Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2014ko martxoaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
1062

IRAGARKIA, industriako edo berari lotutako zerbitzuetako enpresa gazte berritzaile eta hazkunde-gaitasun handia dutenek EAEn gauzatutako enpresa-proiektuei laguntza emateko «MiniConnect» programaren araudia onartzeko dena.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazio Kontseiluak, 2014ko urtarrilaren 24an egin zuen bileran, «MiniConnect» programaren araudia onartzea erabaki zuen. Programa horren bitartez, laguntzak ematen zaizkie industriako edo berari lotutako zerbitzuetako enpresa gazte berritzaile eta hazkunde-gaitasun handia dutenek EAEn gauzatutako enpresa-proiektuei. Bada, hona hemen erabakiaren testua, oso-osorik:

Lisboako Estrategian ezarritako helburuei erantzuteko, Lehiakortasun eta Berrikuntzarako 2014-2020 Esparru-programak (LBE) enpresa espiritua eta berrikuntza behar bezala sustatu beharra nabarmentzen ditu Europar Batasuna munduan ezagupen-ekonomiarik lehiakorrena eta dinamikoena bihurtu ahal izateko. Hazkunde-gaitasun handiko enpresak sortu beharra nabarmentzen da bereziki, eta ekonomia aurreratuen gizarte- eta ekonomia-garapenerako funtsezkotzat jotzen dira, azken batean kualifikazio altuko enplegua garatu eta sortzeko gaitasun gehien duten enpresak baitira.

Hala ere, halako enpresak garatzeak traba handiak ditu gaur egun. Finantziazio-beharrak ez dira ohiko enpresek dituztenak, eta, oro har, epe luzeagoak behar dituzte kutxa-fluxu positiboak sortzeko eta hasierako inbertsio handiagoak errentagarritasuna lortzeko. Kapitalaren hasierako iturri komunak, sustatzaileak berak eta haien ingurune hurbilena, eta arrisku-kapitaleko fondoak ez dira enpresa horiek behar dituztenak, eta, ondorioz, kapitalizatzeko arazo handiak izan ditzakete. Inbertsioari lotutako arriskua handiagoa izan ohi da, baina, bestalde, gazela-enpresek merkatu globaletan arin hazteko gaitasuna dute.

Beraz, enpresa horien ezaugarri bereziek tresna bereziak eskatzen dituzte arrakastatsuak izan daitezen. Horrenbestez, bultzada bat behar da, alde batetik EAEn enpresa horien kopurua handitzeko, eta, bestetik, enpresa horiei ingurune globalizatuan lehiatzeko laguntza emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekintzaileak badu ahulezia nagusi bat: enpresa berriek gaitasun eskasa dute hazteko, behin urte batzuk funtzionamenduan daramatzatela. Hori kontuan hartuta, enpresa-ekimen berri gehiago garatzea da helburua, eta baldintza hobeetan gara daitezela; horretarako, enpresa sortzeko prozesuan zehar laguntzak bateratuko dira, eta hasierako finantzaketa-eragozpenak gainditzen lagundu. Berariaz, funtsezkoa da enpresa-sorkuntza nitxo teknologiko eta berritzaileetatik aktibatzea, merkatu-gaitasun handiena duten berrikuntzak merkaturatzeko, eta, hala, berrikuntza horiek EAEko ekonomia- eta gizarte-garapenean laguntzeko.

Ildo horretan, helburu hauek lortzera bideratu beharko dira ahaleginak:

– Izaera berritzailea duten enpresen oinarria handiagotzea eta sendotzea.

– Enpresa berritzaileek nazioartean duten proiekzioa bultzatzea.

– EAEko finantza-hornidura hobetzea, enpresa berritzaile gazteak kapitalizatzeko.

– EAEn presentzia globala izan dezaketen enpresa berritzaileen negozioaren eta berrikuntza-jardueren garapena bizkortu eta areagotzea.

Horren guztiaren ondorioz, eta baliabide publikoak segmentu eta jarduera jakinei aplikatzeko asmoz, hain zuzen ere sustapen-egitekoa modu eraginkorrean gauzatzen laguntzeko, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) beharrezkotzat jo du, gainerako erakunde sustatzaile eta kolaboratzaileekin koordinaturik, ekimen sustatzaile berritzaileen esku laguntza eta finantzaketa tresna integratu bat jartzea, haien enpresa proiektua abian jartzeko. Ondoren zehazten dira proiektu horietarako arauak.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Programa honen helburua enpresa-proiektuak finantzatzea da; hain zuzen ere, industriako edo harekin lotutako zerbitzuetako enpresa gazte berritzaileek, hazkunde-gaitasun handikoek, EAEko Enpresa eta Berrikuntza Zentro baten babespean –16. artikuluan programa honen kolaboratzaile gisa agertzen diren zentroetako baten babespean– gauzatutako proiektuak.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

«Hazkuntza-gaitasun handikotzat» jotako enpresa-proiektuak ontzeko eta garatzeko prozesuan laguntza eta tutoretza espezializatua emateko laguntza bat da, diru-laguntza izaera izango duena.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Jarraian adierazitako baldintzak betetzen dituzten enpresa txikiek eskuratu ahal izango dituzte programa honek arautzen dituen diru-laguntzak:

– 50 langile baino gutxiago izatea.

– Urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 10 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

Nolanahi ere, puntu honetan adierazitako baldintzak interpretatzeko, Europako Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 Araudiaren I. eranskinean ezarritakoa hartuko da kontuan, edo hura aldatu edo ordezten duten xedapenak.

2.– Enpresak ez du 6 urte baino gehiagoko antzinatasuna izango, eta, horretarako, kontuan hartuko da diru-laguntzaren eskabidea egiten den unean 6 urte iragan ez izana, betiere, enpresa sortu zenetik.

3.– Enpresak 10 lanpostu berri sortu beharko ditu, gutxienez, proiektua garatu bitartean. Abiapuntuko datu gisa, azken 12 hilabeteetako batezbestekoa hartuko da aintzat.

4.– Arau honetan araututako diru-laguntzak jaso ahal izateko, enpresak berritzailea eta hazkunde-gaitasun handikoa izan beharko du. Enpresaren I+G gastuek bere ustiapen-gastu guztiaren % 5 izan beharko dute, gutxienez, diru-laguntza eman baino lehenagoko hiru urteetako batean, behintzat. Finantza-historiarik gabeko enpresa sortu berrien kasuan, I+Gko gastuek % 5ekoak izan beharko dute, gutxienez, unean uneko zerga-aldiko kontu-ikuskaritzarako. Kanpoko auditore batek ziurtatu beharko du enpresa berritzailea dela eta I+G gastuen ehunekoari buruzko baldintzak betetzen dituela.

5.– Enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko du egoitza edo, bestela, jarduera-zentro bat gutxienez.

6.– Enpresa eskatzaileek, halaber, eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zor mugaeguneraturik ez izatea SPRI taldeko edozein elkarterekin, ez eta erakunde sustatzaile edo kolaboratzaileekin ere. Baldintza horietan egongo dira enpresa onuradunak, enpresa berriaren sustatzaileak edo horiei elkarturik edo lotuta dauden sozietateak.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, indarrean dauden legeetan eskatzen diren mugen arabera.

7.– Egoera hauetakoren batean ez egotea (ziurtagiriak aurkeztu beharko dira):

a) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

b) Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango –edo, hala badagokio, ordainduko– da laguntza.

c) Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonda.

d) Diru-laguntzen deialdi hau egin aurreko bost urteetan, enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

8.– Enpresa eskatzaileek onuradun direla egiaztatu behar dute laguntza-eskabidea aurkeztean, eta, hartara, eskabide-inprimakian eskatutako agiriak entregatuko dituzte.

9.– Sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak, beren organoak, sailak eta menpeko erakundeak bai eta administrazioa partaide nagusitzat duten enpresak edo erakundeak ere ezin izango dira diru-laguntza hauen onuradun.

4. artikulua.– Oinarri teknologikoko enpresatzat edota hazkunde-gaitasun handiko enpresa berritzailetzat jotzea.

Oinarri teknologikoko enpresatzat edota hazkunde-gaitasun handiko enpresa berritzailetzat jotzeko, ebaluazio-irizpide hauek erabiliko dira:

1.– Oinarri teknologikoko enpresatzat eta/edo enpresa berritzailetzat jotzea:

a) Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea.

b) I+Gn maila jakin bateko inbertsioak izatea.

c) I+Gko proiektuak ustiatzea.

d) Enpresa horien industria-jabetza jabetza teknologiko babestua izatea.

e) Parke teknologikoetan edo Enpresa eta Berrikuntza Zentroetan egotea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko teknologia-eskaintza eskuratzeko moduan izatea.

g) Teknologia-ezagutza merkatuan sartzeko produktu edo prozesu berri bihurtzea.

h) Jardueran hasita egotea edo programa honetako 16. artikuluan aipatzen diren Enpresa eta Berrikuntza Zentroetako baten babesa izatea.

i) Nazioartekotze-plana izatea, alderdi hauek zehaztuta dituena: enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia, egin beharreko ekintzak, interesa duten eremuak eta horien epealdiak.

j) Informazioaren gizartean sartu eta garatzeko estrategia eta ekimena edukitzea, eta enfasi berezia egitea informazio- eta komunikazio-teknologiak enpresaren jardueran eta negozio-ereduan txertatzeko.

k) Agindu honen ondorioetarako, halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat eta/edo enpresa berritzailetzat hartu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia eta Teknologia Planaren edo Gaitek, Innotek eta NETs programen babespean egindako ikerketa eta/edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria duten enpresa sortu berriak.

2.– Negozio-aukera:

a) Langile-kopurua eta/edo fakturazioa hazteko gaitasuna.

b) Merkatu objektiboaren gaitasuna eta erakargarritasuna.

c) Zabaltzeko eta nazioartekotzeko estrategia. Bokazio globala.

d) Berrikuntza-maila eta lehiatzeko abantaila.

e) Berrikuntzaren bideragarritasun teknikoa.

f) Lehiakortasun-azterketa. Merkatuaren segmentazioa eta salmenta-estrategia.

g) Jabetza intelektualerako estrategia.

h) Enpresa proiektuaren jasangarritasuna.

3.– Talde kudeatzailea:

a) Talde kudeatzailearen kualifikazioa eta harremanetarako gaitasuna.

b) Talde kudeatzailearen konpromiso pertsonalaren maila.

c) Aldaketaren aurrean erantzuteko gaitasuna.

d) Nazioarteko Garapenaren arloko gaitasuna.

e) Lider izateko gaitasuna.

4.– Finantziazioa:

a) Enpresaren finantza gaitasuna eta kualifikazioa, informazio fidagarria eskaintzeko, proiekzioak kontrolatzeko eta hirugarrenen finantziazioa erakartzeko.

b) Enpresaren finantza-historiala eta finantza- eta ekonomia-alorrean estimatutako errentagarritasuna.

c) Proiektuaren inbertsio-planak.

d) Finantzaketa-iturriak, ospe handiko diru-ekarpen publikoak egotea eta/edo banku-finantzaketa lortzeko aukerak.

5.– EAEko enpresen garapenerako politikaren alde estrategikoki jarrita egotea.

a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2010 Planaren lehentasunezko esparruetarako eta Enpresa Lehiakortasun eta Gizarte Berrikuntzarako Planaren estrategietarako garrantzia.

b) EAErako interes berezia duten, azaleratzen ari diren edo hazkunde-gaitasun handia duten jarduerak garatzea.

Artikulu honetan ezarritako parametroak balioesteko, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Sozietatea SAk (SPRI) programa honen erakunde kolaboratzaile diren Enpresa eta Berrikuntza Zentroetako baten txostena izango du, eta hala badagokio, bidezko iritzitako profesional independenteen txostenak, programaren Batzorde Betearazleari proposamena egiteko.

II. KAPITULUA
LAGUNTZA-ARAUBIDEA

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen zenbatekoa diruz laguntzeko moduko gastuen % 100era iritsi ahal izango da. 100.000 euro izango dira gehienez.

6. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak.

Oro har, enpresa-proiektua abian jartzeko beharrezko diren gastu edo inbertsio guztiek jaso ahal izango dute diru-laguntza, talde ebaluatzaileak aurrekontua onartu ondoren.

Zehazki, hauek hartzen dira diruz laguntzeko moduko gastutzat:

– Zuzendaritza taldearen lansariak (intentsitatea lanbide-kategorien arabera ponderatuta).

– I+Gko langileen gastuak (ikerlariak, teknikariak eta laguntzaileak).

– Tresna eta ekipamenduen kostuak.

– Enpresa-proiektua gauzatzeko beharrezko lokalen alokairuaren kostuak.

– Aholkularitza-zerbitzuen eta patenteen kostuak.

– Enpresa-prestakuntza eta prestakuntza espezifikoa.

– Aholkularitzagatiko eta kanpoko laguntza teknikoarengatiko gastuak.

– Prospekzio-ikerketak eta dokumentazioa.

– Merkataritza-prospekzioko ferietara joatea eta bidaiak egitea.

Kanpoko azpikontratazio espezializatuaren gastuak. Aurkeztutako proiektuaren eremuan adituak diren eta proiektua aurrera eraman behar duten kanpoko enpresak kontratatzeko gastua.

Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ez izatea herri-administrazioen menpeko edo horiei lotutako nortasun juridiko propiodun entitateak. Nolanahi ere, salbuespen izango dira sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agenteak, soilik araudi honetako jarduera-eremuan.

b) Akzioen edo partaidetzen bidezko loturarik ez izatea, ez zuzenik ez zeharkakorik, laguntza eskatu duenarekin edo lankidetza-proiektu batean sartutako enpresaren batekin.

c) Enpresak nahiz haien langileak eta kolaboratzaileak ezin dira egon SPRIren deshomologatze-prozedura baten barruan.

7. artikulua.– Gauzatzeko epea.

Programa honen esparruan emango diren laguntzak diruz laguntzeko onartutako gastuetarako emango diren diru-laguntzak izango dira. Gehienez 36 hileko epean egin beharko dira gastuak, proiektua hasten denetik aurrera.

8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Beste laguntza publikoak eta programa honen bidez emandakoa aintzat harturik metatutako zenbatekoak kostu hori gainditzen badu, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den beste murriztu ere.

2.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzia txikiko laguntzak edo minimis laguntzak dira.

3.– Erakunde onuradun bakarrak jaso dezakeen minimis laguntza ezin izango da 200.000 euro baino gehiagokoa izan, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Hori dela-eta, programa honetan xedatutako laguntzarik ez da emango baldin eta emandako laguntza, onuradunak aurretik lortu dituen beste minimis laguntza batzuei gehituta (edozein izanik ere laguntza eman duen administrazioa edo administrazioak), muga horretatik gorakoa bada.

4.– Muga hori edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, programa hau betez emandako laguntzatik gehiegizko zenbatekoa murriztuko da.

5.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.

6.– Epeka ordaintzekoak diren laguntzak ematen diren unean duten balioaren arabera eguneratuko dira.

III. KAPITULUA
PROZEDURA

9. artikulua.– Laguntza-eskabidea aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 1etik ekainaren 30era artekoa izango da, programa hau indarrean dagoen ekitaldi bakoitzean.

2.– Enpresa onuradunek EAEko Enpresa eta Berrikuntza Zentroen bidez aurkeztuko dituzte laguntza-eskabideak, eta eskabide-agiriak horietan eskuratu ahal izango dira.

3.– Eskabideak proiektua hasten den ekonomia-ekitaldian aurkeztu beharko dira eta eskabidean ezin izango dira sartu proiektua aurkeztu aurretik egindako gastu edo inbertsioak.

10. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Enpresa eskatzaileak honakoak aurkeztu beharko ditu:

a) Eskabide-agiria behar bezala beteta eta pertsona edo talde eskatzaileak izenpetuta; enpresa izanez gero, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonak izenpetuko du.

b) Proiektuaren teknika-, ekonomia- eta finantza-alderdiak eta enpresaren jarduera zehazki deskribatuko dituen txostena. Txosten horrek justifikatu beharko du oinarri teknologikoko enpresa edo enpresa berritzailea dela.

c) Eskabidea aurkeztu aurreko azken 12 hilabeteetako TC2 inprimakien kopia.

d) Eratze-eskrituraren fotokopia, identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia eta pertsona eskatzailea edo eskatzaileak ordezkatzeko ahalmenaren kopia fede-emailea.

e) Urteko kontuen kopia, eta azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan bildutako dokumentazio osagarria; horiek izan ezean, Sozietateen gaineko Zergaren edo, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azkeneko bi aitorpenak.

f) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.

g) Ondorengo alderdiei buruzko zinpeko aitorpena:

– Eskatzailea enpresa txikia izatea, eta enpresako eta, hala gertatuz gero, berarekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako enpleguaren, negozio-bolumenaren eta balantze orokorraren urteko datuak eta taldearen datu orokorrak, diru-laguntza eskatu aurreko bi ekitaldienak.

– Proiektu berarentzako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik jasotako laguntzak.

– Enpresa eskatzaileak zehapen administratibo edo penalik ez duela jaso eta diru-laguntza publikoak jasotzea galarazten dion legezko debekurik ez duela.

2.– Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroak edota Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) bidezko iritzitako agiriak edo argibideak eskatu ahal izango dizkiote enpresa eskatzaileari, hain zuzen ere, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu edo izapidetzeko.

11. artikulua.– Proiektuen azterketa.

1.– Eskabideak akatsak baditu edo jarri beharreko daturen bat edo aurreko artikuluan aipatutako agirietako bat falta dela atzemanez gero, Enpresa eta Berrikuntza Zentroak eta/edo Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) errekerimendua egingo dio enpresa interesdunari, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa konpontzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko dio, hala egiten ez badu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere programaren Batzorde Betearazleak hala ebatzi ondoren. Eskabidea osorik ez badago, aurkeztu gabekotzat joko da harik eta behar bezala bete arte.

2.– Prozeduraren izapideak egiterakoan, ebatzi baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroak emandako txosten xehatu bat eta horrekin batera enpresak aurkeztutako agirien zerrenda igorri behar zaizkio Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea Sari (SPRI). Txosten horrek, alde batetik, enpresak aurkeztutako informazio guztia zehaztu beharko du, eta, beste aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroaren balorazioak, bai informazio horri buruzkoak bai zentroak duen jarraipen-eginkizunari atxikiz ikusi dituen eta nabarmentzat jotzen dituen beste alderdiei buruzkoak, hain zuzen ere, proiektua programa honen esparruan hautagarria den ala ez zehazteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroak, nolanahi ere, espedientea noiz osatu den adierazi beharko du.

3.– Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) honakoak aztertu eta ebaluatu beharko ditu: aurkeztutako eskabideak, dagokion Enpresa eta Berrikuntza Zentroaren txostena, eta, gutxienez, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk berak aukeratutako kanpoko txosten independente bat.

12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Proiektuei laguntza eraginkorragoa emateko, programa honen bidez ahalik eta eperik laburrena erabili nahi da diru-laguntza eskatzen denetik eman arte; horregatik, espedientea osorik dagoenean esleituko dira, hurrenkera horretan. Ekitaldi bakoitzean programa honetarako izendatutako aurrekontua gainditzen denean, ezetsi egingo dira diru-laguntzak ebazpen baten bidez.

2.– MiniConnect programaren Batzorde Betearazleak, zeina Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazioko Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 23an hartutako erabakiaren bidez eratu baitzen, gaitasuna du araudi honetan oinarrituta aurkeztutako laguntza-eskabideak ebaluatu eta ebazteko, eta hartutako erabakiak akta batean jasoko dira.

3.– Ebazpena e-mail bidez igorriko zaio enpresari, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAn eskabidea jaso eta, gehienez, 4 hilabeteko epean, edo 6 hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroan agiri guztiak aurkezten direnetik (10. artikuluan jasotakoak dira agiri guztiak).

13. artikulua.– Gastuen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Enpresa onuradunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroaren laguntzarekin, 6 hilabeterik behin, ondoren adierazten diren agiriak aurkeztu beharko ditu Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAn (SPRI):

– Enpresaren eboluzioari eta proiektuari buruzko memoria eguneratua.

– Aurreikusitako helburuak bete diren eta egindako gastuak, betiere proiektuari lotutakoak.

– Helburu berriaren aurreikuspena, gauzatu beharreko jarduerak eta gastuak.

– Hil guztietako TC2 inprimakien kopia, enpleguaren bilakaera egiaztatzeko.

– Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Idazkaritza Nagusian ordaindu beharrekoa egunean izatea.

2.– Aitortutako gastuak Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) ikuskatuko ditu, laginketa-metodoak erabilita eta/edo kanpoko auditorien bitartez. Enpresa onuradunak ikuskaritza-zerbitzuaren eskueran jarriko ditu diru-laguntzaren gai den proiektuarekin zerikusia duten agiri guztiak.

Horrez gain, beharrezkotzat jotzen dituzten informazio eta agiriak eskatu ahal izango dituzte adierazitako erakundeek.

3.– Agirietan jarri beharreko datu guztiak agertzen ez badira, edo lehen aipatutako agirietako bat falta dela atzemanez gero, edo beharrezko informazioa argitu edo zabaltzeko gehigarrizko agiriak aurkeztu behar badira Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) errekerimendua egingo dio enpresa interesdunari, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa konpontzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko dio, hala egiten ez badu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela.

4.– Agiriak aztertu ostean Batzordeari jakinaraziko zaio eta honek dei egin ahal izango diro enpresari aurkeztutako agiriekin batera proiektuaren eboluzioari buruzko azalpen zehatza egiteko eta, bidezkoa izanez gero, proiektuari buruzko ordainketa-proposamena egiteko.

5.– Enpresa onuradunak Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAn (SPRI) agiri guztiak aurkezten dituenetik ordainketa-ebazpena eman arteko aldia ez da 4 hilabetetik gorakoa izango.

14. artikulua.– Informatzeko betebeharra.

1.– Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) eskubidea du programa honen egikaritzea eta aplikazioa bermatze aldera egoki ikusten dituen egiaztapen, ikuskaritza eta gainontzeko kontrol neurriak gauzatzeko eta baliabide publikoak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzeko.

2.– Enpresa onuradunak fakturen koadroaren arabera aurkeztutako fakturek 5 urtez egon behar dute artxibatuta eta Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura egongo dira.

3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak betez eskatzen dieten informazio oro eman behar dute nahitaez enpresa onuradunek.

4.– Enpresa eta Berrikuntza Zentroek, erakunde kolaboratzaile direnez, araudi honetan eta indarreko araudia aplikatzearen ondoriozkoetan ematen zaizkien funtzioez gain, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAri (SPRI) aldizka informazioa eman beharko diote, azken horrek eskualdatzen dizkien funtsen egoeraz eta onuradunei egindako ordainketez. Halaber, programa honen markoan izapidetzen diren proiektuei dagokienez, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) eskatutako informazioa eta agiriak aurkeztu beharko dituzte.

Dokumentazioa SPRIk eskatutako moduan aurkezten ez bada, Enpresa eta Berrikuntza Zentroa ez da gehiago erakunde kolaboratzailetzat hartuko, eta SPRIk hartuko ditu bere gain haren proiektu eta ardurak.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek ez badute betetzen programa honetan eta diru-laguntzen arloan aplikagarria den araudi orokorrean ezarritako baldintzaren bat, edo laguntza emateko ebazpenean ezar daitekeen baldintzaren bat, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute. Halakorik gertatuz gero, SPRIri itzuli beharko dizkiote une horretara arte jasotako zenbatekoak eta legezko interesak. Beharrezkoa izanez gero, legezko ekintzak bideratu ahal izango dira, zenbateko horiek itzularazteko.

2.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, egoera hauek ez-betetzat hartuko dira:

2.1.– Ez betetzea programan ezarritako xedea edo laguntzaren xede den jardueraren garapena justifikatzeko betebeharrak.

2.2.– Laguntza lortzea programa honetan ezarritako betekizun eta baldintzak bete gabe, edota laguntza ematean ezarritakoak bete gabe.

2.3.– Programan edo laguntza ematean aurreikusitako edozein kontrol-neurritan ez parte hartu nahi izatea, edo prozesu horietakoren bat eragoztea.

2.4.– Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea, edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatzen diren baldintzak ez betetzea.

2.5.– Diruz lagundutako jarduera burutzeko epeak gainditzea, betiere, aldatzeko baimena edo luzapena eman gabe.

2.6.– Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Bidegabe jasotako zenbatekoak hilabete bateko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunean zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.

4.– Halaber, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraikiz gainfinantziazioa gertatuz gero, ordainketaren ostean beste laguntza batzuk ere jaso izanaren ondorioz. Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulketa erabakitzeko emango den ebazpenean.

5.– Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarrerak izango dira, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan xedatutako erantzukizun-erregimena aplikatuko da.

IV. KAPITULUA
ERAKUNDE KOLABORATZAILEAK

16. artikulua.– Erakunde kolaboratzaileak.

Programa honetako kolaboratzailetzat hartzen diren EAEko Enpresa eta Berrikuntza Zentroak:

– Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (CEI Saiolan).

(Uribarri auzoa, 3 behea, 1, 20500 Arrasate – Gipuzkoa).

– Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (Berrilan).

(Azitain Ind., 3, 2. eraikina, 2.a, 20600 Eibar – Gipuzkoa).

– Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (CEIA).

(Arabako Parke Teknologikoa, CEIA eraikina, 01510 Miñao – Araba).

– Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroa (CEDEMI).

(Bizkaiko Labe Garaiak etorbidea 33, 48902 Barakaldo – Bizkaia).

– Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ).

(Errekalde zumarkalea, 18, 6.a, 48009 Bilbao –Bizkaia).

Erakunde kolaboratzailetzat hartzen diren EAEko Enpresa eta Berrikuntza Zentroen funtzioak:

a) Sustatzaile edo sustatzaile-taldeari harrera egitea.

b) Enpresa eskatzaileari eskabidea, memoria eta abar gauzatzeko laguntza ematea.

c) Enpresa onuradunak programa honetan jasotako eskakizun guztiak betetzen dituela egiaztatzea.

d) Proiektuaren laguntza-txostena egitea.

e) Helburuen garapenean eta justifikazio-gastuetan eta likidazio-aurkezpenean enpresa onuraduna laguntzea.

f) SPRIk eskatutako informazioa ematea, hark ezarritako moduan.

AZKEN XEDAPENAK

1.– Aurkezten diren eskabideak hurrenkera kronologikoan aztertuko dira, behin behar bezala beteta daudenean, harik eta urteko kreditu erabilgarria agortzen den arte.

Kreditua agortu eta gero, ez da eskabiderik aztertuko, nahiz eta aurkezturik egon.

Laguntza-programa hau indarrean egongo da EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik 2017ko abenduaren 31ra arte, betiere, programa honentzako aurrekontu-partida baldin badago Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren aurrekontuetan, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta baitaude.

2.– Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA (SPRI) sozietatearen erabakiak merkataritza-izaera du, eta epaileek eta auzitegi zibilek dute jurisdikzio-eskumena. Enpresa onuradunek berariaz uko egiten diete dagozkien eskumenei eta Bilboko Auzitegi eskudunen mende jartzen dira espresuki, laguntzen programa honen interpretazioari edo gauzatzeari buruz zuzenean nahiz zeharka sor daitekeen edozein auzi, desadostasun edo erreklamazio erabakitzeko.

3.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz, helarazi diren izaera pertsonaleko datuak «Laguntzak» izeneko fitxategian bildu dira. Horren guztiaren arduraduna SPRI da (Urkixo zumardia 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao).

Fitxategi horren xedea da SPRIren bidez diseinatutako eta/edo kudeatutako laguntzen/diru-laguntzen espedienteak kudeatzea. Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, arlo horretan eskumena duen administrazio publikoari eta SPRI taldeko enpresei eman ahal izango zaie, hala behar izanez gero.

Fitxategi horren berri eman zaio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu dira.

Gogorarazten dizugu emandako datuok eskuratzeko aukera duzula, eta, hala behar izanez gero, datuok eskatzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko edo datu horien aurka egiteko, aipatu legean xedatzen den moduan. Horretarako idatzizko komunikazioa helarazi beharko zaie SPRIko Segurtasuneko arduradunei lopd@spri.es helbidera.

4.– Programa honetan aurreikusita ez dauden puntuetan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorrean eta bere garapen-araubidean xedatutakoa beteko da.

Bilbao, 2014ko urtarrilaren 27a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.


Azterketa dokumentala