (Paris, Frantzia), Art Cologne (Kolonia, Alemania), ARTISSIMA (Turin, Italia), Frieze Art Fair (Londres, Erresuma Batua), Paris Photo (Paris, Frantzia) eta MIA Milan Image Art Fair (Milan, Italia).

Azoka eta galeria bakoitzeko emango den diru kopurua stand-aren alokairuaren kostuaren ehuneko ehunekoa izango da (% 100), baina diru kopuru hori gehienez ere hamar mila (10.000) eurokoa izango da Ameriketako azoken kasuan eta zortzi mila (8.000) eurokoa Europako azokenean.

c) Aurreko atalean aipatzen ez diren beste nazioarteko arte-azoketan parte hartzeko diru-laguntzak a) eta b) ataletako diru-kopuruak agortzen ez badira bakarrik emango dira.

Azoka eta galeria bakoitzeko emango den diru kopurua stand-aren alokairuaren kostuaren gastuen ehuneko ehunekoa izango da (% 100) eta gehienez ere bost mila euro (5.000).

2.– Eskabideak dagokion epearen barruan egin eta laguntzak jasotzeko aukera izateko behar diren baldintzak betetzen dituzten talde bakoitzerako eskatzaileei artikulu honetako 1. idatzi-zatian aurreikusten den gehienezko kopurua izendatuko zaie.

Talde bateko gehienezko kopuruak ezingo balie aurre egin, honako idatzi-zati honen aurreko paragrafoan jasotako baldintzetan taldeko eskatzaile guztiei, orduan banatu beharreko kopurua eskatzaile bakoitzaren stand-aren alokairuaren kostuaren proportzioan banatuko litzateke guztien artean.

Halaber, eskabide ezagatik edo hauek betekizunak ez betetzeagatik nazioarteko Arco azokan parte hartzeko ezarritako diru-kopurua ahitzen ez den kasuan, diru hori b) zatian aipatzen diren Estatutik at antolatzen diren nazioarteko azoketan parte hartzeko ezarri den kopurua handitzera pasa liteke. Halaber, arrazoi beragatik a) eta b) ataletan esleitu ez diren diru-kopuruak c) ataleko eskabideen artean esleituko dira. Aldaketa hori eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da.

9. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura konkurrentzia ez lehiakorra izango da eta EEIko tekniko eta arduradunei dagokie ebazpen-proposamena egitea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.

a) ARCO azokarako esleipen-ebazpena eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik gehienez bi hilabeteko epean emango da.

b) Gainerako azoketarako, esleipen-ebazpena eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik gehienez bi hilabeteko epean emango da.

2.– Ebazpena Etxepare Euskal institutuaren web orrialdean argitaratuko da, herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legearen 59.5.b) artikuluaren bat etorriz.

3.– Ebazteko epea inolako jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaera ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ebazpena EEIren web orrialdean argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2013. urtean burutzea.

3.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

4.– Hala badagokio, esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, EEIren babesa jaso dutela berariaz eta argi adieraztea katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan.

5.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Ebazpen bidez esleitutako diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, jarduera amaitu eta behar bezala justifikatu ondoren.

13. artikulua.– Justifikazioa eta likidazioa.

1.– Jasotako diru-laguntzaren justifikazioa egiteko bi hilabeteko epea izango da, jarduera bukatutzat ematen den egunetik hasita. Jarduera abenduan bada, 2014ko urtarrilaren 31 baino lehen. Justifikazioa egiteko honako agiriak aurkeztuko dira:

a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.

b) Diruz lagundutako stand-aren alokairua jatorrizko fakturen bidez edo EEIren egoitzan konpultsatutako fotokopien bidez justifikatuko da.

c) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren aleak, EEIren logoaren bidez laguntza jaso dela adierazita.

d) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko da, entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duenak izenpetua.

2.– Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako agiriak aztertu ondoren, dena delako zioarengatik, gainfinantzaketa badago edo gastatu den dirua behar bezala zuritu ez bada eta, hala badagokio, jasotako dirua osorik edo zatiren batean likidatzea badagokio, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak justifikagiriak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean, Likidazio indibidualizatuaren Ebazpena emango du.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatuko dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetako laguntzak Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako «minimis» arauaren mende daude. Araudi hori Ituneko 87. eta 88. artikuluak minimis -L 379/5, 28.12.2006- laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (egun Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107 eta 108 artikuluak). Arau horiei jarraiki, enpresa jakin bati emandako laguntza osoak ezin du izan berrehun mila (200.000) eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, ebazpen honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Prim kalea 7, 20.006, Donostia.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2013ko ekainaren 6a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala