Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

244. zk., 2013ko abenduaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
5568

458/2013 DEKRETUA, abenduaren 10ekoa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen dituena.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 8. artikuluak Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua sortu zuen; hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsulta- eta partaidetza-organo nagusi gisa, ideiak eta esperientziak trukatzeko asmoz, era horretan segurtasun publikoaren politikarekin zerikusia duten eta horren eraginpean dauden erakunde eta instituzioen jardueretan koherentzia izan dadin.

Legezko erregulazioak zehazten ditu kide anitzeko organo horren misioa eta egitekoak eta, gainera, izan behar duen osaera aldez aurretik ezartzen du. Dena den, artikulu horren 4. paragrafoak erregelamenduak esandakora jotzen du kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendua zuzendu behar dituzten arauak ezartzeko eta, horrenbestez, dekretu hau onesteko bidea ematen da.

Horri jarraikiz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2013ko abenduaren 10ean izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren antolamendua eta funtzionamendua arautzea da. Kontseilu hori Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak sortu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsulta- eta partaidetza-organo nagusi gisa, ideiak eta esperientziak trukatzeko asmoz, era horretan segurtasun publikoaren politikarekin zerikusia duten eta horren eraginpean dauden erakunde eta instituzioen jardueretan koherentzia izan dadin.

2.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloan eskuduna den sailari atxikita egongo da.

2. artikulua.– Eginkizunak.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren eginkizunak, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 8. artikuluaren 2. paragrafoa kontuan hartuta, honako hauek izango dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko segurtasun publikoaren egoera orokorra analizatu, aztertzea eta ebaluatzea, betiere segurtasunaren inguruan nabarmenenak diren erreferenteetatik abiatuta. Halaber, EAEko segurtasun publikoaren sistemaren barruan dauden zerbitzuei egoera zehatz eta baloragarrien gainean eragiteko aukera ematen dien jokabideen azterlanak eta egoeren analisiak sustatuko ditu.

b) Herritarren arteko elkarbizitza baketsua asaldaraz dezaketen faktoreen jarraipena egitea, hala nola terrorismoa, kaleko bortizkeria eta talde-bortizkeria edo antzeko talde edo fenomenoak, genero-bortizkeria, xenofobia, arrazismoa, herritarrak edo gizarteko baliorik funtsezkoenak arriskuan jar ditzaketen gatazkak eta arriskuak prebenitze aldera.

c) Segurtasun-egoera hobetzeko neurri orokorrak sustatzea eta, bestetik, segurtasun publikoarekin zerikusia duten herri-administrazioen zerbitzuak hobetzeko ekimenak bultzatzea.

d) EAEko segurtasun publikoko plan orokorrari buruzko txostena egitea.

3. artikulua.– Osaera.

1.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua osatzen dutenak hauek dira: lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria eta kontseilukideak.

2.– Kontseiluan kide gisa hauek hartuko dute parte:

a) Lehendakaria: Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloan eskuduna den saileko burua.

b) Lehendakariordea: segurtasun publikoaren arloan eskuduna den sailburuordetzako titularra.

c) Idazkaria: segurtasunaren publikoaren arloan eskuduna den sailburuak izendatuko duen zuzendaritzako titularra; ahotsa eta botoa izango baititu.

d) Kontseilukideak:

– Segurtasun publikoaren arloan eskuduna den saileko titularrak izendatuko dituen hamabi ordezkari, beroriek zer erantzukizun publiko duten kontuan hartuta eta arlo hauetan eskudunak diren saileko titularrek proposatuta: polizia eta herritarren segurtasuna, giza eskubideak eta herritarren bizikidetza, larrialdiak eta babes zibila, trafikoa eta bide-segurtasuna, ikuskizun publikoak eta jolas-jarduerak, lurraldearen antolamendua, osasun publikoa, hezkuntza, justizia-administrazioa, gizarte-zerbitzuak eta merkataritza eta turismoa. Proposamen hori beharrezkoa izango da soilik gaiak segurtasun publikoaren arloan eskuduna den sailari ez dagozkionean.

– Lurralde historikoetako hiriburuetako hiru alkateak.

– Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritzarik handiena duen eta herrietan zabalduen dagoen euskal udalen elkarteko edo federazioko lehendakaria.

– Foru-administrazioetako hiru ordezkari, hiru lurralde historikoetako diputatu nagusiek beren foru-diputatuen artetik izendatutakoak.

– Legelarien Euskal Kontseiluko lehendakaria.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren izenean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposatuta, kide bat egongo da. Hala eskatzen dutenean, kontseilukide gisa ere bertaratu ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko fiskalburua.

– Estatuko Administrazioaren izenean Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak izendatutako kide bat egongo da.

3.– Kontseiluko lehendakari-postua hutsik badago, lehendakaria gaixorik bada edo ez badago, dagozkion eskudantzia guztiak lehendakariordeak bere gain hartuko ditu. Era berean, gainerako kideek berorien ordezkoak izendatu ahalko dituzte; hain zuzen, horiek ez dauden bitartean dagozkien eginkizunak bete ditzaten.

4.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluko kide izateak ez du ordainsaririk jasotzeko eskubiderik ekarriko.

5.– Era berean, jorratu beharreko gaien arabera, parte hartu beharko dute larrialdien eta babes zibilaren, trafiko eta bide-segurtasunaren, jokoaren, ikuskizun eta jolas-jardueren arloetan ardurak dituzten pertsonek; baita beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek ere, publikoak nahiz pribatuak izanda, baldin eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren helburuetarako interesgarriak badira.

6.– Aztertu beharreko gaiei loturik, Kontseiluko lehendakariak beste pertsona batzuei ere dei egin diezaieke bileretara aholkulari gisa joateko, betiere horien esperientzia eta ezagutzak aintzat hartuz.

4. artikulua.– Lehendakaritza.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluko lehendakariaren eskudantziak hauek dira:

a) Kontseiluaren ordezkari izatea eta hura zuzentzea.

b) Kontseiluaren bilkuretara deitzea eta gai-zerrenda egitea.

c) Bilkuretako buru izatea, eztabaidak bideratzea eta eztabaida horiek etetea, horretarako arrazoirik badago.

d) Kontseiluaren aktak eta erabakien ziurtagiriak ikus-onestea.

e) Kontseiluak proposatutako irizpideak kontuan izanik, lantaldeetako osaera onestea eta lantalde horietan aldi baterako parte har dezaketen adituak hautatzea.

f) Dekretu honetan eta dekretua garatuko duten arauetan xedatutakoa betetzen dela ziurtatzea.

g) Kontseiluaren Lehendakaritzak berezkoak dituen gainerako eginkizunak betetzea.

5. artikulua.– Lehendakariordetza.

Kontseiluko lehendakariordeak lehendakaria ordeztuko du postua hutsik badago, lehendakaria ez badago edo gaixorik bada eta; oro har, bidezko arrazoiren bat azaltzen bada. Kasu horietan lehendakariaren eginkizun berak beteko ditu. Lehendakariak haren esku uzten dituen zereginak ere izango ditu.

6. artikulua.– Idazkaritza.

1.– Idazkaritza Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluko organo tekniko eta administratiboa da. Idazkariari dagokio administrazioko gaiak kudeatzea eta Kontseiluari laguntza teknikoa ematea.

2.– Idazkariak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Kontseiluaren gai-zerrenda prestatzea, lehendakariak onetsi ondoren, eta kontseilukideei bilerarako deia egitea.

b) Kontseilukideek egindako komunikazioak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak, ziurtagiriak edo ezagutu behar dituen bestelako idazkiak jasotzea.

c) Kontseilukideei beharrezkoa duten informazioa eta laguntza teknikoa ematea.

d) Ordezkatutako administrazioei eta administrazio horietako organoei Kontseiluak onartutako erabaki, txosten edo proposamen guztien berri ematea.

e) Gaiak bideratzeko prestatzea eta bilkurako aktak idaztea eta baimentzea.

f) Emandako aholku, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea.

g) Kontseiluak egindako jarduerei buruzko urteko memoria idaztea eta, onetsia izan dadin, kontseiluari bidaltzea.

h) Kontseiluaren aktak, ebazpenak eta gainerako agiri guztiak zaintzea eta akten eta erabakien fitxategia sortzea.

i) Idazkaritzak berezko dituen beste eginkizun guztiak.

7. artikulua.– Kontseilukideak.

1.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluko kideen zereginak hauek izango dira:

a) Kontseiluaren edo bere lantaldeen bilkuretan parte hartzea, lantalde horietako partaide baldin badira.

b) Boto-eskubidea gauzatzea edo, bestela, gehiengoarekin bat ez datorren boto partikular arrazoitua ematea. Boto hori dagokion aktan sartuko da, baita -egonez gero- agertu behar duen txosten eta irizpenetan ere.

c) Bileretan eskariak eta galderak egitea.

d) Parte hartu behar duten gaien inguruko aurrekariak, informazioa edo dokumentazioa eskatzea.

e) Gai-zerrendan sartze aldera, proposamenak eta mozioak idatziz egitea.

f) Idazkaritzaren esku dauden agiri eta artxiboetarako irispide librea izatea.

g) Ematen zaizkien zereginak landu eta idaztea. Hizlari badira, lehentasuna izango dute bileretan beren irizpenak edo txostenak defendatzeko.

2.– Kontseilukideek sekretupean eta zuhurtasunez jardun behar dute, eztabaidatu dituzten gaiek hala eskatzen badute eta, bereziki, Konstituzioaren 18.1 artikuluan onartutako eskubideei eragiten badie.

8. artikulua.– Kontseiluaren funtzionamendua.

1.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak osoko bilkuren bidez edo lantaldeetan jardungo du.

2.– Osoko bilkurak hala erabakitzen badu –aukerakoa izanda–, lantaldeak sor daitezke, zeinetan jorratuko diren gaietan adituak diren pertsonek parte hartu ahal izango duten.

9. artikulua.– Kontseiluko bilkuren araubidea.

Kontseiluaren osoko bilkurak urtean bitan egingo du, gutxienez, ohiko bilera. Ezohiko bilerak ere egin ahal izango ditu behar adinbat aldiz, lehendakariak deialdia aldez aurretik eginda, bere ekimenez edo kontseilukideen heren baten eskariz.

10. artikulua.– Osoko bilkuraren osaera.

Kontseiluaren osoko bilkura balio osoz eratzeko quoruma kideen erdia gehi bat izango da. Quorum horretara iritsi ezik, Kontseilua bigarren deialdian, ordubete geroago, balio osoz geratuko da osaturik osoko bilkurako kideen herena bertaratuta.

11. artikulua.– Bileren ordena eta aktak eta erabakiak hartzea.

1.– Bilera bakoitzari aurreko bilerako akta onetsiz emango zaio hasiera. Jarraian, idazkariak gai-zerrendako puntuak aipatuko ditu eta gaiak eztabaidatu eta egoki iritzitako erabakiak hartuko dira. Lehendakariak eztabaidak zuzendu eta bozketak proposatuko ditu.

2.– Osoko bilkuraren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira.

3.– Ezingo da gai-zerrendan agertzen ez den gai baten inguruko erabakirik hartu, baldin eta kide anitzeko organoko kide guztiak bertan ez badaude eta botoen gehiengoz gaia urgentziazkotzat jotzen ez bada.

4.– Gai-zerrendan sartutako gairen bat baztertzeko eska daiteke, erabakia hartze aldera beharrezkoak diren aurrekariak, agiriak edo txostenak gehitu ahal izateko, betiere botoen gehiengoz egiten bada.

5.– Bilkura guztien akta egingo da eta berorietan hauek jasoko dira: nortzuek hartu duten parte, non eta noiz egin den, eztabaidatutako puntu nagusiak, bozketa egin den modua eta izan duen emaitza eta zer erabaki hartu den.

6.– Idazkariak idatzi eta sinatu behar ditu aktak eta lehendakariak oniritzia eman.

7.– Quorumik ez dagoelako, edo beste arrazoi batengatik, bilera egiten ez bada, idazkariak aktaren ordez bere sinaduraz baimendutako diligentzia bat prestatuko du, non bilera zergatik ez den egin eta bertaratu direnen eta bertaratzerik izan ez dutenen izenak jasoko diren.

12. artikulua.– Lantaldeak.

1.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluaren osoko bilkurak lantaldeak eratzea erabaki dezake gai jakin batzuk aztertzeko, txostenak eta proposamenak prestatzeko edo irizpenak lantzeko.

2.– Lantaldeak esleituko zaien lan-motaren arabera eratuko dira eta, osoko bilkurak proposatutako irizpideak kontuan hartuz, lehendakariak izendatuko dituen kontseilukideek osatuko dituzte.

3.– Lantaldeko kide izan daitezke lehendakariak aurreko paragrafoan adierazitakoarekin bat etorriz izendatutako adituak.

4.– Lantalde guztiek koordinatzaile bat izango dute, hura ere taldea osatzen duten kideen artetik lehendakariak izendatutakoa. Koordinatzaileak aldian behin Kontseiluko idazkariari egiten ari diren lanen berri emango dio eta egutegia eta gauzatze-epeak betetzen ari diren eta zer gorabehera egon den jakinaraziko.

5.– Lantaldeek, beren kideetako edozeinek eskatuta, dituzten helburuak betetzeko beharrezkoak iruditzen zaizkien aurrekari edo txosten guztiak eskuratu ahal izango dituzte idazkaritzaren bitartez.

13. artikulua.– Lantaldeen funtzionamendua.

1.– Behin osatuz gero, lantaldeak bilera egingo dute taldeko koordinatzaileak Kontseiluko Idazkaritzaren bidez izapidetutako deialdia eginez. Deialdiari agiriak, aurrekariak eta bilerako gai-zerrenda erantsiko zaizkio.

2.– Lantaldeen txostenak, azterketak eta proposamenak osoko bilkurak onartu beharko ditu. Osoko bilkurak lan horien emaitza alda dezake edo, egoki irizten badio, gaia lantaldeari itzul diezaioke era zabalagoan azter dezan.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko abenduaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala