Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2013ko uztailaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3395

356/2013 DEKRETUA, ekainaren 4koa, «Txingudi-Bidasoa» (ES2120018) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena, eta eremu horren eta «Txingudi» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (ES0000243) kontserbazio-neurriak onartzen dituena.

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (HBBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten BGLen zerrenda, 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa.

Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EE Zuzentarauak habitat naturalak eta flora eta fauna basatiak nola kontserbatu arautzen du, eta, zehazki, bere 4. artikuluaren bitartez, eta ondare naturala eta bioaniztasunari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluen bitartez, xedatuta geratu da autonomia-erkidegoek BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu behar dituztela eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri guztiak ezarri behar dituztela, lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen arabera. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta tresnak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak. Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzen gehienez 6 urte pasa daitezke, Europako Batzordeak lekuen zerrenda onartzen duenetik. Gainera, kontuan izan behar da, Natura Ondarea eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legeko 2.f artikuluaren arabera, ingurumenaren babesa lurralde-antolamenduari eta hirigintzari gailentzea araudi honen oinarrian dagoen printzipioetako bat dela.

Lege horren 42.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, Habitat Zuzentarauak 4.4 artikuluan eskatutako lehentasunak hiru mailatan finkatu dira lehendabizi, lehentasuna eman zaio Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeari inolako babes figuraren menpe ez dauden eta presio eta mehatxu handiak jasaten dituzten guneak; bigarren mailan, gune bakoitzaren barruan babesteko dauden objektuen artean funtsezkoak direnak aukeratu dira; eta, hirugarren mailan, kontserbazio neurri aktiboak lehenetsi dira, garrantziarik handiena emanez premia gehiena dutenei edo objektuen –eta, oro har, gunearen– kontserbazioan hobekuntza nabarmenagoa dakartenei.

Ildo horretatik, lehentasuna eman zaio ibai eta estuarioak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeari. Txingudi-Bidasoa KBEaren izendapenean, faktore hauek hartu dira kontuan:

a) Natura-interesa. Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateaz gain, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua ere bada Txingudi, eta Nazioartean Garrantzia duten Hezeguneen Ramsar Zerrendan sartuta dago.

b) Padura txoko oso baliotsuak eta fauna nahiz floraren ikuspegitik interes handikoak ditu Txingudik, Europar Batasuneko intereseko habitatei lotuak; horietako batzuk, gainera, oso urriak dira EAEn, baina Bidasoako estuarioan badaude.

c) Europar Batasunerako interesekoak diren espezie asko daude, mehatxatutako populazioak dituzten habitat horiei lotuta daudenak; besteak beste, honako hauek: Zoostera noltii, Gasterosteus aculeatus (hiruarantza), Salmo salar (izokin arrunta), Alosa alosa (kolaka) eta Bufo calamita (apo lasterkaria).

d) Bidasoako estuarioak garrantzia estrategiko handia du hegazti-faunarako, negualdiko toki gisa eta migrazio garaiko atsedenleku gisa. Horregatik da EAEko 2. hezegunerik garrantzitsuena, Urdaibaren ondotik. Estuario horretan 290 hegazti-espezie baino gehiago daudela adierazi da. Horietatik 63 Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskinean sartuta daude. Besteak beste, honako hauek: aliotak (Gavia sp.), mokozabala (Platalea leucorodia), lertsuntxo txikia (Egretta garzetta), arrano arrantzale (Pandion haliaetus), ur-benarriza (Acrocephalus paludicola) eta beste asko.

e) Habitat eta espezie horietako asko oso ahulak dira, eta presioa jasaten dute, besteak beste, ibarrak hirigintza eta azpiegituretarako erabiltzen direnean.

92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, sakon aztertu da gune hori, eta eskala egokian adierazi da Europar Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdearen intereseko beste habitat batzuen kokalekua. Halaber, zehaztasun kartografiko handiagoarekin mugatu dira Kontserbazio Bereziko Eremua eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua, eskala zehaztuagoa bat erabili baita eta Geografia Informazioko Sistemetako hobekuntza teknikoak aplikatu baitira.

Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta koordinazio-printzipioa aplikatuta, kontserbazio-tresna bakarra landu da KBErako eta HBBErako, eta bertan, Europar Batasunarentzat interesekoak diren habitat eta espezieak zeintzuk diren zehazten da, euren kontserbazio-egoerari buruzko diagnostiko bat egiten da, eta helburu eta jarduera bereziak ezartzen dira. Natura 2000 Sareko ibaientzat eta estuarioarentzat diren jarraibide, arau eta jarduerak aplikagarriak zaizkie Bidasoa ibaiko eta Txingudiko KBEari eta HBBEari.

Kontserbazio Bereziko Eremu izendapenerako prozeduran, ondo bete da nahitaezko parte-hartzearen prozesua, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz (lege horrek ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen ditu). Prozesu horretan, gizarte- eta ekonomia-interesen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Gainera, dekretua tramitatzerakoan, bete egin da informazio publikoaren nahitaezko tramitea.

Eusko Jaurlaritzari dagokio kontserbazio-neurriak ezartzea eta izendatzea, honako xedapen hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: 42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoa, 44. artikulua; eta 16/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Herriko Natura Babestekoa, 17. artikulua eta 13.d) artikulua.

Horrenbestez, Euskal Herriko Natura Babesteko 16/1994 Legearen 17. artikuluan eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45.1 artikuluetan ezarritakoa betez, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak –2013ko ekainaren 4an egindako bilkuran– eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua eta lurralde-eremua.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoan, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzea «Txingudi-Bidasoa» (ES2120018).

2.– «Txingudi-Bidasoa» Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ES2120018) eta «Txingudi» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (ES0000243) mugaketa izango da dekretu honen eranskineko kartografian jasotzen dena. KBEaren eta HBBEaren mugak zehaztasun kartografiko handiagoarekin adierazi dira, eta 2004/813/EE Erabakian onartutako Batasunaren Garrantzizko Lekua mugatzeko erabilitakoa baino eskala zehaztuago batean.

3.– «Txingudi-Bidasoa» Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) (ES2120018) eta «Txingudi» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (HBBE) (ES0000243) kontserbazio-neurriak onartzea.

2. artikulua.– Xedea.

1.– Arau honen xedea hau da: Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) bermatzea Europar Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako 92/43/EEE Zuzentarauan, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea Hegaztien Babes Bereziko Eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbaziori buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzen laguntzea.

2.– Kontserbazio Bereziko Eremuan eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan araubide orokor hau aplikatuko da: 92/43/EEE eta 2009/147/EE Zuzentarauetan ezarritakoa, eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoa.

3. artikulua.– Kontserbazio-neurriak.

1.– «Txingudi-Bidasoa» Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ES2120018) eta «Txingudi» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (ES0000243) kontserbazio-neurriak honako agiri hauetan zehaztutakoak dira:

a) 1. agiria. Jarraibide, arau eta jarduera komunak, ibai eta estuarioetan dauden eta urriaren 16ko 215/2012 Dekretuaren bidez onartuak izan ziren Kontserbazio Bereziko Eremuen multzoari aplikatzekoak (215/2012 Dekretua, urriaren 16koa, eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzeko eta kontserbazio-neurriak onartzeko dena).

b) 2. agiria. KBEaren eta HBBEaren helburuak eta jarduera bereziak.

c) I. gehigarria. Habitat eta espezieen kontserbazio-egoerari buruzko fitxak.

d) II. gehigarria. Txingudin erroldatutako hegaztien zerrenda.

e) Mapak:

– KBEaren eta HBBEaren mugaketa.

– Europar Batasunaren intereseko habitatak.

– Jarduerak.

2.– Zehaztapen arau-emaileak dira:

2.1.– 1. agiritik Jarraibide, arau eta jarduera komunak:

● 4. puntua «Arau orokorrak».

● 5. puntua «Erabilera eta jarduerei buruzko jarraibideak eta arauak».

● 6. puntua «KBEen jarduera komunak».

● Gehigarria «Ibaien arteko lotura hobetzeko gailuen proiektuen gutxieneko edukia».

2.2.– 2. agiritik Helburu eta jarduera bereziak:

● 2. puntua «Kokapena eta mugaketa» eta 3. puntua «Informazio ekologikoa eta funtsezko elementuak».

● Helburu eta neurriei buruzko koadroak, 4.1 puntukoak «Funtsezko elementuak: kontserbazio-jarduerak eta –helburuak».

● 5. puntua «Segimendu-programa».

2.3.– KBEaren eta HBBEaren mugaketa-mapa.

Zehaztapen horiek guztiak dekretuaren eranskinean argitaratzen dira. Gainerako atalak informatzekoak eta orientagarriak dira.

3.– Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren kontserbazio-neurriei buruzko dokumentazio osoa interneteko helbide honetan eskura daiteke: http://www.euskadi.net/natura2000

4.– Kontserbazio-neurrien berrikusketa edo aldaketa, zeina ez baita funtsezkoa, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua baita kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz joatea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, 26/2007 Legeak ezarri bezala; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 17.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, eta harik eta dekretu hau aldatzen ez den babes eremu periferiko bat ezarri ahal izateko, gune hori zaintzea bermatuko da 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.3 artikuluan eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. artikuluan ezarritakoa aplikatuz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Baimenak.

Ingurumenaren arloan eskumena duen sailburuari baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean beharrezkoak diren izapide eta jakinarazpenak egin ditzan, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Europar Batasunaren aurrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ministeriora bidaltzea.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak dekretu honen onarpena bidaliko du Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora, handik Europako Batzordera bidal dadin.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Busturian, 2013ko ekainaren 4an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

I. ERANSKINA, EKAINAREN 4KO 356/2013 DEKRETUARENA

«Txingudi-Bidasoa» KBEa (ES2120018) eta «Txingudi» HBBa (ES0000243) mugatzeko mapa

http://www.euskadi.net/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/Txingudi/Txingudi.xml&lang=eu

II. ERANSKINA, EKAINAREN 4KO 356/2013 DEKRETUARENA
IBAI ETA ESTUARIOENTZAKO JARRAIBIDE, ARAU ETA JARDUERA KOMUNAK

(Eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuarioren Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzen eta kontserbazio-neurriak onartzen dituen urriaren 16ko 215/2012 Dekretuaren I. Eranskina)

(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA, EKAINAREN 4KO 356/2013 DEKRETUARENA

«Txingudi-Bidasoa» Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ES2120018) eta «Txingudi» Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (ES0000243) helburu eta jarduera bereziak.

(Ikus .PDF)

KBEari eta HBBEari buruzko dokumentazio osoa interneteko helbide honetan kontsultatzea aholkatzen da:

http://www.euskadi.net/natura2000


Azterketa dokumentala