Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2014ko urtarrilaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁNGO LEHEN AUZIALDIKO 3 ZENBAKIKO EPAITEGIA
348

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 24/13 prozeduraren ondoriozkoa.

Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak. 24/13.

Demandatzailea: Fernando Isidro Hernandez Gabarri.

Abokatua: Munguia Idarreta Genoveva.

Prokuradorea: Uriz Martin Gonzalez.

Demandatua: Argentina Corales Hernandez.

Gaia: guraso eta seme-alaben arteko neurriak arautzea.

Judizio horretan, 2013-09-17ko epaia eman da eta epaitza honako hau da hitzez hitz:

ERABAKITZEN DUT:

Osorik baiesten dut Uriz Martín González epaitegietako prokuradoreak Fernando Isidro Fernández Gabarri jaunaren izenean eta ordez aurkeztutako demanda, Argentina Corales Hernández andrearen aurkakoa, eta ondorioz,

Neurri hauek hartzea erabaki dut:

1.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko erregimena. Seme adingabea Fernando Isidro Fernández Gabarri jaunarekin eta haren babespean geratuko da.

2.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala erdibana izaten jarraituko dute aitak eta amak. Guraso biek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak zera dakar: adingabeari dagozkion erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra. Erabakiak hartzeko, egokiena duten komunikazio-bidea hautatu beharko dute; hala egin ondoren, errespetatu eta bete egingo dute. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.

b) Ikastetxea aukeratzea, eta ikastetxea aldatzea.

c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.

e) Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.

Zaintza ez duen gurasoari aitortu egiten zaio adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, semearen tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango ditu.

Semearekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak badira.

3.– Bisita-erregimena, komunikazioak eta bisitak. Seme adingabearekiko aitaren egonaldi-, komunikazio- eta bisita-erregimena, amak eta aitak libreki erabakiko dute, betiere alabaren alde eginda; gurasoei eskatzen zaie alderdi horiei buruzko akordioak lor ditzaten.

Ados jartzen ez badira, ama itzultzen bada eta bere semea ikusteko eskatzen badu, amaren eta semearen arteko egonaldi eta bisita erregimena honako hau izango da:

Bi asteburutik behin, larunbateko 11:00etatik igandeko 20:00etara.

Gabonetako oporrak bi zatitan banatuko dira: batetik, abenduko lehenengo opor-eguneko 11:00etatik abenduaren 31ko 18:00ak arte; eta bestetik, abenduaren 31ko 18:00etatik urtarrilean eskolara bueltatzen den egunaren bezperako 21:00ak arte. Ama lehenengo zatian egon ahal izango da semearekin urte bikoitietan; eta bigarren zatian, ordea, urte bakoitietan.

Aste Santuko oporrak bi zatitan banatuko dira: lehenengoa lehen opor-eguneko 11:00etatik Bazko Astelehena baino lehenagoko igandeko 21:00ak arte, eta Bazko Asteleheneko 21:00etatik eskolara bueltatzeko egunaren bezperako 21:00ak arte. Ama lehenengo zatian egon ahal izango da semearekin urte bikoitietan; eta bigarren zatian, ordea, urte bakoitietan.

Udako oporrak bi zatitan banatuko dira: batetik, lehenengo opor-eguneko 11:00etatik ekainaren 30eko 21:00etara, eta abuztuaren 1eko 11:00etatik abuztuaren 31ko 21:00etara; eta bestetik, uztailaren 1eko 11:00etatik uztailaren 31ko 21:00etara, eta irailaren 1eko 11:00etatik azken opor-eguneko 21:00etara. Ama lehenengo zatian egon ahal izango da semearekin urte bikoitietan; eta bigarren zatian, ordea, urte bakoitietan.

Aurreko ataletan aipatu gabe geratu diren jai-egunetako bat aitari eta bestea amari egokituko zaio. Jai-egun horiek zenbatzeko, urte bikoitietako lehen jai-eguna aitarentzat izango da, eta urte bakoitietakoa amarentzat. Amaren jai-egunetako egonaldi-ordutegia 11:00etatik 21:00etara bitartekoa izango da. Jai-egun horietan jai-zubirik badago, asteburu hori tokatzen zaion gurasoak jai-zubi osoa emango du adingabearekin. Jai-zubia amari tokatzen bazaio, lehenengo egun baliogabeko 11:00etatik azken egun baliogabeko 21:00etara egon ahal izango da semearekin.

Bi gurasoek, bere semearekin ez daudenean, telefonoz edo beste edozein bide erabiliz hitz egin ahal izango dute berarekin, adingabearen ohiko ordutegia errespetatuz eta fede onaren betekizunen arabera. Horretarako, adingabearen dagoen gurasoak erraztasunak eman beharko ditu komunikazioa gerta dadin.

Oporraldietan ez dira aplikatuko asteburuko bisitaldiak.

Adingabeak gaixotasun larriren bat, istripuren bat edo horrelako beste ezer badu, une horretan adingabearekin dagoen gurasoak besteari jakinarazi beharko dio horren berri, berehalaxe.

Adingabea edozein gurasorekin edo gurasoek baimendutako pertsonekin joan ahal izango dira atzerrira, baldin eta beste gurasoari zazpi egun lehenago jakinarazten badiote horren berri.

Gabonetako, Aste Santuko eta udako oporraldien ondoren, azken oporraldi-zatian tokatu ez zaion pertsona hasiko da asteburuko bisitaldiekin.

Adingabearen atarian jaso eta utzi beharko da adingabea.

Gurasoek hartzen dituzten erabakietan, beti adingabearen interesari emango zaio lehentasuna, eta, hala badagokio, adingabeari entzun eta gero hartuko dira erabaki horiek.

4.– Elikadura-pentsioa. Jagoletzarik gabeko gurasoak XXXXX y XXXXX semeen mantenu-pentsioa ordaindu beharko du, harik eta haiek adinez nagusi izatera iritsi eta ekonomikoki independentea izan arte edo izateko moduan egon arte, fede onez jokatuta. Pentsio hori hilean 100 eurokoa izango da, bietako bakoitzarengatik (guztira, 200 euro), eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan ordaindu beharko dio jagoletza duen gurasoari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo aurreko hamabi hilabeteetan haren ordez aritu den erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera; hilabeteak abendutik abendura kontatuko dira; urtarrilaren batean izango ditu ondorioak, eta 2014. urtetik aurrera.

Jagoletza ez duen gurasoak zuzenean ordaindu behar dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.

Independentzia ekonomikorik ez duten bitartean semeek dituzten aparteko gastuak erdi bana ordainduko dituzte aitak eta amak, betiere ados badaude eta agiri bidez hala egiaztatzen badute; adostasunik ez bada, epailearen baimena beharko da, zeina aldez aurretikoa izango den, premiazko kasuetan izan ezik. Ebazpen honen oinarri juridikoetan ezarritakoarekin bat etorriz, kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazi asmorik gabe, honako hauek izan daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, edozein gaixotasun fisiko edo mentalari lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eta eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostutakoak izango dira.

Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.

Auzialdi honetan sortutako kostuak ez zaizkio berariaz inori ezartzen.

Argentina Corales Hernandez demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake auzi-ihesean den demandatuak.

Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskura du interesdunak, epaitegi honetako bulego judizialean.

Donostia, 2013ko irailaren 18a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala