Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2013ko urriaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4325

AGINDUA, 2013ko irailaren 27koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, Mondragon Unibertsitateari baimena ematen zaio graduko, doktoregoko, lizentziaturako, diplomaturako eta ingeniaritza teknikoko zenbait ikasketa ofizial ezarri eta kentzeko.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatuak) 8.2 artikuluan dioenez, estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea autonomia-erkidegoak erabakiko du, bai Gizarte Kontseiluak proposatuta, bai erkidegoaren beraren ekimenez, kontseilu horren adostasunarekin, eta, betiere unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak txostena eman ondoren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, bere 51. artikuluan arautzen du Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitzea. Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sartzeko eta tituluaren Europako gehigarriaren diploma emateko nahitaezko egokitzapenak bultzatuko dituzte ikasketa-planetan eta kredituen eta balorazioen sistemetan, eta haiekin batera beharrezkoak diren gainerako neurriak.

Ikasketa ofizialak nola ezarri arautzen dute urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak (uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatzen duenak), unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituenak, urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak, Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzkoak, eta urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak, Doktoretzako ikasketa ofizialak arautzen dituenak.

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak 16. artikuluan arautzen du zer prozedura jarraitu behar den Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak agindu-proposamena prestatu behar du, Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.

2013ko urtarrilaren 31n eta ekainaren 28an, Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak onartu zuen gradu, doktorego, lizentziatura, diplomatura eta ingeniaritza teknikoko titulu ofizialak lortzeko zenbait ikasketa ezarri eta kentzea 2013-2014 ikasturtean.

ANECA-Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia Nazionalaren ebaluazio-txostena jaso eta gero, Hezkuntza Ministerioko Unibertsitate Kontseiluak egokitzat jo du Mondragon Unibertsitateak aurkeztutako gradu- eta doktorego-ikasketak ezartzeko proposamena (ikusi I. eranskina), betiere uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatutako urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.7 artikuluan ezarritakoa betez.

Hori dela eta, Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen duen urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 16. artikulua aplikatuz, eta proposamena Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari 2013ko maiatzaren 22ko bilkuran jakitun jartzeko aurkeztu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea I. eranskinean jasotako gradu, doktorego, lizentziatura eta ingeniaritza teknikoko ikasketa ofizialak ezarri eta kentzeko. Bestalde, ikasketak kenduko dira uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatutako urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat etorriz.

2. artikulua.– Automatikoki baimena ematea II. eranskinean jasotako graduko ikasketa ofiziala ezartzeko, bete egin baita Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluan eta urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.8 artikuluan xedatutakoa (1393/2007 Errege Dekretua aldatu egin zen uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren bidez).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari jakinaraztea, Gobernuari proposa diezaion tituluak ofizialtzea eta Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskribatzea, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara ditzan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Baimentzen diren gradu- eta doktorego-ikasketa ofizialak sei urte igaro baino lehenago izan beharko dute berrituta ziurtapena, betiere hasierako ziurtapena eman zenetik aurrera. Berriztapen hori egokitu egingo da urriaren 16ko 205/2012 Dekretura, zeinen bidez ezartzen baitira Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 27a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala