Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2013ko azaroaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5153

AGINDUA, 2013ko azaroaren 4koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2014. urteko EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) azterketa-eredua finkatzen duena.

Euskararen Gaitasun Agiriaz 1982ko irailaren 20an emandako Aginduak (EHAA: 1982-11-06), bere 1. artikuluan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari berari egozten dio azterketaren programa eta azterketaren eredua jakinarazteko ardura.

Horren ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– EGAren izaera.

1.– EGAk (Euskararen Gaitasun Agiria) honako gaitasun hauek ditu ardatz: gaitasun linguistikoa, gaitasun diskurtsiboa, gaitasun funtzionala eta gaitasun soziolinguistikoa.

2.– EGA Europako ALTE elkartearen kide osoa da eta haren Q marka du. Hori dela eta, ALTEren kalitate-estandarrak aplikatzen ditu EGAk

Horrekin batera, Europako Kontseiluaren hizkuntzen ebaluaziorako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailako irizpideak kontuan hartzen ditu EGAk, atazak eraikitzeko eta ebaluatzeko orduan.

3.– Hizkuntzaren barne-osaeraz Euskaltzaindiak 2012ra arte eskaini dituen arau-erabaki nagusiak kontuan hartuko ditu EGAk 2014ko azterketan.

2. artikulua.– EGA azterketak hiru fase ditu.

Sarrerakoa: atariko proba

Bigarren fasea: proba idatzia

Hirugarren fasea: ahozko proba

3. artikulua.– Atariko proba.

1.– EGA azterketako proba idatzian eta ahozkoan parte hartu ahal izateko, atariko proba gainditu behar da.

2.– Atariko proba aukera anitzeko test bat da, 85 item dituena.

3.– Atariko probak ordubeteko iraupena du.

4.– Atariko probako itemek hizkuntzaren erabilera egokia eta zuzena neurtzen dute.

5.– Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen.

6.– Gainditzeko langa 60 erantzun zuzenekoa da; muga hori berdintzen edo gainditzen duten azterketari guztiak azterketaren hurrengo fasera aurkez daitezke, inolako numerus claususik gabe.

7.– Atariko proba gainditu dutenen kopurua aurkeztutakoen % 50era iristen ez bada, azterketari onartuen multzoa era honetan zabalduko da: 60ko langara iristen ez direnen artetik, 60tik hurbileneko puntuazioak ere onartuko dira, azterketa horren gainditze-ehunekoa % 50era iritsi arte. Puntuazio hori hartuko da gainditze-langatzat.

4. artikulua.– Proba idatzia.

Proba idatzia bi ataletan egiten da eta sei ariketa ditu.

Lehenengo atala:

– Elkarrizketa-testua

– Lexikoa

– Irakurriaren ulermena

Bigarren atala:

– Idazlan luzea

– Idazlan laburra

– Esaldiak berridaztea

Bi atalak jarraian egiten dira. Lehenengo atala egiteko 65 minutu dira. Bigarrenerako, 120 minutu. Guztira, proba idatziak 3 ordu eta 5 minutu irauten du.

1.– Elkarrizketa-testua.

Elkarrizketa-testu batean 10 hutsune bete behar dira. Ataza betetzeko, aukera anitzeko galderak (a-b-c) erabiltzen dira. Testuaren hariari ongien egokitzen zaizkionak aukeratzea da ariketaren funtsa.

2.– Lexikoa.

Testu labur batean txertaturik, markatutako 10 hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Ataza betetzeko aukera anitzeko galderak (a-b-c-d) erabiltzen dira. Hitzek testuinguruan duten esanahia kontuan harturik aukeratu behar da baliokidea.

3.– Irakurriaren ulermena.

Testu batzuk eskaintzen dira, eta horiei buruzko 10 galderari erantzun behar diete azterketariek. Atazak honelakoak izan daitezke: aukera anitzekoak, testu-zatiei dagozkien ideiak aukeratzea edo lotura egokiak egitea.

4.– Idazlan luzea.

Bi gai eskaintzen dira aukeran, dosier eran, eta horietako bat garatu behar da. Gutxienez 250 hitz idatzi behar dira. Idazlanaren kalifikaziorako honako hiru alderdi hauek hartzen dira kontuan: a) atazaren helburua zehaztasunez betetzea; b) hizkuntza-aberastasuna eta egokitasuna; c) zuzentasuna.

5.– Idazlan laburra.

Idazki bat ondu behar da: hipotesi bat, gutun bat, informe bat edo gertakari baten kronika laburra. Gutxienez 150 hitz idatzi behar dira. Bi aukera eskaintzen dira, bat hartzeko. Kalifikaziorako, idazlan luzeko irizpideak erabiltzen dira.

6.– Esaldiak berridaztea.

Emandako 10 esaldi moldatu egin behar dira; hots, esaldi baliokideak sortu behar dira, beste egitura batzuk erabilita, beti ere esaldi bakarra osatuz. Berridazketa bideratzeko eta gauzatzeko, elementu batzuk eskaintzen dira erreferentzia gisa.

5. artikulua.– Ahozko proba.

Bi atal ditu:

– Entzutezkoaren ulermena

– Mintzamena

1.– Entzutezkoaren ulermena.

Grabazio zati batzuk entzun eta horiei buruzko galderak erantzun behar dira.

Grabazio zati bakoitza behin entzun behar da. Azterketariek denbora-tarte bat dute galderak eta erantzunak irakurtzeko.

Ordu-erdiko ariketa da. 20 item dira gutxienez.

2.– Mintzamena.

Atal honek bi ariketa ditu: lehenengoa, gai baten ahozko azalpena; bigarrena, bat-bateko elkarrizketa-saioa. Epaimahaia bi aztertzailek osatzen dute. Azterketariak binaka aritzen dira epaimahaiaren aurrean.

a) Ahozko azalpena.

Azterketari bakoitzak gai bati buruzko informazioa jasotzen du. Euskarria testu idatzia, audioa edota bideoa izan daiteke. Azterketari bakoitzak egokitu zaion informazioaren azalpena egin behar du bost minutuan.

b) Elkarrizketa-saioa.

Aztertzaileek gai bat eskaintzen diete azterketariei, baina bakoitzari gaiaren alderdi batzuk nabarmenduta. Azterketariak elkarrizketan aritzen dira, egokitu zaien ikuspuntuaren alde egiteko. Tarteka, elkarrizketa edo eztabaida bideratzeko, aztertzaileek parte har dezakete, galderak eginez. Azterketariek, bien artean, hamar bat minutuz aritu behar dute.

6. artikulua.– Puntuazioak.

1.– Proba idatzian eta ahozko proban, puntuazioak eta denborak honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

2.– Proba idatzian, gutxieneko puntuaziorik eskatzen ez duten lau ariketetan, puntuazioek elkar konpentsatzen dute.

3.– EGA lortzeko, azterketaren hiru faseak gainditu behar dira: atariko proba, proba idatzia eta ahozko proba. Azken emaitza Gai edo Ez Gai da.

4.– Deialdi bateko proba baten puntuak ez dira gordeko hurrengo deialdi baterako.

7. artikulua.– Baldintzak.

EGA azterketa egin ahal izateko 17 urte edo gehiago bete behar dira 2014an. Deialdi berean beste erakunderen batean EGArako matrikulatuta egonez gero, ezin da honetan parte hartu.

8. artikulua.– 1.– Matrikula egitean, azterketariak onartzen du EGA probetako prozedura errespetatu behar duela eta azterketa-tokian agintari akademikoen aginduak bete behar dituela. Horrela egin ezean, EGAko arduradunek eskumena dute beharrezko neurriak hartzeko (azterketaria beste gela batera aldatzeko, gelatik kanporatzeko edo azterketa baliogabetzeko). Azterketaren funtzionamendu normala oztopatzen den kasu larrietan, proben aplikazio zuzena eragozten duen azterketariari EGAko hurrengo deialdietarako matrikula ez onartzeko ahalmena du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.

2.– Aurreikusitako neurriak hartzea EGAko lurraldeburuari dagokio. Lurraldeburuak azterlekuan dauden batzordekideen proposamena jaso eta interesatuari entzun ondoren hartuko du erabakia.

9. artikulua.– Erreklamazioak.

Erreklamazioa egin dezake, idatziz, edozein azterketarik, EGA azterketaren edozein fasetako kalifikazioak jakinarazi eta biharamunetik hasita. Bost eguneko epea du horretarako.

10. artikulua.– Balio-urritasunak.

Balio-urritasunen bat duten azterketariek EGA azterketa egitean, gainerakoen aukera berdinak izan ditzaten, Azterketa Batzorde Ofizialak beharrezko egokitzapenak ezarriko ditu, denboran nahiz baliabideetan, baldin eta horrela azterketaren edukia indargabetzen ez bada edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez bada.

11. artikulua.– Agindu honek araupetu gabekoetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legeari eutsiko zaio.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunetik hasita jarriko da Agindu hau indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 4a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala