Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2014ko otsailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
1030

IRAGARKIA, «Finantza Laguntzak (AFI)» programaren araudia onartzeko dena.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazio Kontseiluak, 2014ko urtarrilaren 24an egindako bileran, «Finantza Laguntzak (AFI)» programan ezarritako laguntzak emateko araudia onartzea erabaki zuen. Hona hemen araudiaren testua, oso-osorik.

Finantza Laguntzak (AFI) programaren helburua, hasieratik, industria arloko ETEei finantza-baliabideak eskuratzeko bidea erraztea izan da, inbertsio-proiektuak baldintza egokietan gara ditzaten, eragiketa-epeak aintzat hartuz eta aplikatzekoak diren hobariei esker interes-tasa hobeak eskuratuz ohiko finantza-merkatuaren aldean. Horrek izan duen eraginkortasunaren balorazioa ona izan denez (baita merkataritza eta turismoaren sektoreetan aplikatuta ere), nekazaritza eta elikagaien industriara berriro zabaltzea erabaki da.

Programa sortu zenetik, ETEentzako laguntzak metatzeari buruz Europako Batzordeak ezarritako jarraibideetara egokitu zen; era berean, bere baitan bildu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateginean jasotako zenbait irizpide.

Enpresen ohiko finantziazio-iturrietan murrizketa gogorrak izan dira, hori baita egungo krisialdiaren ezaugarri nagusietako bat. Horren ondorioz, premiazkoa da ETEentzako finantza-laguntzak sustatzea, era orokorrago batean; hartara, enpresen inbertsio-planei eutsi eta, aldi berean, haien finantza-itomena saihestu egingo da. Horregatik, proiektuetarako finantza-laguntzak ematean, inbertsiora nahiz zirkulatzailera zuzendutakoak konbinatu behar dira.

Hori guztia aintzat hartuta, eta inbertsioak eta zirkulatzailea eraginkortasunez finantzatzen lagunduko duten baliabide publikoak segmentu eta jarduketa zehatzetan aplikatzeko asmoz, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) laguntza eta finantziazioa emateko tresna integratu bat jarriko du industria-, merkataritza- eta turismo-arloko ETEen esku.

Hartarako, SPRIk, eskualdeko garapen agentzia denez, jarraitu egin behar du ETEen euskal enpresa sarea lehiakorrago egiteko ahaleginean, ETEei Finantza Laguntza emateko Programaren (AFI) bitartez; betiere bat etorriaz araudi honetan ezarritako xedapenenekin, KOIren finantza-markoaren barruan, Elkarrekiko Berme Sozietateekin lankidetzan, eta beste erakunde laguntzaile batzuekiko koordinazioan.

Hori dela-eta, 2014ko AFI programaren bidez erantzuna eta laguntza emango zaie industria-, merkataritza- edo turismo-arloko euskal enpresek garatzen dituzten inbertsio-prozesuei nahiz zirkulatzaile- eta sendotze-prozesuei, hain zuzen, finantza-erakundeen bidez finantziazioa eskura dezaten, merkatuak eskain ditzakeen baldintzarik onenetan. Gainera, ahalegin berezia egin da prozesuen kudeaketa administratibo bat garatzen, Informazio eta Komunikazio Teknologiek eskaintzen dizkiguten aukerak baliatuz; hartara, prozesu horiek erraztu egingo dira, baliabideen eraginkortasuna areagotuko da, eta enpresa-sareari azkarrago erantzungo zaio.

1. artikulua.– Xedea.

1.– Programa honen helburua finantza-laguntzak ematea da, hain zuzen, ibilgetu ez-material eta/edo material berrietan inbertsioak egiteko eta zirkulatzailea finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-, merkataritza- eta turismo-sektoreetan.

2.– Programara sartzeko prozedura eta baldintzak ezartzen ditu araudi honek.

2. artikulua.– Araudi aplikagarria.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra. 13. artikulua eta aplikagarri den guztia.

3.– 1407/2013 Erregelamendua (EB), Europako Batzordearena, minimis laguntzak aplikatzeari buruzkoa.

4.– Europako Batzordearen 800/2008 Erregelamendua (EE), kategoriakako salbuespenei buruzko Erregelamendu Orokorrarena, eta horri gerora egindako aldaketa. I. eranskina.

5.– Kontabilitate Plan Orokorra onartzen duen 1514/2007 Errege Dekretua, eta Enpresa Txiki eta Ertainen Kontabilitate Plan Orokorra onartzen duen 1515/2007 Errege Dekretua.

6.– 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoa.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honi dagokionez, definizio hauek finkatzen dira:

1.– «SPRI». Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A. sozietatearen izen komertziala (Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate publikoa).

2.– Enpresa. Jarduera ekonomikoa gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

3.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak).

a) 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

b) Langile kopurua zehazteko, finantza-zenbatekoak zehazteko eta erreferentzia epea zehazteko, Batzordearen 800/2008 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa izan beharko da kontuan.

c) Honako hauek hartuko dira mikroenpresatzat: gutxienez 10 langile izanik, urteko negozio-bolumena 2 milioi eurotik beherakoa dutenak.

4.– Sektoreak.

a) Industria-sektorea. Negozio-bolumenari dagokionez, jarduera nagusitzat honako hauetako bat duten enpresak: industria, erauzketa eta/edo eraldaketa, ekoizpena, produktu-prozesuari lotutako zerbitzuak, logistika, aurrekoekin lotura dutenak; informazio- eta komunikazio-gizartearen arloarekin lotutako enpresak; eta nekazaritza eta elikagaien industriak. Nekazaritza eta elikagaien industriako jardueratzat hartuko dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak hala izendatzen dituen jarduerak.

Kasu guztietan, jendearentzat zuzenean bideratutako merkataritza-jarduera oso murritza izango da, sozietatearen helburua eta negozio-bolumena aintzat harturik. Era berean, automobilgintzako mantentze- eta konponketa-tailerrak eta nekazaritza eta elikagaien industriak ere sartuko dira sektore honetan.

b) Merkataritza-sektorea: negozio-bolumena aintzat hartuta, gehienbat merkataritza-jardueran aritzen diren enpresak. Merkataritza-jardueratzat hauxe joko da: merkatuan eskuragarri jartzea helburu horrekin eskuratu diren produktu eta salgaiak, haietan aldaketa nabaririk egin gabe; kontsumo-amaierako ondasunen salmenta, baldin eta ekoizleek, artisauek edo industrialek egindakoa bada eta ondasun horiek produkzio- eta merkaturatze-prozesuetan erabiltzeko ez badira, ezta hirugarrenenei zerbitzua emateko prozesuetan erabiltzeko ere.

c) Turismo-sektorea. Negozio-bolumena aintzat hartuta, gehienbat turismoan aritzen diren enpresak. Jatetxeak kanpoan utziko dira. Turismo-jardueratzat joko dira turismoko lurralde ordezkaritzek hala izendatzen dituenak.

5.– Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak. Ibilgetu ez-material eta/edo material berriak eskuratzea, honako kontularitza-kategorietakoren batean:

206 Aplikazio informatikoak.

210 Lurrak eta ondasun naturalak (turismo-sektorekoak izan ezik).

211 Eraikuntzak.

212 Instalazio teknikoak.

213 Makineria.

214 Tresneria.

215 Beste instalazio batzuk.

216 Altzariak (merkataritza- eta turismo-sektoreetakoak bakarrik).

217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.

218 Garraio-elementuak (turismo-sektorekoak bakarrik).

219 Bestelako ibilgetu materialak.

Nolanahi ere, finantza-errentamendu bidezko erosketen kasuan, mikroenpresek 6.211 epigrafea erabili ahal izango dute.

6.– Zirkulatzailearen finantziazioa. Aktiboak finantzatzea; besteak beste, izakinak, bezeroak eta diruzaintza. Eta pasibo ez-korronteak finantzatzea: besteak beste, hornitzaileak, hartzekodunak eta epe laburrerako beste zor batzuk.

7.– Krisian dagoen enpresa. Enpresa bat krisian dagoela esateko, baldintza hauetakoren bat bete behar du:

a) Erantzukizun mugatudun bazkideak dituzten sozietateak. Harpidetutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu da, eta laurdena baino gehiago galdu da azken hamabi hilabeteetan.

b) Erantzukizun mugagabedun bazkideak dituzten sozietateak. Funts propioen erdia baino gehiago desagertu da, eta laurdena baino gehiago galdu da azken hamabi hilabeteetan.

c) Enpresa-forma guztietarako. Porrot edo kaudimen-gabeziaren prozedura baten baldintzak betetzen dira.

Hiru urte baino gutxiagoko ETEak ez dira krisialdian diren enpresatzat hartuko, aurreko «c» letra ezarritakoa betetzen dutenean salbu.

8.– Erantzukizunpeko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, hauek egiaztatzen dituena:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak, Nortasun Agiri Nazionaleko zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena: Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea eta eraketa-eguna.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez jarduera-zentro bat izan, eta laguntza-eskabidean zehaztutako jarduera diruz lagungarriak bertan gauzatzea.

d) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, kasu bakoitzari dagokion epigrafean, alta emanda egotea.

e) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea, bai eta SPRI taldeko edozein enpresarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.

f) Emandako minimis laguntzen zerrenda.

g) Proiektu berarentzat beste erakunde publiko zein pribatu batzuk emandako diru-laguntzak.

h) Enpresaren tamaina neurtzeko zehaztasunak.

i) Araudi honen 5.2.e artikuluan adierazitako egoeretakoren batean ez egotea.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa hau gauzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak SPRIk Enpresa Garapenaren Atalean horretarako ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira.

2.– 2014. urtean emango diren diru-laguntzak honela gauzatuko dira: finantza-mailegu eta –errentamendu-eragiketetan kostu finantzarioa txikituta; Finantza erakundeekin hartarako sinatutako itunean oinarritutakoak direlarik aipatu eragiketak.

3.– Programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora-tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osorik denean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Aurreko atalean zehaztutako laguntzen guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

4.– Diru-laguntzen guztizko zenbatekoa agortzen bada, hori jakinarazteko, SPRIko zuzendari nagusiak ebazpena emango du, eta zein egunetan agortu den adieraziko. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta SPRIren web-gunean emango da argitara, eta egun horretatik aurrera ez da eskabide berririk onartuko.

5.– Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezin izango da beste diru-laguntzarik eman, eta, hori dela-eta, aurkeztuta baina ebazteko dauden eskabideak ezetsi egingo dira berariaz.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako hauek izan ahalko dira programa honetan bilduriko laguntzen onuradun: Enpresa Txiki eta Ertainak (ETE).

2.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Industriaren, merkataritzaren eta/edo turismoaren sektorekoak eta nekazaritzak elikagaien industriakoak izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan, jarduera ekonomikoko zentro bat edukitzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturik izatea diruz lagun daitezkeen inbertsio-proiektuak.

d) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea, bai eta SPRI Taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.

e) Honako egoera hauetako batean ez egotea:

Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoarekin kontratuak egiteko debekua edo gaitasungabetzea izatea.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, baldin eta Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko eta 13/2003 Legearen 13. artikuluko kasuetan egotearen ondorioz, onuradun izatea ezinezkoa suertatzea.

Laugarrena.– Krisi-egoeran den enpresa izatea, krisian dauden enpresak egoera horretatik ateratzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideak betez.

Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek, lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango –edo, hala badagokio, ordainduko– da laguntza.

Zortzigarrena.– Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonda.

Bederatzigarrena.– Diru-laguntzen deialdi hau egin aurreko bost urteetan, enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

3.– Laguntza- eta- likidazio-eskabideak aurkezten diren unean bete egin beharko dira laguntzen onuradun izateko baldintzak.

