Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2013ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4736

AGINDUA, 2013ko urriaren 23koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2013ko ekitaldirako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

2003ko ekitaldian, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak 2003ko urriaren 7ko Agindua eman zuen, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzen deialdia egiten zuena 2003. urterako. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2003ko urriaren 24an (208. zenbakia). Hurrengo ekitaldietan ere aipatutako laguntza horien deialdia egin zen; eta agindu honen bidez, orain arte egindako bideari eutsi nahi zaio 2013ko ekitaldian, aurreko urteetan aurrera eraman den politikaren ildotik.

Aurtengo laguntzetarako deialdia honako arau hauen babesarekin egin da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2013. urteko Aurrekontu luzatuak.

Hura prestatzeko, kontuan izan dira 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritako diru-laguntzak emateari buruzko arauak eta aplikatu beharreko beste araudiak.

Beraz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko eskumenekin bat, 2013ko ekitaldiko laguntzen deialdia egin da. Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzen deialdia egitea 2013. urterako, euskal nekazaritza-sektorearekin zerikusia duten gaietan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren hizketakide moduan egindako lana dela-eta.

2.– Agindu honen ondorioetarako, izaera sindikaleko Nekazaritzako Erakunde Profesionaltzat joko dira xede gisa Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea duten erakundeak, haien kideak nekazaritzaren arloko profesionalak direla, nekazaritza-ekoizpenaren zer sektoretan aritzen diren gorabehera.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

2013ko ekitaldian, agindu honen bidez deitutako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, agindua Euskal Herriko Agintaritzan argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Eskabidea instantzia bidez egingo da. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari zuzendu behar zaio, eta saileko Erregistro Orokorrean aurkeztu (Donostia kalea 1, Lakua I, 3. solairua, 01010, Vitoria-Gasteiz), erregistrora bertaratuz edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 38.4 artikuluan jasotako bideren bat erabiliz.

2.– Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu behar du eskabidea, eta honako dokumentazio osagarri hau ere aurkeztu beharko du:

a) Eraketa-akta eta estatutuak, dagokion organo administratiboak ikus-onetsita. Betebehar horretatik salbuetsita daude 2012ko azaroaren 28ko Aginduaren kargura laguntza eskatu eta lortu duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalak, salbu eta estatutuetan aldaketak egin badituzte; kasu horretan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eman beharko diote aldaketa horien berri.

b) Estatutuak gordailaturik dauden Erregistroko arduradunak egindako ziurtagiria, inskripzioa indarrean dagoela egiaztatuko duena.

c) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela frogatzen duten agiri eguneratuak.

d) Erakunde bakoitzaren afiliatu-kopurua, Gizarte Segurantzako nekazaritzako erregimen berezian daudenen kopurua ere zehaztuta; hori egiaztatzeko, erakunde bakoitzeko idazkariak egindako ziurtagiria aurkeztuko da.

e) Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, erakundeak hartutako erabakiaren ziurtagiria.

f) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunezko deklarazioa, honako hauek jasotzen dituena:

● Beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk eskatu izan edo jaso izana.

● Itzultze- edo zigor-prozeduraren baten ez izatea.

● Itzulketa-prozeduraren bat ez bukatu eta ez izatea ordainketa-obligaziorik.

● Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen diona.

● Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenen baten ez izatea.

3.– Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar eguneko epea duela akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz egindako ebazpena eman ondoren.

Laugarrena.– Finantziazioa.

Deialdi hau finantzatzeko 202.806 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013ko Aurrekontu Orokorretan hartarako habilitatutako kredituaren barrukoak.

Bosgarrena.– Laguntza-mota.

Agindu honen bidez araututako laguntzak honelakoak dira: Nekazaritzako Erakunde Profesionalek sortutako gastuak indemnizatzera bideratu funts ekonomikoetako entrega ez itzulgarriak; hain justu ere ondoren zehaztu lan-talde eta kontsulta-organoetan izatearen eta parte hartzearen ondorioz:

● Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseilua eta haren batzorde sektorialak

● Landaberriren barruan eratutako lan-taldeak.

Seigarrena.– Betekizunak.

Nekazaritzako Erakunde Profesionalek agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.

b) Legez eratuta egotea eta nortasun juridiko propioa izatea.

c) Agindu honen ebazpenaren bosgarren puntuan aipatzen diren kontsulta-organo eta lan-taldeetariko batean parte hartzea.

Zazpigarrena.– Ebazpena.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak ebatziko du diru-laguntza ematea ala ez ematea, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeak txostena egin ondoren. Hiru hilabete izango dira ebazpena emateko, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unetik hasita.

2.– Hiru hilabeteok igaro eta ebazpen zehatzik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek euren eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3.– Ematen den ebazpenaren aurka, bai eta epea igaro eta ebazpen zehatzik eman ez izanaren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jar diezaiokete Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeari, aipatutako legeko 114. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.– Laguntza kalkulatzeko prozedura.

Onuradun gertatzen den erakunde profesional bakoitzak jasoko duen zenbateko osoa honako prozedura honen arabera zehaztuko da:

  • Lehenengo eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan xede horretarako erreserbatuta dagoen zenbatekoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da parte berdinetan, eta horren emaitza lurralde historiko bakoitzean diharduten erakunde profesional guztiek batera jasoko duten gehieneko zenbatekoa izango da.
  • Lurralde historiko bakoitzari egokitutako zenbatekoa honela banatuko da:
  • Heren bat uniformeki banatuko da, delako lurralde historikoan diharduten erakunde profesionalen artean.
  • Beste heren bat proportzioan banatuko da erakunde profesionalen artean; hain zuzen ere, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian izena emanda dauden afiliatu-kopuruaren arabera, hirugarren puntuko 2.d) paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.
  • Gainerako herena ere proportzioan banatuko da, Administrazioaren hizketakide modura egindako lanen arabera. Horretarako, Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseilua eta horren batzorde sektorialen, eta Landaberriren barruan sortzen diren lan-taldeetara joatea eta horietan parte hartzea izango da irizpidea. Joate eta parte-hartze hori bileretako aktaren kopiaren bidez egiaztatutako da, eta bilera bakoitzeko idazkariak kautotuko du agiri hori.

Bederatzigarrena.– Ordainketa.

Emandako diru-laguntza ordainketa bakarraren bidez gauzatuko da, dagokion ebazpena eman ondoren.

Hamargarrena.– Bateragarritasuna.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako beste edozeinekin, baldin eta helburu bera badute (agindu honetako bosgarren puntuan aipatutako foroetara joateko eta horietan parte hartzeko lanak finantzatzea).

Hamaikagarrena.– Betebeharrak.

Onuradunak bere gain hartuko ditu, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak, eta, bereziki, behartuta egongo da xedapen honen kontura jasotako laguntzei buruz Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –haien eginkizunak betetzeko– eska ditzaketen argibide guztiak ematera.

Hamabigarrena.– Ez-betetzea.

Agindu honetan ezarritako baldintza guztiak bete behar ditu onuradunak. Hala egiten ez badu, edo gezurrezko daturik aurkezten badu –Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak hasiko duen espedientea izapidetu ondoren, eta interesdunari entzuteko hamabost eguneko epea igaro ondoren– onuradunak diru-laguntza galduko du, eta jasotako ordainak eta aplikatzekoak diren legezko korrituak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epearen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarri bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako prozeduraren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 23a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala