Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2014ko martxoaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK
1176

4/2014 FORU ARAUA, otsailaren 6koa, gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzkoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «4/2014 Foru Araua, otsailaren 6koa, gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzkoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2014ko otsailaren 6a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

AURKIBIDEA
HITZAURREA
I. TITULUA.
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

2. artikulua.– Aplikazio eremu subjektiboa.

3. artikulua.– Informazioa ematearen alde ahalik eta zabalen jokatzeko printzipioa.

4. artikulua.– Argitaratutako edo emandako informazioaren izaera, kalitatea eta ondorioak.

5. artikulua.– Gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko Foru Araua ez betetzea.

II. TITULUA
JARDUERA PUBLIKOAREN GARDENTASUNA
I. KAPITULUA
PUBLIZITATE AKTIBOA

6. artikulua.– Printzipio orokorrak.

7. artikulua.– Gardentasunaren ataria.

8. artikulua.– Erakundeari eta bere antolaketari, plangintzari eta ondareari buruzko informazioa.

9. artikulua.– Goi kargudunei eta erakundeetan goreneko erantzukizuna duten pertsonei buruzko informazioa.

10. artikulua.– Garrantzi juridikoa duen informazioa.

11. artikulua.– Kontratazioari, hitzarmenei eta diru laguntzei buruzko informazioa.

12. artikulua.– Ekonomiari, finantzei, aurrekontuei eta estatistikari buruzko informazioa.

13. artikulua.– Herritarrekiko harremanei buruzko informazioa.

14. artikulua.– Gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko Foru Arauari dagokion publizitate aktiboa.

15. artikulua.– Publizitate aktiboaren edukiak pixkanaka eskuragarri jartzea, eta historikoa.

II. KAPITULUA
INFORMAZIO PUBLIKOA ESKURATZEKO ESKUBIDEA

16. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzea.

17. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko mugak.

18. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzeko prozedura.

19. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ez onartzeko kausak aplikatzeko arau bereziak.

20. artikulua.– Eskaerak ebaztea.

21. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzea gauzatzea.

III. TITULUA
ANTOLAKETA

22. artikulua.– Informaziorako departamentuko unitateak.

23. artikulua.– Departamentuen arteko koordinazioa.

Lehenengo xedapen gehigarria.– Informazio publikoa eskuratzeko eskaerei buruzko ebazpenen kontrako erreklamazioak.

Bigarren xedapen gehigarria.– Gardentasunaren alorreko eskumenak egoztea.

Hirugarren xedapen gehigarria.– Arauak sinplifikatzea eta beren kalitatea hobetzea.

Laugarren xedapen gehigarria.– Gipuzkoako Batzar Nagusiak.

Amaierako lehen xedapena.– Aldatzea 2011ko abenduaren 19ko 4/2011 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren foru sektore publikoaren eremuan jardueren erregistroa eta ondasun eta interesen erregistroa arautzekoa.

Amaierako bigarren xedapena.– Foru arau hau pixkanaka aplikatzea.

Amaierako hirugarren xedapena.– Xedapenak emateko ahalmena.

Amaierako laugarren xedapena.– Indarrean jartzea.

HITZAURREA

Gizarte benetan demokratikoa, anitza eta parte hartzailea bultzatzeko jarduera publikoaren gardentasunak duen garrantzia erraz ulertzen da. Herritarrek tresnak dituztenean ezagutzeko nola hartzen diren eragiten dieten erabakiak, nola erabiltzen diren baliabide publikoak, zein den beren erakunde eta ordezkari publikoen jarduera publiko eta politikoa eta zein irizpideen arabera jarduten duten, orduan ahal dute eraginkortasunez iritzia eman, gauzak eskatu eta parte hartu. Gai publikoen kudeaketan nahiz erakunde publikoen erabakiak hartzeko prozesuetan eraginkortasunez parte hartzeko, eta egindakoari buruzko kontuak eskatzeko, beharrezkoa baita aurrez informazioa edukitzea eta aztertzea. Gardentasunak, hortaz, benetako demokrazia indartzen du: erakunde publiko eta herritarren arteko erantzukizun partekatua sustatzen du. Eta aldi berean, erakundearen ikuspegitik, eraginkortasuna, efizientzia, erantzukizuna, eta gizartearekiko hurbiltasuna indartzen ditu; eta, modu horretan, bere legitimitatea berresten du.

Jarduera publikoaren gardentasunak bi alderdi ditu foru arau honi dagokionez: batetik, publizitate aktiboa, hau da, Administrazio Publikoari eta arauak hala ezartzen dien subjektuei dagokien betebehar positiboa, daukaten informazio publikoa gizartearen esku jartzekoa aurretik eskatu behar izan gabe; eta bestetik, pertsona guztien eskubide subjektiboa, informazio hori eskuratzekoa dagokion eskaera eginda.

Foru arau honek aipatutako bi alderdi horiek arautzen ditu; eta arauketa horrek abiapuntu du informazioa ematearen alde ahalik eta zabalen jokatzeko printzipioa. Horrenbestez, arau orokorra gardentasuna edo informazioa eskuratzea izan behar da; eta salbuespena hori ukatu edo mugatzea.

Gai honetan nazioarteko erreferentea da Dokumentu Publikoak eskuratzeari buruzko 205. zk. Hitzarmena, Europako Kontseiluarena: gutxieneko arauak ezartzen baititu, Europako Kontseiluko kide diren estatuen esperientzia eta praktiketan oinarrituta. Estatu mailan, berriz, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 2013ko abenduaren 9ko 19/2013 Legea daukagu, bere burua estatu osoan aplikatu beharrekotzat jotzen duena ia bere osotasunean.

Bada, bi horiek ezarritako arauketa gutxienekotzat hartuz, eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 37.3.a) artikuluan foru erakundeei aitortzen eta esleitzen dien eskumen esklusiboa, beren erakundeen antolaketa, araubidea eta funtzionamendua ezartzekoa, baliatuz, foru arau honek nabarmen zabaltzen du gardentasunaren eremua, horretarako aukera duen alderdi guztietan.

Foru arau honek hogeita hiru artikulu ditu (hiru titulutan jasota), lau xedapen gehigarri, eta amaierako lau xedapen.

I. tituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu. Ohikoa den bezala, xedea eta aplikazio eremu subjektiboa zehaztu eta gero, foru arau hau interpretatu eta aplikatzerakoan jarraitu beharreko printzipioak zein diren ezartzen du. Gero, foru arau honen bidez jasotako informazioaren izaera, oinarrizko ezaugarriak eta eraginak arautzen ditu. Bukatzeko, ezartzen dituen obligazioak ez betetzeak dakarren ondorioa zehazten du.

II. titulua jarduera publikoaren gardentasunaz ari da bere bi kapituluetan. I. kapituluan publizitate aktiboa arautzen da, luze eta zabal arautu ere. Eremu honetan arauketa propioa ezartzeko ahalmen handiagoa baliatuz, arreta berezia eskaintzen zaio foru arau honen peko erakundeek beren kabuz argitaratu edo zabaldu beharreko informazioari; izan ere, interes publikokoa den informazio guztia zabaltzen bada, eta hori modu egokian egiten bada, herritarrek ez dute eskatu beharrik izango. Hori horrela, publizitate aktiboaren peko informazioa, foru arauan zehaztutakoa, gutxieneko eta derrigorrezko edukitzat jotzen da; eta, ondoren, sei artikulutan (8tik 13ra) jasotzen da argitaratu beharreko informazioa, jarduera publikoaren adierazpen garrantzitsu guztiak biltzen dituena. Era berean, kantitateaz gain, kalitatea ere zaintzen da, jakiteko eskubidea asetzeko informazio asko ematea ez baita nahikoa. Horrenbestez, informazio hori nola eman xedatzen da: modu argian eta hizkera ulergarrian beti, etengabe eguneratuta, eta aplikatu beharreko mugak eta salbuespenak eragozpen ez izateko moduan prestatuta.

Halaber, gardentasunaren ataria arautzen da: telekomunikazioko sare publikoen bidez irits daitekeen helbide elektronikoa, foru arau honek ezarritako publizitate aktiboko betebeharrak betetzeko tresna izango dena.

Eta bukatzeko, 14. artikuluak publizitate aktiboari buruzko aurreikuspen berezi bat jasotzen du: urtero foru arau hau zein neurritan bete denari buruzko txostena egin eta argitaratzekoa.

II. tituluko II. kapituluak informazioa ematearen alde ahalik eta zabalen jokatzekoa den informazio publiko eta unibertsala eskuratzeko eskubidea arautzen du. Horrela, aurretik eginiko eskaera ezartzen du eskubide hori eskuratzeko prozeduratzat, eta muga bakarrak oinarrizko araudiak eta foru arau honek jasotakoak izango dira, zeinak salbuespenak izango diren. Dena den, eskubideak mugak ditu, eta espresuki aurreikusita daude, eta, edonola ere, eskubidearen erabilerari ezarritako muga horiek legeak zehaztutako epean aplikatuko dira, edota justifikatzen dituzten arrazoiak dirauten bitartean, ez gehiago. Legezko mugak Administrazio Publikoak dituen hedapen obligazioei dagokienez ere aplika daitezke. Kasu batzuetan, jokoan dauden interesen arteko neurketa egin beharko da, eta arrazoitu egin beharko da zergatik den handiagoa informazioaren publizitatearen interesa. Beste kasu batzuetan, informazio partziala eskuratu ahal izango da, baina, beti ere, zergatia azalduta.

Horrez gain, eskubidea baliatzeko prozeduraren zenbait alderdi arautzen dira, arina eta eskatzailearentzat erraza izan dadin. Baldintza formalak gutxienekoak dira; bide elektronikoen erabilera sustatzen da –bai eskaera aurkezteko, baita eskatutako informazioa emateko ere–; Foru Sektore Publikoko edozein erakunderi zuzendutako eskaerak departamentu bakoitzean organo bakar batek bideratzea aurreikusten da; informazioa materialki eman edo eskuratzerakoan, eskatzaileak egindako aukera (formatua eta modua) errespetatzen da oro har; eta doakoa izango da, oro har.

III. tituluan, antolaketari buruzkoan, publizitate aktiboari eta informazio publikoa eskuratzeko eskubideari lotutako eginkizunak zehazten dira, arduradunak (organoak eta zerbitzuak) identifikatzen, eta ezartzen da gai honetan laguntzarik handiena lehentasun handienaz emateko betebeharra. Halaber, gai honetan Foru Aldundiko departamentuen arteko koordinazioa lortzeko neurriak xedatzen dira.

Aurrekoaren ildotik, bigarren xedapen gehigarriak ezartzen du ezen Foru Aldundiko departamentuak eta horien jardun esparruak nahiz eginkizunak finkatzeko foru dekretuak eta departamentu bakoitzaren egitura organiko eta funtzionalari buruzkoek espresuki esleitu behar dizkietela, dagozkienei, gardentasunaren alorreko koordinazioa eta gainerako eginkizunak.

Horren aurretik, informazio publikoa eskuratzeko eskaerei buruzko ebazpenen aurka jarritako erreklamazioak aztertu eta ebazteko eskumena izango duen organo independentea sortzeko aukera aurreikusten du lehen xedapen gehigarriak.

Hirugarren xedapen gehigarriak, bestalde, Foru Aldundiari agintzen dio arauak sinplifikatzeko eta beren kalitatea hobetzeko neurri zehatzak hartzeko: gardentasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioen adierazpen espezifiko gisa. Eta laugarren xedapen gehigarria, berriz, Batzar Nagusiei zuzentzen zaie: foru arau hau zein neurritan aplikatzen zaien erabakitzea haien esku uzteko.

Amaierako lehenengo xedapenean ondorengo arau hau aldatzen da, bere publizitate aurreikuspenak foru arau honi egokitze aldera: 2011ko abenduaren 19ko 4/2011 Foru Araua, foru sektore publikoaren eremuan jardueren erregistroa eta ondasun eta interesen erregistroa arautzekoa.

Amaierako bigarren xedapenak bi aurreikuspen garrantzitsu jasotzen ditu, foru arau honen aplikazioa egungo egoerari egokitzearren: batetik, urte bateko epea ematen dio Foru Aldundiari gardentasunaren ataria funtzionatzen izateko oinarrizko araudiak ezarritako baldintzetan; eta bestetik, ebazteke dauden informazio eskaerei dagokienez, ahal dela foru arau honetan eta oinarrizko araudian ezarritakoa aplikatuz ebaztea xedatzen du, batez ere, informazioa ematearen alde ahalik eta zabalen jokatzeko printzipioa aplikatuz.

Bukatzeko, amaierako hirugarren xedapenak ahalmena ematen dio Diputatuen Kontseiluari foru arau hau garatzeko xedapenak onar ditzan; eta laugarrenak ezartzen du foru arau hau indarrean jarriko dela Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Foru arau honen xedea da jarduera publikoaren gardentasuna arautzea, Foru Administrazioaren eta 2. artikuluan aipatu gainerako subjektuen eremuan. Gardentasuna arautzea, bere bi alderdiei dagokienez: batetik, publizitate aktiboa, edo 2. artikuluan aipatu subjektuei egozten zaien betebehar positiboa, beren jarduera ezagutarazteko garrantzitsua den informazioa jakitera ematekoa, beren ekimenez, etengabe, eguneratuta eta sistematikoki; eta, bestetik, pertsona guztiek duten eskubide subjektiboa, informazio hori eskatu ostean eskuratzekoa.

2. artikulua.– Aplikazio eremu subjektiboa.

1.– Foru arau hau honako hauei aplikatuko zaie:

a) Foru Administrazioari: hau da, Foru Aldundiari eta bere organoei.

b) Foru organismo autonomoei eta foru enpresa-entitate publikoei.

c) Merkataritzako foru sozietateei.

d) Foru Sektore Publikoko fundazioei: aplikatu beharreko araudiari jarraikiz, halakotzat jotzen direnei.

e) Gipuzkoako Batzar Nagusiei, beren legebiltzar jarduerari dagokionez, bai eta administrazio zuzenbidearen peko beren jarduerei dagokienez ere, eta laugarren xedapen gehigarriak ezarritakoari jarraikiz.

2.– Halaber, aurreko atalean aipatu erakundeek II. tituluan jasotako betebeharrak bete ditzaten, beharrezkoa den informazioa eman beharko diete, hala eskatzen dietenean, eurekin kasuan kasuko harremana duten ondorengo hauek: zerbitzu publikoak eskaintzen edo administrazio ahalak erabiltzen dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoek; sektore publikoko kontratuen esleipendunek; eta oinarrizko araudiak betebehar hori ezartzen dien gainerako subjektuek, araudi horrek ezarritako moduan.

Dagokion harremana taxutzeko tresnak informazioa emateko betebehar hori berariaz jaso behar du: besteak beste, hitzarmenak, administrazio baldintza berezien agiriak edo horren baliokide den kontratu agiriak.

3. artikulua.– Informazioa ematearen alde ahalik eta zabalen jokatzeko printzipioa.

Informazioa ematearen alde ahalik eta zabalen jokatzeko printzipioa oinarri hartuta, arau orokorra da gardentasuna edo informazioa eskuratzea; eta salbuespena, berriz, hori ukatzea edo mugatzea. Salbuespen guztiak lege mailako xedapenen bidez edo oinarrizko eskubideren baten babesaren bidez ezarri behar dira, eta aplikatzerakoan modu murriztailean interpretatu behar dira, dagokion informazioa zabaltzearen edo eskuratzearen alde era zabalenean eginez. Horretarako, datu pertsonalen disoziazioa eta informazio partziala eskuratzeko aukera erabiliko dira, beti ere, informazioa ematearen alde ahalik eta zabalen jokatzeko printzipioaren mesedetan.

4. artikulua.– Argitaratutako edo emandako informazioaren izaera, kalitatea eta ondorioak.

1.– Informazio publikotzat jotzen da 2.1 artikuluan aipatu subjektuen esku dauden edukiak eta dokumentuak: edozein formatu edo euskarritan daudenak, eta beren eginkizunak betetzerakoan egin edo eskuratu dituztenak.

2.– Informazio publikoak egiazkoa, objektiboa eta eguneratua, eta gardentasunaren xedeak betetzeko egokia izan behar du; eta ulertzeko modu errazenean eman behar da.

3.– Foru arau honetan oinarrituta zabaltzen edo ematen den informazio publikoaren ondorio juridiko bakarra da publizitate aktiboko betebeharrak betetzea eta informazio hori eskuratzeko eskubidea gauzatzea.

5. artikulua.– Gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko Foru Araua ez betetzea.

Foru arau honetan araututako publizitate aktiboko betebeharrak ez badira betetzen, edota informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeak 2.1 artikuluan aipatu subjektuentzat dakartzan betebeharrak ez badira betetzen, ez betetze horientzat oinarrizko araudiak aurreikusitakoa aplikatuko da.

II. TITULUA
JARDUERA PUBLIKOAREN GARDENTASUNA
I. KAPITULUA
PUBLIZITATE AKTIBOA

6. artikulua.– Printzipio orokorrak.

1.– Aurreko 2.1 artikuluan aipatu subjektuek beren kabuz eta doan argitaratu edo zabaldu behar dute 8tik 13ra bitarteko artikuluetan zehaztutako informazio publikoa. Informazio hori da gutxieneko eta derrigorrezko edukia: nahiz eta, baleude, publizitate zabalagoa ezartzen duten xedapen espezifikoak aplikatuko diren; eta behartutako subjektuek, beraiek hala nahi izanda, eduki hori zabaltzeko aukera izango duten. Foru Administrazioari dagokionez, Diputatuen Kontseiluak zabaldu ahal ditu, erregelamendu bidez, kapitulu honetan ezarritako publizitate aktiboko betebeharrak.

Halaber, egon daitezkeen datu pertsonalak kenduta, publizitate aktiboaren xede izango dira: maizen eskatzen den informazioa; eta informazioa eskuratzea ukatzen edo mugatzen duten ebazpenak, interesatuei jakinarazi ostean.

2.– Argitaratzen den informazioa etengabe eguneratu behar da, delako informazioaren berezko ezaugarriak kontuan hartuta.

3.– Informazioa modu argian eta egituratuta argitaratu behar da, erraz ulertzeko eran, hau da, hizkera ulergarrian. Informazioaren izaera edo edukia dena delako, korapilotsua bada termino teknikoak erabiltzen direlako, ulertzeko moduko bertsio espezifikoa prestatuko da argitaratzeko.

4.– Informazioa gardentasunaren atarian, 7. artikuluan araututakoan, argitaratu edo zabalduko da. Informazio hori berrerabili ahal izango da, sektore publikoaren informazioa berriz erabiltzeari buruzko araudiak ezarritako mugen barruan; eta, horretarako, teknikoki ahal den neurrian, berriz banatzea, erabiltzea eta aprobetxatzea ahalbidetzen duten formatu elektronikoetan argitaratuko da.

5.– Hala dagokionean, informazio publikoa eskuratzeko eskubideari oinarrizko araudiak ezartzen dizkion mugak eta salbuespenak aplikatuko dira, batez ere, datu pertsonalak babesteko eta oinarrizko eskubideak babesteko ezarritakoak. Edonola ere, aipatu mugak eragozpen ez izateko moduan prestatu eta argitaratuko da 8tik 13ra bitarteko artikuluetan zehazten den informazioa. Horri dagokionez, informazioak bereziki babestutako datuak dituenean, argitaratu ahal izango da bakarrik aurrez datu horiek disoziatu badira.

6.– Edonola ere, bermatuko da teknologia ez dadila izan diskriminazio eragile. Horrenbestez, 2.1 artikuluan aipatutako subjektuek beharrezko neurriak hartuko dituzte pertsona guztiek izan dezaten aukera publizitate aktiboaren xede den informazioa eskuratzeko, erabilitako bitartekoa kontuan hartu gabe; eta hartara, beren eskubideak berdintasunean balia ditzaten.

7. artikulua.– Gardentasunaren ataria.

1.– Telekomunikazioko sare publikoen bidez irits daitekeen helbide elektronikoa da gardentasunaren ataria. Gipuzkoako Foru Aldundia da bere jabea, eta berak kudeatu eta administratzen du, xede honekin: foru arau honen arabera publizitate aktiboko betebeharrei lotutako informazioa jendearen eskura jartzea, bertan zuzenean edo 2.1 artikuluan aipatu subjektuen Interneteko orrialdeetarako esteken bidez.

2.– Atariak ez du izango, ez juridikoki ezta teknikoki ere, egoitza elektronikoaren izaera; eta ondorengo hauek bermatzeko egokiak diren ezaugarri eta mekanismoak edukiko ditu: erabilerraztasun unibertsala, neutraltasun teknologikoa, elkarreragingarritasuna, argitaratutako informazioaren kalitatea, eta hori berrerabili, identifikatu eta aurkitzeko modua.

Horretarako, behar diren neurriak hartuko dira, bermatzeko informazio publikoa eskuragarri egon dadila, pixkanaka, erraz eskuratzeko moduko datu base elektronikoetan.

3.– Atarian sartzean euskarazko orrialdea agertuko da lehenbizi; eta orrialde horretan bertan egongo da gaztelania hautatzeko aukera, eta gainerako hizkuntzak hautatzekoa, horrelakorik badago.

4.– Emakumeak eta gizonak ikusarazten dituen hizkera erabiliko da; eta informazioaren edukian eta edukiarekin batera doazen irudietan ere bien trataera orekatua bermatuko da, berdintasunezkoa, aniztasunezkoa eta estereotiporik gabea; bizitza sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalaren esparru ezberdinetan emakumearen presentzia behar bezala islatzen duena.

5.– Gardentasunaren ataria Gipuzkoako atari instituzionalean ikusi ahal izango da, Gobernu Irekiko bestelako edukiekin batera.

6.– Gardentasunaren atarian jarri ahal izango dira, halaber, Gipuzkoako udaletako gardentasunerako atarietara daramatzaten estekak; baita dagokien araudiak ezarritako publizitate aktiboko betebeharrak dituzten Gipuzkoako gainerako subjektu edo entitateen gardentasunerako atarietara daramatzatenak ere.

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak neurri osagarriak eta gainerako administrazio publikoekin elkarlanean aritzeko neurriak hartu ahal izango ditu, publizitate aktiboko beren betebeharrak betetze aldera.

8. artikulua.– Erakundeari eta bere antolaketari, plangintzari eta ondareari buruzko informazioa.

1.– Erakundeari eta bere antolaketari buruzko ondorengo informazioa argitaratu behar dute 2.1 artikuluan aipatutako subjektuek:

a) Beren eginkizunak.

b) Aplikatzen zaien araudia.

c) Antolaketa, beren organigrama eguneratu eta guzti: erakundeko organo bakoitzaren arduraduna den pertsona identifikatuz, eta bere lanbide profila eta ibilbidea azalduz.

d) Erakundeko organoen egoitza, jendea hartzeko orduak eta harremanetan jartzeko bideak.

e) Langile kopurua eta horiei buruz: urteko ordainsarien zenbateko osoa, ordainsari-tarte, ordainsari-maila eta lanpostuen arabera; langile finkoen eta aldi baterako langileen ehunekoa; erantzukizuneko postuetan dauden emakumeen ehunekoa; esleitutako hizkuntza eskakizunak eta egiaztatutakoen ehunekoa; eta konfiantzazko, aholkularitzako eta laguntzako karguak, izendapen eta gabetze askekoak, zenbat diren.

f) Lan eskaintza publikoa edo langile beharrak kudeatzeko antzeko tresna; eta hautaketa prozesuak.

g) Langileak ordezkatzen dituzten organoetako kideen identifikazioa; eta liberatuen kopurua.

h) Langileei beste jarduera bat egiteko bateragarritasuna baimentzeko edo aitortzeko eman diren ebazpenak.

i) Pertsona horiek adierazi nahi dituzten beste edozein datu.

2.– Foru Administrazioak eta 2.1.b) artikuluan aipatutako entitateek beren urteko eta urte anitzeko planak eta programak argitaratuko dituzte: helburu zehatzak, eta horiek lortzeko ekintzak, bitartekoak eta epeak jarrita. Plan eta programen betetze maila eta lortutako emaitzak aldizka ebaluatu eta argitaratuko dira, neurtzeko eta baloratzeko erabilitako adierazleekin batera.

3.– Horiez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ondorengo informazioa ere argitaratuko du:

a) Bere ondasun higiezinen zerrenda, jabetzan dituenak edo eskubide erreal baten pean, honako hauek adierazita: zertarako erabiltzen diren; eta zein departamenturi edo erakunderi dauden atxikita, edo zein entitateri laga zaizkien.

b) Foru Aldundiak parte hartzen duen entitate publiko eta pribatuen oinarrizko datuak, partaidetza mota zehaztuta, eta horien web orrialdeetarako estekak jarrita.

9. artikulua.– Goi kargudunei eta erakundeetan goreneko erantzukizuna duten pertsonei buruzko informazioa.

2011ko abenduaren 19ko 4/2011 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren foru sektore publikoaren eremuan jardueren erregistroa eta ondasun eta interesen erregistroa arautzekoak, ezarritako aplikazio eremuan dauden pertsonei dagokienez, ondorengo informazioa argitaratuko da gutxienez:

a) Pertsona horien identifikazioa eta beren lanbide profila eta ibilbidea.

b) Urtean jasotzen dituzten soldatak edo edozein motako ordainsariak; eta kargua utzi ondoren jasotako kalte-ordainak, halakorik jaso badira.

c) Beren kargua dela eta beste organo edo entitate batzuetan dituzten kargu edo ordezkaritzak, eta orobat bestelako kargu publikoak, halakorik baldin badute.

d) Jarduera egiteko bateragarritasunari buruz organo eskudunak emandako ebazpenak.

e) Ondasun eta interesei buruzko adierazpenetako datuak, 2011ko abenduaren 19ko 4/2011 Foru Arauaren 8. artikuluari jarraikiz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharrekoak; eta bere 15. artikuluari jarraikiz, Gipuzkoako Batzar Nagusiei sei hilean behin bidalitako informazioa: zenbat adierazpen jaso diren eta zein motakoak diren; eta zenbat eta zein diren adierazpena egiteko betebeharra bete ez duten kargudunak.

f) Ekintzen agenda instituzionala.

10. artikulua.– Garrantzi juridikoa duen informazioa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ondorengo hau argitaratuko du, bere eskumenen eremuari dagokionez:

1.– Arauak egiteko prozeduren zerrenda eguneratua, unean-unean martxan daudenena: xedea, tramitazioaren egoera eta izapide ezberdinetarako egutegia adierazita.

2.– Arauak egiteko espediente bakoitzari dagokionez, eta 2005eko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 70. artikuluan ezarritakoari jarraikiz:

a) Prozedura hasteko agindu edo ebazpena; eta horrekin batera doan txostena.

b) Foru arau aurreproiektuen eta xedapen orokorren proiektuen testua, entzunaldia edo jendaurreko informazio aldia egiteko unean; eta izapide hori egiten ez bada, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Lege Aholkularitzako Batzordearen irizpidea eskatzeko unean; eta eskatzen ez bada, aipatu testua onartzeko unean.

c) Genero eraginaren aurretiazko ebaluazioa egiteko txostena.

d) Hala dagokionean, aurrekontuetan izango duen eraginaren txostena.

e) Jarraitutako prozedura azaltzen duen amaierako txostena, izapide ezberdinetan jaso diren alegazio, gomendio, ohar eta iradokizunak aipatuko dituena, baita horiei emandako erantzuna ere. Batez ere azalduko ditu izapide horien ondorioz edo zuzenketa tekniko nahiz formalen ondorioz, arauaren testuan egin diren aldaketak.

f) Lege Aholkularitzako Batzordearen irizpena, eman bada.

g) Herritarren partaidetza prozesuaren txostena eta ondorioak, baldin badago.

3.– Onartutako araudiaren geroko ebaluazioari dagokionez, 2005eko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 6.4 artikuluari jarraikiz Gipuzkoako Batzar Nagusiei bidaltzen zaizkien txostenak.

4.– Jarraibideak, aginduak, erabakiak, zirkularrak eta partikularren edo bestelako organoen kontsulten erantzunak, baldin eta Zuzenbidea interpretatzea badakarte edo ondorio juridikoak badituzte.

5.– Arlo jakinetako legeen arabera, bere tramitazioan jendaurreko informazio aldian jarri behar diren agiriak.

6.– Diputatuen Kontseiluak hartutako erabaki guztien laburpenak.

11. artikulua.– Kontratazioari, hitzarmenei eta diru laguntzei buruzko informazioa.

2.1 artikuluan aipatutako subjektuek ondorengo informazio hau argitaratuko dute:

1.– Kontratazioari dagokionez:

a) Kontratu guztiak, honako hauek adierazita: xedea; iraupena; lizitazioaren eta esleipenaren zenbatekoak; erabilitako prozedura; publizitatea emateko erabilitako tresnak, hala dagokionean; eta kontratazio prozeduran zenbatek hartu duten parte eta zeini esleitu zaion. Argitaratuko dira, halaber: kontratuen aldaketak eta luzapenak; eta kontratua esleitzeko prozeduran atzera egiteko edo kontratua egiteari uko egiteko erabakiak; bai eta eskatutako azterlan eta irizpenak eta haien aurrekontuak ere, honako hauek adierazita: xedea, ordaindutako prezioa eta esleipenduna.

Kontratu txikiei buruzko informazioa hiru hilean behin argitaratu ahal izango da.

b) Sektore publikoko kontratuen legeriak aurreikusitako prozedura bakoitzaren arabera esleitutako kontratuek aurrekontu bolumenenari dagokionez hartzen duten ehunekoari buruzko datu estatistikoak.

2.– Hitzarmenei dagokienez:

a) Sinatutako hitzarmenen zerrenda, hitzarmen bakoitzari buruzko datu hauek dituena: sinatzaileak; xedea; iraupena; egindako aldaketak; hitzartutako prestazioak eta horiek egin behar dituztenak; eta, halakorik balego, hitzartutako betebehar ekonomikoak.

b) Sinatutako kudeaketa mandatuen zerrenda, mandatu bakoitzari buruzko datu hauek dituena: xedea; aurrekontua; iraupena; betebehar ekonomikoak; eta egindako azpikontratuak, esleipendunak, esleitzeko prozedura eta zenbatekoa.

3.– Diru laguntzei dagokienez:

a) Emandako diru laguntzak eta laguntzak: 2007ko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko diru laguntzenak, 17. artikuluan xedatutako moduan, emandako diru laguntzei eta laguntzei dagokien ebazpen arrazoituarekin batera.

b) Alderdi politikoei, alderdien federazioei nahiz koalizioei eta hautesleen elkarteei hauteskundeetako gastuak finantzatzeko emandako diru laguntzak, 1987ko fmartxoaren 27ko 1/1987 Legeak, lurralde historikoetako Batzar Nagusietarako hauteskundeei buruzkoak, 11. artikuluan aipatzen dituenak: artikulu horrek ezarritakoari jarraikiz emandako zenbatekoaren azalpena eta guzti.

12. artikulua.– Ekonomiari, finantzei, aurrekontuei eta estatistikari buruzko informazioa.

1.– Ekonomian eta aurrekontuetan ondorioak dituen informazio hau argitara eman behar dute 2.1 artikuluan aipatutako subjektuek:

a) Aurrekontuak, kontu sail garrantzitsuenak azalduta, eta horien gauzatze egoerari buruzko informazio eguneratu eta ulergarria emanda; baita ekitaldian izandako aldaketei buruzkoa ere.

b) Eman beharreko urteko kontuak, eta kontu horiei buruz kanpoko kontroleko organoek egindako auditoretzako eta fiskalizazioko txostenak.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurrekoaz gain, ondorengo hauek ere argitaratuko ditu:

a) Aurrekontu egonkortasunerako eta finantza iraunkortasunerako helburuak betetzeari buruzko informazioa.

b) Bere sarrera eta gastuei buruzko oinarrizko informazioa: tributuen sarrerak; udalerrika eta biztanleko gastua eta inbertsioa; eta hornitzaileei ordaintzeko epeen betetzea.

c) Foru Sektore Publikoaren finantziazioari buruzko oinarrizko informazioa, finantziazio tresnak aipatuta.

d) Gipuzkoako Foru Aldundiaren zorpetzea: bere bilakaera denboran, epeak eta oinarrizko ezaugarriak; biztanleko zorpetzea eta zorpetze erlatiboa; eta bere merkataritzako sozietateei baimendutako zorpetze eragiketak.

e) 2007ko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzkoak, 108. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoari jarraikiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eman dituen abalak.

f) Erakundearen publizitate kanpainetan egindako gastu publikoa, aukeratutako euskarria eta hedabidea adierazita.

g) Bere eskumenekoak diren zerbitzu publikoen betetze maila eta kalitatea baloratzeko beharrezkoa den informazio estatistikoa.

13. artikulua.– Herritarrekiko harremanei buruzko informazioa.

1.– Foru arau honen 2.1 artikuluan aipatutako subjektuek urtean zehar jaso eta bideratu dituzten eskaera, kexa eta iradokizunei buruzko urteko txostena argitara eman behar dute; eta txosten horretan azalduko dituzte, era berean, akatsak zuzendu eta zerbitzuak hobetzeko hartutako neurriak.

2.– Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ondorengo informazio hau ere argitaratuko du:

a) Zerbitzuen kartak.

b) 2010eko uztailaren 8ko 1/2010 Foru Arauak, herritarren partaidetzari buruzkoak, ezarritakoari jarraikiz hasita, martxan eta bukatuta dauden parte hartze prozesuak, eta bereziki: prozesu horien emaitzak jasotzeko txostenak eta egindako proposamenen inguruan hartutako erabakiak; eta parte hartze jarduerari buruzko urteko txostena.

c) Urteko txosten bat, aurkeztutako administrazio errekurtsoei eta administrazioarekiko auzi errekurtsoei buruzkoa.

d) Partaidetza prozesuen ebaluazioak eta herritarren partaidetzarako sistemaren ebaluazio orokorrak, Herritarren Partaidetzari buruzko 1/2010 Foru Arauko 45. eta 46. artikuluei jarraiki.

14. artikulua.– Gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko Foru Arauari dagokion publizitate aktiboa.

1.– Urte naturaleko lehen hiruhilekoan, gardentasunaren alorreko koordinazioa esleitu zaion Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak aurreko urte naturalean foru arau hau zein neurritan bete denari buruzko txostena egingo du.

2.– Txosten horrek ondorengo alderdi hauek aztertu eta azalduko ditu, gutxienez:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu bakoitzak, eta 2.1 artikuluan aipatutako gainerako subjektuek zein neurritan bete dituzten publizitate aktiboko euren betebeharrak.

b) Gardentasunaren atarian kontsulta gehien izan dituzten edukiak.

c) Informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen erabilera 2.1 artikuluan aipatutako subjektuen aurrean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren barruan, zerbitzu bakoitzaren aurrean: zenbat eskaera aurkeztu diren; zenbat eskaera ebatzi diren; batez beste zein epetan ebatzi diren; zenbat eskaera onetsi diren oso-osorik, zenbat zati batean, eta zenbat beste pertsona bat aurka egonda; zenbat eskaera ezetsi diren, eta zenbat ez diren onartu; zati batean edo beste pertsona bat aurka egonda onesteko arrazoiak, ezestekoak, eta ez onartzekoak; maizen eskatutako informazioa; eta eskatzailean profila (adin tartea, sexua, eta eskaeran erabilitako hizkuntza).

3.– Aurreko atalean aipatu txostena osatu ahal izateko, gardentasunaren alorreko koordinazioa esleituta duen departamentuak eskatzen dien informazioa bidali behar diote, urteko lehen bi hilabeteen barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek eta 2.1 artikuluan jasotako gainerako subjektuek.

4.– Egindako txostena Diputatuen Kontseiluari aurkeztuko zaio. Ondoren, Gipuzkoako Batzar Nagusiei bidaliko zaie. Era berean, txosten hori Gipuzkoako Batzar Nagusietan izapidetu ondoren, haiek bidalitako jakinarazpena gardentasunaren atarian argitaratuko da.

15. artikulua.– Publizitate aktiboaren edukiak pixkanaka eskuragarri jartzea, eta historikoa.

1.– Foru arau honen 2.1 artikuluan aipatutako subjektuek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte publizitate aktiboaren peko informazioa gardentasunaren atarian pixkanaka eskuragarri jartzeko, ahalik eta modu zabal eta sistematikoenean.

2.– Halaber, 7. artikuluan araututako gardentasunaren atariak historiko bat izango du, bertan argitaratu den eta gaurkotasuna galdu duen informazioa jasoko duena.

3.– Foru Administrazioari dagokionez, Diputatuen Kontseiluak, erregelamendu bidez, honako hauek garatuko ditu: gardentasunaren atarian informazioa jarri, mantendu eta kentzeko epeak.

II. KAPITULUA
INFORMAZIO PUBLIKOA ESKURATZEKO ESKUBIDEA

16. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzea.

Pertsona guztiek baliatu ahal izango dute informazio publikoa eskuratzeko eskubidea 2.1 artikuluan aipatutako subjektuen aurrean. Oinarrizko araudiak ezarritakoa eta kapitulu honetan aurreikusitakoa aplikatuko zaizkio eskubide honen erabilerari, prozedurari barne.

17. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko mugak.

1.– Oinarrizko araudiak aurreikusitakoari jarraikiz bakarrik mugatu edo ukatu ahal izango da informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen erabilera.

2.– Muga horiek modu murriztailean interpretatuko dira: baloratuko da mugak babestu nahi duen ondasun juridikoari edo interesari informazioa eskuratzeak egiten dion kaltea (kaltearen testa); eta, gainera, neurtuko da ea informazioa eskuratzean dagoen interes publikoa mugak babesten duen interes edo ondasunaren gainetik dagoen (interesen arteko neurketaren testa).

3.– Edonola ere, informazioa eskuratzeko eskubidearen erabilerari ezarritako muga horiek aplikatuko dira legeak zehaztutako epean, edota justifikatzen dituzten arrazoiak dirauten bitartean, ez gehiago.

18. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzeko prozedura.

1.– Foru Administrazioari dagokionez, eskaera bideratuko du informazioa bere eskuetan duen departamentuko Idazkaritza Teknikoak, edo egitura organikoari eta funtzionalari buruzko foru dekretuak eginkizun hori esleitu dion administrazio unitateak. Departamentu batek baino gehiagok badu informazio hori, bere osotasunean edo zati nagusian prestatu edo sortu duen departamentuko Idazkaritza Teknikoak edo administrazio unitateak bideratuko du eskaera.

Horretarako, zerbitzu nahiz departamentuek ahalik eta laguntzarik handiena eskainiko diote eskaera bideratzen duen Idazkaritza Tekniko edo administrazio unitateari; eta, horrenbestez, horrek egindako eskaerak lehentasun handienaz erantzungo dituzte.

2.– Foru arau honen 2.1 artikuluko b)tik d)ra bitarteko letretan aipatutako subjektuei dagokienez, eskaerak bideratuko ditu egitura organikoari eta funtzionalari buruzko foru dekretuaren arabera subjektu horietako bakoitza atxikita duen departamentuko Idazkaritza Tekniko edo administrazio unitateak; eta horretarako, aipatu subjektuek ahalik eta laguntzarik handiena emango diote, eta lehentasun handienaz.

3.– Zerbitzu publikoak eskaintzen edo administrazio ahalak erabiltzen dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoek daukaten informazioa eskatzen denean: zein departamenturekin duten lotura, departamentu horretako Idazkaritza Teknikoak edo administrazio unitateak bideratuko ditu eskaerak.

4.– Gardentasunaren atarian, 7. artikuluan araututakoan, dagokion baliabidea jarriko da, 2.1 artikuluan aipatu subjektuei zuzendutako eskaerak bide elektronikoz aurkeztu ahal izateko. Halaber, eskaera eredu normalizatu bat ere jarriko da atari horretan, eskubide honen erabilera errazteko.

19. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ez onartzeko kausak aplikatzeko arau bereziak.

Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ez onartzeko oinarrizko araudiak aurreikusten dituen kausak aplikatzerakoan, ondorengo arau berezi hauek beteko dira:

a) 3. artikuluan jasotako printzipioari jarraikiz, hau da, informazioa ematearen alde ahalik eta zabalen jokatuz, kausa horiek modu murriztailean interpretatuko dira.

b) Eskaera ez onartzeko arrazoia bada informazioa lantzen ari direla edo argitaratze bidean dagoela, ez onartzeko ebazpenean zehaztu beharko da zein den informazioa lantzen ari den organoa eta noiz egongo den burututa eta eskuragarri.

c) Nahitaezko txostenak ez dira informazio lagungarri edo osagarritzat joko.

d) Eskatutako informazioa ohikoa den tratamendu informatizatuaren bidez lortu badaiteke, ez da informazioa berregitetzat joko.

20. artikulua.– Eskaerak ebaztea.

1.– Foru arau honen 18. artikuluari jarraikiz eskaera bideratu duen departamentuko foru diputatuak edo diputatu nagusiak emango du eskaera horri buruzko ebazpena.

2.– Eskaera jaso eta hilabeteko epean jakinarazi behar da ebazpena, gehienez ere. Epe hori luza daiteke, beste horrenbeste, eskatutako informazioaren bolumenagatik edo konplexutasunagatik behar izanda. Kasu horretan, lehen hamar egunetan, eskatzaileari jakinarazi behar zaio ebazteko epea luzatzen dela eta azalduko zaio zergatik luzatzen den.

3.– Ematen den informazioa, zati batean, foru arau hau aplikatzen ez zaion administrazio edo entitate batek prestatu edo sortu badu, ebazpenean hala adieraziko da, eta aipatuko da informazio horren jatorrizko egilea edo egileak.

4.– Oro har, eskaera onesteko ebazpenaren jakinarazpenarekin batera bidaliko da eskatutako informazioa, edo informazio horretarako berehalako sarbidea, kasu hauetakoren bat gertatzen denean izan ezik: informazioa eskuratzea atzeratzea dakarren legezko kausaren bat egotea; edo informazioaren edo hori eskuratzeko modu edo formatuaren ezaugarriek berehalakotasun hori eragoztea. Informazioa ez bada berehala ematen, ebazpen horretan espresuki adieraziko da noiz eta nola eskuratu ahal izango den; eta eman beharko da, betiere, 10 eguneko epearen barruan.

5.– Ebazpenaren aurka oinarrizko araudian aurreikusten den hautazko erreklamazioa aurkeztu ahal izango da, eta baita ere, hala badagokio, bidezkoa izan dadin administrazioarekiko auzi errekurtsoa.

21. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzea gauzatzea.

1.– Oro har, eskatzaileak aukeratutako modu eta formatuan emango da eskatutako informazio publikoa; eta ezer esan ez badu, bitarteko elektronikoez egingo da, ahal den guztietan.

2.– Hala ere, eskatzaileak aukeratutakoak ez diren modu eta formatuan eman ahal izango da informazioa kasu hauetan:

a) Informazioa dagoeneko argitaratuta dagoenean, eta erraz eskura daitekeenean: horrelakoetan nahikoa izango baita ebazpenean adieraztea nola eskura dezakeen.

b) Informazioa gordetzen den lekuan eskuratzeak jatorrizko euskarria galtzea edo hondatzea ekar dezakeenean.

c) Kopia aukeratutako formatuan egitea ezinezkoa denean, ez dagoelako ekipamendu teknikorik eskura.

d) Informazioa aukeratutako modalitatean emateak jabetza intelektualerako eskubidea urratu dezakeenean.

e) Beste modu edo formatu batean ematea errazagoa denean, edo merkeagoa altxor publikoarentzat.

3.– Foru arau honen 2.1 artikuluan aipatu subjektuak ahaleginduko dira beren eskuetan duten informazio publikoa gordetzen telekomunikazio informatikoen edo beste baliabide elektroniko batzuen bidez erraz eskuratu eta erreproduzitzeko moduko forma eta formatuetan.

4.– Informazioa eskuratzea doakoa da. Baina kopiak eginez edo jatorrizkoa ez den beste formatu batera eramanez gauzatzen bada, zenbateko bat ordainaraztea ezarri ahal zaio eskatzaileari Tasen eta Prezio Publikoen Foru Arauari jarraikiz, benetako kostua gainditu gabe, betiere.

Gardentasunaren atarian, 7. artikuluan araututakoan, jakitera emango dira aplikatuko diren tasen eta prezioen zerrenda; baita ezer ordaindu behar ez den kasuena ere.

III. TITULUA
ANTOLAKETA

22. artikulua.– Informaziorako departamentuko unitateak.

1.– Foru Administrazioan, departamentu bakoitzean, publizitate aktiboari eta informazio publikoa eskuratzeko eskubideari lotutako eginkizunak Idazkaritza Teknikoak beteko ditu; edo, bestela, egitura organikoari eta funtzionalari buruzko foru dekretuak eginkizun horiek esleitu dizkion administrazio unitateak. Aipatu eginkizunak hauek dira:

a) Publizitate aktiboaren peko informazioa bildu eta gardentasunaren atariaren bidez zabaltzea.

b) Informazioa eskuratzeko eskaerak bideratu eta ebazpen proposamena prestatzea.

c) Departamentuaren barruan beharrezkoak diren izapideak egitea, informazioa eskatzailearengana benetan iristeko.

d) Departamentuaren barruan foru arau hau nola bete denari buruzko informazioa prestatzea, 14. artikuluan aurreikusten den urteko txostena osatzeko.

e) Eta, oro har, gardentasuna bultzatzea departamentuaren barruan.

2.– Departamentuko gainerako zerbitzuek ahalik eta laguntzarik handiena emango diote, eta lehentasun handienaz, Idazkaritza Teknikoari edo aurreko atalean aipatutako administrazio unitateari.

3.– Zerbitzu bakoitzaren ardura izango da publizitate aktiboaren edo eskaera baten xede den informazio publikoa, bere esku dagoena, Idazkaritza Teknikoari edo administrazio unitateari ematea; edo bestela, zuzenean, eskatzaileari.

23. artikulua.– Departamentuen arteko koordinazioa.

1.– Idazkari teknikoak edo aurreko artikuluan aipatutako administrazio unitateetako titularrak egoki irizten duten aldizkakotasunez bilduko dira, publizitate aktiboaren eta informazio publikoa eskuratzearen alorrean egindakoak eta egitekoak elkarri jakinarazteko, ekintza horiek baloratzeko eta koordinatzeko, eta gardentasuna ezartzeko irizpide homogeneoak zehazteko.

Bereziki, honetarako bilduko dira: gardentasunaren alorreko koordinazioa esleitu zaion departamentuak, 14. artikuluan xedatutakoa betez, egin beharreko txostena onartzeko.

2.– Gardentasunaren alorreko koordinazioa esleitu zaion departamentuak egingo ditu bileretarako deiak.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Informazio publikoa eskuratzeko eskaerei buruzko ebazpenen kontrako erreklamazioak.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek gehiengoz harturiko erabakiaz, organo independiente bat eratu ahal izango dute informazio publikoaren eskuragarritasunerako Batzar Nagusiek erabakitako konposizio eta funtzioekin.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gardentasunaren alorreko eskumenak egoztea.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak, eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzeko foru dekretuak berariaz esleituko dio departamentu bati gardentasunaren alorreko koordinazioa.

2.– Halaber, egitura organikoari eta funtzionalari buruzko foru dekretuek foru arau honek Idazkaritza Teknikoari edo administrazio unitateari esleitzen dizkion eginkizunak jasoko dituzte, batari ala besteari espresuki esleituz.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arauak sinplifikatzea eta beren kalitatea hobetzea.

1.– Gardentasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioen adierazpen espezifiko gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere ordenamendu juridikoa aztertu, sinplifikatu eta, hala balegokio, arauak bateratuko ditu, arauen esparru erraza, argia eta gutxi sakabanatua lortzeko; eta modu horretan, arau horiek herritarrek ezagutu eta uler ditzaten errazteko.

2.– Era berean, foru arau hau indarrean jarri eta 6 hilabeteko epean, Diputatuen Kontseiluak, erabaki bidez, araugintzarako teknikaren jarraibideak onartuko ditu: jarduketa ildo eta irizpide homogeneoak emateko, arau argiagoak egite aldera eta horien kalitatea hobetze aldera; eta, horrela, ulergarriagoak izan daitezen.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gipuzkoako Batzar Nagusiak.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek beren Araudian ezarriko dute nola aplikatuko dituzten foru arau honetako eta oinarrizko araudiko xedapenak.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Udalekiko lankidetza.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalekin elkarlanean arituko da Gipuzkoako Foru Aldundia, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 2013ko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak –edo osagarri zein ordezko duen legeak– ezarritako obligazioak garatzeko, laguntza teknikoa eta finantzarioa emanaz eta, egokia bada, hitzarmenak izenpetuz.

AMAIERAKO LEHEN XEDAPENA.– Aldatzea 2011ko abenduaren 19ko 4/2011 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren foru sektore publikoaren eremuan jardueren erregistroa eta ondasun eta interesen erregistroa arautzekoa.

2011ko abenduaren 19ko 4/2011 Foru Arauaren 15. artikulua aldatzen da, eta honela gelditzen da idatzita:

«15. artikulua.– Batzar Nagusientzako informazioa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak informazio hau emango die Gipuzkoako Batzar Nagusiei sei hilean behin:

a) Zenbat adierazpen jaso diren; eta zein motatakoak diren.

b) Zenbat kargudunek ez duten bete adierazpena egiteko betebeharra; eta zeintzuk diren».

AMAIERAKO BIGARREN XEDAPENA.– Foru arau hau pixkanaka aplikatzea.

1.– Foru arau hau indarrean jarri eta urte bateko epean, 7. artikuluan araututako gardentasun atariak oinarrizko araudiak ezarritako baldintzetan funtzionatuko du. Gardentasunaren atarian jarri beharreko gainerako edukiak pixkanaka jarriko dira, behartutako subjektuen aurrekontu baliabideen eta baliabide teknikoen arabera.

2.– Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak, foru arau hau indarrean jarri aurretik aurkeztutakoak eta oraindik ebatzi gabeak, aurkeztu zirenean indarrean zegoen araudiari jarraikiz bideratuko dira. Edonola ere, eskaera horiek diputatu nagusiak edo dagokion foru diputatuak ebatziko ditu; eta, ebazterakoan, ahal dela, informazioa ematearen alde ahalik eta zabalen jokatzeko printzipioa, eta foru arau honetan nahiz oinarrizko araudian ezarritakoa, aplikatuko dira.

AMAIERAKO HIRUGARREN XEDAPENA.– Xedapenak emateko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Diputatuen Kontseiluari foru arau hau garatu eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak onartzeko.

AMAIERAKO LAUGARREN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala