Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2013ko uztailaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
3425

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 9koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, musika, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak sustatzen diharduten pertsona fisiko eta pertsona juridiko pribatuek, euskararen eremu geografikotik kanpo, 2013. urtean eta merkatu izaerarekin antolatutako azoka, jaialdi edo gertaera profesionaletan, parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Etxepare Euskal Institutua / Instituto Vasco Etxepare / Etxepare Basque Institute (EEI aurrerantzean) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako EEIrentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak EEIren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIren jarduera arloekin bat etorriz, interesgarritzat jo da euskararen eremu geografikotik kanpo ikusentzunezkoen, musikaren eta arte eszenikoen inguruan antolatzen diren merkatu izaerako azoka eta jaialdietan parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da musikaren, arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen sektoreetako profesionalei, 2013. urtean eta euskararen eremu geografikotik kanpo, merkatu izaera duten azoka, jaialdi edo gertaera profesionaletan parte hartzeko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.

2. artikulua.– Deialdiko modalitateak.

II. kapitulua - Musika.

III. kapitulua - Arte eszenikoak.

IV. kapitulua - Ikus-entzunezkoak.

3.– artikulua.– Diru-baliabideak eta laguntza-mugak.

1.– Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hirurogeita hamabi mila (72.000) eurokoa izango da, eta modalitate bakoitzari dagokion zenbatekoa honakoa izango da:

a) Ikus-entzunezkoetarako berrogeita hamabi mila (52.000) euro.

b) Musikarako hamar mila (10.000) euro.

c) Arte eszenikoetarako hamar mila (10.000) euro.

2.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako gastuek lotura zuzena izan beharko dute azokaren batean parte hartzearekin.

a) Onartuko diren gastuak:

Joan-etorriak, ostatua, dietak, stand-aren alokairua eta azoketan akreditatzeko edo instalatzeko gastuak.

b) Laguntzen zenbatekoak:

– Ostatu eta otorduetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamabost (75) euro ostaturako eta berrogeita bi (42) euroko dietarako. Espainiatik at, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogeita hiru (63) euro dietarako.

– Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bederatzi (0,29) euro km-ko gehi autopista eta parking-a. Kilometro kopurua kalkulatzeko, diru-laguntza eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.

– Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autopistako gastuak eta parking-a.

– Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, maila arrunteko txartela soilik onartuko da.

3.– Azokako gehienezko diru-laguntzak:

a) Arte eszeniko eta musika modalitateak:

– 5.000 km-tik harago egitekoak diren azokak: mila (1.000) euro.

– 1.200 km-tik 5.000 km artean egitekoak diren azokak: zortziehun (800) euro.

– Gehienez ere 1.200 km-tara egitekoak diren azokak: bostehun (500) euro.

b) Ikus-entzunezkoen modalitatea:

Gehienezko diru-laguntza honakoa izango da azokako: mila (1.000) euro.

Eskatzaile batek azoka guztietarako jasotako diru-laguntzen batura ez da inoiz bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.

4.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

5.– Aurrekontu-zuzkidura eskaera guztietarako iritsiko ez balitz, hainbanaketa bidez esleituko litzateke bakoitzari legokiokeena, betiere azoka bakoitzerako ezarritako laguntza-mugaren % 50 gutxienez bermatuz, aurrekontua agortu arte. Ondorio honetarako eskabidearen sarrera-erregistroko hurrenkera hartuko da kontuan.

6.– Ebazpen honetako modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo eskatzaileek baldintzak betetzen ez dituztelako, ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, modalitate baterako diru-laguntzaren zenbatekoa beste modalitatearen soberakinaren bitartez handitu ahal izango da, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago, lehentasun ordena honen arabera: arte eszeniko eta dantza azokak, musika azokak, ikus-entzunezko azokak. EEIko zuzendariak aurretiazko ebazpen bidez emango du honen berri, zeina EHAAn argitaratua izan beharko den.

4.– artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta sozietate-egoitza edo helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Merkatuan ikusgai edo salgai jarritako obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, sozietate-egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.

b) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, egingo den jarduerari dagokion epigrafean.

2.– Ez da onartuko nagusiki kapital-ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, «Ondasunen erkidego» izaerakoen eta dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.

3.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzetara aurkeztu laguntza publikoak eskuratzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko edo juridikoek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapen seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku hori dutenak barne direla.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadun zein menpeko entitate publikoek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren bat eman badiote eta hori itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bateko izapideak egiten ari badira, ezinbestekoa izango da prozedura hori amaitzea diru-laguntza esleitu eta ordaindu ahal izateko.

5. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

EEIri dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartua egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epe eta modua.

1.– Epeak:

Irailaren 13a arteko epea, EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Modua:

Eskatzaile bakoitzak eskabide bakar batean aurkeztuko ditu eskaera guztiak.

3.– Ebazpen honen babesean aurkeztuko diren eskabideak eranskinetan ezarritakoari jarraituz egingo da. Laguntzaren eskabidea ondorengo helbidean aurkeztu beharko da: Etxepare Euskal Institutua. Prim kale 7; 20006 Donostia. 30/1992 Legean ezarritako beste edozein bide ere erabil daiteke eskabideak aurkezteko (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

7. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den agiriren bat falta dela edo forma-akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela ohartarazi egingo zaio, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez.

8. artikulua.– Ebazpena.

1.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura konkurrentzia ez lehiakorra izango da eta EEIko teknikariei dagokie ebazpen-proposamena egitea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.

Esleipen-ebazpena eskaerak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera emango da gehienez.

2.– Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web orrialdean argitaratuko da, herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legearen 59.5.b) artikuluarekin bat etorriz.

3.– Ebazteko epea inolako jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaera ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

9. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2013. urtean burutzea.

3.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

4.– Esleipen-ebazpena jasotzen den egunetik aurrera, EEIren babesa jaso dutela berariaz eta argi adieraztea katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan.

5.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Esleitutako diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, jarduera amaitu eta behar bezala justifikatu ondoren.

11. artikulua.– Justifikazioa eta likidazioa.

Ebazpen honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek lagundutako jarduera amaitu edota ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epearen barruan aurkeztu beharko dituzte jarraian zerrendatzen diren agiriak. Abenduan egindako jardueren kasuan, betiere 2014ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztuko dituzte agiriak.

a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.

b) Diruz lagundutako gastuen egiaztagirien zerrenda ordenatua (fakturak, ticketak...). Fakturek eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudi fiskalaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetatan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa adieraziz.

c) Diruz lagundutako stand-aren alokairua, joan-etorriak, ostatua, autopista, parking-a eta akreditatzeko eta instalatzeko gastuak jatorrizko fakturen bidez edo EEIren egoitzan konpultsatutako fotokopien bidez justifikatuko dira. Ez dira onartuko konpultsatzeko fakturak haien fotokopiak aurkezten ez direnean.

d) Dietak justifikatzeko, aski izango da dagokion eranskinean jasotzen den taula bete eta sinatzearekin.

e) Ostatu gastuak fakturekin justifikatuko dira.

f) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak dagokion eranskineko kilometraje taula bete eta sinatzearekin. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan etorriko distantzia.

g) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren aleak, hala badagokio, EEIren logoaren bidez laguntza jaso dela adierazita.

h) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du.

Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako agiriak aztertu ondoren, dena delako zioarengatik, gainfinantzaketa badago edo gastatu den dirua behar bezala zuritu ez bada eta, hala badagokio, jasotako dirua osorik edo zatiren batean likidatzea badagokio, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak justifikagiriak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean, Likidazio indibidualizatuaren Ebazpena emango du.

12. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorreko beste edozein aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio ebazpenean zehaztutako laguntza ez itzultzea horretarako emandako epean.

Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatuko dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

II. KAPITULUA
MUSIKA

13. artikulua.– Diru-baliabideak eta mugak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zenbatekoa hamar mila (10.000) eurokoa izango da.

2.– Eskatzaileak eskabide bakarra aurkeztuko du, nahi beste azokatara joateko, baina azoka guztietarako jasotako diru-laguntzen batura ez da inoiz bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.

3.– Azoka bakoitzerako gehienez emango den diru-laguntza 3.3 artikuluan ezarritakoa izango da.

III. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOAK (ANTZERKIA - DANTZA)

14. artikulua.– Diru-baliabideak eta mugak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zenbatekoa hamar mila (10.000) eurokoa izango da.

2.– Eskatzaileak eskaera bakarra aurkeztuko du, nahi beste azoketara joateko, baina azoka guztietarako jasotako diru-laguntzen batura ez da inoiz bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.

3.– Azoka bakoitzerako gehienez emango den diru-laguntza 3.3 artikuluan ezarritakoa izango da.

IV. KAPITULUA
IKUS-ENTZUNEZKOAK

15. artikulua.– Onuradunen berariazko betebeharrak.

1.– Ekoizpen- eta banaketa-enpresa edo pertsona fisiko zein juridiko pribatu independente izatea, alegia, ekimena izan eta ikus-entzunezko obra egiteko erantzukizuna hartzea eta, bertako partaidetzaren zatirik handiena ez izatea, zuzenean nahiz zeharka, telebistako zerbitzuak kudeatzen dituen erakunde batek.

2.– Gutxienez bi urteko ibilbide profesional egonkorra izatea, agirien bitartez egiaztatuta. Enpresa berria bada, zenbaketa hori enpresa eratzen duen zuzendaritza-taldeko kideei dagokiena izango da.

16. artikulua.– Diru-baliabideak eta esleipena.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zenbatekoa berrogeita hamabi mila (52.000) eurokoa izango da.

2.– Eskatzaileak eskaera bakarra aurkeztuko du, nahi beste azokatara joateko, baina azoka guztietarako jasotako diru-laguntzen batura ez da inoiz bi mila eta berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.

3.– Azoka bakoitzerako gehienez emango den diru-laguntza 3.3 artikuluan ezarritakoa izango da.

4.– Diru-laguntzak ondorengo zinemaldi eta azoketan parte hartzera bideratutakoak izango dira:

a) FIAPF federazioak (Film-ekoizleen Nazioarteko Federazioak) «A» moduan sailkatutako nazioarteko zinemaldietan: Berlin (Alemania), Kairo (Egipto), Cannes (Frantzia), Karlovy Vary (Txekiar errepublika), Locarno (Suitza), Mosku (Errusia), Mar de Plata (Argentina), Xangai (Txina), Tokio (Japonia), Venezia (Italia), Montreal (Kanada).

b) Gainerakoetan: NATPE (AEB), AFM (AEB), MIPTV (Frantzia), MIFA (Frantzia), Sunny Side of the Doc (Frantzia), Sheffield Doc/Fest (Erresuma Batua) MIPCOM (Frantzia), MIFED (Italia), IDFA (Herbehereak), Cinema Jove Nazioarteko Zinemaldia (Espainia), Clermont-Ferrand-eko Film Laburren Nazioarteko Zinemaldia (Frantzia), Siggraph-eko 3D animazioko Nazioarteko Zinemaldia (AEB), Cartoon Forum (Frantzia), Cartoon Movie (Frantzia), Guadalajarako Zine Iberoamerikarraren zinemaldia (Mexiko), Different 6 (Frantzia)

Zerrenda honetatik kanpo egon daitezkeen zinemaldi eta azoketarako eskaerak ere aztertuko dira. Zinemaldien kasuan, ez dira onartuko sektoreko profesionalei zuzendutako azokarik gabekoak. Ondorio honetarako, zera hartuko da azoka profesionaltzat: enpresen artean merkataritza harremanak sustatzen dituen gune edo ekitaldi berezitua.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetako laguntzak Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako «minimis» arauaren mende daude. Araudi hori Ituneko 87. eta 88. artikuluak minimis –L 379/5, 2006-12-28– laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (egun Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107 eta 108 artikuluak). Arau horiei jarraiki, enpresa jakin bati emandako laguntza osoak ezin du izan berrehun mila (200.000) eurotik gorakoa azken hiru ekitaldi fiskaletan.

Horren ondorioz, aurreko bi urteotan eta aurten, jasotako minimis motako diru-laguntzei buruzko adierazpena aurkeztu beharko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, ebazpen honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Prim kalea 7; 20006 Donostia.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2013ko uztailaren 9a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARÍA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala