Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2013ko uztailaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

BILBOKO LEHEN AUZIALDIKO 5 ZENBAKIKO EPAITEGIA
3407

EDIKTUA, seme-alabentzako ezkontzaz kanpoko neurrietarako 793/12 prozeduraren ondoriozkoa.

Bilboko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegia (Familia).

Judizioa: 793/12 seme-alabentzako ezkontzaz kanpoko neurriak.

Demandatzailea: Aulato Cassama.

Abokatua: Edurne Gonzalez Alonso.

Prokuradorea: Campano.

Demandatua: Vadinho Ocante Indi.

Gaia: seme-alaba adingabeentzako neurriak.

Judizio horretan, epaia eman da 2013-06-04an. Hona hemen epaitza:

Partez baiesten dut Aulato Cassamak auzi-ihesean den Vadinho Ocante Indiren aurka aurkeztutako demanda, eta neurri hauek hartu ditut:

1.– Adingabeko alabaren zaintza eta jagoletza amari ematen zaio.

2.– Alabarekiko guraso-ahala biek baliatuko dute, eta konpromisoa hartzen dute alabari eragin diezaioketen erabaki garrantzitsuak adostasunez hartzeko; adostasunik ez bada epaileak erabakiko ditu, salbu eta presa dela-eta beste gurasoari kontsulta egitea ezinezkoa denean, esate baterako: osasunari dagozkion gaiak, ospitaleratzeak, ebakuntza kirurgikoak eta antzekoak; izan ere, halakoetan, erabakiak lehenbailehen hartu behar dira. Kasu horietan, alaba berekin duen gurasoari egokituko zaio erabakia hartzea.

Guraso-ahalaren arloan, guraso bien adostasunarekin hartu beharreko erabakiak dira honako hauek: adingabeak ohiko bizilekua aldatzea, beste udalerri batera, baita atzerrira ere, oporretako bidaiak direnean izan ezik; ikastetxea aukeratzea eta ikastetxez aldatzea; eskolaz kanpoko ekintzak edo ekintza osagarriak zehaztea; urgentziazkoak izan barik iraupen handikoak diren egintza medikoak, baita arlo psikologikokoak ere; muntako ekintza erlijiosoak eta sozialak (esate baterako, Lehen Jaunartzea). Jagoletza ez duen gurasoak badu eskubiderik alabak eskolan duen bilakaeraz informazioa jasotzeko eta, halaber, eskolako tutoretza-ekintzetan parte hartzeko, bai eta alabaren osasun-egoeraz eta tratamenduaz informazioa jasotzeko ere.

3.– Aitak alabarekiko duen bisita- eta komunikazio-erregimena bertan behera uzten dira.

4.– Aitak, alaba adingabearen mantenu gisa, unean-unean, lana, subsidioa, langabezia-saria edo laguntza sozialak direla medio dauzkan diru-sarreren % 20 ordainduko dio amari –100 euro gutxienez, betiere–, aurreratuta eta hil bakoitzaren lehenengo bost egunetan. Zenbateko hori urtero urtarrilean eguneratu beharko da, Estatistikako Institutu Nazionalak edo hori ordezkatzen duen erakundeak –estatu osorako– argitaratutako KPIaren arabera, oinarritzat justu aurreko hamabi hilabeteak hartuz..

5.– Gurasoek erdibana ordainduko dituzte alabaren aparteko gastuak, mediku-, farmazia-, optika-, odontologia-zerbitzuek sortutako gastuak, eta Gizarte Segurantzak edo mediku-aseguru pribatu batek bere gain hartzen ez dituen gainerako medikuntza-gastuak, bi gurasoek hala erabakitzen dutenean larrialdi-kasuak izan ezik–, baita bi gurasoek hala erabakitako izaera ludikoko edo akademikoko aparteko gastuak ere.

Larrialdi-kasuetan ezin bazaio kontsulta egin beste gurasoari, atentzioa behar duen alaba adingabearen beharrizanen berri eman beharko dio batak besteari, eta beharrezko agiriak ere emango dizkio (aurrekontua edo gastuaren zenbatekoaren gaineko informazioa), eta, hamabost eguneko epean ez badu erantzunik ematen, onartutzat joko da.

Aipatu komunikazioak egin izana behar bezala jasota geratzeko moduan egin beharko dira.

Prozedura hau izapidetzean sortutako prozesuko kostuak ez zaizkio inori ezartzen berariaz.

Aurkaratzeko modua: Bizkaiko Probintzia Auzitegian apelazio-errekurtsoa jarriz (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa prestatzeko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, hauek adieraziko dira: apelatutako ebazpena, errekurritzeko nahia eta zein erabakiren aurka egiten den (PZLb, 458.2 artikulua).

Errekurtsoa aurkeztu ahal izateko, 50 euroko gordailua jarri beharko da, eta baldintza hori bete ezean ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori kontsignatu beharko da epaitegi honek Banesto taldean (Banco Español de Crédito) duen Gordailu kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da: 4709. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Errekurtsoa prestatzerakoan, diru-zenbateko hori zainpean jarri izana egiaztatu beharko da (BJLO, 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Vadinho Ocante Indi demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake auzi-ihesean den demandatuak.

Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa interesdunaren eskura dago, epaitegi honetako bulego judizialean.

Bilbao (Bizkaia), 2013ko ekainaren 5a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala