Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2014ko otsailaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
800

ERABAKIA, 2014ko urtarrilaren 30ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza ezartzekoa.

Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza ikasteko aukera emango duen plangintza egiteari begira, errektoreordetza honek ikasketok 2014-2015 ikasturtean abian jartzeko erabakiak bultzatu ditu.

Horregatik eta Graduko Batzordeak 2014ko urtarrilaren 23an ontzat eman ondoren, Graduko Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak proposatuta, gobernu kontseiluak

ERABAKITZEN DU:

UPV/EHUko Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza lortzeko arautegia onartzea, agiri honetako eranskinean jasotakoa.

Leioa, 2014ko urtarrilaren 30a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzeko arautegia (UPV/EHU)

1. artikulua.– Xedea.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

3. artikulua.– Zuzendaritza akademikoa eta betearazlea.

4. artikulua.– Batzorde Akademikoaren osaera.

5. artikulua.– Batzorde Akademikoaren eginkizunak.

6. artikulua.– Gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak.

7. artikulua.– Gradu bikoitzean sartzeko baldintzak eta irizpideak.

8. artikulua.– Matrikula eta tituluak.

9. artikulua.– Araudi akademikoa.

10. artikulua.– Ebaluazioa.

11. artikulua.– Gradu bikoitzaren araubide akademikoa.

12. artikulua.– Arautegia onartzea.

Eranskina.– Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzeko ikasketa programa.

1. artikulua.– Xedea.

Arautegi honen xedea da ikasketa programa berezia zehaztea, Fisikako Graduko eta Ingeniaritza Elektronikoko Graduko ikasketa planetako irakasgaiak ikasi (eranskinean jasoak) eta gaindituta, graduko bi titulu lortzeko aukera emango duena. Programa horren gestio lana Zientzia eta Teknologia Fakultatearena izango da, kontuan hartuta, betiere, arautegi honen 5. artikuluan Batzorde Akademikoari emandako eskumenak.

2. artikulua.– Ezarpen eremua.

2.1.– Arautegi hau ezarriko da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzeko ikasketa programan.

2.2.– Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzerako zehaztutako programazioren bidez, gradu bikoitz horretan matrikulatutako ikasleak, behin programako irakasgai guztiak gaindituta, bi titulu ofizial lortuko ditu: Fisikako Gradua eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradua, biak Estatuko lurralde osoan baliodunak.

2.3.– Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzeko ikasketetako araubide akademikoa, ikasketak emateko arauak, ikasleen ebaluazioa eta, oro har, programazioarekin zerikusia daukaten gai akademiko guztiak arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz beteko dira, eta arautegi honetan jasota ez dagoen guztirako, UPV/EHUko arau orokorrak ezarriko dira.

3. artikulua.– Zuzendaritza akademikoa eta betearazlea.

Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzeko (aurrerantzean gradu bakoitza) zuzendaritza akademikoa gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoari dagokio.

4. artikulua.– Batzorde Akademikoaren osaera.

4.1.– Batzorde Akademikoko kide dira:

– Fisikako Graduko koordinatzailea eta Ingeniaritza Elektronikoko Graduko koordinatzailea; bietariko bat gradu bikoitzeko koordinatzaile izango da eta bestea, Batzorde Akademikoko buru.

– Sail hauen ordezkari bana:

• Fisika Aplikatua II saila.

• Materia Kondentsatuaren Fisika saila.

• Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia saila.

• Elektrizitatea eta Elektronika saila.

– Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzean matrikulatutako ikasleen ordezkari bat.

4.2.– Batzorde Akademikoko idazkaria sailetako ordezkarietako bat izango da; txandaka arituko dira, bi ikasturterik behin aldatuta.

4.3.– Batzorde Akademikoko burua Fisikako Graduko koordinatzailea edo Ingeniaritza Elektronikoko Graduko koordinatzailea izango da; txandaka arituko dira, bi ikasturterik behin aldatuta.

4.4.– Gradu bikoitzeko koordinatzailea Fisikako Graduko koordinatzailea edo Ingeniaritza Elektronikoko Graduko koordinatzailea izango dira; txandaka arituko da, bi ikasturterik behin aldatuta.

5. artikulua.– Batzorde Akademikoaren eginkizunak.

5.1.– Gradu bikoitzaren Batzorde Akademikoaren eginkizuna izango da, oro har, gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa, eta, zehatzago ondokoak izango dira:

– Zientzia eta Teknologia Fakultateko Batzarrei ikasturte bakoitzerako plaza mugak proposatzea, eta batzarrak behin onartuta, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoari bidaltzea, hark, graduko gainontzeko titulazioetako plaza mugekin batera, arlo horretako eskumenak dituen errektoreordetzan beharrezko diren izapideak egin ditzan.

– Gradu bikoitzaren antolaketa akademikoa.

– Gradu bikoitzeko irakaskuntzaren kalitatearen ardura izango du eta horren jarraipena egitearena, ikastegiko kalitate batzordearekin elkarlanean.

