Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2013ko urriaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4467

AGINDUA, 2013ko urriaren 17koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, urriaren 23ko 185/2007 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena, 2012. urterako. Izan ere, dekretu horrek euskal nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako zientzia, teknologia eta enpresaren inguruan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzak ezarri ditu.

2007ko azaroaren 13an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko 218. zenbakian 185/2007 Dekretua, urriaren 23koa, euskal nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako zientzia, teknologia eta enpresaren inguruan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzak ezartzen dituena. Azaroaren 24ko 608/2009 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori, eta haren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan, merkatuetan, marketinean eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologo gazteen prestakuntza sustatzeko laguntzen esparrua ezartzea eta arautzea.

Dekretu horretako 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero, dagokion sailburuak hala aginduta, laguntza-eskabideak aurkezteko epea zabalduko da. Bestalde, deialdiko aginduan eduki hauek adierazi behar dira: aurrekontu-kreditu erabilgarria; beka-kopurua eta bakoitzaren zenbatekoa; ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jotako deialdi horretako I+G+Bko gaiak edo proiektuak jasotzen dituen eranskina; eta, deialdi horretarako normalizatutako eskabide-eredua jasotzen duen eranskina.

Horiek guztiak horrela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza eta diru-laguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenekin bat, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Laguntzak.

1.– 2013. ekitaldirako, 6 laguntza deitu dira prestatzen ari diren ikertzaileentzako programaren barruan, eta 10 laguntza, berriz, teknologo gazteak prestatzeko programaren barruan.

2.– Agindu honetako I. eranskinean daude Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren iritziz 2013ko ekitaldiko deialdian ikertzaile eta teknologoak prestatzeko beka programarako estrategikoak eta lehentasunezkoak diren I+G+Bko gaien edo proiektuen zerrendak.

Bigarrena.– Iraupena.

Prestatzen ari diren ikertzaile gazteentzako laguntzei dagokienez, laguntzek ondoz ondoko lau urteko iraupena izango dute.

Teknologo gazteak prestatzeko laguntzei dagokienez, Dekretuan xedatu da, laguntzek ondoz ondoko bi urteko iraupena edo urtebetekoa izan dezaketela. Kasu honetan, emango diren laguntza guztiek bi urteko iraupena izango dute.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

2013ko ekitaldian, urriaren 23ko azaroaren 11ko 185/2007 Dekretuak araututako laguntzen eskabideak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Laugarrena.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.

1.– 2013ko ekitaldiko laguntza-eskaerak agindu honen II. eranskinean dagoen eredu normalizatua erabiliz aurkeztu behar dira Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.– Eskabideak helbide horretan bertan aurkez daitezke, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabili ahalko da. Eskatzaileak eskabidea postetxearen bidez aurkeztu nahi badu, gutunazal ireki bat eraman beharko du, postetxeko funtzionarioak eskabideari data eta zigilua jarri eta gutuna ziurtatu dezan.

3.– Eskabidearekin bat, urriaren 23ko 185/2007 Dekretuko 10. artikuluan adierazitako dokumentazioa ere aurkeztu beharko da. Orobat, komeni da proposatutako curriculum vitae eredua erabiltzea, merituak modu gardenagoan puntuatu ahal izateko (II. eranskinaren gehigarria).

4.– Interesdunek laguntza eskatu ahal izango dute edozein programatan, eta I. eranskinean programa bakoitzerako jasotako 3 gai aukeratu ahal izango dituzte gehienez.

Bosgarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Laguntza-deialdi hau finantzatzeko bideratu diren kredituek 753.524,48 euro euro jotzen dute eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2013. urteko aurrekontu orokorretatik datoz, zeinek luzatu egin baitira 2013. urtealdirako. Horietatik 52.958,88 euro 2013ko ekitaldiari dagozkio, eta gainontzeko 700.565,60 euroak 2014. eta 2017. ekitaldietarako konpromiso-kredituei dagozkie.

Gizarte Segurantzara adskribatzearen ondoriozko gastua (urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan aurreikusitakoa), 81.564,48 eurokoa da, eta zenbateko horretatik, 1.958,88 euro dagozkio 2013ko aurrekontu-kredituari.

Seigarrena.– Onuradunak.

1.– 2013. ekitaldirako laguntzak eskatzen dituzten lagunek urriaren 23ko 185/2007 Dekretuko 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2.– 5.1 artikuluko d) idatzi-zatian zehaztutako betekizunari dagokionez, 2013ko ekitaldiko deialdian, goi-mailako titulua, maila ertaineko titulua edo bigarren zikloko lanbide heziketako titulua (LH II) 2009ko ekainean edo geroago lortu behar izan dira.

3.– Beka-eskabidea egin dutenek artikulu horretan aipatutako betekizunak izan beharko dituzte egiaztatuta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

Zazpigarrena.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Prestatzen ari diren ikertzaileak.

Prestatzen ari diren ikertzaile gazteentzako laguntzek, urtean, 14.000 euroko diru-zuzkidura izango dute bekak irauten duen bitartean.

Kontratuak irauten duen bitartean, ikertzailea atxikita dagoen organismo, zentro edo erakundeak 21.563,77 euro jasoko ditu aurretiaz. Ikertzaileek, berriz, 16.330 euroko ordainsari gordina jasoko dute, urriaren 23ko 185/2007 Dekretuko 16.1.c) artikuluan xedatutakoa gorabehera.

Orobat, onuradunek laguntza osagarri bat jaso ahalko dute (laguntza bakoitzeko, gehienez, 2.000 euro gehiago eskuratu ahalko dituzte). Aldez aurretik justifikatuta, doktoretza-ikastaroetan matrikulatzeko, zientzia-biltzarretan edo lan-saioetan parte hartzeko, beste ikerketa-zentro batzuetan egonaldi laburrak egiteko, beste ikastaro batzuk egiteko eta abarrerako erabiliko dute diru-kopuru hori.

2.– Teknologoak.

Teknologoak prestatzeko laguntzek, urtean 12.000 euroko diru-zuzkidura izango dute. Orobat, onuradunek laguntza osagarri bat jaso ahalko dute (laguntza bakoitzeko, gehienez, 1.000 euro gehiago eskuratu ahalko dituzte). Aldez aurretik justifikatuta, kongresu zientifikoetan edo lan-saioetan parte hartzeko, beste ikerketa-zentro batzuetan egonaldi laburrak egiteko, beste ikastaro batzuk egiteko eta abarrerako erabiliko dute diru-kopuru hori.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bidear, eta beraren aurka, berraztertzeko hautazko errekurtsoa jarri ahalko dute interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean. Horretarako, hilabeteko epea egongo da honakoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzerik dago Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean honakoa aldizkari berean argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 17a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala