Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2014ko martxoaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
1120

AGINDUA, 2014ko otsailaren 25ekoa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, argitalpenen prezio publikoak finkatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginean jartzen duenez (irailaren 11ko 1/2007 Legegintza Dekretu bidez onartu zen), zuzenbide publikoaren pean eskaintzen edo egiten diren zerbitzu edo jarduerengatik ordaintzen diren baina tasak ez diren diru-ordainak dira prezio publikoak.

Testu bategin horretako 31. artikuluan jartzen duenez, dekretu bidez zehaztuko da zein zerbitzu eta jarduera ordain daitezkeen prezio publiko bidez, bi sail hauen artean proposaturik: ogasuneko eskumenak dituen sailak, eta zerbitzu-jarduerok eskaini edo egin behar dituen sailak berak edo erakundearen ardura duen sailak.

Hori dela-eta onartu zen uztailaren 30eko 397/2013 Dekretua, zeinaren bidez zehazten baita Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jarduera ordain daitezkeen prezio publiko bidez. Dekretu horretako eranskineko 9. puntuan datoz zehazturik, hain justu, argitalpen-lanetako eskumena duen sailak justu zein zerbitzuren truke eska ditzakeen prezio publikoak.

Apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuko 21. artikuluan, berriz (dekretu horretan dago arauturik Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren argitalpen-jarduna), jartzen du editatzen diren argitalpen guztiek prezio publikoa behar dutela eduki, salbu ale guztiak dohainik banatzekoak direnean eta/edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin trukatzeko direnean. Eta, jarraian, esaten du ezen, prezioa zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legean eta lege hori garatzeko arauetan xedaturikoa bete beharko dela.

Bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategineko 33. artikuluan jartzen du Ogasun eta Finantzetako sailburuaren ardura dela beraren sailari dagozkion prezio publikoak zehaztea edo aldatzea, agindu bidez; eta, aurretiaz, Ogasuneko eskumenak dituen sailak txostena egin beharko duela, eta loteslea izango dela.

Horregatik, araudiek ematen dizkidaten gaitasunak baliatuz, eta Ogasun eta Finantza Saileko organo eskumendunak aldeko txostena idatzi ondoren,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea dugu Argitalpen Zerbitzu Nagusiak egiten dituen argitalpenak saltzeko prezio publikoak zehaztea, berdin paperean nahiz euskarri elektronikoan egonik ere.

2. artikulua.– Argitalpenak saltzea.

Agindu honek badu eranskin bat, zeinetan tarifa-taula bat erantsi baitugu. Hor dago zehazturik zein prezio publiko izango duten, jendartean saltzeko orduan, Argitalpen Zerbitzu Nagusiak egiten dituen argitalpenek, paperean egon edo euskarri elektronikoa izan, eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga barne dela. Zerbitzu hori Ogasun eta Finantza Sailean dago, Baliabide Orokorren Zuzendaritzara atxikita.

3. artikulua.– Hobariak argitalpenen prezio publikoak.

Badira hobari batzuk, argitalpenak saltzeko orduan aplikatzekoak. Ikus dezagun noiz aplikatuko den zenbatekoa (ezin dira metatu):

1.– Liburuaren egunean eta liburu-azoketan, ehuneko hamar.

2.– Ehuneko hamabost, liburutegietan, artxibategietan, museoetan, legez onartutako ikastetxeetan edo, sortzez, zientzia lantzeko edo ikerketa egiteko diren erakunde edo zentroetan.

3.– Gazte Txartela daukatenentzat, ehuneko hogei, Argitalpen Zerbitzu Nagusian erosten baldin badituzte.

4. artikulua.– Ordaintzeko epea eta modua.

1.– EAEko administrazio orokorraren eta erakunde autonomoen zuzenbide publikoko diru-sarrerak erregistratzeko eta automatikoki kobratzeko indarrean dauden arauetan jartzen duen bezala egingo dira ordainketak, Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integralaren bitartez.

2.– Aukera bat da prezio publiko osoa aurretiaz, eskaria egiten den momentuan, ordaintzeko eskatzea, dena delako ondasuna entregatu baino lehen, edo dena delako zerbitzua eman baino lehen.

3.– Administrazioak ordainketaren ziurtagiri bat eman beharko du. Bertan, gutxienez datu hauek adierazi beharko ditu:

a) Zein organok egin duen.

b) Ordaintzailearen izen-abizenak edo sozietate-izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta guzti.

c) Helbidea.

d) Kontzeptua.

e) Prezio publikoaren zenbatekoa, zein hobari aplikatu den -halakorik egon bada- eta zein egunetan kobratu den.

f) Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

4.– Prezio publikoak osorik edo zatiren batean aurretiaz ordaintzeko eskatzen ez denean, kitapenetan ematen diren ordain-agiriek notifikazioaren balio bera izango dute, eta, horretarako, beste datu hauek ere adierazi beharko dituzte:

a) Zein inpugnazio egin daitekeen, zein organotan, eta zein epetan.

b) Zorra non, zein epetan eta nola ordaindu behar den.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko otsailaren 25a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala