Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2013ko urriaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
4560

426/2013 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko dekretua aldatzen duena.

Ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko prozedura arautzen da.

Dirulaguntza horiek jasotzeko eskabide asko aurkeztu dira; ekainaren 12ko aipatu 107/2012 Dekretuko 6. artikuluaren arabera berariaz sortutako Balorazio Batzordeak izapidetu eta ebaluatu ditu dagoeneko horietako batzuk.

Eskabideak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak erabaki zuen dekretu horren hainbat arau hitzez hitz aplikatzeak, azkenean onartu ziren moduan, biktima horiei beren eskubidea modu eraginkorrean itzultzea oztopatzen duela, arauaren lehen helburua itzulketa hori izanik. Horiek horrela, dekretu honen bidez, aldaketak egiten dira, dekretua aplikatzerakoan Balorazio Batzordeak behar dituen baliabide juridikoak izan ditzan, Giza Eskubideen Amerikarteko Gortearen eta Estraburgon kokatuta dagoen Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrinarekin eta jurisprudentziarekin, eta, bereziki, bizitzeko eta pertsonen osotasunerako eskubidea babesteko jurisprudentziarekin bat etorriz.

Aldaketa horiek, funtsean, dirulaguntzen bateragarritasunari, kaltea egiaztatzeko eskatzen diren betekizunei, eta konpentsazioaren zenbatekoa finkatzeko irizpideei eragiten diete. Era berean, sufrimendu bidegabea jasandako biktima izendatzeko organoa aldatzen da; egun, organo berri hori giza eskubideen eremuan eskumena duen zuzendaritza da, eta Lehendakaritzan kokatuta dago.

Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.c) artikuluak, eta abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 4. artikuluak –martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuak emandako idazkeran– ematen dizkidaten eskumenen arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko urriaren 16ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuko 2. artikuluaren 4. paragrafoa aldatzen da, zein honela idatzita geratzen baita:

«4.– Lesio larri iraunkortzat hartuko dira kalte funtzional fisikoa zein psikikoa edo ezintasun iraunkorra eragin dutenak. Horretarako, honako irizpide hauek hartuko dira aintzat: giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen eremuan ezarritako eta erabilitako irizpideak, lan-arloko legerian jasotako ezintasun-kategoriak, eta kalteen zuzenbidearen esparruan erabil daitezkeen beste batzuk.»

Bigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuko 9. artikuluari 9 bis) paragrafoa gehitzen zaio, zeinek honako eduki hau izango baitu:

«9 bis).– Txostena arrazoitzeko eta diruzko konpentsazio-proposamena egiteko, dekretu honen 10.5 artikuluan ezarritako baremoa aplikatuko du Batzordeak, betiere giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak, Gizarte Segurantzaren legeriak eta kalteen zuzenbideak ezarritako irizpideak aintzat hartuta.»

Hirugarrengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuko 9. artikuluaren 10. paragrafoa aldatzen da, zein honela idatzita geratzen baita:

«10.– Txostena giza eskubideen eremuan eskumena duen zuzendaritzaren titularrari jakinarazi ondoren, zuzendaritza horrek eskatzailea biktima izendatzeko ebazpena emango du, eta, bertan, dagokion konpentsazio-eskubidea adieraziko zaio, hala badagokio; ebazpena izan daiteke, baita ere, eskabidea ezestekoa edo ez onartzekoa.»

Laugarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuko 10. artikuluaren 2. paragrafoa aldatzen da, zein honela idatzita geratzen baita:

«Aurreko artikuluaren 10. paragrafoan aipatzen den diruzko konpentsazioa izateko eskubidea jasotzen duen biktima-aitorpenak ordaina jasotzeko eskubidearen aitorpena dakar berekin. Biktima-aitorpena giza eskubideen eremuan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez egingo da. Dekretu honen babesean onartutako konpentsazioak behin bakarrik emango dira, aipatu ebazpena irmo bilakatu ondoren.»

Bosgarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuko 10. artikuluaren 5. paragrafoko f) idatzi-zatia aldatzen da, zein honela idatzita geratzen baita:

«f) Baliaezintasunik sortzen ez duten lesio iraunkorrengatik: 10.000 euro, gehienez.»

Seigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuko 10. artikuluaren 6. paragrafoa aldatzen da, zein honela idatzita geratzen baita:

«6.– Memoria historikoari edo terrorismoaren biktimei buruzko legeriaren eremuan, biktimek, gertakari berengatik jaso dituzten edo jaso ditzaketen laguntzekin bakarrik dira bateraezinak dekretu honetan ezarritako diruzko konpentsazioak. Dena den, hemen aurreikusitako diruzko konpentsazioa baino txikiagoa jaso bada, memoria historikoari buruzko legeak aplikatuz bidezkoa izango da jasotako zenbateko horren eta hemen aurreikusitakoaren arteko aldea jasotzea.»

Zazpigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuko 12. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzen da, zein honela idatzita geratzen baita:

«1.– Interesdunek 9. artikuluan xedatutakoaren arabera egin behar dute eskabidea, eta, horrekin batera, izandako lesioak behar bezala baloratzeko mediku-txosten edo -egiaztagiriak aurkeztu.»

Zortzigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuko 15. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzen da, zein honela idatzita geratzen baita:

«Dekretu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko, ekitaldi bakoitzerako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarritako ordainketa-kredituak erabiliko dira, eta horien berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.»

Bederatzigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuari 16. artikulua gehitzen zaio, zeinek honako eduki hau izango baitu:

«16. artikulua.– Hizkuntza-eskubideak.

Dekretu honen eremuan, herritarrek euskara zein gaztelania erabili ahalko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin dituzten harremanetan, ahoz zein idatzita, eta hizkuntza horretan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.»

Hamargarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak emateko ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuko xedapen gehigarri bakarra aldatzen da, zein honela idatzita geratzen baita:

«Dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren ebazpenak emateko baimena ematen zaio giza eskubideen gaietan eskumena duen zuzendaritzako titularrari.»

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuan, lehengo Justizia eta Herri Administrazio Sailari buruzko aipamenak egiten direnean Lehendakaritzari egindakotzat hartuko dira.

Ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuan, Justizia eta Herri Administrazio Saileko titularrari buruzko aipamenak egiten direnean, giza eskubideen gaietan eskumena duen zuzendaritzaren titularrari egindakotzat hartuko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA LEHENENGOA

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, 1.000.000 euro erabiliko dira, 2013ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako ordainketa-kredituetatik hartuta. Edonola ere, zenbateko hori eguneratu ahal izango da, laguntzak ezarrita dauden atal horretako beste programak gauzatu ondoren agortu gabe gerta litezkeen aurrekontuen arabera onar daitezkeen aurrekontu-aldaketen edo aplikagarri diren kreditu-loturen bitartez.

XEDAPEN IRAGANKORRA BIGARRENA

Dekretu hau indarrean jartzen den egunaren aurretik ebatzi gabe geratu diren administrazio-espedienteak dekretu honetan ezarritakoaren arabera ebaluatu eta ebatziko dira.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko urriaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala