Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2014ko urtarrilaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
321

3/2014 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hitzarmen bat, beherago zehaztutakoa, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako hitzarmen hauen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

– Errioxako Autonomia Erkidegoarekin lankidetzarako Protokolo Orokorra; I. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetzarako esparru hitzarmena Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiarekin, sektore estrategikoetan harremanak sendotzeko eta aliantzak egiteko; II. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetza-hitzarmena, Irungo Udalaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artekoa, informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko; III. eranskinean jasotzen da.

– Hitzarmena, Moreda Arabako udalaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artekoa, hizkuntza-prestakuntza eta normalizazioaren arloan izenpetutakoa; IV. eranskinean jasotzen da.

– Lankidetza-hitzarmena, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, larrialdiak kudeatzeko elkarlanaren arloan; V. eranskinean jasotzen da.

– Bilboko Metroaren 3. lineako (Etxebarri-Matiko linea) obrak egiten eta finantzatzen jarraitzeko Red Ferroviaria Vasca - Euskal Trenbide Sarearekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin egindako lankidetza-hitzarmena; VI. eranskinean jasotzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urtarrilaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 14KO 3/2014 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA ERRIOXAKO AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO LANKIDETZARAKO PROTOKOLO OROKORRA
HONAKOAK BILDU DIRA:

Alde batetik, Iñigo Urkullu Renteria jauna, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria; abenduaren 14ko 1673/2012 Errege Dekretuaren bidez izendatu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1977 Lege Organikoko 33. artikuluarekin bat etorriz.

Eta bestetik, Pedro Sanz Alonso jauna, Errioxako Autonomia Erkidegoko Presidentea; ekainaren 24ko 873/2011 Errege Dekretuaren bidez izendatu zen, Errioxako Autonomia Estatutuaren ekainaren 2ko 3/1982 Lege Organikoko 22.1 artikuluarekin bat etorriz, eta protokolo hau sinatzeko ahalmena du, protokoloa bera onetsi zuen Gobernu Kontseiluaren 2013ko azaroaren 22ko erabakia baliatuz.

Alderdi biek dagokien autonomia-erkidegoaren izenean eta ordezkari gisa esku-hartu dute, eta protokolo hau ezartzeko behar diren ahalmenak eta eskumenak aitortu dizkiote elkarri. Ondorio horietarako,

HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:

Autonomia-erkidego bakoitzak berari dagozkion eskumenen barruan dituen gaiak askotarikoak izanik, bakoitzak bere erantzukizunak modu eraginkorragoan bete ditzan elkarlana eta lankidetza printzipioak oinarritzat dituzten harremanak mantentzea komeni da.

Erkidegoaren ardura diren gai batzuk autonomia-erkidego jakin baten lurraldetik haratago hel daitezke eta, ondorioz, kasu horietan, tartean dauden autonomia-erkidegoek ekintza komunak egin behar dituzte.

Eskualdeen arteko lankidetza erkidegoen estatuaren konstituzio esparruan sartzen da eta pertsonen arazoei konponbide zehatzak emateko erabili behar da.

Errioxako Autonomia Erkidegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko harremanak bereziak dira, besteak beste, erkidego mugakideak direlako. Izan ere, harreman berezi horiei esker auzotasun onaren loturan sakondu daiteke eta bi administrazioen arteko koordinazioa hobe daiteke.

Errioxako Autonomia Erkidegoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak lurralde, historia, ekonomia eta kultur elementu batzuk partekatzen dituzte, eta horrela biztanleen onerako programak eta proiektuak errazago gauza ditzakete. Lankidetza estu horren emaitza bi erkidegoek 2013ko irailaren 12an sinatutako akordioa da, bietako biztanleen onerako izango diren osasun arloko programak eta proiektuak gauzatzeari buruzkoa.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 6.4. artikuluan zera ezarri da: protokolo orokor bezala izendatuko dira administrazio bakoitzak denen intereseko gai batean nola jardun zehaztuz jarraibide politikoak ezartzeko hitzarmenak, edo eskumenak elkarri lotuta dauden arlo batean edo guztientzat interesgarria den gai batean lankidetzan aritzeko esparru orokorra eta metodologia finkatzeko hitzarmenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoko 22.1 artikuluan hauxe ezarri da: «Autonomia Erkidegoak hitzarmenak egin ditzake beste autonomia-erkidegoekin beren bakarreko eskumeneko zerbitzu propioak kudeatu eta emateko».

Halaber, Errioxako Autonomia Estatutuko 14.1 artikuluak hauxe ezarri du: «Errioxako Autonomia Erkidegoak hitzarmenak egin ditzake beste autonomia-erkidego batzuekin edo foru araubidedun lurraldeekin bere eskumeneko zerbitzu propioak kudeatu eta emateko, Konstituzioaren 145.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eta Errioxako Parlamentuak zehazten duen prozedura betez».

Bi alderdiek dakite herri administrazioen arteko lankidetzaren eta jardunaren oinarriak direla elkarlana, leialtasuna, eraginkortasuna eta zerbitzua. Beraz, bakoitzaren eskumenak modu eraginkorrean baliatzeko behar diren laguntza aktiboa eta lankidetza eskainiko diote elkarri.

Hori dela eta, protokoloa sinatzen dutenek jasota utzi nahi dute berariaz mantendu eta areagotu nahi dutela bi erkidegoen arteko harremanetan orain arte izan den lankidetzaren espiritua.

Bi gobernuek ezarri dute lehentasun nagusi moduan politika jakin batzuk hobetzea, hau da, landa-garapenaren, ingurumenaren, nekazaritza-lehiakortasunaren eta nekazaritzako elikagaien lehiakortasunaren, babes zibilaren eta sektore produktiboko teknologia berrien esparruko politikak hobetzea. Autonomia-erkidego bien arteko lankidetzak aurrera egin behar du eta, horretarako, Lankidetzarako Protokolo Orokorra formalizatu behar da. Hona hemen protokoloaren klausulak:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Protokolo honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Errioxako Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetzarako oinarriak ezartzea, elkarlanean aritu daitezen protokoloan bertan jasoko diren jardun-esparruetan eta, betiere, bi erkidegoetako biztanleen onerako. Hots, protokolo honen bidez bi erkidegoen interesak beteko dira arrazionaltasunez, soiltasunez, gardentasunez eta baliabideak aurreztuz.

Bigarrena.– Jardun-esparruak.

Bi erkidegoek adierazi dute prest daudela bientzat interesgarriak diren gaietan lankidetzan aritzeko mekanismo bereziak ezartzeko, eta batez ere hurrengo jardun-esparruetan aritzeko:

Bat.– Landa-garapena, nekazaritza-lehiakortasuna eta nekazaritzako elikagaien lehiakortasuna.

Bi administrazioek bultzatuko dituzte informazio eta lankidetza bideak, landa-garapenari lotutako programen aplikazioa hobetu eta eraginkorragoak izan daitezen.

Nekazaritzako eta nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna hobetze aldera, urtero koordinazio bilerak ezarriko dira, eta nekazaritzari eta nekazaritzako elikagaiei lotuta dauden ikerketa proiektuetan eta laborategiko lanetan lankidetzan aritzeko bitartekoak garatuko dira.

Mahastizaintzako eta ardogintzako sektorean, bi administrazioek batera lan egingo dute sektore honen alde, baina betiere Rioja Jatorri-deitura Kalifikatua Arautzeko Kontseiluak dituen eskumenak errespetatuta. Horretarako, koordinatzeko aldizkako bilerak areagotuko dira, Riojaren sektoreari laguntzeko politikak bultza daitezen; bestalde, sektore horren ospea mantentzeko, duen kalitatea hobetzeko eta merkatu berrietan sartzeko erabakiak hartuko dira. Nafarroako Foru Komunitatea ere gonbidatuko da bilera horietan parte hartzera, erkidego hori ere sartuta dagoelako Rioja Jatorri-deitura Kalifikatuan.

Era berean, bi administrazioek defendatuko dute benetako nekazaritza-jarduerari eta zuzeneko laguntzei lotuta dauden sektoreen lehiakortasunari lehentasuna ematen dien Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) aplikatzeko eredua.

Batera jardun behar dute azukrearen sektoreari laguntzeko, bi autonomia-erkidegoentzat delako sektore hori garrantzitsua. Eskualde jakin batzuetan azukre-erremolatxaren laborantza funtsezkoa da.

NPB berritzean laborantza mota hau arriskuan geratuko da, berrikuntza horren ondorioz ez delako laguntzarik emango berregituraketetarako eta 2017tik aurrera desagertuko diren azukrearen kuotetarako. Hori kontuan hartuta, bi administrazioek bat egingo dute eta laborantza mota hori defendatuko dute. Sektorea NPB berriaren laguntza elkartuetan sar dadila defendatuko dute, laguntzak jasotzen jarrai dezan eta, horrela, nekazariek laborantza honekin jarrai dezaten. Horri lotuta, gainera, bi gobernuek elkarri emango diote duten informazioa eta esperientzia, gero ustiategien produktibitatea hobe dezaketen ekintzak gauzatzeko. Izan ere, ustiategiak lehiakorragoak izan behar dira 2017rako aurreikusi den kuoten liberalizazioari begira. Zentzu horretan, laborantza hori ekoizten duten beste eskualde batzuen laguntza ere bilatuko da, batez ere Gaztela eta Leonena.

Bi.– Ingurumenaren babesa.

Bi administrazioek uste dute ingurumenaren babesak lehentasuna duela. Bada, horri lotuta, arlo horretan elkarlanean aritzeko eta elkarri laguntzeko mekanismoak ezarriko dira, bereziki bi erkidegoetako gune mugakideetan. Izan ere, eta natura-ondarea artatzeko xedearekin, koordinatuta lan egitera eta elkarri laguntzera bideratutako ekimenak proposatuko dira eta elkarri emango diote inguruko estazioetan airearen kalitateari buruz dagoen informazioa, inguruaren zaintza eta ingurumena hobetzeko.

Hiru.– Ekoizpenaren esparruan funtsezkoak diren teknologiak.

Errioxako eta EAEko gobernuak elkarlanean arituko dira enpresa tradizionalen lana erraztu dezaketen funtsezko teknologiei (Key Enabling Technologies) buruzko ezagutzak hobeto transferitzeko eta haien lehiakortasuna hobetzeko.

Horretarako, eragile desberdinak aipatu teknologien erabilerak dakartzan onuren gainean sentsibilizatzeko, informatzeko eta trebatzeko ekintzak garatuko dituzte biek batera, eta gero ekoizpenaren esparruan aplikatuko dituzte. Eragileek elkarlanean aritzea ekarriko duten proiektuak ere jarriko dituzte martxan, sinergiak sortzeko eta aukera berriak aprobetxatzeko.

Lau.– Hezkuntza.

Hezkuntza oinarrizkoa da gure gizartearen garapenerako. Bada, esparru horri dagokionez, Errioxak eta EAEk elkarrekin lan egingo dute hezkuntza hobetzeko esperientziak eta proiektuak aplika ditzaketen esparru guztietan. Bereziki, Lanbide Heziketan jardunbide komuna mantenduko dute, hezkuntza sistemako esparru hau funtsezkoa delako gazteen prestakuntza eta enplegagarritasuna hobetzeko eta, era berean, gure ekoizpen esparruaren lehiakortasuna hobetzeko.

Bost.– Kultura eta turismoa.

Errioxak eta EAEk mahatsondoari eta mahastiari lotutako baliabide natural eta turistiko berdinak dituzte, mendeetan zehar gizonak naturarekin izan duen elkarrekintzaren ondorioz. Elkarrekintza horrek, hain zuzen, ondare material eta ez-material aberatsa sortu du. Bi lurraldeek dute lehentasun modura ezarrita paisaia kultural hori babestea eta lehen mailako baliabide turistiko moduan bultzatzea.

Errioxak eta EAEk batera lan egingo dute ondarea, enoturismoa eta gastronomia aberatsaren jatorri diren kalitatezko produktuak kulturaren eta turismoaren esparruan sustatzeko behar diren ekintza guztietan. Bi lurraldeek dituzte baliabide horiek guztiak, eta nabarmen lagun dezakete lurraldeen garapen sozioekonomikoan.

Sei.– Babes Zibila.

Protokoloa sinatzen duten alderdiek berariaz adierazi dute elkarlan aktiboa izango dutela pertsonei, ingurumenari edo ondasunei egindako kalteak saihesteko, murrizteko edo zuzentzeko. Mota guztietako baliabideak erabiliko dituzte horretarako, baita gune mugakideetako edo bi administrazioen baterako jarduna komenigarria den guneetako elementu naturalak ere.

Bestalde, bi erkidegoetan segurtasun publikoari lotuta dauden prebentziorako eta erantzuteko mekanismoak hobetzeko politikak harmonizatu nahi dira. Eta helburu horrekin, lehentasuna emango zaio honakoetan elkarlanean aritzeari:

1.– Larrialdietako deiei arreta emateko protokolo bat prestatzea; larrialdietarako telefono-zenbaki bakarra egongo litzateke, 112. Eta bi erkidegoetako gune mugakideetan kudeatzen diren operazioak koordinatzea.

2.– Arrisku-egoeretan elkarri laguntzea.

3.– Erreskateetan eta salbamenduetan biek batera ariketak eta simulakroak egitea.

4.– Gai horri buruzko ikastaroak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzea.

5.– Metodologiari eta planei buruzko esperientziak elkarrekin trukatzea.

Zazpi.– Bestelako gaiak.

Bi erkidegoek beste jardun-esparru batzuetan elkarlanean aritzeko mekanismoak ere ezarri ahal izango dira, eta mekanismo horiek formalizatzeko alderdiek Protokolo Orokor honetako eranskinak sinatu beharko dituzte.

Hirugarrena.– Lankidetzarako Protokolo Orokorraren garapena. Hitzarmen bereziak.

Lankidetzarako Protokolo Orokor honen bidez hitzarmen bereziak egingo dira egoki diren gaien eta jardun-esparruen arabera. Dagokion gaian eskumena duten arduradunek sinatuko dituzte hitzarmen horiek, eta formalizatu ahala, Protokolo Orokor honetan eranskin gisa jasoko dira, haren zati izanik.

Laugarrena.– Protokolo Orokorraren jarraipena.

Protokolo honetan ezarritakoaren jarraipena egiteko, alderdiek duten informazioa elkarri eman beharko diote, eta gero emaitzak ebaluatzeko eta baloratzeko txostenak egingo dira.

Ondorio horietarako, jarraipena egingo duen Lotura eta Koordinazio Batzordea eratuko da. Batzorde honek, hain zuzen, Protokolo honetan jasotzen diren neurriak aplikatu eta horien jarraipena egingo du. Behar beste aldiz bilduko da. Errioxako Autonomia Erkidegoko Presidentziako kontseilariak eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkari nagusiak koordinatuko dute, eta protokoloa sinatzen duten administrazioek izendatutako goi karguen kopuru paritarioa izango du.

Bosgarrena.– Indarraldia.

Protokolo Orokor honek sinatzen den egunetik izango ditu ondorioak, eta urtebeteko indarraldia izango du. Alabaina, indarraldi hori isilbidez eta epealdi berdinetan luzatuko da alderdiren batek berariaz salatzen ez badu. Baina salaketa jartzen bada, beste alderdiaren erabaki hori jakinarazten denetik sei hilabetera amaituko da indarraldia.

Alderdiren batek protokoloa salatu nahi badu, erabaki horren jakinarazpena bidali beharko dio beste alderdiari. Dena den, salaketa horrek ez du eraginik izango amaitu gabe dauden edo gauzatzen ari diren ekintzetan, baldin eta bi alderdiek berariaz deuseztatu ez badituzte behintzat.

Protokolo Orokor hau alderdi biek, adostasunez, aldatu ahal izango dute; horretarako, eranskina formalizatu beharko dute.

Hitzarmen hau izenpetuko duten alderdiek hitz eman dute bakoitzak bere autonomia erkidegoan araututako legezko prozeduren arabera izapidetuko duela hitzarmen hau.

Adierazitakoarekin ados daudela frogatzeko, Lankidetzarako Protokolo Orokor honen bi ale sinatu dituzte. Logroñon, 2013ko azaroaren 25ean.

Errioxako Autonomia Erkidegoko Presidentea,

PEDRO SANZ ALONSO.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 14KO 3/2014 EBAZPENARENA
LANKIDETZAREAKO ESPARRU HITZARMENA, IBEROAMERIKAKO IDAZKARITZA NAGUSIAREKIN, SEKTORE ESTRATEGIKOETAN HARREMANAK SENDOTZEKO ETA ALIANTZAK EGITEKO
BILDU DIRA:

Batetik, Enrique V. Iglesias jaun txit gorena, Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiko idazkari nagusia (hemendik aurrera SEGIB),

Eta bestetik, Iñigo Urkullu jaun txit gorena, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria,

ADIERAZI DUTE:

Kontuan hartuta Santa Cruz de la Sierrako hitzarmenaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera SEGIBek berezko nortasun juridikoa eta bere xedeak betetzeko behar diren egintzak eta kontratuak egiteko gaitasuna duela, Iberoamerikako Konferentziaren printzipioekin eta helburuekin bat etorriz.

Kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegorako Autonomia Estatutuaren 1. artikuluak honela dioela: «Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazgarri, eta bere burujabetasuna iristeko, espainol Estatuaren barruan Komunitate Autonomo gisa eratzen da. Beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da; eta Konstituzio eta Estatutu honetan adierazten direnak izango ditu oinarrizko instituzio-arautzat».

Adierazita lankidetzako harremanetan sakontzeko borondatea, bai eta elkarrekin lan egiteko eta SEGIBaren jarduerekin lotutako esperientziak elkarri trukatzeko aukerak esploratzeko borondatea ere; horrelakoek Iberoamerikako herrialdeen arteko lotura historikoak, kulturalak, sozialak eta ekonomikoak indartzen eta sustatzen laguntzen baitute, herrien aniztasuna aitortuta eta baloratuta.

Onartuta bi komunitateok, latinoamerikarra eta euskal komunitatea, beti elkartu dituzten lotura historikoak, kulturalak, sozialak eta enpresarialak.

Sinetsita bi aldeen arteko lankidetza-esparrua garatzen eta indartzen laguntzen duten tresnak ezartzea garrantzitsua dela, bai eta bion aurrerapen ekonomikoan eta sozialean benetan eragiten duten proiektuak eta ekintzak gauzatu beharra dagoela ere.

Honako klausula hauek osatuko duten hitzarmen hau sinatzen dute:

KLAUSULAK

1. artikulua.– Lankidetzaren xedea.

Hitzarmen honek Eusko Jaurlaritzaren eta SEGIBaren arteko lankidetzarako esparru bat formalizatzea du xedetzat, sektore estrategikoetan harremanak sendotzeko eta aliantzak egiteko.

SEGIBek eta Eusko Jaurlaritzak lan egingo dute bi erakundeok partekatzen dituzten helburuak lortzeko, interbentzio-esparruak definituz.

2.– artikulua.– Lankidetza-arloak.

Hitzarmen honen xedea lortzearren, lankidetza-ekintzak garatzeko konpromisoa hartzen dute aldeek, arlo hauetara bereziki bideratuta, baina ez mugatuta:

  • Herritarren berrikuntza.
  • Gobernuetan herritarren parte-hartzea, gizarte- eta kultura-berrikuntza bultzatzea teknologia digitalen bidez.
  • Herritarren parte-hartze aktiboa bultzatzea teknologia digitalen bitartez gizarte-errealitatea eraldatu nahi duten ekimen berritzaileetan, gero eta gizarteratze handiagoa lor dadin.
  • Gobernu irekiaren eta datu-irekieraren eremuetan, programak eta ekintzak diseinatzeari eta ezartzeari lotutako informazioa, bai eta jarraipenari eta ebaluazioari lotutako informazioa ere, partekatzea.
  • Gobernu irekiaren eta datu publikoen irekieraren harira bultzatzen diren lege- eta erregelamendu-ekimenekin eta, oro har, administrazio-araudiarekin lotutako informazioa partekatzea.
  • Gobernu irekiko, datu publikoen irekierako eta sare sozialetan egoteko politikak ezartzerakoan erabiltzen diren baliabide teknikoak partekatzea (plataformak, irizpideak, estandarrak, eta abar).
  • SEGIBaren arloko herri-administrazioen arteko ekimenak hedatzea sustatzea, bai eta aipatutako datuak berrerabiltzetik garatutako aplikazioak edo produktuak ere.
  • Sare sozialetan egoteari eta parte hartzeari, horiek sustatzeari eta bide horien bitartez herritarrekin komunikatzeko eta interakzioa izateko modua taxutu behar duten estilo-irizpideei buruzko esperientziak partekatzea.
  • Baterako proiektuak bultzatzea gobernu irekiaren, datu publikoen irekieraren eta horien berrerabilpenaren sustapenaren eta sare sozialetan egotearen eremuan.
  • Protokolo honen helburuarekin lotutako argitalpenak, azterlanak, saiakerak eta artikuluak bultzatzea eta hedatzea.
  • Bi aldeek protokolo honen helburu den eremuan bultzatutako politika publikoekin lotutako mota guztietako ikastaro, mintegi eta topaketa profesionalak antolatzea.
  • Bi aldeek, lankidetzan ari diren administrazio gisa, gobernu irekiaren, datu publikoen irekieraren eta berrerabilpenaren eta sare sozialetan egotearen eta parte hartzearen eremuan lortutako lanak eta lorpenak kanpoan hedatzen laguntzea, batera eta txandaka egoteko formulen bidez, nazioarteko foroetan egoteko eta parte hartzeko baliabideen eraginkortasuna hobetzeko.
  • Gobernu irekiarekin, datu-irekierarekin eta sare sozialetan parte hartzearekin lotutako proiektuetan laguntzea, horietarako finantzazioa lortzeko, nazioarteko funtsen kargura, edo sariak eta bereizgarriak lortzeko lankidetzan aritzea. Saririk edo bereizgarririk lortuz gero, bada, bi aldeek aurrez adostuko dute zer-nola banatu.
  • Gizonen eta emakumeen berdintasuna.

Informazioa, esperientziak, metodologiak eta jardunbide egokiak partekatzea, bereziki honako alderdi hauei dagokienez:

  • Administrazioaren politika eta ekintza guztietan, gobernantza hobetzeko osagai modura, genero-ikuspegia txertatzeko neurriak hartzea, gai hauei dagokienez: antolamendua eta bultzatzeko eta koordinatzeko egiturak; aurrekontuak; plangintza, estatistikak eta azterlanak; langileen gaikuntza, eta emakumeek zein gizonek modu orekatuan parte hartzea administrazio-organoetan.
  • Emakumeen ahalduntzea sustatzea.
  • Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzea eta prebenitzea.
  • Gizarteratzeko bitartekoen bidez (familia, ikastetxea, komunikabideak...) berdintasunaren aldeko balio-aldaketa bat bultzatzea.
  • Berdintasuna sustatzea enpresa-arloan.
  • Gizonek berdintasunaren aldeko konpromisoa hartzea.
  • Gazteria.

Informazioa, esperientziak, jardunbide egokiak, metodologiak partekatzea, bereziki gazteria-arloan Eusko Jaurlaritzak landutako bi proiekturekin lotuta:

  • Euskadiko Gazteak Lankidetzan:
  • - Gazteak sentsibilizatzea garapenerako lankidetza-ekintzetan.
  • - Ekintza horien garapena in situ ezagutzeko aukera ematea.
  • Gazteen Euskal Behatokia:
  • - Aholkularitza ematea eta azterlanen, txostenen edo jardunaldien proposamenak egitea.
  • - Gazteria-arloko ikerketa-lana zabaltzea.
  • Berrikuntza – Enpresa txiki eta ertainak.
  • Esperientziak partekatzea bultzatzea berrikuntzaren eta ekoizpen sektorearen lotura garatzerakoan, baita neurri integralak zehaztu eta abiarazterakoan (prestakuntza, eskuratzeko aukera, finantziazioa, sustapena, eta abar) enpresa horien alde.
  • Alde biek azterketa bat burutzea, Iberoamerikako merkatuari etekina atera diezaioketen itun estrategikoak identifikatzeko eta ezartzeko.
  • Aldeek hitzartzen duten beste edozer lankidetza-arlo.

3. artikulua.– Hitzarmenaren garapena. Hitzarmen espezifikoak edo ekintza-planak.

Lankidetza-hitzarmen honen ondoriozko jarduera zehatzak antolatzeari, gauzatzeari eta finantzatzeari buruzko baldintza bereziak kasuak kasu ezarriko dira dagokion hitzarmen edo tresna juridikoan; horretan, halaber, alde bakoitzak horiek egiteko hartutako betebeharrak zehaztuko dira.

Bi aldeek elkarrekin adostuta sinatuko dituzte hitzarmen horiek, eta formalizatu ahala hitzarmen honetan eranskin gisa sartuko dira, haren zati banaezin bat bilakatuta.

4. artikulua.– Aldeen konpromisoa eta Lankidetza Hitzarmenaren jarraipena.

Hitzarmen honen aldeek harreman egokia izango dute informazioa trukatzeko eta lankidetzan jarduteko, bakoitzak bere aldetik egindako interes komuneko gaiak konpontzeko.

Hitzarmen honetan, bai eta haren babesean etorkizunean egiten diren hitzarmen edota tresna juridikoetan ere, xedatutakoaren jarraipena honela egingo da: informazioa partekatuz, dokumentuak prestatuz, egiten diren jarduera eta planak koordinatuz, bai eta emaitzen ebaluazio eta baloraziorako txostenak eginez ere.

Hitzarmen honen jarraipena bermatzeko, jarraipen batzorde bat eratuko da, alde bien ordezkariek osatuko dutena. Aldeek izendatuko duten organo horrek hitzarmen honetan ezarritako klausulak betetzen direla zainduko du.

5. artikulua.– Ondorio finantzarioak.

5.1.– Hitzarmen honek ez dakar ondorio finantzariorik.

5.2.– Hitzarmen honen barruko jarduerak garatzeko finantzaketa behar baldin bada, aldeek kasu bakoitzerako horrela ezarri beharko dute espresuki, hitzarmen idatzi baten bidez; horretan alde bakoitzaren ekarpena zehaztuko dute. Edozelan ere, emandako funtsak haien erregelamendu eta arau finantzarioen arabera gauzatuko dira. Hitzarmen idatziak berau jarraitzeko lantalde edo batzorde bat sortu ahal izango du, betiere hori beharrezkoa edo komenigarria bada baliabideak eraginkortasunez erabiltzeko.

5.3.– Protokolo edo hitzarmen gehigarri bakoitzean ezartzen diren manuei kalterik egin gabe, baldin eta egindako jarduerek SEGIBaren finantzaketa badute, proiektua edo jarduera gauzatzen duten bitartean hark eskatutako memoriak edo txosten teknikoak eta ekonomikoak aurkeztu beharko dizkio erakunde onuradunak; halaber, egokiak diren bitarteko eta amaierako ebaluazioak ere egin beharko ditu SEGIBarekin batera. Azkenik, nahitaezkoa izango da jarduerak finantzatzen lagundu dutenen babesa aipatzea.

6. artikulua.– Jabetza Intelektualaren eskubideak.

Hitzarmen honetan zehaztutako lankidetza-jarduerak egiteko alde bakoitzak emandako materialen jabetza intelektualeko eskubideak eta, bereziki, egile-eskubideak haiek eman dituen aldearenak izango dira. Jarduerak batera egiten dituztenean, jabetza-eskubideak kasuak kasu zehaztuko dira Hitzarmen hau osatuko duten ekintza-planetan.

7. artikulua.– Prerrogatibak eta immunitateak.

Hitzarmen honen edo harekin lotutako edozer agiriren xedapenak ez dira inola ere ulertuko SEGIBaren eta haren funtzionarioen prerrogatibei eta immunitateei uko egitea modura.

8. artikulua.– Eztabaidak konpontzea.

Hitzarmen honen interpretazioari edo betetzeari buruz sortzen den edozer eztabaida aldeek elkarrekin adostuta konpondu beharko da.

9. artikulua.– Hitzarmenaren iraupena eta aldaketa.

9.1.– Hitzarmen honek ondorioak sortuko ditu sinatzen denetik aurrera eta bi urteko aldi batez; halaber, iraupen bereko aldiez luzatuko da automatikoki, aldeetako batek gutxienez amaitu baino hiru hilabete lehenago aurkakoa adierazi ezean.

Hemen adostutakoa eraginkorra izan dadin, bi aldeek agintzen dute lankidetzarako esparru hitzarmen hau izapidetuko dutela nor bere erakundean ezarritako lege prozeduraren arabera.

9.2.– Tresna hau elkarrekin adostuta baino ezin izango da aldatu, eta idatziz adierazi beharko da hori. Aldaketak jasotzen dituzten agiriak eranskin gisa gehituko dira hitzarmen honetara, eta haren zati izango dira.

9.3.– Hitzarmen hau alde biek adostuta amaitu ahal izango da, edota alde batek bukatu ahal izango du besteari jakinarazpen idatzia eginez gero; gutxienez hiru hilabete lehenago egin beharko du jakinarazpen hori. Horrelakoetan, egiteko bidean edo hirugarrenekin konprometituta dauden jarduerak bukatzera behartuta egongo dira.

Vitoria-Gasteiz hirian izenpetuta, 2013ko azaroaren 4an, bi ale, gaztelaniaz eta euskaraz, biak jatorrizkoak izanik.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

SEGIBaren izenean, Idazkari nagusia,

ENRIQUE V. IGLESIAS.

III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 14KO 3/2014 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, IRUNGO UDALAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ARTEKOA, INFORMAZIOAREN, ADMINISTRAZIOAREN ETA KUDEAKETA ELEKTRONIKOAREN ESPARRUKO ZERBITZUAK ELKARRI EMATEKO

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 2a.

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Josu Iñaki Ercoreca Gervasio, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren ordezkari moduan, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretutik datozkion eskumenak baliatuz -dekretu horren arabera sortu, ezabatu eta aldatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak, eta baita haien egitekoak eta jardun-arloak finkatu ere-; apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuko 18. artikuluaren arabera dagozkion eskumenak erabiliz -Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala dator zehazturik dekretu horretan-; eta betiere Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 26. artikuluan adierazitako eskumenekin eta indarreko legediak esleitzen dizkion guztiekin bat etorrita.

Bestetik, José Antonio Santano Clavero, Irungo Udaleko alkatea. Udalaren ordezko modura etorri da, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legea aplikatuz (7/1985 Legea, apirilaren 2koa), eta Toki Araubidearen gaietan indarrean dauden xedapenen Testu Bateginak esleitutako eskumenak erabiliz (apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartua).

Bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko lege-gaitasun nahikoa dutela aitortzen diote elkarri, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1996ko urtarrilaren 9an hartutako erabakian adierazitako baldintzak ere betetzen dira (hor dago zehazturik zein diren Jaurlaritzaren Kontseiluak baimendu behar dituen hitzarmenak).

AZALTZEN DUTE:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Irungo Udalak, besteak beste, honako betebehar hauek dituzte: herritarrei intereseko zerbitzuak eskaintzea, eraginkortasuna bilatzea baliabide publikoen erabileran, eta administrazio-tramitazioa sinplifikatzea, gardentasun-, parte hartze- eta lankidetza- printzipioekin bat etorrita.

Obligazio horiek bai EAEko Administrazioak bai Toki Administrazioak bete beharrekoak dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 1. artikuluan eta, bereziki, 2.1 artikuluan adierazi bezala. Horretarako, Toki Administrazioarekiko harremanen araubide berezia jasotzen da 9. artikuluan; harremanotan, gai honetan oinarrizkoa den legediari jarraituko zaio, eta, haren osagarri gisa, Legearen I. tituluan xedatutakoari.

Helburu horiek lortzeko ezinbestekoa da herri-administrazioen arteko lankidetza areagotzea. Hain zuzen ere, administrazioek informazioa trukatzeko sistemak sortu behar dira, hartara, herritarrei, izapideak egin behar dituztenean, datuen ziurtagiriak ekartzeko eskatu beharrik egon ez dadin.

2.– Horretarako, beharrezkoa da azkar eta eraginkorki aurrera egitea administrazio elektronikoaren garapenean, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legea benetan betetzeko. Izan ere, lege horren arabera, herri-administrazio guztiak beharturik daude beraiekiko harremanak elektronikoki gauzatzeko aukera ematera; eta, horretarako, ezinbestekoa da administrazio guztien eskura jarritako zerbitzu elektroniko batzuk edukitzea lehenbailehen, legez ezarritako betebeharra benetan betetzea lortu ahal izan dadin.

21/2012 Dekretu, otsailaren 21eko, Administrazio Elektronikoari buruzkoak dioenaren arabera, datuak eta dokumentuak ez emateko eskubidearen erabilera erraztearren, gainerako herri-administrazioekin hitzarmenak egitea sustatuko du Administrazioak, 11/2007 Lege, ekainaren 22ko, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoaren 9. artikuluan jasotakoari jarraikiz. Hitzarmen horietan, zenbait prozedura erabakiko dira, organo lagatzaileek ikus dezaten ea erabili den aipatu eskubidea, sarbide-eskaeren xede izan diren datu edo dokumentuei dagokienez.

Era berean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek ere parte har dezaten estatu- eta foru-administrazioekin izenpetutako hitzarmenen bidez formalizatutako zerbitzuetan, eta baita geroago erabakitzen direnetan ere, beharrezkoa da mekanismo egoki bat jartzea, autonomia-erkidegoko lurraldean kokatutako toki-erakundeek erraz balia ditzaten aipatu hitzarmenak, hori bai, zerbitzu bakoitzean erabiltzaileari ezarritako betebeharrak beti beteko direla bermatzen duen prozedura baten bidez.

3.– EAEko Administrazioak eta Presidentetzako Ministerioak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu zuten 2010eko urriaren 18an, administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko, eta EAEko Administrazioak SARA sarean sarbidea izatea dago haren aplikazio-esparruaren barruan. Sare horretan Presidentetzako Ministerioak eta autonomia-erkidegoek garatutako azpiegitura teknologikoak daude, eta nahi duten administrazio guztiek konektatzeko eta aplikazioak trukatzeko sistema bat erabiltzeko aukera ematen du. Hitzarmen horretako II. eranskinean esaten da EAEko Administrazioa konprometitzen dela toki-administrazioek, beraiek erabakitako teknologia, mekanismoak eta prozedurak erabiliz, SARA sarean sarbidea izan dezaten bideratu eta sustatzera.

4.– Gainera, aipatu 30/1992 legeak dio administrazioen betebeharra dela elkarri ematea beren eskumenak erabiliz garatzen duten jarduerari buruz behar duten informazioa, bai eta, era berean, dagokien esparruan, beste administrazioek beren eskumenak eraginkorki erabiltzeko eska ditzaketen lankidetza eta laguntza aktiboak elkarri ematea ere.

Horretarako, aipatutako 30/1992 Legearen 4.2 artikuluak dioen bezala, erakunderen bati zer edo zer eskatzen zaionean, herri-administrazioek haren esku dauden datuak, agiriak edo frogabideak eskatu ahal izango dituzte, eta, era berean, laguntza eskatu ahal izango dute beren eskumenak baliatzeko; horretarako behar adina bitarteko izan beharko dituzte, bereziki elkarri laguntzeko eta lankidetzan aritzeko beren eskumenen lurralde-esparrutik kanpo gauzatu beharreko egintzen tramitazioetan.

Sinatzaileek datu jakin batzuk behar izaten dituzte beren egitekoak burutzeko eta egokituta dauzkaten eskumenak erabiltzeko. Beraz, herri-administrazioen arteko harremanetan elkarri laguntzea nagusi izan behar dela kontuan hartuta eta beraien jardunean eraginkortasunaren printzipioa eta herritarrei zerbitzu eman beharraren printzipioa aplikatuta, aldeek uste dute beren arteko datu-trukea arautu behar dutela. Trukean baliabide informatikoak edo telematikoak erabiliko dira, eta, herri-administrazioek dauzkaten datuez den bezainbatean, herritarrei dagozkien bermeak eta eskubideak errespetatuko dira.

5.– Horregatik, bi aldeek argi ikusten dute zerbitzuak linean ematea sustatu behar dela, zerbitzuen, izapideen eta prozeduren elkarreragingarritasuna handitzeko.

Alde horretatik, sinatzaileek, bakoitzak bere eskumen-esparruan, beharrezkotzat jotzen dute administrazio elektronikoaren esparruko proiektuen koordinazioa sustatzea, eta haietatik etekinik handiena ateratzea izatea helburua, aldeek jarritako zerbitzuak erabiliz, eta, gisa horretan, administrazioen beharrak nahiz interes publikoa betetzea bilatuz.

Erabiliko den elkarreragingarritasun-sistemak aukera ematen du datuen transmisio elektronikoen bidez ordezteko paperezko ziurtagiriak eta beste frogagiri batzuk, eta trukatutako informazioaren benetakotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzen ditu.

Hori, bestalde, halaxe aginduta dago 30/1992 Legearen 35. artikuluan eta 11/2007 Legearen 6.2.b) artikuluan, onartu baitute herritarrek ez dutela zertan herri-administrazioek badauzkaten datuak eta dokumentuak atzera berriz ekartzen ibili behar.

6.– Aldeak elkarreragingarritasun-sistema ezartzearen alde daude, trukatutako informazioaren benetakotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzen baititu.

Helburu horiek lortzen eraginkorragoak izateko, eta herri-administrazioen arteko lankidetza- eta koordinazio-printzipioei jarraikiz, erabaki hau bereziki baliagarria da bi administrazio sinatzaileentzat.

Horregatik guztiagatik, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute.

KLAUSULAK

Lehena.– Xedea eta helburua.

Hitzarmen honen xedea da baldintza eta irizpide orokorrak finkatzea, sinatzaileek, alde batetik, ematen dituzten zerbitzu elektronikoen aprobetxamendu erkidea egin dezaten; eta, bestetik, informazioa truka dezaten beraien artean.

Horren ondorioa da zerbitzu jakin batzuk erabilgarri egotea, eta aldeetako bakoitzak emandako zerbitzuetarako sarbidea eta haien erabilera erkidea erraztea. Zerbitzu horiek hitzarmen honetan eta hitzarmeneko eranskinetan adierazi bezala emango dira.

Hitzarmenaren xede nagusia da herri-administrazioen esku dauden datuak eta agiriak ez emateko eskubidearen erabilera erraztea, ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 6.2.b) artikuluan adierazita dagoen bezala; hau da, pertsona interesdunak ados egon edo lege batek hala erabakiz gero.

Hala ere, hitzarmen honi esker, herritarrek emandako datuak egiaztatu edo begiratu egin ahal izango ditu Administrazioak, haien adostasuna izan behar gabe, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 11.2 eta 21. artikuluetan adierazitako moduan.

Bigarrena.– Aplikazio-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Irungo Udalak hitzarmen honetako eranskinetan zerrendatutako zerbitzuen funtzionalitateak baliatu ahal izango dituzte; eranskinak hauek dira:

  • I. Eranskina. Datuen transmisioa.
  • II. Eranskina. Estatuko Administrazio Orokorraren eta Udalaren arteko datu-bitartekotza.

Era berean, aldeek beste funtzionalitate batzuk ere baliatu ahal izango dituzte. Horretarako, beste funtzionalitate horiek beste eranskin batean edo batzuetan zehaztu, eta hitzarmen honetara bilduko dituzte. Sinatzaileek adostuko dute zeintzuk, baina, edonola ere, horretarako prozedurak derrigorra izango du bermatzea, beti, zerbitzu bakoitzean erabiltzailearentzat jarritako betebeharrak beteko direla.

Hirugarrena.– Informazio-trukearen arduradunak.

1.– Administrazio lagatzaile bakoitzak erabakiko du zein protokolo eta baldintza bete behar diren datuak trukatzeko eskaintzen diren zerbitzuetan sarbidea izateko. Datuak bitartekotza bidez trukatzeko eskabideak koordinatu, izapidetu eta kontuan izateko organo arduraduna hau da:

● Irungo Udalean: Administrazio elektronikoan eskuduna den organoa.

● Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan: Administrazio elektronikoan eskuduna den zuzendaritza.

2.– Datuen lagapena hartzen duen administrazio bakoitzak datuetara sarbidea izateko baldintzak beteko ditu, eta baimendutako administrazio-izapide eta -prozeduren esparruan lagatzaileak emandako informazioa eskuratu nahi duten pertsonen eta organoen sarbidea kudeatuko du. Datuak bitartekotza bidez trukatzeko eskabideak koordinatu, izapidetu eta kontuan izateko organo arduraduna hau da:

● Irungo Udalean: Administrazio elektronikoan eskuduna den organoa.

● EAEko Administrazioan: Administrazio elektronikoan eskuduna den zuzendaritza.

Laugarrena.– Baldintza teknikoak eta funtzionalak.

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa) hitzarmen hau aplikatuz egiten den datuen truke bitartekotuari aplikatuko zaizkio.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzorde Teknikoa.

Hitzarmen honetan eta eranskinetan erabakitakoaren kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko, Jarraipen Batzorde Tekniko bat eratuko da; kide hauek izango ditu: Irungo Udalak izendatutako bi pertsona, eta Eusko Jaurlaritzak izendatutako beste bi.

Jarraipen Batzorde Teknikoak ohiko bilkura bat izango du urtean. Horrez gainera, aparteko bilkura egingo du aldeetako batek eskatzen duen bakoitzean.

Jarraipen Batzorde Teknikoari dagokio hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sortutako arazoak konpontzea, bai eta alde sinatzaileei hitzarmenaren edozein aldaketa proposatzea ere.

Gainera, Jarraipen Batzorde Teknikoak hitzarmenaren funtsa ukitzen ez duten aldaketa teknikoak ezar ditzake.

Seigarrena.– Araubide ekonomikoa.

Lankidetza-hitzarmen honek ez du sortzen sinatzaileen arteko kontraprestazio ekonomikorik. Hala ere, aldeek beharrezko inbertsioak egin beharko dituzte beren instalazioetan, hitzarmen hau sinatuta beren gain hartu dituzten betebeharrak betetzeko, betiere berez egin ahal izanez gero.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori urtero luzatuko da automatikoki, gehienez ere hamabost urtera arte. Esku hartzen duen edozein administraziok berariaz denuntziatu ahal izango du hitzarmena, gutxienez iraungitze-data baino hiru hilabete lehenago.

Hitzarmenaren formalizazioa eta haren iraungipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta Irungo udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko dira.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren berrikuspena.

Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute hitzarmena berrikustea, bidezkotzat jotzen diren aldaketak egiteko.

Klausulak berrikusten badira, aldaketak aldeek sinatu beharreko gehigarri batean jasoko dira.

Gainera, aldeek, gehigarrien prozedura hori erabiliz, eranskinak sartzea itundu ahal izango dute, baina horrek ez du berekin ekarriko hitzarmeneko klausulak berrikustea.

Bederatzigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen honek araudi lokalari jarraituko zaio, eta, haren osagarri gisa, Azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeari.

Hamargarrena.– Gatazkak konpontzea.

Hitzarmen hau sinatu duten aldeek konpromisoa hartu dute hura betetzean sortzen diren gorabeherak elkar hartuta konpontzeko.

Hitzarmenaren garapenean eta betearazpenean aldeen artean auziren bat sortzen bada, eta bosgarren klausulan aipatutako batzorde teknikoak ezin badu konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan helegitea jarri ahal izango da, jurisdikzio hori araupetzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamaikagarrena.– Komunikazioa.

Aldeek hitzarmenaren beste sinatzailea ere aipatuko dute, bakarka zein batera hitzarmenaren gaiaz egiten dituzten komunikazio-egintza guztietan.

Hitzarmen hau Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko zaio.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmenaren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Irungo Udaleko alkatea,

JOSÉ ANTONIO SANTANO CLAVERO.

IV. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 14KO 3/2014 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, IRUNGO UDALAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ARTEKOA, INFORMAZIOAREN, ADMINISTRAZIOAREN ETA KUDEAKETA ELEKTRONIKOAREN ESPARRUKO ZERBITZUAK ELKARRI EMATEKO
I. ERANSKINA
DATUEN TRANSMISIOA

1.– Xedea.

Eranskin honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta udalen artean datuak transmititzeko baldintzak arautzea. Hortaz, bi aldeak informazioaren lagatzaile moduan nahiz lagatakoaren hartzaile moduan ari daitezke.

Lagatzaileak informazioa bere zereginetan diharduen bitartean biltzen du, administrazioa baitira, eta lagapen-hartzaileak, berriz, esleituta dauzkan eginkizunak betetzeko eskatzen du.

Nolanahi ere, informazioa indarreko arau-esparrua eta, bereziki, datu pertsonalen babesari buruzkoa errespetatuta eman eta eskuratuko da beti. Alde horretatik, trukatzen diren datu pertsonalak egokiak eta bidezkoak izango dira, eta ez gehiegizkoak, datu horiek lortzeko arrazoi izandako helburu jakin, esplizitu eta legezkoez nahiz esparruaz den bezainbatean, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 4. artikuluak xedatu bezala.

2.– Informazioa ematearen helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta udalen mendeko organoek eta erakundeek kudeatutako administrazio-prozeduretan interesa duten pertsonen datuak egiaztatzea, betiere aipatu prozedura horietan datu horiek baldintza badira.

3.– Informazioaren edukia.

Datuen lagatzaile bakoitzak elkarreragingarritasun-zerbitzuen katalogoa izan eta argitaratuko du lagapen-hartzaile diren erakundeentzat, nahi dutena kontsulta dezaten. Zerbitzu-katalogo horretan, zehatz jasoko dira trukatuko diren datuak, zerbitzuetara sarbidea izateko baldintza teknikoak, izapidetze-baldintzak eta lagapen-hartzaileak jakin beharreko beste edozein informazio.

4.– Informazioa transmititzeko baldintzak.

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa) aplikatuko dira datuen truke bitartekotuan.

5.– Datu pertsonalen babesa.

Aldeak honako hauetan xedatutakoak betetzera konprometitzen dira: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa; 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa garatzeko erregelamendua onartzen duena; eta Eusko Legebiltzarraren 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, hala nola hura garatzeko estatu- edo autonomia-mailako arautegia.

Aurrekoa oinarri hartuta, eta datuak kontsultatzeko, beharrezkoa izango da datuok nori buruzkoak diren begiratzea eta, gero, haren adostasuna izatea, lege-mailako arau batek kontsulta baimendu ezean. Baimena prozedura abiarazteko eskaeran agertu behar da, edo ondoko zeinahi komunikaziotan, sisteman kontsulta egin baino lehen eginez gero. Baimena modu sinesgarrian agerrarazten ez bada, ezin egin izango da kontsulta. Administrazio-prozeduren hasiera eskatzeko inprimaki edo formulario elektronikoak baimena jasotzeko prestatu behar dira.

Ematen diren datu pertsonalen arduradunak, informazioa laga baino lehen, fitxategi horiek behar bezala deklaratuta eduki behar ditu datuen babeserako kasuan kasuko agentzian. Tratamenduaz norbait arduratzen bada, aurreko arduradun horrek argibide egokiak emango dizkio datuetarako sarbidea eman dezan, hitzarmen honen xede diren zerbitzuak gauzatzeko.

6.– Informazioaren eskuragarritasuna.

Informazio-sistema asteko zazpi egunetako 24 orduetan egongo da eskuragarri.

7.– Ezingo da eskatu informazioa beste sistema batzuk erabiliz bidaltzeko, ez eta herritarrari eskatu ere, banan-banan, ekartzeko informazio hori.

1) Lagapena hartzen duen administrazioak ez dio, lagatzaileari, informazioa, hitzarmenean, eranskinetan edo aldeek ituntzen dituzten aldaketetan adierazitakoak ez diren beste bitarteko batzuk erabiliz bidaltzeko eskatuko.

2) Lagapen-hartzailea den administrazioak ez die eskatuko pertsona interesdunei lagatzaileak emandako ziurtagiriak edo bestelako agiriak aurkezteko. Aitzitik, informazio hori hitzarmen honetan ezarritako sistemaren bidez transmititzeko eskatuko dio lagatzaileari; non eta ez den ezinezkoa, arrazoi teknikoengatik edo antolamenduagatik, lagatzaileak informazio hori bidaltzea.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmen honetako I. eranskinaren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 2a.

Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Irungo Udaleko alkatea,

JOSÉ ANTONIO SANTANO CLAVERO.

II. ERANSKINA
ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ESTATUKO GAINERAKO ADMINISTRAZIOEN ETA UDALAREN ARTEKO DATU-BITARTEKOTZA

1.– Xedea.

Eranskin honen xedea da Estatuko Administrazio Orokorraren, eta Estatuko gainerako administrazioen, eta Irungo Udalaren arteko Datu Bitartekotza arautzea (Irungo Udala, aurrerantzean, Udala izango da). Bitartekotza hori Presidentetzako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak emateko izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren ondorio da.

Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan, 2007ko ekainaren 22an, 11/2007 Legea onartu zen, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa, eta, haren 6.2b artikuluan, herri-administrazioek dauzkaten datuak eta dokumentuak ez emateko herritarren eskubidea jasotzen da. Lege-aurreikuspen hori eraginkorra izan dadin, Ogasun eta Herri Administrazioko Ministerioak datu horien bitartekotza-plataforma bat garatu du.

Plataforma horri esker, interesa duten herri-administrazioek herritarren datuak automatikoki eta bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu ahal izango dituzte, dela aipatu dokumentuak ekartzeko betebeharra kentzeko, dela datu horiek egiaztatu ahal izateko, betiere lege batek horretarako gaitzen baditu, edo herritarrak baimena ematen badu. Presidentetzako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak emateko izenpetutako lankidetza-hitzarmenari jarraikiz, toki-administrazioek onura atera dezakete administrazio elektronikoaren esparruan garatutako sistemen elkarreragingarritasunetik, eta, Eusko Jaurlaritzaren bidez, sarbidea izan dezakete hitzarmen horretako eranskinetan zerrendatutako zerbitzuek ematen dituzten funtzionalitateetan, edo etorkizunean gehitzen direnetan. Eusko Jaurlaritzak egingo du bitartekotza, bai estatu-administrazioetan dauden datuak EAEko gainerako administrazioei lagatzeko; bai eta EAEko gainerako administrazio horietan dauden datuak Estatuko Administrazio Orokorrari eta estatuko gainerako administrazioei lagatzeko ere.

Kontuan hartuta beharrezkoa dela administrazioak lankidetzan aritzea herritarrei zerbitzu integratuak emateko, eta kontuan hartuta, halaber, 11/2007 Legearen 4.e artikuluan jasotako printzipioa, eranskin honen xedea da zehaztea zer baldintza bete behar diren administrazioen arteko datuen bitartekotza-zerbitzua erabili nahi denean, administrazio-zereginak betetzean beharrezkoak diren datuak kontsultatzeko, legeak eskatutako segurtasun-, osotasun- eta konfidentzialtasun-bermeak betez.

2.– Norainokoa.

Eranskin honen aplikazioak Udalaren mendeko organoen edo erakundeen edozein aplikazio informatiko datuen bitartekotza-zerbitzua erabiltzeko gaitzen du, hitzarmen honetan azaldutako eran.

Zerbitzuaren barruan dago esparru pribatuko datuak trukatzeko oinarrizko plataforma baterako konexioa, oinarrizko zerbitzu batzuk izatea eta segurtasun-politika erkide bat egotea, Euskalsarea sarera konektatutako herri-administrazioen aplikazioen artean informazio-truke segurua egiteko, dokumentu honetan jasotako ezaugarrien eta baldintzen arabera.

Ogasun eta Herri Administrazioko Ministerioaren bitartekotza-plataformak web-atari informatibo bat izango du, eskainitako elkarreragingarritasun-zerbitzuei buruzko dokumentazio guztia jasoko duena, honako hauek barne: erabilgarri dauden elkarreragingarritasun-zerbitzuen katalogoa, zerbitzuetara sartzeko informazio teknikoa, eta haietan sartzeko baimen-formularioak.

3.– Zerbitzu-emailearen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, berak ematen baitu zerbitzua, bere gain hartzen ditu honako betebehar hauek:

(i) Udalaren eskura jartzea herri-administrazioen arteko datuen bitartekotza-zerbitzua.

(ii) Zerbitzuak integratzen proba egiteko inguruneak edukitzea, azken erabiltzaileen eskura jarri baino lehenago ondo dabiltzala bermatzeko.

(iii) Udalaren integrazio- eta garapen-ekipoei beharrezko euskarria emateko mekanismoak prestatzea, udal horren aplikazioak zerbitzuekin integra daitezen.

(iv) Beharrezko baliabideak izatea zerbitzuen erabileraren ondorioz sortutako gorabeherak eta kontsultak kontuan hartu eta erantzun egokia emateko.

(v) Egindako eragiketen auditagarritasun-elementuak ematea, transakzioei uko ez zaiela egin ziurtatu ahal izateko.

(vi) Informazioa eta eskainitako bitartekotza-zerbitzuak behar bezala babesteko beharrezko segurtasun-neurri guztiak hartzea.

(vii) Bitartekotza-zerbitzuak ematearekin zerikusia duten datu guztien eskalagarritasuna, sendotasuna, eskuragarritasuna, osotasuna eta konfidentzialtasuna bermatzea.

4.– Zerbitzuen onuradunaren betebeharrak.

Udala, datuen bitartekotza-zerbitzuaren onuraduna izaki, honako hauek egitera konprometitzen da:

(i) Konektibitate- eta hedapen-lan egokiak egitea, bere bulego edo instalazioetatik datuen bitartekotza-zerbitzuan sarbidea izateko Euskalsarearen bidez.

(ii) Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean, hura garatzeko arauetan eta, bereziki, datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako benetakotasun-, konfidentzialtasun- eta osotasun-betebeharrak nahiz segurtasun-neurriak betetzea.

(iii) Zerbitzuen errendimendu- edo monitorizazio-probak egingo direla ituntzea Eusko Jaurlaritzarekin, datuak egiaztatzeko sistema hauen gainerako erabiltzaileentzako zerbitzuak beste batzuentzat baliagarri egotea arriskuan ez jartzeko.

(iv) Datuen hartzailea denean, adostasuna eskatzea herritarrei, datuak eskatzeko ahalmena ematen duen legerik egon ezean.

(v) Zerbitzua ondo erabiltzea, baimendutako kasuetan baliatuz.

(vi) Datuen bitartekotza-zerbitzuaren erabilera eta hartarako sarbidea erraztea, sustatzea eta bideratzea bere eskumen-esparruko erakundeei dagokienez, eta zerbitzuaren kalitatea bermatzea dagokion neurrian.

(vii) Zerbitzuaren sistema erabiltzaileak eta aplikazioen administrazio-prozesuak bateratzeko ezarritako prozedurak betetzea.

5.– Zerbitzuen kalitateari buruzko akordioa.

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak aplikatuko dira (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa).

6.– Erantzukizuna mugatzea.

Eusko Jaurlaritza edo haren hornitzaileak inoiz ez dira behartuta egongo beren gain hartzera zerbitzua gaizki erabiltzeagatik edo zerbitzurik ez izateagatik zeharka eragindako edozein kalte edo galera.

7.– Aipamenak.

Eusko Jaurlaritzak zerbitzuak erabiltzen dituzten erakundeen zerrenda argitaratu ahal izango du onuradunak aipatzen dituen edozein zerrendatan edo argitaratutako edozein prentsa-aldizkaritan, aurretiazko baimenik behar izan gabe.

Udalak zerbitzu horien erabilera aipatu ahal izango du, aurrez Eusko Jaurlaritzaren baimena lortu behar izan gabe.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmen honetako II. eranskinaren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 2a.

Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Irungo Udaleko alkatea,

JOSÉ ANTONIO SANTANO CLAVERO.

IV. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 14KO 3/2014 EBAZPENARENA
HITZARMENA, MOREDA ARABAKO UDALAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKOA, HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZA ETA NORMALIZAZIOAREN ARLOAN
PARTE HARTZEN DUTE:

Alde batetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren andreak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaria eta ordezkari gisa, eta

Bestetik, Miguel Angel Bujanda Fernandez jaunak/andreak, Moreda Arabako Udaleko alkatea eta ordezkari gisa.

ADIERAZI DUTE:

I.– 10/1982 Legeak (Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak) aitortzen du herritar orok eskubidea duela euskara nahiz gaztelania erabiltzeko herri-administrazioarekiko harremanetan, eta, ondorioz, administrazioari agintzen dio eskubide hori gauza dezan.

II.– 6/1989 Legeak (Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak), hizkuntza-normalizazioari buruzko tituluan, 10/1982 Legean ezarritako printzipio eta tresnak biltzen ditu. Legeak, halaber, hizkuntza-eskakizunaren figura sortzen du; horrela, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako lanpostuak betetzeko prozesuetan eta, oro har, hautaketa-prozesuetan, irizpide objektiboak izango dira euskara-maila baloratzeko.

III.– Urriaren 14ko 241/2003 Dekretuak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituenak) 15.1 artikuluan ezartzen duenez, erakunde horri dagokio, Euskalduntze Zerbitzuaren bitartez, «Euskadiko administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasuna sustatu, antolatu eta ebaluatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta horren garapeneko arauetan ezarritako moduan, hartara euskal administrazio publikoetan, beroriekin lankidetzan arituz, euskararen erabilera normalizatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntzaren normalizaziorako ezarritako planekin bat etorriz».

IV.– Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak) testu bakar batean biltzen ditu euskararen administrazio-erabilerari buruzko hainbat xedapen, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza-prozesuaren antolamenduari buruz Eusko Jaurlaritzak zenbait dekretutan emandako xedapenak.

V.– Moreda Arabako Udalak onartuta dauka hizkuntza-normalizaziorako plana, beti ere apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen du).

VI.– Hori guztia ikusita, Moreda Arabako Udalak Herri Arduralaritzaren Euskal erakundearen lankidetza eskatzen du indarrean dauden xedapenen arabera bete behar dituen hizkuntza-helburuak lortzeko.

Horregatik guztiagatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Moreda Arabako Udalak erabaki dute lankidetzan aritzea azken erakunde horren hizkuntza-normalizazioko lanetan. Horretarako, hitzarmen hau adostu dute, ondoko printzipioak eta jarduteko ildoak abiapuntu dituela.

HITZARMENAREN HELBURUA

Lehenengoa.– Hitzarmen honen bidez finkatu nahi da zein nolako harreman juridikoa izango duten Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Moreda Arabako Udalak beren artean, Ogasun eta Herri administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan ezarritakoetatik aplikagarriak direnei dagokionez. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Bigarrena.– Aurreko klausula horrek aipatzen duen harreman juridikoak honako jardute-esparruak izango ditu:

– Euskara-ikastaroak antolatzea: euskalduntze/alfabetatzeko eta 4. hizkuntza-eskakizunari dagokion hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak.

– Dirulaguntzak: euskara-ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko.

– Terminologia juridiko-administratiboa.

– Euskarazko administrazio-materialak prestatu eta erabiltzea.

EUSKALDUNTZE/ALFABETATZEKO ETA
4.HIZKUNTZA-ESKAKIZUNEKO HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZAKO IKASTAROAK

Hirugarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Moreda Arabako Udalaren esku jartzen ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren I. kapituluan jasotako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Laugarrena.– Ogasun eta Herri Administrazio Sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduaren bidez argitaratutako hitzarmen-eredua aplikatuz ezarritako ordu-kredituak 2006eko irailaren 30era arte izango dute balioa. Hortik aurrera, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren seigarren artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako parametroen arabera zehaztutako ordu-kreditua izango du langile bakoitzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Bosgarrena.– Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

Seigarrena.– Moreda Arabako Udalak, hitzarmen hau izenpetzearen ondorioz, onartu egiten ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduko hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak jaso ahal izateko baldintzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

EUSKARA-IKASTAROETARA DOAZEN LANGILEAK ORDEZKATZEKO DIRULAGUNTZAK

Zazpigarrena.– 1.– Udal-administrazioetako langileak euskara-ikastaroetara joatea errazagoa izan dadin, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dirulaguntzak emango ditu ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko, baldin eta ordezkapen horiek beharrezkoak badira.

2.– Dirulaguntzak horiek Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren II. Kapituluan ezarritakoari egokituko zaizkio; Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

3.– Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

TERMINOLOGIA JURIDIKO-ADMINISTRATIBOA

Zortzigarrena.– Administrazio-hizkera finkatzeko eskumena IVAPi dagokiola-eta, erakunde horrek Euskalterm datu-base terminologikoaren barruan bateratuz eta onartuz doazen termino juridiko-administratiboak jarriko ditu hitzarmen hau izenpetzen duten herri-erakundeen esku.

Moreda Arabako Udalak, IVAPek hala eskatzen dionean, bere eguneroko kudeaketan ohikoak diren administrazio-agirietan erabiltzen diren termino eta unitate lexikalak aurkeztuko ditu.

Moreda Arabako Udalak, idazten dituen administrazio-agirietan, IVAPek Euskalterm izeneko datu-base terminologikoan onartutako terminologia juridiko administratiboa erabiliko du.

EUSKARAZKO ADMINISTRAZIO-MATERIALAK PRESTATU ETA ERABILTZEA

Bederatzigarrena.– Moreda Arabako Udalak, IVAPekin elkarlanean, behar diren maiztasun-azterketak egingo ditu bere agirietan, eta, horrela, herri-erakunde horrek gehien erabiltzen dituen administrazio-agiri eta -espedienteak zein diren zehaztuko da. Ekimen horren bidez jakingo da zein idazki diren herritarren eta Moreda Arabako Udalaren arteko idatzizko harremanetan premia handiena dutenak euskara aldetik egokitzeko.

Moreda Arabako Udalak administrazio-agirien egokitzapenean antzematen dituen behar orokor eta zehatzak jakinarazi ahal izango dizkio IVAPi; horrelakoetan, bada, hizkuntza aldetik egokitzeko hautatu diren administrazio-agiri zehatzak eskuratuko dizkio. IVAPek, berriz, administrazio-idazki horien ereduak prestatuko ditu, eta Moreda Arabako Udalari bidaliko aztertu eta balora ditzan.

Administrazio-idazkien behin betiko proposamen guztiak, diren aurreko lerroaldean aipatutako bidez egindakoak nahiz IVAPek bere kabuz egindakoak, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen duten herri-erakunde guztiei igorriko zaizkie.

KLAUSULA OROKORRAK

Hamargarrena.– Hitzarmen honek, sinatuz gero, aurreko lankidetza-hitzarmena ordezkatuko du, dena delako herri-erakundeak hizkuntza-prestakuntzaren eta -normalizazioaren arloan IVAPekin sinatuta leukakeen hitzarmena, esan nahi da.

Hamaikagarrena.– Hitzarmen honek urtebeteko iraupena izango du, eta berez luzatuko da urtez urte, aldeetako batek ere ez badu berariaz adierazten bertan behera utzi nahi duela.

Hamabigarrena.– Hitzarmen hau bertan behera uzteko nahia adieraz lezake aldeetako edozeinek, bere aldetik, eta, hala eginez gero, bermatu egin beharko da hasitako jarduerak amaitu egingo direla. Nahi hori adierazi eta handik hiru hilabetetara amaituko da hitzarmenaren indarraldia.

Eta adostasun frogatzat, alde biek sinatzen dute hitzarmen hau, Vitoria-Gasteizen, 2013ko irailaren 25ean.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik,

MARIA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

Moreda Arabako Udalaren aldetik,

MIGUEL ANGEL BUJANDA FERNANDEZ.

V. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 14KO 3/2014 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO ORKORRAREN ETA HERRI ADMINISTRAZIO BATZUEN ARTEKOA, LARRIALDIAK KUDEATZEKO ELKARLANAREN ARLOAN.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko abenduaren 4an, bertaratu dira, alde batetik, Estefanía Beltrán de Heredia Arróniz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisa jarduten duena;

Eta, bestetik, Unai Rementería Maiz jauna, Lehendakaritzaren Ahalduna jauna, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta ordezkari gisa jarduten duena.

Duten ordezkaritzan eta hitzarmen hau emateko behar besteko ahalmenarekin,

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Larrialdiak Kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen xedea eta asmoa da Euskal Autonomia Erkidegoan larrialdiak kudeatzeko sistema integratua eta bateragarria beti erabilgarri egotea bermatzea. Sistema hori egokia izango da babes zibileko larrialdietan –katastrofeak edo hondamendiak– zein hain larriak ez diren egoeretan, betiere berorietan gizartean nahasmenik sortarazten ez badute eta funtsezko zerbitzuak lanez gainezka jartzen ez badira eta, pertsonen bizia eta osotasuna arriskuan egoteagatik, arreta koordinatua eta eraginkorra behar izanez gero.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, bakoitza bere eskumenen barruan, beren zerbitzuak ekintza hauek garatzera bideratzen dituzte:

● Pertsonen eta ondasunen eta ondare kolektiboaren segurtasunerako arriskuak ekar ditzaketen egoerak aztertzea eta ebaluatzea.

● Arrisku-eremuak identifikatzea eta beren mapak lantzea eta, bestetik, zer kalte egon daitekeen ebaluatzea.

● Arrisku potentzialengatiko kalteak gertatzeko posibilitateak gutxitzera bideratutako prebentzio eta autobabeserako neurriak hartzea, baita arrisku horietaz biztanleria informatzea eta sentsibilizatzea.

● Sortutako edo aurreikus daitezkeen ezbeharrei aurre egiteko erantzuna prestatzea, horretarako babes eta sorospenerako esku-hartze koordinatua programatzeko larrialdi-planak eta taktika operatiboak erabiliz.

● Alerta- eta transmisio-sistemak sustatu, sortu, mantendu eta kudeatzea, baita esku hartu eta sorosteko zerbitzuak ere.

● Lehengo sare sozioekonomikoa edo ingurumena berreskuratze aldera, katastrofeak edo hondamendiak jotako eremuak birgaitu edo berreraikitzeko programak lantzea.

● Herritarrak, enpresak eta erakundeak segurtasuna behar bezala bermatzeaz kontzientziatu eta sentsibilizatzeko programak prestatzea eta burutzea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen helburuak betetzeko eta dagozkien eskumenen esparruan, larrialdiak kudeatzeko sistema integratua eta bateragarria beti erabilgarri egotea bermatuko dute. Ondorio horietarako, beren harremanetan koordinazioaren, lankidetzaren, elkartasunaren eta leialtasun instituzionalaren printzipioen pean egongo dira. Bestetik, beren jarduerak egokituko dituzte mobilizatu ahal diren bitartekoen eta baliabideen osagarritasunaren eta subsidiariotasunaren arabera eta, planak aplikatzean, baita integrazioaren, gaitasunaren eta nahikotasunaren arabera ere.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari atxikitako TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalaren (IMSD) titularra da. Komunikabiderik seguru eta eraginkorrenetako bat denez, irizten diogu azpiegitura hori erabiltzea Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren barruan dauden herri-administrazioen arteko komunikazioa ezartzeko erarik egokiena dela.

Hori guztia dela eta, alderdi sinatzaileek erabaki dute lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea larrialdien kudeaketari eta arretari buruzko araudiak ezarritako esparruaren barruan.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen helburua da antolatzea herri-administrazio sinatzaileak nola sartuko diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarena den eta, halaber, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kudeatzen duen TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitala (IMSD) izeneko komunikazio-sarean eta; bestetik, larrialdietan lankidetza eta koordinazioa ahalbidetzen dituzten informazio- eta komunikazio-sistemen bitartez trukea egiteko mekanismoak aurreikustea.

Bigarrena.– Tetra Sarerako sarbidea.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak herri-administrazio sinatzaileari doan eskainiko dio TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalerako (IMSD) sarbidea administrazio horren zereginak betetzeko beharrezkoak diren komunikazioetarako, betiere larrialdien kudeaketaren eta arretaren eremuaren barruan.

Komunikazio-ekipoak (walkie-talkieak eta emisoreak) eta beren osagarriak eskuratzea eta mantentzea hitzarmen hau sinatu duen herri-administrazioaren kontura izango da eta sarearen mantentze-lanei eta egin litezkeen zabalkuntzei dagozkien gastuak, ordea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren kontura.

Irrati mugikorreko terminalak eskuratu, ezarri, kudeatu eta mantentze-lanak egiteko kontuan hartuko dira hitzarmen honen eranskinean aurreikusitako jarraibideak eta prozedurak.

Hirugarrena.– Interkomunikazioa.

Hitzartutako herri-administrazioaren eta TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalean (IMSD) sartutako beste talde edo agentzia edo zerbitzuen arteko komunikazioa aurretik zehaztutako flota-planen arabera egingo da. Plan horiek, hain zuzen, erabiltzaileen arteko akordioen bidez onartuko dira.

Laugarrena.– Geolokalizaziorako eta datu-baseetarako sarbidea.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak herri-administrazio hitzartuari haren baliabideak geolokalizatzeko beharrezko tresnetara sartzen utziko dio TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalaren (IMSD) edo beste aplikazio batzuen bitartez, era horretan kontsultak edo bestelako izapideak egiteko. Hala ere, hori bi alderdien artean berariaz sinatutako protokoloan zehaztuko den moduan baino ez da burutuko eta bakarrik larrialdien kudeaketa eta arretaren eremuan. Lehen aipatutako bitartekoetara sartzeko erabili beharreko irrati-terminalak beroriek baliatuko dituzten zerbitzuei loturik egongo dira horretarako prestatuko den erregistro baten bidez.

Horiek horrela, hitzartutako herri-administrazioak une oro eguneratuta izan beharko ditu bere larrialdi-zerbitzuei buruzko datuak.

Datu pertsonalak dauzkaten datu-base edo fitxategietarako sarbidea datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko araudiaren araberakoa izango da.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hitzarmena egoki aplikatzen dela bermatzeko Jarraipen Batzordea sortuko da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ordezkari batek eta herri-administrazio sinatzailearen beste batek osatuta.

Batzorde horren ardurak izango dira hitzarmena interpretatzean agertutako zalantzak argitzea, betetzean sor litezkeen desadostasunak konpontzea, hitzarmena nola doan ikuskatzea eta, beharrezkoa izanez gero, hobetzeko proposamenak lantzea.

Batzorde hau alderdi sinatzaileetako batek hala eskatzen duenean bilduko da eta, gutxienez, urtean behin.

Seigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen den egunean sartuko da indarrean eta 2013ko abenduaren 31 arteko indarraldia izango du. Dena den, automatikoki urte naturalka luzatuko da baldin eta alderdietako edozeinek berariaz salatzen ez badu, eta hori luzapena hasi baino gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko da frogatzeko moduan.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du eta interpretatu eta garatzeko herri-administrazioen arteko lankidetza-hitzarmenei aplika dakiekeen ordenamendu juridiko eta administratiboa bete beharko du.

Jarraipen Batzordeari emandako funtzioak bazter utzi gabe, bosgarren klausulan aurreikusita baitago, hitzarmen honen garapenean eta burutzapenean sor litezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren menpe egongo dira.

Zortzigarrena.– Eraginkortasuna.

Hitzarmen honek parte hartzen duten alderdiak behartuko ditu sinatzen den egunetik aurrera.

Eta azaldutako guztiarekin ados daudela eta onartzen dutela frogatzeko, alderdiek dokumentu honen bi ale sinatzen dituzte goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRÓNIZ.

Lehendakaritza ahalduna. Bizkaiko Foru Aldundia,

UNAI REMENTERÍA MAIZ JAUNA,

ERANSKINA
LARRIALDIEI AURRE EGITEKO ZERBITZUEN IRRATI MUGIKORREKO TERMINALAK -SEGURTASUN SAILEKO TETRA IRRATI MUGIKORREKO SARE DIGITALEAN JARDUTEN DUTEN HERRI ADMINISTRAZIOEN ZERBITZUAK BAITIRA- ESKURATU, EZARRI, KUDEATU ETA MANTENTZE LANAK EGITEKO PROZEDURA.

1.– Sarrera.

Dokumentu honetan irrati mugikorreko terminalak eskuratu, zabaldu, kudeatu eta mantentze-lanak egiteko oinarrizko prozedura jasotzen da. Terminal horiek Segurtasun Saileko TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalean larrialdien kudeaketa eta arretaren eremuan jarduten duten euskal herri-administrazio hitzartuenak dira. Jarraitu beharreko gomendioak eta prozedurak barne sartuta daude, baita zerbitzua modu hobezinean ematen dela lortze aldera prebenitzeko eta zuzentzeko ekintzak ere.

2.– Orokorra.

2.1.– Sarearen eskema.

Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien Atalak (IKTA), besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren (EJSS) Irrati Mugikorreko Sare Digitala (IMSD) kudeatu eta ustiatzeko eginkizuna du.

IMSD sarea, TETRA estandarra erabiltzen baitu, Segurtasun Sailaren Komunikazio Sareak bere gain dituen zerbitzuetako bat da. Izan ere, komunikazio-sare horrek garraiobide gisa jarduten du EAEn dauden banagune igorle/hartzaileak konmutazio-zentro erredundanteekiko (gaur egun Erandion eta Gasteizen daude kokatuta) interkonexioa ahalbidetzeko.

Konmutazio-zentroetan interkonexio guztiak egiten dira IMSD bidez egindako deiak –taldekakoak zein banakakoak- ezartzeko.

Sareko banaguneen erdiak Erandioko konmutazio-zentroarekin daude konektatuta eta beste erdiak Gasteizkoarekin. Konfigurazio horrek ahalbidetuko luke sareak funtzionatzen jarraitzea konmutazio-zentroetako bat eroriz gero, komunikazioak jardunean egongo bailirateke lurraldearen ia % 100ean.

Banaguneen hedapena eginda dagoen moduan horietako bakoitzaren estaldura-eremua ondokoari gainjartzen zaio. Horren ondorioz, konmutazio-zentro bati esleitutako banagune batek edo guztiek huts eginez gero, komunikazioek jardunean jarraituko lukete, estaldura-maila hondatu samar egon arren.

Gaur egun sare horren bidez hainbat agentziari zerbitzua ematen zaie, segurtasunaren zein larrialdien arloan. Agentzietako taldeen arteko deien pribatutasuna eta segurtasuna bermatuta daude TETRA sarearen egitura eta diseinuarengatik. Beste talde batek ezin dio edozein agentziatako ezein talderi kontrolik/entzuketarik egin, agentzia berekoa izan arren. Hainbat talderen arteko komunikazioa behar izanez gero, sistemak funtzio horiek burutzeko bitartekoak eskaintzen ditu, baldin eta beharrezkoak diren protokoloak eta akordioak ezartzen badira.

Lan egiteko modu hori tabulatu eta normalizatzeko, «flota-planak» izenekoak ezarri dira, non taldeen artean egon daitezkeen komunikazio-beharrak zehazten diren. Floten esparru-plana zehaztuta dago; hala ere, flota-plan horiek egoki daitezke beren agentziako taldeekin edo beste agentzia batzuetako taldeekin une jakin batzuetan elkarreragingarritasuna behar izan dezaketen erabiltzaileen arteko akordioen arabera. Behin ezarriz gero, terminalak onartutako flota-planaren arabera programatzen dira.

2.2.– Arreta.

Erabiltzailearen Laguntza Zentroa da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien Atalaren menpean baitago.

Bera dugu harreman-gune bakarra Segurtasun Sailak eskaintzen dituen zerbitzuekin loturiko gorabeherei, matxurei eta kontsultei arreta emateko, informatika-alorrean zein telekomunikazio-alorrean, eta bere helburua da gorabeherak erregistratzen direnetik konpondu arte egoki kudeatzea.

Burutzen dituen prozesuak hauek dira:

– Gorabeheren erregistroa, dei-egileek emandako datuak bilduta.

– Kasu batzuetan, gorabehera berehala ebatzi ahalko da; beste batzuetan, ordea, euskarri espezializatura igorriko da eta horrek telefonoz eta tokira joanda ebatziko du. Kasu horietan, jarraipena egin ahal izateko, erabiltzaileari gorabeheraren zenbakia emango zaio.

– Arazo hori arlo horretan espezializatuta dagoen euskarrira bideratzean, Arretak –erabiltzailearen aurrean gorabehera ebazteaz erantzulea baita- jarraituko du gorabeheraren prozesua monitorizatzen eta, horrenbestez, bilakaeraren jarraipena egingo du eta erabiltzaileari horren gaineko informazioa emango dio.

Arreta Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko erak.

Tel.: 94 607 81 51 Faxa: 94 607 81 75.

E- mail: arreta@hsdi.ej- gv.es

2.3.– Sarea Kudeatu eta Mantentzeko Zentroa.

Sarea Kudeatzeko Zentroa Erandion dago eta ardura hauek ditu:

– IMSD sistema maila teknikoan gainbegiratu behar du; hau da, gainbegiratu behar du kontrol-zentroak, banaguneak, sare-zabalgailuak, igorpen-postuak eta sistemaren edozein elementu jardunean egotea.

– TETRA sarearen mantentze-zerbitzua kudeatzea eta; horretarako, prebenitzeko eta zuzentzeko mantentze-lanak egoki egiten direla egiaztatuko du.

– Erabiltzaileei, terminalei, sareko elementuei eta komunikazioen segurtasunari buruzko sare-konfigurazioa kudeatzea.

– Sarearen zein terminalen funtzionamenduari buruzko estatistika orokorrak eta xehatuak eskuratzea.

– Zerbitzu-maila hobezina emateko helburuarekin, zerbitzuaren erabilgarritasunari, saturazioari, segurtasunari, kalitateari eta abarri buruzko parametroak aztertzea.

2.4.– Terminaletarako laguntza teknikoa.

Segurtasun Sailaren IMSD barruan irrati-terminal berriek jardun ahal izateko eta; bestetik, komunikazioen segurtasuna eta isilpekotasuna bermatze aldera, IKTAko zerbitzu teknikoek hasieratu behar dituzte; ekipoa jardunean egon dadin, atal horri baitagokio terminalaren eta sarearen konfigurazioetan parametro egokiak sortzea.

Programatu ondoren, terminalak jardun ahalko du Segurtasun Sailaren sarean, bakarrik larrialdien arretaren eta kudeaketaren eremuan eta sarbidea eman zaion dei-taldeetan, betiere bere profilari esleitutako flota-planaren arabera.

Terminala aldatu, konpondu edo beste baliabide batera lekualdatuz gero, zerbitzu teknikoek berriro programatu egin beharko dute.

Aurretik azaldutakoa oinarri hartuta, beharrezkoa izango da terminal berriak eta konponduta daudenak IKTAra igortzea eta; horretarako, kasu bakoitzerako egokiena den bidaltze-prozedura ezarriko da.

3.– Funtzionamendu-protokoloa.

3.1.– Terminalak eskuratzea.

Hitzarmen hau sinatu duen herri-administrazioa arduratuko da esleituta dauzkan funtzioak behar bezala betetzeko egokitzat jotzen diren terminalak eskuratzeaz.

Terminalek ETSIren TETRA zehaztapenak bete behar dituzte, eta nahitaez bete beharrekoak dira hauei lotuta daudenak:

– Komunikazio-protokoloa aire-interfazean, trunking moduan (V+D) eta zuzen moduan (DMO, bereziki modu eraginkorrean maiztasunean).

– TETRA vocoderra.

– Operadore-interfazeak eta kanpoko gailuak: MMI eta PEI.

– Segurtasuna: enkriptazioa TEA2 aire-interfazean eta terminal-autentifikazioa (edo epe laburrean zerbitzu hori sartzeko aukera).

– Handoverra edo gelaxka arteko deien transferentzia.

– Ekipoak eta elkarreragingarritasuna onartzeko probak. Motorolaren 5.2 Dimetra sistemaren bidez dokumentatutako elkarreragingarritasuna.

Funtzionamenduko maiztasun-bandek Espainian erabili beharreko UN- 28 araua, Maiztasunak Esleitzeko Koadro Nazionalekoa dena, bete beharko dute.

– Trunking moduan transmititzeko maiztasun-banda: 80- 385 MHz.

– Trunking moduan hartzeko maiztasun-banda: 390- 395 MHz.

– Zuzen moduan igortzeko maiztasun-banda: 380- 400 MHz.

– Irrati-maiztasuneko kanalaren banda-zabalera: 25 KHz. - Tx/Rx tartea: 10 MHz.

3.2.– Programazioa.

Dagokion administrazioak terminalak eskuratu eta gero, programatu egin beharko dira (Ikusi 2.4 atala).

Egiteko hori Segurtasun Sailaren ardura da eta IKTA bidez burutuko du, betiere Lankidetza Hitzarmenaren arabera egoki diren parametro tekniko eta operatiboak sartuz.

Behin programatuta, emisoreak instalatu ahalko dira.

3.3.– Emisore nagusiak eta ibilgailuetan emisoreak instalatzea.

Emisore nagusiak eta emisoreak ibilgailuetan instalatzea administrazio sinatzailearen ardura izango da eta; horretarako, IKTAren komunikazio-arloko zerbitzu teknikoen aholkularitza izango dute.

3.4.– Terminalei alta, baja ematea eta berriro programatzea.

Terminalen altak, bajak edo birprogramazioa egiteko IKTArekin harremanetan jarri beharko da.

– Terminalak eramangarriak (walkie-talkieak) izanez gero, ostera ere programatu ahal izateko, aldez aurretik eskatuta, IKTAk Erandion duen egoitzara bidaliko dira; hain zuzen, Komunikazio Arlora, non zerbitzu teknikoek programatu eta jatorrizko tokira berriro igorriko dituzten.

– Emisoreak izanez gero, finkoak zein ibilgailuetan instalatutakoak, IKTAk baimendutako enpresa instalatzaileak gure terminalen zerbitzu teknikora etorriko dira behar den programazioa jasotzera, era horretan berriro programatu beharreko emisoreetan instalatzeko. Lana amaituta, enpresa horiek sarea kudeatzeko zentroari abisatuko diote emisoreei sisteman alta emateko.

– Terminal bati baja eman nahi bazaio, Arreta Zerbitzuari abisatuko zaio eta berori harremanetan jarriko da sarea kudeatzeko zentroarekin baja emateko. Baja aldi baterako izan baldin bada eta berriro alta ematea nahi izanez gero, Arretari abisatuko zaio gaitzeaz arduratu dadin.

– Terminal bat (walkie-talkiea edo emisorea) matxuratuz gero, IKTArekin protokoloa ezarriko da ekipoetako datuak ezabatzeko, betiere sarearen segurtasuna arriskuan jarri ahal badute, konpontzeko asmoz fabrikatzaileari bidali baino lehen.

– Terminalak galdu edo lapurtuz gero, berehala Arreta Zerbitzuari abisatuko zaio sisteman baja emateko eta, horrela, ez egoteko terminal horretatik deiak egiterik edo jasotzerik.

3.5.– Datu-zerbitzuetarako sarbidea.

Segurtasun-arrazoiengatik eta sarrerak kontrolatu eta DBLO betetzeko, ezinbestekoa da datu-baseetarako sarbideak erregistratuta geratzea (zer informazio, nork egina eta noiz).

Hori dela eta, hitzarmenak datu-baseetara sartzeko IMSD bidezko funtzionalitateak jasotzen baldin baditu, nahitaezkoa izango da hitzartutako administrazio horiek erabiliko dituzten irrati-terminalak loturik egotea beroriek baliatuko dituzten zerbitzuei; hain zuzen, horretarako prestatuko den erregistro baten bitartez.

Erregistro horiek kontsultatu ahalko dira hitzartutako administrazioen erregistroan jasoko diren aukera berezien bidez. Asmo horrekin, sinatzaile bakoitzari sarbide-gakoa emango zaio, era horretan bakarrik beroriek hautatutako/baimendutako pertsonak sar daitezen beren sarbide-erregistrora eta terminal-esleipenera.

Hasiera batean, urtebeteko antzinatasuna duten erregistroak gordeko dira.

3.6.– Prestakuntza.

Erabiltzaileak TETRA sareko ekipoen eta zerbitzuen erabileran trebatzeko, IKTAk prestakuntza-saioak emango dizkio zerbitzu bakoitzeko erabiltzaile aurreratuen talde bati, eta beroriek arduratuko dira dagokion administrazioko gainerako erabiltzaileei ezagutza horiek transmititzeaz.

Nolanahi ere, edozein zalantza edo prestakuntza-saio berriak jasotzeko beharra direla eta, IKTA unean-unean hala eskatzen duenaren esanetara egongo da.

3.7.– Gorabeheren kudeaketa.

Irrati Mugikorreko Sare Digitalari loturiko edozein gorabehera dela eta, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien Atalak (IKTA) erabiltzaileei laguntza emateko Arreta izeneko zentroa du eta horrek, hain zuzen, ahalbidetzen du gorabeherak kudeatzeko aplikazio baten bitartez ekintza hauek burutzea:

– Gorabeherak erregistratzea.

– Jakinarazitako gorabeheren egoera kontsultatzea.

– Gorabehera bati informazio gehigarria eranstea.

– Jakinarazitako gorabehera baten konponbidea eskatzea.

– Gorabehera konponduta dagoela berrestea.

Era berean, administrazio hitzartu bakoitzak harremanetarako aurretik zehaztutako telefonoa edo pertsona adierazi beharko du; hain zuzen, Arreta Zerbitzuak solaskide bakarra izan dezan jakinarazitako gorabeherei buruzko informazio gehiago emateko edo biltzeko. Garrantzitsua da harremanetarako solaskide edo telefono hori bakarra izatea, era horretan zerbitzuen barruan bitarteko ugari izatea galarazteko.

3.8.– Osagarriak eskuratzea.

Transmisioen funtzionalitatearekin zehatz-mehatz zerikusirik ez duten osagarriak eskuratzea (zorroak, kargagailuak, etab.) hitzartutako administrazioaren kontura geratzen da. Transmisioen funtzionalitatearekin zerikusia izan dezaketen osagarriak eskuratzeko IKTAren berariazko baimena beharko da.

VI. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 14KO 3/2014 EBAZPENARENA
EAEKO ADMINISTRAZIO OROKORRA, RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREA ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, BILBOKO METROPOLI TRENBIDEAREN 3. LINEA (ETXEBARRI-MATIKO LINEA) FINANTZATU ETA ERAIKITZEKO OBREN JARRAIPENERAKO

Bilbao, 2013ko abenduaren 27a.

BILDU DIRA

Alde batetik, Ricardo Gatzagaetxebarria Bastida jauna eta Ana Oregi Bastarrika andrea.

Eta bestetik, José Luis Bilbao Eguren jauna.

ESKU HARTU DUTE:

Lehenengoak, Ogasun eta Finantzetako sailburu gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean; bigarrenak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean; eta, bestetik, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoaren lehendakari gisa, Administrazio Kontseiluak 2013ko martxoaren 14an egindako bileran baimena emanda.

Eta hirugarrenak, Bizkaiko Ahaldun Nagusi gisa, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Erakundeen Hautapen, Antolaketa, Araubide eta Jardunbideari buruzko otsailaren 13ko 3/1987 Foru Aginduaren 23.1 artikuluak ematen dizkion ahalmenak erabiliz.

Aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko beharrezko legezko gaitasuna onartzen diote elkarri, eta

ADIERAZI DUTE:

I.– 2008ko abenduaren 26an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zutela, Bilboko metropoli-trenbideko 3. linea (Etxebarri-Matiko linea) eraiki eta finantzatzeko.

II.– Hitzarmen hori sinatzean, alde guztiek uste zutela lehentasunezkoa zela Bilboko metropoli-trenbidearen 3. linea (Etxebarri eta Matikoren arteko linea) eraiki eta abian jartzea, baita garraio-sistema horren 4., 5. eta 6. lineak eraenduko dituzten urratsak finkatzea ere, legerian ezarritako eskumen-banaketaren arabera. Eskumen-banaketa hori, zehatz esanda, artikulu hauetan dago araututa: Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren 10.2 artikuluari dagokionez 10.32 eta 12.9 artikuluetan, eta Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean; eta lege hori, garraio arloari dagokionez, Euskadiko Garraio Agintaritza sortzeko abenduaren 15eko 5/2003 Legean ezarritakoak osatzen du; eta trenbide kontuei dagokienez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean ezarritakoak.

III.– Hitzarmen hau sinatu zeneko testuinguru politiko eta instituzionalean gainditua zegoen Bizkaiko Garraio Partzuergoari buruzko abenduaren 30eko 44/1975 Legea eta beharrezkoa ikusten zen lurralde historikoko garraio-sistema berriro definitzea, eta horretarako, oso garrantzitsua zen Bizkaiko Garraioaren Lurralde Agintaritza sortzea eta, ondorioz, Partzuergoa desegitea. Ddena dela, une hori iritsi bitartean, beharrezkotzat jo zen Eusko Jaurlaritzaren, Red Ferroviaira Vasca-Euskal Trenbide Sarearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza artikulatzea, baina 44/1975 Legea estatu-araudiaren eta horri jarraituz onartutako xedapenen arabera interpretatuz, bereziki, maiatzaren 21eko 6/2004 Legea, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearena. Izan ere, lege horren Bigarren Xedapen Gehigarriaren arabera, ETSri dagokio Bilboko metropoli trenbidearen linea berriak eraikitzea, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak izapidetu beharreko nahitaezko desjabetze-prozesuetan onuradun izatea.

IV.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea eratzen duen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 15. artikuluaren eta azaroaren 6ko 2/2007 Lege Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 7. xedapen gehigarriaren arabera, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak bere helburuetarako Euskadiko ondarean integratuta egongo den ondarea izango du eskura, besteak beste Bilboko Metroko linea berriak, zeinak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoari atxikitako ondarearen zati izatera igaroko baitira.

V.– Hitzarmen honen bidez arautu zela Bilboko metropoli trenbidearen 3. linearen eraikuntza-obrak nola finantzatu behar ziren. Bertan, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren onespenarekin, azpiegitura berriaren eraikuntza erdi bana finantzatzeko konpromisoa hartu zuten.

VI.– Proiektuan eta hitzarmenean bertan aurreikusitako finantziazioa 2012ko aurrekontu-ekitaldirako kalkulatu zela, aipatu hitzarmenaren laugarren klausulan adierazi bezala.

VII.– Hitzarmenean aurreikusitako urterokoak gainditu zirelarik, hitzarmenaren hemezortzigarren klausularen arabera, suntsiaraztea adostu zutela, eta, beraz, organo sinatzaileek amaitu gabeko kontratazio- eta desjabetze-espedienteei lotutako irizpideak ezarri behar zituztela.

VIII.– Hitzarmen honen barruan, Red Ferroviaria Vascoa-Euskal Trenbide Sarea ente publikoak 3. linearen zati hauek lizitatu zituela eta, hortaz, egiten ari dela:

● San Antonio Etxebarriko obra.

● Etxebarri-Txurdinagako obra.

● Txurdinaga-Alde Zaharreko obra.

● Uribarriko obra.

● Matikoko geltokiko obra.

Kontratu hauek amaitzeko epea 2015eko ekainaren 1era arte luzatuko da, eta 2012ko abenduaren 31ra bitartean ehun milioi lauehun eta berrogeita hamalau mila seirehun eta hirurogeita zortzi (100.454.668) euro erabili dira. Finantziazioa erdi bana ordaindu dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

Lizitatzeke daude Alde Zaharreko geltokiko obra, bai eta, besteak beste, sarbide mekanizatu, instalazio elektriko eta ekipamendu, komunikazio, seinaleztapen, seinaletika eta higigarrien kontratuak.

IX.– 2013ko martxoaren 21ean, aldeek hitzarmen bat sinatu zutela, eta, aldeek hala erabakita, 2008ko abenduaren 26an izenpetutako hitzarmena azkendu egin dela, eta amaitu gabeko kontratazio- eta desjabetze-espedienteei dagokienez jarraitu beharreko irizpideak ezarri direla, 2013ko ekitaldian zehar.

X.– Ekitaldi honetan abian dauden obrak finantzatzeko, hitzarmenean gutxi gorabeherako zenbateko hau ezarri zela: hogeita hiru milioi ehun eta hogei mila (23.120.000) euro. Zenbateko hori erdi bana ordainduko dute EAEko Administrazio Orokorrak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hau da, hamaika milioi bostehun eta hirurogei mila (11.560.000) euro ordainduko ditu administrazio bakoitzak.

XI.– 2013ko martxoaren 21ean izenpetutako iraungitze-hitzarmenaren bosgarren klausularen arabera: «Alde sinatzaileek Lankidetza Hitzarmen berri bat formalizatzeko konpromisoa hartzen dute, eta horren helburua izango da Bilboko metropoli trenbidearen 3. linea (Etxebarri-Matiko linea) finantzatu eta eraikitzeko baldintzak ezartzea, eta berau lehendik dagoen sisteman txertatzea, 2013ko irailaren 15a baino lehen».

XII.– Hitzarmen honek lurralde-administrazioek 2008an izenpetutako hitzarmenean ezarritako ildo orokorrak jarraitzen baditu ere, horren testua moldatu egin dela kontratazioaren alorrean eta egoera ekonomikoaren arabera izan diren araudi-aldaketak kontuan hartuta.

Beraz, hona hemen parte hartu duten administrazioek adostutako hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehena.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Bilboko metropoli-trenbidearen 3. linea (Etxebarri–Matiko linea), dokumentu hau sinatzen den egunetik aurrera, nola finantzatu eta eraikiko den, eta linea hori lehendik dagoen sisteman nola txertatuko den arautzea. Hitzarmen honek arautuko ditu gaur egun abian dauden obrak, abiaraziko direnak, baita Etxebarri-Matiko linean jada hasitako obrei dagokienez epe horretan egingo diren aurrekontu-aldaketak ere.

Abian dauden obrak:

● San Antonioko obra.

● Etxebarri-Txurdinagako obra.

● Txurdinaga-Alde Zaharreko obra.

● Uribarriko obra.

● Matikoko geltokiko obra.

Lizitatzeke dauden obrak:

● Alde Zaharreko geltokiko obra.

● Linearen sarbide mekanizatuen obrak.

● Linearen instalazio elektrikoen eta ekipamenduen obrak.

● Komunikazio-obrak.

● Seinaleztapen, seinaletika eta higigarrien obrak.

● Akabera-obrak.

● Beste kontratu batzuk.

Bigarrena.– Azterlanak egitea, 3. Linea eraikitzea, eta obren zuzendaritza eta ikuskapena.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoari dagokio eraiki beharreko trenbide-azpiegituren azterlan eta proiektuak idaztea (erakundeak berak edo hirugarren baten bidez), eta horren barruan sartuko dira proiektu teknikoak (bideragarritasun ekonomikokoa eta ingurumen-ebaluazioa barne), bai eta 3. linea eraikitzea (abiarazitako zatiak eta hastear daudenak, klausuletako lehenengoan aipatu bezala) eta horiek zuzendu eta ikuskatzea ere.

Proiektuak behin betiko onartu baino lehen, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren txostena eskuratu beharko da.

Era berean, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea arduratuko da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak horretarako onartzen dituen proiektuetako obrak kontratatu, zuzendu eta ikuskatzeaz.

Hirugarrena.– Inbertsioek, orubeak eskuratzeak eta desjabetzeek eragindako gastuak.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoaren betebeharra izango da hitzarmen honetako laugarren klausulan ezarriko denari jarraituz ematen zaizkion funtsetatik trenbide-linea horretan egin beharreko inbertsio errealaren gastua bere gain hartzea, hor sartzen direlarik azpiegitura eta obrak, orubeak eskuratzearen kostua eta egin beharreko desjabetzeena barne; desjabetze horiek eskumena duen Administrazioko organoak izapidetuko ditu, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, alegia.

Laugarrena.– Finantzaketa.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hitz ematen dute Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbidearen eskura jarriko dituztela, jarraian adierazitako moduan, abian dauden Etxebarri-Matiko 3. lineako obrak, lehenengo klausulan adierazitakoaren arabera abiarazteke daudenak eta obrak gauzatzeko behar diren zerbitzu guztiak finantzatzeko beharrezkoak diren funtsak. Halaber, proiektu bakoitzari dagozkion okupazioaren aurretiazko gordailutze, okupazio azkarragatiko kalte-ordain, balio justu edo desjabetze-espedienteen amaierako kalte-ordainei aurre egiteko beharrezko funtsak ere emateko konpromisoa hartzen du.

Abiarazitako espedienteei dagokienez, hitzarmen honen bitartez finantzatuko da 2008an formalizatutako hitzarmena suntsiarazi duen hitzarmenean adierazitako finantziazio-irizpideek ezarritakoak finantzatu ez dituenak, hala nola aipatu 2008ko abenduaren 26ko hitzarmenaren likidazio-akordioan jasotako obren ondoriozko kontratuen gorabeherak.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jarraian adierazitako kopuruaren % 50 ordaintzeko konpromisoa hartzen dute. Bizkaiko Foru Aldundiari dagokion zenbatekoa honako identifikazio hau duten ekitaldi ekonomikoko aurrekontu-partidetatik ordainduko da: 96.03 Zentro Kudeatzailea, 510301 programa, 74300 azpikontzeptua, 2008/0163 PEP eta 2013/0032 PEP, aurrerago zehazten denaren arabera.

Eusko Jaurlaritzari dagokion zenbatekoa ETSren kapital-laguntza gisa ordainduko da, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontuko 09 5133 31 71301 partidatik.

Hitzarmen honen ondorioz Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu beharrekoak diren urte anitzetarako ordainketa-kredituak eta konpromiso-kredituak bakoitzak bere aurrekontuetan sartu ahal izan ditzan egindako aurreikuspenen arabera, honako urteroko hauek ezarri dira 2013-2016 urteetarako:

(Ikus .PDF)

Urteroko horiek Plan Ekonomikotik atera dira, eta bertan ezartzen da 3. linearen finantziazioaren zenbateko osoa, gehienez, berrehun eta hirurogeita hemeretzi milioi eta lauehun eta hirurogeita zazpi mila hiruehun eta hirurogeita hemeretzi (279.467.379) eurokoa izango da. Zifra horiek urtero berrikusiko dira, ezarritako edo kontratuen Baldintza Berezietan ezarritako Prezioak Berrikusteko Indizeen arabera.

Prezioak Berrikusteko Indizeak aplikatzearen emaitzak Administrazio bakoitzaren aldetik beronen gaikuntzaren ondoriozko izapide administratiboak eragingo ditu, eta horiek ezingo dute gehienezko aurrekontua areagotu edo hitzarmen honen testua aldatu.

Kontratu-gorabeheren ondorioz aurreikusitako urterokoak birmoldatu behar diren kasuan (adierazitako gehienezko zenbatekoa aldatu gabe), birmoldaketa hori administrazio bakoitzaren organo eskudunek onartuko dute, hitzarmen hau aldatu behar izan gabe; baina urterokoak birmoldatzeak finantziazioaren zenbateko osoa handiagotzea eragiten duenean hitzarmenaren testua ere aldatu egin beharko da.

Bizkaiko Foru Aldundiak 15.400.000 ordainduko ditu 2013an, hitzarmen honetarako, 06.03 Zentro Kudeatzailea, 510301 programa, 74300 azpikontzeptua eta 2013/0032 PEP aurrekontuko partidaren bitartez. Zenbateko hori hitzarmen hau sinatzerakoan ordainduko da. ETSren betebeharra izango da, beraz, 2013an zehar eta 2014ko lehenengo hiruhilekoan, egindako aurrerapena justifikatzeko dokumentazioa aurkeztea (ziurtagiriak, akta, etab.). Bertan zehaztuko da guztizkotik Aldundiak ordaindu beharreko zatia. 2014ko uztailaren 1ean ez bada behar bezala justifikatu hitzarmen hau sinatzean ordaindutako zenbateko osoa, justifikatzeke dagoen zatia itzultzeko prozedurari ekingo zaio, indarrean dagoen araudiaren arabera, edo Bizkaiko Foru Aldundiak 2014ko ekitaldi horretan ordaintzeko konpromisoa hartu zuen zenbateko hori konpentsatuko da.

BFAk ETSari 2014tik 2016ra bitarteko urterokoetan 06.03 Zentro Kudeatzailea, 510301 programa, 74300 azpikontzeptua eta 2008/0163 PEP aurrekontuko partidaren bidez egin beharreko ordainketak burutuko dira Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak egin beharreko ordainketen frogagiria aurkezten dionean (ziurtagiriak, aktak, etab.) BFAren Herri Lan eta Garraio Sailari, eta bertan zehaztuko da Aldundiak guztizkotik ordaindu beharreko zatia.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren aurrekontua.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoak jarraipen-batzordea osatzen duten Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko ordezkariei eta Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Saileko ordezkariei, obra honek eskatzen dituen kontratazio-espedienteetan (zerbitzuak, obrak, etab.) Prezioak Berrikusteko Indizeak aplikatuta zer emaitza ateratzen den jakinaraziko die, bai eta hitzarmen honen laugarren eta zortzigarren klausuletan ezarritakoaren ondorioz zer kontratu-gorabehera gertatzen den.

Halaber, kontratazio-organoak Prezioen Berrikusteak eta kontratuak gauzatzean gerta daitezkeen gorabeherak (aldaketa, obra gehigarriak, likidazio-gehiegikeriak) onartu aurretik, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak horiek finantzatzeko nahiko kreditu dutela adierazten duten justifikazio-dokumentazioa emango dute.

Bilboko metropoli-trenbidearen 3. linea (Etxebarri-Matiko linea) eraikitzeko obrak amaitu eta dagozkien jasotze-aktak sinatutakoan,Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak amaierako obra-ziurtagiriak egin eta aplikatzekoak diren prezioen berrikusketarako formulen behin betiko indizeak jakindakoan, hau da, horretarako beharrezkoak diren datuak ezagututakoan, sinatu duten administrazioek horretarako gordetako funtsetik ordaindu beharreko benetako gastuen justifikatutako kalkulua egingo du. Ente publikoaren esku jarritako funtsak gehiegi edo gutxiegi badira, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak eta administrazio sinatzaileek dagokiena konpentsatu beharko diete elkarri.

Obren berme-epea igarotakoan, jasotakoan Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen ondare izatera pasako denez, ohiz kanpoko kontserbazio-gastuetan akatsik balego, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak baino ez lituzke bere gain hartuko.

Seigarrena.– Abian dauden kontratuei eta lizitazio berriei dagozkien datuak lagatzea.

Abian dauden kontratuei dagokienez, honako hau igorriko da: kontratazio-organoak adostutako akordio guztiak eta kontratuaren prezioan behera edo goranzko ondorioak dituztenak edo exekuzio-obren epean ondorioak dituztenak, baita egindako lan edo obren jasotze-aktak ere. Beraz, honako hau igorriko da: prezioen berrikusketak, kontratuen aldaketak, osagarriak, exekuzio-epeen luzapenak, kontratuen luzapenak, amaierako ziurtagiriak eta kontratu-likidazioak eta berme-itzuleren akordioak, etab. Halaber, abian dauden obra-kontratuen kasuan, ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieranlan-programaren laburpen eguneratua igorriko da.

Egin beharreko lizitazio berrien kasuan, kontratuen esleipen berriak egin eta kontratuak sinatutakoan, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak hitzarmen hau sinatu duten administrazioei igorriko die adostutako ebazpenak eta honako datu hauek:

– Zein proiekturi dagokion.

– Kontratuaren izenburua eta xedea.

– Zein programari dagokion.

– Egiten hasteko aurreikusitako eguna, eta kontratua burutzeko epea.

– Lizitazio-prezioa, urterokoak eta aurreikusitako balioa, honako hauei dagokien zenbatekoa zehaztuta: baldintzetan aurreikusitako aldaketak, luzapenak edo bestelako edozein aukera.

– Esleipen eguna.

– Esleipenduna zein den.

– Erabilitako kontratazio-sistema (lizitazio-prozedura, hautatzeko modua eta kontratu-espedientearen izapide mota).

– Esleipenaren zenbatekoa, esleipen-koefizientea eta eratutako behin betiko bermearen zenbatekoa.

– Prezioen berrikuspena ordainduko den.

– Formalizatutako kontratuaren kopia bat.

– Izenpetutako aseguru-polizak adieraztea.

Kontratuak abiarazitakoan, klausula honen lehen paragrafoan adierazitako informazioa igorriko da.

Aurretik aipatutakoa gorabehera, hitzarmen hau sinatzen duten lurralde-administrazioek hitzarmen honek barne hartzen dituen finantzatutako kontratuen espedienteetako informazio oro jaso ahal izango dute, eta, beraz, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak klausula honen ondorioetarako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 4. artikuluko terminoen arabera ahalik eta azkarren bidaltzeko konpromisoa hartzen du.

Zazpigarrena.– Ziurtagiriak ordaintzea.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak kontratuek eragindako zenbatekoak ordainduko ditu kontratazio publikoari buruzko legeriaren ondorioz ezarritako epeen barnean.

Zortzigarrena.– Kontratu-gorabeherak.

8.1.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak, kontratazio-organo gisa, administrazio sinatzaileei jakinaraziko dizkie kontratazioaren garapenean gertatzen diren gorabeherak (aldaketak, obra osagarriak, likidazioetan gehiegikeriak, etab.) eta horien zenbatekoan beherako edo goranzko eragina dutenak. Horren helburua da administrazioak jakinaren gainean egon eta aurrekontua onartu eta gaitzea, horiek urteroko bakoitzean ezarritako kantitateak edo Plan Ekonomikoan aurreikusitako gehienezko finantziazioaren zenbatekoa gainditu badituzte; kasu horretan, hitzarmen hau moldatu egin beharko da.

Horrez gain, gertatutako gorabeheren ondorioz kontratuaren prezioa igo egiten bada (kontratu honen baliogabetzea eragin gabe) eta, beraz, ekitaldian zehar Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearentzat aurreikusitako funtsak gainditzen balira (proiektu honen finantziazioaren gehienezko zenbatekoa gainditu gabe), eta sinatutako administrazio bakoitzaren zerbitzu tekniko eta ekonomikoek berrikusita, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila eta Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak aurrekontuak aldatzeko beharrezkoak diren neurri eta zehaztapenak hartuko dituzte, eta erdi bana ordainduko dute areagotutako zenbatekoa, bai eta aldatutako urterokoaren aldaketa ere.

Halaber, gertatutako gorabeherak proiektu honi esleitutako kantitatea gaindituko balu, halabeharrez nabarmen aldatuko da hitzarmen hau eta, beraz, Administrazio Orokorrak eta Bizkaiko Foru Aldundiak beharrezko izapideak egingo dituzte berau adosteko, baita beharrezko aurrekontua gaitzeko ere, bakoitzari ordaintzea dagokion % 50aren arabera.

8.2.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen eginkizuna izango da obrak zuzendu, ikuskatu eta zaintzea, dagozkion berme-epeak amaitu bitartean, eta organo eskudunen bitartez egingo ditu kontratazio-organoaren berezko eskumenak. Egiteko horien artean sartuko dira:

– proiektuaren plangintza eta kontrol globala, arreta berezia eskainiko zaio horiek berrikustea lizitazioaren aurretik, gerta daitezkeen akats edo ez-egiteak antzemateko.

– aurretik kontratutako proiektuen ikuskapena egitea; proiektuan zehar gertatutako kontratu-gorabeherentzako kontratatutako aseguru-polizak moldatu direla kontrolatzea, eta estaldurak mantendu eta berritzea, formalizatutako kontratuak indarrean dauden bitartean.

– azterlan eta txosten gehigarriak idaztea.

– eraikuntzaren kudeaketa: obra zibilen zuzendaritza, ekipo elektromekanikoen kontratuak, aholkularitza espezializatuen identifikazioa eta zuzendaritza, obrengatiko afekzioen kudeaketa, trafikoan eta bestelako zerbitzuetan eragindako afekzioen kudeaketa eta obrek irauten duten bitartean sortzen diren gainontzeko gorabeherak.

– beste erakundeekiko kudeaketak eta koordinazioa; herritarrentzako etengabeko arreta eta informazioa emateko zerbitzua, kalteak jasan dituztenen erreklamazioen ebazpena eta akats ezkutuak eskatzea; horiek hitzarmen honetako administrazio sinatzaileei helaraziko zaizkie, aurre egiteko hartutako neurriekin batera, baita hitzarmen hau amaitu eta gero ere.

Era berean, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen ardura izango da hornitu behar zaizkion elementuen ikuskapen-lanak egitea eta fabrikazio- eta elaborazio-prozesuen jakinaren gainean egotea; horien kalitatea kontrolatzea, eta erabat bukatu arte egin beharreko lanak burutzea.

Bederatzigarrena.– Jarraipen-batzordea.

Zortzigarren klausulan adierazitako jarduketen jarraipena, ikuskapena eta kontrola behar bezala egiten dela bermatzeko eta aurrekontuari dagokionean obrak eta desadostasunen ebazpena egoki burutzen ari direla egiaztatzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da, honako ordezkari hauekin: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko bi kide, Bizkaiko Foru Aldundiko bi kide eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko kide bat. Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko ordezkariak egingo ditu idazkaritza-lanak, hitzarekin baina botorik gabe.

Batzordea behar bezala eratzeko, ezinbestekoa izango da lehendakaria, idazkaria eta lurralde administrazioaren ordezkari bat, lehendakaria ez dena, bertan izatea.

Akordioak hartzeko botoen gehiengoa beharko da, kasu hauek salbu: laugarren klausulan adierazitako finantziaziorako gehienezko zenbatekoa areagotzea ondorio duten kontratu-gorabeherak eta hitzarmena baliogabetu dezaketen desadostasunak; kasu horietan bertaratutakoek aho batez hartuko dituzte erabakiak.

Berdinketa kasuan, Batzordeko Lehendakariaren kalitate-botoak erabakiko du.

Batzordeko Lehendakaria aldatu egingo da Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean Batzordea biltzen den bakoitzean, eta lehendakaria izango da hierarkia-maila altuena duena, eta mailan berdintasuna baldin badago, antzinatasun handiena duena. Batzordearen lehen bileran Lehendakaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko ordezkaria izango da.

Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak Herri Lan eta Garraio diputatuak izendatuko ditu.

Batzorde honetako Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak izendatuko ditu.

Jarraipen-batzorde hori hitzarmena sinatu duen edozein aldek eskatuta bilduko da, eta, edonola ere, urtean birritan gutxienez.

Hilabetean behin gutxienez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak idatziz adieraziko dio jarraipen-batzordeari ordura arteko lanak nola doazen. Informazio hori Bizkaiko Garraio Partzuergoari ere helaraziko zaio.

Jarraipen-batzordea biltzen den bakoitzean, gai-zerrendan gehituko da Batzordeari hilero igorritako informazio guztiaren kontuekin lotutako puntu bat.

Klausula horretan aurreikusi ez den beste kontuetarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak kide anitzeko organoentzat xedatutakoa aplikatuko da.

Hamargarrena.– Lanen amaiera eta lanak Euskadiko Ondarean txertatzea.

Hitzarmen honen babesean egindako kontratuen ondorioz bideratutako proiektuetan jasotako lanak amaitutakoan, eraikitako azpiegiturak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen ondarearen zati izatera igaroko dira, 6/2004 Legearen 15.1.a artikuluan eta Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren Zazpigarren Xedapen Gehigarrian (testu hori azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) ezarritakoa betetzeko.

Azpiegitura hori adostutako xederako baino ez da izango, eta ezingo da inolako lagapen bidez utzi, erakundeen ondorengotza salbu, hau da Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea desagertzen bada.

Halaber, ezingo da desafektatu, eta zertarako sortu den hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

Debeku horiek betetzen ez badira, Bizkaiko Foru Aldundiak finantziaziorako emandakoa itzultzea eskatuko du, aplikatu beharreko araudiak xedatutakoaren arabera.

Hamaikagarrena.– Lizitaziorako baldintzak eta prozedurak.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak eta azpiegiturak eraikitzeko esleipena lortzen duten enpresen artean sinatzen diren kontratuen administrazio-klausula partikularren pleguetan, hitzarmen honen barruko erabakiak jaso beharko dira, baldin eta kontratu bidezko harreman horiei eragiten badiete.

Halaber, lizitazioei dagokienez:

● Irizpide objektiboak subjektiboei gailenduko zaizkie. Hori posible ez bada, baldintzetan jasotakoa galarazi gabe, liziatazioaren aurretik justifikatu beharko da, eta jarraipen-batzordean azalduko dira horren arrazoiak.

● Irizpide objektiboetan, prezioaz gain, epe-murrizketa ere baloratuko da, alderdi horiek ez baloratzea justifikatzen duten arrazoiak erakutsi ezean, eta horiek jarraipen-batzordeari jakinaraziko zaizkio, hilero igorri beharreko informazioan.

● Lizitazioak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko dira, baita Bizkaiko Lurralde Historikoan zirkulazio gehien duen egunkarian ere.

● Hitzarmen honen bitartez finantzatutako obren karteletan adieraziko da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak batera finantzatutako lanak direla.

● Obrak egingo diren guneetan, arreta berezia eskainiko zaio aseguru-polizekin lotutako alderdi guztietan lizitatu beharreko obra-kontratuetako baldintzei (eraikitakoaren balioa eta hirugarrenei kalteak aseguratzeko). Horrez gain, kontratuak iraun bitartean adierazitako zenbatekoen estaldura mantentzeko beharrari eta obren zenbatekoa eta iraupena doitzeko beharrari ere erreparatuko zaio.

Hamabigarrena.– Lurzoruak desjabetzea, eta aurretiko gordailuak eta okupazio azkarragatiko kalte-ordainak ordaintzea.

12.1.– Euskadiko Administrazio Orokorrak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bitartez, Bilboko metropoli trenbidearen 3. linea egiteko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak desjabetuko ditu, eta berak egingo ditu espedienteen izapideak, erregistroan izena ematea barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean. Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoak izango da desjabetze eta aldi baterako okupazioen onuradun.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak hurbil-hurbiletik lagunduko dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari, desjabetze horien kudeaketan laguntza eta babesa ematen.

12.2.– Proiektu bakoitzari dagozkion desjabetze-espedienteei ekin baino lehen, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak ziurtagiriak bidaliko dizkio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari, bere aurrekontuetan finantzaketari buruzko atalean ezarritakoari jarraituz horretarako bideratu zaizkion funtsetan behar beste diru badela eta horretarako izendatuta daudela egiaztatzen dutenak.

Okupatu aurreko gordailuak eta azkar okupatzeagatiko kalte-ordainak zehaztu, desjabetze-hitzarmenak sinatu, eta (beharrezko izanez gero, Nahitaezko Desjabetzeen Lurralde Epaitegiak) balio justuaren eta azken kalte-ordainak finkatu ahala, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak egiten dituen ordainketa guztien frogagirien kopiak igorriko dizkio Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari.

12.3.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ardura izango da ondasunak okupatu aurretik egin beharreko gordailuetarako, azkar okupatzeagatiko kalte-ordainak ordaintzeko, balio-justuetarako edo azken kalte-ordainetarako behar den dirua sartzea, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea entearentzat horretarako aurreikusitako dauden funtsen kontura.

12.4.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, biek, obren gaineko urrats guztien jarraipena egin dezaten, desjabetze-espedienteen ondorioz egiten diren balio justuen eta kalte-ordainen ordainketa-akten kopiak eskura jarriko dizkie Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, eta egiten diren erregistroko inskripzioen jakinerazpenen kopiak bidaliko dizkie. Bai Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak, bai Bizkaiko Foru Aldundiak espedienteetan jasotako agiri osagarriak ere eskuratu ahal izango dituzte.

Hamairugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

13.1.– Hitzarmen hau indarrean sartuko da sinatzen den egunetik aurrera eta indarrean egongo da, aldeetako batek amaiera berariaz iragarri ezean, 2016ko abenduaren 31ra bitartean.

13.2.– Hitzarmena garaiz aurretik amaitu ahal izango da, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak edo Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak amaiera iragartzen badute, aparteko inguruabarrak gertatzen badira, alderen batek betetzen ez badu edo aldeek hala erabakitzen badute. Horrelakorik gertatuz gero, hitzarmena sinatu duten organoek amaitu gabeko kontratazio- eta desjabetze-espedienteen gainean zer egin erabakiko dute.

Hitzarmena norbaiten erruz ez betetzeagatik azkentzen bada, hitzarmena bete duen aldeak ez-betetzeak eragindako kalte-galerak eskatu ahal izango ditu.

Hamalaugarrena.– Izaera administratiboa eta jurisdikzioa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du eta herri administrazioen arteko lankidetza-hitzarmenen araudia aplikatuko zaio. Jarraipen-batzordean ebatzi gabeko desadostasunik badago, Bilboko administrazio-auzietako epaitegietara joko da.

Eta alderdiek, ados daudela adierazteko, hitzarmena sinatu dute, hiru aletan, idazpuruan azaldutako leku eta egunean.


Azterketa dokumentala