5.2.– Batzorde Akademikoak gutxien dela bilera bat egingo du sei hilabeterik behin. Bilerarako deia batzordeburuak egingo du edo Batzorde Akademikoko gutxienez bi kideren eskariz.

5.3.– Batzorde Akademikoak aho batez hartuko ditu erabakiak, eta kide guztiak ados jartzea posible ez denean, gaia Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak ebatziko du.

6. artikulua.– Gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak.

Ondokoak dira gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak:

– Batzorde Akademikoak hartutako erabakiak ezartzea.

– Gradu bikoitzaren ordezkari izatea.

– Batzorde Akademikoak emandako beste eginkizun batzuk.

– UPV/EHUk arlo honetan dituen beste arau batzuen arabera graduko koordinatzaileari dagozkion gainontzekoak.

7. artikulua.– Gradu bikoitzean sartzeko baldintzak eta irizpideak.

7.1.– Ikasleak UPV/EHUk ikasleak onartzeko dituen arau orokorrei jarraituz onartuko dira gradu bikoitzean.

7.2.– Gradu bikotzeko onarpen nota kalkulatzeko, kontuan hartuko da Fisikako Graduko eta Ingeniaritza Elektronikoko Graduko gai espezifikoen haztapenetik lortutako kalifikaziorik onena.

8. artikulua.– Matrikula eta tituluak.

8.1.– Administrazio ondorioetarako, gradu bikoitza Zientzia eta Teknologia Fakultateko gradua da.

8.2.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleek matrikula egingo dute gradu horretan, UPV/EHUko gainontzeko ikasleen baldintza berberetan.

8.3.– Ikasleek matrikula egitean prezio publikoak ordainduko dituzte arlo horretako arauetan jasotakoari jarraituz, eta prezioetatik salbuetsita egongo dira arau horietan edo beste legedi batean zehaztutako baldintzak betetzen baldin badituzte.

8.4.– Gradu bikoitzeko programa behin gaindituta, ikasleak Fisikako Graduko eta Ingeniaritza Elektronikoko Graduko titulua eskatu ahal izango ditu horretarako ordaindu beharreko prezio publikoak ordainduta.

9. artikulua.– Araudi akademikoa.

9.1.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleek, ikasturteko matrikula egitean, ikasketa programan (eranskinean jasota dago) zehaztutako irakasgaiak baino ez dituzte aukeratuko.

9.2.– Lehenengo mailan, maila horretarako kreditu guzti-guztietarako egin beharko dute matrikula. Gainerakoetan, gutxien dela 60 ECTS krediturako egin beharko dute matrikula, ez bada gradu bikoitzeko programa bukatzeko kreditu gutxiago falta zaizkiela.

9.3.– Hirugarren mailatik gorako kredituetan matrikulatzeko, ikasleak gaindituta izan behar ditu lehenengo mailako 60 kreditu baino gehiago, guztiak oinarrizkoak.

10. artikulua.– Ebaluazioa.

Gradu bikoitzeko ikasketa programako irakasgaietako ebaluazioa gainontzeko titulazioetako ohiko prozedurari jarraituz egingo da, eta graduko titulu ofizialetarako Gobernu Kontseiluak onartutako egutegiaren araberako datetan.

11. artikulua.– Gradu bikoitzaren araubide akademikoa.

11.1.– Ikasturte bakoitzaren amaieran, ikasleak gaindituta izan behar ditu, gutxien dela, matrikulan hartutako kredituetatik 36. Edozelan ere, gehienez ere zazpi ikasturtetan osatu beharko du programa.

11.2.– Baldintza horietako bat ez betetzeagatik ikasleak bertan behera utzi behar baldin baditu gradu bikoitzeko ikasketak, Fisikako Graduan edo Ingeniaritza Elektronikoko Graduan jarraitu ahal izango ditu ikasketak, berak aukeratutakoan. Horretarako, dekanotzan egin beharko du eskaria. Ikasle horrek fakultateak ezarritako epeetan eta irizpideen arabera egin beharko du matrikula.

Era berean, ikasleak bere borondatez erabakiz gero gradu bikoitzeko ikasketak bertan behera uztea, aurreko paragrafoan zehaztutako prozedura bete, eta Fisikako Graduan edo Ingeniaritza Elektronikoko Graduan jarraitu ahal izango du ikasten.

11.3.– Fisikako Graduko eta Ingeniaritza Elektronikoko Graduko tituluak lortzeko, ikasleak gainditua izan behar ditu gradu bikoitzeko ikasketa programako irakasgaiak, bi titulazioetako gradu amaierako lanak barne.

12. artikulua.– Arautegia onartzea.

Gradu bikoitz honetan matrikulatutako ikasleek arautegi honetan jasotakoari jarraitu beharko diote, eta jasota ez dagoenerako, UPV/EHUko arautegi orokorrari.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau 2014-2015 ikasturtean sartuko da indarrean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala