Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2013ko uztailaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3418

AGINDUA, 2013ko uztailaren 3koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez aldatu egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan –fondo publikoekin ordaindutakoetan– ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazten duen Agindua.

2008ko martxoaren 10eko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarenak, eskola-egutegi horiek egin eta onesteko kontuan hartu behar diren oinarrizko arauak zehaztu zituen, pedagogia eta antolakuntza aldetik behar den koherentzia-maila bermatzeko, baina, betiere, ikastetxeen autonomia errespetatuz.

Agindu horretan, ordea, komeni da hasierako lanbide prestakuntzako programen eskola-egutegia nola egin finkatuko duten oinarri-arauak jasotzea, eta programa horien bigarren ikasturtearen eta Lanbide Heziketako heziketa-zikloen iraupena lantokiko prestakuntzako moduluen martxari egokiaraztea, betiere, kasuan kasuko programarentzat edo zikloarentzat jarritako ordu guztiak emango direla segurtatuta.

Bestetik, beharrezkoa da, halaber, zenbait irakaskuntzetako azken ikasturteetako egutegiak modu egokian egitea, halako moldez non behar bezala bermatuko den ikasleek ondorengo irakaskuntzetara sartzeko prozeduretan parte hartzeko duten eskubidea; eta horrek ezinbestean eskatzen du eskolak amaitzeko egutegiari buruzko artikulua aldatzea.

Azkenik, hizkuntza-eskola ofizialetan, arrazoi pedagogikoak direla medio, orokortu egin da ikasleen eskola-orduak ordubetetik gorako saiotan banatzeko joera. Horiek horrela, hizkuntzen irakaskuntzako zentroen eskola-egutegiari buruzko artikulua ere aldatu beharra dago.

Ondorioz, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan –fondo publikoekin ordaindutakoetan– ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazteko 2008ko martxoaren 10ean onartutako Aginduari beste artikulu bat, 3 bis izenekoa, gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«3 bis artikulua.– Hasierako lanbide-prestakuntzako programak.

1.– Hasierako lanbide-prestakuntzako programen lehen ikasturtearen iraupena 1.050 ordukoa izango da, eta gutxienez 175 egunetan emango dira eskolak. Bigarren ikasturtearen iraupena ere 1.050 ordukoa izango da. Ordu horiek zenbat egunetan banatuko diren jakiteko, kontuan hartu beharko dira kasuan kasuko enpresekin –lantokiko prestakuntza modulua enpresa horietan garatzeko– sinatutako hitzarmenaren ezaugarriak.

2.– Ezohiko deialdiko azterketak ekainean egingo dira, eskolak emateko egunak amaitzen direnean».

Bigarren artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan –fondo publikoekin ordaindutakoetan– ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazteko 2008ko martxoaren 10ean onartutako Aginduan 4.3 artikulua (batxilergoari eta heziketa zikloei buruzkoa) aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.– Heziketa-zikloei dagokien egutegia ziklo bakoitzaren iraupena kontuan izanda egingo da. Beraz, ez da nahikoa izango gutxienez eskola emateko 160 egun ezartzea, baizik eta ikasle guztiei ziklo bakoitzari arau bidez dagozkion ordu guztiak ematea bermatu beharko da. Nolanahi ere, ziklo bakoitzeko bigarren ikasturtearen iraupena lantokiko prestakuntzako moduluaren martxari egokituko zaio, eta, edonola ere, kasuan kasuko heziketa-zikloarentzat jarritako orduak betetzen direla bermatu beharko da».

Hirugarren artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan –fondo publikoekin ordaindutakoetan– ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazteko 2008ko martxoaren 10ean onartutako Aginduan 5.2 artikulua (arte-, hizkuntza- eta kirol-irakaskuntzei buruzkoa) aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2.– Hizkuntza-irakaskuntza ematen duten ikastetxeetan, ikasturteak 175 eskola-eguneko iraupena izango du, eta horietatik 130 gutxienez, eskolak emateko izango dira edo irakaslea derrigor ikastetxean dela egin beharreko beste jarduera batzuk burutzeko. Nolanahi ere, eskola-egunen kopurua gorabehera, ikasle-talde bakoitzak urtean gutxienez 130 eskola-ordu izan beharko ditu. 175 eskola-egunak osatu artekoak ikasle libre eta ofizialentzako ohiko eta ezohiko deialdietako azken azterketak egiteko erabiliko dira. Hezkuntzako sailburuordeak azterketa horiek egin ahal izango diren aldiak zehaztuko ditu».

Laugarren artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan –fondo publikoekin ordaindutakoetan– ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazteko 2008ko martxoaren 10ean onartutako Aginduan 6.1 artikulua (eskolen hasiera eta amaierari buruzkoa) aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Agindu honek aipatzen dituen hezkuntza-mailetan, eskolak urte bakoitzeko irailaren 1aren eta hurrengo urteko ekainaren 30aren arteko aldian emango dira. Salbuespen gisa, lantokiko prestakuntza egiteko, aldatu egin daitezke adierazitako muga horiek, enpresen jardueraren lan-baldintzek horrelako jokatzea eskatzen badute. Nolanahi ere, hezkuntza-maila bakoitzaren azken ikasturtea amaitzeko egutegia finkatzerakoan, kontuan hartu beharko dira ondorengo irakaskuntzetara sartzeko prozeduretarako ezarri diren datak, ikasleek prozedura horietan parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko».

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 3a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala