Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2014ko martxoaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK
1177

5/2014 FORU ARAUA, otsailaren 6koa, Gipuzkoako Toki eta Foru Administrazioko Funtzionarioen Osasun Laguntzako Zerbitzua (OLAZ) kendu eta Administrazioko Organo Berezia desegitekoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «5/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Toki eta Foru Administrazioko Funtzionarioen Osasun Laguntzako Zerbitzua (OLAZ) kendu eta Administrazioko Organo Berezia desegitekoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2014ko otsailaren 6a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Foru Aldundiaren Osoko Bilkurak, 1976ko azaroaren 23an, erabaki zuen onestea «Gipuzkoako toki administrazioko funtzionarioei osasun laguntza emateko zerbitzu probintzialaren antolaketa eta funtzionamendurako» oinarriak. Probintzia mailako zerbitzu gisa sortu zen; eta Foru Aldundiak kudeatzen zuen, zuzenean, administrazioko organo berezi baten bidez. Administrazio organo berezi hori honela osatuta zegoen: Administrazio Kontseilu bat eta gerente edo administratzaile bat. Hori guztia 1955eko ekainaren 17ko Toki Korporazioen Zerbitzuen Araudiko 71. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoaren arabera.

Hasiera batean zerbitzu probintzializatu gisa sortu bazen ere, zerbitzuak berez ez zuen izaera hori; eta bere ezarpenean ere ez zen jarraitu Toki Korporazioen Zerbitzuen Araudi horretan zerbitzu mota horrentzat ezarritako izapidea. Hori dela eta, Foru Aldundiaren Osoko Bilkurak 1979ko martxoaren 29an hartutako erabakiaren bidez, administrazioko organo berezia berregituratu egin zen. Horretarako, onetsi egin ziren «Gipuzkoako Toki Administrazioko Funtzionarioen Osasun Laguntza Zerbitzua» izenekoaren estatutuak. Estatutu horiek, ondoren, urte bereko maiatzaren 18an, berretsi egin zituen Euskal Herriko Kontseilu Orokorrak, hori baitzen tokiko zerbitzuak kudeaketa zuzenaren bidez ematea xede duten administrazioko organo bereziak sortzeko eskumena zuen organoa.

1984ko maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioarenak, Foru Aldundiaren eskumenak eta antolaketa-egitura departamentutan banatu zituen. Foru arau horren 36. artikuluak xedatzen zuen, lehendabizi, orduko kudeaketa organoak gaiaren arabera eskumena zuen departamentura atxikita geratuko zirela; eta, bigarrenik, Batzar Nagusiek, Diputatuen Kontseiluak proposatuta, kudeaketa organoak eraldatu, aldatu, desegin eta likidatu ahal zituztela.

Zerbitzuaren funtzionamendua Foru Aldundiaren egitura berrira egokitzeko xedez, eta, aldi berean, hainbat alderdi juridiko eta administratibo nahiz kudeaketa araubidea bera eguneratzeko asmoz, estatutu berriak onetsi ziren 1987ko abenduaren 31ko 22/1987 Foru Arauaren bidez. Estatutu horiek, hala ere, ez zituzten mugatu kudeaketa organoaren ahalmenak, eta ez zuten aldatu Zerbitzua administratzeko modua.

1993ko apirilaren 2ko 480/1993 Errege Dekretuaren bidez, 1993ko apirilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean txertatu ziren 1993ko martxoaren 31n Toki Administrazioko Funtzionarioen Gizarte Segurantzako Erregimen Berezian sartuta zeuden langile aktibo eta pasiboak. Hala ere, bosgarren xedapen iragankorraren 2. puntuan jaso zen aukera zegoela integrazioa gertatu zen unean osasun laguntza kanpoko bitartekoen bidez –entitate pribatuekin hitzartuta– jasotzen zuten toki korporazioek modalitate horretan jarraitzeko: ordezkaritza handieneko erakunde sindikalei kontsultatu ostean, horrela erabakitzen bazuten, osoko bilkuraren berariazko akordio bidez, 1993ko apirilaren 30a baino lehenago.

1993ko apirilaren 2ko 480/1993 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoaren ondorioetarako, 1993ko apirilaren 29ko eta ekainaren 22ko bilkuretan, langileen ordezkariek hala eskatuta eta ordezkari horiekin bi egun horietan akordio bana sinatu ostean, zera erabaki zuen Diputatuen Kontseiluak: Foru Aldundiko langileei osasun laguntza behin-behineko izaeraz OLAZ bidez ematen jarraitzea, Zerbitzu horren Administrazio Kontseiluak 1993ko apirilaren 14an onetsitako irizpideei jarraituz. Irizpide horien artean zegoen honakoa: zerbitzuari eusteak ez zien eragin behar erakundeei osasun laguntza Gizarte Segurantzaren bidez emateak baino kostu handiagoa; gainerakoa onuradunei ezarri beharreko kuoten bitartez finantzatuko zelarik oso-osorik. Behin-behinekotasun horren arrazoia zen aurreikusten zela Gizarte Segurantzaren entitate laguntzaile bihurtzea; baina aurreikuspen hori ez zen azkenean bete.

Gaur egun, Foru Aldundiak OLAZi ordaintzen dion kuota 3,5 aldiz altuagoa da Gizarte Segurantzari egiten zaizkion kotizazioetan aipatu langileengatik aplikatzen den koefiziente murriztaileagatik berreskuratzen duena baino, koefiziente horrek ere beheranzko bilakaera izan duelarik: 1993an 0,1904 zen, eta 2012an 0,035. Zehazki, 2012an, 566.988,80 euro ordaindu zituen Foru Aldundiak OLAZen kuota gisa; eta, aitzitik, 161.726,03 euro bakarrik berreskuratu zituen. Are gehiago: aztertutako urteetan (2007tik 2012ra) Foru Aldundiak jasan duen gain kostua 1.928.933,05 eurokoa da; eta hori OLAZen sartutako erakunde guztietara estrapolatuz gero, 4.520.503,52 euroko gain kostua ateratzen da. Beraz, ez da betetzen zerbitzuari eusteko jarri ziren baldintzetako bat: azken urteotan OLAZ sistema garestiagoa izan baita Foru Aldundiarentzat. Hori, gainera, kontuan hartu gabe Aldundiak berak finantzatzen dituela baita ere OLAZeko langileen gastuak eta gastu orokorrak.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen ordezkariei nahitaezko kontsulta egin zaie, eta haiekin bestelako harremanak ere izan dira: eta ez dira agertu zerbitzua 1993an adostutako baldintzetan ematea onartzeko prest.

Horregatik bada, bidezkoa da Zerbitzua kentzea eta, horren ondorioz, bere kudeaketa organoa desegitea.

Bere estatutu arautzaileak foru arauz onartu zirenez, maila bereko arauz, hau da, foru arauz, xedatu behar da Zerbitzua kentzea eta aipatu organoa desegitea.

Artikulu bakarra.– Kentzea Gipuzkoako Foru eta Toki Administrazioko Funtzionarioen Osasun Laguntzako Zerbitzua (OLAZ).

1.– Kendu egiten da, 2014ko martxoaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako Foru eta Toki Administrazioko Funtzionarioen Osasun Laguntzako Zerbitzua; eta, ondorioz, desegin egiten da zerbitzua kudeatzen duen Administrazioko Organo Berezia, Administrazio Kontseiluak eta Gerentziak osatzen dutena.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Zerbitzua eta Administrazioko Organo Berezia erabat likidatu arte beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Trantsizio aldian zehar eta zerbitzua kasu bakoitzean behin betiko ordeztu arte, zerbitzua kudeatu duen Administrazioko Organo Berezia Osakidetzarekin (osasunaren euskal zerbitzu publikoa), gai honek eragiten dien herri-administrazioekin eta onuradunekin elkarlanean ariko da, beharrezkoa izan dadinean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Berariaz indargabetzen da 1987ko abenduaren 31ko 22/1987 Foru Araua, Gipuzkoako Foru eta Toki Administrazioko Funtzionarioen Osasun Laguntzako Zerbitzuaren Organo Berezia arautzen duten estatutuak aldatzekoa; baita foru arau honetan aurreikusitakoari aurka egiten dion maila bereko nahiz beheragoko beste edozein xedapen ere.

AMAIERAKO XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau indarrean jarriko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta ondorioak sortuko ditu 2014ko martxoaren 1etik aurrera.


Azterketa dokumentala