4.– Honako hauek ezingo dira onuradun izan:

a) Sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak, ez eta partaidetzaren gehiengoa duten enpresa edo erakundeak ere.

b) Eusko Jaurlaritzako honako eremu hauei dagozkien inbertsio-proiektuak dituzten enpresak: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila; Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila; Ingurumen eta Lurralde Politika Saila.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Honako hauek hartuko dira diruz laguntzeko moduko jardueratzat:

a) Diruz lagun daitezkeen inbertsioak finantzatzeko mailegu-eragiketak.

b) Diruz lagun daitezkeen inbertsioak finantzatzeko finantza-errentamenduko eragiketak.

c) Zirkulatzailea finantzatzeko mailegu-eragiketak.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduera guztien balioaren urteko gehienezko zenbatekoa, erakunde onuradun batentzat, ez da izango 1.500.000 eurotik gorakoa.

3.– Diruz lagundu daitezkeen jardueren betekizun komunak:

a) Diruz lagun daitekeen oinarritzat hartzea honako honen azpitik dagoena:

Lehenengoa.– Diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 100, edo

Bigarrena.– Finantza-erakundeak baimendutako maileguaren zenbatekoa.

b) Eurotan formalizatuak, betiere finkatutako baldintzei egokitzen bazaizkie eragiketak.

c) Epemuga: gutxienez, hilero.

d) Aplika daitekeen interes goreneko tasa: programa honetako 4.2 artikuluan aurreikusitako hitzarmenean ezarritakoa.

e) Laguntza-eskabidearen urtean formalizatutako polizak.

4.– Diruz lagundu daitezkeen jardueren betekizun berariazkoak:

a) Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak finantzatzeko mailegu-eragiketak.

Epea: gutxienez, 5 urte eta, gehienez, 7 urte, printzipala ordaintzeko gabealdia barne dela; gabealdi hori, gehienez, honelakoa izango da:

Lehenengoa.– 7 urterako maileguak: 24 hilabete.

Bigarrena.– 6 urterako maileguak: 18 hilabete.

Hirugarrena.– 5 urterako maileguak: 12 hilabete.

Hala ere, SPRI SAk bestelako epeak ere onar ditzake (gutxieneko epea 5 urtekoa izango da, betiere), baldin eta formalizatutako maileguaren kontratuan berariaz jasotzen bada berau laguntza-programa honetan sartuta dagoela. Nolanahi ere, horrek ez du aldaketarik ekarriko laguntzen zenbatekoan. Zenbateko hori, bestalde, ez da inoiz izango 7 urterako maileguei dagokiena baino handiagoa, eta gabealdia 24 hilabetekoa izango da gehienez.

b) Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak finantzatzeko finantza-errentamenduko eragiketak.

Lehenengoa.– Epea. Gutxienez 2 urte, eta, gehienez, 5 urte.

Hala ere, SPRIk bestelako epeak ere onar ditzake, baldin eta formalizatutako finantza-errentamenduaren kontratuan berariaz jasotzen bada hori laguntza-programa honetan sartuta dagoela. Nolanahi ere, horrek ez du aldaketarik ekarriko laguntzen zenbatekoan. Zenbateko hori, bestalde, ez da inoiz izango 5 urterako finantza-errentamenduari dagokiona baino handiagoa.

Bigarrena.– Enpresa onuradunak konpromisoa hartuko du erosteko aukera gauzatzeko, hala dagokionean; konpromiso hori kasuan kasuko formalizazio-agirian jasoko da.

c) Zirkulatzailea finantzatzeko mailegu-eragiketak.

Lehenengoa.– Finantza-eragiketek berariaz jaso beharko dute zirkulatzailea finantzatzekoak direla, betiere, zenbateko hauekin formalizatutako polizen bitartez: industria-sektorean, gutxienez, 100.000 euro, eta merkataritzaren eta turismoaren sektoreetan, 30.000 euro.

Bigarrena.– Epea, gutxienez, urte batekoa, eta, gehienez, 5 urtekoa, printzipala ordaintzeko gabealdia barne dela.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak.

1.– Laguntzak kalkulatzeko, honako hau hartuko da diruz lagundu daitekeen inbertsiotzat: ibilgetu ez-material eta/edo material berriak eskuratzea, baldin eta enpresaren aktibo ez-arruntaren barruan sartzen badira.

2.– Industria-sektorean, 100.000 euroko gutxieneko bolumena izan beharko du diruz lagundu daitekeen inbertsioak; eta merkataritzaren eta turismoaren sektoreetan, 30.000 eurokoa.

3.– Mailegu-eragiketa eta/edo finantza-errentamendua formalizatzen den ekitaldian bertan egin beharko da diruz lagundu daitekeen inbertsioa.

8. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen inbertsioari aplikatzeko betekizunak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak baloratzeko, kontuan izango dira honako irizpide hauek:

a) Nolanahi ere, ibilgetu-eskurapenek lotura zuzena izan beharko dute enpresaren xede soziala den jarduerarekin.

b) Lur-sailak eskuratzeari dagokionez, eraikitako aldea bakarrik lagunduko da diruz.

c) Eskurapen-prezioaren arabera balioetsiko dira ibilgetuak.

d) Fakturari aplikatzen zaion Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da inolaz ere gastu hautagarritzat joko. Hala ere, Balio Erantsiaren gaineko Zerga berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastu hautagarritzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.

e) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, erosketa-balioa gutxitu egingo da.

f) Halaber, turismo-produktuak edo horrelakoetarako eskaintza osagarria sortzeko inbertsioak egiten badira, aktibo finko materialen kategoriakoak lagunduko dira diruz (Kontabilitate Plan Orokorreko 218 epigrafea, «garraio-elementuak»), betiere, proiektuaren osotasunerako ezinbestekoak badira.

g) Lehenengo aldiz erabilitakoak edo lehen aldiz funtzionamenduan jarritakoak izatea. Lehendik erabilitako eraikinak eta erositako eraikuntzak izanez gero, berriak balira bezala hartuko dira.

h) Enpresaren aktiboan sartuta gutxienez bost urte egotea, dagokion fakturaren egunetik hasita.

i) Oro har, hirugarrenei lagata ez egotea (kontraprestazioarekin edo kontraprestaziorik gabe).

j) Oro har, enpresa eskatzaileak berak edo hari elkartutakoek edo lotutakoek egindakoak ez izatea; edozein modutan, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa.

k) Enpresa-taldeei dagokienez, honako inbertsio hauek lagundu ahal izango dira: proiektuan definitutako erakundeari lotutako prozesuak dituzten enpresa-taldeak, betiere horiek, denen artean, akzioen partaidetzan % 100ekoa badute.

9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Deialdi honetako laguntzak diru-laguntza legez eratuko dira, onartzen den finantza-mailegu eta/edo -errentamenduko eragiketa bakoitzaren interes puntuetan oinarriturik. Eragiketa horiek finantza-erakundeekin formalizatu dira, programa honen eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak eta finantza-erakundeek sinatutako itunaren babesean, eta KOIren finantzaketa-markoaren barruan.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

a) Diruz lagundu daitekeen inbertsiorako finantza-mailegu eta/edo -errentamenduen kasuan, portzentajezko puntu 1.

b) Zirkulatzailerako maileguen kasuan, portzentajezko 0,5 puntu.

c) Finantza-eragiketa elkarrekiko berme sozietate batek bermatzen badu (zeinak hitzarmena sinatuko baitu), portzentajezko 0,25 puntu gehigarri.

3.– Kasuan kasuko finantza-erakundeak saldo erabilgarria baldin badauka Kreditu Ofizialeko Institutuan irekitako linean –ETEei laguntzak emateko, AFIk eskaintzen dituen baldintza berberetan edo hobeetan–, eragiketak esparru horretan gauzatuko dira.

4.– Interes aldakorra duten eragiketen interes-tasa nominala zehazteko, erreferentziatzat hartuko da deialdia argitaratu aurreko azken 6 hilabeteei dagokien urteko Euriborraren batezbestekoa.

5.– Eragiketa bakoitzean diruz lagunduko diren puntuak zehaztu ondoren, diru-laguntzaren zenbateko eguneratua kalkulatuko da. Horretarako, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratutako erreferentzia- eta eguneratze-tasak erabiliko dira, indarrean daudenak.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Beste laguntza publikoak eta programa honen bidez emandakoa aintzat harturik metatutako zenbatekoak kostu hori gainditzen badu, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den beste murriztu ere.

2.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzia txikiko laguntzak edo minimis laguntzak dira.

3.– Erakunde onuradun bakarrak jaso dezakeen minimis laguntza ezin izango da 200.000 euro baino gehiagokoa izan, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Hori dela-eta, programa honetan xedatutako laguntzarik ez da emango baldin eta emandako laguntza, onuradunak aurretik lortu dituen beste minimis laguntza batzuei gehituta (edozein izanik ere laguntza eman duen administrazioa edo administrazioak), muga horretatik gorakoa bada.

4.– Muga hori edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, programa hau betez emandako laguntzatik gehiegizko zenbatekoa murriztuko da.

5.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.

6.– Epeka ordaintzekoak diren laguntzak ematen diren unean duten balioaren arabera eguneratuko dira.

11. artikulua.– Laguntzak eskatzea.

1.– Baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntzak jaso nahi badituzte, SPRIren web-gune honetan ezarritako laguntza-eskabidea bete beharko dute: http://www.spri.es/afi

2.– Erakundea ordezkatzeko nahikoa botere duen pertsonak aurkeztu beharko du laguntza-eskabidea, sinaturik eta zigilaturik, SPRI SAren egoitzan (Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao). Laguntza-eskabidea eta gainontzeko agiri osagarriak paperezko formatuan jasotzen diren eguna hartuko da aurkezte-eguntzat; SPRIn edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean zehaztu lekuetan aurkeztu behar dira agiri horiek.

3.– Erakunde eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskabidean.

4.– Laguntza-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena.

b) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen fotokopia.

c) Jarduera Ekonomikoen Zergan, dagokion epigrafean, alta emanda egotea.

d) Turismoko lurralde-bulegoak egindako txosten teknikoa, proiektua Turismoa Orientatzeko Arauei egokituta dagoela egiaztatzen duena (AFI turismo-arlokoa bakarrik).

e) Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren txosten teknikoa, proiektua AFI programari behar bezala egokitzen zaiola adierazten duena; nekazaritzako elikagaien industrien kasuan bakarrik.

12. artikulua.– Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza-eskabideak aurkezteko epea araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta 2014ko azaroaren 14an amaituko da, non eta ez den aurrekontua agortzen.

13. artikulua.– Ebaluatzeko eta ebazteko prozedura.

1.– Finantza Laguntza (AFI) programaren Batzorde Betearazleak, zeina Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA sozietatearen Administrazio Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 23an hartutako erabakiaren bidez eratu baitzen, gaitasuna du araudi honetan oinarrituta aurkeztutako laguntza-eskabideak ebaluatu eta ebazteko, eta hartutako erabakiak akta batean jasoko dira.

Akta horrek, nahitaez, honako erabaki hauek jaso beharko ditu, besteak beste: onartutako proiektuak, ezezkoa jaso dutenak, uko egindakoak eta atzera egindakoak.

2.– Laguntza-eskabideak, espedienteak osorik daudenean ebaluatuko dira.

3.– Ebaluazio-irizpideak. Laguntza-eskabidea onartzeko irizpideak 7., 5., 6. eta 8. artikuluetan eta artikulu honetako 2. paragrafoan jasota daude.

4.– Batzorde Betearazleak emango du ebazpena, zuzeneko esleipenaren erregimenean.

5.– Ebazteko epea. 120 eguneko epea ezartzen da, agiri guztiak aurkezten diren egunetik.

Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskaerari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.

6.– Ebazpenei buruzko jakinarazpena, erakunde eskabide-egileari egin beharrekoa, Batzorde Betearazleko idazkariak egingo du, eta bertan honakoak jasoko dira: proiektua zein araudiri lotzen zaion, laguntzaren helburua, ematen den diru-laguntzaren zenbatekoa, forma eta baldintzak, eta diruz laguntzeko jarduera egiteko epeak, justifikazioak egiteko epeak eta ordainketa-epeak, eta beharrezko den beste edozein baldintza.

7.– Aipatu ebazpena erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, honako epe honetan: Batzorde Betearazleak ebazpena emateko batzarra egin, eta, gehienez ere, hamabost eguneko epean. Aipatutako epea zenbatzeko, abuztua ez da kontuan hartuko.

8.– Aurrekoa eragotzi gabe, ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, eman diren laguntzen berri denek izan dezaten.

14. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera-plana bukatutakoan, eta 2015eko otsailaren 27a baino lehen, erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute hura, eta hartarako, SPRIren web-gunean jarritako formularioak erabili beharko dituzte (http://www.spri.es/afi).

2.– Erakundea ordezkatzeko nahikoa botere duen pertsonak helarazi beharko dio likidazio-eskabidea, sinaturik eta zigilaturik, SPRI SAren Zuzendaritzari (Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao). Laguntza-eskabidea eta gainontzeko agiri osagarriak paperezko formatuan jasotzen diren eguna hartuko da aurkezte-eguntzat; SPRIn edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean zehaztu lekuetan aurkeztu behar dira agiri horiek.

3.– Likidazio-eskabidean adierazi beharko dira erakunde eskatzailearen eta legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Fakturen koadroa.

b) Fakturen koadroan dauden fakturen kopia.

c) Erakundeak dagozkion zerga-administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.

d) Formalizatuko polizen kopia.

e) Finantza-errentamenduaren kontratuari dagokionez, kontratua bukatzen denean ondasun finantzatua erosteko aukera baliatzeko konpromisoa. Finantza-erakundeak eta enpresak sinatu beharko dute konpromiso hori.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak SPRIk emango ditu, laguntzaren erakunde onuradunari ordainketa bakarra eginez, betiere onuradunak aurreko artikuluan adierazi diren egiaztagiriak eta likidazio-eskabidea aurkeztu ondoren.

2.– Diruz lagundu daitekeen inbertsioa txikiagoa baldin bada programaren Batzorde Betearazleak laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua baino, diru-laguntza proportzionalki doituko da.

3.– SPRIk diru-laguntzen onuradunei, gehienez ere, 3 hilabeteko epearen barruan egingo dizkie ordainketak erakunde onuradunei; zehazki, likidazio-eskabidean eskatutako dokumentazio guztia aurkezten denetik aurrera. SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea –17.1.c idatzi-zatian aipatua– ez da zenbatuko, ez eta abuztuko hila ere, ez baita jotzen hil balioduntzat.

16. artikulua.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskabideak behar bezala beteta ez badaude, edo 11. eta 14. artikuluetan eskatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, SPRIk, 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko eskatuko dio enpresaren legezko ordezkariari, eta bestalde, ohartaraziko dio ezen hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta horixe jakinaraziko zaiola erakunde eskatzaileari.

2.– Aipatu epea igarota, zuzenketarik egin ez bada, programaren Batzorde Betearazleak laguntza ukatuko du, ebazpen bidez.

3.– Erakunde eskatzaileak eta SPRIk baliozkotu egingo dituzte laguntza-eskabidean erakundeak harremanetarako izendatu duen pertsonaren posta elektronikora e-mail bidez bidalitako komunikazioak.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek honako hauek ere bete beharko dituzte, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaz gain:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunak, laguntza esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean, espresuki –eta SPRIn– horri uko egiten ez badio, laguntza onartu duela ulertuko da.

b) Eman den diru-laguntza, eskatu den xede horretarako erabiltzea.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea, eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, betiere, laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.

f) SPRIri lehenbailehen jakinaraztea honako hauek: xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzak eta diru-laguntzak, edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide.

g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, SPRIri horren berri ematea. Maileguaren onuradunak diruz lagundutako maileguaren amortizazioa, osorik zein zati batean, aurreratu nahi izanez gero, hau da, kapital bizia gutxitu nahi izanez gero, SPRIren berariazko baimena beharko du. Baimena jasoz gero, enpresak SPRri ordainduko dio baimendutako eta gauzatutako amortizazio aurreratuaren arabera, kobratutako interesetatik ez dagokion zatia.

h) Aitortutako inbertsio-proiektuak eta formalizatutako polizak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko lurralde-ordezkaritzen ikuskaritza-zerbitzuek ikuskatuko dituzte eta/edo kanpoko auditorien bitartez egiaztatuko dira. Enpresa onuradunak jatorrizko fakturak jarriko ditu ikuskaritza-zerbitzu horren eskura; faktura horiek faktura-koadroan zehaztatutakoekin bat etorri behar dute.

Lurralde-bulegoko zerbitzu teknikoek eta/edo kanpoko auditoreek egiaztatuko dute laguntza-eskabidean dauden datuak benetakoak diren, inbertsioa benetan gauzatu den eta non egin den. Hori guztia egiaztatu ondoren, lurralde-ordezkaritzak ikuskapen-ziurtagiria emango du.

18. artikulua.– Laguntzen aldaketa.

Laguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso bada, diru-laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek ez badute betetzen programa honetan eta diru-laguntzen arloan aplikagarria den araudi orokorrean ezarritako baldintzaren bat, edo laguntza emateko ebazpenean ezar daitekeen baldintzaren bat, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute. Halakorik gertatuz gero, SPRIri itzuli beharko dizkiote une horretara arte jasotako zenbatekoak eta legezko interesak. Beharrezkoa izanez gero, legezko ekintzak bideratu ahal izango dira, zenbateko horiek itzularazteko.

2.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, egoera hauek ez-betetzat hartuko dira:

2.1.– Ez betetzea programan ezarritako xedea edo laguntzaren xede den jardueraren garapena justifikatzeko betebeharrak.

2.2.– Laguntza lortzea programa honetan ezarritako betekizun eta baldintzak bete gabe, edota laguntza ematean ezarritakoak bete gabe.

2.3.– Programan edo laguntza ematean aurreikusitako edozein kontrol-neurritan ez parte hartu nahi izatea, edo prozesu horietakoren bat eragoztea.

2.4.– Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea, edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatzen diren baldintzak ez betetzea.

2.5.– Diruz lagundutako jarduera burutzeko epeak gainditzea, betiere, aldatzeko baimena edo luzapena eman gabe.

2.6.– Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Bidegabe jasotako zenbatekoak hilabete bateko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunean zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.

4.– Halaber, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraikiz gainfinantziazioa gertatuz gero, ordainketaren ostean beste laguntza batzuk ere jaso izanaren ondorioz. Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulketa erabakitzeko emango den ebazpenean.

5.– Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarrerak izango dira, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan xedatutako erantzukizun-erregimena aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Erakunde onuradunek programa honekin lotutako argitalpen eta sustapeneko jarduera guztietan zehaztu beharko dute SPRIrengandik laguntza jaso dutela.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Bigarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz, helarazten diren izaera pertsonaleko datuak «Laguntzak» izeneko fitxategian bilduko dira. Horren guztiaren arduraduna SPRI da (Urkixo zumardia 36, -4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao).

Fitxategi horren xedea da SPRIren bidez diseinatutako eta/edo kudeatutako laguntzen/diru-laguntzen espedienteak kudeatzea. Informazio hori eman ahal izango zaie enpresa laguntzaileei, dagokion arloan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei, behar izanez gero.

Fitxategi horren berri eman zaio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu dira.

Nolanahi ere, emandako datuetara sartzeko aukera dago, baita, behar izanez gero, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko aukera ere, betiere, adierazitako legean ezarritakoaren arabera. Horretarako, jakinarazpen bat bidali beharko zaio, idatziz, SPRIko Segurtasuneko arduradunari, helbide honetara: lopd@spri.es

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

SPRIren erabakiak merkataritza-izaera du, eta jurisdikzio-eskumena epaileena eta auzitegi zibilena da. Erakunde onuradunek berariaz uko egiten diete dagozkien eskumenei eta Bilboko Auzitegi eskudunen mende jartzen dira espresuki, laguntzen programa honen interpretazioari edo gauzatzeari buruz zuzenean nahiz zeharka sor daitekeen edozein auzi, desadostasun edo erreklamazio erabakitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

SPRIren zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio, araudi hau gauzatzeko eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bilbao, 2014ko urtarrilaren 27a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.


Azterketa dokumentala